SAN ANTOLIN ETA SAN ROKE ERMITA
Nerbioi Garaia
Zeberio | Zubialde auzoa
Laburpena (PDF)
Zubialde auzoa (48499)
p.santotomas.zeberio@bizkeliza.org
Eleiza hau eregiteko lanak 1964an hasi ziran, Andre Mariaren Jaiotzearen parrokia bertan jarteko asmoagaz, eta haren barne-antolaereak Vatikanoaren II. Kontziliotik eratorritako erispide barriei aurrea hartu eutsen, izan be, Bizkaian ez ziran erispide horreek 1967ra arte ofizialki ezarri.
Baina parrokia izateko zan hak ez eban egundo funtzionau parrokia lez. Eregiten amaitutakoan, ermita izaerea besterik ez eutsen emon. Orduan, San Antolin eta San Roke deitura bikotxa hartu eban, aurrez handik hurbil –100 metro baino gitxiagora– egondako ermita bati egokiona. Hain zuzen be, antxinako ermita ha desakralizau egin eben Jaiotzearen parrokia eregiteko asmoa zala-ta.
ERAIKINA [1]
Oinplanoa [2] nabe laukizuzena da, barruan hartzen dauena presbiterioa, zeinaren ebanjelioaren aldeari eguneroko kapila bat dagoan atxikita. Gune horreetan bietan, gelaxka lauki txiker batzuk ateraten dira, berogailuarena eta aitorleku batena, hurrenez hurren.
Oinplanoa osotzen du sakristia txiki batek, burualdearen eta kapilearen arteko angeluan.
Kanpoaldean, arkupe batek inguratzen dau tenplua oinaldetik eta ebanjelioaren aldetik, baina azken horretan ez dago eleizeari atxikita. Izan be, patio bat eratzen dau, eta laukizuzen baten dauka oinplano osoa. Arkupe hori, gainera, eregite-proiektuaren parte izan ziran abadetxerako eta beste parrokia areto batzuetarako igarobidea da.
Garai hatako elizetan ohikoa dan lez, orientazinoa ez jako egokitzen sortalde-sartalde orientazino kanonikoari, eta albokoko errepiderantz zabaltzen da, ipar-sortaldetik hego-sartalderako noranzkoan.
Forma eta bolumen garbiek eraikin diafano bat eratzen dabe [3] [4], haren barrualdea erraz irakurteko moduan, nahi-ta opakuagoa dan kanpoaldetik, estalgiaren hegal zabalen azpian uniformizauta dago-ta.
Eraikinak hormigoi armatuzko zutabe eta habez osoturiko egitura bat dauka oinarri, eta hareen arteko hormek bistako adreilua daukie kanpoaldean.
Harmaila pare batek presbiterio biak [5], nabe nagusikoa eta kapilakoa, goratzen dabez, batera, nahi-ta nabe nagusiko altarara igoteko hiru maila gehiago dagozan.
Lauza baltzezko zoladurea dauka nabearen gorputzak, baina burualdeetan eta eguneroko espazioan terrazo argiago batez ordeztuta dago.
Estalgiak isurki bi daukaz, eta zeharka ipinita teilatuaren gailurra. Orri bien arteko lotureak koska bat eratzen dau, nabearen zabalera guztia alderik alde hartzen dauen sabai leiho jarraitu batentzat.
Teilatua hormigoizko xafla bat da, gorriz margotutako metalezko txapa batez estaldua kanpotik.
Kapilak [6] estalgi- eta teilatu-eredu berari jarraitzen deutso, baina, jakina, askoz altuera txikiagoa eta garapen urriagoa dauka.
Arestian aitatutako teilatu-orrien arteko sabai-leihotik sartzen da argia eleizan, eta horma guztietan –nabearen burualdekoan izan ezik– dagozan erremateko leiho jarraituen ilara batetik; leiho horreetako batzuk zabaldu egin leitekez. Hutsarte horreek guztiak burdinazko arotzerian kokatuta dagoz.
Baoen antolaera horrek –goratua, perimetrala– eta beirak zeharrargiak izateak, eta ez gardenak, argiztapen leuna eta homogeneoa sortzen dabe.
Gainera, presbiterioko epistolearen aldean leiho handi bat dago, beirate batez itxia [7], zeinaren diseinu geometrizauan Jaiotzea irudikatuta dagoala dirudien, modu lauso samarrean.
Oinaldean, sarrera nagusia [8] edegiten da, ateburuduna, eta orri bikotxeko ate bik osotua. Sarreraren aldamenetan, ur bedeinkaturako ontziak [9]: harrizko bloke paralelepipedo bana, goiko aldean esferaerdi formako hutsunea daukienak.
Ebanjelioaren aldean beste ate bat dago, ateburuduna hori be.
Sakristia [10] gela txiki laukizuzena da; zuzeneko sarbidea dauka kaletik eta presbiteriotik, igarobide ateburudun banatatik. Estalgiaren maldearen arabera inklinautako sabai aizun bat dauka. Eta, argia sartzeko, nabekoen eta kapilakoen antzeko argi-zulo sail bat –argizulo horreetako batzuk sakristia eta kapera bereizten dabezan horman edegita dagoz, ordea, eta ez da, beraz, kanpoko argirik sartzen zuzenean–, aurrealdean harzolak ordezkatuak.
