OLABARRIETAKO SANTO TOMAS APOSTOLUAREN ELEIZA

Nerbioi Garaia

\

Zeberio | Elizondo auzoa

i

Laburpena (PDF)

Elizondo z/g (48499)

p.santotomas.zeberio@bizkeliza.org

Harrigarria da Zeberioko eleiza hau bere tamainuagaitik eta bere kokapen ikusgarriagaitik gain baten; guzti horrek larregitxo emoten dau ustez landa-eremuko eleizate apal zanarentzat. Halanda be, bada nabarmentasun hori azaldu leiken inguruabar bat tenplu honi lotuta: Ugao-Miraballes ondoko herribilduak bere patronatua jaso eban Bizkaiko Jaunarengandik, eta eskubidea, Zeberioko herritarrak herri barrian auzotu eitezan, bilau edo uritar izatea jadetsiz. Ondorioz, parrokia banatuta egoan: uribilduaren patronatu zan, eta bere eleiztarrak neurri baten “ugazaba” ziran, uribilduko biztanle (heren bi gitxi gora-behera) eta beste neurri baten “abarkadun”, Lautadako biztanle (gainerako herena). Egoera horrek makina bat tirabira eta liskar eragin eban, baina, kontuak kontu, Santo Tomas eleiza batzuentzat zein besteentzat ikur eta erreferentzia izan zala emoten dau, ondo hornitzen ahalegindu ziran-eta, monumentu izan eiten.

ERAIKINA [1]

Oinplanoa [2], nabe bakarra da, atal bitan banatuta, eta burualde zuzena dau, nabea baino maila altuagoan eta gangaz estalita. Atalak desbardinak dira, bigarrena baino luzeagoa lehenengoa, eta are eta handiagoa da altara-ingurua -horren erakusle, alboetan kaperak dagozala.

Oinarrizko eraikin honi osagaiak gehitu izan gakoz. Absidean, kapera bi, esan barri danez. Beste bi lehenengo atalean. Biltegi moduan erabilten diran gela txiki bi: bat, ebanjelioaren ondoan, burualdean, oinplano irregularrekoa; bestea, epistolan, kapera bien artean. Tenpluaren nabetik kanpo dagoz eskailera biribila, inguruko eleizpea, sakristia barria honen gainetik jasota, torrea oinaldean, hazurtegia izan leitekena ipar-mendebaldean eta, barriena, gela txiki bat berogailuaren makineria sartzeko.

Torre monumentala kenduta, eleizaren multzoari protagonismorik kentzen ez deutsan erakin-pila.

Barrualdean [3] [4], batasuna da nagusi. Eta baita kanpoaldean be [5], eranskinak -torrea eta sakristia kenduta-, eleizpearen teilatu zabalaren azpian bateratu egiten dira-eta.

Hormarriz atontzen da, orokorrean luzexka, multzoko zenbait ataletan -torrea eta sakristia, non harlandua protagonista dan, ertz-babesetan eta hutsarteen markotzeetan lez- izan ezik. Hargin-lanezko horma hau bistan dago barrualdean eta ugaritasunez zarpiatuta kanpoaldera, materiala guztiz estalita ez badago be.

Ipar-horman, burualdea lehenengo atala soldatzen diran lekuan, ebakia dago hormaren egituran [6] -lanak eten izanaren ondorio izan daiteke-, erregular samarra bertikalki jatorrian (berogailuaren burdin sareak ipini aurretik).

Hormei dagokienez, tenpluaren inguru osoa metro bi inguru jaso dala ikusten da, beharbada, gangaz estaltzeko. Berranditze honetan, ipar eta hego partean, horma-bularren bertikalean, ganga-gainerako aireztatze-hutsarteak dagoz.

Jasotako inguru honetan, torrearen alboetan, gainezkabide bi be agertzen dira [7], eta eurok lehoi-buruak emoten daben irudi bakunak dabez zizelkatuta. Ez dago argi zertarako dagozan kokapen horretan; beharbada beste nonbaitetik eroango ebezan torrea eraikitzean.

Zoladura egurrezkoa da, oraintsukoa, altara-aldekoa izan ezik, horkoa hareharrizko harlauzazkoa da-eta. Inguru hau nabea baino gorago dago, eta gorago egon zan XX. gizaldiko hirurogeiko hamarkadan apur bat jatsi eben arte.

Eleiza, kurutzeria-gangez estaltzen da [8]. Ataletan [9] [10], nerbioakaz, bederatzi giltzarrikaz, baina burualdean [11], ganga, izar-itxurakoa da, sei punta irregularrekoa hamahiru giltzarrikaz. Buru-hormaren ertzetan [12] izarraren puntak ortzi aldeko bihurtzen dira eta eremua hiru nerbio erradialeko gurutzeria-ganga txikiez eta beste giltzarri batez beteten da. Gainera, bizkar-nerbioa dago giltzarri banagaz parpain-arkuakazko kurutzaketen gainean. Honeek eta gangen oinarri diran arkuak erdi-puntukoak dira arinki.

Asko dira giltzarriak eta landuta dagoz, azken atalean izan ezik, hemengoak leunak dira-eta. Altara-aldeko kantoi ebakietan Santa Katalina [13] irudikatzen da eta gizon bat juboiz jantzita [14]. Burualde honen eremu nagusian, erdian, Santo Tomas [15] –tenpluko titularra– dago, bere eskuairaz, eta bere inguruan koroak,  apostoluak eta santuak txandakatzen dira; santuak, honeek izan daitekez (buru-hormatik hurbilen dagoanetik hasita): San Bartolome [16] aizto handiagaz, San Joan Ebanjelaria [17] kalizagaz, San Paulo [18] ezpata handiagaz, San Andres [19] X itxurako kurutzeagaz, Santiago Nagusia [20] erromesaren kapela eta makilagaz eta beharbada San Simon [21] zerragaz. Parpain-arkuan, San Pedro [22].

Lehenengo atalean, giltzarri nagusia San Migelentzat da [23] eta arimak pisatzen eta mamu deabrua lantzaz zauritzen agertzen da. Gainerakoek, txandaka, korapilatutako zerrendak eta filakteriei eusten deutsien aingerutxoak [24] dabez, mendebaldera dagoanak izan ezik, honena emakume otoizlariaren (Magdalena?) irudia da-eta [25]. Bigarren harlanduko giltzarria hegoak zabalduta dituan arranoarentzat da [26]. Bigarren ataleko giltzarriak, gorago aitatu danez, leunak dira.

Irudiz hornitutako ganga honen euskarria, alboetan, atal bakotxeko lau kantoietan eta burualdeko kantoi ebakien oinarriei forma emoten deutsen puntuetan eskegitako mentsulak dira.

Guztira, euren artean alde txikiak dabezan hamabi elementu dira. Hodi erakoak dira, kantoietan erdira murriztutako esfera laurdenak, behean sekula ezarri ez zan zutabe txiki bat jarteko moduko lotuneagaz. Burualdeko ertz-babesak leunak dira [27], baina gehienek gotiko berantiarrean sustraitutako landare-apainketa dabe -karduak, mahatsondoak…- eta gainean uztaia nerbioak kargatzeko [28] [29] [30] [31]. Burualdekoek bakarrik dabe istorioren bat: iparraldean, bere samaren atzetik doan filakteriari (?) eusten deutsan pertsonaia [32], hegoaldean, gizon basatia -gorputza ulez beteta dau- kukubilko idulkiari eusten [33]. Mentsulotan zein giltzarrietan, lantzea zakar samarra da; hobeto landuta dagoz landare begetal eta geometrikoak.

Tenpluak, horma-bular sendoak ditu [34] barruko mentsueli egokituta. Burualdekoak, lapranak dira, oinaldeko ertzetakoak lez -euretako bat antxinako torrerako sarbideko eskailera biribilean sakonduta-. Besteak, perpendikularrak dira. Alde txiki batzuk kenduta, antolamendu bera dabe: idulki txiki bat dabe abiapuntu eta horman gora egiten dabe “deja” txiki batzuen bidez, juxtu berranditzearen azpiraino. Burualdeko laurak dira salbuespena, mailaketa handia dabe-eta beherago. Beraz, itxura baten, eraikuntzak etena izan eban -beharbada gorago aitatu dogun barruko ebakiagaz bat datorrena- eta lanei barriro ekitean, horma-bular sistema barriaren alde egin zan.

Teilatuak [35] lau isurialde ditu nabean eta teilape erara sakristian eta eleizpean (gainerako eranskinak barne hartzen ditu).

Barrualdeak bateratasun-kutsua dau eta nahiko argitsua da, tenplua iparraldean itsua bada-be, lurreko ohiturari jarraituz. Hiru leiho handi dagoz hegoaldera [36]: idi-begi bi, bata altara-aldean -txikiagoa eta baxuagoa- eta bestea lehenengo atalean, eta tamaina handiko erdi-puntuko hutsartea [37] bigarren atalean. Buru-horman beste idi-begi bat dago [38], trazeriagaz –aurrekoetan galduta–, bertan esku-hartu dabela dirudien arren. Guztietan, laprandura, ondoz ondoko moldura konkabo bitan molduratzen da, barrualdera zein kanpoaldera. Beste idi-begi bat [39] egon zan oinaldean, moldura soilagoagaz, baina itsutu egin eben torrea eraikitzean.

Hutsarte guztiok, eta koruko oinarriko biek, Erdi Aroaren amaierara garoez. Bat itsututa dago [40], iparraldeko horman, eta hutsarte okertua eta oinarriak baino ez dira geratzen. Bestea, oinaldeko horman, osorik dago [41] [42], oinarriakaz, harlanduzko karelagaz, leihoa bikoiztuta okerdura txikiagoa dauan arkuan eta alaken beheko aldean puntak daukazan ate-kurutze zatikatuagaz. Gainera, XVI. gizaldikoak izan daitekezan burdineria daben leiho-ateak daukaz.

Mendebaldeko pinoi honetan, beste leiho bi dagoz [43], burudunak, lau angelukoak, barrualdera zein kanpoaldera laprandura eta beheratutako tunela dabenak [44]. Torrearen alboetan dagoz eta berau eraiki zanean jarriko ebezan.

Eleizak sarbide bi ditu. Oinaldekoa [45], erdigunetik atarata dago eskumarantz eta torreak babestuta. Ikusten danaren arabera, arku zorrotza dau, erradio-dobela luzeakaz eta molduratutako oinarri txikietara jausten dan bozelaz bereizitako arku-uztaiagaz [46]. Kainoi okertua dau, ate-orpoak mantenduz. Torrearen oinaldean sartuta -honek dobela gehienak ezkutatu egiten ditu-, albo bakotxean kareharri baltzaz egindako urbedeinkatu-ontzi bana dago [47], profil lerronahasia dauan hodiagaz, oso molduratua, lore handidun maskorrarentzako eta frontoi zatientzako -horreen bitartetik argi-pirrintak dituan kurutzea agertzen da- amaieragaz. Atea gotiko berantiarrekoa da eta honeek pieza rokoko bikainak.

Hegoaldean dago beste sarbide bat [48]. Erdi-puntukoa da, dobelak motzagoak badira be, eta tunel-sistema bera dau [49].

Tenpluaren multzo nagusi honi osagaiak gehitu izan deutsiez. Beharbada, kaperak [50] izan ziran lehenengo erantsi ebezanak. Homogeneoak dira formari dagokionez, baina lehenengo atalekoak burualdekoak baino zabal eta sakonagoak. Ahokadurak, oso antzekoak dira, arku zorrotzekoak dira profilez moldura konkaboez. Kurutzeria-ganga soilez [51] estaltzen dira, inongo euskarri barik, horman sakonduz jausten diran nerbio diagonalakaz. Giltzarrietan, Santiago Nagusiaren [52] eta San Lorentzoren [53] irudiak agertzen dira altara-aldetik hurbilen dagozanetan, San Bartolome [54] eta eguzki bat [55] besteetan. Azkenean izan ezik, irudiak boladun poligingildun molduren barruan dagoz.

Kaperetako batek, epistola aldeko handienak, arku zorrotzdun leiho bikotxa [56] dauka, trazeria bikotx trilobulatuagaz eta goian lau lore-hostoko burbuila.

Koruak [4] azken atalaren erdia hartzen dau. Osorik harrizkoa da eta aurrealdea beheratutako arku oso zabal eta ausarta da, eta muturretan, hutsarteetan sartutako zutabeetan zurkaizten da; zutabeok erliebe finak dabez, zintzilikari, lore eta frutak dabezan oihalakaz [57]. Apaingarrien aberastasuna, bistakoa da arkubarnera okertuan; kate-itxurako bordatu [58] geometriko manieristak zeharkatzen dau, erronboakaz, kurutzeakaz eta errosetakaz, eta tarteka San Pedroren giltzak. Arkugaineran, kerubin, oihal eta loreak dagoz. Arku-arteek zerrenda diagonalak dabez, bozel eta esferaerdi-formako apaingarriakaz. Karelaren oinarria, kasetoidun frisoen eta bozel tortso sendoaren segida mailakatua da.

Korupea, konkordura bihurridun nerbioak dabezan gangez estaltzen da [59]. Giltzarriak, leunak dira, baina zuloak dabez itsatsietarako, zintzilikatutako lore handidun nerbioak uztai-mentsuletan [60] bermatzen dira; azkeneko bazterretan, horreen ordez maskordun oinarriak dagoz [61].

Karela, burdinazkoa da, lau barrote-segmentukoa, nagusiek ardatz-itxura emondako korapilo bikotxa dabe, kapiteletan akanto-hostoz aberastuta [62].

Eskota erdiaren forma daben molduradun ertzak dabezan bost dobelako erdi-puntuko atean zabaltzen dan eskailera biribilaren bidez heltzen da bertara [63].

Koru honetan, eraikuntzari zein apainketari dagokionez konplexua dan osagaia ikusi daiteke.

