SAN ROKE ERMITA

(Kepa Deuna parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Dima | Olazabal auzoa

i

Folletoa

Olazabal auzoa z/g, 48141

p.kepadeuna.dima@bizkeliza.org

ERAIKINA[1]

San Roke ermita, oinplano [2] errektangularreko tenplua da, lau isurialdeko estalkia dauka, burualde zuzena eta honi atxikita dago sakristia [3]. Eleizpe erdiitxia be badau oinaldean.

Egitura, horma-harrizkoa da, bistan bai barrualdean [4] zein kanpoaldean [5], harlandua daben izkinetan eta hutsarteen inguruetan izan ezik. Burualdearen albo bietan, horman zabaldutako burudun hutsarte bi ditu.

Zolua, oraintsukoa da, baldosazkoa [6] eta altxatuta dago altara-aldean [7].

Estalkia, hiru isurialdekoa da [8], zertxa biren gainean jarritako egurrezko egituragaz [9].

Sarbidea [10], oinaldeko hormatik da, guztiz zabalik dago eta erronboide-formak haga leunak dituan egur sareaz babesten da [11], honako hau erdian zabaldu egiten dalarik atea hartzeko [12]. Egur hezi hau harrizko hormatxoan pausatzen da. Fatxada honen goiko erregistroa egurrezko leiho-sareaz ixten da. Sarbidearen ondoan, urbedeinkatu-ontzia dago [13], soila, hareharrizko esferaerdiko kikara.

Argiztapen naturala, fatxada nagusiko zabalduratik [14] eta hegoaldeko horman, altara-aldean, zulatutako leiho-buru zuzendun hutsartetik [15] lortzen da.

Iparraldeko horman, burualdeari atxikita dago sakristia [16], oinplano karratuko gela txikia, isurialde bakarreko estalkiagaz [17], argia sartzeko hutsarte txikiagaz [18] eta baldosazko zoruagaz.

Oinaldean, eleizpea dago [19], iparraldera eta mendebaldera itxita. Hiru isurialdeko estalkia dauka [20], egurrezko oinarri zuzen biren gainean jarritako egurrezko egituragaz [21]. Petrilean zurkaizten dira [22], bankua dagoalarik mendebaldeko alboan, eta zabalik sarbiderako, hegoaldean. Zoladura, harlauzazkoa da.

Eleizparen aurrealdean, mendebaldera, kanpai-horma berezia eraiki zan [23]: teilaturaino altxatzen dan kareharrizko harlanduzko hormatxoa eta honen gainean erdi-puntuko hutsartea, kanpaia hartzeko, isurialde biko harrizko teilatutxoan amaituta eta gailurrean metalezko kurutzea daualarik.

San Roke ermita 1855 inguruan berreraiki zan, aurreko eraikin baten gainean. Ezer gitxi dakigu bere obraren inguruan; badakigu XX. gizaldian zenbait konponketa egin zana eta eraikinaren itxura hobetu egin ebena. Esate baterako, 1919an, Gotzaitegiak baimena emon ebanean “reparación general del tejado y ampliar los aleros de este con el fin de atender a la conservation del edificio” lanetarako. Orduan, besteak beste, oholtza jarri zan ermitan eta sakristian 1AHEB-BEHA, Parroquia de San Pedro Apóstol de Dima, Carta de autorización del obispado para que realicen ciertas reparaciones, 22-08-1919, sign. 1886/051-00..

Handik urte batzuetara, 1926 inguruan, altara, erretaula, ateak eta pulpitua barriztatu ziran. Carlos Ausmendiri agindu jakozan lanak eta 112 pezeta kobratu ebazan 2AHEB-BEHA, Parroquia de San Pedro Apóstol de Dima, Cuenta de los trabajos hechos en la ermita de San Roque, 1926 (ca), sign. 1886/118-00..

Azken urteetan egindako barritzeei eta mantentze-lanei esker, ermita ondo zainduta eta egoera onean dago.

