Aurkezpena

Bilboko Eleizbarrutia Monumentuen Katalogoa

Katalogoa: Alkarren artean lotuta dagozan liburuak, agiriak, pertsonak, gauzak, e.a., banan-banan barne hartzen edo azaltzen dituan zerrenda zehatza.

Hauxe da lan honen helburua: Bilboko Eleizbarrutiaren historia-arte ondarea osotzen daben ondasun higiezinen eta higigarrien zerrenda zehatza.
Zerrenda sakona, zehatza eta arrazoitua egitea.
Bistakoagaz batera (eraikinak, erretaulak, eskulturak, margolanak, urre-zidargintzako lanak, apaingarriak…) honako lanetan nabarmendu barik geratzen dana (kutxa eroangarriak, karrakak, argizaiolak…) barne hartzen dauan zerrenda.

Katalogo hau ez da hutsetik sortzen. 1961ean Bilboko Eleiz Museoa sortu zanean, bere eginkizunen artean jasoten zan, “aintzat hartzeko moduko lan guztiak batuko dituan monumentu artistiko-erlijiosoen katalogoa” egitea.
Bata dala, bestea dala, egitasmoa 1985ra artea tzeratu egin zan; orduan, Museoak hitzarmena sinatu eban Deustuko Unibertsitateko Deiker Institutuagaz, azkenean, Bilboko Eleizbarrutiko Monumentuen lehenengo Katalogoa egiteko.
José Ángel Barrio Loza, orduan Deustuko Unibertsitateko Artearen Historiako katedraduna zanak eta, zoritxarrez, orain dala urtebete inguru itzi gaituanak, eratu eta zuzendu eban.
Barrio Loza, ikertzaile nekaezina izan zan; hamarkada askotan, aditu nagusia arte-formen historian eta beti ikastunez -agirietan, berba honegaz aitatzen dira maisu entzutetsu baten ondoan ogibidea ikasteko prest dagozanak- inguratu nahi izan eban.
Orduan, berak sortu eban eta hemen gogoratzea merezi dauan taldeaz inguratu zan:

Eremu-ikerketan eta idazkien idazketan:

    • Eugenio Altazubiaga Aguirre.
    • Alfonso de Andrés Morales.
    • Juan Manuel González Cembellín.
    • Iñaki Madariaga Varela.
    • Alberto Santana Ezkerra.

Agiri-bilaketan:

  • Carmen Bariazarra Etxebarria.
  • José Manuel Cifuentes Pazos.
  • Yolanda González Díez.
  • Dolores del Monte Fernández.

Argazkian eta planimetrian:

  • Ángel Gómez Lozano.

Gainera, katalogo haren hastapenetan, Barrio Lozak autortutako ospea eben arte-historialarien lankidetza izan eban, esate baterako, egitasmoa zehazten lagundu eutsen Ismael Gutiérrez Pastor eta Jose Gabriel Moya Valgañónena.
Lanak hamar urte inguru iraun eban, 1994ra arte. Tenpluak bisitatu ziran, eraikinak eta altzariak deskribidu, agiri-erreferentziak aurkitu ziran, argazki eta planoak egin… Eta hauxe izan zan emaitza, 12 liburuki, idazki mamintsuz betetako 3.000 orrialdetik gora, 14.000 argazki eta 300 plano.
Eta denporaldi horretan, José Ángel Barrio Lozaren egitekoa ez zan urrutitik, bere bulegotik zuzendaritza-lanetan aritzea bakarrik. Eremu-ikerketan parte hartu eban, idazkien zati handi baten idazketaz arduratu eta gainerakoen ikuskapenaz arduratu zan, agiri-, bibliografia-, argazki-bilaketa bideratu eban…
Eta, batez be, artelanei begiratzen erakutsi euskun; artelanak ulertzen, ezagutzen, sailkatzen. Gidatu, bideratu eta, batez be, hezi egin ginduzan.
Honako honen bitartez, omenaldia egin gura deutsagu ikertzaileari eta, batez be, gure maisu izan zanari.

Zoritxarrez, sekulako ahalegina egin arren, katalogoa ez zan argitaratu. Jakina, erreferentziazko lana da Eleiz Museoko eguneroko bizitzan eta sarritan begiratzen dabe eskatzen deuskuen ikertzaileek eta Bizkaiko historia-arte ondarearen kudeaketaz arduratzen dan administrazinoak.
Baina, orokorrean, ez da eskuragarri jentearentzat eta hori eragozpen da Museoaren lehentasunezko helburuetako bati begira: Bizkaiko ondare horren zabalkundea.

