ANDRE MARIAREN JASOKUNDEAREN ELEIZA

Nerbioi Garaia

\

Arankudiaga | Elexalde auzoa

i

Laburpena (PDF)

Elexalde plaza (48498)

p.asuncion.arrankudiaga@bizkeliza.org

ERAIKINA [1]

Gurutze-formako oinplanoa [2]  daukan eraikina da, hiru ataleko nabe batez osatua, lehena kurutzadura karratua eta laukizuzenak beste biak, oso laburra atzekoa, nahiko garatuta dagozan transeptu-beso banagaz, eta, azkenik, hiru horma-ataleko zortzi aldeko burualdeagaz.

Eraikin honek atxikita daukaz ebanjelioaren aldetik torrea, oinaldeko hormeagaz bardinduta; sakristia, bere zabalkuntzeagaz, burualde osoa inguratuz; eta eleizpea, torrea eta kurutzadurearen eskoiko besoa lotuz. Eleizpe horrek, era berean, Antonio Sainduen ermitea dauka atxikita. Gainera, iparraldean, torrearen eta jagokon besoaren artean, garaje bat gehitu da garai modernootan, eregitako multzoa desitxuratzen dauen ezelako interesik bako elementu bat, hain zuzen.

Barrualdea [3] [4] uniformea eta argia da, baina kanpoaldean [5] gehitutako elementu horreek eleizearen banaketea apur bat desitxuratzen dabe.

Harlangaitz irregularrez eginda dago, kanpotik morteroz oso finkatuta, baina barrutik agerian, egiturazkoa dana izan ezik. Kanpotik, ezponda-zokalo bidez indartuta dago [6], zeinak eraikin osoa inguratzen dauen, kurutzadurearen eskumako aldea izan ezik. Hain zuzen be, ezponda horretan harlandua erabilten da, ertzakaz eta baoetako azpadurakaz eta kanpaien multzoagaz batera.

Zoladuran [7] lauzak dagoz, eleizeak eukazan 54 hilobien itxurakoak. Presbiterioak hiru harmaila daukaz.

Atalek euskarri [8] batzuk daukiez, hau da, toskanar ordenako pilastrak, zarpiatuak, harroin arinekoak eta kapitel urtenekoak. Kapitel horreek tenplua barrutik inguratzen eban moldura jarraitu baten bidez lotzen ziran –presbiterioaren erdiko hormatalean bakarrik galtzen da–, baina, hormak pikadu ostean, orain erlatx zarpaila da.

Eraikinak ganga-formea hartzen dau [9], tabikeakaz zatitutako luneta-sistema bidez atzeko tarte bietan eta kurutzadurearen besoetan, eta ertz-sistema bidez kurutzaduran eta presbiterioan [10]. Luzitutako erdi-puntuko arku formeroetatik eta parpain-arkuetatik sortzen dira. Angeluetan, gangak moldura perimetraleraino heltzen dira (oinaldeak, kurutzadurea), edo, beste barik, euskarri barik geratzen dira (burualdea).

Argia leiho-sistema erregular batetik sartzen da [11] [12]. Leiho dintelatuak eta txaranbelduak dira, bai kanpoaldera, bai barrualdera, non, gainera, eskartzano bihurtzen diran; barrurantz daukan barlasaia sendo xaflaztatua dago. Tarte bakotxean hegoaldean eta zortzi aldekoaren horma-atalean dagoz. Korapilo kontrajarriak daukiezan barroteakaz babestuta dagoz.

Bao horreek, gaur egun, kontzilio osteko beirate figuratiboakaz itxita dagoz.

Sarbidea [13] oinaldeko hastialean dauka. Erdi-puntuko pasabidea da. Ate-hankak eta arkiboltak daukaz, toskanar kapiteltxoakaz banatuta, dana plano lauetan molduratuta. Arkuaren erdian, giltzarri nagusia kordoiz zeharkaturiko kartoi-zapataz apainduta dago, Zeberioganakoa eta Ugaokoa lez. Barrualdea be eskartzanoa da, laprandureagaz. Alboetan urbedeinkatu-ontzi [14] hemiesferiko bi, galloidunak, txirla baten azpian, eta, gainean, Kurutzerako pantailea.

Kurutzadurearen hegoaldeko besorako beste sarbide bat dago [15], ateburu dobelatukoa. Urbedeinkatu-ontzia aurrekoen bardina da.

Koruak eleizearen atzeko zati gehiena hartzen dau. Aurrealdeak arku karpanela dauka, eta pilastra baxu sendo bitan zurkaizten da. Tenpluko handienen bersino txikiak [16] dira. Erlatxak be toskanar molduratua dauka. Gainean, egurrezko balaustre torneatuen karela dauka. Sarrerea torrearen moltsoan dagoan egurrezko eskilarearen bidezkoa da, eta ateburu dobelatuko pasabidean amaitzen da, barne-laprandura eskartzanoagaz [17]. Altuerari dagokionez ez dauka orekarik, beraz, aurretik beste koru bat, baxuagoa egon sala pentsatu daiteke.

Sakristiak [18] oinplano irregularra dauka, eta burualdearen horma-atal bitara atxikita dago. Zortzi aldekoaren iparraldeko igarobide dintelatu batetik ailegetan da bertara, leiho dintelatu eta txaranbeldu biren bidez argiztatzen da, eta plaka lodiko mentsulatan [19]  zurkaizten diran parpain-arku lodi bigaz indartutako kanoiez estalduta dago.

Sakristiagaz bat eginez eta zirkuitua osotuz, presbiterioaren atzean sabai aizunez estaldutako trasteleku bat dago, zeinak kanpotik sarbide independentea daukan.

Torrea [20] oinplano karratukoa da, eta ipar-sartaldeko angeluari atxikita dago, tenpluaren itxitura-hormeagaz bardinduta. Haren mastearen eregite-materiala tenpluarena modukoa da, baina kanpantorrea [21] harlanduzkoa da.