ALTZARIAK

Eskultura

 

San Roke [24] (santua 100 x 42 x 26, txakurra 26 x 34 x 11). Egur polikromatua. Santu erromesaren eskultura; bihurdura arina dauka gorputzean eta hanka aurreratuta eta agerian zauria erakusteko. Bitartean, luzatutako besoak ikusleagazko lotura zuzena eragiten dau, eta beste eskuagaz multzoari oreka emoteko balio dauan pordoiari oratzen deutso. Eskulturaren modelaketa, egokia da, pero ez sakon naturalista. Gorputza, zehaztasunez deskribatu ez ezik somatu egiten da jantzien azpian, e hanka biluziak muskulu-egitura soila agertzen dau. Aurpegian batzen da lanaren adadierazkortasun gehiena. Begirada fededunarenganatz, begiak zabalik e ahoa erdi irekita daukaz, erregutze-jarrera neurritsua erakusiz, dramatismo bizi barik. Bizerra e ulajea soiltasunez eratuta dagoz, kalitatezko lanketa zehatz barik. Ez dago ez idealizazino klasizistarik ez naturalismo gordinik. Jantziek tolestura zabalak daukiez, jauskera astun e erritmo uniforme samarraz. Polikromia, tonu ilunak e urre-kolorea orletan, apainketarako baino ez da e ez dau efektu berezi konplexurik, esate baterako margotutako urre-xaflarik edo lausodura finik. Multzo hau, txakurra barru -era eskematikoagoan eginda-, berton egindako lana dala esan daiteke. Finkatutako barrokoaren barruan dago, estilo soilagoa badau be, e narrazino- e debozino-alderdia forma-sofistikazinoaren gainetik dago. Barroko aurreratua, XVIII. gizaldiaren hirugarren laurden ingurukoa.

San Joan Bateatzailea [25] (77,5 x 37 x 23). Egur polikromatua. Italiar errenazimentutik hartutako eskemari jarraitzen deutson eskultura. Zutik dago, ‘kontraposto’ markatu baina neurritsuan, mokorraren mobimentuak e gorputz-enborraren bihurdura arinak “S” forma antzekoa sortzen dabelarik. Gorputzari begiratu ezkero, erreferentzia klasikodun biluzia eratu nahi izan dala ikusi daiteke, batez be gorputz-enborraren modelaketan, papar e sabelaldearen zehazketan e hanken artikulazinoan. Neurriak, egokiak dira, apur bat sendotuta, e muskulu-trantsizinoak, leunak dira, tentsino bakoak. Bape neurritsuak ez diran eskuak kenduta. Burua makurtuta, begirada altxatuta e ahoa erdi irekita izanda, adierazpen neurritsua agertzen dau, duintasun e zintzotasun errenazentistatik gertu. Espiritualtasuna e sosegua nahastatzen dituan adierazpena atzematen da. Ulaje e bizarrak, ule-sorta zabal e ordenatuetan landuta, laburpen formal horretarako joera bera erakusten dabe. Jantziei dagokienez, tolesturak, zabalak dira, jauskera astunekoak, baina oraindik antolatutakoak. Gainjantziak, urre-koloreagaz, apaingarriak ditu. Multzo ikonografikoa, Bildotsagaz (oso traketsa) e kurutze luzeagaz (barria jarrita), osagaien metaketa e antzerki-eragin barik txertatzen da konposizinoan. Irakurketa argi, orekatu e ia didaktikorako pentsatuta dago guztia, erromanismoak proposatzen dauanetik gertu. XVI. gizaldiaren amaiera edo XVII. gizaldiaren hasiera.

