SAN BARTOLOME APOSTOLUA ELEIZA

Nerbioi Garaia

\

Orozko | Olarte auzoa

i

Laburpena (PDF)

Olarte (48410)

p.sanbartolome.orozko@bizkeliza.org

ERAIKINA [1] [2]

Nabe bakarreko oinplanoa dauka [3], estalgiaren mailan zortzi tarte laburretan zatitua. Burualde angeluzuzena eta apur bat luzanga da, ha baino ia metro bi estuagoa. Estugune hori ez da kanpoaldean igarten, hormen behealdea lodiagoa da-ta eremu horretan. Presbiterio horri zeharka atxiki jako sakristia bat, tenpluaren gorputza baino zabaltxuagoa dana. Hegoaldean eta oinaldean arkupea dauka. Halanda ze, laukizuzen bat sortzen da, gela txiki batek bakarrik hautsia, iparraldean, oinplano trapezoidalekoa, garai baten bateategia izan zana.

Neurri horreetako tenplu baten logikoa danez, barruko espazioa [4] [5] garbia eta homogeneoa da. Eta kanpoko bolumena [6] ia ez dago desitxuratuta, bateategi hori alde batera itxita.

Fabrikako hormearen egiturea harlangatxezkoa da, azaletik landua, baina ez sillarrixka dala esateko moduan, eta oso jasoa dauka dana motrailuagaz. Baina eskantzuetan eta fatxada nagusi osoan, kanpai-horman be bai, kareharrizko harlandu grisa aplikau da.

Barrualdean materiala agerian dago, baina, ohikoa danez, zarpiatuta eta margotuta egon zan. Izan be, 1829an, Antonio de Ruigómez urretzaileari agindu eutsien “pabiloi bat margotzeko (erretaula nagusiaren) inguruan”; hau da, trompe-l’œil bat sortzeko eleizako buruhorman, beharbada oihal eskegiak simulauta1AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1738-1905, 2999/001-00 katalogo-zk.; Hainbat paper, 3001/000-03 katalogo-zk..

Esan dogun moduan, burualdean hormak lodiagoak dira behe partean, eta deja biren bidez mehetzen dira, gora egin ahala. Presbiterio horren aurreko izkinak plinto batez sendotu dira, eta angeluak bozel baten errematau dabez [7].

Burualde horren alboetan harlangatxezko banku jarraituak dagoz, 1986-1987 urteetan tenpluan egindako azken esku-hartze garrantzitsuan gehituak.

Hormetan horma-hobi batzuk dagoz. Garrantzitsuena –berez arkosolio bat– [8] epistola-horman dago (hegoaldekoan), burualdearen ondo-ondoan. Arku eskartzano bat da, eta olartetarren hilobia hartzen dau barne, Erdi Arotik aurrera tenpluaren patronatua euki eban leinuarena.

Beste horma-hobi bat buruhorman dago, lau angelukoa da eta perimetro beheratua dauka desagertu dan ate bat doitzeko. Gaur egun, bertan jarten da sagrarioa [9].

Beste bi burualdearen alboetan dagoz zulotuta, irudiak ipinteko. 1986-1987an egin ebezan.

Zoladurea egurrezkoa da nabeetan eta lauzatua presbiterioan, eta hor harmaila pare baten bidez altzauta dago. Hori be 1986-1987an barritu eben.

Estalgiaren [10] euskarriak harburuen ilara bikotx bat dira. Beheko ilarakoak konbexu-ahur modura moldurauta dagoz eta aurrealde laua daukie; goikoak, barriz, bozel laurden xume bat dira.

Burualdean mentsulak desbardinak dira, garaipen-arkuarenak hemiesferikoak [11], eta angeluenak erdira murriztuta dagoz [12].

Modiloi horreen gainean estalgia zurkaiztu eben. Absidean [13] lau puntako egurrezko izar-ganga bat da, eta tertzeleteak eta loturak ditu tenpluaren ardatzaren norabidean. Guztia osotzeko, kanoi labur batzuk dagoz, arku formeroen modura, alboetako hormei atxikitako zatietan. Giltzarriak ditu erdian eta poloetan, eta beste bat naberantz doan loturan. Horreetako bik olartetarren armarriak daukiez zizelduta eranskin bietan [14]: zugatx sustraituaren gainean otso ibiltari bi, eta sotuer erako ertz-muga (X itxurako ertza), leinuko kide batek 1227an Baeza hartzen parte hartu ei ebala adierazoteko2YBARRA y BERGÉ, 1967, 3. libk., 304-305 or.. Hirugarrenak [15], erdian, armarri bera dauka, baina gainerakoetan egile ezezagunenak diran beste batzuk agertzen dira. Zitori hori-formako zuhaitzaren aurrean igarotzen dan otsoa, gaztelua kateatutako otso bigaz eta adaburuan txori-habia dauan zuhaitzean gora doazan otso bi; erdian, bosgarren ezkutu bat dago, Orozkokoa -Bizkaikoa bera.

