JASOKUNDEAREN ERMITA
Nerbioi Garaia
Zeberio | Uriondo auzoa
Laburpena (PDF)
Uriondo auzoa z.g. (48499)
p.santotomas.zeberio@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Oinplano angeluzuzeneko eraikin xumea [2], nabe bakarrekoa, estalgiaren mailan zertxa biren bidez bakarrik zatitzen dana hiru espaziotan, musturretakoak presbiterioagaz eta koruagaz gitxi gorabehera bat datozenak hurrenez hurren [3] [4]. Plano horri sakristia bat atxikiten jako burualdean, eta, iparraldean, baserri bat, antxinako abadetxea.
Lurraren malda nabarmenera egokituta, eraikinak oinarri sendoa dauka falkan, apur bat zokalatua gainera, hegoaldean. Harlangatx laukitu samarrez armauta dago [5], kantoietan batez be, eta baoen inguruan harlanduzko lan zarpail samarrak erabilita –sarbidean eta oinaldeko leihoan izan ezik, horreek hobeto apurauta dagoz eta–. Fabrika hau agerian dago ia kanpoalde osoan, eta zarpiatuta barrualdean; gainera, iparraldeko hormak eta buruhormaren zati batek egurrezko zokalo garai bat daukie, barria.
Barruko hormetan hiru horma-hobi dagoz, alboetan eta burualdearen ardatzean. Karpanelean dagoz, beheko erlatxagaz eta giltzarrian zapatea daukala. Erdikoan, usoagaz apainduta [6]. Hor dagoz tenpluko hiru irudi bakarrak.
Zoladurea, presbiterioan jasoa, baldosa modernoz eginda dago.
Estalgia goihabe-sistema sinple bat da, absidearen gainean isurki triangeluarra daukana. Zertxa biren bidez indartzen da, eta horreen tiranteak mentsula sinple batzuetan oinarritzen dira.
Teilatua hiru isurkikoa da.
Barrurako sarbidea [7] ateburu monolitikoko bao bat da, tenpluaren oinaldean edegia, eta eleizpearen azpian zentrauta; haren tunela dinteldua da, ohiko eskartzanoaren ordez. Ondoan, urbedeinkatu-ontzia [8], galloiduna, Golgota soil baten gainean kurutze bategaz errematauta.
Argiztapena hormetan urratutako hiru leihotatik dator [9], bi hegoaldeko fatxadan eta bat oinaldean. Hirurak dintelduak eta tamaina txikerrekoak dira.
Tenpluaren oinaldean korua dago. Karrera luze baten gainean eta hagak torneauta, tenpluko elementurik nabarmenena dago: karrerea indartzen dauen eta klaustroko eskilareari hasierea emoten deutsan zutabea [10]. Fazetauta dago, entasauta, kapitelean errepiketan diran zezen eta eskozien harroin poligonalagaz [11], non dentikulu-lerro bat eta boluta joniko batzuk be badagozan, eta, fustearen altuera erdian, urbedeinkatu-ontziaren hegalkin bat gailentzen da. Lan herrikoia, baina irudimenez eredu kultuak imitetan dituana.
Sakristia altarearen atzealdean erantsitako gune xume bat da. Ate dinteldutik sartzen da [3], eta mueta bereko leiho batetik argiztatzen da. Soto bat dauka –lurraren desnibela aprobetxauz–, eta ganbara bat, interes berezi bako gelak -pare bat leihoren burdin sareen udare-formako korapiloengaitik izan ezik [12]-, guztia isurki bakarreko teilatu bategaz estalduta
Kanpai-hormea [13] tenpluaren oinaldean altzauta dago. Oso sinplea, horma-harrizko harlauzakaz, hutsune erdizirkular bat dauka kanpaia hartzeko, ataritik eskuz eragiten dan dunba txiki bat. Landutako burdinazko kurutze-haize-orratz bategaz errematetan da.
Sarbideko fatxadan eleizpea dauka [14], isurki bakarreko teilatua daukana, tenplua baino bajuagoa, egurrezko hiru oin zuzenen gainean, eta horreek harrizko hormearen gainean. Lurraren irregulartasuna dala-ta, harmailaditik sartzen da bertara.
Ikusi leitekenez, landa-tenplu xumea da, kalidade apalekoa, eta koruari eusten deutsan zutabea da aipagarriena.
XVII. mendetik aurrera Jasokundearen ermita bat dokumentetan da, baina barri horreek Uriondo auzoaren inguruan egoan eta dagoaneko desagertu dan beste tenplu bati buruzkoak dira.
1789an, Luis Joaquín Arana indianoak, hurbileko Olarra baserrikoa eta Buenos Airesen aberastu zana, Jasokundeko ermita barria eregiteko lizentzia eskatu eban, baita abadetxe bat be, domekero mezea emongo eban eleizgizon bat –auzokoa– bertan egongo zala ziurtatzeko. 1791n bedeinkazinoa eskatu zan1ACDCLC, Ceberio, sign. 22-789-112; sign. 6-562-96. BFAH-AHFB, Administración de Bizkaia, Gobierno y asuntos eclesiásticos, sign. AJ01340/017; sign. AJ01328/052. PÉREZ URRAZA, 2009, pp. 50-51. ALZOLA CAVIEDES, 1995, p. 177.. Harrezkero, Jasokundearen jaia ospatzeaz gainera, San Joakinena be ospatzen zan, tenpluaren fundatzaile-jagolearen omenez. Aranaren ekimenak oihartzuna euki eban auzoko bizilagunen artean; izan be, 1828a ezkero, auzoko ermitea parrokia erantsia izan eitean burrukatu zan.