Aitatutako eskailera biribil hori [64] gain gangakaz lotuta legoke, eta baita aurreko torre bategaz be, honako hau, dakigunaren arabera, egurrezkoa izango zalarik. Oinaldeko horma-bularretako bati atxikita, kanpotik lau angeluko oinplanoa dauan prisma da eta bertan dagoan zilindro-formako gunetik [65] egiten dau gora eskailera kiribilak; harrizko mailak ditu eta zilindro bertikalera kakoz lotuta dagoz -gorago iristen ziran, korurako sarbidearen gainean ipurditik ataratako mailen arrastoek erakusten dabenez [66]. Gezileiho txiki batzuetatik sartzen da argia. Hormetan, zirkulu zentrokideak dagoz grabatuta [67], konpasaren bidez marraztuta eta dudazko egitekoagaz (noizbait eskailera errematatuko eukean kupularen trazak?). Korupetik sartzen da eskailera honetara, burudun igarolekutik [68].

Sakristia [69] da Olabarrietako Santo Tomas tenpluko gunerik berezienetakoa. Goialdean dagoan gela da, eleizpearen mailaren gainetik, bertatik igarotzeko aukera emonez.

Beheko aldea, osorik harlanduzkoa, tunela da [70], plakazko inposten gainera beheratutako hiru arku sendok bereizten dabe, aitatu dogunez, eleizpea libratuz; kanpoaldera zabaltzen zan orain itsututa dagozan beste arku biren bidez, gaur egun biltegi lez erabilten diran gela bi sortuz. Alde honetan, bost horma-bular dagoz eta eguren egitekoa alde honetatik be tenplua finkatzea izan eitekeala emoten dau.

Beheko solairu honen gainean eraikita dago sakristia bera, hormarriz atondutakoa, eta harlanduz inguruetako, izkinetako eta erlaitzeko apainduretan. Tenpluaren burualdetik heltzen da bertara, arku beheratuaz egindako tuneletik [71] nabarmendutako giltzarria dauan burudun atean amaitzen dan harmailaditik. Gela zabala da [72] [73], ohol zabalez osotutako zoruagaz eta habe sendodun sabaiagaz; gainean, ganbara dago, baina gaur egun ez da erabilten eta ez dau sarbiderik. Iparraldeko horman (eleizarena be bada), horma-hobi/armairu bikotxa eginda dago. Kanpoaldera, balkoi biren bidez zabaltzen da hegoaldera; burudunak dira, ingurua belarridun plakaz apainduta dabe eta batek aireztapen-leihatila dau gainean; kanpoan, balkoi honeen erlaitzak hanpatuak dira. Beste hutsarte bat dago mendebaldean, gaur egun hormatuta; plakazko molduragaz gelaren barrualdera eta okertua kanpoaldera, erantsitako gela baterako, orain dala hamarkada batzuk desagertutako bizilekurako urteera zan.

Hormak harlanduzko erlaitz hanpatuan amaitzen dira. Kanpoan, sacrarium (ur-txarroa) dalakoaren hustubidea ikusi daiteke eta harlandu leuna, nabarmena, beharbada beste garai baten eguzki-erlojua izango zana.

Isurialde bakarreko teilatuaren gainean, eremua sortzen dau estalpean, baina ez dago hara iristerik. Gapirioen erremateek zizelkatutako buruen zatia galdu egin dabe, teilabarritze-lanen bat egitean ebakita.

Eleizari erantsitako beste gela txiki bi dagoz. Hegoaldean, kaperen artean, lau angeluko biltegia; lehen ataletik heltzen da hona burudun igarolekutik, sabai aizunez estalita dago eta gezileihotik sartzen da argia.

Interesgarriagoa da iparraldera dagoan gela, agirietan “sakristia zahar” lez izendatzen dana. Angeluko horma-bularretako baten eta lehenengo kaperaren artean sartuta -beraz, oinplano trapezoidalduna-, burualdetik heltzen da bertara tunel okertu erako burudun sarbidetik [74]; kanpoko ingurunea angelu zuzenean beheratuta dau goiko erdialdean eta alakatuta behealdean, horma-hobi bat beherantz handitu izan balebe lez. Horrek azalduko leuke barruko irregulartasuna: hasieran ez eben gela hori egitea pentsatuko eta uneren baten bat-batean egindakoa izango da. Ate-orriak tolestutako oihaletarako plafoi-apainketa dauka eta albo banatan hosto-txirikorda. Motibo honeek XVI. gizaldiaren lehenengo hereneko mahai zapi-orrien bilakaera emoten dabe. Barruan, buztin egosiko lau angeluko lauzaz lauzatuta dago [75] eta nabean zeharka dagoan kanoi erdiko ganga labur-laburraz ixten da; argia, beste gezileiho batetik sartzen da.

Baina, biltegi txiki honetan, gauza bitxia gertatu zan: bertako horma zarpiatuetan, norbaitek tenpluko gangen diseinua proposatu ebala [76] [77] [78], bakarrik marrazki bat badator be bat egindakoagaz, hain zuzen be. Gune hau tailerra izan zala emoten dau eta, bertan, nabea estali eben harginek garatzeko aukerak aztertu ebezala.

Torrea [79] oinaldean dago, eleizpeari lotuta. Sarbidea estali ahal izateko, erdigunetik atara eta eskumarantz egiten dau, baina asimetria hori ez da larregi nabaritzen.

Kanpoaldera, hareharrizko harlanduz atonduta dago, eta hormarriz barrurantz [80]. Behean [81], erdi-puntuko arkuak ditu, arkugainera molduratuta eta inpostagaz, zortzi ataleko kurutzeria-gangaz estalita; kantoietako nerbioak erlaitz molduratuaren bidez lotzen diran glifodun hodi-mentsulatan [82] bermatzen dira.

Korutik, burudun atetik heltzen da multzo nagusira, hau da, teilatuaren mailara iristen dan fuste dotorera. Kantoiak nabarmenduta, horma-atalak ebakitako plaketan amaitzen dira. Leiho txaranbelduak dagoz mendebaldean eta hegoaldean

Erlaitz zuzenak bereizita agertzen da kanpai-multzoa [83]. Kiribilez, zirkuluz, erronboetarako kuboez…, apaindutako idulkitik abiatzen da. Goian kanpantorrea bera dago, landare ikusgarridun lorontzietarako alakakaz eta alde nagusietan erdi-puntuko hurtsarteak barandakaz, honeetatik ebakitako eta zulatutako plakak jariatzen diralarik. Hutsune honeek zutabe ildaskatuen artean dagoz, beste taulamendu baten gainean, loreontzitan luzatzen diralarik. Kupulaz estaltzen da eta honek, kanpoaldean, kiribildun euskarri bertikalak eta, goian, kurutze-haize-orratzarentzako kupula txiki erraboiltsua ditu.

Eleizpeak tenplu osoa inguratzen dau [84]; guztiz homogeneoa bada be, zati bat deseraiki egin eben eta bero berreskuratu, sakristia eta torrea eraiki ziranean.

Ohiko antolamendua dau: teilapea hormara zurkaiztuta hagaburuetan; torrean, mentsulen lekuan, harroin barroko itzelak dagoz [85]. Kanpoaldera, euskarriak zimendu zuzenak dira egurrezko besoakaz lauzatutako harrizko zertxaren gainean.

Zutabe honeetako gehienek [86] ertz alakatuak dabez eta besoak hagin eta alakaz, batzuetan oboideak, apaintzen dira. Dana dala, eskailera biribilaren ondoan dagoana nabarmentzen da [87], zizelkatutako kiribilakaz eta dagokion parea diamante-punten lerroaz, landutako lana egiteko senaz.

Inguruko hormako harlauzetako baten idazkuna dago: Jose de… A… A [88]. Beste harlauza baten kurutze zantzuak dagoz [89]. Guztia, data ezezagunekoa.

Goihabea, jatorri herrikoia daben marrazki geometrikoak osotzen dabezan errekarri xehez eta teila-zatiz egindako enkatxoa da [90] [91]: eguzki-gurpilak, Salomon-korapiloak, loreak, uhinak, labirintoak, elipseak, gurpilak, espiralak, e.a.. Burualdean, hegoaldeko partean, harriztatzailearen sinadura dago, Min (Martín) de Gorostiça 1628 [92].

Aitatu danez, iparraldean beste gela bi dagoz. Kapera bien artean, horma batek ixten dau berogailuaren tresneria. Atea da gauza interesgarri bakarra [93]; lantza-formako ate-orpo zuzenak ditu eta beste nonbaitetik ekarrita hemen aprobetxatu izan zan XIX. gizaldiko pieza dala emoten dau.

Mendebalderantz, kaperaren ondoren, gela bitxia dago [94], poligonala, inongo sarbiderik ez dauana; beheko zatia, banku trinko erara luzazen da kantoiko horma-bularreraino. Antxinako hazurtegia dala uste da.

 

Olabarrietako Santo Tomas tenplua nabarmen interesgarri bada be, biografiaren inguruko agiriei dagokienez, iluntasuna da nagusi. Egia esateko, gaur egun ez dago, Iturrizak kontatzen dauan lez, 1190ean sortu zala egiaztatzen dauan daturik, ustez gaurko Santo Tomas Zaharra ermita lez ezagutzen dan aurreko orubetik lekualdatu zala-eta. Kondairaren arabera, ermita hau berreraiki gura izan ebenean, Mandoia menditik ekarri zirala harriak, baina gauero, Olabarrietako auzotarren euren auzora eroaten ebezala harriak, eraikin barria jaso gura ebelako, eta azkenean nahi ebena lortu ebela1ITURRIZA eta ZABALA, I. lib., 344. or. PÉREZ URRAZA, 2009, 14. zenb., 54. or..

Kontuak kontu, Ugao-Miraballes gertuko herribilduaren sorreraren baieztapenera arte -1379- ez da tenpluaren aitamenik aurkitu2ITURRIZA eta ZABALA, I. lib. 280. or. ENRÍQUEZ FERNÁNDEZ, 1991, 38. or..

Hori esanda, alderdi formalek XVI. gizaldiaren hasierara garoez. Orduan, parrokia berreraiki egin zan, sarbideak eta jarleku-leihoa, gangak bermatzeko mentsulak eta kaperak ikusita. Nabe bakarreko gunea sortu zan orduan, zabalera bereko burualde zuzenagaz, egituraren aldetik soila izateaz gainera, kostu baxua eban eta Bizkaian guztiz hedatuta egoan -Tabira (Durango), Goikolexea (Larrabetzu), Axpe (Busturia), Andikona (Berriz), Deusto (Bilbao)…- ereduaren alde eginez. Soilak bai, baina ez pobreak, batzuetan, Zeberioko kasuan lez, anbizino handiko tenpluak ziran-eta.

Gotikotik errenazimenturako bidean garatu zan arkitekturaren adierazle nabarmena da, 1520-1525 ingurukoa.

Berehala eraikiko zan korua, sasoi haretan Durangoko Uribarriko Andra Marin egiten zanagaz lotu daitekezan arku-arteak eta soka-formako moldura ikusita. Halanda be, edo lanak luzatu egin ziran edo mende erdi beranduago koru hau barriztatu egin zan, ganga, arku-uztaia eta zutabeak XVI. gizaldiaren bigarren erdikoak dira-eta. Hain zuzen be, 1576an, oraindik 12 dukat eta 14 erreal zor eutsezan Domingo Iturrieta Kortezubiko harginari bertan egindako lanengaitik3ALZOLA CAVIEDES, 1995, 169. or.. Sasoi honetakoa, edo apur bat beranduagokoa, da forjazko karela.

Gatxagoa da gangen data zehaztea, luzaroan erabili ebezalako nerbiodun kurutzeria-gangak. Baleiteke mentsulak XVI. gizaldiaren hasierarako ipinita egotea, bainanerbioak hutsuneen bidez mehetzeak, giltzarrietan zizelkatutako irudiek eta horreetako batean lepokoa dauan pertsonaia bat irudikatzeak, mende haren azken urtekoak dirala pentsarazoten deuskue.

Biltegi txiki biek, ipar eta hegoaldean, ez dabe data zehatzik jarteko moduko osagai formalik. Asko jota, iparraldean gangen trazak agertzen dirala-eta, gela hau XVI. gizaldiaren bigarren erdikotzat jo daiteke.

Nabe hari beste osagai batzuk erantsi jakozan. Lehenengoa, eleizpea, hedatutako eraikuntza, baina ezohiko mailagaz akaberari dagokionez, eta, gainera, sinatuta. Bere eraikuntza 1628an atara zan lehiaketara, baldintza bategaz: erabili eitezan errekarriak Ugao-Miraballesetik igaroten dan “ur-etorritik, hau da Nerbioitik, hartzea, eta ez Zeberioko bertako errekastoetatik, kalitate eskasagoa ei eukien-ea. Errematea, Juan Iturriondo lekuko harginak eroan eban, baina, azkenean, Martin Gorostiza “maisu harriztatzaileak” egin eban4Ibid. pp. 169-170.. Emaitza guztiz interesgarria da, Bizkaian eraikitako era horretako eraikinen artean.

Ondoren, sakristia eraiki eben, berezia bere antolamenduari dagokionez, eleizpearen gainetik. Dakigunez, Juan Bautista Ibarra Ugao-Miraballeseko hargin guztiz fidagarri eta erantzuleak 1746an egindako egitasmoaren emaitza da, Pedro Vildosola bilbotarraren ikutu batzukaz. Ibarra bera arduratu zan eraikuntzaz, 1748an amaitzeko obligazinoa hartuta, baina 1752an oraindik lanak amaitu barik egozan eta, ondorioz Eleiza auzitan aritu zan beragaz eta lanak 1758ra arte atzeratu ziran5AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00. BFAH-AHFB, Judiziala, Zuzentzailea, Zibila JCR 1944/001 sign. ALZOLA CAVIEDES, 1995, p. 170.. Nahiz eta prozesua gorabeheraz beteta egon, emaitza bikaina izan zan.