Beraz, katalogo bat bada, zer dala-eta orain barria egin?
Hainbat arrazoi dago horretarako.
Hasteko, lehenengo katalogo ha ez zalako sakona izan.
Ez ziran ez tenplu garaikide gehienak sartu (berezko balioaz gainera, askotan antxinako osagaiak dabez) ezta 451 ermitetatik gehienak be.
Hain zuzen be, katalogo barri honek 333 tenplu ez ezik 758 jasoko ditu, aurrekoagaz alderatuz bi bider baino gehiago.
Orduan, gainera, gure ondarearen atal batzuei ezin izan jaken jaramon egin. Bereziki apaingarriei, jantziei, sasoi haretan gehienak gordeta egozalako, garbitzen edo konpontzen eukiezalako 1983ko uholdeen eraginaren ostean. Gainera, guztiz ezezaguna zan arlo hau eta ia ez egoan azterketa ahalbidetuko leuken aurretiko azterlanik.
Interes etnografikoko osagairik be ez zan jaso, orduan ia ez zan-eta autortzen euren ondare-balioari.

Beste alde batetik, harrezkero igaro izan diran hiru hamarkadetan aldaketa ugari izan da. Barriztapenak, lekualdatzeak eta, zoritxarrez, baita galerak be, lapurreten, ekintza basatien…, eraginez.

Eta, oso garrantzitsua, urteotan aurrerapen nabarmena antzeman da gure ondarearen ezagutzan -neurri handi baten, Jose Angel Barrio Lozari berari esker-. Hainbat doktorego-tesik eta agerkari ugarik orduan genkiana baino askoz gehiago jakinarazo deuskue.
Gainera, lehenengo katalogo haretan kontsultatu ez zan dokumentazino asko ezagutzera emon da. Bereziki aitatu gura dot Bizkaiko Foru Artxibo Historikoan jasotakoa, izan be, aitatutako artxiboan, lurraldearen osoko administrazinoaren inguruko agiriez gainera, gure udalerrietakoaren agiri gehienak gordetzen dira . Bertan urteen buruan egin izan dan -eta egiten ari diran- katalogatze-lanak erraztu egin dau sekulako agiri-kopuruaren jatorria zehaztea, asko eta asko, gainera, digitalizatuta egon da-eta.

Sasoi honetan, ‘ondare’ kontzeptuaren beraren aldaketa be gertatu da.
Eleiz Museo sortu barriak “balio nabarmena” eben lanen katalogoa prestatzea jo zan helburutzat 1961ean. Une haretan, dalako lan horreek seguruenik ez ziran asko izango. Orduan, bakarrik “Monumentuei” -maiuskulaz- egozten jaken “balio artistiko” kontzeptua eta Bizkaiko ondare gehienak nekez aurkituko eukean lekurik sailkapen horretan.
Baina erispide hau zabaldu, hedatu egin da. Historikoak lekua irabazi dau zehatz-mehatz artistikoa dan alderdiaren gainetik. Indarra hartu dabe kultur eta gizarte alderdiek, bizimoduakazko, gustu estetikoagazko, herritar gehienenen eta ez bakarrik elitearen, ekonomia eta arte aukerakazko loturak.
Guzti hori kontuan hartuta, adiera zorrotzean kalitate artistiko txikiagotzat joko gendukezan arren, gizarte adierazgarritasun handia daben lanak sartu doguz gure katalogoan: nahiz eta eskultura soila izan eta hedatutako estiloan eginda egon, auzotar guztien jaiera erakarri eta bere inguruan, alkarte soziabilitataren oinarri, kofradia sortu eban santua; gizaldiz gizaldi eleiztarrek euren erabakiak hartzeko lekutzat hartu izan daben ermita traketsa…
Eta honek ondare-eremu barriak barne hartzera eroan gaitu; horreen artean, ondare etnografikoa da guri gehien dagokiguna: usadioak, ohiturak, ohikune immaterialak… Baina baita itxura baten adiera tradizionalean baliorik ez daben, baina bizitzeko eta sentitzeko era jakin batzuen erakusgarri diran gauzak be.

Ezagutzera emon beharra dagoala izan da katalogoaren moldaketa barri hau martxan jarteko beste argudio bat. Eta ez ikerketari eta gure ondarearen kudeaketari begira bakarrik, orokorrean, herritar guztiei begira baino -eta beharbada bereziki esan beharko geunke-. Zabaldu, bere balio eta garrantziaz jabearazo eta, jakina, aisia eta gozamenerako bitarteko bihurtu.

