SAN ANTOLIN ETA ANDRA MARIA ERMITA

Nerbioi Garaia

\

Orozko | Andra Mari auzoa

i

Laburpena (PDF)

Andra Mari auzoa, z/g (48419)

p.sanjuan.orozko@bizkeliza.org

ERAIKINA [1]

Andra Mari auzoan dago, azkenaldian (1950ean amaitu zan bertako jarduera) emakumezkoen komentu lez, eta monjak erakundearen kudeatzaile ziralarik, funtzionatzen eban herriko ospitale-asilo zaharrari erantsita1ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. lib., 489. or. OJANGUREN IRALAKOA, 1997, 84. or.. Gaur egun barriro be martxan da, nagusien egoitza lez.

Ermita honek oinplano [2] errektangularra dau, eta nabe bakarra, ia-ia bardinak diran multzo bitan banatuta; lehenengo multzoak burualdearena egiten dau [3] eta gainerako zorutik harmaila bat gorago dago. Hegoaldean sakristia atxiki jakon -gaur egun kenduta dago-, eta oinaldean eleizpea dago. Bitxia da bere orientazinoa, ipar-mendebalde-hego-ekialdea, beharbada ospitalearen antolamendura egokitu behar izateagaitik.

Barrualdea [4] zabala da, honako tenpluetan ohikoa dana baino gehiago.

Hormek [5] hormarria bistan dabe eta sarbide, hutsarte eta izkinen inguruak harlanduzkoak dira.

Egurrezko zoladura barria dauka.

Barruko euskarriak [6] apur bat atarata dagozan eta kapitel molduratu oso urtenak dabezan zutabeak dira; oinarrien angeluak ebakitako plakakaz osotzen dira [7].

Guzti horren gainean kokatzen dira gangak. Oinaldekoa ertzduna da, nerbioakaz, batzuk leunak eta besteak zorrotzak eta giltzarri zirkularraz apur bat zintzilikatuta dagoan landare-botoiarentzat. Lehenengo atala, ostera, esferaerdiko kupula da [8] -irregular samarra-, petxinen gainean; Tanborra dentikuluakaz molduratzen da eta kupula bera hutsarteetan sartutako eta erdiko apaingarri bilibilean alkartutako nerbioez bereizitako zortzi ataletan banatzen da. Gangen oinarri diran arkuak eta parpain-arkua erdi-puntukoak dira, leunak, zabalak -burualdekoak erretaula hartzen dau azpian.

Estalki osoa zuriz zarpiatuta dago eta urre-koloreko nerbio eta giltzarriakaz.

Teilatuak [9] hiru isurialde ditu eta hiru aldeko isurialdea burualdean.

Oinaldean dago tenpluan erabilten dan sarbide bakarra [10], dobela-formako eta alboetan harlandu luzez bereizitako ateburudun hutsune handia da.

Bigarren sarrera bat be izan zan [11] ebanjelioaren aldean, jatorrian dobela-formako erdi-puntuko arkuan eta beranduago ateburuduna, oraindik barruan antzeman leiken tunel okertuaz. Gaur egun hormatuta dago.

Era berean, horma berean, beste hutsune bat dauka, ateburuduna, itxita, baina maila altuagoan, balkoi-formakoa; seguruenik hemendik entzungo eben meza komentuan bizi ziran monjek.

Parean, epistolaren aldean [12], beste hutsarte bat dago hormatuta: ateburu monolitikoa dau eta desagertutako sakristiarako sarbidea zan. Eta beste pasabide bat gorago, erantsitako beste gela batzuetarako sarbide izango zana.

Argia, sarbidearen gainean jarritako idi-begitik [13] eta epistola-fatxadaren goialdean eta barrurantz txaranbelduta dagozan burudun leiho bitik sartzen da.

Oinaldean, egurrezko korua dago [14], nabearen zabalera osoa hartzen dau eta pare bat metro luzatzen da ebanjelioaren hormatik, iparraldeko ereduak gogora dakartzan galeria erara. Sakonera gitxikoa, biribildutako barrotedun karelagaz bermatzen da. Atal bitan banatutako angelu-formako eskaileratik iritsi daiteke bertara.

