OBAKO SAN JOAN ETA SAN ANTOLIN ERMITA

(Kepa Deuna parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Dima | Oba auzoa

i

Folletoa

Oba auzoa z/g, 48141

p.kepadeuna.dima@bizkeliza.org

ERAIKINA [1]

Ermita honek oinplano [2] errektangularra dauka, nabe bakarekoa hiru atal eta burualde zuzenagaz [3]; honek sakristia dauka atxikita eta, honen gainean, epistolaren aldean, etxebizitza dago [4]. Korua dauka oinaldean eta inguruko eleizpea. Oraingo bolatokia dauka burualdeari atxikita [5], erdiko nabeagazko perpendikularrean, tenpluaren bolumen orokorra nabarmen aldatuz.

Egitura, horma-harri irregularrekoa da [6] eta harlanduz sendotuta dagoz izkinak eta sarbidea [7]. Altara atzean, hiru horma-hobi zulatu dira arku okertuan irudiak hartzeko [8].

Zoladura, oholtza da [9] bankuen azpian, erdiko korridorean izan ezik, lauzatuta dago-eta [10]. Altara-aldea maila baten altxatzen da [11].

Hiru isurialdeko estalkia dauka [12], hiru zertxaren gainean jarritako eta barrualdetik oraingo oholtzaz estalitako egurrezko egituragaz [13].

Barrualdera garoazan sarbidea tenpluaren oinaldean irekitako bost dobeladun arku okertuaren bidez da [14]. Kanpai-hormaraino, aurrealde honen erdiko ardatz osoa hartzen dauan kareharrizko portadan urratzen da; honako hau oso ondo eskuairatutako harlanduz landuta dago eta horma baino apur bat aurrerako [15]. Albo banatan, urbedeinkatu-ontzi erdi-oboideak [16] [17]; kikaran gailoi handiak dabez eta errematatzeko kurutzea Golgotaren gainean grabatuta.

Altara-aldean, iparraldera, beste sarbide bat dago [18], gaur egun hormatuta eta kutxa bi gordetzeko erabiltzen dana. Buruduna da eta ingurua harlandu handiz apainduta dauka.

Iparraldeko eta hegoaldeko hormetan aurrez aurre dagozan eta adreiluzko leiho-burua daben hirunaka hutsarte okertutik sartzen da argi naturala [19]. Hegoaldekoak, luzeagoak dira [20], eta ebanjelioaren aldekoak, zapalak, seguruenik eleizpea berregin zanean aldatu egin ziranak. Burualdean hegoaldera zabaldutako leihoa hormatuta dago. Koruaren parean, beste hutsarte bat dago, buruduna eta txikia [21].

Korua goian dago nabearen oinaldean [22]. Egurrezko osagaia da, aurrealdeko zeharragaren gainean, eta karela dauka [23], hau be egurrezkoa eta oraingoa. Egurrezko eskailerak [24] garoaz klaustrora.

Sakristia dauka tenpluaren burualdeari atxikita [25], eta epistolaren horman urratuta jatsitako arkua dauan hutsartetik igaro gaitekez bertara [26]. Hegoaldera urratutako jatsitako hutsartetik sartzen da argia [27].

Kanpai-horma dauka goihabearen gainean, tenpluaren oinaldean [28]. Kareharrizko harlanduzkoa da, erdi-puntuko hutsarte bakarragaz kanpaia hartzeko [29] eta frontoiagaz; ertzetan, boladun pinakulu txikiak dagoz [30] eta errematean, harrizko kurutzea [31].

Ermitan, eleizpea be badago [32]; jatorrian ermitaren inguru osoa hartuko eban, baina gaur egun, moztuta dago bolatokia jarri ahal izateko. Eremu arkupetu hau isurialde bakarreko teilatuaz estalita dago [33], ermitaren horman mentsulen gainean eta kanpoaldera hormarrizko horma altuan bermatzen diran egurrezko oinarri zuzenen gainean dagoan teilatuaz [34]. Epistolaren aldean aldatuta dago, altuera gehiago emoteko, orain erabiltzen ez diran eta bistan dagozan mentsulek [35] agertzen daben lez. Antza danez, barrikuntza honek hutsarteetan be eragin eban. Oinaldean, itxita dago zati baten [36]. Zoladura, harlauzazkoa da [37] eta mendebaldean, hormari atxikitako harrizko bankua dauka.

