ANDRA MARIAREN ERMITA (SANTUTEGIA)

Nerbioi Garaia

\

Ugao-Miraballes

i

Laburpena (PDF)

Udiarraga 65 (48490)

p.sanbartolome.ugao@bizkeliza.org

Udiarragako Andra Maria Ugao-Miraballeseko Erdi Aroko antxinako uriguneko mustur batean dago kokatuta, eta bertako eleiztarrek debozino handia euki deutsie betitik. Hori dala-ta, bertako ermitea hasierako kokaleku urrunetik eroan eben uribilduko inguruetaraino, gurtzea errazagoa izan eitean.

Herriaren jaiera horren ondorioz, Eleizea bera onartzeko prest egoanetik harago joiazan mirariak egiten ei ebazan Udiarragako Ama Birjineak. Berbarako, 1791n, ikuskatzaileak honako hauxe adierazo eban horren gainean:

“Sakristian, mirari bat iruditzen dauen margolana dagoala ikusi da, eta Andra Mariak egin ei dau andra bategaz. Margolan hori kasuan kasuko ohiko baimen barik jarri zan erakusgai… ezelako mirariren barri emoten dauen jazoerea zein dan azaldu barik.”

Hori dala-ta, berehalaxe kentzeko agindu eban1BFAH-AHFB, Udal Atala, Ugao-Miraballeseko Udal Artxiboko Fondoa, Miraballes uribilduko San Bartolome parrokia-eleizako fabrikako maiordomoek 1725-1792. urteen artean aurkeztutako kontuen liburua, sign. 0161/006..

Bere titularra udalerriko jagolea da, eta, bere jaiegunean (irailaren 8a, Andra Mariaren Jaiotzea), erlijino zein jai arloko ekitaldi handiak ospatzen ebezan. Euren artean, kofradiakideen bazkari oparoa nabarmentzen zan, eta XIX. mendeko bidaiari batzuek harriduraz eta miresmenez be azaldu eben zelakoa zan2ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. liburukia, 221.-223. or. MUGURUTZA, 2019.. Ha-ta guzti be, aztura eta ohitura hareek apurka-apurka desagertu dira, eta, gaur egun, ia-ia ekitaldi erlijioso batzuei baino ez deutsee eusten; eta, zer esanik ez, kofradiako bazkariari. Era berean, apurka-apurka jaietara gehitu diran beste jarduera laiko batzuk be egiten dira.

Debozinoaren eta jai-giroaren arloko balio hori albo batera itxita, eraikin nabaria be bada ikuspegi historiko artistikoaren aldetik. Hori dala-ta, 2011n, Udiarragako Andra Mariaren ermitea Kultura Ondare moduan sailkatu eban Eusko Jaurlaritzak Monumentuen kategorian, hain zuzen be3EHAA-BOPV, 7/2011 DEKRETUA, urtarrilaren 18koa, Bizkaiko Ugao-Miraballeseko Udiarragako Andra Mariaren ermitea Kultura Ondare moduan Monumentuaren kategorian sailkatzekoa..

ERAIKINA [1]

Oinplanoa [2] habearte bakarrekoa da. Hiru tarte eta burualde oktogonala daukaz. Bost hormataleko burualde hori tarteak baizen zabala da, eta kurutzadura-beso moderauak daukaz lehenengo tartean. Ebanjelioaren aldeko besoari sakristia moduan erabilten dan gelatxu modernoa erantsi jako.

Burualdean, zenbait solairutako eraikina euki eban atxikita. Beheko aldea sakristia moduan erabilten zan; eta goiko aldea, parrokoaren etxe moduan. Dana dala, orain dala urte batzuk eratsi eben, eta, haren ordez, baxuagoa dan beste bat eregi eben, bertan parrokiako era bateko eta besteko bulegoak jarteko.

Barruko eremua [3] [4] garbia baizen argia da, eta oso-oso irisgarria da, tenpluaren tamainua zelakoa dan kontuan hartuta. Gaur egun ia-ia eransketarik ez daukan kanpoko bolumena [5] barruko egiturearen erakusgarri da erabat.

Adierazo beharra dago tenpluaren orientazinoa ezohikoa dala, bere ardatz nagusia hegoaldetik iparraldera doalako, fatxada nagusia uribilduko kale historikora begira egon daiten.

Kanpotik, ondo ikusten da eraikineko aparejua [6]: harlangaitza oso irregularra da, eta harlanduak dagoz kantoietan, leihoetako markoetan eta ostikoetan nahiz kanpantorrean. Hormen goiko aldean, erlatx ahur-ganbil eskoziarra dago. Beste sasoi baten, kanpoko hormak emokatuta egon ziran, harlangaitzaren apaltasuna ezkutetako. Barruko hormak emokatuta dagoz oraindino, baita egiturazko elementuak be; berbarako, pilastrak eta parpain-arkuak. Gaur egun, barriz, emokadura hori lisoa da, nahi-ta orain dala hamarkada batzuetara arte harlandua inkariotzen zan, eta, burualdean, itxurazko alikatadu eta zeru izartsu [7] bihurtzen zan.