Koruaren azpiko igarobide dintelatutik sartzen da bertara.

Kanpaien moltsoa zortzi aldekoa da, nahiko liraina. Erdi-puntuko bao kardinalak daukaz kapitel-plaken gainean; alakak pinakulu konpleju ederrakaz apainduta dagoz. Pinakulu txikiagoak daukazan taulamentu baten gainean kupula zorrotza dago, saihets-plaken bidez galloitan banatuta. Eta erremate modura, zortzi aldeko linterna erdi-puntuko baotxoetarako pilastra glifodunen artean. Goian pinakulu bat bolagaz, eta gainean burdinazko kurutze-haize-orratz [22] hondatu samarra.

Eleizpeak [23], 1988. eta 1989. urteetan barriztuak, teilapearen eredu ezaguna errepiketan dau, elizearen hormean harburuen gainean sostengatuta dago-ta, eta kanpoaldean banku luze bat daukan hormatxoan zurkaiztutako jabaloidun eta zapatadun egurrezko pilareen gainean.

Interesgarriena zoladurea da [24], harlauzazko korridoreak eta eremu harriztatuak oso marrazki geometriko sinpleakaz konbinatzen ditu-ta.

 

Arrankudiagako eleizea 1440an agertu zan lehenengoz dokumentazinoan. Orduan, eleiztarrek, antza danez tenpluko patroi jarduten ebenek de facto, Juan de Abendañori emon eutsazan euren eskubide ekonomikoak. Juan de Abendaño Bizkaiko ganboatarren nobleen bandoko ahaide nagusia zan, eta urte hareetan Nerbioi Garaiko eskualde horretan bere poderea finkatzen ebilen, aiaratarren kaltetan. Urte batzuk geroago, abendañotarrek anuntzibaitarrei saldu eutsiezan euren eskubideak, geroago berreskuratu ebezan arren1ITURRIZA y ZABALA, 1. lib, 304. or..

Garai hartako edo ondorengo mendeetako tenplutik ez da ezer geratzen gaur egun. Baina ez ei zan oso eraikin kaudimenduna. Izan be, 1689an aurri-itxurea eukan, eta inbersino handiak egin behar izan ziran, eleizatearen laguntzinoagaz. Halanda guzti be, 1737an aurri-zorian –“amenazando ruina”– egoan, eta, horregaitik, erestea erabagi eben, eta beste bat egitea beste kokaleku baten, bala-tiro biko distantzian –“en distancia de dos tiros de bala”– (1742an adituek egindako txostenaren arabera, 155 kanara, 130 metro ingurura)2ELORRIAGA BUSTAMANTE, 1995, 328. orritik 330. orrira. ITURRIZA y ZABALA, 1. lib., 304. or..

Prozesua 1737ko urtarrilaren 15eko bisita pastoralagaz hasi zan, eta konponbideak aldez aurretik aztertzeko eskatu jaken Ugaoko Juan Bautista de Ibarra harginari eta Arrigorriagako Juan de Aranguren arotzari, zeinak adierazo eben (1738ko zemendiaren 25ean) eleizea, torrea eta sakristia erestea eta dana barriro egitea komeni zala, eta lan horreek 57.200 errealeko balioa eukiela. Valdecarzanako markesak –abendañotarren ondorengoak– jasoten ebazan eskubideen kontura izango zan aurrekontua. 1619tik batutako hamarrenen herena parrokiari emotera kondenau eben. Markesak aurka egin eban, baina, errege-zedulearen bidez arazoa konpondu ostean, lanak hasteko modua egon zan.

1738ko abenduaren 7an, Juan Bautista de Ibarrak diseinua eta baldintzak prestau ebazan. Hilebete bereko 28an, eretsitakoa baino edukiera handiagoko tenplu barriaren lanak burutu ziran. Jose de Olazar Ugaoko harginak eta Tomas de Aranguren Arrigorriagako arotzak hartu eben konpromisoa, eta 1739ko maiatzaren 31n ipini zan lehenengo harria. Orduan, hurbil egoan Santo Domingoko ermitara eroan eben gurtzea, eta han mantendu eben lanak amaitu arte.

Hilebete geroago, eleiza barria zimendauta egoan, baina Valdecarzanako etxeak prozedurea errekurridu eban eta bahiturea altzau zan. Beharra asko moteldu zan, eta, horrenbestez, 1742an zokaloak baino ez ziran eregi. Eleiztarrak diru barik egozan, eta 1746an ez zan ezer aurreratu, nahi-ta bisitariak, alperrik, lehenbailehen amaitzeko eskatu. Urte batzuk geroago, 1752ko bisitan, argi eta garbi adierazo zan kezkea, lanak noiz edo noiz amaituko ete ziran. Izan be, “no ai esperanza de que en muchos años se reedifique la yglesia” (“ez dago itxaropenik eleizea urte askoan barriro eregi daiten”.)

Hain zuzen, 1778. urte inguruan atera zan ostera be errematera, eta Valentin de Abasolo, Sodupeko (Gueñes) bizilaguna, Antonio de Respaldiza, Laudiokoa (Araba), eta Jose de Zuricalday, Arakaldokoa, arduratu ziran behar hataz. Azkenean, 1783ko bagilaren 1ean bedeinkatu eben eleizea, eta erretaulak, santuak eta kanpaiak lekuz aldatu ebezan. Eta badirudi korua beste urtebete atzeratu zala, baita torreko haize-orratza eta presbiterioko lauzak be –lauzak Berangotik ekarri ebezan, 35 kilometro baino gehiagoko distantziatik–.