Hau da, Bilboko Eleizbarrutiko Monumentuen Katalogo barria egiteko premina egoala, zabalagoa, eguneratua eta gizarteratzeko modukoa.

Helburuak

 

Batzuk, jakinak dira.

Lehenengoa, ezagutu. Zer daukagun, gure ondarea zein dan jakin, zenbatasunezko eta nolakotasunezko alderdiei dagokienez. Eta, horregaz bat, ondarea testuinguru orokorragoan kokatu ahal izan.

Aurrekoari lotuta, ohartu. Geunkezanik be ez genkian osagaiak aurkitu doguz. Esate baterako, aztertutako lehenengo eskualdean, Nerbioi Garaian, 1500 inguruko gotiko berantiarreko 11 irudi egozan “erroldan sartuta”; azterlanean, sekula jaramon egin ez jaken beste 6 aurkitu doguz, guztiak ermitetan. Beraz. 11tik 17ra igaro gara, %50eko gehitzea.
Alde horretatik, gure ondarearen atal batek bereziki harrituta gaukaz, hain zuzen be, orain dala hamarkada batzuk arreta jarterik izan ez genduan apaingarrien, eleiz jantzien atalak. Guk uste baino gehiago dira, kalitate hobekoak eta antxinatasun handiagoa dabe.
Eta ez dihardugu bakarrik “artelanez”. Ondare material etnografikoaren alderdiari ez jako, orain arte, arreta larregi eskaini. Baliorik emon ez jaken eta orain agertzen ari diran tramankuluak, gauzakiak dira. Aste Santuan kanpaien ordez erabilten ziran karrakak dira, beharbada, adibiderik onena, ugaritasunagaitik eta, zenbait kasutan, ikusgarritasunagaitik.
Ondare etnografikoak eremu oso zabala barne hartzen dau, arlo immateriala bereziki azpimarratuta. Alderdi hau Gurutzi Arregi ikertzaileak jaso eban neurri handi baten orain dala hamarkada batzuk Ermitas de Bizkaia (1987) dalakoan, ohiturak, ohikuneak, eta baita kantuak be, gaur egun baino gehiago egiten eta entzuten ziranean. Gaur egun, Labayru Fundazinoa lako erakundeek gai honeetan sakontzen dihardue. Euren ekarpenak be txertatuko dira gure katalogoan.

Ikertu. Katalogoa bera osotzeko ezinbesteko dan ikerlanetik harago, bistakoa da beronek eskaini daizan argibide guztiak eskura izateak erraztu egingo dituana gure ondarearen, eta honen bitartez gure historiaren, inguruko azterlan barriak.
Beste alde batetik, ikerketa barri honeek emaitzak katalogora itzuliko dira, euskarri digitalean dagoenez, posible izango da-eta etengabeko eguneraketa.

Kudeaketa erraztu. Gure ondarearen kudeaketan esku-hartu daien erakundeek bitarteko fidagarria izango dabe, azkartasun eta erosotasunez erabilteko modukoa eta, batez be, sakon eta zehatza. Non dan preminazkoa esku-hartzea, zer lehenetsi behar dogun…
Baina ez kudeaketa orokorra bakarrik, baita zuzenagoa be, parrokiakoa: tenplu bakotxeko arduradunek bat-bateko eta egiazko argibideak izango dabez osagai bakotxaren balioari buruz, eta horren arabera jokatu ahal izango dabe.

Zabaldu. Zuzenean, aurrerago aitatuko doguzan tenplu bakotxaren inguruko laburpenen bidez. Eta baita katalogoa izatetik bertatik eratorri daitekezan jardueren bitartez be: une honetan, eta lanaren zati txiki bat burututa bakarrik, jakin badakigu kultur kudeaketarako zenbait erakundek osotzen dihardugun katalogo hau aintzat hartuta jarduerak martxan jarri dituana.
Eta zabalkunde honi esker, herritarrek ondareaz gozatzeko aukera izango dabe, besteak beste orain katalogatzen ari garan osagaien antzekoen inguruan urtero ospatzen diran Ondarearen Europako Jardunaldietan gertatzen dan lez.

Balioa emon. Ezagutzeak, zabaltzeak eta, ondorioz, gozatzeak ondarearen, gure herentzia historikoaren oinarrizko atalaren, balorazino positiboa dakarre.

Eta ondorioz, gorde. Gauza bati balioa emoten jakonean, orduan hasten gara pentsatzen gordetea be merezi dauala.