Gaur eguneko zorua terrazozkoa da. Ardatzean, haize-larrosea [8] dago marraztuta, eta 1926koa4ACOB-KBGA, 1983ko uiolen ondorioz Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokiako tenplua zaharbarritzeko eta konpontzeko obrei buruzko espedientea, 1983-1984, sign. D2-0146/066.  da. Presbiterioa habeartea baino goraxeago dago.

Eraikinaren egiturea erraz-erraz irakurten da barruko aldetik nahiz kanpoko aldetik. Bertan, euskarriak pilastra toskanarrak [9] dira, eta oinplanoko tarteak zehazten dabez. Euren gainean, gangea sorrarazoten daben erdi-puntuko parpain-arkuak irulten dira. Burualdean, oinaldean eta besoetako angeluetan, moldurautako mentsulatxu zilindrikoak  [10] erabilten dira.

Kanpoko aldean, ostiko [11] batzuek sistema hori finkatzen dabe, eta bigarren zein hirugarren tarteen artean (kareharrizkoak) eta oinaldean (kareharrizkoa eta hareharrizkoa) dagoz atonduta. Sekzino angeluzuzena daukie, euren zokaloa moderaua da eta kiribildun ezpondea daukie goiko aldean teilatuko mailatik hur. Fatxadeagaz lerrotuta dagozan oinaldekoek gogora dakarskuez kuruztokietako alboetan agertu ohi diranak. Hemen, barriz, tamainu monumentalagoa daukie. Gainera, hamarkada batzuk lehenago Juan Bautista de Ybarrak Zeberioko Ermitabarrin egin ebazanen kopia dira.

Gangek [12] lunetak daukiez, eta, burualdean [13], ertzak dira nagusi, nahi-ta euren ahurtasunagaitik ia-ia trenkatuen urtenbidea dala emoten dauen.

Teilatua [14] isurialde bikoa da, eta aurreko isurialde triangeluarra dauka habeartean. Gainera, bost isuri be badagoz burualdean. Besoetan, ostera, isurialde batekoa da, teilapea izango balitz lez.

Argitasuna leihoetatik [15] sartzen da. Leihoburuak daukiez, eta modu simetrikoan dagoz edegita albo bietan, burualdeko hormatal artezetan, tarte guztietan eta kurutzadurako besoetan. Ia-ia lanpradura barik, eskartzanoak dira barruko aldean [16].

Oinaldeko [17] fatxadearen beheko aldean, leihoburudun beste leiho bi dagoz, eta lehen azaldutakoen antzekoak dira, baina txikiagoak dira, euren azpadurak plaka lisozkoak dira eta zoko handiagoa daukie barruko aldean [18] [19]. Burdinak uztaidunak dira, eta ia-ia marraztuta ez dagoan burutxea dauka. Sartaldeko alde horretan bertan, goian, bozeldun ingerada daukan idi-begiaren eta laprandura ahur-ganbilaren bidez edegiten da. Erdiko uztaian [20] alkartzen diran uztaidun hagen bitartez zarratzen da.

Tenplurako sarrereak igarobide bi daukaz. Epistolearen aldean dagoana [21], bigarren tartekoa, ez da ia-ia erabilten. Zabala da, eta dobeladun ateburua dauka. Ia-ia igarten ez diran ertz-belarritxu batzuk marrazten dauzan plaka lisoa dauka inguruan marko moduan, eta tunel eskartzano txaranbeldua dauka, baina ateburuan [22], batez be.

Sarrera edegigarriak [23] [24], oinaldekoak, antzeko eraketea dauka, baina handixeagoa da. Oinaldeko fatxadan [17], protagonismo handieneko aldea dago kokatuta, Ugao-Miraballes uribilduko erdialderantz begira dagoana dala kontuan hartu ezkero.

Fatxada hori angeluzuzena da, eta, inguruan, urtengune moderauko pilastra toskanarrak daukaz marko moduan. Euren gainean, listelak zein zirimara daukazan taulamendua dago zeharretara, eta, horren guztiaren goiko aldean, kanpantorrea dago.

Korua [25] oinaldean dago, atzeko tarteko luzera eta zabalera osoan. Frontea hiru sekzinokoa da, eta erdikoa alboetakoak baino handiagoa da. Erdikoak arku karpanela dauka; eta alboetakoek, erdi-puntukoa. Kapitel toskanarren bidez fazeutatako zutabe lodietan dagoz zurkaiztuta; eta, hormetarantz, borlen [26] bidez apaindutako plaka ebagiko mentsula bietan. Apaingarri hori, gainera, fatxadearen goiko aldean be agertzen da, kanpaietako baoen azpian.

Zorua egurrezkoa da, eta, bertan sartzeko, egurrezkoa klaustro-eskailerea dago sartaldean. Era berean, kareleko [27] haga torneauak be egurrezkoak dira, XIX. gizaldian berriz kokatuak.

Gaur eguneko sakristia [28] gela angeluzuzen txikia da. Leihoburudun oraintsuko leihoan zehar sartzen da argitasuna, eta ebanjelioaren aldeko besoagaz dago komunikauta mueta bereko sarbidean [29] zehar. Eremu horretan, kanpoko erlatx eskoziarra baino ez da nabarmentzeko modukoa, eta eraikineko orokorra [30] lakoa da.