Berrogeta bost urte baino gehiagoko prozesu luze horretan zehar, ez zan aldatu, funtsean, hasieratik diseinautako plana, Ibarrak 1738an idatzitakoa. Trazatzailea bera, lehenengo faseetan, hargin errematatzailearen bazkide izan zan3AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas y visitas 1715-1774, sign. 0204/005-00. BAPH, Judiziala, Korrejidorea, Zibila, sign. JCR 1128/012; sign. 948/007. BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. lib., 392. orritik 393. orrira. ELORRIAGA BUSTAMANTE, 1995, 328. orritik 331. orrira..

Eraikinak asmo-kultu nabarmenak daukaz, neurri baten 1988. eta 1989. urteetako zaharbarritzearen ondorioz itxurabakotuak. Elementu barroko interesgarria da, non, torrean izan ezik, garaiko berezko baliabideen ekonomia igarten dan –dokumentazinoan eten barik islatzen da hori–. Trazatzaileak, nobedade modura, Antonio de Vegak eta beste batzuk inguru horretan (Lemoa, Bedia, Urduñako Antigua) ezarri ebezan burualde angeluzuzenei uko egin eutsen, eta gurago izan eban aurreko mendetik ahaztuta egoan zortzi aldeko sistemea. Eraikinaren luze-zabalean ez dago apaindurarik. Kanpantorrea da salbuespena, nahiko aberatsa da-ta.

Adierazo dogun lez, 1988. eta 1989. urteetan esku-hartze garrantzitsu bat egin zan. Horren bitartez, besteak beste, aparejua azaleratu zan barrutik, eta euskarriak alkartzen ebazan inpostea harri-lerro huts bihurtu zan. Halan, tenpluari baldartasun-kutsua emon jakon, trazatzailearen eta komitenteen gogoan inoiz egon ez zana.

1. ITURRIZA y ZABALA, 1. lib, 304. or.

ITURRIZA y ZABALA, Juan Ramón de. Historia general de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones. Angel Rodríguez Herreroren edizinoa. Bilbo: Arturo liburu-denda, 1967 (1794ko eskuizkribua), liburuki 2.

2. ELORRIAGA BUSTAMANTE, 1995, 328. orritik 330. orrira.

ELORRIAGA BUSTAMANTE, Carlos. Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

ITURRIZA y ZABALA, 1. lib., 304. or.

ITURRIZA y ZABALA, Juan Ramón de. Historia general de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones. Angel Rodríguez Herreroren edizinoa. Bilbo: Arturo liburu-denda, 1967 (1794ko eskuizkribua), liburuki 2.

3. AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas y visitas 1715-1774, sign. 0204/005-00.

BAPH, Judiziala, Korrejidorea, Zibila, sign. JCR 1128/012; sign. 948/007.

BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. lib., 392. orritik 393. orrira.

BARRIO LOZA, José Ángel (dir.). Bizkaia. Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea – Deiker/Bizkaiko Foru Aldundia – Hirigintza eta Ingurumena, 1989-1991, 3 lib.

ELORRIAGA BUSTAMANTE, 1995, 328. orritik 331. orrira.

ELORRIAGA BUSTAMANTE, Carlos. Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

ALTZARIAK

1698an erretaula nagusi baten eraikuntza kontratau zan, baina 1737 heldu orduko bankua baino ez egoan eregita, gorputz biak eta errematea falta ziran, eta bisitariak eregite-lana amaitzeko eskatu eban. Orduan jarri zan martxan tenplua barritzeko prozesu luzea, zeina 1783ra arte luzatu zan. Data horren ondoren, eleizan alboko erretaula laburra –“el cortto (sic) rettablo y colateral”– ipini eta kapila bietarako erromatar erako aldareaurre bi –“dos antte altares a lo romano para las dos capillas”– gehitu ziran. Pare bat urte geroago, 216 erreal ordaindu jakozan Antonio de Echaniz arkitekto-maisuari, erretaula nagusian (mobidu egiten zan-ta), erlatxean eta gainerako guztian egindako hobekuntzakaitik –“las mejoras causadas en el retablo maior por razon de sus mobimientos asi en la cornisa, como en todo lo demás”–. 1787an 80 erreal jaso ebazan Luis de Salterain santu-egileak erretaula nagusirako aingeru birengaitik –“por dos anjelones para el retablo maior”–. Eta beste erretaula bi, Arrosariokoak eta Santo Domingokoak, 1828an enkargau ebezan. 1829an dana urretu eban Antonio Ruigomezek4BAHP, Notario-protokoloak, 4747. paper-sorta, 127. or. ELORRIAGA BUSTAMANTE, 1995, 337. or.. Gaur egun, ordea, ez dago erretaularik eleizan, baina bai tailla ugari eta beste elementu batzuk.

Eskulturea

 

Tenpluaren iparraldeko alboko garaje-trastelekuan, Kristo kurutziltzatua[25] (185 x 165 x 21). Egur polikromaua. Anatomia argaleko tailla, soina argalduta, garria eta saihets-hazurrak markauta. Arpegi nasaia dauka, begiak itxita daukaz eta burua apur bat makurtuta, eta ule xerlo kizkur bat be harantz jausten da. Garbitasun-oihala laburra da, eta toles txikiak daukaz. Gotiko berantiarra, 1500 ingurukoa.

San Anton? [26] (130 x 53 x 35). Egur polikromaua. Jantzita daroan abituaren eta bizar luzearen arabera, baleiteke San Antonio Abadea izatea. Irudi sendoa da, eta oihal zabalak daukaz jantzita. Arpegia zorrotza da, eta kristalezko begiak daukaz. Gizon adindua da, burusoila, eta bizar ugari eta adats ertaina dauka kiribiletan. Barrokoa, XVII. mendearen lehenengo erdia.

