ELEXABEITIKO SAN MIGEL ERMITA
Arratia
Artea | Elexabeitia auzoa
Folletoa
Elexabeitia auzoa (48142)
p.jesusenbiotza.artea@bizkeliza.org
ERAIKINA[1]
Nabe bakarreko eta oinplano angeluzuzeneko tenplua [2]. Perimetro osoan dauka arkupea, eta egurrezko torre guztiz berezi bat oinaldean. Nabeak luzetarako kutxa baten egiturea dauka, eta bajua da. Luzerea zabalerearen bikotxa da, ia-ia.
Hormak kalidade handiko kareharrizko harlangatxez eginda dagoz, eta horma-atalak zarpiauta dagoz barrukaldean [3] eta ikusgai kanpokaldean [4]. Oinaldean, koruaren azpian, ebanjelioaren horman, bao dinteldu bat dago, itxitura-ataka eta guzti. Beharbada, artxiboa izan zan [5]. Eta eremu berean, baine kontrako horman eta garaiago, harrizko mentsula bat nabarmentzen da, landara-dekorazinoagaz. Jatorrizko estalgiaren hondar bat da, seguruenik [6].
Zoladurea harrizko lauzakaz eginda dago. Edozelan be, antxinako hilobiei egokiezan egurrezko estalgiak bertan dagoz oraindino be [7].
Estalgia pordoi-limazko armadura batez eginda dago, eta bistan ditu astazaldia eta zubiak [8]. Astazaldiak zapata edo zolarri-sistema baten bidez dagoz trenkatuta horma-kajearen gainean [9], eta barrurantz hegan egiten daben kiribil ildaskatuen harburu batzukaz dagoz lotuta. Ertzetan, antzeko ezaugarriak daukiezan boluten gainean zurkaiztutako kuadral batzuk ditu [10]. Armadurearen gainean, lotura zuzen barik egitureari jagokonez, hiru isurkiko teilatuaren orriak dagoz montauta [11]. Behinola hiru asto euki ebazan, tijera-habeagaz eta tiranteen mutuluak kanporantz urtenda, baina kendu egin dabez.
Oinaldean dago sarrera nagusia [12]. Zazpi dobelako eta ertz nazelauko arku zorrotz bategaz osotua da, eta apurtxu bat okertuta dago tenpluaren ardatzagaz alderatuta [13]. Eskumako aldean kareharrizko ontzi bat dauka ur bedeinkaturako [14], zulo hemisferikoagaz, eta, goian, arku erdizirkularrean kurutze bat inskribauta daukan plaka bategaz.
Argiztapena hegoaldeko horman dinteldutako hiru baoren bidez bermatzen da [15]: lehenengo biak ertz alakatuko gezileihoak dira [16] [17], eta hirugarrena, koruaren gainekoa, egikera modernoko hutsune bat da [18]. Buru-horman ojiba-leiho txaranbeldu bat dago, itsututa gaur egun [19].
Goikaldeko korua oinaldean dago [20]. Palko mudejar baten modura dago egituratua, eta eskumako hiru oin zuzenek eusten deutsie. Leku batzuetan ertzak alakatuta dagoz, eta horrek geruza-joko interesgarria sortzen dau [21]. Aitagarria da haren karela, irudi geometrikoak eta sarraila-begiak daukiezan ohol mihiztatuez osotua [22]. Solibek diamante-puntak daukiez [23], eta eskudelaren motiboak, barriz, sokak, oboide ildaskatuak eta hagin triangeluarrak dira [24]. Cuenta con una escalera de dos tramos [25], que antiguamente presentaba una zapata zoomorfa de rasgos esquemáticos [26]. Koruaren sartaldeko horman [27] igarobide dinteldu eta txaranbeldu estu bat dago, kanpantorrera sartzeko [28].
La sacristía [29] se dispone como una prolongación de la nave tras el muro testero, bajo cubierta a una vertiente y con vanos de iluminación adintelados [30].
Kanpantorrea da fabrikearen elementurik bitxienetako bat [31]. Egurrezko egiturea eta oholezko itxiturea dituan armazoi bat da. Zutoin batzuen gainean dago jarrita, eta arkupeko zirkuituan txertatuta [32]. Maila bi ditu: behekoak habeartearen zabalera eta isurialde berak ditu [33], eta goikoa, barriz, gailurretik harago doa, eta lau isurkiko teilatua dauka [34]. 1990ean zaharbarritu zanetik, aurreko atal osoa bertikal jarritako taula erregistro batzukaz ixten da, eta erdi-puntuko hiru bao laga dira edegita, kanpaiak eskegitzeko [35].
Eleizpeak osorik inguratzen dau tenplua [36], egitura sinple baten bidez: oin zuzenen [37] gainean dagoan teilape bat, eta hesitxu bat [38]. Zorua harriztatuta dago. Erroseta-motiboak ditu sarreraren aurrean [39], eta karrejuak zirkuituaren gainerako aldeetan [40]. Burualdean antxinako hilerri estaldua egoan eremua dago [41], harlangatxezko abside kurbau bategaz errematauta. Eleizpean dago sarrerea, dinteldua [42].
Elexabeitiko San Migel tenplu gotiko-errenazentistea da, neurri txikikoa eta material eskasakaz egina, landa-eremuko parrokia txiki bati jagokon moduan. Halanda be, interes handiko osogai batzuk ditu, zeinak, oso ohikoak ez diranez, hutsegite ugari eragin dabezan egozte historikoari jagokonez.
Nabea XVI. mendearen lehenengo herenean eregiko zan, eta, ia aldi berean, 1540. urte inguruan, koru mudejarra montauko zan. Koru horrek antzekotasun ugari ditu zenbait tenplutan: Tabirako San Pedro, Zeberioganako Andramari eta Zumarragako Antiguako Andre Maria, esaterako 1SANTANA EZQUERRA, 1996a, 136-137 eta 223. or..
Kasetoia be tradizino mudejarrekoa da, zalantza barik, eta XVI. mende hatako azken urteetan edo hurrengo mendeko lehenengoetan eregiko zan.
Azkenik, torrea herri-zurgintzako obrea da, 1621ean eregia 2Ibíd., 55. eta 223. or., sendo-sendoa. Tan lantalde berezi honeek ez egoan existiduten lehenago 3AGS_PEC_LEG_200_2_5 – 0057-0058 or.. Eleizbarruti osoan kanpantorre horregaz alderatu daitekean bakarra Markina-Xemeingo Illoroko Santa Marina ermitakoa da.
