SAN PEDRO ETA SAN BLAS ERMITA
Nerbioi Garaia
Zeberio | Saldarian auzoa
Laburpena (PDF)
Saldarian auzoa, z/g (48499)
p.santotomas.zeberio@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Bolumen paralelepipedo soila oinplano [2] errektangularraren gainean, atal bitan bereizitako nabe txikia, burualdearena egiten dauan hirugarrenagaz [3] [4]; aurrealdean, eleizpea dauka.
Orientazinoa, ohiz kanpokoa da, ipar-ipar-mendebaldea, hego-hego-mendebaldea..
Zuzenean hatx baten gainean dago, ia zimendu barik. Horma-harriz atonduta dago, barrualdean bistan eta zati batez zarpiatuta kanpoaldera, kantoietan eta hutsarte batzuen inguruan izan ezik, harlandu irregularrez eta bistan eginda dagoz-eta.
Ebanjelioaren aldean (mendebaldea), kanpotik [5] kanpoaldeko ‘atorraren’ erortze handiaren arrastoa ikusi daiteke, barrutik ia antzematen ez bada be..
Inguru batzuetan [6], hormek altuera desbardinetan asentatze-bankadak sortzen dabezan harlauza segida etenez horizontalki markatutako hainbat zerrendaren itxurakoak agertzen dira. Lanak eten izanaren ondorio izan daitekez edo, hobeto esanda, horman egindako egokitzeak, erosotasun handiagoz jarraitzeko lanekin. Bakarrik zerrenda altuenean aldatzen da apur bat hormaren egitura eta hau eraikinaren handitze barri baten eragina izan daiteke.
Burualde honetan horma-hobirako zuloa eginda dago; epistola horman dagoanak akabera hobea dau.
Zoladura, pare bat harmaila altuago burualdean, terrazozko lauzaz eginda dago eta oraintsukoa da.
Estalkia [7] da ermitaren osagairik deigarriena: konponbide traketsa lau isurialdegaz astazaldian eta korapiloa tiranteagaz. Egitura honen astazaldiak hormen goiko partea zeharkatzen daben goihabeetan bermatzen dira eta tirante-zertxa bigaz eta erdiko pendoloiagaz sendotzen dira. Ertzetan, kuadralak dagoz eta horreetan besoen egitekoa daben piezak (mozos) zurkaizten dira urak bereizten dabezan limatesak sendotuz. Guztia T formako iltzeekaz finkatuta.
Zertxek euren muturretan kargatzen dabe nabea hiru eremutan zatitzen daben oinarri zuzenetan; lehenengoa burualderako da.
Egurrezko pieza honeetako batzuetan agertzen dira eraikineko apaingarri apurrak: tirante-muturretan [8] eta kuadraletan bozelean amaitzen diran mentsulak landu dira; burualdekoak hobeto landuta dagoz; kuadral horreen besoen erdiko partea, ildaskatuta dago [9] eta untze-buruak dagoz [10]; bere aldetik, zutabeen ertzak fazetatuta dagoz.
Teilatuak [11] lau isurialde ditu
Barrualderako sarbidea [12], zazpi dobeladun erdi-puntuko arkua da tenpluaren oinaldean, eleizpearen erdian lerrokatuta. Kainoia, okertua da eta ate-orpoak ditu. Ondoan, urbedeinkatu-ontzia [13] gailoi-formakoa eta kurutzea janban zizelkatuta.
Epistolaren ondoan dagozan burudun leiho bitatik sartzen da argia [14]; bat, burualdearen parean dago eta bestea, oinaldeko ataltzat jo daikegun lekuan, eta hau traketsagoa da.
Egurrezko korua [15] dauka eta ia oinalde osoa hartzen dau. Ertzetako mentsula txikietan eta oinarri zuzen bitan -alakatutako ertzak eta harroinak- bermatzen dan habe horizontalaren gainean gagoan pisua da. Barandak biribildutako hagak ditu eta beronen moldurak ikusita, 1900 ingurukoa emoten dau.
Eleizpeak [16] babesten dau ermitaren oinaldea. Gaur egun, hormara oratutako habe horizontaletik eraikitako teilapea da eta kanpoaldera hormatxora eta kono-enbor formako oinarrira jausten diran oin zuzenen gainean dago; epistolaren aldean zabaldu egiten da igarobide lez, eta ebanjelioaren aldean hormaz ixten da goitik behera.
Baina hasieran ez eukan itxura hau. Eleizpea oso-osorik barriztatu eben 1975 inguruan, hormigoizko-blokez itxiz1ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. lib., 455. or.. 2005-2007 bitartean egindako erabarritzearen ostean hartu eban oraingo itxura hau.
Landa-eremuko tenplu apala da honako hau be, eraikin enpiriko soila arkitekturari dagokionez, sarbidea dalarik osagai landu bakarra. Baina estalkia goihabe-egitura hutsetik harago doa eta artesa-teilatuak imitatu dira, mudejar tradizinokoak, XVI. gizaldian garrantzi handiagoa eben eraikinetan ohikoak. Saldarianeko kasu honetan, kuadralen eta T formako kiribilak ikusita, beranduagoko lana dala esan geinke, XVII. gizaldikoa, baina landutako jabaloi edo besoak XVI. gizaldikoak litzatekez, aurreko egitura batetik hartu eta aprobetxatutakoak. Sarrerako arkua be XVI. gizaldikoa da. Eta gizaldi honetakoa da tenpluari buruzko idatzizko lehenengo aitamena: 15952ALZOLA CAVIEDES, 1995, 176. or..