Nabean, gaur egun, egurrezko armadura ikusgarri bat dogu ikusgai, baina, berez, desagertuta dagozan ondoz ondoko estalgi biren euskarria da. Lehenik, lau zertxaz osotutako egitura ageriko bat egon zan, tiranteak jabaloiakaz sendotuta [16] egozan, diamantez eta ildaxkaz apainduta eta dekorazino bereko habe etxunetan zurkaiztuta, zeintzuk, aldi berean, harburuen goiko ilaran bermatuta dagozan. Baina, geroago, soluzino horren ordez kanoi erdiko ganga bat ipini eben. Ganga horrek zortzi parpain-nerbio eukazan erdiko giltzarriakaz, beheko mentsuletan bermatuta. Horma-atalak oholez itxi ebezan eta zertxa zaharren zati bat agerian geratu zan, lehen aitatutako Zaloako eleizan lez. 1987an kendu eben plementeria, eta gaur egun egiturak baino ez jakuz geratzen3SANTANA EZKERRA eta BARRIO LOZA, 1996, 200-201, 244 or..

Teilatua hiru isurialdekoa da, eta burualderantz dauka isurkia.

Argia leiho batzuetatik sartzen da tenplura. Bi zorrotzak dira, eta presbiterioaren alboetan edegi ebezan [17]. Kanpoko markoa harlanduzkoa eukien, eta barrukoa harlangatxezkoa, eta 1895ean zulotu ebezan. Halanda be, beste hiru leiho dagoz erabili barik, kapila nagusiko alde horretan bertan. Gangak partzialki estalduten ditu horreetako bi, itsututa dagoz [4], eta, kanpotik ikusten danez [18], argi gitxiko gezileihoak baino ez ziran izan. Bestea [19] erretaula nagusia desmuntau ostean berreskuratu eben, eta gezileiho zorrotz bat da, bozel-itxurako leiho-alboez markoztauta; kanpoaldean sakristiak ezkutetan dau.

Bada beste leiho bat [1] oraindokarren, kanpotik dinteldua eta barruan isuri leun eta eskartzanoa daukana [20], fatxada nagusiaren ardatzerantz, koruaren gainean.

Eta, azkenik, ohiko jesarleku-bao gotiko-errenazentistea [21] dago, oso arrunta lurraldeko eleizetan, argi zorrotz bigaz, kapiteltxu poligonala daukan eta barruranzko untze-buruez apaindutako mainel fazetau batek [22] eta eleizpean bakarrik ikusi daitekean karel monolitiko batek bereiztuta.

Nabearen erdialdean, Hegoaldearen albotik, tenpluaren ohiko sarbidea [23] dago. Zorrotza da, arkibolta lau bi daukaz inposta alakatuen gainean bermatuta. Ate-alboen mailan zutabe bi dagoz, hosto lauak eta ardatzean bolutak daukiezan kapitelez [24] apainduta; hori guztia estilo erromanikoaren fase zistertarrekoa da. Barrualdean [25], ohikoa danez, eskartzanoa da, eta gontzeak eta oholesia ditu oraindino.

Alboetan urbedeinkatu-ontzi bana dago. Eskoian [26] bozel-itxurako ahoa daukan esferaerdi bat, urrezko hareharriz egina, nahiko modelo denborabakoa. Ezkerrekoa [27] bozel-itxurako ertza duen ontzi bat da, gainean Golgotako kurutzerako plakea daukana. Mañariko kareharri baltzean eginda dago dana, eta XIX. mendearen amaierakoa izango da.

Beste sarbidea [28] oinaldean dago, eta erradio handiko dobelen zirkuluerdiko pasabide handi bat da; dobelek bozel txiki pare batez zehartutako ate-alboak eta uztaiak daukiez. Estradosak erdia baino gehiago galdua daukan txanbrana bat dauka, ontzi-mentsula poligonalen oinarriakaz, eta sakonunean bost giza irudi dagoz, oinarri-oinarrizkoak [29] [30]. Nekez identifiketako moduko irudiak dira, beharbada aingeruren bat, musikariren bat, zaldunen bat… Barrualdea be eskartzanoa da eta gontzak daukaz.

Eleizako korua [5] [31] egurrezkoa da, eta habe handi baten gainean dago, zeinak ez daukan oin zuzenik ez jabaloi lagungarririk. Karela beste habe handi bat da, eta balaustre torneauakaz ixten da; XVII. mendeko ereduak ekarten dabez gogora, nahi-ta honeek, ziurrena, XIX. mendekoak izango diran. Baina hagaxka nagusia [32] erdian dago, eta pieza fazetau soil bat da; beharbada XVI. mendearen lehenengo urteetakoa izango da.

Koru horretara heltzeko, egur-itxurako klaustro-eskilara erabili behar da, hego-sartaldeko angeluan dagoana.

