SANTIAGO ERMITA
(Jesusen Bihotza parrokiaren jurisdikzinoa)
Arratia
Artea | Elexabeitia auzoa
Folletoa
Elexabeitia auzoa z.b., 48142
p.jesusenbiotza.artea@bizkeliza.org
ERAIKINA[1]
Santiago ermita Elexabeitiko San Migel parrokiatik metro gitxira dago, zugatzez betetako inguru baten.
Oinplano angeluzuzena dauka [2], eta bolumen paralelepipediko bat, isuri biko estalgiagaz estalduta eta aurrekaldeko fatxadan arkupe baten bidez edegita.
Hormak harlangatx irregularrez eginda dagoz [3], eta harlauzak erabiliz sendotu dira ertzak [4]. Kareharrizko lau harlandu handi nabarmentzen dira, bina albo bakotxean. Sarrerearen beheko herena mugatzen dabe [5]. Aparailu guztia agerikoa da, bai barruan [6] bai kanpoan.
Zoladurea harlauzazkoa da [7], burualdea izan ezik. Hor, altarea egurrezko plataforma baten gainean dago.
Estalgia, oin dala gitxi barritua, hiru isuraldekoa da [8], eta hirugarrena oinaldean dagoan arkuperantz luzatzen da. Barrukaldean, egurrezko egiturea erdian pendoloia daukan zertxa baten bermatzen da [9]. Plaka bat dago bertan, inskripzino honegaz: AÑO / 1851 [10].
Oinaldean dago tenplurako sarbide bakarra [5]. Dinteldua da, eta egurrezko janbak daukaz; horreek, beheko herenean, kareharrizko harlandu handi batzuen gainean bermatuta dagoz. Sarrera horren alboetan, harrizko hormatxu baten gainean, egurrezko haga lisoak daukiezan leihate bi dagoz [11]. Tipologia horrek santutxu edegien eredura hurbiltzen dau ermita.
Argia fatxada nagusitik dator –guztiz edegia da–, eta hegoaldeko alboko leihoburu zuzeneko baotik, zeinak barru-laprandurea daukan [12].
Kanpai-hormea [13] gailurra arkupearen isurialdeagazko alkargunean dago; isuri biko teilatutxu bat daukan egurrezko bizkar bat da, eta hortik eskegita dago kanpaia.
Moltsoak arkupe bat dauka oinaldean [14], petril baten gainean bermatzen diran egurrezko lau oin zuzenek eutsita [15]. Petrila erdiunean edegita dago, aurreko zelaiagazko desnibel txikia gainditzen daben eskilara-maila biren bitartez, eta, gainera, igarobideak ditu alboetan [16]. Gune horren zorua harrizko lauzaz eginda dago [17], hau da, tenpluaren barrukaldeko material bardinagaz.
Arteako Santiago ermita XVIII. mendean existiduten zala dakigu, honako hau adierazo zan-eta 1793an egindako bisitan:
“fabrica material se hallo firme, y a tejabana pero con necesidad de cubrirse y de repellarse con yeso, una grieta que tiene en la pared; el altar se vio sin adorno, sin ara, manteles, crucifijo, frontal y sacra, por lo que prohivia y prohivió se celebre en ella el santo sacrificio de la misa”,
Eta kalteak konpontzeko eta topautako akatsak zuzentzeko agindu zan1AHEB-BEHA, Parroquia de San Miguel Arcángel, Artea – Elexabeitia, Visitas de la parroquia, 1726-1828, sign. 1746/005-00..
Egurrezko egituran agertzen dan plakearen arabera, 1851n berreregi ei zan. Halanda be, gaur egun daukan itxurea askoz geroago –XX. mendearen amaieran– egindako beste erabarritze bati jagoko.
ALTZARIAK
Eskulturea
Santiago zaldi gainean [18] (144 x 129 x 40). Egur polikromaua. Apostolua zaldi gainean agertzen dauan tailua, Santiago Mairu-hiltzaileari jagokon ikonografian. Aurrez aurre eta apur bat goraka ikusteko sortutako tailua da, beharbada jatorriz altzari edo horma-hobi handiago baterako pentsatutakoa. Konposizinoak dinamismo barroko indartsua dauka. Zaldia zutunduta dago, aurreko hankak altzauta eta buztana astinduta, moltsoari energia emoten deutsan mobimentu helikoidal nabarmenean. Zaldizkoak gorputz-enborra apur bat biratu, eta gorantz eta eskumarantz zuzentzen dau begiradea. Halan, sentsazino teatrala sortzen dau. Santiagok tradizino militar idealizauko armadurea daroa jantzita, urre-koloreko kurutze bategaz apaindutako bular-babes ilunagaz eta tonu gorrixka eta berdeetan polikromautako gona motzagaz. Ezpatearen ordez, egurrezko kurutze bat daroa, barria. Ezaugarri horrek ikonografiaren gerra-izaerea leuntzen dau, eta haren alderdi ebanjelizatzailea nabarmentzen. Zaldiaren oinetan hilda agertu ohi dan pertsonaia falta jako. Antza, 1972an ostu eben2ARREGI AZPEITIA, 1987, vol. 2, p. 359.. Polikromia sano interesgarria da. Zaldiak tonu argia dauka, bolizkoa edo grisaxka, eta akabera distiratsu eta leuna. Horrek gogora dakarz XVIII. eta XIX. mendeetako herri-lantegietan erabili ohi ziran estofatze sinplifikauko eta bernizatzeko teknikak. Santuaren haragiaren koloreak epelak dira, eta arpegia indibidualizetan daben bibote eta kokospeko oso markauak ditu. Begien eta bibotearen profil baltzek, arpegiaren modelatze leunagaz batera, aditzera emoten dabe izaera herrikoiko ekoizpena dala. Zaldiaren modelauak –gorputz trinko eta muskulatura laburtukoak– eta zehetasun batzuen ikusmolde inozo samarrak —berbarako, zaldizkoaren eta zaldiaren arteko erlazino anatomikoa— gogora ekarten dabez barroko berantiarreko ekoizpenak, landa-inguruneetan luzaroan egiten jarraitu ebezanak. Mantenidu dauzen elementu batzuek –berbarako, mobimentuak, teatraltasunak eta polikromia biziak–, zelanbaiteko sinplifikazino formalagaz eta fintasun gitxiagoko akaberagaz konbinauta, pentsarazoten dabe beranduko ekoizpen herrikoi barroko bat dala. XVIII. mendearen hirugarren laurdenekoa, gitxi gorabehera. 2022an zaharbarritu eben.
RCL - JMGC
Raquel Cilla López – Juan Manuel González Cembellín