Bikaina da, baita be, torrea, eraikinaren multzoagaz alderatuz bizitasun handia dauan osoagaia. Iturrizak emon eban plano-egilearen izena, Gabriel Capelastegui, eta honek 1765ean proiektatu eban. Manuel Basterra izan zan errematatzailea 67.000 errealengaitik, baina gero kopuruak gora egin eban, 1771ean amaitu zan arte6AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00. BFAH-AHFB, Judiziala, Zuzentzailea, Zibila, JCR 0245/018, JCR 0740/017, JCR 1374/018 signk. ITURRIZA eta ZABALA, I. lib., 343. or. ALZOLA CAVIEDES, 1995, 170-171 or.. Ebakitako eta zulatutako plakek eta kantoi ebakietako gar-loreontziek Durangaldeko hainbat torre (Berriz, Iurreta) gogorarazoten dabez, eta baita Bilboko San Anton edo Amorebieta-Etxanoko Andra Mari eleizenak be, danak barroko berantiarreko diseinu beraz.

Lanak egiten ari zirala, 1769an, Capelasteguik berak diseinatu ebazan torre-barenean, oinaldeko sarbidearen alboetan, dagozan urbedeinkatu-ontziak; 60 erreal kobratu ebazan diseinuagaitik7AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00..

Ez dau emoten ostean eraikinaren irudian eraginik izan eban lanik egin zanik, baina bai mantentze-lan esanguratsuak. Esate baterako, 1778an nahitaez esku-hartu zan teilatuetan, torrearen eraikuntzaren eraginak jasan ondoren. Fernando Madariaga arduratu zan, Manuel Echanoveren diseinua aintzat hartuta, aurretik Francisco Recaldek eta Juan Iturburuk be ikuskapenak egin baebezan be. 1822an, gangak eta teilatuaren egitura hain egoera txarrean egozanez, Agustin Humaran arkitektoari txostena eskatu jakon eta 216 lanegun behar izan ebezan honek proposatutako barrikuntzak egiteko. Eta 1890ean, Casto Zavalak horma eta gangen barrikuntza zuzendu eban, eta tenplua margotu be egin zan, “en un todo análogo o igual a lo que resulta en la yglesia de San Antonio de Bilbao”8AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00; Askotariko agiriak, sign. 1808/001-00.

Beraz, tenpluaren gune gotikoak eta XVI. gizalditik XVIII. gizaldira arteko osagaiek arkitektura erlijiosoko eskualdeko multzorik bikainenetakoa osotzen dabe Olabarrietan.

1. ITURRIZA eta ZABALA, I. lib., 344. or.

ITURRIZA eta ZABALA, Juan Ramon. Historia general de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones. Ángel Rodríguez Herreroren Arg. Bilbao: Librería Arturo, 1967 (1794ko eskuizkribua), lib. 2.

PÉREZ URRAZA, 2009, 14. zenb., 54. or.

PÉREZ URRAZA, Kepa. “Zeberio haraneko ermiten zehar ibilaldi historiko-didaktikoa”. In Euskalingua. Bilbao: Mendebalde Kultura Alkartea, 2009, 14. zenb., 43-62 or.

2. ITURRIZA eta ZABALA, I. lib. 280. or.

ITURRIZA eta ZABALA, Juan Ramon. Historia general de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones. Ángel Rodríguez Herreroren Arg. Bilbao: Librería Arturo, 1967 (1794ko eskuizkribua), lib. 2.

ENRÍQUEZ FERNÁNDEZ, 1991, 38. or.

ENRÍQUEZ FERNÁNDEZ, Javier. Colección documental de los Archivos Municipales de Guerricaiz, Larrabezúa, Miravalles, Ochandiano, Ondarroa y Villaro. San Sebastián: Eusko Ikaskuntza, 1991. (Fuentes documentales medievales del País Vasco, bilduma, 31. zenb.). Eskuragarri hemen: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/es/publicaciones/coleccion-documental-de-lo-archivos-municipales-de-guerricaiz-larrabezua-miravalles-ochandiano-ondarroa-y-villaro/art-10056/

3. ALZOLA CAVIEDES, 1995, 169. or.

ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

4. Ibid. pp. 169-170.

5.AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.

BFAH-AHFB, Judiziala, Zuzentzailea, Zibila JCR 1944/001 sign.

ALZOLA CAVIEDES, 1995, p. 170.

ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

6. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.

BFAH-AHFB, Judiziala, Zuzentzailea, Zibila, JCR 0245/018, JCR 0740/017, JCR 1374/018 signk.

ITURRIZA eta ZABALA, I. lib., 343. or.

ITURRIZA eta ZABALA, Juan Ramon. Historia general de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones. Ángel Rodríguez Herreroren Arg. Bilbao: Librería Arturo, 1967 (1794ko eskuizkribua), lib. 2.

ALZOLA CAVIEDES, 1995, 170-171 or.

ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

7. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.

8. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00; Askotariko agiriak, sign. 1808/001-00.

ALTZARIAK

Eleiza, gaur egun, ia-ia ‘biluzik’ dago, erretaula bakarra dago eta zenbait pieza solte. Baina badakigu Santo Tomas tenpluan erretaula asko egon zana: San Pedrorena, San Nikolasena, San Agustinena, San Antolinena, San Sebastianena, Sortze Garbiarena, Purgatorioko Arimena, Bakardadeko Amarena, Arrosarioko Amarena, Jesusen Bihotzarena, San Joserena… Eta irudi solteak

Nicolas Amandarro burdin saregileak 1774-1775ean egindako pulpitua be desagertuta dago. Honek San Joanen irudia eban ahots-itzulkina eukan gehituta Juan Iturburu polifazetikoaren eskutik, 1775ean “tres mesas Altares y credencia a la Romana, y una senefa para el corateral de Nuestra Señora del Rosario” dalakoengaitik kobratu ebalarik eta urtebeteren buruan, Luis Foncuevak dana margotu ebalarik. Gauza bera gertatu da Antonio Echanizek 1810ean egindako lau altara-mahaiakaz be9AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00; Kontuen eta bisiten liburua 1803-1839, sign. 1802/001-00..

Galdutako piezak asko badira be, eleizan artelan ugari -desagertutako erretauletako eta beste ermita batzuetako eskulturak, urre eta zidarrezko piezak, apaingarriak…- dago batuta sakristian, honako hau museotzat be hartu daitekelarik.

Erretaulak

 

Bakarrik erretaula nagusiak [95] iraun dau eta 1596an esaten zanez, “tiene la doble advocación de Santo Tomás y San Llorente”10ALZOLA CAVIEDES, 1995, 169. or.. Guztiz aldatuta dago. Ebakita, idulkia eta teilatupea galduta daukaz eta orain profil metalikoetan zurkaizten da. Honan banatzen da geratzen dana: bankua eta pisu bi hiru kalegaz, osagai arkitektonikoak lauki bertikal eta horizontal zurrunaren azpian jarrita. Kaleen zehazpenak ordenak gainjartzen ditu, doriko-toskanarra lehenengo pisuan eta jonikoa bigarrenean, beti be ildaskadun fusteakaz [96]. Teilapeak burudunak dira (erdi-puntukoa dan goiko erdikoa izan ezik), alboetakoak triangelu-formako frontoietan amaitzen diralarik -behean- edo biribiletan -goian- ispiluentzat. Taulamenduak batez be landare-motiboakaz apainduta dagoz, baina erdiko ardatzean hainbat pertsonaia agertzen da girlandari oratuz. Esgrafiatu ugari dago motibo geometrikoakaz arku-arte eta frontoietan.

Bankuan [97], erdian, sagrarioa dago [98], lau angelukoa, aurrealdea, kate-itxurako bordatu geometrikodun idulki txikien gaineko toskanar ildaskatu pareen artean eta frontoi kiribildutako frontoi makurraz, erdian kaliza dauala, guztia listel-frisoan amaituz eta, atzean, panela aingeruakaz margotuta.

Galera handiak egon arren, irudi ugari dago erretaulan. Aitatutako sagrarioaren atean, Eraistea agertzen da Pietateagaz (48 x 33) eta alboetan, Zigorkadak Antolatzaileen esanetan, “Familiaren erlojua” jardueran, sei batzar egiten dira domeka goizez [99] Arantza-koroatzea [100]. Bankuan, pertsonaia banaka batzuk agertzen dira (58 x 20) eta agerraldiak (70 x 137). Lehenengoak, oinarri kiribilduen gainean eta erremate lez apurtutako frontoiagaz, honeek dira: San Judas Tadeo bere aizkoragaz [101], eskuetan liburua zabalik dauan bat [102], beste bat (San Felipe?) egurtzarrari eutsiz eta liburuagaz [103], San Bartolome katean daroan deabruagaz [104], San Pedro [105], santua liburuagaz eta egurrezko blokeagaz [106], aingerua, Nekaldiaren sinbolo dan belakia daroala [107], eta sagrarioaren beste aldean, beste aingeru bat untzak daroazala [108], San Juan Ebanjelaria [109], Santo Tomas eskuairagaz [110], Santiago? liburu eta makilagaz [111], San Simon zerragaz [112], San Matías? kurutzedun artzain-makilagaz [113] eta liburu irekiari begiratzen deutsan beste bat [114]. Euron artean dagoz Atxilotzearen [115] eta Ortuko Otoitzaren [116] agerraldiak.

Erlaitzaren gaineko idulkian, altuera gitxikoa, sei Bertute agertzen dira [117] [118] [119] eta Eleizaren lau Gurasoak [120] [121]. Etzanda dagozan lau ebanjelarientzako lekua be badago [122] [123].

Lehenengo pisuan [124], erliebeek Santo Tomasen Zalantza [125] eta San Lorentzoren Martiritza [126] kontatzen dabez, arkitektura klasikoetako giroetan kokatutako agerraldien bidez, dana oso plastikoa. Goian, Jaunaren jaiotza, Iragarpena artzainei eta artzainen Gurtza, [127], dana irudi bakarrean batuta, eta Agerkundea [128].

Orain arte azaldutakoa erliebeak dira, baina erdiko kalean, estatuak dagoz. Ohiko kateatze klasizistetarako arkubarnerak dabezan teilape sakonetan aurkitzen dira. Behean, santu titularrak dagoz, Santo Tomas [129] eta San Lorentzo [130]; goian, Jasokundea – Koroatzea [131].

Oraintsuko mozketak baditu be, erretaula interes handiko artelan erromanista lez agertzen da bizkaitar testuinguruan, bere osagai arkitektonikoei zein eskulturei dagokienez. Eskulturan, jatorririk oneneko erromanismokoa, esku bakarrak esku-hartu eban, istorio eta erliebe guztietan. Hain zuzen be, erretaula 1592an amaitu eban Martin Ruiz Zubiate durangar eskultore eta arkitektoarenak. Zubiateren bereizgarri dira, ule kizkurdun buru nobleak, estilizazino eta jarrera harroak -erretaulatik kenduta, gaur egun sakristian dagozan osagaietan be ikusi daitekenez-. Polikromia, apur bat beranduagokoa da, 1596koa eta Juan Ochoa Madariaga bilbotarrak egin eban11Ibid. ZORROZUA SANTISTEBAN 1998b, 369-373 or..

Eskultura

 

Altara-aldeko kaperan, ebanjelioaren ondoan, Jesus zutabera lotuta [132] (165 x 42 x 44). Egur polikromatua. Eskultura trinkoa, anatomia argala egikera zakarragaz eta txunditutako aurpegieragaz, alde bakotxean zartatutako ule-zapa bat daualarik. Gerripekoak antzeko itxura dau: oihal gogorrak, sigi-sagan. Plastikotasuna mugatua bada be, barrokoa izango da, XVIII. gizaldikoa.

Leku berean, Kristo etzunda [133] (167 x 88 x 40). Egur polikromatua. Artikulatua, Eraistea irudikatzeko, mehetutako jantziak ditu eta bere anatomiak Geronimo Argosen estiloa dakar gogora. Barrokoa, 900 erreal ordaindu ziran eskultura hori eskuratzeko 1760an12AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.. Biltegietako baten, sakristiapean, bere kurutzea zana gordeten da.

Lehenengo ataleko kaperan, epistolaren ondoan, Doloretako Ama Birjina [134] (153 x 38 x 27,5). Egur polikromatua. Jantzi-irudia, aurpegi atsekabetua dauka, baina baketsua. Eskuak batuta daukaz, doluaren edo otoitzaren adierazgarri eta, berezitasun lez, oinetakoak zehaztasunez zizelkatuta daukaz, zerrenda eta mihinagaz, eta galtzak markatuta, belaunaren gainean. Barrokoa, XVIII. gizaldiaren amaierakoa.

Metalezko diadema daroa [135] (17 x 22,5), lore txikietan amaitutako izpi zuzenak eta uhin-formakoak txandakatuta eta, erdiko partean hegodun kerubina ditualarik. Pieza praktikoa, handikeria bakoa, eskulturaren garaikoa edo apur bat beranduagokoa izango da.

Sakristia zaharrean, Sortze Garbia [136] (155 x 66 x 63). Egur polikromatua. Ez da kalitate txarreko pieza, aurpegi eztitsua dau eta jantziak mobiduta eta parpailakaz aberastuta. Desagertutako erretauletako bateko osagai izan zan. Barrokoa, XVIII. gizaldiaren azken herenekoa.

Tenpluan dagozan pieza bakan honeek alde batera itzita, XX. gizaldiaren hirurogeiko eta hirurogeta hamarreko hamarkadetan hainbat erretaula desegitearen eta hainbat ermitatako irudiak gordailuan itzi izanaren ondorioz, Olabarrietako eleizako sakristia benetako museo bihurtu da, eskulturak -eta beste hainbat osagai- horma guztietan banatuta dagozalarik.

