AZKUENAGAKO SANTIAGO ERMITA
(Kepa Deuna parrokiaren jurisdikzinoa)
Arratia
Dima | Santiago auzoa
Folletoa
Santiago auzoa z/g, 48141
p.kepadeuna.dima@bizkeliza.org
ERAIKINA[1]
Azkuenagako Santiago ermitak nabe bakarreko oinplano bakarra [2] dauka; barrualdean, atal bitan eta buru-horma zuzeneko burualdea dauka. Multzo nagusiak beranduago eraikitako sakristia atxikita dauka eta oinaldean eratutako eleizpea [3]; hiru isurialdeko teilatuak estaltzen dau multzoa.
Horma-harrizko egitura dauka bistan [4], eta hareharrizko harlandua bakarrik izkinetan [5] eta aurrealde nagusian agertzen da. Barrualdean, horma-aldeak zuriz luzituta dagoz [6], altara-aldean izan ezik, hemen egitura bistan dago-eta [7].
Zoladura, zementuzko plaka da [8]; altara-aldean altxatuta dago, inguru hori zehaztu ahal izateko.
Kanpoko estalkia hiru isurialdekoa da, bitartean, barrualdean, egurrezko egitura isurialde bitara antolatzen da zertxa biren gainean [9]. Nabarmentzekoa da, egurrezko oholtzarako zeruaren erabilera [10], burualdea eta nabearen lehenengo atalaren erdia estaliz; altara-aldeko zatian jatorrizko polikromiak iraun dau [11]. Erdialdean, eguzkia atzeman daiteke oraindik [12] eta izpien artean, santuen irudiak dagoz margotuta [13]. Era berean, lehenengo zertxaren tirantean, marrazkiek be iraun dabe [14].
Sarbidea [15], oinaldeko horman dago, guztiz zabalik eta erregistro biko sareaz [16], haga biribilduna [17] eta erdian atea dauana [18], babestuta. Egur sare hau harrizko hormatxo baxuan finkatzen da, eta ondoan urbedeinkatu-ontzi txikia dago [19], janban latindar kurutzea grabatuta daukala.
Argiztapen naturala aurrealde nagusitik sartzen da [20] eta baita hegoaldeko horman zulatutako burudun leihotik be [21] [22].
Sakristia, oinplano errektangularrekoa, burualdeari atxikitzen jako eta burudun hutsartearen bidez lotzen da altara-aldeagaz [23]. Eremu honek luzitutako horman [24], egurrezko estalkia eta zementuzko zolua daukaz. Barrualdera laprandura handia daukan eta argiari pasatzen izten deutsan hutsartean zabaltzen da [25].
Oinaldean, eleizpea dago [26], eta bere estalkia, isurialde bikoa [27] nabearen jarraipena da. Egurrezko egitura lau oinarri zuzenen gainean zurkaizten da [28], eta honeek, aldi berean, barrualdearen inguruko banku korritua daukan horma-harrizko karelean bermatzen dira. Aurreko beso handi bik sendotzen dabe multzoa [29] eskumako oinarrien artean eta kareharrizko harlandu sendoak hormaren gainean [30]. Eskumako janban idazkun hau irakurri daiteke: “Aº 1849” [31]. Iparralde eta hegoaldean zabaldutako igarobide biren bitartez sartu daiteke eleizpara. Eleizpan, zementuzko zolua dago.
Eleizparen aurrealdean, hormaren gainean, paraleloan dagozan egurrezko zutoin bik osotutako egitura dago eta honen amaieran kanpaia ipintzen da [32].
XVI. gizalditik dagoz agirietan jasota Azkuenagako Santiago ermitaren inguruko barriak. Izan be, Jandonekobe baserriaren inguruan ermita bat egoala esaten zan, hain zuzen be aitatutako baserri horretatik metro gitxira egoanaz ari ziralarik 1ARREGI AZPEITIA, 1987a, p. 327.. Gaur egungoa, Azkuenaga landan berreraikitzea adostu zan, jatorrizkoa erabat hondatuta egoan-eta.