Mende horren amaieran, tenpluaren egoerea oso txarra zan 4AHEB-BEHA, San Migel Goiaingeruaren parrokia, Artea – Elexabeitia, Kontuen eta bisiten liburua, 1656-1717, 1746/003-00 signaturea.. Zorionez, 1741 baino lehen zaharbarritu zan osorik, egituran aldaketarik egin barik.
Eraikinaren itxura historikoa gehien aldatu eban esku-hartzea 1923an egindako torrearen eta eleizpearen barritzea izan zan 5AHEB-BEHA, San Migel Goiaingeruaren parrokia, Artea – Elexabeitia. Askotariko Paperak, 9. 1928tik 1930era... 1990ean eraikinaren jatorrizko itxurara hurbiltzea lortu zan berriro, Iñaki Azpiazuk egindako obreari esker 6ACOB-KBGA, Arteako Jesusen Bihotzaren parrokiaren jaubetzako Arteako San Migel ermitea zaharbarritzeko lanei buruzko espedientea, 1991- 1994, D2-0061/039 signaturea..
ALTZARIAK
Eskulturea
San Migel [43] (75 x 23 x 21). Egurra bere kolorean, polikromia-hondarrakaz. Tailu exentu honek San Migel goiaingerua irudikatzen dau, deabrua garaitu osteko irabazle jarreran (Psikomakia). Deabrua haren oinean dago, animalia formeagaz. Irudia tente dago, aurrera begira. Jatorrian, gaur egun desagertuta dagoan lantza edo ezpata bati eusten eutsan, eta, gorputzaren alboan bermatuta, armarri handi eta luze bat dauka (beira-pabes muetakoa). Konposizinoa gotikoa da argi eta garbi, hieratismo nabarmenekoa eta berebiziko debozino-zentzunekoa. Hori agerikoa da bai irudiaren bertikaltasunean bai sinplifikazino anatomikoan eta irudikapenaren izaera sinbolikoan. Eskultureak kanon luzezkea eta konposizino trinkoa ditu. Arpegiak begitarte nasai eta idealizaua dauka, begiak almendra-itxurakoak, hazbegiak leun modelauak eta ulea txorta geometrizauen arabera antolatuta. Oihalen tratamenturako tolestura lineal eta diagonalak erabili dira, sakonera bolumetriko txikikoak, eta neurrizko zurruntasunagaz. Sumetan bada be gorputza apur bat okertuta dagoala eta konposizioan zelanbaiteko grazia lortu gura dala, irudia, funtsean, aurrez aurreko jarrera sinbolikoan dago. Tailuak polikromia-arrasto batzuk ditu: mantuan gorrizkak, tolesturen barruko aldeetan urdin ilunak, eta urre-koloreko aztarna batzuk lepoan eta jantzien ertzetan. Gainazalean urradurak dagoz, pintura-geruzak galdu dira, eta, orokorrean, higatuta dago. Ikuspegi estilistikotik, obrea gotikoaren eremuari jagoko, eta tradizino arkaikoko ezaugarri batzuk daukaz, ziurrenik XIV. mendearen bigarren laurden ingurukoa. Beraz, gaur egungo eraikina baino lehenagokoa da, eta Bizkaian dagoan San Migelen tailurik zaharrenetakoa da 7MUÑIZ PETRALANDA, 2017, 63., 76. eta 101-102. or..
Kristo kurtzifikaua [44] (91 x 70 x 14). Egur polikromaua. Kristo kurutzean hila irudikatzen dauen tailua, burua eskumarantz makurtua, begiak itxita eta abaildurazko espresinoagaz. Konposizinoak eskema gotikoei eusten deutse, baina naturalismo anatomiko handiagoa emonda. Irudiak kanon luzezka eta estilizaua dauka, besoak horizontalean zabalduta eta anatomia argalagaz, giharrak leun markauta eta monumentaltasun gitxigaz. Gorputz-enborra naturalismo neurritsuagaz landuta dago, eta hori agerikoa da saihetsen, sabelaldearen eta klabikulen zehaztapenean, baina Errenazimentuko azterketa-mailara heldu barik. Hankak kurbadura dotoreagaz kurutzatzen dira, eta lerro leun bat sortzen dabe. Halan, konposizinoaren zurruntasuna hausten da, aldez behintzat. Burua albo batera makurtuta dago, dramatismo neurritsuagaz, eta uleak eta bizarrak –xerlo luze eta izurtuz eginak–, barriz, tratamentu linealari eusten deutsie. Arantzazko koroia zizelkatuak eta polikromia odoltsuak indartu egiten dabe debozinozko zentzuna eta zentzu patetikoa. Araztasun-oihala, laburra eta estutua, tolestura bihurri eta asimetrikoen bidez egituratu da, oraindino be argi eta garbi gotikoak, baina sinplifikauak. Jatorrizko polikromiaren zati bat konserbau da. Tonu zurbilak ditu haragi-koloreari jagokonez, eta odol-arrastoak zaurietan, Behe Erdi Aroko espiritualtasunaren berezko egiazkotasun emozionaleko efektua lortu guran. Kurutzearen diseunua soila eta apaindura bakoa da. Gotiko berantiarreko lana, 1520-1530 ingurukoa 8MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 1. libk, 239. or..
Errosarioko Ama Birjina [45] (73 x 27 x 21,5). Egur polikromaua. Ama Birjinaren irudia, Jesus Umea ezkerreko besoan daukala. Ama Birjinak errosarioa dauka eskuetan, eta, horri esker, Errosarioko Ama Birjina dala jakin geinke. XVI. mendearen amaierea ezkeroztik zabalpen handia izan eban izendapen horrek, ordena domingotarren bultzadearen ostean eta Kontrarreformearen testuinguruan. Aurrez aurreko jarrerea eta eredu erromanistetatik jasotako egonkortasun-zentzun nabarmena dauka konposizinoak, baina arinduta dago, Umearen kokapenak eta mantuaren mobimentu inguratzaileak eragindako kurba txiki bat dala-ta. Andra Mariaren irudia idulki prismatiko moldurau baten gainean dago, eta jarrera nasaia eta monumentala ditu. Ama Birjinaren arpegiak idealizautako hazbegiak ditu: begi handiak eta apur bat almendra-formakoak, sudur zuzena eta aho txikia, begitarte urrun eta eutsiagaz. Ulea kontu handiz ordenatutako xerlo izurtuen bidez adierazota dago, eta beloak estalduten dau, zati baten. Jesus Umea bilozik dago, anatomia argiagaz, eta naturalasunez eusten deutso Andra Mariak ezkerreko besoagaz. Eskuan daroa mundua, Salvator Mundi lez. Polikromia oso interesgarria da. Dekorazino estofau aberatsa dauka, batez be Ama Birjinaren mantu urdin zabalean, landara-apaingarri landuez eta urre-koloreko erroleoz betea. Tunika arrosazkak lora-motiboak ditu margotuta, neurri txikiagokoak. Estiloaren ikuspegitik, monumentaltasun bareak, konposizinoaren zelanbaiteko zurruntasunak eta arpegien idealizazinoak, besteak beste, XVI. mendearen amaierako arlo erromanistea gogorazoten dabe, argi eta garbi.
