SAN ADRIAN ERMITEA
(Ipiñaburuko Santiago Apostoluaren parrokiako jurisdikzinoa)
Arratia
Zeanuri / Beobide auzoa
Folletoa
Beobide z.b., 48144
p.santiago.zeanuri@bizkeliza.org
Beobideko San Adrian ermitea oinplano angeluzuzeneko [3] eraikina da, unidade bakarreko [4] espazioa [5], baina estalgiari eusten deutsien zertxek hiru zatitan banatzen dabe, eta burualdearena egiten dauen laugarren zati bat be badauka. Gaur egun, burualde hori banakatuta dago, baina tenpluaren gainerako zatiak baino apur bat gorago dagoalako, besterik ez. Hegoaldean, kanpai-hormea, lurretik abiauta, eta lau angeluko sakristia txiker bat daukaz atxikita [6]. Oinaldean [7] arkupe labur baten luzatzen da.
Hormak harlangatxezkoak dira, izkinetan eta sarbidearen inguruan apurtxu bat laukituta. Ia aparailu guztia zuriz zarpiauta dago, bai kanpoaldea –kanpai-hormea izan ezik–, bai barrualdea –burualdeko hormea izan ezik, non tamainu ertaineko harlanduxkoagaz nahastutako harlangatxa pintzelau egin dan–.
Zoladurea baldosazkoa da. Presbiterioa harmaila baten bidez altzetan da.
Estalgia [8] egurrezkoa da. Hiru zertxen muturrak hormetan sartzen dira, eta, zutoiez baliatuz, goihabe luzeari eusten deutsie; goihabe horretatik, gapirioak harresietara heltzen dira. Osorik ikusten da egiturea, nahi-ta 1984an presbiterioaren gainean egindako erreformara arte zeru bat egon zan [9], urdinez margotutako azpilezko landa-erako ganga baten formako errezela.
Teilatua [10] isurki bikoa da, sakristiaren gainean isurialde triangeluar bategaz estalduta.
Oinaldean, tenplurako sarbide bakarra dago [11]. Dinteldua da, eta alboetara zabaltzen dabe leihate bik, sekzino karratuko egurrezko hagak daukiezanak, kuruztoki edegien ereduen antzera. Eskuman, ur bedeinkaturako ontzi bat [12], kono-enbor itxurakoa. Bertan, polikromia gorri apur bat gordeten daben galloi trakets batzuk induskatu dira.
Tenpluaren argiztapena urria zan. Sarrereak emoten dauenaz gain, leiho bi dagoz [13]: bata aurrealdean, dinteldua eta barruan alboko isuria daukana, eta bestea hegoaldean, hori be burualdean, tunel zuzenekoa eta dinteldua, itxuraz modernoagoa. Baina inguru horretan zerua kendu ostean, argizulo bi edegi dira estalgian, eta horreek argi ugari emoten deutsie presbiterioari.
Esan dan lez, ermiteak sakristia txiki bat dauka [14] atxikita hegoaldean, teilatuaren isurialde triangeluar bategaz estalduta. Interes bako gunea da, berezitasun bat alde batera itxita: ez dauka sarbide zuzenik tenplura. Kanpotik sartu behar da, pasabide dinteldu batetik.
Haren ondoan, kanpai-hormea altzetan da [15]. Prisma trinkoa da, eta, haren gainean, gorputza altzetan da, kanpaia jarteko: erdi-puntuko bao bat, frontoi triangeluar bategaz eta kurutze bategaz burututa. Kanpai-horma horren oinarrian, inskripzino batek [16] hau dino: AÑO / DE 1896 / AÑO DE 1920.
Aurrealdean, ermitea arkupe txiki bategaz osotzen da [17]. Nabearen zabalerara egokituta dago, eta teilatuaren luzapen batek estalduten dau. Luzapen hori oin zuzen bitan oinarritzen da, harrizko zurtoinetan, eta tirante horizontal baten bidez sendotzen dira oin horreek. Tirante horretan, pendoloi batek gailurraren muturra bermatzen dau. Gaur egun, egitura hori indartuta dago, 1984ko erreforman gehitutako besoen bidez. Zorua hormigoizko xafla bat da.
Kanpai-horman inskribidutako datek izan ezik, dokumentazinoak eta alderdi formalek ez deuskue ezer argitzen San Adrian ermita honen biografiari buruz (galdutako gauzak topetako eskatzen jakon laguntzinoa santu horri) 1GOROSTIAGA, 1924a, 125. or... Aztarna bakarra ur bedeinkatuaren ontzia da, galloidun asmokoa, eta barrokoaren herentzia gogorarazoten deuskuna. Baina hain egikera herrikoia daukanez –tenpluko gainerako gauzek lez–, arriskutsua dirudi data bat egoztea.
1896. urteari buruzko erreferentziak erreformaren bategaz eukiko dau zerikusia, 1920ari buruzkoak lez. Gerra Zibilean kalteak euki ebazan (txikizino batzuk egin eutsiezan eta kaliza bat eta apaingarri batzuk ostu ebezan), “dozena erdi bat eleiztarrek konpondu eben oso ondo, herri osoaren laguntzinoagaz” eta 1941ean barriro zabaldu eben, gurtzarako 2AHEB-BEHA, Zeanuriko Jasokundeko Andre Mariaren parrokia, Hainbat paper, sign. 1774/007-05, sign. 1774-000-00.. 1984an, eraberritu egin eben; orduan zerua galdu eban, bere elementurik interesgarrienetako bat. Baina antxinako populazino-gune baten egoteak pentsarazoten deusku haren bizitza askoz luzeagoa izan dala.
ALTZARIAK
Eskulturea
San Adrian [18] (101 x 27,5 x 29,5). Egur eta pasta polikromaua. Ermitako irudi titularra, erromatar erako erropa militarrez jantzita. Makila eta palmondoa daroaz, martiria dala adierazoteko. Itxura akademikoko irudia da, modernoa. XX. mendea. Haren jaieguna irailaren 8an izaten da, eta, antxina, lehorte-garaian, santua Aldain errekaraino eroaten eben. Bertan busti eta baselizara bueltan eroaten eben, prozesinoan: “Aldaingo errekara ekarten ebela siketa denporan. Bertan bustita atzera eroan ermitera”. Euria eskatzeaz gainera, galdutako gauzak topetako be erregutzen jakon 3ARREGI AZPEITIA, 1987a, 2. liburukia, 424-425.or..
Metalezko gauzak
Kanpaia [19]. Brontzea. Eskilonaua. Sorbalda estuak eta oinarri zabala ditu. Dekorazino bakarra, Golgotaren gaineko kurutzea, sabelean, eta, sorbaldetatik hur, zintadun zerrenda bat. Leitekena da XIX. mendearen amaierakoa izatea, 1896koa, hori da-ta kanpai-hormearen datea.
MRV - RCL - JMGC
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López – Juan Manuel González Cembellín
1. GOROSTIAGA, 1924a, 125. or.
GOROSTIAGA, Eulogio de. “La religiosidad del pueblo. Zeanuri”. In Anuario de la Sociedad de Eusko-Folklore, 4. zk., 1924, 118-133. or. Hemen eskuragarri: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/PDFAnlt/folkl/004118133.pdf