Sarbideko fatxadan, kanpai-horma dago [15], multzo bakarra aleroi txikien artean, erdi-puntuko hutsuneagaz kanpaia hartzeko. Apaingarri lez, piramideak forja-kurutzeak dabezan bolentzat; alboetako bat galduta dago eta erdikoa kurutze-haize-orratz ikusgarria da.

Ermitak eleizpe altu bat be badau [16]. Bere estalkia, hiru isurialdekoa eta tenpluarena baino beherago dago eta harrizko oinarria daben egurrezko lau zimendutan bermatzen da.

 

Ermita hau eraikin aitagarria da ingurukoen artean, handia dalako eta egikera duina daualako. Bere antolamendua -nabearen zabalera eta altuera, kupula-, nabarmendu egiten da ermiten berariazko arkitekturan, oraintsu egindako barrikuntzek jatorrizko itxura neurri baten aldatu egin badabe be (batez be, erantsitako elementuei eta hainbat eraikuntzakazko loturei dagokienez).

Hormatutako erdi-puntuko sarbidea XVI. gizaldiaren lehenengo erdikoa izan daiteke eta ordurako tenplua eraikita izango zan. Halanda be, idatzitako lehenengo aitamen zehatza 1706koa da, hain zuzen be, honen ingurukoa: ospitale-arduradunek karguaz jabetzean egindako adierazpenean ermitako argiak biztuta eukitera konprometitu ziran2AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, San Antolin ospitaleko kontuak eta aginduak. 1700-1838, sign.: 2973/001-00..

Ospitaleko kontuak, sarritan, zehaztasun barik bada be, ermitan egindako lan txikiei buruzkoak dira3Ibid.. Baina 1766an erortzeko zorian egoan eta berreraikitzea erabaki zan, ia-ia oinplano barria emonez. Manuel Arechavala Meneagaraiko auzotarrak (Ayala/Aiara, Araba) egin eban diseinua eta Andres Otuna arduratu zan gauzatzeaz; honek arotzeriaren zati bat be egin eban Tomas Basabilbasoren laguntzagaz4CONDE FUENTE, 1997, 240. or.. Lanengaitik 19.330 erreal eta 33 marabedi gehi diseinuaren 120 erreal ordaindu ziran. Tenplu barria egiteko aurretik egozan inguruko hainbat hormaz eta, zalantza barik, arkudun sarbideaz baliatuko ziran.

Ez dakigu orduan eraikina gangaz estali zan ala ez, baina, egia esan, leihoen gaineko aldea hartzen daben gaur egungo gangak, euren moldurak ikusita, beranduagokoak dira, beharbada XIX. gizaldikoak. Era berean, korua, kasu honetan, barroteak ikusita, XX. gizaldikoa dala esan daiteke.

2010ean, eraikin osoa barriztatu egin eben.

1. ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. lib., 489. or.

ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbao: Diputación Foral de Bizkaia / Instituto Labayru, 1987, lib. 3.

OJANGUREN IRALAKOA, 1997, 84. or.

OJANGUREN IRALAKOA, Pedromari. Paseos por Orozko. Bilbao: Autorearen edizioa, 1997.

2. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, San Antolin ospitaleko kontuak eta aginduak. 1700-1838, sign.: 2973/001-00.

3. Ibid.

4. CONDE FUENTE, 1997, 240. or.

CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

ALTZARIAK

Hamazortzigarren gizaldiko hainbat inbentariotan “quadro del Salbador” dalakoa agertzen da, San Antolinen eskultura bi (bat prozesinoan atarateko) eta San Fabianen, San Sebastianen, San Rokeren, San Ramonen (edo San Romanen), Igokundeko Andra Mariaren beste bi eta “una ymaxen pequeña de nuestra señora con su atabaque”, zenbait bitxi eta apaingarri5AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, San Antolin ospitaleko kontuak eta aginduak. 1700-1838, sign.: 2973/001-00. Ezer gitxi heldu da gaur egunera.

Erretaulak

 

1733an, “el retablito del Altar Maior y en el la ymaxen de nuestra señora” aitatzen da eta 1769an, agirietan hauxe dago idatzita: “alttar biejo colocado en la sacristia, el qual… hera el principal que tenia la anttigua hermita demolida”; bertan irudi bi egozan, titularrarena eta Andra Mariarena, eta “un Cruzifijo, un San Juan y una Nuestra Señora al pie de la Cruz, los que sirvieron de superficie (¿remate?) en el alttar de dicha hermitta anttigua”. 1707an Gramosako markesak, Leguizamon etxekoa eta “pattrona destta antteyglesia” zanak, Bilbotik bialdu ebana izango zan. Tomas Gonzalez de la Camara arduratu zan muntaketaz eta pintaketaz6Ibid..