Margolanak eta obra grafikoa
Sortzez Garbia [46] (78,5 x 53). Orioa miesean. Sortzez Garbiaren pinturea, barrokoaren eredu ikonografikoaren araberakoa. Ama Birjina zutunik dago, eskuak lotuta, otoitzerako eta kontenplazinorako jarreran. Dinamikotasunagaz zabaltzen dan mantu urdin handi batez dago inguratuta. Tunika zuri-zuria daroa jantzita, purutasunaren sinbolo, eta sugearen eta ilargi erdi apokaliptikoaren gainean dago kokatuta. Moltsoa atzekalde atmosferiko sinplifikau baten gainean dago. Paisaje-elementu eskematiko batzuk agertzen dira bertan, erreferentzia sinbolikoarena eginez. Formeari jagokonez, Sevillako eskola barrokoan sano zabaldutako eta, batez be, Bartolomé Esteban Murillok sortutako prototipoetatik eratorritako eredu bati jarraitzen deutso konposizinoak. Halanda be, lan honek eredu harek baino interpretazino herrikoiagoa eta xumeagoa dauka. Marrazkia sinplifikaua da, konplexutasun anatomiko gitxikoa, eta oihalak nahiko plano dagoz osotuta. Ama Birjinaren arpegiak ezaugarri gozotuak eta zelanbaiteko xalotasuna ditu, Murilloren espiritualtasun finetik urrun. Era berean, argiaren tratamentuak ez daukaz Sevillako margolaritzearen ohiko bibrazino atmosferikoak, ezta gardenkiak be. Mantu urdina da osogai nabarmenetako bat; tolestura zabal eta inguratzaileen bidez antolatuta dago, eta horrek mobimentua sortu eta zelanbaiteko monumentaltasuna emoten dau. Ikonografiaren ikuspegitik, Sortzez Garbiaren doktrinaren babesaren ondoren finkatutako eredu kontrarreformistei jarraitzen deutse irudiak: ilgora, sugea oinetan, tunika zuria eta mantu urdina…, guztiak be Apokalipsiaren Emakumeari lotutako errepertorio sinbolikoagaz lotuta. Kronologiari jagokonez, seguruenik XVIII. mendearen lehenengo herenean kokatu liteke, Murilloren ereduak bigarren mailako tailerretan eta pintore lokalen artean guztiz zabalduta eta errepikuta egozan garaian.
Metalistería
Kanpaia [47]. Brontzea. Ezkiladuna. Diamante-distirako kalbario-kurutze bategaz dekorauta dago. Sorbaldan hau dino: ESTA CAMPANA SE HIZO SIENDO PATRON DON Po DE URIZAR. Eta oinpean, AÑO 1621. Seguruenik, Merueloko (Kantabria) Juan de Solano Palaciosek galdatu eban 9ELEJABEITIA GARCÍA, Aitor Eneko. Casa solar Elexabeitia. Origen e historia. 827-2024. Argitaratu bako azterlana, 2024, 295-299. or. .
Kanpaia [48]. Brontzea. Romana. Diamante-distirako kalbario-kurutze bategaz dekorauta dago. Sorbaldan inskripzino hau dauka: IHS MARIA DON FRANco DE ELEXABEITIA PATRON, y YO SOY LA VOZ DEL ANGEL QUE DE ALTO SUENA AVE MARIA GRACIA PLENA. 1686. urtearen ondoren kokatua, eta beharbada Juan de Solano Palacios kantabriarrak galdatua 10Ibid., 299-300 or..
Kanpaia [49]. Brontzea. Ezkiladuna. Kurutzeagaz apaindua. Sorbaldan holan dino: MARIA DEL PILAR AÑO 1923 / ARQUITECTO D. / JOSE MARIA BASTERRA. Eta oinerdian SUENO EN SOL / CONSTANTINO DE LINARES / CARABANCHEL BAJO / MADRID / N. 25753 11Ibid., 300. or..
Argimutilak (4) [50] (62 x 19). Brontzea. Kono-enborraren formako profil ahur eta leunduna daukan oin zirkular baten gainean bermatuta dagoz. Heldulekua balaustre erakoa da, eta korapilo kubiko bereizgarria daukie, erpinetan alakatuta eta aurrekaldeak apaindu barik. Erregailua elementu zilindriko soila da, eta haren oinarriak oinaren diseinu bardina dauka, eskala txikerragoan eta atzekoz aurrera ipinita. 1800 ingurukoak.
Apaingarriak
Kasullea [51] (12 x 8 x 9). Damaskoko ehun moreagaz egindako apaingarria, landara-motibo zabalakaz e hari urreztatuko erroleo simetrikoakaz dekoraua. Apaingarrien errepertorioa eredu barroko e rokokoetan oinarritzen da, e elementu fitomorfoak, pitxerrak e akanto-hosto oso lerromakurrak ditu. Ehunak distira metaliko nabarbena dauka, e eskala handiko dekorazino seriaua. Ezaugarri horreek bateragarriak sindo ekoizpen liturgiko historizistakaz, eleizak apaintzeko eredu barrokoak berreskuratu ziran garaikoakaz. Alfontsotar estilo historizistea, XIX. mende amaierakoa.
