SANTA MARINA ERMITA
Nerbioi Garaia
Orozko | Gezuri auzoa
Laburpena (PDF)
Gezuri auzoa (48410)
p.sanjuan.orozko@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Gezuriko edo Agirreko Santa Marina ermitea Arrola mendiaren tontorrean dago [2], Ganekogorta mendigunearen begiradapean, eta Orozkoko beste ermita batzuk ikusi leitekezan paisaia zabala menderatzen dau. Deialdi-ahalmen handiko tenplua zan, eta bertara errogatiban joaten ziran lehortea jazo ezkero; gainera, haren adbokazinoek umedun eta erditzeko dagozan andren babesean daukie ardatz nagusia1ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. liburukia, 487-488. or. OJANGUREN IRALAKOA, 1997, 87-88. or..
Oinplano [3] angeluzuzenekoa da [4] [5], nabe bat dauka, estalgiaren altueran zatikatua, eta euskarri batzuek lau zatitan banatua; lehenengo zatiak presbiterioa osotzen dau, eta azkenekoa oso neurri txikerrekoa da. Buruhormari atxikita, kanpantorre funtzinoa beteten dauen gela txiki bat dago [6]. Eta oinaldean eleizpe nahiko zabala, mendizaleen gordelekua zana hurbileko aterpea eregi zan arte.
Malda nabarmenean amiltzen dan lur oso irregular baten gainean altzauta, zokalo trinko bat sortu behar izan da zorua horizontalizetako. Estereobato hori, zeina sartalderantz jausten dan apurka [7], kanpantorrearekin indartzen da burualdean. Kanpantorreak, barriz, zokalotxu mailakatu bat dauka, segurtasun handiagoa eukiteko.
Hormak ageriko harlangatxezkoak dira, izkinetan eta leihoetan hobeto landutako piezakaz, eta sarbideetan baino ez dira harlanduak. Aparailu hori ia osorik agerian dago, zarpiatze barik.
Barrualdean, jesarleku jarraituak eregi dira [8] horma nagusietan, harlangatxez be bai, eta hiru altara-mahai presbiterioan.
Zoladurea egikera barrikoa da, hormigoizko karesne arin bat lur egosizko baldosa zaharren gainean. Presbiterioa eta nabea banatzen dituan lekuan baino ez da gordeten harrizko lauzadurea.
Estalgia egurrezkoa da, goihabezko ageriko egitura bat, hiru zertxak indartua, horreetako batzuk pendoloiakaz edo errefortzu-tiranteakaz, eta horman enbutidutako oinaldeetan bermatzen da. Oso sistema sinple eta pragmatikoa.
Lehenengo zertxea, gainera, egurrezko pilare bitan oinarritzen da, piramide-enbor formako harroinen gainean, burualdearen alde hori markauz.
Teilatua isurki bikoa da, arkupearen inguruan izan ezik, non hiru isurkikoa dan.
Tenplurako sarbide nagusia oinaldean dago [9]. Zazpi dobelako arku zorrotzeko hutsunea da, eta forma erdizirkularreko estradosa dauka. Bada bigarren sarbide bat be [10], gaur egun ohikoa dana, dinteldua. Haren ondoan, urbedeinkatu-ontzia [11], ia kubikoa, eta kurutze soil bat, harlandu baten grabaua.
Eleizearen argiztapena hegoaldean leiho dinteldu pare bati esker lortzen da, horreetako bat XX. mendeko 80ko hamarkadearen hasieran edegia.
Ermitearen burualdeari atxikita, kanpantorrea dago, tenplua baino estuagoa dan gorputza osotuz, eta kanpotik sartzen da bertara, iparraldera edegitako pasabide dinteldu batetik.
Gailurrean urrunetik ondo ikusten dan kurutze bat ipini da, eta, horren azpian, inposta zakarren gainean oinarritutako bao erdizirkular baten, kanpaia. Ikusmenak eta entzumenak elementu hori nabarmen bihurtzen dabe ingurunean.
