SANTA MARIA ERMITA
(Jesusen Bihotza parrokiaren jurisdikzinoa)
Arratia
Artea | Gaztelu auzoa
Folletoa
Gaztelu-Hilerria auzoa z.b., 48142
p.jesusenbiotza.artea@bizkeliza.org
ERAIKINA[1]
Santa Maria ermita Arteako udal-hilerrian dago, eta bertako kapilea da.
Oinplano angeluzuzeneko [2] tenplua da, nabe bakarra dauka barrukaldean, eta arkupearen gainean luzatzen dan lau isurkiko estalgia [3].
Hormak bistako harlangatz irregularragaz eginda dagoz [4], bai barrukaldean bai kanpokaldean.
Zoladureak jatorrizko zorua ikustea eragozten dauen zementu-esne geruza bat dauka. Oinaldean, Del Barrio familiaren jaubetzako hilobi-hilarri xume bat dago [5].
Estalgiak egurrezko egiturea dauka [6], eta zertxa bat dauka burualdearen eta nabearen gainerakoaren artean. Esan dan moduan, arkupearen gainean zabaltzen da.
Sarrerea oinaldeko fatxadan dago [7], zeina, kuruztokien erara edegita, hormatxu baju batek eta atal biko egurrezko barrote batzuek [8] ixten daben. Horreen goiko, erdiko eta beheko zatietako ertzetan sekzino karratuko hagak eta zerra-haginez egindako dekorazinoa dago [9]. Erdian [10] atea dago , orri bakarrekoa. Behekaldean kurutze bat dauka zizelkatuta. Sarreraren gainean, bigarren zatian, kurutze bat, hori be egurrezkoa [11]. Hesia eta hormapikoa –azken hori, oholez guztiz itxia– banatzeko habeak kurutze-ilara bikotx bat dauka apaingarri erdian, eta motibo geometrikoak behekaldean [12].
Argia guztiz edegita dagoan fatxada nagusitik sartzen da [13], eta presbiterioaren albo bietan dagozan erdi-puntuko arkuko bao luze bitatik [14].
Urteera handiko arkupea dauka [15], eta egurrezko teilatua, kono-enbor formako oinarri baten bermatzen diran egurrezko zutoin estilizatu biren gainean. Zutoin horreek harrizko hormatxu baju baten bermatuta dagoz [16].
Santa Maria ermita Gazteluko parrokia zaharra egoan orubean dago. Parrokia harek zutunik jarraitzen eban XIX. mendearen amaieran. Izan be, kontu-liburuetan obra txikien gastu batzuk dagoz: esku-hartzeak sakristian, eraikinaren zuriketa orokorra eta koruan eskilara barri bat eregitea, besteak beste.
Garai haretan, parrokiako patroiak Telesforo del Barrio eta Arriagaren alarguna ziran. Alargunak eleizea erastearen aurka egin eban, haren gainean Arteako parrokiaren tenplu barria eregi gura izan ebenean. Patroikide horrek argudiatu eban ez ebazala galdu gura ermitaren gainean eukazan eskubideak. Izan be, hori jazoko zan, eratsi ezkero1AHEB-BEHA, Parroquia del Sagrado Corazón – Artea, Libro de cuentas, 1847-1901, sign. 1759/002-00..
1922an, eleizea eratsita egoala –ez dakigu oso ondo sute baten ondorioz izan zan, edo parrokiako batzarraren erabagiz–, Félix del Barriok, ermitako patroiak, Andra Mari tenplua egon zan orubearen alboko lurren zati bat laga eban, hilerri barrirako eregitekoa zan kapilaren barruan familiaren panteoia jarri ahal izatearen truke. Ezin izan ezkero, Del Barrio konforme egoan familia batek be kapila horretan panteoirik ez eukiteagaz2AHEB-BEHA, Construcción del templo nuevo de la parroquia del Sagrado Corazón de Artea – Artea. 1896 – 1927, sign. 1753/001-00..
ALTZARIAK
Eskulturea
Kristo etxuna [17] (147 x 44 x 32; kutxatilea, 80 x 186,5 x 71,5). Egur polikromaua eta kristala. Kristo hilaren debozinozko eskulturea, belus gorrixkazko ohe barrubigun baten gainean jarrita, kristalezko kutxatila baten sartuta. Kutxatilea, seguruenik, Aste Santuko zeremonietan kontenplau ahal izateko sortu zan. Kristoren irudia burua ezkerrerantz apur bat okertuta eta kuxin baten gainean jarrita agertzen da. Arpegiak [18] begi erdi itxiak ditu, ahoa partzialki edegia eta hazbegiak leuntasunez idealizauak. Arpegierak, sufrimentu fisikoa baino gehiago, baretasuna transmitiduten dau, garai hatako serie-ekoizpen erlijiosoaren oso bereizgarria dan estetika baten barruan. Ulea sinpletasun handi samarragaz tratautako adats uhindu luzeetan jausten da. Bizarra, barriz, motza eta zatitua da, eta ikusmolde naturalista moderatuari eusten deutso. Arantzazko koroia elementu independente lez aplikauta dago. Anatomiari jagokonez, gorputzaren interpretazinoa biguna eta leundua da. Gorputz-enborraren modelaua [19] gainazal leunekoa da, eta ikutu anatomiko arinak daukaz toraxean, abdomenean eta klabikuletan. Pasinoaren zauriak —saihetsetan, belaunetan eta gorputz-adarretan— ozta-ozta iradokita dagoz, odol-arrasto txikien bidez, efektu patetikoak nabarmendu barik. Araztasun-oihala hanka baten azpitik bilduta dago, modelau bigun bategaz egindako toles zabalen bidez. Azaleko akabera mateak, polikromia uniformeak, anatomia-mueteak eta itxura leunak serieko iruditeria erlijiosoko tailerrek zabaldutako ereduak ekartzen dabez gogora, seguruenik Olotegaz edo antzeko manufakturakaz lotuta. Inspirazino-iturria lengoaia akademizistago eta sentimentalago bategaz berrinterpretatutako prototipo barrokoak dira, seguruenik XX. mendearen hasierakoak. Egitura prismatikoa eta goiko estalgian profil trapezoidala dituan beirazko kutxatila baten barruan dago [20]. Oinarriaren apaindurea barroko-kutsuko erroleo eta landara-motibo zizelkatuak dira. Izkinak errosetakaz eta landara-motibo sinpleakaz apaindutako pilare molduradun txikien bidez dagoz sendotuta. Pilareak atzapar-hanken gainean dagoz. Goiko estalgiak itxura historizistadun erremate bat dauka, boluta txikerrakaz eta profil bihurgunetsuakaz. Kristoaren garai bereko elementua.
Metalezko gauzak
Kanpaia [21]. Brontzea. Ezkiladuna. Tamainu ertainekoa, apaingarririk bakoa, sorbaldako eta behekaldeko moldura lisoren bat izan ezik. Gasteizko Hijos de Vª de Muruaren silua dauka. XX. mendearen erdialdekoa.
MRV-RCL
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López