Burualdera atxikita egoan beste sakristia bat egon zan, eta, bertara ailegetako, ateburudun atea egoan burualdeko epistolearen alakan [31]. Gaur egun, barriz, parrokiako bulego modernoetarako igarobidea da (ebanjeliora edegitako beste ate bat izango balitz lez).

Kanpantorrea [32] ibilbide bihurgunetsua eta musturretan balaustredun pinakuluak daukazan kareletik abietan da. Kanpaiak lekuratzeko erdi-puntuko bao bi eta bat daukiezan gorputz bitan dago atonduta. Bertako karelek plaka ebagiak daukiez apaingarri, eta pilastra lisoak daukiez albo banatan. Maila bien arteko loturea musturretako pinakulu barrien bidez moldurautako taulamendua da. Horren guztiaren goiko aldean, frontoi triangeluarra dago, burdinazko kurutze, haize-orratz eta guzti.

Elementu horren dinamismo orokorra are gehiago areagotzen da horma-bularretako kiribildun xaflen beheranzko erritmo bihurgunetsu arinaren bidez. Horren ondorioz, oso soslai mobidua sortzen da, eta espiritu barroko nabaria dauka, baita protagonismo handia be.

Udiarragako Andra Mariaren santutegia izen bereko mendiko kortabaso baten erdi-erdian egoan jatorrian, “eremu hutsean eta uribildu honetatik nahikoa urrun”, hain zuzen be. 2014an, bere aztarnak topau eta indusi ziran, eta 11 x 22 m inguruko tenpluaren oinplanoa agertu zan. Bere hormak 1,10-1,20 m-koak ziran, eta hiru hormataleko burualde alakatua eukan, baita oinaldean kokatutako eleizpea be [33] [34]. Haberik, zutaberik edo kanpoko ostikorik ez eukanez, emoten dau ermitetako ohiko estalgia eukiko ebala: begi bistan egoan egurrezko egitura bakuna5SAGARDUY, 2015, 247.-248. or. ONDARTEZ, 2014. MARTÍN, 2014..

Edozelan be, ohikoa baino eraikin handiagoa da edozelako urigunetik urrun egoan eremu hutsean kokatutako ermitea izateko. Halanda ze, argi daukagu haren gurtzea oso garrantzitsua zana.

Cifuentes Pazosek eta Larrea Beobidek6CIFUENTES PAZOS eta LARREA BEOBIDE, 1990. CIFUENTES PAZOS, 1993, 164.-168. or.. Udiarragako jatorrizko ermita haren biografia egin dabe. Dana dala, gehiago dakigu bertako altzariei buruz bere arkitektureari buruz baino.

Bere arkitektureari jagokonez, esan geinke, 1680an gaur eguneko erretaulea eregi zanean, presbiterioko zorua eta harmailak be zaharbarritu ebezala. Horrezaz gainera, adreiluak jarri ziran habearte osoan, saieteradun sabaileihoak itsutu ziran, eta leiho bat edegi zan hegoaldera begira, baita “gardenki moduan erabili gurean Andra Mariaren atzetik jarritako harri landuzko beste leiho konkortu bat…” be. Orduantxe, “kanpantorre barria…” egin zan “leiho zaharraren gainean” (kanpai-hormea izango zan seguruenik), eta enkatxoa egin zan eleizpean “teila-koskoak eukiezan erriberako harri txikien” bitartez (hau da, betegarridun errekarriak eta marrazkiak osotzen ebezan teila-zatiak). Ugao-Miraballeseko bizilagunak ziran7Ibid.. Juan de Larrea Urtecha maisu harginak eta Juan de Elejaldek 6.800 errealean errematau ebezan obrak.

Ostean, proiektu bati buruzko datua baino ez dogu topau, eta, inoiz gauzatu ez bazan be, bere tipologiagaitik interesgarria dala uste dogu: 1747an, Ramón de Villalón margotzaile bilbotarrak tenplua margotzeko proiektua egin eban. Emoten dau kalidade handiko pintura apaingarriak erabilteko asmoa eukala, proposamena garestiegia izateagaitik bota ebelako atzera, nahi-ta Udiarragako ermiteak inoiz diru-faltarik euki ez eban8Ibid., 165. or.. Beharbada, erretaulea lekuratzeko moduko pabiloia egin gura izan eban Villalónek, Etxanon edo Gorozikan ikusten dogun lakoa.

Dana dala, 1775ean, tenplu ospetsu ha oso egoera txarrean egoan. Hori dala-ta, eraistea erabagi eben, leku berean beste barri bat eregiteko asmotan, Antonio de Añíbarrok egindako trazearen arabera. Izan be, bera izan zan obrearen errematea eroan ebana.

Edozelan be, oso urrun eta eremu hutsean egoanez eta, horrezaz gainera, jai-ospakizun jentetsuen ondorioz “Jainkoaren inguruko desohore zein irain larriak eta justizien arloko errespetu-faltak” sortzen ziranez, ermitea hurrago eta kontrolpean egoan leku erosoagora lekualdatzea erabagi eban kabildoak: Ugao-Miraballes uribildura bertara, ordura arte Kristoren ermitearen kokagunea izandako lekura, hain zuzen be. Horrezaz gainera, edegi barri eben Urduñarako bide barriaren bazterrean kokatuta egoanez, eleiztar gehiago hurreratuko ziran, eta, horren ondorioz, diru-sarrera gehiago lortuko ebezan. Era berean, lekualdaketa horrek Zeberioko eleizate mugakideagaz eukiezan gatazkak amaitzea be baeukan helburu, ermitearen gaineko jurisdikzinoa erreklametan ebalako.