Sartaldean eleizpe bat dauka [12], hiru isurkiko estalgiagaz. Gainerako eraikinaren sinpletasunagazko kontrastean, hemen ikusi geinkez, habe etxunetan zizelkatuta, zapata batzuk [13], erdiko sokakaz, XVIII. mende amaierako pieza barrokoak.
Beste hainbat kasutan lez –Orozkotik urten barik be– kondairak kontetan deusku Gezuriko Santa Marina tenplua Larragorri izeneko beste paraje baten eregiten hasi zirala. Baina gauero idi-gurdi batek eroaten ebazan han pilatutako eraikuntza-materialak gaur egungo kokalekura, eta horregaitik erabagi eben eleiztarrek aukeratutako kokalekua aldatzea2ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. liburukia, 488. or..
Sarbideko arkuak XVI. mendearen hasierako urteetara garoaz, baina 1624ra arteko dokumentazinoan ez da aitatzen ha konpontzeko agindurik.
“San Migel, San Fausto eta Santa Marina ermitak, euren kontura edo konponketak egiteko limosnea eskatzen eben personak izentauta, ermita horreek ez euken-ta manteniduteko berezko errentarik”3AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak, bisitak eta inbentarioak 1601-1716, sign. 2990/001-00. BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. liburukia, 335. or..
1794an, Calahorrako Eleizbarrutiak ermitea erestea erabagi eban, egoera txarrean egoalako. Halanda be, Dulumango San Juan eta Muruetako San Pedro auzoetako bizilagunek protesta egin eben jazoera horren aurrean, “herria trumoi-hodeien ekatxetatik eta andren bularreko minetik eta halango beste gatx batzuetatik babesten ebala” argudiatuz. Erestea saihesteko, epaitegietara jo eban Udalak, eta lortu egin eban. 1798ko hasieran berreregite-lanak martxan egozan –“oin barriko” ermita bat aitatzen da–, eta horren arduraduna Juan de Olavarría izan zan4CONDE FUENTE, 1997, 239. or... Fabrika barrian oinaldeen sartunea aprobetxau zan barriro.
1. ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. liburukia, 487-488. or.
ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia / Labayru Ikastegia, 1987, 3 liburuki.
OJANGUREN IRALAKOA, 1997, 87-88. or.
OJANGUREN IRALAKOA, Pedromari. Paseos por Orozko. Bilbao: Egilearen edizinoa, 1997.
2. ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. liburukia, 488. or.
ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia / Labayru Ikastegia, 1987, 3 liburuki.
3. AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak, bisitak eta inbentarioak 1601-1716, sign. 2990/001-00.
BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. liburukia, 335. or.
BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.). Bizkaia. Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Bilbao: Deustuko Unibertsitatea – Deiker / Bizkaiko Foru Aldundia – Hirigintza eta Ingurumena, 1989-1991, 3 liburuki.
4. CONDE FUENTE, 1997, 239. or.
CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
ALTZARIAK
Erretaulak
Ermiteak erretaula bat dauka [14]. Egurrezkoa da, bere kolorean, nahi-ta tindauta egon, iluntzeko, solairu bakarrekoa da eta kale bakarreko atikoa dauka. Zorua, zutabe korintoar ildaskatu eta tartekatuen artean, erdizirkularra da, eta bazter-txokoetan hostoz eta loraz egindako markoa dauka, etxerako; eta intradosean, lora handietarako kasetoiak. Taulamentu leun batek –dentikulu batzukaitik izan ezik– atikoari bidea emoten deutso; atikoko etxea barriztapen bat da, biribilkatutako arbotanteak jatorrizkoak badira be.
Badakigu 1656an 100 erreal ordaindu jakozala Juan de Bolialdeari, Foruan jaiotako erretaulagile eta eskultoreari, ermitan erretaula bat trazau eta egiteagaitik. Baina 1675ean, 19 urte geroago besterik ez, Tomás de Isasik 300 erreal jaso ebazan “Santa Marina ermitako erretaularen kostuagaitik”5Orozkoko San Joan Bataiatzailea parrokia – Zubiaur, Kontuak, bisitak eta inbentarioak 1657-1714, sign. 2970 / 004-00.. 19 urteren buruan erretaula barri bat izateak arraroa dirudi, baina zenbatekoa handiegia da aurrekoaren barritze edo konponketa bat izateko. Leitekena da dohaintza batek tenpluko altzariak barritzeko aukerea emon izana. Datea, dana dala, egokia da erretaula barroko honetarako, apala, baina holango tenplu baterako duina.