Maria Magdalena [27] (118 x 37 x 26). Egur polikromaua. 1739an eretsitako izen bereko ermita zaharretik dator, eta handik “Santo Domingo de la Calzada y Santa Magdalena” ermitara igaro zan. Azken hori parrokia izan zan eleiza barria eregiteko lanek iraun eben bitartean, eta 1784an eretsi eben5AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas y visitas 1715-1774, sign. 0204/005-00.. Pedro de Menaren ereduari jarraitzen deutsan Magdalena penitentearen irudia. Galdu egin dau ezkerrean eukan kurutzea, eta hara begira dago, beste eskua bularrera daroala, burua Kristori eskaintzeko. Haren arpegia mehea eta fina da, begirada malenkoniatsua dauka eta sorbaldetatik behera doan ule luze uhindua. Gorputza leun makurtzen jako aurrera egiteko jarreran, baina estatikoa da, zalantza barik, bere forma anatomikoak ezkutetan dituan abituaren zurruntasunagaitik. Barrokoa, XVII. mendearen azken herena.

Tenpluaren burualdean, goian, Jasokundeko Ama Birjina [28]. Egur polikromaua. Irudia oso ondo osotuta dago, zapi zabal, arin eta finak daukaz, eta eskuak oso delikauak. Arpegia, ordea, ez dago hain aztoratuta. Hodei eta aingerutxo mordoa dauka gainean, eta inguruan beste sei kerubin. Pieza bikaina da, kalidadekoa, baita polikromia be, berdea, gorria eta urre-kolorekoa, motibo estofau ederrakaz. Badakigu 1739an Jasokundeko Andra Mariaren irudi barria –“nueba imagen de Nuestra Señora de la Assuncion”– urretu eta estofau zala eta haren zilarrezko koroia konpondu zala6Ibid.. Barrokoa, 1739. urte ingurukoa. 

Sakristian, San Migel [29] (95 x 50 x 40). Egur polikromaua. Arkanjeluaren taillea mobimentu handikoa da, deabruagaz liskar betean dabil-ta. Haren arpegia delikaua da. Jantzi militarrak daukaz, eta oihal eta larruek mobimentua daukie. Bestalde, haren oinpean jausitako aingerua bildurtuta dagoan munstro bat da. Ulaje bitxia dauka, eta ulaje horretatik oratzen deutso San Migelek. Barrokoa, XVIII. mendearen erdialdekoa.

Trastelekura bueltauta, Errosarioko Ama Birjina [30] (138 x 56 x 39). Egur polikromaua. Itxura traketsekoa, arpegiera ez da oso trebea, eta oihal lodiak artifizialki mobiduta dagoz. 1768an Ameriketatik etorri barria zan Pedro de Larrea Achak oparitu eutsan Errosarioko Kofradiari. Polikromia barruan dala, 661 erreal eta 18 marabedi ordaindu ebazan harek7AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas de la Cofradía del Rosario 1768-1863, sign. 0203/001-02.. Barrokoa, 1768.

Mesedetako Santua [31] (121 x 42 x 33). Egur polikromaua. Zutunik dago, kardinal-muzeta gorria dauka eta Mesedetako ezkutua aurrealdean eskegita. Bizar motza dauka, kristalezko begiak eta arpegi zorrotza. Arropak arinak dira, eta izur nahiko zuzenak daukiez, baina mobiduagoak dira behealdean. Eskuetan, galdu dauen elementuren bat euki eban beharbada, palma eta kustodia akaso. Kasu honetan, San Erramun Nonato izan leiteke. Badakigu 1784an 180 erreal bideratu zirala San Ramon Nonato barri bat egiteko, eta margotu eta estofetako –“para hazer quan nuevo un San Ramon Nonato, dándole pintura y estufa (sic)8AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas 1776-1869, sign. 0210/001-00.. Barrokoa, 1784?.

Sakristian, San Pedro [32] (109 x 41 x 29). Egur polikromaua. Uribarri auzoko San Pedro ermitatik dator. San Pedro aita santuaren irudia, zutunik, tiareagaz, kurutze patriarkalagaz eta giltzeagaz. Mobimentu bizikoa da, batez be mantuaren arintasunagaitik eta eskoiko eskuaren kokapenagaitik, altzauta dago-ta. Oihalak mobidu egiten dira, baina zurrunak dira, baita arpegiera be, eutsia eta nabarmen deformauta. Horregaz batera, intereseko xehetasun formal batzuk dagoz. Esate baterako, mantuaren ertzeko arrokaia, ha ixten dauen paparrekoa eta burukoaren borladun infulak. Horrek adierazoten deusku barrokoan gagozala, eta XVIII. mendeko une aurreratu batera garoaz. Izan be, badakigu 1785ean 270 erreal ordaindu zirala hagaitik, polikromia barne. 1753an aitatutako zurezko santu bat –“vulto de dho santo de madera y estofado”– ordezkatu eban, zeina tailla barria heldu zanean kontserbau zan, baina 1791n San Pedro zaharra kentzeko eta haren puskak ermitan lurperatzeko agindu eban bisitariak, zaharra, barregarria eta dezentziaren aurkakoa zalakoan –“se deshagan del San Pedro viejo, muy ridiculo, deslucido e indecente… y entierren sus pedazos en la ermita9Ibid.–. Ziur asko, han dagoz oraindokarren zatiok.

San Frantzisko [33] (148 x 78 x 37). Egur polikromaua. Santuaren irudia zutunik, besoak zabalik, zauriak erakusteko. Kanon lirainekoa, frantziskotarren berezko abitua dauka jantzita, konposizino naturalistako oihalakaz, zeinak mahuketan apur bat alaiagoak diran. Arpegi atsegina dauka, eta zuzen modelauta dago. Neoklasikoa, XIX. mendearen hasierakoa.