Erretauletatik etorritako piezak:

Doloretako Ama Birjina [137] (163 x 45 x 39) eta San Joan [138] [138] (168 x 60 x 32). Egur polikromatua. Erretaula nagusiko Kalbarioan egon eitekezan. Anatomia sendoa dabe, itxura monumentala eta kotoi-itxurako jantzi galantak, egin ziraneko garaiari dagokionez. Emakumeak aurpegiera baketsu eta gogoetatsua dau, San Joanena, txeratsuagoa da, paparraren gainean kurutzatutako besoen keinu atsekabetuak lagunduta. Nabarmentzekoa da, gainera, ulajeen zizel-lana, ondo zehaztutako kizkurrakaz. Erromanistak, XVI. gizaldiaren amaierakoak (beharbada Martin Ruiz Zubiate, 1592).

Deikundearen [139] (65 x 61,5 x 11) eta Ikustaldiaren [140](65,5 x 61 x 10) erliebeak. Egur polikromatua. Pasarte honeetarako ohiko diran osaerak dabez, anatomia mardulak, keinu neurritsuak eta jantzi bigun eta astunak dabezan pertsonaiakaz. Polikromia aberatsaz dotoretuta dagoz, margotutako urre-xaflan egindako edo urre-koloreko motiboak -gehienak landareak- nabarmentzen diralarik; XVI. gizaldiaren amaierakoak.

Santa Barbararen [141] (73 x 53 x 10,5) eta Santa Apoloniaren [142] (74 x 54 x 11,5) erliebeak. Egur polikromatua. Aurrekoen antzeko ezaugarriakaz. Erromanistak, XVI. gizaldiaren amaierakoak.

Markos [143](56 x 64 x 7), Lukas [144] (39 x 66 x 8), Mateo [145] (38 x 66 x 9) eta Joan [146] (55 x 62 x 8) ebanjelarien erliebeak. Egur polikromatua. Gizairudi eseriak dagokiezan ikurrakaz. Ipinita dagozan eremu errektangularretara egokituta dagoz, kanon eta neurriak bortxatuz. Fisonomia mardula dabe, harrotu samar dagozan jantziek lez. Erromanistak, XVI. gizaldiaren amaierakoak.

Santa Luziaren [147] (71 x 18,5 x 10), Santa Agateren [148] (69,5 x 18 x 11), Santa Filomenaren? [149] (70 x 18,5 x 10), Santa Klararen [150] (69,5 x 18,5 x 9,5), San Agustinen [151](54,5 x 18,5 x 11) eta San Jeronimoren [152] (54,5 x 19 x 11) erliebeak. Irudiak, estatua biribilen antzekoak dira. Aurpegiera eta gorpuzkera klasikoa dabe, batez be emakumeen irudietan ikusi daitekenez. Erromanistak, XVI. gizaldiaren amaierakoak.

Sendotasunaren [153] (27,5 x 63 x 12,5) eta Fedearen [154] (27 x 62 x 9) erliebeak. Egur polikromatua. Euskarriaren formatu estuari egokituta, eratzanda dagoz eta jarrera behartu samarrean. Aurpegiera klasikoa dabe, ule-zapa mardulen artean, eta jantzi hanpatuen azpian ezkutatzen dabe euren anatomia. Zatitutako zutabea eta kurutzea dabez hurrenez hurren. Erromanistak, XVI. gizaldiaren amaierakoak.

Fedearen [155] (53,5 x 63,5 x 5,5) eta Itxaropenaren [156] (55,5 x 60,5 x 7) erliebeak. Egur polikromatua. Aurrekoen kasuan ez bezala, irudiak eserita dagoz eta zelanbaiteko mobimentua dabe, baina euren jarrera ez da bape naturala. Eskulturaren, aurpegiera eta jantzien egikera ez da aurrekoena bezain trebea. Liburuei eta bereizgarri dabezan ikurrei, kurutze eta aingurari, eusten deutsie. Erromanistak, XVI. gizaldiaren amaierakoak.

Negarra Kristo hilaren gainean erliebea [157] (51,5 x 75 x 7,5). Egur polikromatua. Kurutzetik jatsi ondoren erdian dagoan Kristoren inguruan dagoz, Arimateako Jose eta Nikodemo lehenengo lerroan, eta Mariak San Joanegaz atzean. Antolaketa trinkoa da eta euskarriaren eremuari egokitutakoa, beraz, zenbait irudik ez dau neurri egokirik edo behartutako jarrerak ditu. Dana dala, egokitasunez landuta dagoz, batez be Kristoren anatomia eta ulajeak. Ostera, irudien adierazkortasuna mugatuagoa da, gorputz-adierazpen neurritsuaren aldeko zan estilo erromanistaren adierazgarri. Polikromiak bikaintasun handiagoa emoten deutso artelan honi, margotutako urre-xaflak be baditu-eta. Erromanista, XVI. gizaldiaren amaierakoa.

Jaunaren jaiotzaren [158] (116 x 64 x 15,5) eta Agerkundearen [159] (117 x 66 x 14) erliebeak. Egur polikromatua. Antolaketa orekatua non deigarri diran Umearen neurriak eta bere gorpuzkera. Gainerako pertsonaiek aurpegiera estereotipatuak dabez, adierazkortasun gitxigaz, eta jantzi zabalak eta gogor samarrak daukiez. Agerraldi biak arkuteria eta teilatua dituan eleizpearen aurrean kokatuta dagoz, eta Jaunaren jaiotzaren erliebean, gainera, astoa eta idia -irudi baldar eta fantasiatsuak- ataraten dira handik. Polikromia ikusgarria dabe, kolore berde eta gorriak nagusi eta margotutako urre-xaflak tarteka. Erromanistak, XVI. gizaldiaren amaierakoak.

Betiereko Aitaren erliebea [160] (35 x 121 x 17). Egur polikromatua. Profil molduratuko frontoi erdizirkular zatituan babestuta agertzen da Betiereko Aitaren bustoa, ezkerreko eskuaz lurbirari eusten deutsola. Trebetasunez egindakoa da eta ulajea oso ondo landuta dago, ule-zapa eta bizar mardulakaz. Gaur egun, aurreko erliebe biei lotuta agertzen da, baina ez dago argi danak erretaula beretik etorritakoak diran. Erromanista, XVI. gizaldiaren amaierakoa.

San Pedroren Atxiloketaren [161] (109 x 59 x 15) eta San Pedroren Kurutziltzaketaren [162] (109 x 57 x 15,2) erliebeak. Egur polikromatua. Markoztatutako eta maskarez eta oihal zintzilikariez apaindutako frontoi erdizirkularrez amaitutako paneletan sartutako agerraldiak, kutsu klasikoaz. Antolaketa zein irudiak azken errenazimenduko ereduen erakusle dira. Erromanistak, XVI. gizaldiaren amaierakoak.

Berbizkundearen erliebea [163] (103 x 75,5 x 18). Egur polikromatua. Kristo berbiztua hilobitik ataraten daneko agerraldia. Bere oinetan, soldatu pare bat zur eta lur egiantzik bako jarreretan. Gorputz mardulak nabarmentzen dira, batez be Kristorena, eta estaltzen daben oihal oparoena. Aurpegi eta ulajeak, bestalde, hanpatu eta mardul ikusten dira eta asaldatu samar Jesusen kasuan. Ohola margotuta dago barrutik hodei moduko batzukaz; erliebean, gorriak, berdeak eta urre-koloreak dira nagusi eta tarteka margotutako urre-xaflak agertzen dira

Ebanjelari biren erliebeak [164] [165] (101 x 93 x 8 y 100,5 x 94 x 8). Egur polikromatua. Ebanjelariak eserita dagoz euren liburuakaz, baina ez dago nortzuk diran agertzen dauan beste elementurik. Eskultura mardulak dira, egikera onekoak, jantzi mobimentua daben -batez be soingainekoek- jantzi mardulakaz. Erromanistak, XVI. gizaldiaren amaierakoak.

Santa Teresaren erliebea [166] (87 x 59,5 x 10). Egur polikromatua. Erdi-erliebera heltzen ez dan santaren irudia urre-koloreko hondo neutroaren gainean. Kanon labur eta zabalekoa da eta jantzi lodiez estalita dago. Bere aurpegia ez da bape polita, adierazkortasun bakoa; gorputzari dagokionez, bakarrik eskuak ikusten jakoz, otoitz-tankeran eta oinak, zakarrak. Karmeldar buruko eta abituaz jantzita dago, tunika margotutako urre-xaflez apainduta dauka eta soingainekoa berdean, gorri-hirian eta gorrian margotutako landarakaz. Erromanista, XVI. gizaldiaren amaierakoa.

San Migel Goiaingeruaren erliebea [167] (112,5 x 88,5 x 7). Egur polikromatua. Arimen pisaketa eragotzi gura dauan deabrua lurrera botatzen dauaneko unea irudikatzen dau. Irudi dinamikoa, baina zirrara bakoa, neurri zabalekoa eta estilizazino bakoa. Deabruak, bere aldetik, giza gorputza eta aurpegia ditu, adarrakaz, abere-erpeakaz eta ulea izterretan. Multzo horretan, adierazgarritasun gehien dauana da, eta polikromia erabat gorriak eragiten dau hori. Bestela, urre-koloreak, berdeak eta gorriak agertzen dira, margotutako urre-xaflak tarteka eta sugar-itxurako margoak panelaren behealdean. Erromanista, XVI. gizaldiaren amaierakoa.

Arrosarioko Ama Birjina [168] (77 x 40 x 30). Egur polikromatua. Irudiak kanon laburra dau, aurpegiera mardula eta egundoko gorpuzkera, bistakoa batez be Umearen irudian. Jantziak eredu berekoak dira, mardulak, bigunak, koska gehiagoko tolesturakaz. Behetik, ilargierdiaren zati bat agertzen da. Arrosarioko Ama, Ama Birjina gurtzen daneko deitura guztiz hedatuta egoan XVI. gizaldiaren azken urteetatik aurrera, batez be Kontrarreformaren ostean, domingotarren ordenaren eskutik, kristautasunaren turkoaren gaineko Lepantoko garaipenaren sinbolo lez. Erromanista, XVI. gizaldiaren amaierakoa, Pertsonaia biek egikera modernoko koroak daroez.

Aingeru bi [169] (84 x 30 x 26 eta 84 x 31 x 19). Egur polikromatua. Irudiak zutik dagoz eta anatomia bigunekoak dira, gorputzaren zati bat estaltzen deutsen oihalak lez; begirada galdua dabe eta bolumena galtzen dabe goiko gorputz-adarretan eta horrek ze osagai eroien jakitea galarazoten dabe. Polikromia interesgarria dabe eta tarteka margotutako urre-xaflak. Erromanistak, XVI. gizaldiaren amaierakoak.

Aingerua [170] (77 x 31 x 18,5). Egur polikromatua. Irudi ahaltsua, anatomia kementsuagaz, keinu asaldatuan eta mobimentu antzekoagaz. Gorputzaren bizitasuna ez dator bat aurpegiaren keinuagaz, askoz hilagoa. Zati honetan, solte daroan ule kizkurra da zelebreena. Polikromia interesgarria margotutako urre-xaflakaz, baina egoera txarrean. Kurutze baten hondarra izango dan aldaka bati eusten deutso. Erromanista, XVI. gizaldiaren amaierakoa.

Aingeru bi [171] (95 x 50 x 18,5 y 94 x 50 x 21). Egur polikromatua. “En pendant” jarritako irudiak, seguruenik Kalbario baten egondakoak. Biak jiratuta dagoz eta gorantz begiratzen dabe; batak kalizari (asko hondatuta) heltzen deutso eta besteak nekaldiari lotutako gauzaren bati, baina galduta dauka, eta baita besoen zatiak be. Irudi dotoreak dira, aurpegiera baketsu eta betilunagaz; urre-kolorea emondako tunika hanpatuez jantzita dagoz. Aitagarriak dira ulajeak be, mardulak eta uhindun ule-sorta bigun erara. Erromanistak, XVI. gizaldiaren amaierakoak.

Alexandriako Santa Katalina [172](90,5 x 36 x 23), Santa Marina [173](94 x 36 x 23), Santua liburuagaz  [174] (82,5 x 36 x 24,5) eta Santa Ana[175] (82,5 x 44 x 29). Egur polikromatua. Irudiak zutik dagoz eta aurpegi idealizatuak dabez, estetika klasikoa gogora ekarriz. Baten batek nor dan jakiteko balio dauan osagaia daroa (gurpila eta Majencioren burua Santa Katalinak, munstroa Santa Marinak), baina gainerakoek duda asko eragiten dabe, irudietako bik liburu bana baino ez daroe-eta; bata, Santa Ana izan daiteke, zahar-aurpegia daualako. Aurpegiera latza dabe, oso ondo landutako ulaje kiskurra eta jantzi oparoak, tolestura gogor batzukaz eta, orokorrean, trebetasunez polikromatuta dagoz, tarteka margotutako urre-xaflak dabezalarik. Erretaula nagusiaren alboetan egozan eta antzeko estiloa eben beste erretaula batzuen osagai ziran. Ez dago egilearen dautrik, baina danak esku berak egindakoak dirala emoten dau. Polikromiari dagokionez, bada daturik eta Bustrindarrek (Nikolas, Francisco eta Domingo) sinatuta dago 1668an eta 11.000 errealetako prezioa jarri jakon13BFAH-AHFB, Judiziala, Zuzentzailea, Zibila, JCR 1061/027 signk. BAHP-AHPB, Notario-protokoloak, 4736 leg., Sierra Baquiola eskribauaren erregistroak, 1668-4-15.. Erromanismo eta barroko klasizistaren artean, XVII. gizaldiaren hasierakoa.

