SAN MIGEL ERMITA

(Andra Mariaren Zeruratzea parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Igorre | Turture / Garbe auzoa

i

Folletoa

Garbe auzoa z/g, 48140

p.andramari.igorre@bizkeliza.org

ERAIKINA [1] [2]

Atal bitan eratutako oinplano errektangularra dauka [3], eta buru-horma zuzeneko burualdea [4] [5]. Plano soil honi inguruko eleizpea gehitu behar jako.

Egitura, horma-harrizkoa da, hutsarteen ingurua eta kantoiak izan ezik [6], honeetan ohiko harlandua dago-eta. Fatxada nagusia nabarmentzen da, beheko erdia harlandu trakets samarraz landuta, beharbada aurreko eraikin batetik hartutakoa. Bistan dago kanpoaldera eta barrualdera, hemen atal bien beheko aldea zarpiatu dalarik, entokaduraren gainean bertan atxikitako banku jarraituaren bizkarraldearena egiten daben egurrezko listoiak jarriz. Burualdeak burudun horma-hobi bi ditu [7] [8], zapalak, albo bietan.

Zolua harlauzazkoa da, eta altara-aldea apur bat altxatuta dago altara bera hartzeko [9].

Estalkia [10] goihabezkoa da beheko atalean eta laua, habexkez eta lataz osotuta, lehenengo atalean eta burualdean. Atalak bereizten dabezan zeharkako habeek sendotzen dabe. Lehenengoa, altrura erdira urtengune alakatu apaingarria daukien eta desagertutako besoak finkatzeko kaxak, eta euron egokitzapenak habeetan, dabezan egurrezko zutabe biren [11] gainean bermatuta. Bigarrena hormetan sartzen da, baina desagertutako zutabeak zein besoak ahokatzeko hutsuneak ditu [12]; alaka-mailakatze arinaz be apaintzen da. Hirugarren habeak burualdea sendotzen dau; ez dauka kaxarik, baina bai molduratze alakatua alboetako baten.

Kanpoaldean, teilatua [13], hiru isurialdekoa da eta burualdean isurialde triangeluarra dauka. Eleizpea be barne hartzen dau. Oinaldean dagoan ateburudun igarobide soila da sarbidea [14], eta bere inguruuko apaindura hareharrizko harlanduzkoa da. Gaur egungo egitura, erdi-puntuko arku zaharraren -dobela bi eta giltzarri estua- barritzearen emaitza da, erdiko partea apurtu egin ebelarik burudun bihurtzeko. Barrualdera okertu soila da [15]. Atearen ondoan zirkuluerdiko ebakidura dauan urbedeinkatu-ontzia dago, gailoi-apaindura arina dauan kikaragaz. [16].

Argiztapena, burualdearen albo banatan dagozan leihoburudun hutsarteetatik dator [17] [18] , eta baita buru-horman zabalduta, barrualdera laprandura nabarmena dauan gezileiho estutik be [19]. Antzeko ezaugarriak dituan, baina kanpoaldera arin txaranbelduta dagoan hutsartea dago mendebaldeko hormaren goialdean, jatorrian oinaldean egoan koruan argi egiteko [20].

Koru hau duela urte batzuk kendu egin eben egurrezko egitura zan.

Teilatuaren goihabean obrako kanpai-horma dago [21], kanpaia hartzeko arku okertuko hutsune bakarrekoa eta triangelu-formako errematea kurutze metalikoagaz.

Multzoak inguruko eleizpea dauka [22], eraikinaren teilatu-hegal zabalaz babestuta. Aurrealdean, sarbiderako zabalik dagoan hormatxoaren gainean bermatzen diran egurrezko oinarri zuzenen gainean berbatzen da [23]. Oinaldeko zati honetan bakarrik korapilatzen da apur bat egitura, tirantea gehituz pendoloiagaz. Eremu honetako zoladura zementuzkoa da.

Sarbideko atearen ustezko arkuak XVI. gizaldikotzat jotzera garoaz, baina egia esan, Tutureko San Migel ermita 1661etik aurrera baino ez da Igorreko parrokiako erregistroetan agertzen -urte horretan teilatuaren [13] teilabarritzea dokumentatuta dago eta 1668an, jausitako paramentuaren konponketa1Add a Tooltip Text.