Obako San Joan eta San Antolin ermita hainbat barritze izan dauan tenplu barrokoa da. Horreen eraginez, asko aldatu izan da jatorrizko itxura. Holan, agirietan jasota dagoanez, 1914an 1,20 m. altxatu zan teilatua, teilatu-kutxilo bi burdinazko tirantedun beste ireki biz aldatuz. Gainera, sakristia barria eraiki eta ganga oholaz estali zan. Carlos Ausmendik egin ebazan lanak eta 4.377 pezeta ordaindu eutsoezan 1AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Askotariko paperak, 1914, 1887/000-00 sign. .

Zenbait urteren buruan, 1923an, bolatokia eraikitzeko baimena emon zan eta horretarako eleizpea estutu behar izan eben, tenpluaren jatorrizko itxura nabarmen aldatuz2AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Gotzainaren gutuna Jeronimo Bernaola abade lagunkidearei kontzesinoei buruz, 1923-10-26 eta 1924-05-20, 1886/049-00 sign..

ALTZARIAK

Ermita honetako kontuei dagokionez, oraintsukoak dagoz gordeta, 1914tik aurrerakoak. Gainera, aitamen gitxi dago tenpluaren altzari-hornidurari buruz.

Besteak bestek 1914ko datua, altara barriak, “con sus respectivos retablos de color nogal”, gaztainondo-egurraz eraikitzeari buruz3AHEB/BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Askotariko paperak, 1914, 1887/000-00 sign.. Ez dabe gaur egunera arte iraun eta irudi solte batzuk baino ez dagoz.

Eskultura

 

 

 

San Anton [38] (77 x 25 x 20). Egur polikromatua. Santua zutik dago eta burua arin makurtuta dauka eskuan dauan libururantz. Aurpegierak ohiko ezaugarriak daukaz: begi handiak, bekainak kakotuta, sudur zuzena eta bizar luze eta mardula, guztia eskematiko samar landuta. Adierazpen neurritsua dauka, naturalista baino gehiago, tipologikoa, zelanbaiteko hieratikotasunagaz. Aurpegiaren lanketa eta bolumenen soiltasuna ikusita, nahiko hedatuta dagoan estiloa atzematen jako. Monjearen abituaz jantzita dago, hau bi, tunika eta gainjantziaz, tolestura zabalakaz eta jauskera bertikalagaz, bolumenari dagokionez larregizko konplexutasun barik. Polikromian, tonu baltz eta marroxkak nagusitzen dira, urre-koloreko puntuez txipriztinduta. ‘Tau’ formako makilari heltzen deutso eskumako eskuaz, eta zabalik dagoan liburuari besteagaz. Oinarri osoa sugarrekoa da, “San Antonen sua” dalakoari buruzkoa. Eta garren artetik agertzen da txarrikumea, santuaren ezaugarria. Gotiko berantiarreko irudia, 1520-1530 ingurukoa4MUÑIZ PETRALANDA, 2011a, 125, 250 or.; cd. .

San Antolin [39] (109,5 x 32,5 x 29,5). Egur polikromatua. Santu diakonoa dalmatikaz jantzita dago, liburu eta martiritzaren palmondo-hostoa ditu eskuartean. Irudia, trinko eta aurrez aurrekoa da, baina ez erabat zurruna, behealdean kontraposto arina atzeman daitekelako, mobimentua eragiteko asmoagaz, batez be tunikan eta bete tolesturetan. Tunika, garapen bertikaleko tolestura zabaletan jausten da, zelanbaiteko astuntasun eta erregulartasunez. Bere gainean, dalmatika dauka, begietara pisu handia dauana, osagai edergarri bihurtzen daben zizelkatutako litsez apaindutako ertzakaz. Osagaiok ez dabe benetako bizitasunik eragiten, gorputzari nahiko zurrun atxikita dagoz-eta, bolumen itxi eta trinko amarrak eratuz. Aurpegiera gazte eta idealizatua dauka, adierazpen bare eta neurritsua dauka, asaldatze emozional barik. Begirada jasota dauka eta burua arin makurtuta eta horrek bizipen mistiko sakona ez ezik bere barrura begiratzera daroan espiritualtasuna erakutsiko leuke. Ulajeak, ule-sorta ordenatuetan jarrita, lanketa soila, bibrazino eta zehaztasun bakoa, agertzen dau. Orokorrean, pieza hau trantsizino estilistikoko unean kokatzen da. Tradizino klasizistetatik jasotako egituraren gogortasuna eta zurruntasuna atzematen jakoz, baina baita formen biguntze arina be eta naturalismoari arreta gehiago eskeintzen deutso oihalen jauskeran. Oraindik ez dau ez bizitasun beterik ez pathos barroko garaturik; neurritsua da, lekuko ingurura lotutakoa. Horregaitik, seguruenik XVIII. gizaldiaren lehenengo laurdenekoa izango da, XVII. gizaldiko inertzia formalak eta barrokoko barriztapenaren lehenengo zantzuak buztartzen ziran sasoikoa.