Beste elementu batzuk
Sagrarioa [54] (147 x 88 x 45). Egur urreztatua eta polikromaua. Sagrario arkitektoniko exentua, eukaristiako gordekinentzako tabernakulu monumental txiki lez sortua. Egitureak Errenazimentu berantiarreko arkitektura klasizistearen berezko eskemak errepikatzen ditu, miniaturan, urre-koloreko apaindura aberatsagaz eta Berbizkundearen eta Eukaristiaren misterioari lotutako elementu ikonografikoakaz. Argi bereizitako atal gainjarri bitan antolatuta dago piezea. Beheko atala prismatikoa da, eta oinarri arkitektoniko modura funtzionetan dau. Aurrekaldean ate txiki bat dauka [55] hilobitik urteten dauen Kristo Berbiztuaren irudiagaz. Irudia mantu gorri hand bategaz inguratuta dago, eta garaipen-kurutzeari eusten deutso, agerian itxita anatomia indartsua. Beheko atal horretan zutabe ildaskatu txikerrak dagoz, landara-motiboakaz eta maskaroiakaz apainduta. Goiko atala [56] egitura erdizilindriko edo kupula-formako baten bidez antolatuta dago, zeina grabau rokokoakaz apaindutako ate kurbau bik ixten daben. Tabernakulu osoa garaipen-arkuaren formako urrezko egitura bategaz markoztatuta dago. Goiko erremateak erdi-puntuko arku moldurau handi bat dauka, alde batetik erroleo eta hegal ebagien bidez apaindua, ildo barrokoen iragarle. Erdiko ardatzaren gainean kurutze txiki bat dago, erremate lez. Antolaketa arkitektonikoa klasikoa, simetria eta ordenen erabilerak XVI. mendearen amaierako erromanismoa adierazoten dabe, eta apaindurearen aberastasunak eta forma kurbauen dinamismoak, barriz, urtenbide barrokoak iragarten ditue. Halanda ze, XVI. mende amaierako kutxa altzari erromanistea da, agerleku rokoko batez, XVIII. mende erdi edo amaierakoa.
Artxiboaren atea eta burdineria [57]. Egurra bere kolorean eta burdina. Horman enbutidutako ate txikia, seguruenik eraikinaren egituran txertatutako artxibo-gune bati, liturgia-arasa bati edo kustodia-armairu txiki bati lotua. Soiltasun formal handiko piezea da, taula bertikalen eta barruko langeten bidez mihiztatua, panel hondoratu moldurau eta angeluzuzen baten zentrautako konposizinoagaz. Antxinako burdineria mantenidu dau: forjazko artisau-bisagra luze eta estuak, lantza-formako edo “gezi-buztan” erako mutur zorrotzakaz. Bisagra untzeztatu eta luzezka mueta hori XVII. mendearen amaieratik XVIII. mendera bitarteko landa-eremuko ateetan eta altzari finkoetan dokumentauta dago oparo. Giltza-zuloak profil sinplea, moztua eta bihurgunetsua dauka. Era berean, beheko tiratzaile txiki, funtzional eta apaingarririk bakoak antxinako itxurea indartzen dau. Horri guztiari esker, XVIII. mende inguruko kronologia barrokoa proponidu da aterako, geroko aldaketakaz edo egokitzapenakaz.
Armairua [58]. Egurra bere kolorean. Mihiztatutako arotzeriako altzaria, tailu geometrikoagaz eta euskal kutsu herrikoiko ebagidureagaz. Altzariak ate bi ditu goiko aldean, eta tiraderak behekoan. Alboak erabat lauak dira, eta bolumen orokorra bloke trinko eta egonkor modura sortua da. Ateak dira apaindurearen elementu nagusia. Orri bakotxak zizelkatutako egitura simetriko bat dauka, panel angeluzuzen handien bidez antolatua, eta, horreek markoztatzeko, zerrenda geometrikoak baliau dira, behin eta barriro errepikatuak eta tailu ebagiez eta punteauez eginak. Barruan, motibo fitomorfoak dagoz, oso estilizauak. Lorontzi gogorarazoten dabez, zeinetatik haizemoile moduan zabaltzen diran landara-zurtoin batzuk eta txori oso sintetiko batzuk urteten daben. Goiko kopeteak profil okerrak eta hegazti simetrikoak ditu, kustodia moduko baten inguruan. Beheko aldean, bost tiradera dituan komoda bat dago, apaindurarako errepertorio geometriko berberagaz. Ahuntz-apatxadun hanken gainean bermatuta dago. Tiraderak metalezkoak dira, oso sinpleak, letoi industrialekoak. Burdineria-mueta hori asko zabaldu zan herri-altzarietan eta etxekoetan, XX. mendearen lehen hamarkadak ezkeroztik.
Kutxa [59]. Egurra bere kolorean. Aurreko armairuagaz bat eginez, gauzak gordeteko kutxa bat da, inspirazino historizista eta erregionalistako euskal altzari herrikoien eredu interesgarria. Egitura prismatiko horizontala dauka, eta estalgi tolesgarri bat goian, metalezko bisagren bidez artikulaua. Aurrekaldea modu simetrikoan antolatuta dago, dekorazino-panel hand biren bitartez, eta horreek bereizteko zutabe zentral bat dago; hortxe dago sarrailea. Egitura simetrikoak herri-irudi herri-irudi tradizionalak berrinterpretetan ditu, tailu lau, geometriko eta errepikakor baten bidez, aurrez aurre ipinitako hegaztiakaz, landara-motiboakaz, kurutzeagaz eta abarregaz. Behekaldean motibo geometriko errepikakorrak —errosetak, haizemoilea eta ildo bertikalak— daukazan zerrenda bat dago, eta alboetan, barriz, ezkatadun lerro jarraituko zerrendak. Erdiko sarraileak giltza-zulo ebagi bat eta lau angeluko xafla dentikulau bat ditu. Alboetan burdinazko helduleku funtzionalak ditu, eta barruko bisagrak pala luzangakoak dira, ohikoak XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran. Seriean egindako burdineria-lanak dira, kontzienteki tradizionalistea dan altzari baten txertatuak. XX. mendearen lehenengo hamarkadetakoa.
Konketea eta azpila [60] (50 x 25 x 16 andela, 18 x 43 x 28 konketea). Eztainuzko toska esmaltaua. Hormako konketa-moltsoa, herri-tradizinoko andelagaz eta azpilagaz, egurrezko egitura ebagi eta moldurau baten txertatua. Osogai honeek ditu: ura gordeteko goiko andel bat [61] estalgiagaz eta metalezko txorroteagaz, eta batzeko harraska edo azpil bat [62]. Esmalteztautako toskagaz eginda dagoz, eta urdinez apainduta, atzekalde zuri baten gainean, kobalto-oxidoz estaldutako pintura baten bidez. Esmaltearen gainazalak erakusten dau zahartuta dagoala oso: asimilazino-pitzadura finen sare trinko bat (craquelé), egur-laba tradizionaletan gasbakotze bidezko egosketa-akatsak eta higadurak ertzean, zeinek bistan ixten daben buztin-bizkotxoa. Konbinazino polikromo eta formal hori XVIII. mendeko Delften estilo klasikoan oinarritzen da. XIX. mendearen azken herenean berrargitaratu zan estilo hori, maisutasun tekniko handiagaz. Dekorazinoaren errepertorioan landara-erroleoak, maskorrak, lora-girlandak eta pintzelez pintatutako zerrenda linealak dagoz, simetriagaz antolatuta. Andelaren silueta erraboilkareak, estalgiaren erremate hagindunak eta profil uhinduko alboetako heldulekuek zeramika herrikoitik eratorritako eredu historizistak daukiez. Morfologiari jagokonez, XIX. mende amaierako lusitaniar-sevillar moldeei jarraitzen deutse. Eredu beraren arabera egindako pieza bat dago Sevillako Arte eta Ohitura Herrikoien Museoan, eta haren jatorria Lisboako Fábrica da Bica do Sapato ospetsuaren moldeakaz lotzen da, eta Trianako buztinoletan Andaluziako burgesia hornitzeko egin ebezan erreprodukzinoakaz. Beste manufaktura batzuk baztertu egin dira. Berbarako, Busturiko Santi Mamirena, zeinaren estanpazino kalkografikoko teknikak ez datozen bat pieza honen eskuzko zertzeladakaz. XIX. mendearen amaierako obrea.