Sakristiak [33] elizearen ardatza luzatzen dau burualdearen atzetik, baina zabalera apur bat gaindituta hegoaldean. Eleizeagaz komuniketan da presbiterioan edegitako [4] ate dinteldu batetik. Gune zabala da [34], gaur egun gela bitan banatuta. Sabai aizunez estalduta dago, eta gorputz osoko hiru tunel-leihok argiztatzen dabe. Leihoak korapilo kubiko neoklasikoko burdinazko barrotez itxita dagoz. Soilagoa dan beste leiho bat dago iparralderantz.

Zorua presbiterioaren parean dago, baina alde horretan lursailak daukan desnibela baliatuz soto bat egokitu da –gaur egun erabilten ez dana–, eta musturretan zabaldutako ate dinteldu bietatik sartzen da bertara.

Oinaldeko pinoiak kanpai-horman dauka errematea [1] [35]. Gorputz bi ditu, bao bi eta erdi-puntuko bat ditu; behekoak –itxuraz murriztuak– plaka leuneko kapitelen gainean dagoz. Triangeluan burututa dago, eta boletarako pinakulu zakar batzuk daukaz muturretan, zeinak fatxadearen sorbaldetan errepiketan diran. Goian kurutze haize-orratza dago.

Eleizpeak oinaldea eta hegoaldeko albo osoa hartzen ditu. Bertan [36], teilapea harburuetan zurkaizten da horman, eta kanpoan, barriz, egurrezko pilareetan, xaflatutako hormatxuaren gainean. Banku jarraitua dauka, hori be eleizearen horman. Sartaldean [37] harburuak dagoz, baina oinalde zuzenak harrizko jarlekuetara jausten dira. Zutabe horreen [38] ertzak hilda dagoz, eta, kasu batzuetan, jabaloiakaz indartuta, zeintzuek boluta xumeak daukiezan, itxuraz XVII. mendera eroaten gaituenak4BARRIO LOZA, sf 2..

Zolatea [39] enkatxo bat da, karrejo luzeetan banatua. Bertan, irudi geometriko oinarrizkoak, erradiodun eta inskribidutako hexapetaldun zirkuluak dagoz marraztuta, besteak beste. Apur bat hondatuta dago, eta zati batzuk antxinatik dagoz lauzatuta.

Esan dogun moduan, iparraldean gela txiki bat dago tenpluari atxikita [6]. Hazurtegia izan zan, harik eta 1926an han egozan gorpuzkiak hurreko hilerrira eroan ebezan arte; orduan, gune hori bateategi bihurtu zan5AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Hainbat paper, 3002/000-03 katalogo-zk.. Gaur egun biltegi bat besterik ez da, eta arku mitrala daukan pasabide batetik sartzen da bertara [40].

 

Deskribidutako guztia ikusita, argi dago Olarteko eleizea hainbat erabarritze-lanen eta jatorrizko nukleoari gehitutako atalen emoitza dala.

Burualdea erromaniko berantiarrekoa da, hegoaldeko portadea eta, beharbada, leihoa be aintzat hartuta6BARRIO LOZA, 1979, 73-74 or. BARAÑANO LETAMENDIA, Kosme María, eta GONZÁLEZ DE DURANA ISUSI, 1983, 81. or. LÓPEZ DOMECH, 1985, 37. or. BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. libk., 456. or.GARCÍA GUINEA eta PÉREZ GONZÁLEZ, 2011, 3. libk., 1274. or..

Erdi Aroko tenplu ha XVI. mendearen hasieran berregin eta oinaldetara zabalduko eben. Garai horretakoak dira koruko leihoa, oraindik gotikoa, eta mendebaldeko sarrerea, dagoaneko errenazentistea –nahi-ta egile batzuek erromanikotzat be joten izan daben7BARAÑANO LETAMENDIA, Kosme María, eta GONZÁLEZ DE DURANA ISUSI, 1983, 118, 129. or..–. Orduan, 1520. urtearen inguruan, presbiterioa gangatu eta nabearen lehenengo estalgia ipiniko eben, lau zertxatan oinarritutako bistako armadurea8SANTANA EZKERRA eta BARRIO LOZA, 1996, 200-201, 244 or..

Baina handik mende erdira besterik ez, 1560-1570 inguruan, parpainetan oinarritutako ganga barria muntau eben9Ibid..

Etenbakoak dira horren osteko barriak, sakristia, torrea (sic), eleizpea eta gangak konpontzeari buruzkoak, baina erabilitako diru-kopurua eta dokumentuak ikusita, badirudi mantenuko etenbako lanak zirala, eta tenplu xumearen aukera ekonomikoek eta patroien eskuzabaltasun urriak ez ebela aukerarik emoten obra handiagorik egiteko. Azken honeen harira, altara-aldeko giltzarrietan zizelkatutako ezkutuak XVII. gizaldiaren lehenengo herenean jarritakoak izango dira.