Santa [176] (76,5 x 32 x 26). Egur polikromatua. Emakumearen eskultuta zutik; liburuari eusten deutsala emoten dau eta beste eskuan palma-adarra eroango eukean. Gorputz handia dauka eta jantziak aurpegiera baino trebetasun handiagoz landuta dagoz. Polikromia berde, gorri eta urre-kolorean eginda dago eta margotutako urre-xaflak be baditu. Barrokoa, XVII. gizaldiaren hasierakoa.

Sortze Garbia [177](92 x 38 x 28). Egur polikromatua. Gregorio Fernandezen gaztelar ereduari jarraitzen deutso: antolaketa simetrikoa, hodei eta kerubin piloaren gainean, ulajeak adats luzeetan, sorbalden gainean sakabanatuta; bere jantziak, zabalak dira eta kartoi antzeko tolesturak dabez. Polikromia be interesgarria da: urre-kolorea da nagusi eta erramu-motibo berde eta gorriak agertzen dira. Seguruenik, irudi hau, eta ondoren datorren besteren bat, 1672an Domingo Garaytaondo arkitekto-erretaulagileak eta Santiago Castaños Bilboko eskultoreak eginda, alboetan kokatutako eta gaur egun desagertutako hiru erretaulen osagai izango zan14AM. Zeberioko U.A., Notario-protokoloak, 18. kap., Juan de Urquiza eskribauaren erregistroak.. Hain zuzen be, Castañosen lana, Gregorio Fernandezen jarraibide estilistikoaren isla zan. Barrokoa, 1672 ingurukoa.

Frantziskotar santu bi [178] [179] (101 x 39 x 40 y 100 x 52 x 33). Egur polikromatua. Zeintzuk diran jakitea erraztuko leuskiguen osagaiak galduta daukiez. Egurra ondo landuta dago, batez be bizardun pertsonaiari dagokionez; eskulturok jantzi astunak eta koskatsuak daukiez; polikromia be kontu handiz egindakoa da, margotutako urre-xaflazko motiboakaz eta margotutako landareakaz. Barrokoa, 1672 ingurukoa.

San Pedro [180] (112 x 51 x 29). Egur polikromatua. Santua zutik agertzen da, aita santuari dagokion tiara dau baina ez bere nortasunaren barri emongo leuken beste ezelango ezaugarririk. Aurreko piezen ereduari jarraitzen deutso eta polikromia ederra dauka. Barrokoa, 1672 ingurukoa.

San Agustin[181] (119 x 40 x 34) eta Eleizako Gurasoa [182] (113,5 x 45 x 30). Egur polikromatua. Lehenengoak tenplu baten maketa dau bere eskuan. Irudi biek aurpegiera argala dabe eta keinua liluratu samarra; bizarrak eta ulajeak dira ondoen landutakoak. Eskuan tenplua daukana tunikaz jantzita dago -ondoan dituan frantziskotar santuenaren bardina-, eta soingaineko koloretsuak dabez biek. Barrokoa, 1672 ingurukoa.

San Migel [183] (71 x 45 x 23). Egur polikromatua. Goiaingeruaren eskultura honi eskuetan izango eukezan osagaiak falta jakoz. Azpitik deabrua agertzen da bihur-bihur eginda. Beste san migel batzukaz alderatuz, honek ez dau jantzi militarrik, petoa eta lorez eta hostoz polikromatutako tunika dotorea baino. Janzkera honek eta bere aurpegi luzexka eta samurrak eztitu egiten dau irudia, begirada galdua izan arren. Barrokoa, 1672 ingurukoa.

Beste hainbat irudi be bada; batzuen jatorria ezin da zehaztu eta beste batzuk udalerriko ermitetatik etorritako piezak dira; noizean behin euren jatorrizko lekura bueltatzen dira euren jaiegunak dirala-eta:

San Adrian [184] (67 x 18 x 12). Egur polikromatua. Argiñaoko San Adrian ermitakoa da. Erdi aroko deitura hau ez da ohikoa. Izurri eta izurriteen aurkako bitartekari, Iberiar Penintsulan, VII. eta XIII. gizaldien artean hedatu zan berarenganako gurtza. Eskulturaren egikera, arrunta da eta santu hau dala uste da bere jatorriagaitik eta ez bere nortasunaren barri emoten dauan ezaugarririk izateagaitik. Liburua dauka, tunikaz eta gorputzera itsatsitako soingainekoaz jantzita dago eta adats motza eta bizarra daukaz. Egin jakozan pintaketa barriek -tinta lau zakarrak- baleiteke aurpegieraren ezaugarri batzuk ezkutatzea, baina, dana dala, jantzi oso zuzenak, aurrez aurreko jarrera hieratikoa, neurriz kanpoko gauzaren bat, bizitasun bako aurpegiera… ikusi daitekez, eta, ondorioz, erdi aro betekoa dala esan geinke. Gotikoa, seguruenik XIII. gizaldi ingurukoa.

Andra Maria (Ama Birjina Umeagaz[185] (66 x 27 x 22). Egur polikromatua. Parrokiako alboko erretaula baten egon zan, baina Kurutze Santua ermitatik etorritakoa dala emoten dau. Aurrera begira dago, eta galduta daukan ezaugarriren bati eusten eutsan (bola, lorea…). Umeak, bere aldetik, ez dau aurpegiera hain zehaztuta, lurbiraren antzeko zerbait dau esku baten eta besteagaz bedeinkatu egiten dauala emoten dau. Jantziak soilak dira, osagarri bakoak, eta urre-kolorekoak gehien bat, V tolesturetan jatsiz, baina nahiko bigunak. Umea erdian jarrita dago eta apenas dago Ama-Seme kontakturik, beraz, emoten dauana baino aurreragokoa izan daiteke. Halanda be, hainbat forma-ezaugarrik gotikoan kokatzen dabe, XIV. gizaldian.

San Martin[186] (82 x 24 x 18). Egur polikromatua. San Bartolome ermitatik etorritakoa. Hedatutako eskultura, bedeinkatu egiten dauan bitartean makilari eusten deutsan mitradun pertsonaia. Ez dau bere deitura zehaztuko leuken ezaugarririk, baina bere osaketa eta jarrerak, esate baterako, Fromistako San Martin (Palentzia) dakar gogora. Begirada galdua eta aurrez aurrekoa dau eta forma biribileko adatsa, soil-soila. Erdian, hegaletan eta saman azpildura dauan planeta edo kasulla, erromatar mundutik datorren jantzia, dauka tunikaren gainean, eta barrutik jantzi zuria, alba erara, azpian agertzen dana. Jantzi ha V erako zimurrak sortuz jausten da. Gotikoa, XIV. gizaldia.

San Sebastian [187] (125 x 26 x 34). Egur polikromatua. San Bartolome ermitatik etorritakoa. Ohikoa danez, zuhaitzari lotuta eta geziz josita agertzen da. Molde bizia dau, besoetako bat altxatuta eta bestea azpitik bihurrituta. Estutasun-keinu hori areagotu egin gura da albo baten airatu egiten dan, baina tolestura gogor samarrak dituan gerripekoagaz. Hankak geldi samar agertzen dira, eta apur bat baino ez dira tolesten. Aurpegian be ez da hunkiberatasunik ikusten, baketsu dago eta uhindun adats luzeaz inguratuta. Gotiko berantiarrekoa, 1510-1520 15MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 96-97 or, 122, 204-205, 302..

San Sebastian [188] (104 x 27 x 25). Egur polikromatua. Geziz jositako santuaren irudia; besoak zuhaitzaren atzetik lotuta ditu. Aurrera begira dago, eta ez dau ezelango atsekabe edo sufrimentu keinurik. Gorputzean be ez da estutasunik nabaritzen. Gerripekoak tolestura ugari eta bigunak diru, alboetan airatuta, eta urre-kolorea emonda dauka eta polikromia ikutu batzuk. Gotiko berantiarrekoa, 1520-153016Ibid..

San Pedro [189] (96,5 x 51 x 18). Egur polikromatua. Kristautasuneko lehenengo aita santuaren eskultura, bere gotzain-aulkian jarrita. Liburu baten gainean dagoan giltza handi bati eusten deutso eta beste eskuagaz bedeinkatu egiten dau. Aurpegiera baketsua dau eta aita santuaren tiara-koroea dauka; jantziei dagokienez, oihal biguneko tunika eta soingainekoa ditu, hostoz, pinportez, esez, cez eta zerrendez txipriztindutako polikromia interesgarriaz apainduta.

San Esteban [190] (68 x 25 x 17). Egur polikromatua. Etxazo auzoan dagoan bere izenpeko ermitatik etorritakoa da. Tamaina handiko eskultura da, bere jantziak (alba eta dalmatika) oso hanpatuak diralako. Liburu bati eusten deutso eta honen gainean hiru harri dagoz, harrikatuz torturatu eta hil ebela gogoratzeko. Beso berean, manipulua dauka zintzilik, eskulturan osagai hau irudikatzea ezohikoa dan arren. Keinu adeitsua dau, burua tontsuratuta eta ulaje lisoa. Errenazentista, XVI. gizaldiaren bigarren herenekoa.

Kosme eta Damian santuak [191] [192] (93 x 40 x 20 y 92,5 x 41 x 20,5). Egur polikromatua. Medikuntzan jardun eben santu eta anai honeen irudi parea. Liburu bana daukie; bietako batek (seguruenik Damian botikariak) altxatu egiten dauan erredomari (ontziari) begiratzen deutso, jarrera dinamikoan; besteak (Kosme, sendagilea) liburuaren gainean dagoan kirurgia-tresnaren bati heltzen deutso eta jarrera geldoagoa dau. Toga antzeko batez jantzita dagoz eta bonet bitxia daukie buruan. Errenazentistak, XVI. gizaldiaren azken herena.

Kristo kurutziltzatua [193] (54 x 43 x 14, 73,8 x 46 x 17 kurutzeagaz). Egur polikromatua. Kurutzean jositako Jesusen irudi hedatua. Eskultura trinkoa da, alde batzuetan baita ertz askokoa be, baina ondo bereizten dau gorputz-enborra eta neurrikoa da artikulazinoen zehazpenean. Aurpegia be eskematikoa da eta zakar landutako ulaje eta bizarra daukaz. Gerripekoa alde bietan korapilatzen da eta erdirantz tolestura biguna dau U-Vn. Pieza erromanista emoten dau, XVI. gizaldiaren azken laurdena.

Kalbarioa [194]. Egur polikromatua. Zubialdeko San Antolin ermita zaharretik etorritakoa da. Kristo kurutziltzatuaren (60 x 54 x 11,5, 107 x 64 x 3 kurutzeagaz), Doloretako Ama Birjinaren (57 x 25 x 17,5) eta San Joanen (55 x 23,5 x 15) irudi kanonikoez osotutako multzoa. Jesusek gorputz mardula dauka, saihets-hazurrak eta besoetan gihar batzuk markatuta; eskumaldean kiribil zelebrean korapiloa eginda daukan oihal biguneko gerripekoaz estaltzen da, eta bere aurpegiera bizigabe samarra da. Beragaz dagoan bikotearen fisonomia guztiz estaltzen da jantzi hanpatuakaz; polikromia ederrak eta margotutako urre-xaflak daukiez eta bakarrik aurpegiak eta beso eta eskuen zatiak dagoz bistan, aurpegiera zorrotzakaz eta barneratze-keinuakaz. Erromanista, XVI. gizaldiaren amaierakoa.

Ama Birjina Umeagaz [195] (82 x 35 x 23). Egur polikromatua. San Bartolome ermitatik etorritakoa da. Irudi handia da, anatomiari, aurpegierari zein jantziei dagokienez. Arrosarioko Ama Birjinaren eredu ikonografikoari jarraitzen deutso, baina lorea daroa eta ez arrosarioa. Barrokoa, XVII. gizaldiaren hasierakoa.

Canterburyko Santo Tomas? [196] (94 x 36 x 19). Egur polikromatua. Santo Tomas Zaharra ermitatik etorritakoa da. Santu gotzainaren irudia zutik, bedeinkapena emonez. Hedatutako egikera dauka, aurpegiera latza; mitraduna da eta handiagotutako tunika eta soingainekoa ditu. Barrokoa, XVII. gizaldiaren hasierakoa.

Sortze Garbia [197] (56 x 29 x 16). Zubialdeko San Antolin ermitatik etorritakoa da. Eskuak otoitzerako moduan daukaz, apur bat okertuta, eta gauza bera gertatzen da, Gregorio Fernandezen sortze garbien ereduen simetria galduz, diagonalean zeharkatzen dauan soingainekoagaz. Jantzi mardulak ditu, batzuk tolestura lehor samarrakaz eta beste batzuk bigunagoakaz. Molde ikonografikoak Alonso Canoren formularen antz handia dau. Barrokoa, XVII. gizaldiaren erdialdekoa da.

Sortze Garbia [198] (79 x 38 x 24). Egur polikromatua. Santo Tomas Zaharra tenplutik etorritakoa da. Egikera marduleko Ama Birjina, era latz eta gogorrean zartatzen diran jantzien eraginez. Zelanbaiteko mobikortasuna antzematen jako, besteak beste otoitzerako moduan eta apur bat okertuta agertzen diran eskuengaitik, eta burua, keinu lehorraz, beste aldera bihurtzeagaitik. Koroatuta dago eta beloa darama eta honen azpian uhindun ule-sortak antzematen jakoz aurrerantz jausita. Barrokoa, XVII. gizaldiaren erdialdekoa.

San Bartolome [199] (111 x 53 x 33). Egur polikromatua. Bere izenpeko ermitatik etorritakoa da. Santuaren irudiak deabrua bere oinetara kateatuta dauka eta liburua eta labana daroaz. Egikera zorrotzeko tunikaz eta gainetik zeharkatzen dauan soingainekoaz jantzita dago; soingainekoak be tolestura zakarrak ditu, baina zelanbaiteko mobimentua ikusten jako. Aurpegia hobeto landuta dago, batez be ulajeari dagokionez. Barrokoa, XVII. gizaldiaren azken herenekoa.