Esan dogun lez, eleiz atariak [11] multzoaren oinplanoari erregulartasuna emoten laguntzen dau, laukizuzen baten batzen dau-ta osorik. Habeen gainean bermatutako zeharkako isurki biko gangatxoen hurrenkera batez estaldutako korridore bat da, oso-osorik hormigoizkoa.
Horma arteko eremutik bereiztutako aldean, hormigoi aurrefabrikautako baranda bat eta sareta bat daukaz.
Arkupeak inguratzen dauen patioan, kanpantorre [12] bakartu bat dago. Zutabe konbergente bi dira, hiruki bat eratuz, eta hor dagoz kanpaia, eta, gainean, kurutze bat, hormigoizkoa hori be.
Ama Birjinaren Jaiotzearen parrokiaren proiektua 1963an entregau eban Cástor Uriarte arkitektoak, baina, berez, Francisco Javier Ortega Uribe-Echevarría izan zan egilea (ezin eban, ordea, bere izenean zuzenean sinatu, Belgikan eskuratu ebalako titulua eta balioztau barik eukalako, artean) [13] [14] [15] [16] [17] [18]1ACOB-KBGA, Olabarrieta – Zeberioko Santo Tomas parrokia, sign. D2-0147/005..
Eleiza barria bat etorren une hatan Vatikanoko II. Kontzilioan (1962-1965) finkatzen ebizen ideakaz, zeinen bidez, eleizei zentzu komunitarioagoa emon gura eutsien, ez hain hierarkikoa. Horrek oinplanoen antolaera barria eta espazioen kontzeptualizazinoa sortu ebazan. Erreferentzia estilistikoak eta apaingarrien ugaritasuna alde batera itxita, giro apal eta funtzionala sortzeko ahalegina egiten zan.
Ortegak erispide horreek aplikau ebazan hemen, eta haretan sakondu eban, handik gitxira, Indautxuko Karmeneko elizan (Bilbo), baita geroagoko beste obra batzuetan be2PÉREZ DE LA PEÑA OLEAGA, 2004, 266.-269., 272. or..
Tenplua sekula ez zan parrokia moduan erabili, ordea: eleizea eregiten amaitutakoan, bertara lekualdatu zan handik hurbileko ermitearen deitura bikotxa, ermita ha desakralizau eta beste erabilera batzuetarako hartu zan-eta.
1. ACOB-KBGA, Olabarrieta – Zeberioko Santo Tomas parrokia, sign. D2-0147/005.
2. PÉREZ DE LA PEÑA OLEAGA, 2004, 266.-269., 272. or.
PÉREZ DE LA PEÑA OLEAGA, Gorka. Bizkaiko eliz arkitektura garaikidea. 1865-1975. Erromantizismotik Mugimendu Modernora / Arquitectura religiosa contemporánea en Bizkaia. 1865-1975. Del Romanticismo al Movimiento Moderno. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia / Museo Diocesano de Arte Sacro, 2004.
ALTZARIAK
Eskultura
San Antolinen irudia [19] (86 x 27 x 31). Egur polikromaua. Antzinako San Antolin eta San Roke ermitatik dator. Tailu trinkoa. Bertan ageri dan irudiak oinetaraino heltzen jakon dalmatika bategaz estalduta daukaz bolumenak, eta, dalmatikeaz gainera, manipulua eta lepokoa be daroaz. Liburua eta martirioaren palmondoa daukaz eskuetan, eta arpegiera zakar samarra dauka. Oihalak zabalak eta gogorrak dira, toles gitxikoak. Errenazimentukoa, erromanismokoa, XVI. mendearen amaierakoa. 1765ean barriro polikromau eban Luis de Foncuebak –210 erreal kobrau ebazan horregaitik–, eta Ramón de Villalón bilbotar margolari eta urretzailea izan zan peritua3PEREZ URRAZA, 2009, 53. or..
San Rokeren irudia [20] (88,5 x 42 x 26). Egur polikromaua. Antxinako San Antolin eta San Roke ermitatik dator. Santuak inguruan dauka txakur bat, ohi dan moduan, ogi koskor bat daroatsona, eta zauriak zaintzen deutsazan aingerua. Erromes jantzita dago, pordoi, kapela eta soingainekoagaz; eta gorputz-jarrera dinamikoan dago irudikatuta, zauria erakusten. Tailu honetan, nabarmentzekoak dira bolumen biribilak, ardi-ule tankerako ehunak eta irudiaren adierazkortasun eutsia. Errenazimentukoa, erromanismokoa, XVI. mendearen amaierakoa. Aurrekoa lez, Foncuebak birpolikromau eban (195 erreal), eta Villalón4Ibid. izan zan peritua.
Margolana eta lan grafikoa
Aitatu dogu beiratea [7] dagoana, Jaiotza berezia irudikatuz. Forma geometrikoak ditu, tonu urdinak dira nagusi eta Maria agertzen da alderdi baten otoitz egiten eta bestean, kurutzearen eta izarraren azpian, Umearentzako aska zirriborratuta dago eta baita koroa be.
JMGC – RCL
3. PEREZ URRAZA, 2009, 53. or.
PÉREZ URRAZA, Kepa. “Zeberio haraneko ermiten zehar ibilaldi historiko-didaktikoa”. In Euskalingua. Bilbao: Mendebalde Kultura Alkartea, 2009, 14. zk., 43.-62. or.
4. Ibid.