Gero, Añíbarrok obrearen betearazpena bertan behera itxi ebanez, errematea egin behar izan zan barriro. Juan de Iturburu polifazetikoak sinatutako traza barriak egin ziran, eta aurrekontua nahikoa handia izan zan: 70.000 erreal. Harritzekoa bada be, trazatzaileak aurreko ermitearen neurriak errepetidu ebazan ia-ia.

Obrearen enkantea 1778ra arte atzeratu zan, aurretiaz jagokon txostena egin behar izan zalako, besteak beste, antxinako ermitearen lekuan Ama Birjinearen agerraldiei buruzko ezelako albistarik ez egoala eta, horren ondorioz, eraikina lekualdatzeko eragozpenik ez egoala ziurtatzeko. Zenarrutzako (Ziortza-Bolibar) bizilaguna zan Martín de Zabalak eroan eban errematea, 65.500 errealeko beheranzko eskaintzea egin ostean.

Bilboko Pedro de Aldanak eta Durangoko Simón de Insaurbek obrea egiten lagundu eutsien. Iturburuk perituaren txostena egin eban 1779ko abenduan, eta, bertan, honako hauxe nabarmendu eban: akabera ona; aurrekontua txikia izan arren, erabilitako materialen aberastasuna; eta obran ezarritako hobekuntzak (oinaldeko idi-begia, teilatuetako uren kanalizazinoa eta arotz-beharrak nahiz igeltseru-beharrak). Hori dala-ta, obrearen kostuari 1.415 erreal gehitzea proponidu eban, eta kabildoak onartu egin eban.

Hurrengo urtean, 1780an, Ama Birjinearen irudia tronuratu zan erretaulan, eta amaitutzat emon zan ermitea9CIFUENTES PAZOS eta LARREA BEOBIDE, 1991, 11.-15.. or. CIFUENTES PAZOS, 1993, 168.-172. or. BARRIO LOZA, sf 1..

Harrezkero, ia-ia ez da zaharbarrikuntza handirik egin tenpluan. Beharbada, XIX. mendekoa dala emoten dauen koruko balaustrearen barriztapena da handiena, baita 1926an aldatutako zorua be.

Udiarragako Andra Maria ermita-santutegi garrantzitsua da. Tamainu nabaria dauka, eta tenplu parrokiala dala esan leiteke. Barruko harginlana bat dator XVIII. mendeko arkitektura bizkaitarraren berezko zehaztasunagaz. Kanpoko aldean, fatxadan, eraikinean gehienbat jentaurrean dagoan aldean, ostera, barrokoko espiritu mobidua dago agiri-agirian, eta kanpantorrean nagusi da, ezelako zalantza barik.

1. BFAH-AHFB, Udal Atala, Ugao-Miraballeseko Udal Artxiboko Fondoa, Miraballes uribilduko San Bartolome parrokia-eleizako fabrikako maiordomoek 1725-1792. urteen artean aurkeztutako kontuen liburua, sign. 0161/006.

CIFUENTES PAZOS, 1993, 172. or.

CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

2. ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. liburukia, 221.-223. or.

ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbao: Diputación Foral de Bizkaia / Instituto Labayru, 1987, lib. 3

MUGURUTZA, 2019.

MUGURUTZA, Félix. “A los de Ugao se les fue la olla”. In El arca de no sé. https://blogs.deia.eus/arca-de-no-se/2019/09/04/a-los-de-ugao-se-les-fue-la-olla/ (2024-3-6an kontsultatua).

3. EHAA-BOPV, 7/2011 DEKRETUA, urtarrilaren 18koa, Bizkaiko Ugao-Miraballeseko Udiarragako Andra Mariaren ermitea Kultura Ondare moduan Monumentuaren kategorian sailkatzekoa.

4. ACOB-KBGA, 1983ko uiolen ondorioz Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokiako tenplua zaharbarritzeko eta konpontzeko obrei buruzko espedientea, 1983-1984, sign. D2-0146/066.

SAGARDUY, 2015, 247.-248. or.

SAGARDUY, Mª José. “Ermita de Nuestra Señora de Udiarraga”. In Arkeoikuska 2014. Arkeologi ikerketa / Investigación arqueológica. Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritza – Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila / Gobierno Vasco – Departamento de Educación, Política Lingüística y Cultura – Dirección de Patrimonio Cultural, 2015, 247.-248. or.  Eskuragarri hemen https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/

ONDARTEZ, 2014.

ONDARTEZ. “Ermita Nuestra Señora de Udiarraga”. In https://ondartez.es/portfolio/ermita-nuestra-senora-de-udiarraga/ (2024-3-6an kontsultatua).

MARTÍN, 2014.

