SAN ANTONIO ABADEA ERMITA
Nerbioi Garaia
Zeberio | Barañao auzoa
Laburpena (PDF)
Barañao auzoa z.g. (48499)
p.santotomas.zeberio@bizkeliza.org
ERIKINA [1]
Landa-eremu baten kokatutako ermita honek oinplano angeluzuzena dauka [2], atal bitan banatutako habearte txikia [3] [4], eta ohikoa dan eleizpea dauka aurrealdean.
Horma [5] bistako horma-harriz moldatuta dago, harlandu irregularrez taiututako eskantzuetan eta baoen markoetan izan ezik. Puntu batzuetan, gitxienez eregite-aldi bi bereizten dira.
Idulki bi nabarmentzen jakoz hormatik barrura, buruhorman. Harlauza soila da bata, zerbitzu-mahai erakoa; bestea, ostera, mentsula bat da, gainean irudi titularra (parrokian itxi ohi dana) ezartekoa.
Alboetako eta oinaldeko hormek jesarleku luze bana daukie.
Zoladurea, burualdean apur bat goratuta, zementuzko zolarrizkoa da, bai barrualdean bai eleizpean.
Ermiteak daukan elementu interesgarrienetako bat da estalgia. Egurrezkoa da, egitura osoa agerian dauka, eta orain gitxi barritu daben arren, jatorrizko armadurearen zati handi batek iraun dau.
Goihabe-formako gorputza dauka, muturretan isurki bana daukana; oinaldekoa luzeagoa dauka, eleizpearen gainean zabaltzen dalako. Zubi batzuen bitartez angeluetan lotutako perimetro-kontragoihabeak ditu euskarri, zertxa bik sendoago eutsita, bata habeartearen erdian –haren atal biak markauz–, eta bestea oinaldeko hormeari atxikita. Kutxen eta mihinen bitartez mihiztatutako egurrek osotutako teilape betea, egurrezko ziriakaz finkauta.
Zertxa horreetan kontserbau dira, hain zuzen, tenpluari arkitektura landuaren kutsua emoteko asmoagaz erantsitako elementu apaingarriak; gainerakoan, herrikoitzat hartu daitekean eraikuntza da. Zapatek eta jabaloiek hainbat eratako moldurak daukiez, uve, hutsune, ganbilgune, landara-biribilki edo hosto erakoak [6], eta, erdiko euskarrian, zenbait lirdinga-frisok personaia batzuk [7] [8] inguratzen dabez, erretauletan zutabeei mentsuletatik eutsi ohi deutsien tenante indartsuen antzera, jatorrizko polikromiaren baltza eta gorria zelanbait kontserbauta. Badirudi landara-formek eta tenanteen uleek XVII. mendera garoazela.
Teilatua lau isurkikoa da, eleizpe alderantz zabalera handikoa.
Barrura sartzeko [9], tenpluaren oinaldean zabaltzen dan bost dobelako zirkuluerdiko arkua erabilten da, eleizpearen azpian zentrauta. Eskoiko salmereak hankadun kurutze soil bat dauka grabauta. Kanoia zuzena da, egurrezko ateburua daukana; ez da jatorrizkoa izango. Alboan, kareharrizko urbedeinkatu-ontzia [10], soka-formako apaingarri geometrikoakaz.
Argia sartzeko, bata bestearen aurrean dagozan ateburu erako bao bi dagoz [11] iparraldeko eta hegoaldeko fatxadetan.
Horrez gain, burualdean beste bao bat dago, ateburu erakoa barrualdean [12]. Kanpoaldetik, harlanduz itxia da [13], eta zirkulu baten koadranteak daukaz zizelkatuta, zirkuluaren erdian beso lauak daukazan kurutze bategaz. Erromaniko aurreko leihoa, XI. mendekoa, hurbileko ermitetan dagozanen antzeko ezaugarriak dituana, Zeberion bertan Argiñaokoan eta Dimako Lamindaokoan, honako hau egikera apalagokoa bada be1GARCÍA CAMINO, GONZÁLEZ CEMBELLÍN eta SANTANA EZQUERRA, 1987, 10, 12, 32 or. BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. lib., 321-322, 489 or. GARCÍA CAMINO, 2002, 482-483 or. LÓPEZ DE ARROYABE FORONDA, 2011, 105-106 or..
Oinaldeko frontoia da beste argi-iturri bat, zabalik dago-ta.
Tenpluak kanpoko kanpai-hormarik ez badauka be, eleizpean estalpe batek beteten dau kanpantorrearen [14] funtzinoa, estalgiaren egituran txertatuta. Hor, tailu ahur-ganbilak eta landara-biribilkiak topau doguz barriro, bai eta glifo batzuk be.
Eleizpea [15] dauka ermiteak oinaldearen babesle. Eraikineko teilatuaren luzapena da haren estalgia, eta kanpoaldera begira dago, egurrezko zutunikako hiru oinen gainean, barrualderantz jabaloiak jesarleku luzedun hormatxuaren gainean finkauta –bitxia da zutunikako oinek jesarlekua eukitea euskarri, ohi lez hormearen goiko xafla-lana izan ordez–. Eta tailu gehiago dagoz jabaloietan [16], hemengoetan “enada” taiuko muntaiakaz, XVII. mendeari jagokozan forma bihurriakaz –esaterako, Olabarrietako Santo Tomaseko eleizpean ikusi daikeguzan antzeko lanak–.
