BALTZOLAKO SAN LORENTZO ERMITA

(Kepa Deuna parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Dima | Baltzola auzoa

i

Folletoa

Baltzola auzoa z/g, (48141)

p.kepadeuna.dima@bizkeliza.org

ERAIKINA[1]

San Lorentzo ermitak oinplano [2] errektangularra dauka, hiru atal eta sakristia atxikita daukan burualde poligonalean [3] banatuta. Korua be badau oinaldean eta aurrealdeko eleizpea, eta baita iparraldeko hormari itsatsitako bolatokia be [4].

Horma-harri irregularra dau egituratzat, kanpoaldera bistan [5], izkinetan harlanduz sendotuta. Barrualdera, hormak erabat luzituta dagoz, marmol itxurako idulkia imitatuz behealdean eta harlanduak eta pilastrak nabearen atalak bereiziz goian [6].

Zola, oholtza da [7], eta burualdea hiru harmailatan altxatuta dago [8].

Estalkia, hiru isurialdekoa da [9], altara-aldean bere forma poligonalari egokituta [10]. Tirante metalikodun hiru zertxa [11] eta zirkulu-formako giltzarria [12] dituan egurrezko egituran pausatzen da. Teilatua erabat estaltzen da hondo urdinean margotutako izar zuriak dituan zeruaz [13].

Ermitarako sarbidea oinaldean dago. Arku okertua dauan igarobide zabala da, dobeladuna, ate-orri bikoa [14]. Urbedeinkatu-ontzia dauka alboetako baten. Kareharrizko esferaerdiko kikara traketsa da [15].

Argiztapen naturala, ebanjelioaren hormaren lehenengo eta bigarren atalean zabalduta, arku arinki zorrotza eta barrualdera tutu-forma arina daben hutsarte biren bidez lortzen da [16]. Hegoaldeko hormaren bigarren atalean urratzen da antzeko ezaugarriak dituan beste bat [17]. Azkenik, barrualdean hutsarteon ingurua polikromatu egin da, plaka leun erara, izar-itxurako motiboakaz [18].

Korua, oinaldean dago [19]. Nabearen azken atala hartzen dauan eremua zeharragan bermatuta dago eta haga leunak dituan egurrezko karelaz babestuta. Atal bi dituan egurrezko klaustro-eskaileratik igoten da bertara [20].

Sakristia be badauka, kasu honetan tenpluaren burualdeari atxikita [21]; burudun hutsarte eta tunel txaranbeldutik igarotzen da bertara [22]. Oinplano errektangularreko leku txikia da [23], isurialde bakarrera estalita eta hegoaldera zabaldutako burudun leiho biren bidez argiztatuta [24].

Sarbideko fatxadan, kanpai-horma dago [25], hiru erregistrotan garatutako horma-harrizko multzoa: behekoa, erremateetan bolak dabezan aleroi zuzen biz osotuta; erdikoa, erdi-puntuko hutsartean zabalduta kanpaia hartzeko, eta goikoa, triangelu-formako frontoia plaka leunagaz eta harrizko kurutzea errematean [26].

Ermitak eleizpea dauka [27] oinaldean, lursaila bera baino apur bat gorago eta, horregaitik, lau harmailatatik heltzen da bertara. Hiru isurialdeko estalkia dauka, lantze konkabo-konbexuko harroinak dabezan egurrezko oinarri zuzenetan bermatzen dan egurrezko egituraren gainean [28]. Zutoin honeek izkinetan harlanduak dituan horma-harrizko hormatxoaren gainean zurkaizten dira [29], eta hormatxo hori zabalik dago aurrealdean sarbide erara [30].

Baltzolako San Lorentzo ermita hau 1924an, sasoi haretan baldintza txarretan egoan tenplu zaharra ordezkatzeko burutu zan eraikuntza barria da. Ermita barria eleiztarrentzat erosoagoa zan kokagunean eraiki zan, udalak emondako lursailean. Lanak, 6.600 pezetatako kostua izan ebanak, “inmejorables condiciones de solidez y esbeltez, a cuenta de los vecinos de dicho barrio” 1AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, San Lorentzo ermitako kontuak, 1920, 1886/042-00 sign., eukazan.