MARTÍN, Susana. “Descubren en Ugao restos del santuario de Udiarraga”. In Deia, 2014-10-8. Hementxe dago eskuragarri: https://www.deia.eus/bizkaia/2014/10/08/descubren-ugao-restos-santuario-udiarraga-5189858.html

6. CIFUENTES PAZOS eta LARREA BEOBIDE, 1990.

CIFUENTES PAZOS, José Manuel, eta LARREA BEOBIDE, Ángel. El Santuario de Nuestra Señora de Udiarraga. Bilbao: Bilbao Bizkaia Kutxa, 1990.

CIFUENTES PAZOS, 1993, 164.-168. or.

CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

7. Ibid.

8. IIbid., 165. or.

9. CIFUENTES PAZOS eta LARREA BEOBIDE, 1991, 11.-15.. or.

CIFUENTES PAZOS, José Manuel, eta LARREA BEOBIDE, Ángel. El Santuario de Nuestra Señora de Udiarraga. Bilbao: Bilbao Bizkaia Kutxa, 1990.

CIFUENTES PAZOS, 1993, 168.-172. or.

CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

BARRIO LOZA, sf 1.

BARRIO LOZA, José Ángel. “Santuario de Nuestra Señora de Udiarraga (Ugao–Miraballes)”. Bilbao: Departamento de Cultura de la Diputación Foral de Bizkaia, sf 1. (Colección Patrimonio Histórico de Bizkaia). Disponible en https://www.bizkaia.eus/kultura/ondarea_bizkaia/pdf/ondare/109%20c.pdf?hash=a02c171caa4eafe6e27d2275f7c85b72

ALTZARIAK

Seguruenik, 1775-1780an ermitea zaharbarritu zanean, antxinako eraikineko altzari batzuk galdu egin ziran. Erretaula nagusia, ez, ostera, kokaleku barrira eroan eben-eta.

Edozelan be, aurreragoko beste erretaula bat egon zan. Guillermo del Puerto zizelkariak egin eban 1581ean, eta 30 dukat kobrau ebazan, Juan Pérez de Gorrio eskulturagileak perituaren txostena egin ostean. Urte batzuk geroago, 1588. eta 1597. urteen artean, Juan Ochoa de Madariaga margotzaileak erretaula ha eta irudi titularra polikromau eta urretu ebazan, baita beste tailuren bat be. Horren truke, 100 dukat kobrau ebazan (erretaulagileak baino hiru bider gehiago).

Dana dala, berehala, eraldaketa handiren bat egin behar izan jakon makina hari, 1597-1599an Bartolomé del Puerto maisu arkitektoak erretaulearen zati baten egin behar izan ebalako jarduketaren bat, eta, 1602an, Juan de Barreneche margotzaileak polikromau eta urretu egin behar izan ebalako. Francisco de Mendieta margolaria, une haretako Bizkaiko artista ospetsuenetakoa, “miatzailea” (peritu tasatzailea) izan zan.

1601ean, Santa Anaren eta San Joseren tailuak egiteko agindu eban ikuskatzaileak, erretaulan bertan jarteko. Gaur egun, desagertuta dagoz biak.

Era berean, Juan Bautista de Uribiarte y Severicha10CIFUENTES PAZOS eta LARREA BEOBIDE, 1991, 8.. or. CIFUENTES PAZOS, 1993, 165. or. kapitainak Amerikatik bialdu eban eta “estimu eta balio handia eukan” zidarrezko lanparea be desagertu zan (1667an lapurtu eben).

Galerak galera, Udiarragako ermiteak altzarien bilduma handia dauka gordeta.

Erretaulak

Erretaula nagusiak [35] burualdeko hormatal nagusia hartzen dau altuera eta zabalera osoan. Makina arkitektonikoa urre-koloreko egur polikromauzkoa da, eta ohiko gorri zein berde barrokoak daroaz urre-koloreko atzealde orokorrean. Hiru kaletan dago atonduta, eta honako honeetxek daukaz osogai: zokaloa, basamentua, gorputza eta goialdea.

Zokaloa [36] bikotxa da. Beheko aldean, zorutik, oholtzarren bidez nabarmendutako frontea daukan kareharrizko oinarria doa, eta, musturretan, altzariaren kanpoko ardatzei eusten deutseen plintoetan aurreratzen da. Oinarri hori, barriz, ez dago erdialdean, eta, bertan, desagertutako altarako mahaia egongo zan Vatikanoko II. Kontziliora arte.

Moldura toskanarrak zokaloaren bigarren maileari emoten deutso bidea: artekatuta eta marmolaren antzera okrez pintauta dagozan egurrezko panelen sistemea. Erdiko gunea be Vatikanoko II. Kontzilioaren ostean egindako ordezkapena da.

Gorputzean [37], mahatsondoz zehartutako erritmo kontrajarriko espirak daukiezan zutabe salomonikoek kaleak zehazten dabez. Bat dago mustur bakotxean, moltsoaren marko moduan. Erdialdean, barriz, binaka dagoz alkartuta, eta erdirago dagozan biak aurreraxeago dagoz, kale nagusiaren protagonismoa indartzeko. Beheko aldetik, basamentuan, barruko zutabeak mentsula botanikoetan dagoz oinarrituta; eta kanpokoak, zokaloko plinto aurreratuen gainean zuzenean jasten diran landaraz be apainduta dagozan idulkietan. Mentsulen eta idulkien arteko hormataletan, orbel-erroleoak doaz alboko kaleetan. Erdialdean, ostera, sagrarioaren kaxa arteza dago, eta, inguruan, kiribilak daukaz marko moduan.