Santa Marinaren irudia hartzen dau [15] (87 x 35 x 26), janztekoa, eta jatorrizkotik geratzen dan gauza bakarra burua da, egur polikromauan egina. Arpegi finekoa da, baina ez dau keinurik egiten. Onena ulean egindako lana da, atzerantz kulunkatutako adats izurtuz taiutua. Baleiteke, antza danez, obrea erretaularen garai berean egin izana. Mantuz eta barruko atorra egin barriakaz jantzita dago, eta egin barriak ditu eskuak be. Juan de Asanak polikromau eban 1662an6Ibid.. Umedun eta erditzeko dagozan andren abogadua da, eta garagarrilaren 18an ospatzen dabe haren jaieguna. Kondairearen arabera, Santa Marina honek titular bereko beste Santa Marina batzukaz trukatzen ebezan bisitak Gangurenen (Galdakao) eta Sopela/Urdulizen7ECHEGARAY, 1932, 407. or..
Atikoan, Santa Sinforosa [16]. Egur polikromaua, pintura industrialagaz birpintaua. Zutunik eta jarrera sutsuan, pose apur bat mobidua erakusten dau, burua biratuta eta eskuak jokoan dituala. Kurutzatzen dan tunikeagaz eta mantuagaz jantzita dago, eta tolestura zabal nahiko ondo ebatziak sortzen ditu. Esku-azpia saihetsean dauka baldarki bermatuta. Barrokoa, XVIII. mendekoa. Izen hau bakarra da Bizkaian, eta ermitearen babes-ahalmenetan eragina dauka: Santa Sinforosa emagina zan, eta emaginen babeslea, eta haren jaieguna be garagarrilaren 18a da.
Eskulturea
Santa Ageda [17] (82 x 24 x 19). Egur polikromaua, pintura industrialagaz birpintaua. Santuaren tailu herrikoia, berezko ezaugarriak dituana: erretilua bularrakaz eta bere martiri-izaereari jagokon palmea. Irudiaren birpintaketa itxurabakoa gorabehera, aspaldikoa dala dirudi, eta kanon luzangako eta adierazkortasun mugatuko tailua ezkutetan dau, Erdi Aro berantiarrekoak dirudien alderdi formal batzuk dituana (uleak gorputzari itsatsita eta atzerantz, tolestura hautsiak daukiezan oihalak, zapata puntadunak…). Barriro be amak babesten dituan santa bat, hain zuzen be, erditze gatxak eta edoskitze-arazoak daukiezanak.
Beste elementu batzuk
Prozesino-kurutzea [18]. Pintura industrialagaz birpintatuako egurra. Beso zuzenekoa da, eta boluta txikiek zehartzen dabe haren profila. Besoak lingoteetarako zabalguneetan errematetan dira lau muturretan, eta zitori hori itxurako amaierak daukiez. Erdialdean, profil angeluzuzeneko koadroi hutsa. Eta, behetik, pertikaz entxufetako; horrenbestez, presbiterioaren buru zan, eta beharbada prozesinoa egiteko be balio izan eban. Elementu formalek XVII. mendeko errepertorioa darabile.
JMGC – RCL – AAS – MRV
5. Orozkoko San Joan Bataiatzailea parrokia – Zubiaur, Kontuak, bisitak eta inbentarioak 1657-1714, sign. 2970 / 004-00.
6. Ibid.
7. ECHEGARAY, 1932, 407. or.
ECHEGARAY, Bonifacio de. “La devoción a algunos Santos y las vías de peregrinos”. In Revista Internacional de Estudios Vascos. San Sebastián: Sociedad de Estudios Vascos, 1932, 23-2 zk., 406-407 or. Hemen irakurgai: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/PDFAnlt/riev/23/23406407.pdf