XVIII. gizaldian, tenpluan etenbarik egin ziran mantentze-lanak, estalkiaren, hormen eta koruko balaustreen zaintzarako gastu erregularren ingurukoak jaso ebezalarik2Add a Tooltip Text.

Udalerriko beste hainbat ermitagaz –San Antolín, Santa Marina y Santa Lucía– gertatu zan lez, 1788ko bisitan, bisitatzaileak San Migel ermita hau eraisteko agindua emon eban hauxe argudiatuz:

“por no ser necesarias, y que heran del patronato de la misma república, y aplicar sus bienes, monttes, caudales, y despoxos a la fabrica de la yglesia parroquial para ayuda de consttruir el cruzero nuebo que en ella se ejecuto”.

Horregaitik, “la ninguna necesidad que de ellas hay en dicho pueblo, y la sittuacion en que se hallan y ninguna decencia que tienen” kontuan hartuta, eraisteko agindu eban.

“sacando y haciendo primero pedazos las efigies de los santos que hay […] por ser ridiculas e indezentes, y enterrarlos en la iglesia”.

Baina, gainerako tenpluakaz gertatu zanez, azkenetan eraispena ez zan burutu3Add a Tooltip Text.

1839ko kontuek ermita ez egoala egoera onean agertzen deuskue eta, ondorioz, barriztapena errematean atara behar izan ebela. Santiago Mendietak, Tomas Ynchaurragak eta Juan Antonio Ugaldek burutu eben, eta eurakaz batera, Francisco Artabe errementariak burutu eben Angel Lizardiren planoei jarraituz; Antonio Sologuestoa eta Pedro Olabarria arduratu ziran lauzak jartzeaz. Lan handiak izan ziran –ia 4.500 erreal–tooltip text=AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Turtureko San Migel ermitako kontu-liburua, 1716-1839, sign. 3357/005-00 sign. LARREA BEOBIDE, 1993a, 144. or.“]4[/tooltip].. Sasoi honetakoa izango da tenpluak gaur egun dauan itxura, baina aurreko egituraren zatiren bat aprobetxatuta: oinaldeko fatxada -egitura sendoagoa da- eta sarbideko arkua -beharbada orduan buruduna.

1991eko kontuetan, gainera, tenplua bertan behera itxita egoala aitatu zan, idatzoharrean auzotarrak sartu be ez zirala egiten jasoz. Bertan behera iztearen ustezko arrazoiak be aitatu ebezan:

“porque los vecinos más cercanos a dicha ermita, cuando el ultimo arreglo parroquial se hicieron feligreses de Aranzazu, y estos al separarse de su parroquia anterior, se consideran sin ninguna obligacion para la ermita; ni prestan apoyo alguno para las obras, asi que parecia verdaderamente una cuadra, sirviendo el portico y hasta el mismo recinto para guardar los utensilios de labranza a cercano vecino”.

Ondorioz, auzotarren batzordeak ermita konpontzea erabaki eban. Eta harrezkero 1994an baino ez da barritze esanguratsuen barririk emoten5Add a Tooltip Text.

ALTZARIAK

Gauza gitxi dagiku ermitaren altzari-horniketari buruz. Daukaguzan lehenengo barriak XVIII. gizaldikoak dira, orduan diru-kopuru desbardinak ordaindu ziralako kaliza barria -zaharra emon zan prezioa jaisteko- eta eleiz jantziak gordetzeko intxaurrondoaren egurrezko kutxa erosteko. Handik lasterrera, 1767an, altara “nuevo” ordaindu zan -aurretik beste bat egoala esan gura dau horrek–6Add a Tooltip Text. Gaur egun ez dago altzari haren arrastorik, piezen erakusgarri soila baino ez. 