Baina zehazpen gitxi dogu eraikinaren biografiaren inguruan. 1764-1767an lan esanguratsuak egin ziran: hargin, arotz eta peoien 145 jornal ordaindu ziran eta idi-gurdien 48 joan-etorri materialakaz, guztia Pedro Ochoa Guezalaren zuzendaritzapean. Orduan, “se lebantaron los frontales de la hermita”, hormen ustezko handitze horren adierazle izan leikena. Honek estalkia altxatzea ekarriko eukean, baina holan izanda be, obra barrian aitatutako besoak berrirabiliko eukiezan3AHEB-BEHA, Zeberioko Olabarrietako Santu Tomas parrokia, Kontu eta bisiten liburua, 1751-1802, sign. 1795/003-00. ALZOLA CAVIEDES, 1995, p. 176. or..
Berandugago, lan txiki batzuei buruzko barri bakan batzuk baino ez dagoz (1752, 1777, 1787, 1830…)4AHEB-BEHA, Zeberioko Olabarrietako Santu Tomas parrokia, Kontu eta bisiten liburua, 1751-1802, sign. 1795/003-00; Kontu eta bisiten liburua, 1803-1839, sign. 1802/001-00. ALZOLA CAVIEDES, 1995, 176. or..
Aitatu dogunez, 2005-2007an eleizpea barriztatu zan. Eta 2020an mendebaldeko horma behera etorri zan eta ezinbestez esku-hartu behar izan eben hurrengo urtearen amaieran, eta eraikin osoa barriztatu zan, gaur egun dauan itsura emonez5ACOB-KBGA, Parroquia de Santo Tomás de Olabarrieta de Zeberio, sign. D1-0236/021. “ACOB-KBGA, Zeberioko Olabarrietako Santu Tomas parrokia, sign. D1-0236/021. “Barriztatzen lanen hasiera Zeberioko Saldarianeko San Pedro eta San Blas ermitan (2011-11-09)”, Hemen: Bizkeliza.org, Kontsulta: 2023-11-17..
1. ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. lib., 455. or.
ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbao: Diputación Foral de Bizkaia / Instituto Labayru, 1987, lib. 3.
2. ALZOLA CAVIEDES, 1995, 176. or.
ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
3. AHEB-BEHA, Zeberioko Olabarrietako Santu Tomas parrokia, Kontu eta bisiten liburua, 1751-1802, sign. 1795/003-00.
ALZOLA CAVIEDES, 1995, 176. or.
ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
4. AHEB-BEHA, Zeberioko Olabarrietako Santu Tomas parrokia, Kontu eta bisiten liburua, 1751-1802, sign. 1795/003-00; Kontu eta bisiten liburua, 1803-1839, sign. 1802/001-00.
ALZOLA CAVIEDES, 1995, 176. or.
ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
5. ACOB-KBGA, Zeberioko Olabarrietako Santu Tomas parrokia, sign. D1-0236/021. “Barriztatzen lanen hasiera Zeberioko Saldarianeko San Pedro eta San Blas ermitan (2011-11-09)”, Hemen: Bizkeliza.org, Kontsulta: 2023-11-17.
ALTZARIAK
Eskultura
San Blas [17] (77 x 26 x 14). Egur polikromatua. Zutik dagoan mitradun santuaren eskultura, bedeinkazinoa emoten eta kardu-hostoaren antzekoan amaitutako makila daualarik. Tolestura gogorraz beheraino doan tunikaz jantzita dago eta aurretik tolez koskatsuak sortuz gurutzatzen dan kapaz. Aurpegiera txunditu samarra dau eta berau inguratuz ondo zehaztutako adats labur kizkurra. Barriro pintatuta dagoan arren, ezin dau ezkutatu gotiko berantiarreko, hain zuzen be XVI. gizaldiaren hasierako pieza dana.
Maria Magdalena [18] (68 x 24 x 14). Egur polikromatua. Zutik dago eta, ohikoa danez, lurrin-ontzia dauka eskuetan. Jantzi zabalak ditu, ondo modelatutakoak tolesturetan, batzuk lehorrak (besoak) eta beste batzuk bigunagoak (hankak). Aurpegi obal fina serioa da, eta zulatutako uhinez osotutako adatsa ondo landuta dago. Ontzia, bere aldetik, zilindro-formakoa da, estalkia dauka eta gainazalean bihurritako gailoiak imitatzen dira. Osagai honek eta, artelan guztiak, XVI. gizaldiaren hasierara garoez, gotiko berantiarrera.
San Pedro [19] (110 x 45 x 30). Egur polikromatua. Santua zutik dago, mitragaz eta giltza, makila eta besapean liburua dituala. Lantze sintetikoa dau, batez be aurpegian, eta jantziak mardulak dira, mobimentua bilatzen badabe be. Barrokoa, XVII. gizaldiaren azken herenekoa.
JMGC – RCL – MRV – AAS