SAN ADRIAN ERMITA
Nerbioi Garaia
Zeberio | Argiñao auzoa
Laburpena (PDF)
Argiñao auzoa z.g. (48499)
p.santotomas.zeberio@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Oinplanoko ermitea da [2], zati bitan banatutako [3] [4] nabe angeluzuzenekoa. Eraikinaren apaltasuna antzaldatu egiten dala dirudi eleizpean, horixe dauka-ta alderdirik deigarrienetako bat: ermitea hiru aldetatik inguratzen dauen egitura zabala da, tenpluaren azalerea halako bi daukana [5].
Hormearen egiturea harlangatxezkoa da, laukitu samarra, harlanduak daukiezan eskantzu batzuetan izan ezik. Burualdeak [6] behealde irregularragoa dauka, lehenago egindako lan baten aztarnea, beharbada. Material hori agerian dago kanpoaldean, baina barrualdea zuriz zarpiatuta dago.
Zoladurea [7] lur egosizko adreiluz eginda dago, gure ermitetan ohikoa izango zan sistemea izan arren, gaur egun tenplu gitxitan kontserbau dana. Eleizpea 1989an egindako azken erreforman zementau zan.
Estalgia egurrezkoa da, zertxa bitan bermatutako goihabe-sistemea, bata buruhorman enbutiduta eta bestea erdian. Triangelu horreen tiranteak horman sartutako zutunikako oinetan zurkaiztuta dagoz, eta ertz-tailu sinpleak daukiezan jabaloiakaz sendotuta [8]. Egurrezko egitura horretako pieza batzuek kaxak eta zuloak daukiez, berrerabiliak izan diran seinale, lehenago beste nonon beste funtzino bat bete ostean.
Teilatua [9] hiru isurkikoa da, eta isurialdea tenpluaren oinalderantz dauka. Elizpearen gainean urteten dau, hedadura handiaz.
Sarrerea tenpluaren oinaldeko ardatzera edegita dagoan ateburu erako bao [10] baten dauka. Haren eskoian, ur bedeinkaturako kareharrizko ontzi bat dago [11], ahoan sokaz apaindua eta azpian galloi forma leun bat daukana. Baleiteke XVI. mendekoa izatea.
Argia sartzeko, tenpluak hainbat leiho ditu. Fatxada nagusia zabal urratzen dabe leihoburu erako bao bik, santutxuen eredura hurbilduz ermitea. Gezi-leiho erako bat be bada [12], hegoaldeko horman edegia.
Burualdekoa da, halanda be, baorik interesgarriena. Barrualdean [13] erdi-puntu txaranbeldua da, eredu erromanikoak gogora dakarzana, hau gitxienez XVI. mendekoa izango bada be. Kanpoan [14], harlanduan kurutze zabal bat dago zulatuta, ingeradan hiru ebaki-lerroz zehaztua, eta konpasean marraztutako zirkulu bana marrazten dabe lerroek, besoen lotunea marketan dauenaren modukoa. Erromaniko aurreko leihoa da, XI. mendekoa seguru antzean, eta paralelismoak ditu inguruan: beste leiho bat dago hurbil dagoan Barañaoko San Antonio ermitan, Zeberion bertan, eta beste bat Lamindaon, Diman, hamar bat kilometro eskasera1GARCÍA CAMINO, GONZÁLEZ CEMBELLÍN eta SANTANA EZQUERRA, 1987, 10, 12, 31-32 or. BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. libk., 321-322, 489 or. LÓPEZ DE ARROYABE FORONDA, 2011, 107-108 or..
Lehen azaldu dogunez, eleizpe deigarria dauka inguruan. Haren estalgia teilatuaren luzapena da, urten-tarte handikoa, eta teilatu-hegala egurrezko hamahiru zutunikako oinen gainean dago, jabaloi eta guzti, kono-enbor formako harroinetan finkauta [15]. Mihiztatze-lan konplejua [16] da, kutxak eta mihiztadurak erabiliz egindakoa, gehienetan egurrezko zirien bitartez bermatuta. Barrualdean lez, kutxa-hondarrek barriro aprobetxautako piezen zantzuak erakusten deuskuez: egitura hori puzzlea da, eta era askotara berrosotu leiteke.
Eleizpearen barruan, sarrerearen gainean, barruan ikusi dogun goihabea luzatzen da. Zolarria eta jabaloiak lagun, euskarri bat osotzen dau, garai baten kanpaiari eusteko balio izan ebana. Aitatutako zolarri horrek mentsula batzuk daukaz, XVII. mendea gogorarazoten deuskuen uveakaz eta biribilkiakaz soil zizelkatuak [17].