Kristo kurutziltzatua [40] (212 x 113 x 23). Egur polikromatua. Inunganen egoan Aitakurutzeko ermitatik, Mañariatik eta Dimatik, etorritakoa da. Besoak zabalik daukaz ia horizontalean eta gorputza ia bota barik, kurba dinamiko nabarmenik eragiten ez dauan beherapen arinagaz. Bertikaltasun eta egonkortasuna dario irudiari, eta gorputzaren zama jaiste kontrolatu lez atzematen da eta ez hainbeste tentsino dramatiko lez. Anatomiari dagokionez, gorputzaren bolumenak apur bat sendotuta dagoz, gorputz-enborra zabala da eta sabelaldea atzeman baino ez da egiten; gorputz-adarrek profil biribila dabe. Lanketa hau, analitikoa baino gehiago trinkoa, naturalismo betetik urrun dago eta XVII. gizaldiko ebazpenen antz handiagoa dauka. Gerripekoak berretsi egiten dau guzti hori. Korapilo nabarmena dau albo baten, eta tolesturak zabalak dira, astunak, bolumetria-loditasunagaz. Ez jako gorputzari atxikitzen eta ez da erritmo arinetan zatikatzen, astuntasun handiz jausten da, irudiaren egitura orokorrean txertatutako ehun-multzoa osotuz. Jantzia bera, berez, eskultura dala izan daiteke eta ohikoa da barroko goiztiar edo ertainekoan, soltura eta bibrazino gehiagoko eredu aurreratuen aurretik. Aurpegiak, apur bat makurtuta, adierazpen neurritsua eta barneratua dauka. Begiak erdi itxita daukaz eta ahoa erdi zabalik, heriotzatik igarotzea irudikatuz, baina larregizko keinuketa barik. Ez dago ez dramatismo sumindurik ez nabarmenkeriarik, hunkiberatasun barrenkoia, ia isila. Ule-sorta zehatzetan, sakontasun handi barik eratutako ulaje eta bizarrak forma-soiltasun horren sentsazinoa baieztatzen dabe. Polikromiak, odol-arrasto argi baina ez landuegiakaz, narrazino-egitekoa betetzen dau, baina efektu naturalista konplexuetan sakondu barik. Osorik hartuta, lanak estilo barroko neurritsua agertzen dau, seguruenik XVII. gizaldi aurreratukoa, erdialdekoa.

Interes etnografikoa daben osagaiak

 

Ama Birjina Mirarigilearen etxez etxeko kutxa [41] (48 x 22,5 x 17,4). Egur eta ore polikromatua. Debozinozko osagaia, etxez etxe erabiltzen zana, aurrealdea beiraz hornituta daukan eta barruan Ama Birjina Mirarigilearen irudia hartzen dauan egurrezko kutxa erakoa. Egitura, egur ilunekoa da, forma prismatikoa dauka eta goiko errematea arku zorrotzean, zulo-puntuz egindako trazeria neogotikoagaz. Multzoa idulki molduratuaren gainean bermatzen da. Barruan, Ama Birjina Mirarigilearen irudia dago, bere ohiko ikonografiagaz, eta seriean egindako pieza da. XIX. gizaldiaren amaierako edo XX. gizaldiaren hasierako pieza.

Berriotxoako San Balendinen etxez etxeko kutxa [42] (49 x 20,8 x 15). Egur eta ore polikromatua. Debozino pribaturako osagaia, egurrezko kutxa prismatiko erakoa, aurrealdean zabalik dago Berriotxoako San Balendinen irudia ikuskatzeko. Aurrealdean, arku lerronahasia dauan hutsartea zabaltzen da, historizista, forma zorrotz eta gingildunak nahasiz. Barruan, santuaren irudia dago, domingotarren jantziaz, norbere baitan biltzeko jarreran, eskuak paparrean dituala. XX. gizaldiaren hasierako pieza izango da.