Altzari ha kendu eta sakristiara eroango eben, 1766an tenplua ia osotik berreraiki ebenean eta handik hiru urtera, ikusi dogunez, beste irudi batzuen artean aitatu zan.

Gaur egun, beste erretaula bat dago haren lekuan [17]. Jarlekua, pisua eta teilatupea ditu, hiru kalekoak, alboetakoak alakan atzeratuta nagusia nabarmentzeko. Urre kolorea emondako egurra da, landare-apainketa oparoagaz: kiribilduak, girlandak, mentsulak, loreak, pinakuluak…

Bankuak sagrarioa dauka (atea galduta), ‘belarri’-markoan. Zoruko kaleak zutabe-sistema anitzak bereizten ditu: hustutako zutabeak, behealdeko herena ildaskatuta daben zutabe konposatuak eta zutabe laburragoak, goialdean ildaskatuta. Euskarri guzti honeek bankuetan biribildutako mentsuletara jausten dira. Erdiko teilapea, erdi-puntuko txarabeldua eta arkubarnera sartuta hosto-apainketarako, landare-tarjetoian amaitzen da, eta hagaburu txikiez taulamenduari eta erdian ezkutua dauan frontoi makurrean amaitutako burudun teilapea dauan teilatupeari eusten deutse [18].

Gatxa izango da neurri honetako beste erretaula baten hainbesteko ugaritasunik aurkitzea apaingarriei eta osagarrien aniztasunari dagokienez. Zalantza barik, egileak ondo ezagutzen ebazan sasoiko estiloak, eta 1730 eta 1740 bitartean landuko eban, barroko betean (hau da, erretaula beste eleiza batetik jadetsiko zan, eta ez zan beren-beregi ermita honetarako eskatuko). Baleiteke, erretaula ermitan jartean, teilatupearen atzealdeko taulari (ohiko Kalbarioa margotuta izango eukean), errepertorio rokokoko motiboak grabatuta eukazana, barriro urre-kolorea emotea.

Irudiak, anitzak dira. Titularra, San Antolin da [19]. Egur polikromatua. Altzaria egin zan sasoikoa emoten dau edo, beharbada, apur bat beranduagokoa. Santua zutik dago eta palma eta liburuari heltzen deutse; jarrera dinamikoa dau, jantzi konkortuak ditu, mobimentu apur bat irudikatuz. Polikromia beranduagokoa izango da.

Goian, teilatupean, Pietatea [20] (120 x 53 x 28). Egur polikromatua. Antolaketa bertikal samarra dauan eskultura, gotikoaren amaieran guztiz hedatuta dagoan eredu ikonografiari jarraitzen deutsana, kasu honi dagokionez, adierazkortasun mugatuagaz eta zelanbaiteko zurruntasun anatomikoagaz, batez be Kristori dagokionez. Gotiko berantiarreko pieza da, 1520-1530ekoa7MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 293. or.. Atzean, Valois 1776 dinoan idazkuna dago, Juan Valoisek polikromatu egin ebala agertuz eta horretarako kolaz itsatsitako oihalez be baliatu zala; beharbada, burua be osorik barritu eban (kristalezko begiak eta malkoak behintzat bere esku-hartzearen ondorio litzatekez). Eskultura 1955-1963an eraikitako Zubiaurreko San Joan parrokian dau jatorria eta bere aurreko Dulumaneko San Joan parrokiatik iritsiko zan hara.

Azkenik, alboetako kaleetan, Sortze Garbia eta Jesusen Bihotzaren Sagrarioa, garaikideak, Olot erakoak.

Eskultura

 

San Joan Ebanjelaria [21]. Egur polikromatua. Gorpuzkera sendoa dau; santua zutik dago, jantzi mardulez jantzita. Ikur bakarra dau, bere Ebanjelioa, eta beste eskua albo batera zuzentzen dau. Aurpegiera zakarra dau, ulaje mardula eta espresibitate gitxi. XVI. gizaldiaren amaierakoa edo XVII. gizaldiaren hasierakoa, ikutuak egin jakoz polikromian.