Santu frantziskotarra (Paduako San Antonio?) [34] (145 x 48 x 36). Egur polikromaua. Irudi maskulinoa, zutunik, frantziskotarren abituagaz jantzita. Ezkerraldean elementuren bat falta jako, eta horra begira dago. Jesus Umea izan leiteke falta dan hori, eta, halanda ze, eskulturea Paduako San Antoniorena da beharbada. Tailla honek otzantasuna transmitiduten dau, arpegiera gozoa eta bare dagozan oihalak daukaz-ta. Neoklasikoa, XIX. mendearen hasierakoa.

Paduako San Antonio [35] (121 x 53 x 29). Egur polikromaua. Aldameneko Antonio Sainduen ermitatik dator. Santuaren irudia, zutunik, Umea besoetan daukala, ohi dan lez. Proportzino trakets samarrak daukaz (besoa, lepoa, eskuak…), baina personaia bien arpegiak apur bat finagoak dira. Umea oihal solte labur bategaz estalduta dago, eta santuak, barriz, izur fin eta bertikaleko abitu frantziskotarra daroa, besoan izan ezik. Beso hori proportzino bakoa da, askoz baldarragoa. Neoklasikoa, nahi-ta egikera popularrekoa izan, XIX. mende hasierakoa da seguruen.

San Antonio Abadea [36] (160 x 57 x 34). Egur polikromaua. Aldameneko Antonio Sainduen ermitatik dator. Santuaren tailla zuzena zutunik, ohikoa dan eta, kasu honetan, hondatuta dagoan txarri txikia oinetan daukala. Esku bategaz eusten deutso tauari, eta besteak liburu irekia daroa. Adineko gizona, arpegiera barnerakoia dauka, eta ondo landutako bizar sarria dauka. Ordenaren abitua daroa jantzita, eta kurutzea bularrean. Neoklasiko berantiarrekoa, 1861ean erosi zan 700 errealen truke10Ibid..

Trastelekuan, Doloretakoa [37] (151 x 50 x 50). Egur polikromaua. Janzteko irudia, arpegi fina eta arpegiera nasaia daukaz. Neoklasikoa, XIX. mendearen bigarren erdialdekoa[7].

San Joan [38] (151 x 38 x 34). Egur polikromaua. Janzteko irudia. Gorantz begira dago, atsekabetuta. Neoklasikoa, XIX. mendearen bigarren erdialdekoa12Ibid..

Iparreko besoan, Jesus etxunda [39]. Egur polikromaua. Molde akademizistea eta taillaketa-lan ona daukazan irudi artikulaua da, eta ezaugarri naturalistak daukaz. Kutxa baten barruan dago ikusgai. XX. mendearen lehen erdikoa13Ibid..

Presbiterioan, goian, Kristo kurutziltzatua [40]. Zura bere kolorean. Tamainu ertaineko piezea, azterketa anatomiko onekoa. Haren anatomia gihartsuak eta garbitasun-oihalaren konposizinoak eredu manieristetara garoez, XVI. gizaldi aurreratura; dana dala, eskulturaren zati batzuetan esku-hartu ebela edo ikutuak egin ebezala emoten dau eta, horrezaz gainera, polikromia gehiena kendu egin jakola.

Trastelekuan, erretauletatik datozen aingeru-moltsoak [41] (zenbait joko, zenbait neurri). Kerubin hegodunak hainbat jarreratan, masail handikoak, mobimentuan eta hegan. Tenpluak euki ebazan erretaula batzuen parte izango ziran. Batzuk Nekaldiaren elementuak daroez, eta guztiak bilozik eta oihal batzukaz trebe estalduta dagoz. Barrokoak, XVIII. mendekoa.

Metalezko piezak

 

San Joseren kanpaia [42] (70 x ø82). Brontzea. Dunba itxurakoa. 1892. Inskripzino hau dauka: SIENDO PARROCO Y ARCIPRESTE D JUAN Mª ECHANIZ AÑO MDCCCXCII SAN JOSE PARROQUIA ASUNCION14BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 44. orritik 45. orrira..

Ateen burdineria [43]. Burdina. Zitori hori formako errematea daukien zumitzak eta profil lerronahasiko sarraila-zuloak. Barrokoak, 1783. urte ingurukoak.

Leihoetako burdin sareak [44]. Haga eraztunduak eta korapiloak daukaz, eta ertza oso behean. Barrokoak, 1783. urte ingurukoak.

Kurutze haize-orratza [22]. Burdina. Beso zuzenak daukaz zitori hori formako puntetan burutuak (goikoa kenduta dago, antza danez tximistorratz bat instaletako), eta zeak eta adarrak barruko angeluetan. Barrokoa, 1783. urte ingurukoa.

Apaingarriak

 

Soingainekoa [45]. Ehun ezbardin bigaz egindako eleiz jantzia; alde batetik, banda bat, damasko-ehunez egina, gorrimin-kolorekoa sorbaldan, itxituran eta alboetan, eta, bestetik, teila-koloreko damasko bat, fantasiazko motiboakaz, zurtoin, hosto, lora eta abarregaz, zeinak bizarre diseinuak gogorarazoten dabezan. Horrenbestez, badirudi XIX. mendean birmoldautako jantzia dala, teila-koloreko oinarri baten gainean. Barrokoa, XVIII. mendekoa.

Kasullea [46], kaliza-estalkiagaz. Jantzi zuzena, damasko morez egina. XIX. mendea.

Soingainekoa [47], kasullea [48] eta dalmatikea [49]. Urre-koloreko ehun aberatsez, lampás-ez egindako konjuntoa, angélique izenekoa, irudikatzen dauen motibo ikonografikoagaitik. Hiruzuloka-diseinuak ojiba-konpartimentuak konbinetan ditu, aingeru musikarien hirukotea eta Hosanna-kartela daukienak barne. Kasulleak eta dalmatikeak, gainera, beste etxe batzuk daukiez aingeruen, Ama Birjinaren eta kerubinen irudientzako koloretako sedetan, dana kutsu neogotikokoa. Frantzia, Lyongo Henry tailerra?, XX. mendearen lehenengo herenekoa.