San Agustin [26] (125 x 41 x 31). Egur polikromatua. Santua, zutik agertzen da, Eleizako gotzain e doktore lez. Aurrez aurreko irudia da, baina burua arin makurtuta dauka e horrek zurruntasun axiala apurtu e adierazpen neurritsua eragiten dau. Gotzainari dagokiozan jantziak ditu: mitra, kapa e tunika, bolumenak era ordenatuan jarrita. Eskumako eskuan, lumari oratzen deutso, e ezkerrekoan, liburua dauka zabalik, teologo e idazle zala agertzera emonez. Keinu honek, patxadatsu e nabarmenkeria bakoa, bere izaera intelektuala nabarmentzen dau. Jarrera orokorra nasaia da, bere barrura begiratuko baleu lez. Eskulturaren lanketa, egokia da, baina ez dau aparteko konplexutasunik. Anatomia ia osorik ezkutatzen da jantzien azpian; noeek tolestura bertikal erregular e errepikakor samarretan jausten dira, batez be behealdean. Aurpegiera eztia dau, bizer motza e adierazpen nasaia. Begiak jausita ditu apur bat e ahoa itxita, barnera bilduta dagoanaren jarrera islatuz. Polikromia, laua da, tonu argi e bardinekoa, ertz e xehetasunetan ezarritako urreztatzeakaz, aparteko helburu plastiko barik. Dakigunez, 1890ean, 400 erreal ordaindu jakozan Gabriel Aurrecoecheari irudi hau egiteko 3AHEB/BEHA, Parroquia de San Pedro Apóstol de Dima, Papeles Varios, 1890, sign. 1887/000-00..

Aingerua [27] (65 x 42,5 x 25). Egur polikromatua. Erretaula-multzo baten barruan edo irudi nagusi baten laguntza-elementu moduan kokatzeko sortutako aingeru gazte edo gurtzailearen irudia da. Hodei-itxurako oinarri baten gainean zutik ageri da, hankak biluzik eta apur bat tolestuta dituela, jarrera dinamikoan. Besoak alboetara luzatzen ditu, eskuak zabalik, harrera, adorazio edo aurkezpen keinuan. Buruak izaera infantil nabarbena dauka: aurpegi biribila, ahoa erdi zabalik eta bolumen handiko ile kizkurra, uhinduraz osotutako adats lodietan landua. Begiak hustuta ageri dira; horrek adierazten du jatorrian beirazko begiak izan zituela. Tamaina txikiko hegoak sorbalden atzetik irteten dira, eta jatorrizko polikromiaren aztarnak gordetzen dituzte. Mahuka zabaleko tunika labur bat darama, gerrian urre-koloreko lokarri batez lotua. Jantzia lore-motiboz apaindutako polikromiaz hornituta dago, fondo berdexka baten gainean, eta urreztatuz nabarmendutako ertzak eta tolesdurak ditu. Estofatu margotu mota honek, xumea izan arren, Barroko berantiarreko eskulturaren berezko apaingarri-nahia erakusten du. Tolesak bigunak eta mugikorrak dira, eta arintasun-sentsazioa sortzen dute, pertsonaiaren izaera zerutiarrarekin bat etorriz. Barrokoa, XVIII. mendearen hirugarren laurdena.

Metalak

 

Txilina [28] (13 x 11). Brontzea. Kanpai-formako profil baxu eta trinkoa dauka, silueta egonkorraz baina ez lirainaz. Multzoa, apaindu bako uztai molduratu horizontalen bidez eratuta dago eta horrek bere soiltasun eta funtzionaltasuna areagotu egiten dau. Goian, erremate trinkoa dauka zulatutako mihinagaz, eta hortxe sartuko zan gaur galduta dagoan heldulekua. Tipologiaren aldetik, biatikorako liturgia txilina izango litzateke; berau jotzean, Sakramentu Txit Santua igaroko zala jakinarazoten jaken fededunei, euren baitan bildu edo belaunikatu eitezan. Kronologiari dagokionez, diseinuaren soiltasuna, apaingarririk ez izatea eta zulatutako heldulekua ikusita, iraupen luzeko eredua zala esan daiteke. Halanda be, galdaketa-motaren, modulazinoaren eta akabera orokorraren arabera, XVIII. gizaldiaren amaierakoa edo XIX. gizaldiaren hasierakoa dala esan daiteke nahiko ziur.