Asisko San Frantzisko [200] (129 x 68 x 34). Egur polikromatua. Zubialdeko San Antolin ermitatik etorritakoa da. Gora begiratzen dau, liluratuta, kontenplazinozko keinuaz, eta hanka eta besoetako batek apur bat alborantza egiten dabe. Egikera arteza eskulturari eta polikromiari dagokionez, azken hau leuna da eta seguruenik XIX. gizaldikoa. Barrokoa, XVIII. gizaldiaren lehenengo herenekoa.

Karmeneko Ama Birjina [201] (130 x 59 x 42). Egur polikromatua. Zubialdeko San Antolin ermitatik etorritakoa. Aurreko piezaren ereduei jarraitzen deutsen eskultura. Hodei eta kerubin mordoaren gainean jasotzen da; Ama Birjinak Umeari eusten deutso modu artifizial samarrean; kanon luzexka dau, zelanbaiteko mobimentua bilatuz. Aurpegiak finak dira, Jesusena, eratsuagoa. Bolumena galtzen dau, esate baterako, eskuetan. Barrokoa, XVIII. gizaldiaren lehenengo herenekoa. XIX. gizaldian, barriro polikromatu eben.

Kristo kurutziltzatua [202] (81 x 63,5 x 14,5, 121 x 83 x 19 kurutzeagaz). Egur polikromatua. Anatomiaren alderdia ondo landuta dauan eskultura; Kristo Aitari begira eta azken arnasa emoten agertzen da. Gerripekoa, korapilo zintzilikaria dauan harrotutako oihala da, bikain eratutakoa. Kalidadeko pieza barrokoa, beharbada 1792an eskuratuko eben bere kokaleku dan eta “Kristo ipinteko horma-hobia” eukan altzariaren goiko atalagaz17AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00..

Kristo kurutziltzatua [203] (50 x 35,5 x 10; 85 x 50,5 x 13 kurutzeagaz). Egur polikromatua. Irudi bikain honek anatomia argala dau, gorputz-enbor luzexka eta saihets-hazurrak markatuta; tolestura txikidun gerripekoak estaltzen dau. Aurpegia, fina da, samindua. Neoklasikoa, XIX. gizaldiaren lehenengo herenekoa.

Beste hainbat pieza dago sakristiaren azpiko biltegietan gordeta:

Kristo kurutziltzatua [204] (174 x 167 x 35). Egur polikromatua. Kurutzean jositako Kristoren irudia ondo landuta, batez be aurpegiari eta ulajeei dagokienez. Gotiko berantiarrekoa, XVI. gizaldiaren hasierakoa. Kurutzea eta Inri idazkuna oraintsukoak dira.

Kristo kurutziltzatua [205] (187 x 174 x 38). Egur polikromatua. Kalidade handiko eskultura, beharbada eleizako erretaula nagusian egon zana, Doloretakoagaz [137] eta gaur egun sakristian dagoan San Joanegaz [138] multzoa osotuz. Anatomia neurritsua eta aurpegiera ederra ditu. Erromanista, XVI. gizaldiaren amaierakoa (beharbada Martin Ruiz Zubiate, 1592).

San Jose [206] (116 x 70 x 48). Egur polikromatua. Ermitabarriko Paduko San Antonio ermitatik etorritakoa da. Erabat hondatuta dago behealdean; ertz askoko egikera dauan eskultura da, aurpegi fin eta bizartsua dauka. Barrokoa, Jose Javier Aldama Zeberioko auzotarrak egin eban 174118Zeberioko U.A., Infantzoi aldearen kontuak, 16. eta 18. kap. LANGE, 1996, 166-167 or. ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 292-293.. Jatorrian, Umea eukan beragaz [207].

Santa Ana [208] (135 x 62 x 36). Egur polikromatua. Ermitabarriko Paduko San Antonio ermitatik etorritakoa da. Jantziak mobimentuan antzematen jakoz. Bolumena galtzen dau behealdean eta aurpegi opatsua dauka. Aurrekoa lez, Jose Javier Aldamak 1741 inguruan egindako pieza barrokoa19Ibid.. Jatorrian, Birjina umea eukan beragaz [209].

Eleizako hainbat lekutan sakabanatuta (kaperak, korua, sakristiak, e.a.), desegindako erretaulen zatiak (kapitelak, plakak, zutabe asko…) dagoz [210] [211], gehienak errenazimendu erromanistakoak. Batzuk aprobetxatu izan dira irudientzako euskarri lez, anboi lez, e.a.… Beste hainbat irudi txiki be badago, gitxi-asko osorik, eta orokorrean oso hondatuta (aingerutxoak, Purgatorioko pertsonaiak…) [212].

Metalak

 

Kurutzea [213] (43 x 28,5 x 4,5). Egurra eta letoia. Xafla ildaskatuetan eta pospolinetan amaitutako beso zuzenak ditu; erdian, txapa biribila dauka estanpatuta eta goian kartela ‘Inri’ idazkunarentzat, beranez landutako hosto txikiren bategaz. Kurutziltzatua, material berekoa da, ulaje mardula dau eta gerripeko zintzilikariaz estalita dago. Behean, buru-hazurra eta berna-hazurrak, tamaina onekoak. Neoklasikoa, XIX. gizaldikoa.

Kustodia [214] (59,5 x ø16,8 x ø27). Gainetik urre-kolorea emondako metala. Oinarri biribil molduratua dauka, balaustre erako profil bihurriagaz eta luzera desbardinetako izpi zuzenak dituan eguzkia. Neoklasikoa, XIX. gizaldiaren bigarren erdikoa.

Kaliza [215] (25 x ø16,6 x ø9,8). Gainetik urre-kolorea emondako metala eta zidarra. Gingildun oinarria dauka, pieza konkabo bigaz eratutako heldulekua, kopa barrenean, lore eta lirioak ditu… neogotikoko osagaien agerpena… trazeriez, arkuteriez eta lau gingildun loreez osotuta. Egilearen puntzoia dauka, FFB erronboaren barruan eta Merkurio ezkerraldera begiratzen, Parisekoa, XIX. gizaldikoa (1838 ostekoa).

Krisma-ontzien kutxa [216] (17 x 23 x 22,5). Egurra eta metala. Egur leuneko kutxa, ARCIPRESTAZGO / DE / CEBERIO idazkuna dauan kartelagaz. Barrualdea lau zatitan banatuta dago ontziak sartzeko. Geratzen diran hirurak ontzi paralelepipedo errektangularrak dira eta goian grabatuak dabez orioak seinalatuz. XX. gizaldia.

Erlikia-ontzia [217] (28,3 x 13,4 x 8,2). Urre-koloreko metala. Hosto, “ce”, loretxo eta pinporten segidaz eratuta, inguru lerronahasidun leihoa dauka -rokokoa dakar gogora-, bertan dago erlikia, Ex Sepul V.Vi kartelaz identifikatzen dana. Eklektikoa, XIX. gizaldikoa.

Hodei-aureola [218] (27 x 27 x 6,5). Metala bere kolorean. Hondoan hodeiak eta erdian izarra eta kanpotik izpi zuzenen multzoak. Neoklasikoa. XIX. gizaldiaren hasierakoa.

Zutargi bi [219] (33 x ø16). Metala eta zati baten urre-kolorea emonda. Kono-enbor formako profil alderantzikatua; hondoan, gainjarritako akanto-hostoez apainduta dago. Gainerako gainazala, leuna da. XIX. gizaldikoa.

Argimutil bi [220] (32 x 18 x 18). Urre-koloreko brontzea. Oinarri karratua lau hankatxoren gainean; balaustre erako profila dabe eta zilindro-formako erregailu molduratua. XVII. gizaldiko piezen ereduari jarraitzen deutse, hain zuzen be XIX. gizaldian barriro modan jarri zan ereduari, eta, piezok kronologia horren barruan kokatuko geunkez.

Atrila [221] (11,5 x 29,5 x 25,5). Urre-koloreko brontzea. Fabrikazino industrialeko pieza da eta Antoni Gaudiren diseinua izateagaitik da interesgarria. 1910-1914.

Sakristian, Andra Mariaren kanpaia [222] (45 x ø 48). Brontzea. Ezkiladuna. Idazkuna: SANTA MARIA ORA PRO NOBIS AÑO 159220BARRIO LOZA, Jose Angel (dir.), MOLINUEVO ZABALLA, Maria, eta ROMANO VALLEJO, 2005, 170-171 or..

Torrean, Andra Mariaren kanpaia [223] (77 x ø 74). Brontzea. Ezkiladuna. Idazkuna: STA MARIA ORA PRO NOBIS AÑO DE 186821Ibid..

Oinaldeko ateen burdineria [224]. Burdina. Erdibitutako burudun zumitzak, puntak buruz behera, sarraila-zuloa erremate berakaz eta kisketa eta haga X itxurako kurutzez eta ildaskez apainduta, guztia XVI. gizaldiko ereduei jarraituta.

Berogailuaren makineria dagoan gelako ateen burdineria [225]. Burdina. Zumitz-mota bi: batzuk erremate motza eta tatxet handiak dabezanak eta, zitori hori formako buru eta untze txikiagoakaz. Luzaroan iraun eben XVII. gizaldiko ereduei jarraitzen deutsie

Koruko jarleku leiho-orrien burdineria [226]. Burdina. Erabat hondatuta dagoz; sarraila-zuloa profil lerronahasiaz eta triangelu-formako buru-zumitzak. Honen arabera, XVI. gizaldiko ereduei jarraitzen deutsiela emoten dau.

Koruko karelaren hagak [62]. Ardatz-itxura emondako korapilo bikotxagaz; kapiteletan garatuago dago eta hemen txikorta atzera-puntadaz marrazten da. XVI. gizaldiaren azken laurdenekoa.

Torre gainean, kurutze haize-orratza [227]. Burdina. Erdian eguzkia eta bertatik ataraten dira zitori hori formako besoak eta euren artean izpi-sortak. Plaka leunean egindako buztan-lemak be zitori hori formako punta dauka. Esfera handia oinarrian. Barrokoa, 1771.

Apaingarriak

 

Kasulla [228], estola eta manipuluagaz. Belusean eginda dago eta gorri-tonu bi nahastatuta, seguruenik XVII. gizaldian egindako konponketaren baten ondorio. Erdiko zerrendan, brodatutako apostoluen irudientzako teilapeak ikusten dira, kurutzeria-gangak eta pinakuluak dabezan kaperetan markoztatuta. Lits-puntuan brodatutako irudiak dira, erronboide-formako erretikulak sortzen dabezan ñabartutako urre-puntuko hondoetan gainjarrita. XVI. gizaldiaren lehenengo herenekoa.

Dalmatika bi [229], lepoko bigaz, estolagaz eta manipulu bigaz. Belus gorrian eta hegalak berdean. Gainazala leuna da, eta litsdun oihal-apaingarri berde, urdin eta urre-kolorekoak ditu inguru osoan, joskera orokorraren garai berekoak. XVII. gizaldikoa.

Kasulla [230], estolagaz eta manipulu bigaz. Zeta berdezko ehun landu kolorebakarra, kiribilez eta fruturen batez txipriztinduta, damasko-erako efektua lortu guran. Motiboak ez dira geometrikoak hasierako barrokokoak lez eta naturalismo gehiago dabe. XVII. gizaldiaren azken herena.

Kasulla [231]. Ehun desbardin bik osotzen dabe apaingarri hau: erdian, zerrenda handia lore handi eta landare koloretsuakaz, erliebe eta sakontasun itxura emonez, naturalismoaren gustuen arabera. Eta alboetan, zeta gordinezko zatiak, maskalduta, uhin-kiribilduakaz, eta honeetatik zintzilik pinaburu hori eta berdeak. XVIII. gizaldiaren erdialdekoa.

Kasulla [232] eta dalmatika [233], lepoko bigaz, estolagaz, hiru manipulugaz eta kaliza-estalki bigaz. Gros de Tours erako ehun landuaz, lorez txipriztindutako zetaz, egindako jantziak; pieza era bihurri eta bertikalean zeharkatzen daben lore-motiboez, lorontziez eta hegaztiez apainduta. Laranja-koloreko hariak dira ugarienak, berdeakaz batera, marfil-koloreko zetazko hondoaren gainean. XVIII. gizaldiaren bigarren erdikoak.

Dalmatika [234]. Zetazko uhina, marfil koloreko palma-damaskoa palma-adar eta eta beste adar batzukaz. XVIII. gizalditik aurrera asko hedatu zan oihala eta, kasu honetan, beranduago erantsitako urre-koloreko galoiakaz. Egoera oso txarrean dago. XVIII-XIX gizaldikoa.

Dalmatika [235]. Damasko-zeta gorri bizia, lore handien eta hostoen motiboakaz. Apaingarriak beranduago gehituta. XVIII-XIX gizaldikoa.

Dalmatika [236]. Damasko-zeta berdez egindako apaingarria, lore handi eta hostoen motiboakaz. Apaingarriak geroago gehituta. XVIII-XIX gizaldikoa.

Dalmatika [237]. Palma-damaskoko zeta morez egindako apaingarria; erdian, lore handia, hostoak eta mingranak ditu. Apaingarriak geroago gehituta. XVIII-XIX gizaldikoa.

Kasulla [238]. Damasko-zeta gorri bizia dauan jantzia, lore eta landare motiboakaz. Aurreko eta atzeko erdiko zerrendan kurutzeak osotzen dabezan hostoen brodatuak ditu eta aurrealdean baita kurutzea be eta atzealdean tiara eta San Pedroren giltzak. XVIII-XIX gizaldikoa.

