SAN ANTOLIN ERMITA

(Andra Mariaren Zeruratzea parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Igorre | Garai auzoa

i

Folletoa

Garai auzoa 11, 48140

p.andramari.igorre@bizkeliza.org

ERAIKINA [1]

San Antolin edo Sandundi ermita arboladian dago, Garai auzora daroan bidetik hurran. Oinplano errektangularra dauka [2], estalkiaren parean barruko atal bitan [3] [4] eta kanpoko eleizearen eremuan banatuta.

Hormak hormarri irregularrez eratuta dagoz, bistan barrualdera zein kanpoaldera. Eraikinak ertzak eta sarbide ingurua sendotu egiten ditu ondo eskuairatutako hareharrizko harlanduez baliatuz, batez be aurrealdeko euskarri bertikal errektangularretan [5]. Lursailean ondo kokatzeko, eraikina lodiera handiagoko oinarrian finkatzen da; hau, batez be burualdeko horman eta ebanjelioaren aldekoan nabarmentzen da [6]. Oinaldean, sarbidearen gainean, adreilu trinkoko horma-atal txikia dago egurrezko egituraren artean [7].

Zoladura, oraintsu jarritako harlauzak dira, eta era esanguratsuan altxatzen da burualdean, altara hartzeko [8].

Zuzenean hormetan bermatzen dan egurrezko egituraren gainean sostengatzen da estalkia [9], eta erdian habea dauka tirante erara -berez, ez da zertxa, ez dau-eta unitaterik osotzen pareagaz-. Bitxikeria lez, pareetakoren bat zatibitua da [10]. Kanpoaldean, teilatua isurialde bikoa da eta eleizparen gainera be luzatzen da [11].

Tenpluaren oinaldean dago sarbide bakarra [12], eta pinoia ia oso-osorik zabalik. hareharrizko harlauzazko hormatxoan bermatzen diran erronboide-formako egurrezko haga-erregistro biko leiho-sareaz (goiko, behekoa baino txikiagoa) babesten da eremu hau. Egitura honen zeharraga nagusia pieza berrerabilia da, mihiztatze zaharren arrastoak ditu-eta, eta erdian, erdi galdutako data: 195… [13]. Aitatu danez, goiko tinpanoa adreiluzko egituraz ixten da.

Erdiko ardatzean dago atea, ateburu zuzenekoa eta ate-orri bakarrekoa. Aldamenean, kareharrizko urbedeinkatu-ontzia dago [14], gailoidun esferaerdiko askagaz eta pospolina beheko errematean; horrezaz gainera, plaka ebakia dauka grabatutako kurutzeagaz eta A (oso galduta) eta P letrakaz. Era berean, epistolaren hormaren euskarri bertikal errektangularrean, beste urbedeinkatu-ontzi bat dago landuta, zakarragoa kikara moduan [15].

Sarbideko hutsartearen bidez zuzenean sartzen da argia barrualdera [4].

Eraikinak eleizpea dauka oinaldean [16]. Ermitaren teilatuaren luzapena dan eta erdiko pendoloia dauan aurreko zertxari eusten deutsoen besoak dabezan egurrezko oinarri zuzenen gainean bermatuta dagoan isurialde biko teilatuaz estalita dago [17]. Euskarri honeek erdialdera sarbidea ahalbidetzeko zabaldura daukan zarpiatutako hormarrizko karelaren gainean finkatzen dira. Barruko inguruneak egurrezko banku jarraitua dauka eta eremu honetako zolua, zementuzkoa da [18].

1777ko agiri baten jasotako aitamena da ermita honi buruz daukagun lehenengoa. Han esaten danez, tenpluak “de sesenta a ochenta personas” hartu eikeazan barruan, eta, gainera, “distante de la parroquia legua y media en estado fatal” egoala esaten da 1Add a Tooltip Text.

Hondatuta egoala-eta, tenplua ez zala beharrezko eta eraisteko agindua egoala jaso zan 1793an Bizkaiko tenpluetara egindako ikuskapen-bisitan; dana dala, agindu hori ez zan bete eta eraikinak zutik iraun eban 2Add a Tooltip Text.

Ez dago esku-hartzeen beste barririk 1907ra arte; orduan, egoera eskasean dagoala esaten da barriro be eta osoko barritzeari ekiten jako, teilatua, hormak, zoladura eta liturgia altzari eta apaindura-osagaien barriztatzea barne hartuz 3Add a Tooltip Text.