XX. mendearen amaieran zaharbarritu eben arte, ez dago tenpluan egindako obra garrantzitsuen barririk.
1. ACDCLC, Ceberio, sign. 22-789-112; sign. 6-562-96.
BFAH-AHFB, Administración de Bizkaia, Gobierno y asuntos eclesiásticos, sign. AJ01340/017; sign. AJ01328/052.
PÉREZ URRAZA, 2009, pp. 50-51.
PÉREZ URRAZA, Kepa. “Zeberio haraneko ermiten zehar ibilaldi historiko-didaktikoa”. In Euskalingua. Bilbao: Mendebalde Kultura Alkartea, 2009, nº 14, pp. 43-62.
ALZOLA CAVIEDES, 1995, p. 177.
ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
ALTZARIAK
Eskulturea
Kristo berbiztua [15] (136 x 96 x 42). Egur polikromaua. Kristoren irudia, hodei-moltso baten gainean zutunik, jarrera dinamikoan eta bihurdura apur bategaz. Irudi zaintsua da, nahi-ta kanon motz samarra euki, eta ondo zehaztuta dauka muskulaturea. Oihalak be, perizoma eta mantua, tolestura ugari eta bigunekoak dira. XVIII. mendearen azken herenekoa. Hurrengo biak lez, oso birpintauta dago.
Sortzez Garbia [16] (104 x 45 x 21). Egur polikromaua. Mariaren irudia, ilargi erdiaren gainean eregia eta hodeizko oinarriagaz, nondik kerubin-buru bat agertzen dan. Tunikeagaz eta tolestura zabal eta harrotuak daukazan mantuagaz estaldua. Ikusleari begiratzen deutso, kopeta argiko arpegi obalauagaz, baina begitarte eutsia dauka. XVIII. mendearen azken herenekoa.
San Joakin? [17] (107 x 46 x 19). Egur polikromaua. Zutunik dagoan gizonezko irudia, identifiketako moduko ezaugarririk barik. Tradizinoak San Joakinegaz lotzen dau, ermitearen sustatzaile Luis Joakin Aranaren omenez. Mobimentuan agertzen da, aurrerantz ibiliz, bizarduna eta harridura-keinu halako bategaz. Oihalak zabalak dira, eta ondo aztertutako tolesturak daukiez. XVIII. mendearen azken herenekoa.
Kristo kurutziltzatua [18] (40 x 25 x 9). Egur polikromaua. Kurutzean hilda dagoan Kristoren irudi hebaindua. Oso mehetutako irudia dauka, burua jausita, eta soka hegalari samar batez lotutako perizomeagaz estaldua. XVIII. mendearen azken herenekoa. Kurutzea seguruenik jatorrizkoa izango da.
Metalezko gauzak
Kanpaia [19]. Brontzea. Eskilonatua.
Sakristiako sotoko leihoen burdin sareak [12]. Landutako burdina. Profil baxuko ardatz-formako korapilo biribilduagaz. 1791 ingurukoa.
Kurutze-haize-orratza [13]. Landutako burdina. Erabat hondatuta, zitori hori-forma eta “ese” erako errefortzuak dituan besodun kustodia modukoa da.
Beste elementu batzuk
Sagrarioa [20] (77 x 41,5 x 14). Egur polikromaua. Silueta lerronahasia dauka, eta berdez eta urrez polikromauta dago. Bere atean, Pazko Bildotsa Berbizkundearen zutoihalagaz agertzen da, Zazpi Siluen liburuaren gainean eta kaliza baten ondoan. Haren gainean, Probidentziaren Begiagaz argitzen da atzealdea. Ateaz kanpotik, aihenak eta galburuak. Barrualdea urre-kolorekoa da, eta, atearen atzealdetik, eguzki saindua dauka grabauta. XVIII. mendearen amaierakoa.
Altara-mahaia [21] (113 x 285 x 98). Egur polikromaua. Silueta ahur-ganbileko altzari bihurgunetsua, polikromaua eta urre-koloreko girlandaz apaindua. Tondoak bizantziar inspirazinoko Kalbarioa hartzen dau, piezearen gainerako zatiakaz zerikusirik ez daukana, grezierazko inskripzinoak lez; dana ez oso antxinako esku-hartze baten emoitza izango da. 1793ko bisita pastoralean esan zan ermiteak hiru altara eukazala; mahai honi ez jako txarto egokitzen kronologia hori, 1789-1791 urteen inguruan ermita barria eregi zan garaikoa izango da-ta2Visita de 1793. Libro de cuentas y visitas de Fábrica de la parroquia de Santo Tomás de Olabarrieta de Zeberio. 1751-1802. Signatura: 1795/003-00..
Interes etnografikoko elementuak
Bankua [22]. Egurra. Altzari herrikoia, profil zuzenekoa, barroteria balaustrala eta modu diskretuan bolutautako besoak. XVIII. edo XIX. mendearen amaierakoa.
AAS – MRV – JMGC – RCL
2. 1793ko bisita. Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas parrokiako Lantegiko kontuen eta bisiten liburua. 1751-1802. Signatura: 1795/003-00.