Gorputzeko guneetan, alboetako buruak bateratzen dira gune nagusiko erdi-puntukoagaz. Azken horrek, gainera, landara-pikorrez osotutako kanpoko markoa dauka, eta, goian, belarritxu estuetan hausten danez, ez dau altzariaren banaketa horizontala errespetetan, erlatxa apurtzen dauelako eta zuzenean bat egiten dauelako goialdeagaz, tamainu handiko plaka botanikoaren bidez. Besteak baino sakonagoa da, eta kamaratxua osotzen dau (kanpoko bulegoetatik sartzen gara bertara). Bere tunela arteken bidez dago apainduta. Kanporago dagoan uztaian, barriz, lora handiak daukaz apaingarri; eta, ertzean, lirdingak. Apaingarri horreek, gainera, erretaula osoan errepetiduten dira.

Alboko horma-hobiak burudunak dira. Barriro be, pikorrek osotutako markoak nahiz belarritxuak daukiez, eta goian hosto-txartel mamintsua daukan tinpanotxua ixten dabe. Bere arkubarnerea tamainu handiko lora mamintsukoa da.

Landara-erroleoak, saihesdun hagaburutxuak eta lirdingak osogai daukazan taulamentuak goialdeari [38] emoten deutso bidea. Goialde hori kale bakarrekoa da, eta, inguruan, fruten txorteak nahiz alboetako hegats kiribil handiek zehartzen dabezan pilastra-pareak daukaz marko moduan. Barriro be, ermitako gangea ikutzen dauen hosto lodiko txartel handia dauka goiko aldean.

Horrezaz gainera, erretaulearen kanpoko zutabeen bertikalaren gainean, egur polikromauzko armarri biak dagoz. Ezkerraldekoa [39] kuarteletan banatuta dago kurutze moduan, eta Gaztela Leongo armak nahiz Bizkaiko Jaurerriko eskusoia agertzen dira bertan. Eskoialdekoan [40], eremua azaltzen da, eta, bertan, torrea nahiz zugatz zuztartua dagoz ikusgai. Seguruenik, uribilduko jatorrizko eskusoia da, eta tenpluko jagolea izateagaitik agertzen da hemen11CIFUENTES PAZOS, 1993, 176. or.GARCÍA URIBE eta GONZÁLEZ SÁNCHEZ, 2018, 14.-15. or. YBARRA y BERGÉ, 1967, IV-1. liburukia, 173.-174. or..

Esan dogun lez, erretaula hau aurreko ermitakoa da, eta, bertatik, gaur egunekora lekualdatu eben, ia-ia mendebeteko historia eukanean. Izan be, Juan Alonso de Viaderok trazau eban1680an, eta berak eta Pedro de Láinz Mazok eregi eben. Biak erretauletako maisu arkitektoak ziran, eta Kantabriako Zazpi Uribilduetako Islako zein Ajoko bizilagunak ziran, hurrenez hurren. 1681ean, euren lana amaitu eben, eta, horren truke, 3.000 erreal kobrau ebezan (trazeaz eta instalazinoaz gainera)12CIFUENTES PAZOS, 1993, 166., 175.-176. or. ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 264.-265. or.. Edozelan be, ez daukagu sasoi horretakoa dan polikromiaren egiletzeari buruzko daturik.

XVII. mendeko azken laurdeneko oso altzari bereizgarria da, baita Bizkaian estilo churriguereskoaren abioa zehaztu ebenetakoa be. Horrezaz gainera, Kantabriako egileek lurralde honetan garatutako zeregin onaren adierazgarri be bada. Oso homogeneoa da, baita bere polikromia distiratsua be, eta oso plastikoa be bada, bere landara-apainketa aberats baizen konkortuari esker. Halanda be, ez dau moltsoaren arkitekturea ezkutetan13ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 264.-265. or...

Mazoneria bateratua bada be, ez da berbera jazoten iruditeriagaz, zenbait jatorritakoa da-ta. Titularra Andra Maria txiki [41] (62 x 25,5 x 18) gotikoa da, hau da, XIV. mendeko bigarren zatikoa. Berregin egin da, eta behin baino gehiagotan zaharbarritu eta makillau da. Gaur egun, bere baitan batuta agertzen da, eta eskuak alkartuta daukaz erdialdean, derrigorrezko Umea barik. Ha-ta guzti be, irudi interesgarria da, Bizkaian bertan arrunta izan arren. Zidarrezko koroia [42] (9,5 x ø11 x ø16) daroa, eta XVIII. mendeko lehenengo laurdenekoa da14CILLA LÓPEZ, 2022, 1. liburukia, 346. or., 2. liburukia, 621. zk..

Goialdeko Kristo kurutziltzatua [43] XVI. mendearen erdialdeko erretaularen batetik berrerabili zan. Irudi errenazentista ona da. Anatomia zehatza dauka, bere arpegikunea egokia da eta garbitasun-oihala daroa hanken artean batuta. Bere atzean, Jerusalem dago margotuta, eta, oinaldean daukazan hatxen antzera, 1680-1681ean egin zan.