EDUKIA

 

Landutako materiala hiru euskarritan eskainiko da kontsulta egiteko.

Lehenengoa, web orrialdea da. Honen bitartez, hainbat ibilbide izango dogu jakin-mina biztu deuskun eskualde, udalerri edo tenplura sartzeko: zuzenean, bilatzaileaz baliatuz, eskualderako sarbidetik eta udalerrirako sarbidetik. Kasu honetan, dagokigun udalerrira heltzean, tenplu bakotxarentzako esteka aurkituko dogu.
Interesatzen jakuna zabaltzean, idazkia agertuko da eraikinari eta altzariei buruzko azalpen zehatzakaz, besteak beste egiletzei, kronologiei, estiloei, e.a., buruzko oinarrizko datuak emonez. Eta guztia irudiz horniduta. Idazkiak ohar dokumental eta bibliografikoak be baditu, azkenak esteka zuzenakaz linean kontsultatu daitekezan kasuetan. Oharrak, erreferentzialak baino ez dira, ez da argibide-idazki osagarrik gehitzen irakurketa ez eragozteko.

Bigarren euskarria, datu-basea da, katalogatutako osagai guztiak banan-banan jasoten dituan fitxategia; eraikinak zein altzari guztiak batzen ditu eta multzoak banakatu egiten dira, hau da, erretaula baten kasuan, beronen fitxa orokorra aurkituko dogu eta, aldi berean, bertan agertzen diran eskulturetako edo margolanetako bakotxaren fitxa.
Fitxa bakotxak dagokion osagaiari buruzko jakingarriak dakarz: izenburua, egiletza, tipologia, ikonografia, neurriak, estiloa, kronologia, historia, erreferentzia bibliografikoak, kokapen geografikoa… Bilaketa soilak edo konbinatuak egin daitekez, aitatutako erispide baten edo batzuen arabera interesatzen jakuzan osagaiak aurkitu ahal izateko (esate baterako: San Migelen XVIII. gizaldiko eskultura barrokoak Durangaldean).
Katalogoaren web orrialdean aurkitu daiteke datu-baserako sarbidea.

Ondarearen kudeaketa eta ikerketa dira euskarri bi honeen oinarrizko xede. Baina, eitatu dogunez, Bilboko Eleizbarrutiko Monumentuen Katalogo honen helburuetako bat ahalik eta jente gehienarengana heltzea da. Horretarako hirugarren sarbidea atondu da, zabalkundea errazteko, baina osotasunari eutsiz: laburpenak.
Idazkiaren goiburutik sartu geinke tenplu bakotxaren idazkera: dagokion estekan klikatuz PDFa zabaltzen da, oinarrizko argibideakaz; testu nagusiakaz alderatuz, hizkuntza ez da hain teknikoa eta eraikinaren oinplanoa be agertzen da, osagairik nabarmenenak kokatuta edo azalduta. Laburpen honeen formatua, A4 da, garrantzi handiagoko tenpluei edo osagai bereziki aitagarriak dabezanei dagokienetan izan ezik, kasu honetan A3 formatuaz baliatu gara-eta. Material hau jatsi edo inprimatu egin daiteke, eraikinaren inguruko jakingura dauan norbaiten aldetik edo, kasuren baten jakinarazo deuskuenez, parrokiaren beraren aldetik, bisitariei eskuragarri jarteko.
Baina tenpluetan bertan be sartu gaitekez PDF honeetara: tenplu bakotxaren kanpoaldean dagoan QRaren bidez, gure eskuko telefonoan edo gailuan ikusi geinkez. Gehiago jakin nahi izan ezkero, PDFak web orrialdera joteko aukera be emoten deusku. Hau da, laburpena eta weba alkarri lotuta dagoz norabide bietan.
Gainera, laburpenek tenpluari edo zenbait zehaztasuni buruzko berariazko web orrialdeakaz lotzeko aukera emoten dabe (esate baterako, Eleiz Museoaren webean bilduta dagozan KIO izendapendun erretaula bakotxaren webera).
Laburpen honeen osagarri lez, tenplu gehienen barrualdeko 360 graduko ikuspegi orokorra eskaintzen da.