Kasulla [239]. Seguruenik hainbat piezaren oihal-zatiz egindako apaingarria. Damasko gorri bizia da ugariena, lore motiboakaz, baina atzean palma-damaskoko beste tonu bateko adabakia dau. Erdian, lorez txipriztindutako zetazko ehuna gorri eta urre-kolorean, arrosa-sortakaz, kiribilakaz eta blonda antzeko bategaz. XIX. gizaldikoa.

Kasulla [240]. Beste jantzi batzuen txatalak aprobetxatuta egindako jantzia: palma-damasko gorri bizia alboetan eta erdiko zerrenda urre-kolore eta gorrian a candelieri motiboakaz, loreontzi estilizatu eta landareakaz. XIX. gizaldikoa.

Kasulla [241], estolagaz, lau kaliza-estalkigaz eta korporal-estalki eta estolagaz. Aurrekoaren bardina dan apaingarria, baina kasu honetan palma-damaskoagaz eta erdiko zerrenda moreagaz. XIX. gizaldikoa

Kasulla [242], estola eta manipuluagaz. Damasko berdez egindako jantzia, lorez, hostoez eta loreontziren batez txipriztinduta. XIX. gizaldikoa.

Kasulla [243] eta dalmatika bi [244], lepoko bigaz eta manipulu bigaz. Simetria-ardatzari jarraituz diseinatutako apaingarria, pitxer txiki edo kaliza antzeko bategaz, bertatik lore motiboak, mahats-mordoak ataraten dira eta inguruan ereinotz-hostoak dagoz. Guzti horrek Inperio-estilora garoaz; hain zuzen be Koroa kaliza deitutakoa da, ‘Garin e Hijos’ valentziar etxekoa. XIX. gizaldiaren bigarren erdialdekoa.

Hiruko osoa: soingainekoa [245], kasulla [246] y dalmatika [247], hainbat osoagarrigaz. Josketa industriala, erdi aroan inspiratutako urre-koloreko ehun brokatuagaz, konpartimentu zorrotzak erauz dira eta bertan pinaburu eta hostoak jasoz. Barruan etiketa dauka: ORNAMENTOS DE IGLESIA / V. Romo / ASCAO Nº… / BILBAO. XX. gizaldiaren erdialdekoak.

Lepokoa [248]. Zeta urdin argiaren gainean brodatutako pieza, ingurua hari gorri-hori eta gorriaz hartutako kukulu, hosto eta kiribil motibo gorri-horiakaz erdiko simetrian. XVII. gizaldikoa?

Estola eta manipulu bi [249]. Damasko granateko zeta landu kolorebakarraz egindako jantziak, apaingarri biribil eta landare-motibo geometrikoakaz. XVII. gizaldikoa.

Estola [250]. Zeta urdinez egindako osagarria, landare-motibo geometrikodun damaskoa. XVII. gizaldikoa.

Korporal-estalkia [251]. Kolore gordineko zeta, loreak ditu ertzetan eta bihotza erdian, koloretako zetazko hariez eta ingurua hari metalikoez hartuta. Inguruan, parpaila hari metalikoz (Espainiako punta), sigi-sagatsua. XVIII. gizaldikoa.

Kaliza-estalkia [252]. Palma-damasko baltza eta ingurua hari metalikoko parpailaz eta uhin erara zeharkatzen dauan hosto txikiakaz (Espainiako punta) amaituta. XVIII. gizaldikoa.

Estola [253]. Zetaz eginda palma-damasko zuriagaz, apaingarriak ditu eta litsak gorri eta horian muturretan. XVIII. gizaldikoa.

Estola [254]. Palma-damasko marroian egindako pieza, oso maskalduta eta konponduta. XVIII. gizaldikoa.

Manipulu bi [255]. Ehun desbardin bigaz eginda: palma-damasko gorri bizia eta, muturretarako, ‘Gros de Tours’ arrosazko txatalak, liseré bilbe zuriaz, lore eta zurtoinak osotuz. Batek zeta oso alperrik galduta dau. XVIII. gizaldikoak.

Estola bi, manipulua eta kaliza-estalkia [256]. Palma-damasko gorri biziko txatalez egindako piezak, beranduago apaingarriak gehituta. XVIII-XIX gizaldikoa.

Sorbalda-jantzia [257]. Zeta gordinez egindako apaingarria, zutoinez inguratutako kustodiaren irudia koloretako zetazko hariz, hari metalikoz eta ezarritako perla eta xafla txikiz brodatuta dauka. XX. gizaldikoa.

Beste elementu batzuk

 

Sakristian, altarako Jerusalemeko kurutze-erlikia-ontzia [258] (69,5 x 29 x 10,5). Egurrezko marketeria eta nakarra txertatuta. Vera Cruzen erlikiak ditu. Aurrealdean, frantziskotar ezkutua daroa eta atzealdean, atexka edukiontzirako. Kurutziltzatua, metal galdatutako pieza da, anatomia liraina dau, ondo zehaztutakoa, eta oihal biguneko gerripekoa dauka. Barrokoa, XVII-XVIII gizaldikoa.

Kaperetako baten eta sakristiapeko trastelekuan, sagrario bi [259] (78,5 x 69 x 48). Urre- eta zidar-koloreko egurra. Diseinu arkitektonikoa dauka, atea hodeien gainean dagoan kalizaz apainduta eta alboetan ildaskadun fustedun zutabeak, kuxin- eta eskozia-oinarrien gainean dagozan eta korintoar kapiteletan amaitzen diranak. Guztiaren gainean, erdibitutako frontoi erdizirkularra, erdialdera kiribildutako apaingarri bigaz eta plataformagaz, galdu dauan errematearentzat. Trastelekukoa, hondatu samar. XIX. gizaldikoak

Eleizaren burualdean, altarako harmailen aurrean, bateoarria [260] (92 x ø105,5). Hareharrizkoa. Zortzi aldeko oinarria, trazeria gotiko finez apainduta eta kopa be zatikatuta, piramide-enbor formakoa, ahoa soka-formako elementuez apainduta. Liturgia osagai garrantzitsua, tipologiagaitik zein antxinatasunagaitik eta egikera bikainagaitik. Gotikoa, 1500 ingurukoa

Sakristian, sacrarium (ur-txarroa) [261]. Jaspe baltza. Diseinu arkitektonikoa dauka, maskor-formako gangadun horma-hobi erdizirkularrerako ontzi eta askagaz. Aska, erraboiltsua, ontzia, gailoitsua eta txorrota, maskaroiagaz. Guztia, boladun frontoi ebakian amaitzen diran zutabe ildaskatuen artean. Sakristiaren sasoikoa da eta Juan Olazarrek landu eban 1.800 errealen truke22AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Zeberioko Eleizateko kontuak 1753-1754, signatura: 1798/029-00; Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00..

Sakristian, xurrutarria? [262]. Landutako harrizkoa, erdizirkular samarra dan aska dauka eta iturria ahutzak zabalik dituan herensugearen buruaren? formagaz. Hedatutako pieza, eta ulajeen lanketaren arabera, XVII. gizaldikoa emoten dau.

Sakristian, tiradera-altzaria [263] (693 x 102 x 114). Egurra bere kolorean. Sakristiaren iparraldeko horma-atal osoa hartzen daben pieza biz osotutakoa. Beheko aldea, tiraderentzat da: hiru tiraderako bost multzo, estuagoak alboetakoak, hustutako zutabeen egituragaz eta aurrealdeak trazeria geometrikoagaz eta burdinazko heldulekuakaz. Beste aldea, bizkarraldea da, girlandez eta korapilatutako palma-hostoz aberastutako zutabe jonikoez osatuta. Altarak, erdian, ordena bereko zutabeen artean dagoan Kristo Kurutziltzatuaren eskultura jasoten dau eta guztia triangelu-formako frontoian amaitzen da. Beheko multzoa, 1754-1755ekoa da, Pedro Uribarri bilbotarrak egindakoa, eta bizkarraldea, «Kristoren horma-hobiagaz», 1792an erosi zan, osorik hartuta, altzari interesgarria eratuz23AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Zeberioko Eleizateko kontuak 1753-1754, signatura: 1798/029-00; Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00..

Sakristia zaharrean, altzaritik bereizitako dekorazino-moldurak gordeta dagoz.

Sakristian, mahaia [264] (101 x 230 x 107). Egurra bere kolorean. Taula eta ebakitako hegalak, kabriolet erako hankakaz, bolei heltzen deutsien erpeen gainean. Kalidade oneko pieza da, bai diseinuari zein egikerari dagokionez. Jose Antonio Arechaga arotz maisuak egin eban 1783an, eta 382,50 erreal kobratu ebazan24AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.

Altara-mahaia [265] (95,5 x 173 x 66). Egur polikromatua marmol itxurako motiboakaz berde eta gorri-horian. Erdian, apaingarri biribilean, Jesusen bihotza agertzen da, arantzazko koroa eta sugarragaz, eta alboetan, apaingarri biribilaren profilari jarraituz, adar loretsuetarako profil lerronahasiko plaka bana. Ertzak aurreratu egiten dira gotiko erako arkuentzat zulatutako siluetakaz. XIX. gizaldikoa.

Kutxa-kutxatzarra [266] (46,5 x 93 x 49,5). Egurra eta burdina. Formatu paralepipedikoa dau, egurrezko egiturara untzez finkatutako burdinezko pletina leunez osotuta. Hedatutako pieza da, XVII. gizalditik hasita ohikoa dan ereduari jarraitzen deutsana, burdineriari, uztailei eta sarraila-zuloari begiratu ezkero, XVIII. gizaldi aurreratukoa dala emoten badau be.

Ispilu bi [267] (183 x 95 x 30). Urre-koloreko egurra. Hostoz eta lorez gehiegi apainduta dagozan markoak dabez. XVIII. gizaldiaren azken herena.

Oinaldeko ate-orriak [268] [224]. Egurra eta burdina. Egurrezko ate-orri bi, txikiagoa eskumakoa; hemen atea dago okerdura txikiagoa dauan arkuan eta alakatu erara zulatutako X itxurako kurutzez apaindutako lau angeluko panela landuta dauka, XVI. gizaldiaren erdialdeko bizkaitar arotzerian ohikoa zan ereduari jarraituz. Antzeko artelanak ikusi daitekez Zeberioganan, gertuko Orozkon, Zaloan edo Katadianon. Gorago aitatu doguz burdineriaren inguruko zehaztasunak.

Sakristia zaharreko (altara-aldearen iparraldeko gela) ate-orria [269]. Egurra. Orri bakarra, erdian profil horizontalak bereizitako gune bigaz. Zerrendak ditu, hiru goian eta bat behean (baina, jatorrian, hiru izango ziran), zapi erara landuta, eta erdigune bakotxen ebakidura poligonaleko zutabe erdi lerratzen da, ezkata-erara jarritako hostoez estalita eta molduratutako pieza poligonal erdiez amaituta. XVI. gizaldiaren erdialdekoa.

Altara [270] (32,4 x 31 x 3,4). Harri (marmol) polikromatua. Guztiz hedatutako pieza bada be, kasu honetan bere polikromia barrokoa nabarmentzen da, seguruenik XVIII. gizaldikoa.

Hilarria [271]  (165 x 54 x 15). Hareharrizkoa. Arrigorriagako Santa Maria Magdalena parrokiatik etorritakoa, aurretik Kurutze Santua ermitara eroan ebena eta hemendik Olabarrietako parrokia honetara. Pieza anepigrafikoa, aurrean eta alboetan grabatutako apaingarriak dituana: irudi geometrikoak (zirkuluak eta zirkuluerdiak, X itxurako kurutzeak, triangeluak… eta oinarridun kurutzea erdian, eta ertzetan zerra-hortzak lerrokatze desbardinetan. VII-VIII gizaldiak25Zabala Altube, 1992/93, 197. or. AZKARATE GARAI-OLAUN y GARCIA CAMINO, 1996, 155-158 or...

 

Interes etnografikoa daben osagaiak

 

Erlikia-ontzia [272] (19 x ø7,7). Urre-koloreko metala. Oinarri biribila eta profil arkitektonikoko erakustokia, alboetan pinakuluak dituala, gotikoa gogora ekarriz. Idi-begitik, San Sigismundo erregearen erlikia ikusi daiteke. Historizista, 1900 ingurukoa.

Txilina [273] (20 x ø12). Brontzea. Erromatar profilekoa, multzo leuna eta eraztundun ahoa. XIX. gizaldikoa.

Txilina [274] (23,2 x ø12). Brontzea eta egurra. Kantoidun profila dau eta aurrekoaren oso antzekoa. XIX. gizaldikoa. Akolitoek joten ebezan pieza honeek biderakoa emotera joian abadea igaroko zala iragarteko edo limosnak batzeko erabilten ziran batez be.

Karraka [275] (20,5 x 13,3 x 3). Egurra. Liturgian erabilten zan tresna, hagindun pieza eta mihina harraskatzetik sortzen ziran zarata lehorrak eragiteko jiratzen zana. Aste Santuan erabilten zan, txilinaren ordez, Eguen Santutik Zapatu santura, fededunei dei egiteko, XIX-XX gizaldikoa.

Karraka [276] (105 x 48 x 11). Egurra. Biraderak eta hagindun arrabolak eragindako bost mailuz kolpatutako egurrezko xafla lodiaz eratuta. Pieza nabarmena da ezohiko tamainagaitik eta gure lurraldean ohol-matraka gitxi dagoalako. XX. gizaldikoa.

Korupean, bankua [277] (86,5 x 224 x 47,5). Egurra. Hedatutako pieza, hanka eta bizkarralde zuzenakaz, bizkarraldea profil molduratu soilaz amaituta eta besoetan ildaskakaz. XIX. gizaldikoa?