Barañaoko hau ermita nahiko ezaguna da egikeraz, baina eredu jasoetara heltzeko asmoz osotutako pieza batzuk sartu izanak –erromaniko aurreko leihoa, tailu barrokoak– landa-aldeko komunidadeek euren tenpluak egiteko/berregiteko izan daben grinea erakusten deusku (orokorrean, dotazino kolektibo bakarra), garaiko modearen ereduei jarraituz, ospe handiagoko eraikinetara hurbilduz, esate baterako, parrokia-tenpluetara –egurrezko egituraren mihiztatze molduratuek oso antz handia daukie Olabarrietako Santo Tomas tenpluko eleizpekoakaz.
Baina, egia esan, ezer gitxi dakigu historia materialaz. Burualdeko leihoak XI. mendera garoaz. Sarrera, ostera, XVI. mendekoa izango da. Horren ondoren, orain badakigu 1625ean Juan de Iturriondo harginak garrantzi jakin bat eukan obra baten truke kobrau ebala, eta, eleizpeko tailuak eta mihiztadurak aintzat hartuta, baleiteke egurrezko egitura osoaren eraikuntza be garai haretakoa izatea, ermiteak funtsean gaur egungo itxurea hartu eban garaikoa2AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Zeberioganako Andra Mariaren ermitako kontu-liburua, 1610-1692, sign. 1794/005-00; Olabarrietako Santo Tomas parrokiako kontu-liburua – Zeberio, 1803 – 1839, sign. 1802/001-00.. Gero, 1833an be obra garrantzitsu bat egin eben, “San Antonio ermitearen teilatua zurkaiztu eta sostengau” behar izan zan-eta, “zutabeak erabarritzeko”.
1991n zaharbarritu eben.
1. GARCÍA CAMINO, GONZÁLEZ CEMBELLÍN eta SANTANA EZQUERRA, 1987, 10, 12, 32 or.
GARCÍA CAMINO, Iñaki, GONZÁLEZ CEMBELLÍN, Juan Manuel, eta SANTANA EZQUERRA, Alberto. “La arquitectura prerrománica vizcaína”. Hemen: Kobie (Serie Bellas Artes). Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1987, 4. zk., 7-37 or. Eskuragarri hemen: https://www.bizkaia.eus/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/4/Kobie_4_Bellas_artes__LA%20ARQUITECTURA%20PRERROMANICA%20VIZCAINA_%20%20por%20l%C3%B1aki.pdf
BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. libk., 321-322, 489 or.
BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.). Bizkaia. Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea – Deiker / Bizkaiko Foru Aldundia – Hirigintza eta Ingurumena, 1989-1991, 3 libk.
GARCÍA CAMINO, 2002, 482-483 or.
GARCÍA CAMINO, Iñaki. Arqueología y poblamiento en Bizkaia, siglos VI-XII. La configuración de la sociedad feudal. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 2002.
LÓPEZ DE ARROYABE FORONDA, 2011, 105-106 or.
LÓPEZ DE ARROYABE FORONDA, Margarita (coord.). Erdi Arko Artea / Arte medieval. Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutua / Instituto para la Sostenibilidad de Bizkaia, 2011. Eskuragarri hemen https://www.academia.edu/3400041/Arte_Medieval_Bizkaia_Erdi_Aroko_Artea .
2. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Zeberioganako Andra Mariaren ermitako kontu-liburua, 1610-1692, sign. 1794/005-00; Olabarrietako Santo Tomas parrokiako kontu-liburua – Zeberio, 1803 – 1839, sign. 1802/001-00.
ALTZARIAK
Orain badakigu 1919an Primitivo Ortizi ordaindu eutsela, “Antonio, Jose eta San Sebastian santuak margotzeagaitik”, eta Ama Birjina bat be izan zan (besterik zehaztu barik3AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Hainbat paper, sign. 1808/001-00. ARREGI AZPEITIA, 1987, liburuki 2., 443. or.. Gaur egun titularra baino ez da kontserbau.
Eskulturea
San Antonio Abadearen irudia (San Anton) [17]. Egur polikromaua. Santuaren tailu herrikoia, aldean daukaz jagokozan elementuak: txarritxua, tau erako bastoia eta txilina. Oinutsik ageri da, monjearen abitua jantzita, liburua eskuan. Bizitasunik bako keinuagaz, bizar luzea dauka, sigi-sagan ageri diran xerloakaz osotua; adatsa, ostera, bigunagoa eta itzul-inguru gehiagokoa da. Kanon zapaldukoa da, eta oihalek, zurrunak izan arren, badaukie zelanbaiteko kulunka bat. Barrokoa, XVII. mendearen amaierakoa?
AAS – RV – JMGC – RCL
3. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Hainbat paper, sign. 1808/001-00.
ARREGI AZPEITIA, 1987, liburuki 2., 443. or.
ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia / Labayru Ikastegia, 1987, 3 libk.