Jardunbidea

 

Katalogo honen prestaketari ekitean, 785 tenpluak bisitatu dira. Erispide geografikoaren araberako lana da: eskualdez eskualde eta honeen barruan, udalerriz udalerri.
Leku bakotxean, eraikinari eta altzariei (gitxi-asko interesgarritzat joten diran osagai higigarri guztiak) buruzko datuak batzen dira eta erreferentziazko argazkiak egiten.
Parean, bilaketa dokumental eta bibliografikoa egiten da. Lehenengoaren ardatz nagusia, Bilboko Historia eta Eleiz Artxiboa eta Bilboko Gotzaitegiko Kuriako Artxiboa dira. Hau da, tenpluak berak sortutako agiriak. Baina aitatutako Bizkaiko Foru Artxibo Historikora be joten da ikerketa egitera eta noiz edo noiz beste zenbait artxibotara: Foru artxibora erantsita ez dagozan udalerrietakoetara, Bizkaiko Lurralde Artxibo Historikora (notario-protokoloak), Calahorra eta La Calzadako Katedraleko eta Eleizbarrutiko Artxibora, Simancaseko Artxibo Nagusira…
Material honegaz idazki deskriptiboa idazten da, zehatza, eraikinaren zein altzari guztien ingurukoa. Lan honek eremu-ikerketan hasiera baten antzeman izan dana egokitzen hastea ahalbidetzen dau. Argazkiak zehaztasunez ikusteak eta agiriakaz eta bibliografiagaz alderatzeak lehen begiratuan oharkabe pasatu jakuzan zehaztasunak agertzen deuskuz -eta behin baino gehiagotan, bigarren bisita egin eta gauzak egiaztatzera garoaz.
Aldi honetan, adierazgarritzat joten doguzan irudiak zehaztu geinkez; horren ardura argazkilariena da (eta drone bidez egindako argazkiak eta 360ºko ikuspegiak sartzen dira).
Idazkia berrikusi egiten da -argazki barriek, kalitate handiagokoak, zehaztasun barriak agertu leikiez, gangen giltzarriakaz behin baino gehiagotan gertatu izan jakunez.
Idazki nagusia oinarritzat hartuta idazten da laburpena.
Eta jakingarri guztiak zehaztuta, datu-basea osotzen da.
Gero, guztia web orrialdean garatzen da eta tenplu guztien QRak ipinten dira.
Holan, jakingarri guztiak eskuragarri horreez baliatu gura dauanarentzat.

Labur esanda, Bilboko Eleizbarrutiko Monumentuen Katalogoa lagungarri izango dogu gure ondarea ezagutzeko, nahiz eta egon ezagutzen ez doguzan gauzak aurkitzeko, aztertzeko, kudeatzeko, ezagutzera emoteko, baloratzeko, gozatzeko eta gordeteko.

Juan Manuel González Cembellín
Museo de Arte Sacro
Bilbao

Kredituak

Zuzendaritza:

  • Juan Manuel González Cembellín.

 

Koordinazinoa:

  • Juan Manuel González Cembellín.
  • Raquel Cilla López. 

 

Idazkiak:

  • Juan Manuel González Cembellín (JMGC).
  • Raquel Cilla López (RCL).
  • María Romano Vallejo (MRV).
  • Amaia Apraiz Sahagún (AAS).

 

Aholkatzeak:

  • Xabier Armendariz.
  • Félix Mugurutza.
  • Jesús Muñiz Petralanda.
  • Alberto Santana Ezkerra.
  • Julen Zorrozua Santesteban.

 

Web orrialdearen diseinu eta garapen informatikoa:

  • Neverland SL (Mirari Bilbao, Fernando Ruiz) & Nacho Marcos.

 

Datu-basearen diseinu eta garapen informatikoa:

  • Raquel Cilla López.
  • Albadoc.

Laburpenen diseinu eta maketazinoa:

  • Neverland SL.

 

Dokumentazinoa:

  • Elia González Roiz.

 

Argazkiak:

  • Santi Yaniz (SY).
  • Txelu Angoitia (TA).
  • Juan Larreategui (JL).
  • Raquel Cilla López (RCL).

 

Planoak:

  • Ángel Gómez Lozano / Museo de Arte Sacro (AGL).
  • Archivo de Curia del Obispado de Bilbao – Kuria Bilboko Gotzaitegiko Artxiboa (Bilbao) (ACOB-KBGA).

 

Itzulpenak:

  • Departamento de Euskera – Servicio de Traducciones – Obispado de Bilbao / Miren Leanizbarrutia Biritxinaga.
  • Instituto Labayru / Gorka Insunza.
  • Nerea Bejarano Gil.

 

Idazkaritza teknikoa:

  • Idoia Pérez Telleria.

Esker ona adierazo gura deutsegu tenpluetako arduradun guztiei. Euren laguntasun benetan adeitsu eta ulerkor barik ezin izango geunkean lan hau egin.