Beste irudi biak, San Jose eta Umea [44] (113 x 45 x 30, idulki eta guzti) eta San Antonio Paduakoa [45] (115 x 46 x 27, idulki eta guzti), erretaulearen sasoi bereko eskulturak dira. Behar dan modukoak dira euren arpegikunearen makaltasunean eta oihalen jariokortasunean, eta XVII. mendeko bigarren hereneko berezko kartoi-itxurea itxi dabe atzean. Irudi biak uribilduko abadeak eukan Antorcha espiritual liburuko ilustrazinoen arabera egin behar ziran. Dana dala, emoten dau eskulturagileek nahikoa askatasunez interpretau ebela eredua [46]. Euren idulkiak, baita Andra Mariarena be, orbela mamintsuz apainduta dagoz, eta erretaulearen sasoi berean egin ziran.

Bestetik, pilastratxu konposaduen artean laua dan sagrarioko [47] erdi-puntuko atean, Berbizkundeko ohiko eszenearen erliebea dago; eta, arkuarteetan, arantza-koroiari eusten deutsien aingerutxuak. Ezin txarrago birmargotu dabenez, oso enpastauta dago. Berrerabilitako pieza errenazentistea da, eta, beharbada, goialdeko Kristo Kurutziltzatuak jatorri daukan erretaula berekoa izango da.

Jesusen Bihotz Guztiz Santuaren [48] eta Karmengo Andra Mariaren [49] alboko erretaulak kurutzadurako besoetan dagoz kokatuta. Bardinak dira euren artean, baita altarako mahaiak eurak be, marmolaren antzera kolore desbardinez pintauta dagozalako eta urre-koloreko apainketa ugaria daukielako.

Basamentuan eta goiko alde triangeluarra daukan gorputzean dago atonduta, eta guzti-guztia kale bakarrean dago basamentuan plintoen gainean jausten diran pilastra konposaduen artean. Guneak atzealde erdizirkularra eta erdi-puntuko goiko aldea daukaz, eta mentsulen nahiz erdiko zapata-uztaiaren gainean dagozan pilastratxu joniarrek zehazten dabe. Artekek, erroleoek eta girnaldek alboak zein arkuarteak beteten dabez, baita basamentuko idulkietan be. Landaradun taulamentuak bidea emoten deutso honako honeetxen bidez oso apainduta dagoan frontoi triangeluarrari: dentikuluak, hagaburutxuak eta landara-itxura urriko apaingarriak. Goian, flamero bik alboko pilastra bietako ardatzak zehazten dabez. Goiko aldean, barriz, kurutzea dago.

Altarako mahaiak garaikideak dira. Frontea pilastra ildaskatuen artean dago kokatuta, eta, erdian, titularren sinboloetarako eskusoiak dagoz.

Beranduko neoklasizismoko egitura egoki bi dira, 1865-1875ekoak, eta Pedro de Belaunzaranek diseinautako beste erretaula batzuk dakarskuez gogora; berbarako, Ajangizekoa edo Bermeokoa.

Titularrak, Jesusen Bihotz Guztiz Santua (155 x 38 x 30) eta Karmengo Andra Maria (155 x 38 x 30), kronologia bereko tailuak dira edo modernoxeagoak be bai. Andra Mariak Madrilgo Menesesek markautako zidarrezko koroia daroa15CIFUENTES PAZOS, 1993, 176. or. ZORROZUA SANTISTEBAN, 2003, 170. or. .

Urregintzea

Lehen adierazo dogunez, titularrak koroia daroa [42] (9,5 x ø11 x ø16). Zidarrezkoa da, eta kolore berori dauka. Uztaiak ispilu obalak zein erronboide formakoak daukaz apaingarri, marko moduan erabilitako puntu formako troxen gainean, gailurreria landaraz ebagita dago eta ispilu gehiago be badaukaz. XVIII. mendeko lehenengo laurdeneko16CILLA LÓPEZ, 2022, 1. liburukia, 346. or., 2. liburukia, 621. zk. pieza arrunta da.

Metalezko gauzak

Presbiterioko oinaldean, hiru kanpai dagoz. Hirurak brontzezkoak dira, ezkiladunak, eta, lehenago, kanpantorreko hiru baoetan egongo ziran.

Euretako lehenengoak [50] (53 x ø47) dindirriak daukaz apaingarri, goiko aldean; eta sigi-sagea, beheko aldean. Inskripzinoa daroa: AÑO DE 1882 UDIARRAGA. Bere kostua 250 errealekoa17AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostolua, San Bartolome Apostoluaren parrokiako Udiarragako ermitako kontuak... 1882-1928, sign. 2665/002-00. izan zan.

Bigarrenak [51] (32 x ø26), txikiagoa eta bakunagoa danak, ez dauka inskripzinorik.

Azkenean, hirugarrenak [52] (57 x ø48) dindirriak daukaz apaingarri, goiko aldean; eta Golgota, beheko aldean. Inskripzinoa daroa: AÑO 1890 SANTA MARIA ORA PRONOBIS. Zulo bi daukaz, Gerra Zibileko tiroen ondorioz, antza.

Kanpai-horman beste hiru kanpai dagoz, gaur egun iristezinak direnak. Aurrekoak ordezkatzen dabez, eta, beraz, duela gutxikoak izan leikez.