Egia esan, ez dau emoten eleizan aldaketa nabarmenik egin danik. Kanpai-hormea (1742an amaitua) eta sakristia (1850, Domingo Meaza bertako obra-maisuaren proiektuaren arabera, eta Antonio Gorostiagak eta Tiburcio de Alcainek parte hartuta) baino ezin doguz nabarmendu, aurreko beste lan batzuen ondorengoak biak. 1895ean absideko leihoak edegi ebazan Victor Barrondo harginak, Bartolome Alcíbar obra-maisuaren proiektuari jarraituz. Lan horreez gain, hazurtegia bateategi bihurtu eben, arku mitraleko pasabidea edegita10AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1738-1905, 2999/001-00 katalogo-zk.; Hainbat paper, 3002/000-02 katalogo-zk.: Hainbat paper, 3001/000-03 katalogo-zk. CONDE FUENTE, 1997, 225. or..

Amaitzeko, 1986-1987an, lanak egin ebezan tenplua prest jarteko, eta, zoritxarrez, nabeko egurrezko gangea desmuntau eben.

Hain zuzen, estaldute-sistemea da Olarteko San Bartolomek daukan gauzarik interesgarriena. Bizkaian ez da harritzekoa egurrezko gangak ipintea, baina fajoi kurbauez sendotutako kanoiaren aukerea, antza, Orozkon baino ez dago, Zaloan eta Goikourian be agertzen da-ta. Soluzino kultuen transkripzino herrikoi bitxitzat hartu behar da11SANTANA EZKERRA eta BARRIO LOZA, 1996, passim..

1. AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1738-1905, 2999/001-00 katalogo-zk.; Hainbat paper, 3001/000-03 katalogo-zk.

2. YBARRA y BERGÉ, 1967, 3. libk., 304-305 or.

YBARRA y BERGÉ, Javier de. Escudos de Vizcaya. Bilbo: Librería Villar, 1967, 5 t. 8 liburukitan.

3. SANTANA EZKERRA eta BARRIO LOZA, 1996, 200-201, 244 or.

SANTANA EZKERRA, Alberto, eta BARRIO LOZA, José Ángel. “Deskribapenen katalogoa / Catálogo descriptivo”. In SANTANA, Alberto (koord.). Ars lignea. Zurezko elizak Euskal Herrian / Las iglesias de madera en el País Vasco. Madril: Electa / Arabako Foru Aldundia – Diputación Foral de Álava / Bizkaiko Foru Aldundia – Diputación Foral de Bizkaia / Gipuzkoako Foru Aldundia – Diputación Foral de Gipuzkoa, 1996, 217-249 or.

4. BARRIO LOZA, sf 2.

BARRIO LOZA, José Ángel. “Iglesia de San Bartolomé de Olarte (Orozko)”. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Saila, sf 2. (Patrimonio Histórico de Bizkaia bilduma). Hemen eskuragarri: https://www.bizkaia.eus/dokumentuak/04/ondarea_bizkaia/pdf/Ondare/115%20C.pdf?hash=b62f6a54d97ca1be293a361aab0de51c

5. AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Hainbat paper, 3002/000-03 katalogo-zk.

6. BARRIO LOZA, 1979, 73-74 or.

BARRIO LOZA, José Ángel. La arquitectura románica vizcaína. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1979.

BARAÑANO LETAMENDIA, Kosme María, eta GONZÁLEZ DE DURANA ISUSI, 1983, 81. or.

BARAÑANO LETAMENDIA, Kosme María, eta GONZÁLEZ DE DURANA ISUSI, Francisco Javier. “Acerca del arte románico en San Agustín de Etxebarria (Elorrio), Sta. María de Galdácano y de Vizcaya en general”. In Kobie (Arte Ederren seriea). Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1983, 1. zk., 65-136 or. Hemen eskuragarri: https://www.bizkaia.eus/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/4/Kobie_1_Bellas_artes_ACERCA%20DEL%20ARTE%20ROMANICO%20EN%20SAN%20AGUSTIN%20DE%20ETXEBAR.pdf

LÓPEZ DOMECH, 1985, 37. or.

LÓPEZ DOMECH, Ramón. El románico en Vizcaya. Bilbo: Bilbao Bizkaia Kutxa, 1985 (Temas vizcaínos bildumea, 129. zk.).

BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. libk., 456. or.

BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.). Bizkaia. Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea – Deiker / Bizkaiko Foru Aldundia – Hirigintza eta Ingurumena, 1989-1991, 3 libk.

GARCÍA GUINEA eta PÉREZ GONZÁLEZ, 2011, 3. libk., 1274. or.

GARCÍA GUINEA, Miguel Ángel, eta PÉREZ GONZÁLEZ, José María (zuz.). Euskal Erromanikoaren Entziklopedia / Enciclopedia del Románico en el País Vasco. Aguilar de Campoo: Fundación Santa María La real – Centro de Estudios del Románico, 2011, 3 libk.