Ezer gitxi dakigu ermita zaharraz, eta 1771 eta 1775 bitartean, Calahorrako Eleizbarrutiak egindako ermiten inbentarioan sartu ebela da heldu jakun datu bakarrenetakoa. Era berean, agiri historikoetan jasotakoaren arabera, tenplu hau mendi baten jabe zan eta bertatik ikatza egiteko egur ugarri ataraten zan.

ALTZARIAK

Erretaulak

 

Erretaula nagusia [31]. Egur polikromatua. Guztiz garatutako arkitektura-erako egitura daukan altzaria da, fatxada lez eratuta, hainbat kale eta multzogaz, apainketa aberats eta ordenaguagaz, barrokoko osagaiak buztartzen diralarik konposizino neurritsuan. Oinarri zabal eta sendoa sortzen dauan hainbat mailatan antolatutako banku edo predelaren gainean eraikita dago [32]. Banku hau, urdinez margotutako hondoen gainean dagozan urre-koloreko molduren artean dagozan landare-erliebe erreikakorrez apaindutako panel errektangularren bidez artikulatuta dago. Harmaila bidezko antolamendua, gainera, baliagarri da liturgia osagaiak jartzeko. Basamentu honen gainean dago multzo nagusia, hiru kaletan antolatuta, erdikoa zabalena eta gailentzen dana dalarik [33]. Kaleak, kiribildutako apaingarri, hosto eta landare-motibo ugari zizelkatuta daben salomondar zutabeen bidez bereizten dira [34]. Alboetako kaleek [35] eskema bera dabe maila txikiagoan eta eurotan dagoz bigarren mailako irudiak, modernoak. Pisu honen erremateko taulamendua landare eta orlaz apainduta dago, eta bere gainean dago teilatupea [36], erruz apainduta. Goian, multzoa burutuz, hodeiez eta izpi-sortez osotutako multzoa dago [37].

Iruditeriari dagokionez, bakarrik titularrarena, San Lorenzo [38] (75 x 37 x 30) da lehengo lana. Dalmatikaren bidez identifikatu daiteken santu diakono gaztearen eredu ikonografikoari jarraitzen deutso. Irudia aurrez aurre eta era egonkorrean dago, hanka bat apur bat aurreratu eta bizitasun apur bat erakutsiz. Barroko estilo neurritsukoa da, XVIII. gizaldiaren hasiera edo lehenengo herenekoa.

Beste osagai batzuk

 

Altara-mahaia [39] (96,5 x 244,5 x 49,5). Egur polikromatua. Erretaulatik bereizita, jatorrian honen osagaia bazan be. Arin molduratutako idulki jarraituaren gainean finkatuta, lerro garbi eta neurritsuko paralelepipedo lez egituratuta dago. Piezaren polikromia tonu leunez eginda dago, lau-lau, erliebe gitxigaz. Oreka, simetria eta arrazionaltasuna, estilo klasizistaren berezkoa. XIX. gizaldiaren bigarren erdia.

Prozesinoetarako andak [40] (121 x 77,5 x 67). Egur polikromatua. Liturgian edo prozesinoetan debozinozko irudiak eroateko egitura lez sortutakoak. Arkitektura-eredua miniaturara eroandako eraketa dauka, barruan ipini beharreko irudiari duintasun osoa emotoke borondate argiagaz. Estilismoari dagokionez, luzaro iraun eban estilo hedatuan kokatzen da, oinordetzan hartutako moldeak be txertatuta. XIX. gizaldiaren amaierakoa edo XX. gizaldiaren hasierakoa izan daiteke.

Pulpitua [41]. Egurra. Zati bitan egituratuta dago; alde batetik, bertara igotzeko eskailera, goranzko diagonalean jarritakoa, eta bestetik, pulpituaren kaxa bera. Lan historizista, neogotikoa, hemeretzigarren mendeko eredu landuagoen apainketa-konplexutasun barik.

MRV - RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, San Lorentzo ermitako kontuak, 1920, 1886/042-00 sign.