XX. gizaldiaren bigarren erdialdera, 1983 eta 1984 bitartean, eraikina barritu egin eben auzotarren ekimenez eta teilatua barriztatu zan XXI. gizaldiaren hasieran 4Add a Tooltip Text.

Tenplu apala eta, ikusi daitekenez, arkitektura pragmatikoa dauana. Baina baserri-inguruaren eta ermiten arteko lotura estua agertzen dau, horri esker ekidin ebalako gotzaitegiko bisitatzaileak eraisteko emon eban agindua, zutik iraunez.

ALTZARIAK

Ia ez dago daturik eleizako altzari-horniketari buruz, eta dagozanak berandukoak dira. 1907an erretaula, altara-mahaia eta gitxienez santu ba -seguruenik titularra- ebazala emoten dau. Eta sasoi haretan kaliza, argimutilak, sakratuak eta zenbait apaingarri jadetsi ebezala. Kanpaia be baegoan, eleizpean buztarritik zintzilik, baina orain dala urte batzuk desagertu zan 5Add a Tooltip Text.

Gaur egun, zenbait eskultura baino ez dago.

Eskultura

 

San Antolin? [19]. Egur polikromatua. Santua zutik dago, aurrez aurreko eta naturaltasun gitxiko jarrera nabarmenean. Eskumako eskuaz bedeinkatu egiten dau eta ezkerrekoaz liburuari oratzen deutso. Aurpegia, obalatua da ule-mataza biribildu eta trazu oso eskematikoakaz. Alde handia dago buruaren eta gorputzaren artean. Aurpegiera serioa dauka, hieratikoa, almendra-itxurako begi handiakaz. Era oso linealean, bertikaltasuna sendotuz, mobimentu bako tolesturakaz, landutako tunika eta gainjantziaz dago. Polikromia guztiz hondatuta dago. Ez daroa San Antolin dala agertzen dauan inongo osagaitik, baina, urteak joan eta urteak etorri, bera dala esan ohi da. Pieza zaharkitua, gotiko goiztiarrekoa, XIV. gizaldiaren hasierakoa.

San Lorentzo [20]. Egur polikromatua. Santua, zutik dago, bizarra dauka, jantzi luzea eta eskuakaz parrilla zakarrari oratzen deutso, osagarri honi esker dakigularik San Lorentzo dana. Erabat aurrez aurre dago, gorputza zurrun eta estilo zaharkituko aurpegiagaz, begi handiakaz eta simetria nabarmenagaz. Alde handia dago buru eta eskuen eta gorputzaren artean. Polikromatua da, baina zati askotan galduta dauka. San Antolin lez identifikatutako eskulturagaz parea osotzen dau. Egikera bardinekoa da, seguruenik gotikoaren hasierakoa, XIV. gizaldiaren hasierakoa.

Santa Marina [21]. Egur polikromatua. Santa zutik agertzen da, eraketa dinamikoaz, gorputzaren ‘S’ mobimentuaz, tunikaren tolestura arin eta uhinduei esker. Buruak naturaltasuna agertu gura dau, alde batera jausiz gozotasunez. Eta gozoa da aurpegiera be, adats bihurridun ulaje luzeagaz batera. Liburuari oratzen deutso esku batez, eta kateari besteaz; kateaz bere oinetan dagoan, erpe zorrotzetako bat eta Marinaren jantzien azpitik buztana erakusten dituan herensugeari heltzen deutso. Polikromiaren arrasto batzuk -gehiena galduta dago- ditu. Errenazimentua, XVI. gizaldiaren erdialdekoa.

MRV - RCL - JMGC

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López – Juan Manuel González Cembellín

1. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Pedro Garay Artabe abadearen eta Igorreko kabildoaren arteko auzia parrokiako sakristiako kapilautzaren babetzaren inguruan, 1777, 3364/002-00 sign.
2. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Fabrika-liburua: kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1734-1835, 3357/006-00 sign.
3. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Kontuak eta parrokian gertatutakoaren beste hainbat datu, 1902-1936, 3358/002-00 sign.
4. ARREGI AZPEITIA, 1987a, 372. or.
ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbao: Diputación Foral de Bizkaia / Instituto Labayru – Bizkaiko Foru Aldundia – Labayru Institutua, 1987, 3 lib.
5. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Kontuak eta parrokian gertatutakoaren beste hainbat datu, 1902-1936, 3358/002-00 sign.
LARREA BEOBIDE, 1994a, 145. or.
LARREA BEOBIDE, Ángel. Igorre. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1994 (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).