7. BARAÑANO LETAMENDIA, Kosme María, eta GONZÁLEZ DE DURANA ISUSI, 1983, 118, 129. or.

BARAÑANO LETAMENDIA, Kosme María, eta GONZÁLEZ DE DURANA ISUSI, Francisco Javier. “Acerca del arte románico en San Agustín de Etxebarria (Elorrio), Sta. María de Galdácano y de Vizcaya en general”. In Kobie (Arte Ederren seriea). Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1983, 1. zk., 65-136 or. Hemen eskuragarri: https://www.bizkaia.eus/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/4/Kobie_1_Bellas_artes_ACERCA%20DEL%20ARTE%20ROMANICO%20EN%20SAN%20AGUSTIN%20DE%20ETXEBAR.pdf

8. SANTANA EZKERRA eta BARRIO LOZA, 1996, 200-201, 244 or.

SANTANA EZKERRA, Alberto, eta BARRIO LOZA, José Ángel. “Deskribapenen katalogoa / Catálogo descriptivo”. In SANTANA, Alberto (koord.). Ars lignea. Zurezko elizak Euskal Herrian / Las iglesias de madera en el País Vasco. Madril: Electa / Arabako Foru Aldundia – Diputación Foral de Álava / Bizkaiko Foru Aldundia – Diputación Foral de Bizkaia / Gipuzkoako Foru Aldundia – Diputación Foral de Gipuzkoa, 1996, 217-249 or.

9. Ibid.

10. AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1738-1905, 2999/001-00 katalogo-zk.; Hainbat paper, 3002/000-02 katalogo-zk.: Hainbat paper, 3001/000-03 katalogo-zk.

CONDE FUENTE, 1997, 225. or.

CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997 (Bizkaiko herrien monografiak bildumea).

11. SANTANA EZKERRA eta BARRIO LOZA, 1996, passim.

SANTANA EZKERRA, Alberto, eta BARRIO LOZA, José Ángel. “Deskribapenen katalogoa / Catálogo descriptivo”. In SANTANA, Alberto (koord.). Ars lignea. Zurezko elizak Euskal Herrian / Las iglesias de madera en el País Vasco. Madril: Electa / Arabako Foru Aldundia – Diputación Foral de Álava / Bizkaiko Foru Aldundia – Diputación Foral de Bizkaia / Gipuzkoako Foru Aldundia – Diputación Foral de Gipuzkoa, 1996, 217-249 or.

ALTZARIAK

Erretaulak

 

Gaur egun ez dago erretaularik Olarteko San Bartolomen, baina badakigu erretaula nagusi bat muntau ebela 1564an, eta Martin Ibaizabal zulotzaileak egin ebalal12AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Hainbat paper, 63-64 or.. Geroago, erretaula barroko batek ordezkatu eban, eta hori 1829an polikromau eben Manuel Casanuevak eta Antonio Ruigómezek, eta 3.000 erreal kobrau ebezan ordainean13AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1738-1905, 2999/001-00 katalogo-zk.; Hainbat paper, 3001/000-03 katalogo-zk..

Dagoaneko desagertuta dagoan elementu bati erreparau deutsagu, dokumentazinoak datu interesgarri bat emoten deusku-ta gure lurraldeko estilo artistikoen bilakaereari –eta harrereari– buruz. 1829an, Ruigémezi esan eutsien margotzean erretaulearen soberako tailua kenduko ebela, eta beharrezkoa baino ez zala geratuko, Arkitekturako obra modernoetan lez, eta zutabeak biribil geratuko zirala, ezelako ildaxka barik14AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Hainbat paper, 3002/000-03 katalogo-zk..

Hau da, eskatu eutsien erretaula barrokoa neoklasiko bihurtzeko, dekorazino barrokoa kenduz. Tamalez, obrea ez da gorde; beharbada, horrek aukerea emongo leuskigu 1829an egindakoa xehetasunez ikusteko.

Eskulturea

 

Olartetarren arkosolioan, Piedadearen moltsoa [41] (98 x 106 x 24). Egur polikromaua. Konposizino asaldatua dauka, nabarmena bai oihaletan bai personaien pose eta keinuetan. Mariak altzoan hartzen dau Kristo, Kurutzetik jatsi ostean, eta hareekaz batera Madalena eta San Joan ageri dira. Dana oso plastikoa, xehetasunenganako gustuaz eta polikromia kartsuaz. Obra errenazentistea, Bilboko beaugrantarren tailerretik aterea –ziurrenik Juan de Beaugranten eskutik– 1554 eta 1559 bitartean. Alboko erretaula baten egon zan sartuta, Kurutzea irudikatzen eban margotutako atzealde baten aurrean15AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Hainbat paper, 65 or. LIZARRALDE, 1934, 120. or. YBARRA y BERGÉ, 546. or. BARRIO LOZA, 1984, 103-104 or..

Burualdean, Kristo kurutziltzatua [42] (53 x 42 x 12). Egur polikromaua. Anatomia sendoa eta keinu barneratua ditu, eta ikusgarriena perizomea da, bira zabaletan harrotzen eta tolesten dana. Erromanistea, XVI. mendearen amaierakoa.