Lanak, antza danez, eta ermitako eleizpean grabatutako datak agertzen dauanez, 1849an bertan amaituta egozan, hogeta hamar urteren buruan, 1880an, eleizpea handitzea adostu baeben be. 1881ean amaitu eben lana eta 626 errealeko kostua izan eban, baina material batzuk ez ziran ordaindu ezta eleiztarrek doan egin ebezan lanordu batzuk be 2AHEB-BEHA, Parroquia de San Pedro Apóstol de Dima, Papeles Varios, sign. 1887/000-00. .
XX. gizaldian, hainbat hobekuntza izan ditu, esate baterako, teilabarritze-lanak, hormen pintaketak edo zoluak hormigoitzea. Dakigunez, 1984an, beste barriztapen bat izan eban 3ARREGI AZPEITIA, Ibid..
ALTZARIAK
Eskultura
Santiago erromesa [33] (112 x 28 x 27). Egur polikromatua. Liraintasunik ez baina egundoko bertikaltasuna dauan irudia. Santua, zutik dago, jarrera nasaiaz eta aurrez aurre; ezkerreko eskuaz pordoiari oratzen deutso eta eskumakoa altxatuta dauka bedeinkapena emongo baleu lez. Tunika luzea eta gainjantzia ditu, azken hau tolestura zabal eta zurrun samarrakaz, zelanbaiteko eskematismoaz jausita, gorputzaren azterketa naturalista ez ezik silueta nabarmenduz. Kapela hegal-zabala dau buruan, erromesari dagokion osagai bereizgarria, eta aurpegi bizartsua eta aurpegiera markatua ditu, adierazpen hieratiko eta indibidualizazino psikologiko eskasa. Formaren ikuspuntutik, eskulturak kutsu zaharkitua dau, batez be, bolumen soilengaitik eta tolestura paralelo eta azalekoetan antolatutako jantzien gogortasunagaitik. Anatomia ezkutatu egiten da jantzien azpian eta aurrez aurreko irudia izatean, izaera ikonikoa areagotu egiten da. Dana dala, eredu jantzien oinarrizko ezagutza atzematen da, hemen zelanbaiteko bakuntasunez interpretatuta. Hori dala-ta, lan hau herrikoitzat jo daiteke edo lekuko tailerren baten egindakotzat. Eginkizun sinbolikoa eta debozinozkoora lehenesten dau barrikuntza formalaren gainetik. Hieratikotasuna, adierazkortasunik eza, irudiaren zurruntasuna eta soiltasun teknikoa batuta, XIV. gizaldi ingurukoa dala izan daiteke, gotikoa.
Deikundea [34] (101 x 71). Egurra polikromia hondarrakaz. Taula bitan banatutako antolamendu bertikaleko erliebea. Ezkerretara, Gabriel goiaingerua dago, aurrerantz makurtuta apur bat, erreberentziazko jarreran, eta eskumatara, Maria Birjina, bere baitan bilduta, gorputza arin okertuta eta burua makurtuta dituala, onarpen-keinua eginez. Bien artean, loreontzia liliakaz, andra Mariari buruzko garbitasunaren adierazle eta, gainera, pasartearen antolamenduaren ardatz. Erliebeak modelaketa leun samarra dauka, hondoaren gainean argitasunez ebakitzen diran baina espazioa larregi zulatzen ez daben irudiakaz. Oihalek trazu uhinduko tolestura ugari dabe, bolumen astunak ez ezik erritmo linealak sortuz arintasun eta dotoretasun sentsazinoa emonez. Aurregien lanketari dagokionez, ezaugarri fin eta idealizatu samarrak dabez, eta horri irudien jarrera neurritsua gehitu ezkero, estetika fina da emaitza, grazia lineala lehenetsiz naturalismoaren gainetik. Multzoa osotzeko, arkitektura- eta apainketa-osagaiak ikusi daitekez -esate baterako goian batutako gortina edo hodeiak beste izkinan-, agerraldia eremu sinbolikoan kokatuz. Lan hau klasizismoaren barruan dago, dotoretasun eta fintasun adierazkorra daben irudiakaz. Gozotasuna atzematen da jarreretan, eta pertsonaien arteko eragin-truke emozionala. Konposizino honek italiar eremuko Trento osteko grabatu edo estanpetan aurkitzen ditu erreferentziak. Guzti horregaitik, XVII gizaldiaren erdialde ingurukoa dala esan daiteke. Beste alde batetik, auzotarrek kontatzen dabezanez, erliebe hau ostu egin eben San Balendin ermitatik zehaztu bako egun baten, baina gero berreskuratu eta ermita honetan geratu zan.