Interes etnografikoko elementuak
Zutargia [63]. Egurra bere kolorean. Pieza bertikal edegia, lau mailatan antolatutako apal horizontal batzuei eusten deutseen lau montaga zilindrikoz osotua. Alboetan, ia arbastatu bako elementu ebagiak dagoz, zeinek egurraren forma naturala mantenidu daben, hein baten. Egiturea burutzeko, kurutze latindar bat dago erdikaldean. Sinplea eta funtzionala da, erregularizazino geometriko eskasekoa eta artisau-egikera nabarmenekoa. Apalen antolaketa mailakatuak aditzera emoten dau erakusketa-funtzinoa daukala, kandelei, liturgia-objektuei, irudi txikiei edo zeremonia-tresnei eusteko. XX. mendekoa.
Belaunaulkiak (2) [64]. Egurra eta lezkea. Aulkiak egitura zuzena eta soila dauka, eta lau angeluko sekzinoko lau hankaz osotuta dago, langeta horizontalen bidez lotuta. Bizkarraldea altua eta estua da, eta langa horizontala eta hiru barrote bertikal ditu erdian. Goiko jesarlekua, ehundutako landare-zuntzagaz egina, tolesgarria da, eta aukerea emoten dau piezea belaunaulki bihurtzeko. Horren azpian, otoitz egitean belaunak bermatzeko plataforma bat dago. Hortaz, piezeak funtzionaltasun bikotxa dauka: jesarlekua eta debozinorako altzaria. Artisau-itxurakoa da, apaingarririk bakoa, eta erispide funtzionalak eta economía materiala dira nagusi. XX. mendekoa.
Eleizako urteurrenen taulea [65]. Eskuz idatzitako eta pintautako papera. Parrokiaren urteurren-mezen fundazinoak erregistretako eta gogoratzeko ikusgai jarritako dokumentua. Eskuz idatzitako xafla bat dauka, eta urteko hamabi hilebeteetan banatutako hilez hileko erretikula baten bidez antolatzen da. Horreetako bakotxean idatzita dagoz data jakin batzuetan bete beharreko urtemugak, memoriak eta liturgia-ospakizunak. Normalean, testamentu-fundazinoei, botoei edo eskaintza elizkoiei lotuak. Idazpuru nagusiak “URTEURRENAK” dino, letra larriakaz, eta, horregaz batera, parrokia-eleizearen erreferentzia be badago. Hilebeteak lerro gorrien eta apaindura geometriko eta loa-apaingarri txikien bidez agertzen dira bereizita, eta burualdeak, barriz, gustu geometrikoko zerrenda bat dauka, errepertorio modernistak eta eklektikoak gogorarazoten dituana. Idazkerea, tinteagaz eta kaligrafia etxunagaz egina, oso zaindua da. Ikuspegi historiko-artistikotik, mueta honetako parrokia-taulak landa-eremuko parrokien antolaketa ekonomiko eta espiritualaren lekukotasun interesgarria dira. Izan be, parrokietako urteurrenek garrantzi handia eukien herrietako erlijino-bizitzan. Horrez gainera, erakusten dabe eleiz administrazinoko eta memoria komunitarioko sistema tradizionalek indarrean jarraitu dabela. Baleiteke XX. mendearen lehenengo laurdenekoa izatea, nahi-ta, seguruenik, askoz be zaharragoak diran urteurrenak eta fundazinoak jasoten dituan, beranduko bersino honetan kopiauak edo eguneratuak.
Eleiz Museoan gordetako elementuak
Errosarioko Ama Birjina [66] (111 x 39 x 29). Egur polikromaua. Errosarioko Ama Birjinaren tailua. Maria zutunik dago, aurrera begira, eta Jesus Umeari eusten deutso ezkerreko besaurreagaz. Eskumakoagaz, barriz, aloe handiak daukazan errosario bat erakusten dau. Ama Birjinak tunika hand i bat dauka jantzita, eta haren azpian ikusten dira ilgoraren muturrak eta punta kamutseko zapata bat. Gainean, mantu bat dauka, zabalik, bururaino heltzen dana belo moduan. Bi-bietan, toles handiak dagoz, bigun samarrak. Arpegia biribila eta mamitsua da, espresino gogorrekoa. Bekoki zabala dauka, eta aho txikia, tinko itxita. Ulea uhindua da, xerlo zabaletan banatuta, eta buruaren goikaldean koska bat dauka, koroia jarteko. Umea jesarrita dago, eta anatomia irme eta handia dauka. Bilozik dago, baina oihal bategaz estalduta, eta lurraren esfereari eusten deutso ezkerreko izterraren gainean. Eskumako eskuaz Amaren errosarioaren ale batzuk ditu hartuta. Arpegia haragitsua da, Mariarena lez, baina arpegiereak ez dau harenak beste larritasun adierazoten. Ule kizkurra dauka. Errenazimentuko obrea, erromanistea, 1600 ingurukoa 12CILLA LÓPEZ, y GONZÁLEZ CEMBELLÍN, 2008, pp. 94-95..