Buruhorman be, San Bartolome [43] (118 x 45 x 34). Egur polikromaua. Arpegi adierazkorreko irudia da, bizar motz eta ule kizkurrez inguratuta, eta anatomia biribila dauka. Ezaugarri horreek XVI. mendearen azken hereneko erromanismokoak dira. 1564an muntautako erretaula desagertuaren parte izan zan, eta leitekena da 1596an Gasteizera polikrometako eroan eben piezea izatea, 1829-1830ean Ruigómez eta Casanuevak barriztau ebena16AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Kontuak eta bisitak, 1590-1666, 2998/005-00 katalogo-zk.; Kontuak..., 1738-1905, 2999/001-00 katalogo-zk..

Buruhormearen hegoaldeko nitxoan, Santa Ageda [44] (85 x 33 x 21). Egur polikromaua. Irudi liraina eta ondo osotua, arpegi nasaia eta oihal oparoak daukazana. Erromanistea, XVI. mendearen amaierakoa. Hau be erretaulan egoan, eta 1829-1830ean haren polikromia “barriztau” eben, desagertuta dagoan Santa Luziaren irudi bategaz batera17Ibid., Kontuak…, 1738-1905, 2999/001-00 katalogo-zk..

Parean, Sortzez Garbia [45] (97 x 57 x 37). Egur polikromaua. Otoitz egiteko jarreran dago, erdialdean batutako eskuakaz simetria lortu guran. Adatsa sorbalden gainera jausten da, aurrerantz, eta mantu zabal bategaz dago estalduta, zeina behean hausten dan kartoi-itxurako tolesturetan. Irudiak zintzo beteten dau Gregorio Fernándezek ezarritako eredua. Barrokoa da, XVII. mendearen bigarren herenekoa, baina polikromia, pintzel-punteagaz egindako loraz egina, XVIII. mendekoa da.

Pieza apal honek behar ez eban lekua bete eban 1987ra arte erretaula nagusiaren barruan: titularraren nitxoa.

Sakristian, Kristo kurutziltzatua [46] (66 x 52 x 15; kurutzea 103 x 64 x 18). Egur polikromaua. Anatomia aldetik zaintsua da, sabelalde nabarmenekoa, eta begirada goratua dauka, keinu galduagaz. Bere burua estalduten dau, mobidu antzean dagozan oihal bigunezko eta sokeagaz lotutako perizomeagaz. XVIII. mendearen erdialdeko obra barrokoa izango da.

Pinturea

 

Artzainen gurtzaren triptikoa [47] (257 x 190 itxita; 257 x 360 zabalik). Olio-pinturea mihise gainean, taulari itsatsita. Erdiko eszenak (257 x 190) Artzainen Gurtza irudikatzen dau, arkitektura-marko klasiko baten aurrean keinu nobleak daukiezan irudiz osotua. Alboetan (257 x 85), ezkerrean, Ama Birjinaren Ikuzketea dago, hori be lujo handiko arkitekturen artean jarrita, eta, eskoian, zeruetarako Jasokundea, hilobia zabalik eta apostoluak lehenengo planoan daukazala. Atzealdean [48] Deikundea eta tenpluko Aurkezpena irudikatuta dagoz. Mazoneriari jagokonez, muntagea da interesgarriena; netoan zulotutako trazeria manieristea, eta, gainerakoan, pilastra toskanar ildaskatua du.

Eszenei eta personaiei manierismoa eta italiar gustua dariez hondino, pinturak xehetasunez josita dagoz, eta pintzelkada oneko kolore-txorta bizia daukie. Ezaugarri horreek eta beste xehetasun formal batzuek (arkitekturek, jarrerek, konposizinoak eta perspektibeak…) XVI. mendearen erdialdeko hamarkadetara garoez. Eszena nagusi bera daukien lanak dira Hendrick de Clerck margolari flandestarraren Kristoren jaiotza, 1630eko data daukana, eta, hurbileneko iturri grafiko moduan, Antoine Wierixen Artzainen gurtza (1583-1587 ingurukoa) grabaua.

Bizkaiko margolan errenazentistarik garrantzitsuenetako bat da. Flandriatik helduko zan, han sakon errotu ziran-ta Italiako Errenazimentuko pintura eta konposizino klasikoak, kolore distiratsuakaz eta flandestar peto-petoak ziran beste alderdi batzukaz horniduak. Eta patroiren baten legaduari esker ailegauko zan Olartera.

Burualdean, sagrario-atea dago [9] (45 x 40). Ohol gaineko olio. Ecce Homo bat dauka margotuta, argi-ilunez, eta hosto haragitsuz osotutako markoa dauka inguruan. Itxuraz, barriro aprobetxautako pintura bat da, kalidade urrikoa. Barrokoa, XVII. mendearen azken herenekoa.