Kanpai-horman, haize-orratz kurutzea [53]. Burdina forjaua. Beso eraztundunak ditu, ardatz-itxurako madariakaz eta gardun erremateakaz, eta, beheko aldean, kontrajarritako zeak. Barrokoa, 1778-1779koa.

Ateetako orriak [54] [55]. Burdina forjaua. Orpo lantzeolatuak eta burdinazko sarraila-begi ebagia (oinaldeko atean). Tenplua eregi zan garaikoak izango dira, hau da, 1778-1779koak.

Beste elementu batzuk

Sakristiako kapitel txikia [56] (15,5 x ø24). Ordena konposadukoa. Egur polikromauzkoa. Barrokoa da, 1700 ingurukoa. Desagertutako erretaularen baten aztarnea da.

Sakristiako armairua [57] (188 x 138 x 63). Landutako egurrezkoa. Ate bikotxa dauka; eta, behean, kaxa biko gorputza. Ugaritasunez apainduta dago agirian daukazan hiru aldeetan. Ateak eta kaxak lau hostodunen paneletarako dira, eta eremu perimetralak gubiakaden marren artean doazen hosto eskematikoen serieak dira. Altzari barroko zoragarria da, herrikoiaren eta kultuaren artean dago eta XVIII. mendearen amaierakoa da seguruenik.

Alboko atearen erdiko muntaga [55]. Egurra. Nahiko galdua eta berriz margotzeagatik enpastatua, gubiaren arrastoz eta kapiteltxo jokinoarekin apaintzen da, sakristiako armairuarekiko antzekoak izanik. Tenplua eregi zan garaikoa izango da, hau da, 1778-1779koa.

Interes etnografikoko elementuak

Presbiterioko zutoihala [58] (82×56). Landara-apaingarriak daukazan seda bordauzkoa. Aurreko aldean, Andra Mariaren irudia eta inskripzinoa agertzen dira (N S DE UDIARRAGA 1892); eta, atzeko aldean, bere anagramea.

San Bartolome parrokian gordetako elementuak

Koruko Kristo curutziltzatua [59] (77 x 53 x 15; eta, kurutzea kontuan hartuta, 139 x 67 x 15). Papeloizkoa. XVIII. mendeko barrokokoa dan anatomia argaleko berezko irudia da.

Koruko San Roke [60] (106 x 35 x 26). 1900 inguruan egindako oso obra eratsua da.

Eleiz Museoan gordetako elementuak

San Frantziskoren irudia [61] (161 x 47 x 47). Landutako egur polikromauzkoa. XX. mendearen hasierakoa da.

JMGC – RCL

10. CIFUENTES PAZOS eta LARREA BEOBIDE, 1991, 8.. or.

CIFUENTES PAZOS, José Manuel, eta LARREA BEOBIDE, Ángel. El Santuario de Nuestra Señora de Udiarraga. Bilbao: Bilbao Bizkaia Kutxa, 1990.

CIFUENTES PAZOS, 1993, 165. or.

CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

11. CIFUENTES PAZOS, 1993, 176. or.

CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

GARCÍA URIBE eta GONZÁLEZ SÁNCHEZ, 2018, 14.-15. or.

GARCÍA URIBE, Iñaki, eta GONZÁLEZ SÁNCHEZ, Juan José. “Nuestro escudo y bandera. El escudo de Miravalles está en la ermita de Udiarraga”. In Ecos de Ugao. Ugao-Miraballes: Asociación de Donantes de Sangre de Ugao-Miraballes “Dosanmi”, 2018-5, 104. zenb., 14-15. or. Eskuragarri hemen http://ecosdeugao.blogspot.com/2018/06/ecos-de-ugao-n-104-mayo-de-2018.html

YBARRA y BERGÉ, 1967, IV-1. liburukia, 173.-174. or.

YBARRA y BERGÉ, Javier de. Escudos de Vizcaya. Bilbao: Librería Villar, 1967, 5 liburuki 8 bolumenetan.

12. CIFUENTES PAZOS, 1993, 166., 175.-176. or.

CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 264.-265. or.

ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo barroco en Bizkaia. Bilbao: Departamento de Cultura de la Diputación Foral de Bizkaia, 1998 (a).

13. ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 264.-265. or.

ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo barroco en Bizkaia. Bilbao: Departamento de Cultura de la Diputación Foral de Bizkaia, 1998 (a).

14. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. liburukia, 346. or., 2. liburukia, 621. zk.

CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria-Gasteiz: Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2022, lib. 4 (Investigaciones de Patrimonio Cultural bilduma, 4. zenb.). Eskuragarri hemen https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/

15. CIFUENTES PAZOS, 1993, 176. or.

CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

ZORROZUA SANTISTEBAN, 2003, 170. or.

ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo neoclásico en Bizkaia., 2003. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila.

CILLA LÓPEZ, 2022, 1. liburukia, 346. or., 2. liburukia, 621. zk.

CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria-Gasteiz: Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2022, lib. 4 (Investigaciones de Patrimonio Cultural bilduma, 4. zenb.). Eskuragarri hemen https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/

17. AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostolua, San Bartolome Apostoluaren parrokiako Udiarragako ermitako kontuak… 1882-1928, sign. 2665/002-00.