Errosarioko Ama Birjina [67] (94 x 31 x 25). Egur urreztatua eta polikromaua. Zutunik dagoan Ama Birjinaren irudia; otoitzean dago, eskuak bularraren parean lotuta, eta tunikearen gainean dagoan errosario handi bati eusten deutso. Idulki txiki baten gainean dago irudia, ilargi erdiagaz eta oihalen azpian agertzen dan kerubin hegodun bategaz apaindua. Tailuak urrez estofautako tunika bat dauka, eta mantu urdin iluna, pintzelez margotutako landara eta lorakaz. Eskultureak nasaitasun handia adierazoten dau, eta bere baitara gordetako espresinoa dauka. Gorputza ia ez da igarten, jantzien tolestura zabalen azpian; tolesak oihal luze, bigun eta nahiko eskematikoen bidez adierazota dagoz. Arpegiaren modelaketa delikaua da. Begiak almendra-itxurakoak ditu, sudurra zuzena eta aho txikia, espresino eutsiagaz eta malenkoniatsuagaz. Buruko estu bategaz estalduten dau burua, eta uhin simetrikoz orraztua dauka ulea, eskultura erromanistan eta beranduko manieristan ohikoa zan moduan. Ezaugarri formal, tekniko eta estilistikoak kontuan hartuta, lana 1580 eta 1620 artekoa dala ondorioztatu leiteke.
San Pedro [68] (94 x 31 x 25). Egur polikromaua. Formatu txikiko eskulturea da, San Pedro apostolua zutunik irudikatzen dauena. Eta eskuan dituan giltzakaitik (hareen zati bat moztuta dago) eta ezkerreko eskuan daukan liburuagaitik identifiketan da. Irudiak bizarra dauka, eta ule motz eta uhindua, arpegi heldua eta espresino larria. Begiradea alde baterantz apur bat zuzenduta dauka. Konposizinoak neurrizko dinamismoa dauka, contraposto arinaren eta besoen antolaketa zeiharraren bidez lortua. Tratamentu anatomikoa zapien garapenaren mende dago. Tolestura zabalen bidez jausten dira zapiok. Tunikearen parte bat diagonalean jarritako urre-koloreko mantu zabal bategaz estalduta dago, zelanbaiteko dotoretasuna daukan joko bolumetrikoa sortuz. Arpegiera adierazkorra da, begiak almendra-itxurakoak eta ondo marratuak ditu, bekaineak okertuta, eta bizarra motza eta kizkurra. Polikromiak estofauaren eta jantzi gainean aplikautako apaindurearen hondarrak ditu. Batez be, tunika urdin berdexkan eta mantuaren zerrenda apaingarrietan ikusten dira. Zehetasun anatomiko batzuen sinplifikazinoak eta formatu txikiak aditzera emoten dabe bigarren mailako debozino-funtzinoa euki ebala. Seguruenik, erretaula baten parte izan zan. Erromanistea, 1580-1620 ingurukoa.
San Paulo [69] (94 x 31 x 25). Egur polikromaua. Seguruenik aurrekoaren bikotekidea izateko sortutako tailua, kontuan hartuta neurria, tratamentu formala, polikromia eta tipologia ikonografikoa. Irudia zutunik dago, apur bat biratuta eta burua ezkerrerantz altzauta, kontzentrazino espiritual handiko adierazpena sortuz. Arpegiak hazbegi helduak eta oso bereiziak ditu: aurrekalde osoa burusoila dauka, bekokia garbia, begiak oso markauak eta bizarra erdibitua, xerlo uhinduakaz. Ezaugarri horreek guztiak San Pauloren ikonografiagaz lotuta egon dira, tradizinoz. Arpegiera zorrotza eta gogoetatsua da, eta badauka patetismorik. Tunika gorrixka bat eta urre-koloreko mantu handi bat ditu jantzita; tolestura handien bidez inguratzen dabe gorputza. Alde urreztatuak dirdira handiko eremuak ditu hondino be, orokorrean higatuta egon arren. Esku bategaz liburu bai eusten deutso, eta besteagaz, barriz, jatorriz ezpateari oratzen eutsala dirudi, baina ha desagertua dago. Seguruenik, apostolutza, erretaula edo moltso handiago baten parte izan zan, aurretik aitatutako irudiagaz bikotea osotuta. Erromanistea, 1580-1620 ingurukoa.
San Migel [70] (154 x 75 x 56). Egur polikromaua. Goiaingeruaren irudia, arimen pisaketeari jagokon ikonografian (Psychostasia). Tente dago gorputza, Azken Epaiketaren balantzeari eusten, eta deabruaren gainean (zati bat galduta dago). Deabrua bihurrituta irudikatu da, animalia-hazbegiakaz eta adarrakaz. Gainera, otoitzean dagozan arimen irudi txikiak ditu [71], exentuak, balantzako platertxuen gainean jarteko prest. Irudi horreek bilozik daukie bularraldea, eskuak otoitz egiteko jarreran, elkartuta, eta arpegiek espresino maliziabakoa eta debozinozko daukie. San Migelen irudiak konposizino bertikal solemnea dauka, contraposto arinagaz, eta arpegiaren keinuak eutsita. Eskumako besoan ezpata edo lantza eroian seguru asko, eta haregaz hilko eban munstroa. Jantzi militar idealizauak ditu: kaskoa, tunika motza, koraza apaindua eta tolestura bolumetrikoz osotutako mantu zabala. Tratamentu anatomikoak ikusmolde erromanistea islatzen dau, eta hori nabarmena da gorputzaren ikuskeran, gazte arpegiaren nasaitasun idealizauan eta konposizinoaren egiturearen zurruntasun erlatiboan. Tailua, itxuraz, tailer erromanista bati jagoko, XVI. mendearen amaierearen eta XVII. mendearen hasierearen artean jardun ebana. Bestetik, saturazino handiko tonu urdinxka eta gorrixkako polikromiek, estofauaren dekorazinoaren oparotasunak eta azal zatien akaberek aditzera emoten dabe birpolikromia egin zala XVIII. mendean.
Aingeru jagolea [72] (110 x 41 x 30). Eskaiolea eta egur polikromaua. Debozinozko eskulturea, ume bat gidatzen dauen Aingeru Jagolea irudikatzen dauena. Aingeruak zerua seinaletan dau, eta, aldi berean, umea babesten eta gidatzen dau, garai horretako iruditeria erlijiosoan sano zabalduta egoan izaera kateketiko eta sentimental sendoko ikonografia baten arabera. Konposizioa lengoaia atseginez eginda dago: arpegi idealizauak, tolestura leunak eta polikromia kolore argi eta berdexkak, izaera seriauko urre-koloreko dekorazinoagaz aberastuta. Hegal garatuek, haragi-kolore finek eta jantzien apaindura-tratamentuak erlijio-ekoizpen industrialaren berezko eredu akademiko eta historizistei jarraitzen deutsee. XX. mendearen hasierakoa.