Metalezko gauzak

 

Lau argimutil[49] (47,5 x 14,7). Brontzea. Korapilo kubikokoak. Neoklasikoak, XIX. mendearen erdialdekoak.

Parrokiako kurutzea [50] (73 x 42,5 x 10). Letoia. Zilindro-formako besoak eta korapiloa ditu, izpi zuzenen distiragaz. Neoklasikoa inertziaz, XIX. mendearen erdialdekoa.

Hegoaldeko ateko burdineria [51] eta sartaldeko atekoa [52]. Burdina forjaua. Barrokoa, XVII. mendearen erdialdekoa.

Kanpaia [53]. Brontzea. Dunbaduna. Golgotako kurutze batez apainduta dago, eta idazkunak ditu sorbaldetan eta isurkian. Idazkunen zati batzuk irakurri leitekez: goian, HIZO ESTA CANPANA EN LAVRO DE NUE[VO]… PATRON SAN BARTOLOME AÑO; eta behean, SIENDO PATRONOS DON [PEDRO DE] OLARTE I DOÑA VIZENTA DE SANTISTEBAN (1766an ezkonduak).

Kurutze-haize-orratza [54]. Landutako burdina. Zitori hori formako besoak ditu bihotz-formako sigi-saga perfilaz. Lema, zulo-brodatuzko adatsa da. XVIII. gizaldikoa.

Beste elementu batzuk

 

Bateoarria [55] (94 x ø112). Hareharria. Kopa hemiesferikoa, uztai moduko moldura bigaz apaindua, eta dana oin zilindriko baten bermatua. Formatua eta dekorazinoa oso neutroak dira, eta horrek zaintzen dau kronologia bat proponidutea.

Epistolearen aldean hustutako arkosolioan, Olartetarren hilobia [56]  (198 x 70 x 23). Kareharri grisa. Olarte leinuaren armarriaren grabauagaz apainduta dago: zugatxaren gainean otso ibiltari bi eta izarrak nagusiaren kantoietan. Konopio-punteari eta lokarri lodiari erreparauta, XVI. mendearen lehenengo erdikoa dala emoten dau. Pieza hau 1986-1987 inguruan egindako erabarritze-lanetan topau eben, presbiterioaren azpian lurperatuta18CONDE FUENTE, 1997, 226. or...

Pulpitu zaharreko panelak, anboi bihurtuak [57] (97,5 x 70 x 38). Egurra bere kolorean. Obalo kateatuetarako kasetoiak daukaz, eta erdian botoia, esbastikeagaz. Erromanistea, 1600 ingurukoa.

Eleizbarrutiko gordailuan gordetako elementuak (urre-zidargintza)

 

Kalizea [58] (26 x ø14,5 x ø8). Zilar urretua. Oin poligonalekoa da, eta balaustre-formako eskulekua eta hainbat elementu trokelau dituan korapiloa dauka, eta kopa itxia moldura trokelauagaz azpikopatik banatzeko. Puntzoia dauka oinaldeko erlatxean, Jose Basozabal (BSL) zilargile bilbotarrarena. Neoklasiko, XVIII. mendearen amaierakoa.

Patenea dauka, haregaz bat egiten dauena (ø13), eta egurrezko kutxatilea mantenidu dau.

Kalizea [59] (25 x ø13,5 x ø8). Zilarra bere kolorean. Oin biribila, toruan grabatutako girlandeagaz, balaustre-formako eskulekua, laua. Kopan bereizte-erlatxa dauka, eta oinaldearen ertzean idazkun hau: DE LA ERMITA DE SAN SEBASTIAN DE OROZCO. Bilboko markak eta Estanislao Armona zilargile bilbotarrarenak (ARMONA) eta Manuel Loizaga kontrastearenak (LOIZAGA) ditu. Neoklasikoa, XIX. mende hasierakoa.

Idazkunean irakurri daitekenez, Egirrigartuko San Sebastian ermitatik ekarritakoa da.

Patena bategaz batera dago (ø13), baina ez dago argi txorta berekoak ete diran.

Kalizea [60] (23,2 x ø14 x ø7,5). Zilar urretua. Aurrekoaren oso antzekoa da: oin biribil laua dauka, balaustre-formako eskulekua eta kopea moldura bidez banatua azpikopan. Oinaren erlatxean Gasteiz hiriko markea, eta Estanislao Armona (ARMONA) eta Apolinar del Campo (CAMPO) zilargileenak eta Anselmo del Prior (ANSELMO) kontrastearenak ditu. Neoklasikoa, XIX. mende hasierakoa.

Patena bategaz batera dago (ø13), baina ez dago argi txorta berekoak ete diran, eta narruzko kutxatila be badauka.

Kopoia [61] (21,5 x ø10 x ø10,4). Zilarra bere kolorean. Laua, oin biribil molduraua dauka, balaustre-formako eskulekua eta estalgidun kutxa hemiesferikoa, zeinak oinaren diseinua bera daukan, kurutze barri bategaz erremataua. Ez dauka puntzoirik, eta baleiteke Bilboko lantegi batekoa izatea. Barrokoa, XVIII. mendearen azken laurdenekoa19CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 374. or.; 2. libk., 686. zk..