Kasullea [50]. Karmin koloreko janzkera, Gros de Tours liseré-n, loraz eta adaxkez apaindutako urre-koloreko motiboakaz, zeinak garapen uhindua daukien itxurazko parpaila baten ondoan. Erdian eta aurrean, Ama Birjina eta Umea dituan etxe bat mugatzen daben kerubin hegodunentzako zerrendea; eta, atzean, kurutze handi bat, Kristogaz, aingeruz inguratuta, joera neogotikokoa. Gasteizko Pedro Ruiz merkatariaren etiketea dauka. XX. mendearen hasierakoa.

Korporalen estalkia eta kaliza-estalkia [51]. Anezka txikia erabiliz landutako ehunagaz egindako osagarriak. Oinarria marfil-kolorekoa da, eta kontraste nabarmeneko hariakaz osotutako lora-motiboak daukiez. XVIII. mendearen erdialdekoa.

Korporalen estalkia [52]. Lora-diseinuko pieza, anezka txikia erabiliz lampás-ez eginda. Atzealdeak cannetillé bilbea dauka. Sedazko harien gama kromatiko aberatsa dauka gorri, berde, lila eta urdinetan, beste zilar-koloreko batzukaz batera. XVIII. mendekoa.

Korporalen estalkia eta manipulua [53]. Anezka txikia erabiliz landutako oihalez eginak, ardi-ule kolorean, loratxo eta hosto batzukaz han-hemenka, koloretako sedak hari metalikoagaz konbinauta. XVIII. mendearen amaiera edo XIX. mendearen hasierakoa.

Beste elementu batzuk

 

Bateoarria [54] (85 x ø79). Kareharri baltz zainduna. Oin zilindriko molduratua behealdean eta kono-enbor formako kopa alderantzikatua, ahoan eta oinarrian bozela daukala. Baleiteke XIX. mendeko piezea izatea.

Ur-txarroa [55]. Harria. Harrizko piezea, esfera-erdian konketea estalduten. Aurrealdean, bozel laurdeneko moldurea dauka, dentikuluakaz eta nitxo dintelau lauaren gainean dago. Beharbada, XIX. mendeko pieza berrosotua da.

Sagrarioa [56] (80,5 x 54 x 33). Egur polikromaua. Profil lerronahasiko altzaria, erremate erdizirkularreko atea dauka, non Bildots Mistikoa dagoan liburu gainean, labaru eta galburuakaz batera, eta, gainetik, izpi zuzeneko hodei-txortea. Haren gainean, erramu-girlandea eta frontoi erdizirkular molduratu konkaboa, alde banatan ese bolutaduna eta lora daukaz (alde batekoa galduta dago). Polikromia marmoreatu iluna eta urre-koloreko motiboak dira. Neoklasikoa, XIX. mendekoa.

Sagrarioko atea [57] (35,5 x 26). Egur polikromaua. Elementu soltea, profil angeluzuzenekoa, kalizeaz eta Ostiaz apaindua, hodeiez eta motibo eukaristikoz inguratua. Neoklasiko berantiarrekoa, XIX. mendekoa.

Kustodiako eguzkia [58] (ø61,5 x 3,6). Egur urretua. Zizelkatutako orlea dauka, besteak beste, pospolinak daukiezan erronboakaz. Haren inguruan izpi-txorta zuzen eta uhinduen distira osotu bakoa. Neoklasikoa, XIX. mendekoa.

Torrean, barriro erabilita, landutako habea [59]. Trazeria hondeatu da eta gogora dakarz landare-forma trilobulatuan amaitutako burbuila eta puxikak dabezan gotiko berantiarreko leihoak. Kalitatezko lana da, egile adituaren, eta ondo informatutakoaren, eskutik ataratakoa.

Interes etnografikoko elementuak

 

Txilina [60] (23 x ø12). Brontzea eta egurra. Pieza popularra da, eta lerro perimetral batzuk baino ez ditu ahoan eta sorbaldan. XIX. mendekoa.

Belaunaulkiak [61]. Egurra eta zumitza. Bizkarralde eta barrote zuzenekoak, ebanisteria herrikoiko pieza funtzionalak. XX. mendekoa.

San Felizisimoko kutxa eroangarria [62] (24 x 35,5 x 14,5). Hainbat material. Etxeko debozinorako kutxea, formatu horizontalekoa, limosnak jasoteko beheko aldea dauka. Kristalezko gunearen barruan San Felizisimo martiriaren irudia dago, etzunda, Deustuko (Bilbao) Pasiotarren eleizan ikusgai dagoan modu berean. Atzeko aldean, ibili beharreko etxeen zerrendea dauka. XX. mendekoa.

Otoitz-apostolutzearen estandartea [63]. Belus eta seda gorriak, sedazko eta metalezko hariak. Alde batetik, IHS eta jaubetzearen legendea daukaz bordauta, eta, bestetik, Bihotz Sagraduaren irudia eskudelgintza-orla barruan, sedatan bordautako eta erantsitako paper margotuz egina. Inguruan lora eta hosto bordauen moltsak ditu, eta piezearen perimetroan metalezko hariz egindako eskudelgintza barriro, bai eta litsak eta borlak be behetik. XX. mendekoa.

Santo Domingo de Guzmanen zutoihala [64]. Seda gordina eta gorria, metalezko hariak eta bestelakoak. Erdian, Santo Domingo de Guzmanen irudi josia daroa, errosarioagaz eta zitoriagaz. Lora horreek, arpegia eta eskuak paper margotuko apaingarriak dira. Haren oinetan, itxurazko bedarra, kiribiletarako lentejuela-ezarkinez apaindua. Oihalaren gainerakoa loraz eta metalezko eskudelgintza-zerrenda batez dago apainduta, eta behetik litsez eta borlaz. XX. mendekoa.