Beste osagai batzuk
Sarbideko sarea [35]. Egurra. Erregistro bitan antolatutako itxitura, barrote biribilduakaz. Hiru kaletan egituratutako garapen horizontala dauka: erdikoa, sarbiderako dana ate soil baten bidez, eta alboetako bi, finkoak, eta goiko atala lanketa beraz. Multzo osoa horma-harrizko idulkiaren gainean eraikita dago. Osagarri bereizgarriena, barrote bertikal biribilduak dira, zilindro-formakoak eta erregulartasunez jarritakoak. Profil soila dabe, zabalgune arin edo uztaiakaz garapenean -ardatz edo balaustre soil erara-, apainketa gehigarri barik. Funtzionaltasuna apainketaren gainetik lehenesten dauan hedatutako arotzeria-lana da, XIX. gizaldiaren erdialdekoa. 1887ko kontuetan, idatzoharra egin zan, pulpituaz gainera, eleizpeko sarrerarako ate bi eskuratu zirala aitatuz 4AHEB/BEHA, Parroquia de San Pedro Apóstol de Dima, Papeles Varios, sign. 1887/000-00..
Bankua [36]. Egurra. Konpartimentuetan banatutako besoakaz, tarteko beso-euskarrien bidez bereizitako hainbat “jarlekutan” antolatuta. Formari dagokionez, pieza soil eta funtzionala da, haga bertikalak eta goian zeharraga dituan bizkarralde zuzenagaz, eta okerdura arina daben hanka sendoakaz. Bereizgarriena, beso okertuak dira, pieza jarraitu bakarrean landutakoak eta muturrean kiribil arinagaz. Xehetasun honek emoten deutso gutxieneko dotoretasuna, altzari hau funtzionala da-eta bereziki, eta baserri-inguruetan ohikoa dan ereduari jarraitzen deutso. Hedatutako arotzeria-lana da, helburu estetiko ororen gainetik iraunkortasuna eta funtzionaltasuna bilatzen dauana. Halanda be, beso okertuek eta antolatutako bizkarraldeak eredu jantziagoen ezagutza islatzen dabe, kasu honetan, lekuko testuingurura egokitutako soiltasuna nabarmentzen bada be. XIX. gizaldi aurreratua.
Eleizbarrutiko gordailuan itzitako osagaiak (urre-zidargintza)
Kaliza [37] (23,2 x 16,3 x 10,5). Zidarra bere kolorean. Silueta zirkularreko oinarria, profil konbexukoa, bozeldutako gailoiez eta balaustre-formako kurutze txikiaz apainduta; maila honen gainean, multzo konkortu leuna dago eta ondoren heldulekuak. Gailoi luzexkadun piezatik abiatu eta horzdun zirrindolak eteten dau. Zurtoina, poligonala da, zatikatua, sagar-korapilo zapal eta gailoidunagaz, erdiko molduraren bidez banatuta. Kopak kanporantz okertutako ertz leuna dauka goian, eta azpikopa gailoiez apainduta dago. Oinarriaren aurrealdean, letra larrietan, jabetza-idazkuna agertzen da: SANTIAGO. Eta oinarriaren barrualdean, PI / TANO puntzoia ikusi daiteke, Gasteizen XVI. gizaldiaren bigarren erdialdean egozan egilerik nabarmenetakoa zan Juan de Pitano zidargileari dagokiona. Pieza hau XVI. gizaldiaren hirugarren herenekoa izan daiteke.
Patena [38] (⌀14,3). Zidarra bere kolorean. Biribila eta leuna, apaingarri bakoa.
MRV - RCL
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López