Ondo Etorria
Bilboko Eleizbarrutia Monumentuen KatalogoaKristau alkarteak, IV. gizaldian Bizkaian bere fedearen lehenengo lekukotasunak emon ebazanetik gaur arte, Jainkoaren misterioa eta bere salbamenezko agerpena irudikatu gura izan dauz historian, tenpluak eraikiz eta kultuari lotutako makina bat artelan eta gainontzeko gauzakiak sortuz. Espazio eta denpora sagaratua, Jainkoaren etxea eta denpora sortzea izan da ahalegin honen xedea, kultuaren bidez graziaren ekintza giza historian eguneratzeko.
Tenpluek, diseinu berezia, edertasun arkitektonikoa eta barne hartzen dabezan artelan eta gauzakiak dirala medio, salbazino-misterioaren bizipenerako eremurik egokiena sortzen dabe. Tenpluak eta graziaren gertaerak alkarri eragiten deutse liturgian. Estetikatik harago, historiaren bilakaera korapilatsu eta zalantzagarrian Jainkoaren aintza eta bere maitasunaren indar salbatzailea agertzera bideratuta dagoz zuzenean.
Gure lurraldeko lehenengo kristau-erromatar hilarriaren sasoitik gaur arte, zazpiehun tenplu eta ermita baino gehiago jaso izan da Bizkaian. Horreetatik, ehun inguru kultura-intereseko ondasun autortu dabez. Tenplu bakotxa erakunde bizi eta aldakorra da, sasoian sasoiko premina eta molde estetikoetara egokitutakoa, Bibliako idazkietan eta idazki horreek gordeten daben guztia azaltzeko giza irrikan sustraitutako molde eta esanahiaren arabera diseinatutakoa.
Prerromanikotik arkitektura garaikidera arte, gure tenplu eta ermitek hamar gizalditik gorako kultur oroimen jarraitua gordeten dabe, goiz erdi arotik gaur egunera arte. Euren historia kontatu eta geurea argitu deiguen, katalogo honen bidez hitza emon gura jaken harri, artelan eta gauzaki bizidunak.
Ezinbestekoa da kultura aldetik enbor eta iturri dan ondare hau zaintzea. Horrezaz gainera, orain dala berrogei urte inguru hasitako beste baten oinarritutako katalogo honek Bizkaia sortu zanetik osotu izan dabenek landutako altxorra adituen, ikertzaileen eta batez be gizartearen esku itzi gura dau. Nerbioi Garaitik hasita -atal hau amaituta dago-, datozan urteetan lurraldeko gainontzeko eskualdeak erakutsiko ditu. Gaur egungo teknologiari esker, ez dago altxor honetara sartzeko mugarik eta erraz eta era malguan egin daiteke, eta hori balio erantsia da.
Esker ona adierazo gura deutsat Eleiz Museoko taldeari eta, batez be, lan honen zuzendari dan Juan Manuel Gonzalez Cembellin jaunari, egitasmo bikain hau aurrera atarateko ahalegin eta ilusinoagaitik. Nire esker ona, baita be, euren eremu profesionaletatik, katalogoaren lantze korapilatsuan lagundu dabenei. Eskerrik asko, era berean, erreferente izanik, kultur eta erakunde mailan babestu eta bermatu dabenei be. Azkenik, lan bikain hau burutzea ezinezko izango eitekean Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza tekniko, ekonomiko eta instituzional barik, horregaitik bihotzez eskerrak emoten deutsadaz.

+ Joseba Segura Etxezarraga
Bilboko Gotzaina
Pozez partekatzen dogu, eta harro-harro, orain dala hamarkada batzuk hasitako lan handi baten frutua. Izan be, gure kultur ondarearen ezagutzari, konserbazinoari eta zabalkundeari jarritako mugarria da Bilboko Eleizbarrutiko Monumentuen Katalogo hau, eta erraz konsultau leike web honen bidez.
Berebiziko obra honek 80ko urteetan dauka abiapuntua, eta, pauso sendoz aurrera doala, 2029an ailegauko da helmugara. Haren bidez, asmo handikoa bezain beharrezkoa dan zeregin bati ekin jako lehenengoz: Bizkaiko eleiza eta ermitetan gordetako kultur ondarea bere osoan bildu, katalogau, dokumentau, aztertu eta argazkitan jasotea. Justizia osoz esan leike hamarkadetako lan hau, bere generoan, garrantzi eta balio handieneko proiektu bat dala Europan.
Gaurkoan, Nerbioi Garaiko eskualdeari jagokozan emaitzak dakarguz, lehenik osotu dan eremuetako bat dan ezkero. Daborduko ikusgai dagoan parte horrek xehetasun, zehaztasun eta sensibilidade maila itzela agertzen dau. Duda barik, katalogo hau tresna erreferentziala izango da ikerketan, artearen historian eta kulturaren gestinoan diharduenentzat eta, jeneralean, herritarrentzat.
Gainera, tresna honek protagonismo berezia emoten deutso gure ama-hizkuntzari, Bizkai euskereari. Arduraz landutako bizkaiera baten ipinten deusku-eta informazino hori guztiori eskura: halan, arabere gehiago konektetan gaitu geure sustraiekaz. Horretarako, Labayru fundazinoa euki dogu laguntzaile, eta eskerrak emoten deutseguz, bene-benetan, balio hain handiko ekarpena egitegaitik.
Esfortzu kolektibo honegaz aparteko legadua itxi gura deutsegu etorteko dagozan belaunaldiei: gure historia ondretan, gure oraina aberasten eta gure lurraldearen memoria geroko jagoten dauan obra bat.
Bizkaiko Foru Aldundian, jakinda ze balio handia daukan gure historiaren eta gure sustraien transmisinoak, Bilboko Eleizbarrutiagaz alkarlan estuan jardunez egia bihurtu dogu eguneraketa eta katalogazino proiektu hau, inondik be erreferentea izango dana Bizkaiko historian, arkitekturan eta ondarean interesa daukien profesionalentzat eta mundu guztiko persona guztientzat.
Eskerrik asko lan honek argia ikustea posible egin dozuen guztioi eta, baita be, ondarearen aberastasun hau, bizkaitar guztiok partekatutako legadua, bizirik manteniduten laguntzen dozuenoi.

Elixabete Etxanobe Landajuela
Bizkaiko Ahaldun Nagusia