San Justo Urgelekoa [73] (116 x 41 x 31). Eskaiolea eta egur polikromaua. Santua zutunik dago, bizar ilun itzelagaz, eta gotzain-maileari jagokon duintasunagaz jantzita. Euritarako kapa urreztatu bat dauka jantzita, parpaila zulotuko alba baten gainean. Eskumako eskuan makulua dauka, eta buruan mitrea. Ezkerreko eskuan daukan liburu edegiak personalizazino bitxia dauka. Haren orrialdeetan “Jainkoarenganako bildur santua benetako jakituriaren abiapuntua da” dino, “Kantiken kantikea” izenburuagaz. Behekaldeko “San Justo” idazkunak irudikatutako personajea identifiketan dau. Egikerea XX. mende hasierako Oloteko (Girona) tailerretako zenbait obrak daukienaren antzekoa da.
Guadalupeko Ama Birjina [74] (258 x 158). Orioa miesean eta marko zizelkatua eta urreztatua. Guadalupeko Ama Birjinaren irudikapena Tepeyac santutegian gurtutako iruditik eratorritako eredu ikonografiko mexikarraren araberakoa da. Ama Birjina zutunik dago, eskuak elkarri lotuta otoitz egiteko jarreran, eta burua makurtuta, urrezko izpien mandorla batez inguratuta. Tunika arrosa daroa jantzita, landara-dekorazino estofatuagaz eta izarrez betetako mantu urdin berdexka bategaz; haren oinetan ilargi erdia dago, aingeru batek eutsia. Konposizinoa Guadalupeko muetakoa da, zeina gutiz finkatuta egoan XVIII. mendeko Espainia Barriko margolaritzan. Lan honetan nabarmentzekoa da marrazkiaren fintasuna, azal-kolorearen leuntasuna eta urreztatuen apaindura aberatsa. Ezaugarri horreek guztiak berezkoak dira Miguel Cabreraren –Mexikoko barrokoko margolari nagusietako baten– helduaroko ekoizpenean. Idazkun bat dauka [75] beheko aldean, eta holan dino: Verdadero retrato de Nra. Sª de Guadalupe de México, aparecida milagrosamente el dia 12 de Diziembre de 1531 en la Capa o Tilma / dl dichoso Yndio Juan Diego recién convertido a Nra Stª Fe i a quien la Soberana Sª dixo: ser su voluntad, q se le edificase Templo e el lugar, q hoy se vene/ra. Se copio esta SSmª Imagen. Según ( ) devoción de Dn Franco Attº Eguiluz, natural de Arteaga en el Señorio d Vizca/ya, año 1754 cuio ( ) se toco a su original a 21 de Octubre del mismo año. Mi() abrera fecit. Margoa 1754an egin zan, “Arteagako Francisco Antonio de Eguiluz jaunaren debozinoaren arabera”, eta horrek zuzenean lotzen dau obra hau XVIII. mendean Euskal Herriaren eta Espainia Barriaren artean izandako kultura- eta erlijino-trukeakaz. Gainera, balio historiko handia dauka, Miguel Cabrerari egotzitako Guadalupeko irudikapenetatik Europan konserbau dan bakarrenetakoa da-ta.
Zutabeak [76] (139,5 x 18 x 18 handiak, 125 x 18 x 18 txikiak). Egur urreztatua. Fuste ildaskatuko zutabe-moltsoa, erretaula-arkitektura baten parte izateko sortua. Liraintasun handiko fuste zilindrikoa daukie, eta bertikaltasunaren eta erritmoaren efektua nabarmentzen daben ildaska sakonek zehartzen dabez zutabeak goitik behera. Harroinak moldurauak dira, profil atiko sinplifikaukoak. Kapitelek, barriz, interpretazino askea daukie, ildo klasikokoa, lepoko garatuagaz eta zaldi itxurako moldurauagaz. Urre-koloreak isla distiratsuak ditu hondino, gainaldea higatuta eta herdoilduta egon arren. Formalki, zutabeok eredu klasizistei jarraitzen deutsee, konposizinoan erregulartasun handiagoa eta egikera ordenauagoa eta monumentalagoa lortu guran. XVI. mende amaierako erretaula baten parte izan ei ziran, beste hondar batzukaz batera, nahi-ta haren apaindurearen lengoaia barroko berantiarrekoa izan, rokokoa.
Habearen mentsulea [77]. Egurra bere kolorean. Eleizearen estalgiaren armadureari jagokon mentsula edo harburua. Piezearen tailakerea soila baina sendoa da, urtengune moduan ipinitako modiloi eta lobulu erdizilindrikoen segida baten bidez artikulaua, eta plastikotasun bolumetriko nabarmeneko profil mailakatu bat eratuta. Dekorazinoa arotzeria historikoaren eredu tradizionalen araberakoa da, non apaindurea eraikuntza-elementuaren barruan txertatzen dan zuzen-zuzenean. Zizelkatutako harburuen garapen handia eta molduren irmetasuna bat datoz XVI. mende osoan eta hurrengo mendera arte erabilitako Errenazimentuko urtenbideakaz. Estalgiaren egituran in situ konserbau diran aleakaz [78] alderatuta, pieza hau tenpluaren testuinguruan dagoala esan daiteke. 1600 inguruko piezea, beharbada.
Eskaera-platera [79] (3,7 x 38). Letoia. Profil zirkularreko eta ertz urteneko piezea, irabiatze-teknikearen bidez egina eta, gerora, inskripzino perimetral bategaz ebagia. Piezearen tipologia sinplea eta funtzionala da, eta ez dauka dekorazino figuratiborik. Antxinako patineak gaur egun arte iraun dau, eta gainazalean herdoiltze ugari ditu, seguruenik metalaren etenbako erabilerearen eta antxinatasunaren ondoriozkoak. Plateraren hegalean grabautako inskripzinoari esker, piezea debozinozkoa dala esan geinke, baita haren datazino zehatza egin be. Herri-grafiaz eta ortografia arkaikoz egindako testuak [80], itxuraz, hau dino: Sn Migel de Elejabeitia, Año de 1713 Jaldiano. Leitekena da Jaldiano izena Galdianoren aldaera bat izatea, eta emoileagaz edo egileagaz lotuta egotea. Pieza honek XVII. mendearen amaierearen eta XVIII. mendearen lehenengo hamarkaden artean landa-eremuan oso zabalduta egozan ereduen araberakoa da. Izan be, mueta honetako metalezko ontziak diru-batzeetarako, eskaintzetarako eta kultuaren beste erabilera lagungarri batzuetarako erabilten ziran.
