SANTIAGO ERMITA

(Andra Mari parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Lemoa | Arraino auzoa

i

Folletoa

Arraino auzoa z.b., 48330

p.andramari.lemoa@bizkeliza.org

ERAIKINA [1]

Oinplano laukizuzeneko ermita da [2], nabe bakarrekoa, eta isuri biko teilatua dauka.

Hormak [3], barrukaldean, luzidutako harlangatxez eregita dagoz, eta, kanpokaldean, ostera, ageriko harlangatxez, ertzetan izan ezik, horreek sendotzeko harlandua erabili da-ta. Sartaldeko horma-atala [1], jatorriz, kanpora edegita egoan, baina hormatxu bategaz itxi eben, beheko aldean adreilu zementauagaz, eta, erdialdean, azkenaldian ezarritako beirate bategaz. Goiko zatia, aldiz, egurrezko xaflea erabiliz itxi eben. Presbiterioko hormearen erdian horma-hobi bat dago, arku beheratukoa, ermitaren santu titularraren irudia jarteko. Burualdean, altarearen albo banatan, harrizko kubo bi dagoz atxikita, jarleku moduan. Era berean, sagrarioa jarteko bao dinteldu txiki bat dago epistolearen horman, presbiterioaren ondoan, ate metaliko bategaz itxita [4].

Zorua, jatorriz, hareharrizko lauzaz eginda egoan, eta zementuzko geruza bategaz estaldu eben [5], altarearen eremuan izan ezik; hori apur bat goratuta dago. Jatorrizko harrizko lauzak kontserbau dira hor [6].

Leitekena da estalgia [7] egurrezkoa izatea eta goihabezko egiturea eukitea, baina metalezko xafla handiakaz estaldu dabe, eta egurrezko pendoloia daukien tirante biak baino ez dira ikusten. Azken zatikoa marroiz luziduta dago, eta plakak ditu tirantearen inguruan.

Tenplurako sarbidea oinaldean dago. Orri bakarreko ate metaliko bat da, eta, erdikaldean, oin dala gitxi egindako kristalezko atal bat dauka [8]. Erabarritze horretan, ermita santutxu lez zabaltzen eban egurrezko hesia kendu eben, bai eta nabea luzatzen eban atari txikia be [11].

Fatxada nagusian zabaldutako beiratetik sartzen da argia ermitara [9]. Era berean, ermitaren barrukaldean argi artifiziala dago, estalgiaren tiranteetako bati atxikitako lanpara fluoreszente batzuetatik datorrena.

Gailurraren gainean, tenpluaren oinaldean, oin dala gitxi egindako metalezko egitura bat dago. Kanpaia jarteko da. Isurki biko teilatu txiki batek estalduten dau [10].

Arrainoko ermita diseinu xumekoa da, landa-eremuko eraikin erlijiosoen ildokoa, baina xarma guztia galdu dau azkenaldian egindako zaharberritzeen ondorioz.

Gaur egungo Santiago ermita 1787an eregi eben, Arraino auzoan bertan metro gitxira egoan izen bereko beste baten ordez. Zaharra “oso egoera txarrean egoan, hormak eratsita eta sarraila seguru barik”, Calahorrako eta La Calzadako Gotzaindegiko bisitatzaile nagusiak 1764an egindako barrikuspenean jaso ebanez1AHEB-BEHA. Lemoako Andra Mari parrokiako kontuen eta bisiten liburua. 1722-1828. Signaturea: 2471/001-00..

Eraikina berregiteko, Juan Bautista de Madariaga obragileak ermita zaharreko materialak aprobetxau ebazan. Martín de Linaza arduratu zan zurgintzaz. Ha be Lemoakoa zan, Madariaga lez2AHEB-BEHA. Askotariko paperak. Signaturea: 2475/002-00..

XX. mendean zehar, hainbat barrikuntza egin jakoz ermitari. Azkenekoan, fatxada nagusia itxi zan [11].

ALTZARIAK

Eskulturea

 

Santiago zaldi gainean [12] (95 x 81 x 43,5). Ore polikromaua. Eszenan santua agertzen da, zaldi zuri baten gainean, burruka-jarreran, Clavijoko batailearen kondairazko tradizinoari erreferentzia eginez. Gudu hatan, ustez, Santiagok mirariz esku hartu eban, kristauei laguntzeko.

Konposizinoari begiratuta, obreak efektu narratibo eta dinamiko oso nabarmena izan gura dau. Zaldia zutunik dago, diagonalean aurrera egiten, eta apostoluak, barriz, beso armaua altzetan dau, goranzko mobimendu indartsu bat eginez. Garaitutako pertsonaia lurrean dago etxunda, eta horrek eszenearen dramatismoa eta teatraltasuna indartzen ditu. Formeari jagokonez, piezak XX. mendeko erlijio-irudigintza industrialaren ezaugarri oso bereizgarriak ditu. Anatomia sinplifikaua, arpegiera atsegin eta konbentzionala, modelatze biguna eta polikromia mate eta uniformea ikusita, argi eta garbi esan leiteke seriean egindako lana dala, Oloteko XX. mendekoak lez. Izan be, jakin badakigu 1959an hainbat irudi erosi zirala, horreen artean pieza hau, eta 4.300 pezeta ordaindu ebezala hareen truk3AHEB-BEHA, Lemoako Santa Maria parrokia, Arrainoko Santiago Apostoluaren ermitako aktak eta kontuak, 1957-1962, 2477/008-00 signaturea.

MRV - RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. AHEB-BEHA. Lemoako Andra Mari parrokiako kontuen eta bisiten liburua. 1722-1828. Signaturea: 2471/001-00.
2. AHEB-BEHA. Askotariko paperak. Signaturea: 2475/002-00.
3. AHEB-BEHA, Lemoako Santa Maria parrokia, Arrainoko Santiago Apostoluaren ermitako aktak eta kontuak, 1957-1962, 2477/008-00 signaturea.