San Adriango ermitea landa-ermiten erakusgarri ederra da, izaera oso herrikoia daukan eraikina, eleizpe handia ezaugarri nabarmen daukana. Halanda be, badauka elementu berezi bat, erromaniko aurreko leihoa, leku hau antxina be erabilten izan dana dinoskuna. Eraikinaren inguruetan hilobi batzuk agertu dira, tipologiagaitik X. eta XI. mende ingurukoak diranak2GARCÍA CAMINO, 2002, 483 or. ALZOLA CAVIEDES, 1995, 174 or.. Bestetik, irudi titularra protogotikoa da, XIII. mendekoa seguru antzean, eta horrek be antxinako kronologia adierazoten deusku barriro.
Erdi Aroko ermitea XVI. mendean berregin behar izan eben, eta erromaniko aurreko leihoaren barrualdea –zorionez berrerabili zana– ordukoa ei da. Edozelan be, idatzizko dokumentazinoa askoz be beranduagokoa da: topau dogun lehenengo datua 1609koa da, eta badakigu 1628an esku-hartze garrantzitsua egin behar izan zala, “aviendose caido la mytad de la dicha hermita” (“aitatutako ermitea jausi da-ta”). Une haretakoak izango dira eleizpeko pieza batzuen tailu kiribilduak.
Gerora badira erreforma txikiagoen barriak, eta horreen artean, baleiteke bat oinaldeko horma pikoan hiru bao zabaltzea izana. Oso berantiarrak dirala dirudi. Azkenik, eraikina 1989an zaharbarritu eben3AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Zeberioganako Andra Mariaren ermitako kontu-liburua, 1610-1692, sign. 1794/005-00; Kontuen eta bisiten liburua, 1751-1802, sign. 1795/003-00; Kontuen eta bisiten liburua, 1803-1839, sign. 1802/001-00..
1. GARCÍA CAMINO, GONZÁLEZ CEMBELLÍN eta SANTANA EZQUERRA, 1987, 10, 12, 31-32 or.
GARCÍA CAMINO, Iñaki, GONZÁLEZ CEMBELLÍN, Juan Manuel, eta SANTANA EZQUERRA, Alberto. “La arquitectura prerrománica vizcaína”. Hemen: Kobie (Serie Bellas Artes). Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1987, 4. zk., 7-37 or. Eskuragarri hemen: https://www.bizkaia.eus/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/4/Kobie_4_Bellas_artes__LA%20ARQUITECTURA%20PRERROMANICA%20VIZCAINA_%20%20por%20l%C3%B1aki.pdf
BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. libk., 321-322, 489 or.
BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.). Bizkaia. Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea – Deiker/Bizkaiko Foru Aldundia – Hirigintza eta Ingurumena, 1989-1991, 3 libk.
LÓPEZ DE ARROYABE FORONDA, 2011, 107-108 or.
LÓPEZ DE ARROYABE FORONDA, Margarita (coord.). Erdi Arko Artea / Arte medieval. Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutua / Instituto para la Sostenibilidad de Bizkaia, 2011. Eskuragarri hemen https://www.academia.edu/3400041/Arte_Medieval_Bizkaia_Erdi_Aroko_Artea
2. GARCÍA CAMINO, 2002, 483 or.
GARCÍA CAMINO, Iñaki. Arqueología y poblamiento en Bizkaia, siglos VI-XII. La configuración de la sociedad feudal. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 2002.
ALZOLA CAVIEDES, 1995, 174 or.
ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma)
3. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Zeberioganako Andra Mariaren ermitako kontu-liburua, 1610-1692, sign. 1794/005-00; Kontuen eta bisiten liburua, 1751-1802, sign. 1795/003-00; Kontuen eta bisiten liburua, 1803-1839, sign. 1802/001-00.
ALTZARIAK
Olabarrietako Santo Tomas parrokian itxitako elementuak
San Adrianen irudia? [18] (67 x 18 x 12). Egur polikromaua. Egikera herrikoia dauka, liburua daroa, tunikea eta gorputzari itsatsitako mantua jantzita, ule laburrez eta bizarrez ageri da. Tinta lau traketsez egindako birmargotzeek, beharbada, arpegiko ezaugarri batzuk estalduten dabez, baina, dana dala, ikusbide doguz oihal zuzen-zuzenak, aurrerakako jarrera hieratikoa, desproportzinoren bat, espresinorik bako arpegierea, eta horreek Erdi Aroko kronologia baten kokatzen gaitue, bete-betean. Protogotikoa, XIII. mendekoa, orain dala gitxi barriro pintaua.
AAS – MRV – JMGC – RCL