Hainbat ermitatako kofradien ontziteria [278] [279] [280] [281]. Pitxer-, katilu- eta plater-sorta, eztainu toskakoa, buztin egosian eta esmalte zuriko geruza erdiagaz eta detaile berderen bategaz. Hainbat piezatan, idazkunak be badagoz: Soi de / Ceberio Gana / 1817, Ceberio Cofradia San Adrian, eta beste batzuetan neke irakurten dira. Zeberioganako ermitan dago honako sortaren bat eta baita Euskal Buztingintzako Museoan be (Ollerias, Araba).

Sortze Garbiaren zutoihala [282]. Satin urdinean eginda, urre- eta zidar-kolorez brodatutako lore-motiboakaz. Erdian, Sortze Garbiaren irudia, paperean aplikatutako aurpegi eta eskuakaz. Atzealdea, kolore gordinekoa da, antzeko apingarriakaz eta, erdian, andra Mariari buruzko siglak brodatuta. XIX. gizaldikoa.

Santo Tomasen zutoihala [283]. Satin gorrian eginda, Santo Tomasen irudiagaz margotutako silueta lerronahasi konkabo-konbexuko kartoia daroa, nor dan dinoan idazkunagaz: Sto TOMAS Aptol / PATRONOS / DE / CEBERIO. Inguruan, ‘ceak’, loreak eta zutoinak urre-kolorean brodatuta eta ezkataren bat edo beste. XIX. gizaldiaren amaierakoa.

Eleizbarrutiko gordailuan gordetako elementuak (urre-zidargintza)

 

Kaliza [284] (21 x ø12 x ø8). Zilarra bere kolorean. Oinarri biribila dauka, balaustre-formako heldulekua anforan korapiloagaz eta kanpa-formako kopagaz. Diseinu klasizista dau, XVIII. gizaldiaren erdialdekoa bada be, 1739 eta 1756 bitartean jardunean zan Pascual Elorriaga bilbotar zilargilearen puntzoiak euskarriaren azpian agertzen dauanez (P/ELORRIA…). Patena (ø12), leuna dauka, nahiko hondatuta.

Kopoia [285] (33 x ø1,45 x ø1,14). Zidarra bere kolorean. Pieza leuna da, bozel-formako moldurakaz dotoretutako oinarria eta profil konkabo-konbexudun heldulekua. Kopa, esferaerdiko leuna da, ordezkatutako bozeldun estalkiagaz. XVIII. gizaldiaren azken herenean jardunean egoan Juan Antonio Vildosola bilbotar zidarginak trokelatuta dago (V panelan). 1786an 402 errealen truke eskuratu eben kopoia izango da26AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Fabrika-liburua 1751-1802, sign. 1795/003-00..

Koroa [286] (29 x 34 x 16,3). Zidarra bere kolorean urre-koloreko arrastoakaz. Ispilu obalez, ereinotz-zerrendez eta landareren batez apainduta dago saskian, lau inperial ditu ‘ce’akaz eta izar txikiez amaitutako izpi zuzen eta uhinduak. Oinarriaren atzealdean dohaintzaren idazkuna dauka: A ESPENSA DE D. MANUEL DOMINGO / DE URRIZA, eta Bilboko puntzoiak, Matias Ugarriza (UGARRIZA) zidarginarena, Manuel Loizaga (LOIZAGA) kontrastearena eta beranez landuta dago. Neoklasikoa, 1814-1825.

Prozesinoan atarateko kurutzea [287](57 x 35×12,3). Letoi eta esmaltea. Zeberioganako Andra Mari ermitatik etorritakoa da. Kurutze bitxia bai Bizkaian eta, orokorrean, bai Penintsulan be; beso biribil eta leunak ditu, boletan eta gailoi-korapilo zanpatuan amaituta. Hemen esmaltatutako hainbat medailoi dago apostoluen irudiakaz. Aurrealdean, Kristo dago, oraindik oso zurrun, eta atzealdean, Ama Birjina, apur bat aldatuta. Bilduma frantses, aleman eta belgiarretan agertzen dira antzeko piezak. Seguruenik flandestar jatorria izango dau. Errenazimendua, XVI. gizaldiaren erdialdekoa.

Doloretakoaren diadema [135], goian aitatutakoa. Barroko berantiarrekoa, XVIII. gizaldiaren amaierakoa edo XIX. gizaldiaren hasierakoa.

Txilina [288] (18,5 x ø11). Brontzea. Aho molduratua dauka eta sorbalda ebakiduraz handituta; gorputza galdatutako irudi txikiez (apostoluenak?) apainduta dago. Jatorrizko heldulekua falta dau. Errenazimenduaren azkenaldiko pieza izan daiteke.

Erlikia-ontzia [289] (26,5 x 10 x 8). Urre-koloreko metala. Oinarridun erakustegia, aingerutxo batek eutsita aukan eta albo bakotxean irudi txiki bat dauan leiho obalagaz. “Ce”ak eta landareak be badagoz eta kurutzean amaitzen da. Santo Tomas eta San Lorentzoren erlikiak ditu. Rokokoa, XVIII. gizaldiaren azken herenekoa.

Mailu bi [290]  (24 x 12 x 12, varal 160). Urre-koloreko metala. Buruek hiru aurpegi dabez; profil lerronahasi konkabo-konbexua dabe eta gainazala ‘esez’, ‘cez’ eta beste motibo geometrikoren batez apainduta dago. Hagak zatikatuak dira, zirrindola molduratuakaz. Rokoko, XVIII. gizaldiaren amaierakoak.

Eleiz Museoan gordailuan itzitako osagaiak

 

Betiereko Aita [291] (62 x 129 x 29). Egur polikromatua. Triangelu-formako frontoia; bertan, Betiereko Aitaren bustoa agertzen da, eta guztiaren gainean, piramide-formako hiru pinakulu. Erretaula baten amaiera izango zan. Burua, ulaje eta bizar lodi eta mobiduakaz, eta jantzien egikera mardula ikusita, XVI. gizaldiaren amaierako Errenazimendu erromanistako pieza dala esango geunke.

Betiereko Aita [292] (29 x 117 x 20). Egur polikromatua. Aurreko piezaren antzeko ezaugarriak; gorpuzkera mardula, aurpegi, ulaje zein jantzietan. Errenazimendu erronanista, XVI. gizaldiaren amaierakoa.

Betiereko Aita [293] (45 x 198 x 20). Egur polikromatua. Anatomia sendoa, ulaje eta, batez be, bizar kiskurrakaz; jantzi aberats eta hanpatuak ditu eta plantazko hodei kiribilduek osotzen dabe pieza. Bizkaian erromanismoko egilerik onena izan zan Martiz Ruiz Zubiaterena da. Errenazimendu erromanista, 1590 ingurukoa.

Vernako mendiko miraria edo San Frantziskoren Estigmatizazinoa [294] (119 x 101). Orio-pintura mihisearen gainean. Agerraldia ezohikoa dalako nabarmentzen da mihise hau. San Frantzisko dago Kristoren ondoan, Verna mendian estigmak jasoten dituan unean (1224. urtea). Jesus, hegodun serafin bat balitz lez jaisten da eta santuak oin eta eskuetako estigmak erakusten ditu. Arin argiztatutako tontor txiki baten gertatzen da guztia, beharbada, mendia, egunak argitu izan baleu lez, sutan ikusi ebela autortu eben lekukoen testigantza kontatzen dauan kondaira gogora ekarriz. Paleta, hotza eta kontrastatua da, konposizinoa, pintzelkada baino hobea dalarik. Barrokoa, XVIII. gizaldikoa.

Santa Luzia [295] (136 x 103,5). Orio-pintura mihise gainean. Bizitasunez betetako agerraldian, Luzia eder eta dotorea agertzen da. Begiak -santaren ezaugarria- jasoten dituan erretiluari eusten deusen aingeruei begira dago eta eskuak kontrako aldera zuzentzen dira; alde horretatik beste aingerutxo bat jaisten da loreen koroaz, martiri zala agertzeko; martiri izate hori gogoratzen dau Luziak eskuetan dauan palma-hostoak be. Aurpegi fina dau eta jantzi aberatsak ditu eta baita bitxiak be. Hondoa neutroa da, zeru argitsu erara, erdiko irudiak daualarik protagonismo guztia. Barrokoa. XVIII. gizaldikoa.

Karmeneko Ama Purgatorioko Arimen gainean [296] (107 x 79). Orio-pintura mihisearen gainean. Maila bitan eratuta dago: alde batetik, goialdean, Maria, Umea besoetan dauala hodei eta kerubinen buru piloaren gainean; eta bestetik, behealdean, hiru pertsonaia Purgatorioan erretzen. Kontrastea nabaritzen da erabilitako paletan be, epelagoa beheko partean. Pertsonaiak, era berean, artega eta mobituago agertzen dira gune honetan, sugarren eraginez, baina aurpegierak ez dira lar atsekabetuak. Bitartean, Ama Birjina eta Umea eserita dagoz, baketsu eta kondenatuei errukiz begiratuz. Barrokoa, XVIII. gizaldikoa.

Grabatu bi [297] (70,5 x 46,7). Akuafortea. Guztiz hondatuta dagoz; batek Loiolako San Inazio irudikatzen dau, kerubinez inguratuta eta arrokailaren barruan; besteak San Anbrosio bere idazmahaian idazten, rokoko erako marko beraren barruan. Klauber (Johann Sebastian eta Johann Baptis anai grabatzaile eta inprimatzaileak, 1737 eta 1787 bitartean jardun ebenak) etxeko grabatuak dira, Johann Georg Bergmüllerren (1688-1762) marrazkietan oinarrituta egindakoak. Augsburgon (Alemania) inprimatu ziran. XVIII. gizaldiaren erdialdekoak.

11 grabatuz osotutako bilduma [298] (39 x 49, 39 x 51). Akuafortea. Pio VI.a Aita Santuaren bizitzako hainbat pasarte (koroatzea, bisitak hainbat pertsona ospetsuri, atxilotzea, heriotza…). Luigi Agricola, Giacomo Beys, Luigi Scotti eta Ercole Petroniren marrazkiak oinarritzat hartuta egindako laminak dira, Pietro Bonato, Nicolo Aureli, Giovani Petrini, Pietro Savorelli, Pietro Fontana, Angelo Campanella, Domenico Marchetti, Giovanni Petrini eta Allesandro Mocchettik grabatutakoak. Erroman inprimatuta, 1805.

JMGC – RCL

9. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00; Kontuen eta bisiten liburua 1803-1839, sign. 1802/001-00.

10. ALZOLA CAVIEDES, 1995, 169. or.

ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

11. Ibid.

12. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.

13. BFAH-AHFB, Judiziala, Zuzentzailea, Zibila, JCR 1061/027 signk.

BAHP-AHPB, Notario-protokoloak, 4736 leg., Sierra Baquiola eskribauaren erregistroak, 1668-4-15.

14. AM. Zeberioko U.A., Notario-protokoloak, 18. kap., Juan de Urquiza eskribauaren erregistroak.

15. MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 96-97 or, 122, 204-205, 302.

MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Flandesko isladak. Gotiko berantiarreko eskultura higigarria Bizkaian. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia, 2011.

16. Ibid.

17. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.

18. Zeberioko U.A., Infantzoi aldearen kontuak, 16. eta 18. kap.

LANGE, 1996, 166-167. or.

LANGE, Jürgen. Economía rural tradicional en un valle vasco. Sobre el desarrollo de estructuras mercantiles en Zeberio en el siglo XVIII. Bilbao: Beitia, 1996.

ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 292-293. or.

ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo barroco en Bizkaia. Bilbao: Kulturarako Bilboko Foru Aldundiko Saila, 1998.

19. Ibid.

20. BARRIO LOZA, Jose Angel (dir.), MOLINUEVO ZABALLA, Maria, eta ROMANO VALLEJO, 2005, 170-171 or.

BARRIO LOZA, Jose Angel (dir.), MOLINUEVO ZABALLA, Maria, eta ROMANO VALLEJO, Maria. Bizkaiko kanpaiak / Campanas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia – Kultura Sailak / Diputación Foral de Bizkaia – Departamento de Cultura, 2005. (Inventarios bilduma, 12. zenb.). Eskuragarri hemen: https://www.bizkaia.eus/Kultura/kanpaiak/index.asp?idioma=CA

21. Ibid.

22. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Zeberioko Eleizateko kontuak 1753-1754, signatura: 1798/029-00; Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.

23. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Zeberioko Eleizateko kontuak 1753-1754, signatura: 1798/029-00; Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.

24. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00

25. Zabala Altube, 1992/93, 197. or.

ZABALA ALTUBE, Maria Jose. “Pervivencias iconográficas pre-romanas en las estelas medievales vizcaínas”. En Kobie (Serie Paleoantropología). Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1992-1993, XX. zenb., 195-207 or. Eskuragarri hemen: https://www.bizkaia.eus/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/2/kobie_20_PERVIENCIAS%20ICONOGRAFICAS%20PRE-ROMANAS%20EN%20LAS%20ESTEL_15.pdf

AZKARATE GARAI-OLAUN y GARCIA CAMINO, 1996, 155-158 or.

AZKARATE GARAI-OLAUN, Agustín, eta GARCÍA CAMINO, Iñaki. Estelas e inscripciones medievales del País Vasco (siglos VI-XI). I. País Vasco Occidental / Euskal Herriko Erdi Aroko hilarri eta inskripzioak (VI-XI. Mendeak). I. Euskal Herriko Mendebaldea. Bilbao: Servicio Editorial de la Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea Argitalpen Zerbitzu, 1996. Eskuragarri hemen https://www.academia.edu/1267216/AZKARATE_A_GARC%C3%8DA_CAMINO_I_1996_Estelas_e_inscripciones_medievales_en_el_Pa%C3%ADs_Vasco_occidental_Bilbao_Universidad_del_Pa%C3%ADs_Vasco

AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Fabrika-liburua 1751-1802, sign. 1795/003-00.