Eskultura

San Migel [24] (117 x 65 x 52). Egur polikromatua. Goiaingeruaren aurrez aurreko eskultura, jarrera estatikoagaz, bihurdura barik. Kurutzea daroa lantza erara esku baten eta besteagaz arimak pisatzeko balantzari eusten deutso. Neurriko gorputza dauka, aurpegiera gozo eta idealizatu samarra, tentsinoa saihestuz. Burdin jantzia daroa, biribildutako plakazko gona, eta azpitik tolestura zabaleko oihalak, eta zati batzuk koskatsuak. Gainjantzi gorria dauka sorbaldetatik zintzilik, eta atzean, hegoak. Oinen azpian dauka harrapatuta deabrua, mobimentu neurritsuagaz. Deabrua lau hankatan makurtuta dago, burua atzekoz aurrera bihurtuz lantzaz zauritzen ari jakon santuari bafadaka aritzeko. Multzoaren polikromia leuna da, eskultura baino beranduago egindako margoketaren emaitza. Hain zuzen be, jakin badakigu 1911an eta 1935ean ikutuak egin zirana margoan7Add a Tooltip Text.. Barrokoa, XVII. gizaldiaren lehenengo herena. Ez dau emoten eskultura hau bisitatzaileak 1788an “ridiculas e indecentes” zirala esan eta txikitzeko eta eleizan lurperatzeko agindu eban piezen artean egoanik8AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea - Igorre, Turtureko San Migel ermitako kontu-liburua, 1716-1839, 3357/005-00 sign.

Kristo kurutziltzatua [25] (40 x 32). Egur polikromatua. Hiru untzez eutsita, kurutzean josita dagoan Kristoren irudia. Gorputz lirain eta luzexka dauka, bular-kaiola leunki markatua eta sabelondoa apur bat sartuta. Besoak zurrun jaisten dira, tendoiak markatuz. Erdian tolestura egiten dauan eta albo batera korapilatuta dagoan kordoi baxu samarrak eutsitako gerripekoaz estalita dago, dana patxadaz, gorpuztasun nahikoz. Burua eskumaldera makurtuta dauka, naturalismoz, begiak itxita keinu neurritsuan. Polikromia egokia da, odol-ikutu eta txipriztinegaz, naturalismoa gehitzeko. Barrokoa izango da, XVII. gizaldiaren lehenengo herenekoa.

Metalak

 

Kanpaia [26]. Brontzea. Ezkiladuna.

Beste osagai batzuk

 

Kutxa [27] (60 x 147 x 44,5). Egurra. Edukiontzia estalki tolesgarriagaz, gehien bat leuna, oinarriarena egiten dauan frisoa izan ezik, motibo geometrikoak ditualako grabatuta -erroseta eta X itxurako kurutzeak- txandaka, eta beheko errematea uhindua. Estalkia laua eta leuna da, gainerako panelak lez. Pieza honeek eskuz moztutako, tamaina ertaineko eta erregulartasunez banatutako hagin trapezoidalez lotutako kakoztaduraz mihiztatzen dira. Sarraila-zuloa, burdina forjatukoa da, simetrian moztutako siluetaduna. Agirietan bada datu bat kutxa bati buruz, hain zuzen be, 1753-1755ean, 66 erreal ordaindu ei ziran eleiz jantziak gordetzeko edukiontzi batengaiaik9Ibid.. Deskribatu dogun kutxa izan daiteke.

JMGC - MRV - RCL

Juan Manuel González Cembellín- María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1.AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, parrokiako fabrika-liburua, 1660-1695, 3362/046-00 sign.

2. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Turtureko San Migel ermitako kontu-liburua, 1716-1839, 3357/005-00 sign.

3. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Fabrika-liburua: kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1734-1835, 3357/006-00

4. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Turtureko San Migel ermitako kontu-liburua, 1716-1839, sign. 3357/005-00

LARREA BEOBIDE, 1993a, 144. or.

LARREA BEOBIDE, Ángel. Igorre. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993 (Bizkaiko herrien monografiak bildu

5. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Kontuak eta parrokian gertatutakoaren datuak, 1902-1936, 3358/002-00 sign.

LARREA BEOBIDE, 1993a, 144. or.

LARREA BEOBIDE, Ángel. Igorre. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993 (Bizkaiko herrien monografiak bildu

6. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Turtureko San Migel ermitako kontu-liburua, 1716-1839, 3357/005-00

7. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Kontuak eta parrokian gertatutakoaren datuak, 1902-1936, 3358/00

8. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Turtureko San Migel ermitako kontu-liburua, 1716-1839, 3357/005-00 sign

9. Ibid.