Ezkutu heraldikoa [81] (30 x 21,5). Pergamino margotua taula gainean. Armarri heraldiko txikia, eremu obalauan irudikatua eta kapare-kasket edegi bategaz silatua, lanbrekinakaz eta landara-itxurako erroleoakaz batera. Armarriak Elejabeitia leinuaren armak agiri ditu. Zati bitan zatitua –gorria eta iluna—; eskuman, zitori beilegi itxurako kurutzee edo Santiagoren ordenakoa, besoak zitori beilegiaren itxuran amaituak; ezkerrean (oso hondatuta eta ilunduta), beso armatu bat dago, eta kasketadun burua, profilez jarria. Egitura simetrikoa daukan kartel apaingarri barroko handi baten barruan dago konposizinoa. Kartel hori erroleoakaz, hosto haragitsuakaz eta landara-elementu estilizauakaz eginda dago, eta erliebe nabarmeneko moldura landu eta urreztatuz markoztatuta dago. Barrokoaren tradizinoko ereduen araberakoak dira armarriaren apaindurazko lengoaia eta forma obala, baita markoa be, zeina zizelkatua eta urreztatua dagoan, eta hosto-itxurako irudi perladunen segida bat daukan. Euskarri piktorikoa oso higatuta dago, galduta daukaz polikromiaren parte batzuk, eta hezetasunak eta xilofagoek eragindako zuloak eta deformazinoak ditu. Horrek zaildu egiten dau osorik irakurtea armarria, eta behean eukiko eban balizko idazkuna. Oso higatuta egon arren, segurtasun osoz irakurten da 1706. urtea.
Teilak (4) [82] [83] [84] [85] (6 x 43 x 20, 7 x 43 x 20, 5,8 x 38,5 x 20,5, 6,5 x 43 x 19,5). Buztin egosia. Buztin egosizko lau teila, eskuz moldatuak eta ebagidurakaz. Eleizearen estalgiaren parte ziran. Arabiar muetako teilak dira, pieza bakarrekoak, kono-enborreko formakoak, eta erditik ebagita luzetara. Lehenengoak [82] zulo bi ditu goikaldean, erdian, zentimetro bateko diametrokoak. Alderik alde zulotzen dabe teilea, baina ez dakigu zein zan horreen helburua. Bigarrenak [83] dekorazinoa dauka freskoan zulotuta, “zapatila” izenez ezagutzen dan marrazki figuratiboa. Hirugarrenak [84] freskoan egindako irudiak ditu, hain baten lerroz osotuak, edo beharbada letrez, zerra-haginakaz lotuak eta markoztatuak. Eta azken teilak [85] apaindura ebagi lineal oso eskematikoa dauka, egosi aurretik marraztua. Erdian luzetarako lerro bat dauka, lerro bertikal paralelo batzuk perpendikularki zehartua, zeinek erretikulu moduko bat eratzen daben. Piezek loturea daukie, beharbada, XVII. mendearen hasieratik eta batez be XVIII. mendean zehar eleizan dokumentautako konponketa- eta teilabarritze-kanpaina ugariakaz. Buztin-muetea, egosketa, ebagien eskuzko formea eta, batez be, motiboen izaera espontaneo eta herrikoia aintzat hartuta, nahiko koherentea da XVIII. mendeko kronologia homogeneo bat.
Elementos depositados en otros lugares
Hilarri tabularra [86] (74,5 x 31,5 x 25). Harria. Bilboko Arkeologi Museoan gordailututa. Ertzak markatuta dituan bloke angeluzuzen bat da. Ezkerreko alboan hozka txiki bat dauka, burua ardatzetik bereizteko balio dauena. Arpegi guztietan dauka dekorazinoa [87]. Aurrekaldean hiru erregistro bereiztu ahal dira. Goikoak lau arkilo itsu ditu, arku ultrapasauek eta zirkuluerdi bik burutuak; tartekoa zerra-haginak daukiezan zerrenda ebagiak ditu, eta behekoaren ondoan hiru zirkuluerdi zentrokide dagoz: bi txikerrenen artean motibo hagindunak eta zirkulu nagusitik sortzen diran erroleo batzuk dagoz, zirkuluen alde bietan beste bi, estilizauagoak, eta goiko zerrendatik eskegita dagoan triangelu bat, eta behekoa idazkun epigrafikorako gorde da, zeinak honako hau dinoan: In d(ei) n(om)î(ne) êgo / Mominu /s I(n) p(a)c(e) X(risti) ic / dor / mit. Atzekaldean goiburuaren erdiko erregistroa errepikatzen da, eta goiko ertzetan erronbo bi ditu gehituta. Eskumako aldean, oinarritik edegitako laukizuzen baten zenbait zerra-hagin, kurutze eta triangelu ditu zulotuta, goiko muturrean bikoizten dan lerro bertikal baten alboetan kateatuta. Ezkerreko alboak hiru lerro paralelo ditu, eta, horreetan, beste lerro zeihar batzuk alkartzen dira, arrain-arantza baten diseinu bikotxa eratuta. 1989an topau eben piezea, eleiza zaharbarritzeko lanak egiten ebilela, korutik hurre dagoan horma baten sartuta. IX-X mendeetakoa 13AZKARATE GARAI-OLAUN y GARCÍA CAMINO, 1996, pp. 161-164..
MRV-RCL
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López
1. SANTANA EZQUERRA, 1996a, 136-137 eta 223. or.
7. MUÑIZ PETRALANDA, 2017, 63., 76. eta 101-102. or.
8. MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 1. libk, 239. or.
MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Reflejos de Flandes. La escultura mueble tardogótica en Bizkaia. Bilbo: Eleiz Museoa, 2011.
12. CILLA LÓPEZ, eta GONZÁLEZ CEMBELLÍN, 2008, 94-95 or.
13. AZKARATE GARAI-OLAUN eta GARCÍA CAMINO, 1996, 161-164 or.
AZKARATE GARAI-OLAUN, Agustín, eta GARCÍA CAMINO, Iñaki. Estelas e inscripciones medievales del País Vasco (siglos VI-XI). I. País Vasco Occidental / Euskal Herriko Erdi Aroko hilarri eta inskripzioak (VI-XI. Mendeak). I. Euskal Herriko Mendebaldea. Bilbo: Servicio Editorial de la Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua, 1996. Hemen eskuragarri: https://www.academia.edu/1267216/AZKARATE_A_GARC%C3%8DA_CAMINO_I_1996_Estelas_e_inscripciones_medievales_en_el_Pa%C3%ADs_Vasco_occidental_Bilbao_Universidad_del_Pa%C3%ADs_Vasco