Errosarioko Ama Birjinaren zutoihala [65]. Ardi-ule eta zeru urdin-koloreko sedea, metalezko hariak eta bestelakoak. Aurrekoaren mueta berekoa. Kasu honetan, erdian Errosarioko Ama Birjinaren irudia daroa, Umea besoetan eta errosarioa beste eskuan. XX. mendekoa.

San Isidroren zutoihala [66]. Seda gordina, koloretako sedazko hariak eta metalezko hariak eta papera. Alde batetik, paper gainean margotutako San Isidroren irudia daukan tondoa daroa, eta, inguruan, kiribil-bolutak eta lore bordauak. Beste aldetik, SINDICATO CATOLICO AGRARIA de ARRANCUDIAGA testua be dago bordatua. XX. mendekoa.

Mariaren Alaben zutoihala [67]. Zeru urdin-koloreko sedea, metalezko hariak, papera eta bestelakoak. Alde batetik, oihalezko apaingarria dauka, Sortzez Garbiaren irudiagaz, zeinak paperezko arpegia eta eskuak daukazan. Eta oihalaren gainerakoa zez, landarez, loraz… bordauta dago, zilar-koloreko harian. Atzetik, HIJAS DE MARIA ARRANCUDIAGA jaubetzaren testua, eta Andre Mariaren enblemea erdian. XX. mendekoa.

Eleizbarrutiko gordailuan gordetako elementuak (urre-zidargintza)

 

Kopoia [68] (30 x ø11 x ø15). Zilar urretua. Profil klasizistea dauka: oin biribila, helduleku balaustraduna, pitxer itxurako korapilo zanpatu bat, kaxa erdiesferikoa, eta bozelak daukazan tapa handitua erlatx zabaleko aho gainean. Errematean, erronboide-formako beso-kurutzea eta pospolinak daukaz. Piezan zehar, boluta kontrajarriak daukiezan beranez landutako motibo botaniko finak ikusten dira. Ez dauka markarik. Pieza barroko nabarmena da, XVII. mendearen erdialdekoa15CILLA LÓPEZ, 2022, 1. lib., 260. or., 2. lib., 194. zk..

Kaliza [69] (24 x ø13 x ø8). Zilarra bere kolorean, kopa urretuagaz. Profil klasizista eta lisoa dauka: oin biribila, helduleku balaustraduna, pitxer- edo anfora-korapiloagaz, eta kopa itxia erdian urtengune nabarmenagaz. XVIII. mendearen lehen erdiko Bilboko zilargin Miguel de Alipazaga egilearen (M/ALIPA/SAGA) puntzonaketea dauka oinaren erdian16Ibid., 1. lib., 318. or., 2. lib., 434. zk..

Patena (ø15) dauka, urre-kolorekoa eta lisoa.

Kaliza [70] (25 x ø12,5 x ø8,5). Zilarra bere kolorean, kopa urretuagaz. Aurreko kalizaren bardina da, eta ALIPA/SAGA markea dauka be bai17Ibid., 1. lib., 318. or., 2. lib., 435 zk. .

Eskari-platera (dinanderie) [71] (4,5 x Ø47). Letoia. Erdian, Lur Aginduaren Itzulerearen gaia dago estanpauta; Kaleb eta Josue ageri dira, mahatsondo-mordo handi bat eroaten. Horreen inguruan orla bat dago, mahatsondoak eta aihenak txandaka daukiezan kiribil uhinduakaz. Ertza laua da, eta lora txikiz osotutako zerrenda erradial apala dauka. Plater honeen motiboa eta tipologia XVI. mendean hasi zan, Dinant (Belgika) eta Alemania aldean. Halanda be, inguruko motiborik oparoenak eta bihurrienak XVII. mendeko piezetan ikusi doguz dagoaneko, eta baleiteke garai hatakoa izatea pieza hau.

Eleiz Museoan gordetako elementuak

 

Santa Ageda [72] (89 x 54 x 43). Egur polikromaua. Arpegi delikatuko eta arpegiera galduko tailla ederra, ia mobimenturik ez daukien tolestura sendoko oihalakaz jantzia. Bularrak dituan erretilua eta palmea daukaz eskuetan. Barrokoa, 1775. urte ingurukoa, baina polikromia neoklasikoa da, XIX. mendekoa.

Santa Luzia [73] (88 x 65 x 45). Egur polikromaua. Aurreko piezearen parea da, ezaugarri berekoa. Kasu honetan, erretiluan jagokon atributua daroa, hau da, begiak. Barrokoa, 1775. urte ingurukoa, baina polikromia neoklasikoa da, XIX. mendekoa.

Aingeru bi [74] (86 x 102 x 35 eta 81 x 110 x 36). Egur polikromaua. Aingeru parea, jesarrita; atzealdea laua daukie, eta hegoak zabalduta. Tunika zabalak daukiez, eta nabarmentzekoak dira samako itxurazko parpailak eta inguru horretako erronboide-formako bitxiak. Arpegiak luzexkak dira, eta begirada serioa daukie, baita tupe airosoa be. Antolamentuak erretaula baten zati izan dirala pentsauarazoten dau, alboetako erremate lez. Beharbada, erretaula nagusirako egindako aingeru horreengaitik –“dos anjelones para el retablo maior”– kobrau ebazan Luis de Salterain santu-egileak 80 erreal 1787an18AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas 1776-1869, sign. 0210/001-00. . Barrokoak, 1787. urte ingurukoak.

Kerubin bi [75] (46,5 x 32 x 24,5 eta 48 x 32 x 23,5). Egur polikromaua. Anatomia potxoloa, arpegi haragitsua eta espresino gozoa daukien irudi hegodunak dira, eta mobiduteko keinua egiten dabe. Jesarrita dagoz, hanka apur bat tolestuta eta besoak biratuz. Erretaularen bat osotzeko edo errematetako pentsauta dagozala emoten dau. Leitekeena da 1698an kontratautako eta 1737an artean amaitu bako erretaula nagusiaren zati izatea19AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas y visitas 1715-1774, sign. 0204/005-00; Cuentas 1776-1869, sign. 0210/001-00.. Barrokoa, XVIII. mendearen erdialdekoa.