Pinturea

 

Kristo hiru Marien aurrean agertuz [22]. Orio-pintura mihisearen gainean. Jesus hiru Mariei agertzen jake bere Berbizkundearen ostean, Maria Magdalenari bere zauriak erakusten deutsazan unea irudikatuz. Beste emakume biek, normalean, Maria Salome eta Maria Kleofasena lez identifikatuta, zutik dagoz eurei begira. Anfora bana dabe orio usaintsuagaz, Kristoren gorpua igurzteko. Baina heltzean, hilobia hutsik aurkitu eben, eta Kristo berbiztuta. Magdalenak dau jarrerarik sutsuena Jesusen aurrean, eta honek esan eutsazan berbak, “Noli me tangere” (ez ikutu), bere eskuen keinuan antzematen dira. Pasartearen inguruan, goian, agertzen diran berbak be lagungarri dira berau ulertzeko: “qui passus es pronobis domine miserere nobis. Año, 1639” (gugaitik sufritu dozun Jaun [Horrek] erruki zakizuz); behean, “illee aurem accererunt & renuerunt pedes eius & adoraverunt eum dicit & jesus noli me tangere: nondum enim / ascendi ad Patren meun, vade auten ad fratres meos & dic eis: Ascendo ad Patrem meum & / Patrenn vestrum deum meun & deum vestrum” (“Emakumeak, hurreraturik, oinak besarkatu eutsoezan eta gurtu egin eben [Mateo, 28, 9]. Jesusek esan eutsan [Maria Magdalenari]: «Itzi nagizu, ze, oraindino ez dot Aitagana igon. Zoaz nire senideakana eta esaiezu: Neure Aitagana eta zuen Aitagana noa”» [Joan 20, 17]”).

Guztia balaustrez itxitako galerian gertatzen da; barrenean, lorategia eta arkitektura klasikoa eskuman. Lanaren kalitate piktorikoa ez da bikaina, baina badau baliorik, batez be egin zan sasoiagaitik eta sarri lantzen ez dan gai ikonografikoagaitik. Artelan honen iturri grafikoa Jan Sadeler I.aren 1582-1583ko grabatua da, Maarten de Vosen beste bati jarraitzen deutsana, Barrokoa, 1639koa.

Metalezko gauzak

 

Kanpai-horman, kanpaia [23]. Brontzea. Ezkiladuna. Idazkunean, hauxe bakarrik irakurri daiteke: 1881 IHS… MARIA…, eta behean, IGNACIO MURUA VITORIA. Egile honek egindako kanpairik zaharrena da.

Kurutze-haize-orratza. Landutako burdina. Albo bietatik geratzen dan bakarra lore handiz apaindutako eta uhin-izpian amaitutako ardatz bertikaldun zitori hori forma eskematikoa dauan adats-gezi soila da [15]. Handia dan erdikoak [24], lerro bihurriz beteta (asko desagertuta) daukaz besoak; honeek “ce”z batzen dira eta eurotatik puntak eta izpi bihurkor barriak ataraten dira, errematean lez; lema oso txikia da. Hedatutako osagaiak, baina barrokoaren testuinguruan. 1766 ingurukoak.

Atearen burdineria [25]. Landutako burdina. Tatxetak izar forman eta zitori hori formako ohiko zumitzak. 1766 ingurukoa.

Beste elementu batzuk

 

Atea [25]. Egurrezkoa. Ate-orri bigaz; honeen goiko panelak alde konkabodun laukiak dabe landuta eta inguruan kasetoiak erronbo eta triangeluentzat, eta ateetan euretan, kurutzeak eta kasetoi gehiago erronboentzat. Izar-tatxetez eta zumitzez apaintzen da, zitori horian amaituta. Juntura estalki barria -hutsartean sartutakoa- jarrita dago. 1766ko barriztapenari lotuta legoken zurgintza-lan bikaina.

JMGC – RCL

5. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, San Antolin ospitaleko kontuak eta aginduak. 1700-1838, sign.: 2973/001-00.

6. Ibid.

7. MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 293. or.

MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Flandesko isladak. Gotiko berantiarreko eskultura higigarria Bizkaian. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia, 2011.