SAN SEGISMUNDO ERMITA

Nerbioi Garaia

\

Zeberio

Upo mendia, Uriondo auzoa

Uriondo auzoa (48499)

p.santotomas.zeberio@bizkeliza.org

Ermita txiki hau sasoi garaikidean berreregi da, eta bai Zaratamoko bai Zeberioko udalerriena da, baina eklesiastikoki Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas parrokiak administretan dau.

ERAIKINA [1]

Ermitak oinplano zuzena dauka, ohikoa dan legez: habearte txiki bat, bost arkugaz banatuta [2] [3], eta eleizpea oinaldean.

Hormetan [4], harlangatxak estaldu barik dagoz kanpotik eta zarpiatuta barrutik. Goiburuan arku zorrotzeko horma-hobi bat dago, horman bertan eginda, eta titularraren irudia dago [2].

Zoruan zementuzko geruza bat dauka.

Estalgia hormigoizkoa da, eta, esan dan moduan, alde bietatik eusten jako, bost diafragma-arkuren bidez.

Teilatua isuri bikoa da.

Oinaldean [5] dauka sarbidea, arkua apaldua da, eta leiho zuzen bi daukaz.

Eleizpera [6] luzatzen da hormigoizko estalgia, arku diafragmatiko biren gainean. Iparraldean itxita dago, eta hego-sortaldeko ertzean ostiko sendo bat dauka. Ermitako apaingarri bakarrak bertan dagoz: sarbidearen gainean kurutze bat dago tailauta, eta aurrez aurre San Migel Aralarkoaren irudi urdin bat dago eginda [7]; seguru asko, Gerra Zibilean Bilbo jausi aurreko egunetan Nafarroako I. Brigadak gailur hori hartu izanaren oroitzapena da.

 

Ermita hau gaur egun San Segismundoren omenezkoa dan arren, garai baten San Sabasen (bakarra Bizkaian) eta San Migelen omenezkoa zan1ITURRIZA y ZABALA, 1967, 384. or. BAHP-AHPB, Bizkaiko Administrazinoa, Udal erregimena eta urigintza, sign. AR00085/021.. Jagole barriak gaixoak osatzeko gaitasuna daukala esaten da, eta, batez be, toteltasuna osatzen ei dau. Upo mendiko ermita honen kontakizun bat jasota dauka Etxebarria Ayestak –protagonistak berak esandakoa–: mutiko bati errietan gogor egin eutsan aitak, eta totel gelditu zan, baina San Segismundoren ermitara ekarri eben, bedeinkatu eben eta osatu egin zan2ETXEBARRIA AYESTA, 2016, 440., 734. ork..

Ezer gitxi dakigu ermitearen antxinako biografiaz. Lehenengo datua 1741ekoa da, eta badakigu 1793-1796an obra handiak egin ebezela José de Ipiña eta Juan de Eguía harginek3ALZOLA CAVIEDES, 1995, 180. or. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00..

Ondoren, aldi luze bati buruzko ezer ez dakigu, 1942an4BAHP-AHPB, Udalekoa, Zaratamoko Udal Artxiboa, signk. 0053/016, 0059/010. “konpondu” eben arte (halan dinoe agiriek), eta ez dakigu konponketa hori Gerra Zibilean izandako kalteakaitik izan zan (inguruan hondino be ikusi leiteke metrailadoreen zulo bat, Bilbo defendidu eban Burdinazko Garrikoarena, eta Upo mendian burrukak egon ziran). Indalecio Ojangurenek gerra aurretik egindako argazkiaren arabera [8], estalgia barritu eutsen, ordura arteko astazaldi eta goihabezko egitura tradizionalaren ordez gaur egungoa ipiniz: diafragma-arkuen gainean botatako hormigoia. Garai haretarako urtenbide abangoardista izan zan Bizkaian, arkitekto batzuk erabilten eben arren –eleizbarrutiko orduko arkitekto Ricardo Bastidak (San Jose edo Artzain Ona Lutxanan, Barakaldo; Santa Luzia, Sanfuentes, Abanto), Ignacio María Smithek (San Luis Beltran, Bilbo), Germán Aguirrek (San Paulo, Deustu, Bilbo)…5PÉREZ DE LA PEÑA OLEAGA, 2004, 170-219. ork.–, baina harrigarria da hain egitura xume eta txikerra dan ermita baten erabiltea.

1. ITURRIZA y ZABALA, 1967, 384. or.

ITURRIZA y ZABALA, Juan Ramón de. Historia general de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones. Ángel Rodríguez Herrero ed. Bilbao: Librería Arturo, 1967 (1794ko eskuizkribua), liburuki 2.

BAHP-AHPB, Bizkaiko Administrazinoa, Udal erregimena eta urigintza, sign. AR00085/021.

2. ETXEBARRIA AYESTA, 2016, 440., 734. ork.

ETXEBARRIA AYESTA, Juan Manuel. Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak II. Bilbao: Universidad de Deusto / Deustuko Unibertsitatea – Euskaltzaindia, 2016. Eskuragarri hemen: https://www.euskaltzaindia.eus/dok/ikerbilduma/80462.pdf

3. ALZOLA CAVIEDES, 1995, 180. or.

ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.

4. BAHP-AHPB, Udalekoa, Zaratamoko Udal Artxiboa, signk. 0053/016, 0059/010.

5. PÉREZ DE LA PEÑA OLEAGA, 2004, 170-219. ork.

PÉREZ DE LA PEÑA OLEAGA, Gorka. Bizkaiko eliz arkitektura garaikidea. 1865-1975. Erromantizismotik Mugimendu Modernora / Arquitectura religiosa contemporánea en Bizkaia. 1865-1975. Del Romanticismo al Movimiento Moderno. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia / Museo Diocesano de Arte Sacro, 2004.

ALTZARIAK

Ermiteak ez dauka intereseko altzaririk. Irudi titularrak, San Segismundorenak [9], antxinako kutsua dauka, eta 1900 ingurukoa da.

JMGC – RCL – MRV – AAS