Purgatorioa [76](27 x 25,5 x 12). Egur polikromaua. Purgatorioan hiru irudi edo hiru arima daukazan goi-erliebea. Alboak soinetik irudikatuta dagoz, eta erdikoa gorago, eskuak alkartuta, erregu eginez. Gainera, ezaugarri desbardinak ditue: bat burusoila da, besteak ule luzea dauka eta beste batek ule motza, beharbada gazteagoa da. Inguruan, sugar uhinduak daukazan sua dago. Barrokoa, XVIII. mendekoa.

Umeak barrika baten barruan [77] (27,5 x 26 x 14). Egur polikromaua. Barrika baten barruan dagozan hiru ume-irudiren taillea. Bilozik dagoz, eta zati batzuetan oihal txiki bat daukie. Erdikoak otoitz egiteko keinua egiten dau eskuakaz eta upeletik urtetear dago, eta beste biak be dinamikoak dira. Baleiteke Bariko San Nikolasen irudi baten zati izatea. Haren hagiografiak kontetan dauen lez, haren oinetan egongo zitzatekean, oinarrian eta atzealdean zuloak daukaz-ta, titularrari lotzeko. Barrokoa, XVIII. mendekoa.

Usoa (Espiritu Santua) [78] (29 x 49 x 20). Egur polikromaua. Hegoak zabalduta eta hankak jasota, bularra aurrez erakusten dauen hegaztiaren irudia. Atzetik ia landu barik dago. Beste altzari baten finkatzeko ziria dauka, beharbada erretaula baten edo sagrario baten. Neoklasikoa, XIX. mendekoa.

Kustodia [79] (52 x 28 x 19). Zilar urretua. Hiru altuerako oin zirkularra dauka, eta profil konkabo konbexua. Heldulekua balaustraduna da, eta madari formako korapiloak galloidun oinarria dauka. Haren ondoren beste pieza lirainago bat dago, hosto lantzeolatuakaz. Beirak, barriz, izpi-txorta zuzenen distirea dauka inguruan, eta erremateko kurutzea galdu dau. Neoklasikoa, XIX. mendearen lehenengo herenekoa.

Kustodia edo erlikia-ontzia [80] (53 x 21 x 17). Letoia. Oin lobulauko pieza ikusgarria da, eta dekorazino geometrizau eta naturalistea dauka, baita korapilo zanpatudun helduleku zilindrikoa eta tenplete formako erakusleku hutsa be. Inguruko zutabe toskanarrek atxikita daukiez zeak eta eseak eta aingeruen iruditxoak goitik, eta zintzilikariak daukiezan pospolinak behealdetik. Espazio horren gainean, zitori horiak daukazan pabiloi bat dago, eta zutabe linterna balaustradaduna, eta horren barruan Sortzez Garbi bat dago. Burutzeko, Kalbariorako esferea eta kupulatxo bat. Tenpletearen beira tubularra galdu dau, zeinak Ostia erakusteko edo erlikia bat gordetzeko balioko eban. Barrokoa, XVII. mendekoa20CILLA LÓPEZ, 2022, 1. lib., 258. or., 2. lib, 79M. zk..

Karrakea [81] (26,5 x 6,5 x 28,5). Egurra. Tresna herrikoia da, trapezoidala, eta gurpil haginduna dauka, kirtenak biratzean mihin bategaz talka egiteko eta zarata bereizgarria sortzeko. XX. mendekoa. Interes etnografikoko elementua.

JMGC – RCL

4. BAHP, Notario-protokoloak, 4747. paper-sorta, 127. or.

AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas y visitas 1715-1774, sign. 0204/005-00; Cuentas 1776-1869, sign. 0210/001-00.

ELORRIAGA BUSTAMANTE, 1995, 337. or.

ELORRIAGA BUSTAMANTE, Carlos. Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

5. AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas y visitas 1715-1774, sign. 0204/005-00.

6. Ibid.

7. AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas de la Cofradía del Rosario 1768-1863, sign. 0203/001-02.

8. AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas 1776-1869, sign. 0210/001-00.

9. Ibid.

10. Ibid.

ZORROZUA SANTISTEBAN, 2001, 102. or.

ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. Aste Santuko pauso eta irudiak Bizkaian. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia – Kultura Saila, 2001.

12. Ibid.

13. Ibid.

14. BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 44. orritik 45. orrira

BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.), MOLINUEVO ZABALLA, María, eta ROMANO VALLEJO, María. Bizkaiko kanpaiak Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, 2005. (Bilduma: Inbentarioak, 12. zk.). Online bersinoa hemen eskuratu daiteke: https://www.bizkaia.eus/Kultura/kanpaiak/index.asp?idioma=CA

15. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. lib., 260. or., 2. lib., 194. zk.

CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzearen Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 lib. (Bilduma: Investigaciones de Patrimonio Cultural, 4. zk.). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/

16. Ibid., 1. lib., 318. or., 2. lib., 434. zk.

17. Ibid., 1. lib., 318. or., 2. lib., 435 zk.

18. AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas 1776-1869, sign. 0210/001-00.

19. AHEB-BEHA, Parroquia de la Asunción de Nuestra Señora de Arrankudiaga, Cuentas y visitas 1715-1774, sign. 0204/005-00; Cuentas 1776-1869, sign. 0210/001-00.

20. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. lib., 258. or., 2. lib, 79M. zk.

CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzearen Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 lib. (Bilduma: Investigaciones de Patrimonio Cultural, 4. zk.). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/