Eleizbarrutiko gordailuan gordetako osagaiak (urre-, zidargintza)

 

Kaliza [43] (23,5 x 14,6 x 10,2). Zidarra bere kolorean. Oinarri biribila, profil konkortua, erlaitz leunagaz eta goiko maila bardinduagaz. Tarteko maila honetan, gehien garatutakoan, grabatutako apainketa soila dago, esate baterako, IHS eta beste zenbait motibo txiki. Heldulekuak, beranez landutako zirrindolan amaitutako zilindro-formako lepoan hasten da, eta bere gainean korapiloa doa, arrautza itxurakoa, berunez landutako hostoen motiboakaz, eta goian kate-itxurako obalo-brodatuak landareakaz. Kopa, leuna da eta kanpai-formako profila dau. Oinarriaren atzealdean, Pieza hau 1570-1580 inguruan landuko eban Martin Arrieta bilbotar zidarginaren puntzoia (MDARIETA) agertzen da.

Eleiz Museoan itzitako osagaiak

 

Santua [44] (70,5 x 18 x 13). Egur polikromatua. Atzealdetik hustutako santuaren irudia; zutik dago, aurrez aurre, eta jarreran zein bolumenen trataeran eragina dauan zurruntasun nabarmena ikusten jako multzoari. Aurpegiari dagokionez, almendra-itxurako begiak ditu, zabal-zabalik, begirada finkatu eta sakona, begiak apur bat zuloetatik atarata, santuari itxura hieratiko eta hotza emonez. Lerro-formako bekainak ditu, sudurra zuzen eta luzexka da, eta ahoa, txikia, itxita, adierazpen neurritsuagaz. Bizarra, motza eta eskematizatua, bolumen soilean eratuta dago, ia ez dau sakontasun naturalistarik, eta ulajea era uniformean jausten da, multzo trinkoan. Azpian dagoan anatomia ia ez da atzematen: gorputza, jantziaren menpe dago erabat eta modelaketa anatomikoan ez da arreta handirik jartzen. Besoak aurreratuta eta tolestuta dagoz, galduta dagozan ezaugarriei eutsi izan baleutse lez. Jantzien lanketa bereziki esanguratsua da. Gorputzaren gainean diagonalean dagoan gainjantziak tolestura zabal eta astunak eta zurrun samarrak sortzen ditu; euron jauskera ez da bape naturala eta ez dau sakontasunik. Barruko tunika ozta-ozta agertzen da eta gainjantziak kentzen deutso protagonismo osoa. Polikromiaren arrasto interesgarriek iraun dabe, baina oso gastatuta dagoz. Goialdea, hondo ilunaren gainean, urre-koloreko motiboez margotutako urre-xaflaz apainduta dago; gainjantzia gorria da eta zati zabalak galduta dagoz, prestaketa bistan itziz. Azalaren tonua, matea da, argia, ia xehetasun barik ezarritakoa. Estilismo eta kronologiaren ikuspuntutik, lan hau gotikoa izan daiteke, hedatutako eredua edo bigarren mailako tailerren baten egindakoa, XIV. gizaldiaren amaiera eta XV. gizaldiaren hasiera bitartekoa.

San Joan Bateatzailea [45] (77 x 20 x 18,5). Egur polikromatua. Santua zutik dago, aurrez aurreko jarreran eta eskultura trinkoa da. Irudia multzo ia prismatikoan eratuta dago, ia ez da zabaltzen espazioan eta bolumen orokorrak erabat baldintzatzen dau anatomia. Aurpegiaren kasuan, burua gehiegi nabarmentzen da gorputzagazko, eta aurpegiera soila da. Begiak, handi eta almendra-itxurakoak, ondo zabalduta dagoz, eta begirada finkoa eta apur bat sarkorra dauka; pintzelkada ilunez markatzen dira bekainak. Sudurra, zuzen eta luzexka da, eta ahoa txikia, ozta-ozta markatutakoa, ezpanak ia modelatu barik. Bizarra, motza eta puntan, ule-sorta eskematikoetan, ia geometrikoetan, eratuta, eta ulajea multzo trinkoetan jausten da aurpegiaren alde bietan, hieratismoa sendotuz. Ezin gara anatomiaz baliatu gorputzaren azterketa egiteko: tunikaren azpian geratzen da gorputza eta ez jako ez muskulu-tentsinorik ez mobimenturik atzematen. Besoak era funtzionalean jarrita dagoz: bat oinetan dagoan Bildots eskematikoa seinalatuz, eta bestea liburuari eutsiz. Eskuak landugabeak dira, atzamar lodiak dabez eta ia bereizi barik. Jantzien lanketari dagokionez, tunika bertikalean jausten da, tolestura luze, zuzen eta azalekoakaz, gorputzaren bolumena ia erabat ezkutatuz. Ez da ez bizitasunik ez oihalen naturaltasunik bilatzen; alderantziz, tolesturak era errepikakor eta zurrunean eratzen dira, ia apaingarria dan logikaz. Gainjantzian be, plano soilen eskema bera ikusten da. Polikromian, tonu gorrixka eta berdeak nabarmentzen dira, azalaren tonu argiakaz aurpegian eta eskuetan. Zati askotan galduta dago, edo altxatuta, eta horri esker azpian dan prestaketa ikusten da. Seguruenik, jatorrian apainketa aberatsagoa izango zan -beharbada margotutako urre-xaflak edo urre-koloreko motiboak-. Tradizino gotikoaren barruan kokatu daiteke, hedatutako estiloa eta uri-inguruetakoa, XV. gizaldi ingurukoa.