Loreontziak (2) [29] (29,5 x 9,5). Peltrea (hainbat materialen aleazinoa). Profil lirain eta bihurritik egiten dira piezak, garapen bertikal jarraituaz, etenbakoaz. Multzoa arin zabaldutako oinarritik sortzen da eta erdialdean estutu eta ahoaren inguruan barriro apur bat zabaltzen dan lerro uhinduaren bidez igotzen dau. Silueta hau, arina da, ia organikoa. Ahoak ertz irregularra dauka, arin uhindutakoa, eraketa geometrikoarena ez ezik hazkunde naturalaren sentsazinoa areagotuz. Alde bietan era simetrikoan jarritako heldulekuak ez dira era autonomoan gehitutako osagaiak, eta loreontziaren erritmo orokorrean txertatzen dira bihurgune luze eta jarraituen bidez. Bere trazuak landare-zurtoin lirainak dakarz gogora, multzoaren lerroak bisualki luzatuz. Osagairik esanguratsuena lore-motibodun apaingarria da erliebean. Gorantz doan zurtoina da, lore eta lore-begian zabaltzen dana, lerro luze, bilgarri eta asimetrikoakaz. Apaingarri hau ez da azaleko gehigarri lez ezartzen, gauzakiaren multzotik bertatik sortu eta okerdurari egokitzen jakola emoten dau. Azalak patina matea dauka, ez dago ez urreztatzetik ez polikromiarik. Era erdi industrialean, seriean egiten ziran apaingarrietakoa da. Honakoak ohiko ziran gizaldi aldaketan, estilo modernista manufaktura eskuragarrien bidez erraz zabaldu zan sasoian. Pieza bardin-bardinak dagoz. WMF ekoizle alemanari lotuta, 1900 ingurua.

Eleizbarrutiko gordailuan itzitako osagaiak (urre-, zidargintza)

 

Kaliza [30] (22,5 x 15,7 x 10,2). Zidarra bere kolorean eta urreztatuta. Oinarri biribileko pieza, hainbat maila bozelatu eta leunetan antolatuta, lehenengo multzoan Golgotaren gainean grabatutako kurutze txikia dalarik salbuespena. Zilindro-formako lepo molduratuan finkatzen da heldulekua eta hemen korapilo oboidea nabarmentzen da, apaindura eta modura bakoa. Goian, estutu egiten da sama erara, eta gero kopa dator, profil irekikoa, urre-kolorekoa, eta koskadun moldurak zehaztutako azpikopa leuna. Orokorrean, bolumen geometriko soilak dira nagusi, ez dago zulo-puntuz egindako apaingarririk ezta ezarkinik be, eta atalak ondo hierarkizatuta dagoz. Pieza honetan ez da apainketa-aberastasunik islatu nahi, neurritasun eta lerroen zehaztasuna da lehenetsi gura dana. Oinarriaren atzealdean uriaren marka dago, nahiko alperrik galduta, Vitoria izan daitekena, eta ondoan egilearena, seguruenik Martin Ruiz de Alegriari dagokiona (M/DALE), tradizino handiko zidarginen familiako gasteiztarrarena. XVI. gizaldiaren azken laurdenekoa. Kartoizko zorroa dauka.

 

Patena [31] (⌀13,5). Zidarra urreztatuta. Platertxo leuna, erdian sartutako zati bat dauka, kalizaren koparen diametroagaz bat egiteko. Ez dago puntzoirik. Beharbada aurreko kalizari lotuta dago, XVI. gizaldiaren azken laurdenekoa.

MRV - RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Gotzaitegitik bialdutako gutuna zenbait konponketa egiteko baimena emonez, 1919-08-22, 1886/051-00 sign.
2. AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, San Roke ermitan egindako lanen kontua, 1926 (ca), 1886/118-00 sign.
3. AHEB/BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Askotariko paperak, 1890, 1887/000-00 sign.