KURUTZE SANTUAREN ERMITEA
(Jasokundeko San Bartolome Apostuluaren parrokiaren jurisdikzinoa)
Arratia
Zeanuri | Ogarabeiti auzoa
Folletoa
Ogarabeiti z.b. 48144
p.andramari.zeanuri@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Oinplano [2] angeluzuzeneko eraikina da, barrualdean espazio [3] bateratua daukana, nahi-ta estalgiaren zertxeak segmentu bitan zatitzen dauen, ia luzera berekoak biak.
Hormak harlangatx kareztatukoak dira barrukaldean [4] eta kanpokaldean [5], baina alboetako paramentuetan kareztatzearen zati bat galduta dago, eta gune batzuetan agerian dago harlangatx irregularreko harria [6]. Eskinetan harlanduak daukaz, apur bat eskuairatuak [7]. Behekaldean, lurraren arrasean, harri-ilara bat [8] dago, ermitea zimendatzeko, lurra bardintzeko eta hormak hezetasunetik isolatzeko.
Zoladurea zementuagaz eginda dago [8]. Presbiterioa maila txiki-txiki bat gorago dago.
Estalgia [4] egurrezkoa da, zertxa bakarrekoa.
Teilatua [9] isuri bikoa da, eta iparraldeko isurialdea luzatuta dauka, alboko arkupea babesteko.
Oinaldean sarrera bat dauka [10]. Arku zorrotzeko pasabide bat da [11], ertz nazelauko harlandu handi bigaz eratua. Ertzaren erremate hori sarbidearen alboetatik beheraino heltzen da [12]. Atearen gainean mezu hau dago idatzita, metalezko xafla obalau baten: “ERMITA STA CRUZ” [23]. Ur bedeinkaturako ontzi xume bat dauka [13], hareharrizko kono-enbor formako ontziagaz.
Argia gezileiho batetik sartzen da, altara-ostean oparo, gaur egun santuaren irudiak estalduta [14]. Kanpokaldean, bao hori hutsune dinteldu bat lez ikusten da [15].
Oinaldeko hormapikoaren gainean kanpai-hormea [16] dago. Kareharrizko harlanduz egindako elementua da, kanpairako atal bakarreko bao batekoa [17], frontoi triangeluarrean amaituta, eta horren gainean pinakulua dauka, metalezko kurutze apal bategaz errematauta [18].
Arkupea [19] dauka oinaldean eta iparraldeko hegalean. Aurreko zeharragari eta alboetakoei [21] eusten deutsien oinalde zuzenek [20] zehaztutako espazio bat da, horreetan kokatuta estalgiaren luzapena. Zorua zementuzko geruza bat da, itxuraz antxinako harlauzak diran pieza batzuen gainean [22].
Kurutze Santuaren ermitea Zeanurin dago administrazinoz, baina, eleiz-antolakuntzeari jagokonez, Areatzako uribildukoa da.
Dokumentazino historiko urria dago ermita honi buruz, baina, sarrerako arku zorrotza eta presbiterioko leiho estuak aintzat hartuta, tenplu gotiko-errenazentistea dala esan geinke.
Teilatuan esku-hartze bat egin da orain dala gitxi.
ALTZARIAK
Ermita honi buruzko datu dokumentalik ez daukagu, eta altzari-ondasunak urriak dira bertan.
Eskulturea
Kristo Berbiztua [24]. Egur polikromaua. Kurutze bategaz burututako horma-hobi sotil baten babestuta, Kristoren irudi bat ageri da, zutunik. Oso irudi estatikoa da, tolestura zuzen geldoko tunikeagaz eta soingaineko gorriz jantzita. Esku bategaz bedeinkapena emoten dau, eta besteagaz, ostera, fuste luzeko kurutze bati eusten deutso. Arpegi obalaua eta bizar laburra daukaz, eta haren keinuak pentsakor dagoala adierazoten dau. Egikera herrikoiko irudia da, kronologia ezezagunekoa.
Metalak
Kanpaia [25]. Brontzea. Ezkila handi erakoa. Egin zan urtea azaltzeko inskripzinoa dauka idatzita sorbaldan, 1831.
MRV - RCL
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López