Santa Ana, Ama Birjina eta Umea (Santa Ana hirukotxa) [46] (66 x 28 x 23). Egurra bere kolorean. Hiru irudi baten batzen dituan irudia, Santa Ana Maria Birjinari eta Ume Jesusi eutsiz, berant erdi aroko eskulturan tradizino handia eukan talde hierarkiko eta sinbolikoa sortuz. Multzoa, trinkoa da, markatutako aurreko ardatzaren inguruan antolatutakoa. Santa Ana gailentzen da argi eta garbi multzoan, ez erdian eta eserita dagoalako bakarrik, baita bere eskalagaitik be. Irudia, ozta-ozta markatuta, multzoan txertatuta dagoan jarlekuan jarrita dago. Santa Anaren aurpegieran trazu leun eta biribilduak ikusi daitekez eta adierazpen neurritsua dau. Begiek, erdi itxita, bere baitan bilduta dala agertzen dabe; ahoa, txikia da eta irribarre txikia atzematen jako. Modelaketa, soila da, aparteko kontraste bakoa, eta idealizazino errealista ez ezik sinbolikoa erakusten dau. Burukoa eta beloa daukaz, leun samarrak, tolestura gitxigaz. Esku baten liburua dauka, Andra Mariaren hezitzaile lez dauan egitekoa gogorarazoz. Maria Birjina, amaren belaunean jarrita, maila txikiagoko irudi lez eta duintasun formalagaz irudikatuta dago. Koroa dauka, eta aurpegieran, trazu finak, aurrez aurreko begirada eta adierazpen neurritsua agertzen dira. Umea, biluzik, Mariaren altzoan dago; anatomia oso soila dauka eta gora egiten ari da, jarrera dinamikoaz. Jantziak, zabalak eta inguratzaileak dira, tolestura luze eta jauskera astunagaz. Tolesturek ez dabe naturalismorik eta multzoaren bolumenari egokitzen jakez. Sentsazinoa, masa trinkoarena da, espazioan ia sartzen ez dalarik. Ez dau polikromiarik. Lana gotiko berantiarrekoa da, 1500 ingurukoa 5MUÑIZ PETRALANDA, 2011a, 181., 183., 249. or.; cd. 87-89..

MRV - RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Askotariko paperak, 1914, 1887/000-00 sign.
2. AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Gotzainaren gutuna Jeronimo Bernaola abade lagunkidearei kontzesinoei buruz, 1923-10-26 eta 1924-05-20, 1886/049-00 sign.
3. AHEB/BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Askotariko paperak, 1914, 1887/000-00 sign
4. MUÑIZ PETRALANDA, 2011a, 125, 250 or.; cd.

MUÑIZ PETRALANDA, Jesus. Reflejos de Flandes. La escultura mueble tardogótica en Bizkaia. Bilbao: Eleiz Museoa – Museo Diocesano de Arte Sacro, 2011.

5. MUÑIZ PETRALANDA, 2011a, 181., 183., 249. or.; cd. 87-89.

MUÑIZ PETRALANDA, Jesus. Reflejos de Flandes. La escultura mueble tardogótica en Bizkaia. Bilbao: Eleiz Museoa – Museo Diocesano de Arte Sacro, 2011.