San Bartolome eta San Sebastianen erlikia-ontzia [62] (15,6 x ø5 x 5,7). Zilarra bere kolorean. Erakustegi-motakoa, perla-txirikordaz apaindutako oin biribilekoa, eta obalo-itxurako erakustegia girlanda neoklasikoagaz, filigranaz markoztatutako erlikietarako idi-begi bi dituana. Neoklasikoa, XIX. mendearen lehenengo herenekoa.

Beste tenplu batzuetan itxitako elementuak

 

Hurre dagoan Ibarrako San Roke ermitan, eleiza honetako kopoi bat konserbau da [63] (27 x ø11 x ø11). Zidarra bere kolorean. Oin biribila, balaustre-formako eskulekua eta kaxa hemiesferikoa, hainbat mailatan ordezkatutako estalgiagaz, eta kurutzetxoa erremate lez. Oinaldean dohaintzaren idazkuna dauka, eta hau dino: DIERON ESTE COPON A ESTA ANTIGLESIA DE S. BARTHOLOME DE OLARTE LOS SS. D. MANVUEL, I D. LUIS DE OLARTE I ZEPEDA, VECS DE LA PVUEBLA DE MONTALBAN COMO DESZENDIENTS DE ESTA ILLVSTRE CASA DE OLARTE, eta Olarteko etxeko armarria eta AÑO DE 1753. Toledoko puntzoiak ditu, Manuel Timoteo Vargas Machuca (ML / BAR / GAS) zilargilearenak eta José edo Ignacio de la Casa (I CAS) kontrastearenak20bid., 1. libk., 313. or., 2. libk., 405. zk..

Bilboko Eleiz Museoan itxitako elementuak

 

Hiru krisma-ontzi [64] (10,5 x 6 x 2,7). Zilarra bere kolorean. Bikoteka moltsokatutako krisma-ontzi bi, eta, horreekaz batera, banakako formatu bereko beste bat, konponketa batzuk dituana. Anpoila-formea daukie, sabela zanpatuta, eta, bertan, olioei buruzko letrak dagoz grabatuta (C, O eta V). Errenazimentukoa, XVI. mendearen erdialdekoa. Ziurrena, 1562an eta 1791n aitatutakoak izango dira21CONDE FUENTE, 1997, 227. or. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 172., 223. or.; 2. libk., 81. zk..

Bakemoilea [65] (14,2 x 10,5 x 0,7). Brontzea. Oso pieza zabaldua, Juan Gutiérrez Zaharraren tailerrekoa, Santo Domingo de la Calzadakoa (Errioxa). Tenplete-itxurakoa, Natibidadea dauka erdiko eszenan, Gaztelako Alonso gotzainaren armarriak eta erdian kurutzea dituan zokaloaren gainean. Atzealdean, erremate moduan, frontoi kurbau bat eleizbarrutiko jagoleentzat, Emeterio eta Zeledonio santuentzat. Errenazimentukoa, 1540. eta 1575. urte bitartekoa22Ibid., 2. libk., 60-M zk..

Dalmatika bi [66], kasulla bat [67], hiru manipulu eta lepoko bi dituan txortea. Seda eta hari metalikoak. Ehun brokatua, izokin-, urre- eta berde-koloreko atzealdea daukana. Bertan, erregularra da, eta landara-dekorazino geometrikoa, lorak, kiribilak eta candelieri-en moduko pitxerrak daukaz. Hari metalikoa nabarmentzen da, distira berezia emoten deutse-ta jantziei gainazal osoan. Oihalen diseinua XVII. mendeko modeloen modukoa da, baina, gero, jantziak berregin ebezan, zenbait txatalegaz.

Soingainekoa [68]. Boli-koloreko ehun landua, atzealdean Tourseko grosa, eta hosto eta loren motiboak gama bitan, berde eta gorrixkak. Horreek beilegi-ikutu batzukaz zipriztinduta dagoz, eta argitasuna emoten deutsee. XVIII. mendekoa.

Kasullea [69] eta txorta bereko estolea eta manipulua. Espolin-formeagaz egindako ehun landu beraren txatal batzukaz egindako apaindurea, naturalistea, point berclé teknikeagaz lortutako kolore aberatsekoa, mailaketa kromatikoko efektu ederrak lortzen dira-ta teknika horren bidez. Apaindureak bolumen handiko lora-txortak ditu, hosto berdez inguratuta, eta bilbe-atzealdea hari metalikoz zerrendatuta dago. XVIII. mendearen erdialdekoa.

Kasullea [70]. Seda eta hari metalikoa. Espolin-formeagaz egindako bilbean landutako ehun beraren txatalakaz egina, konponketa batzukaz. Dekorazino naturalistea dauka, lora eta hosto handiz egina, eta erliebea eta bolumena lortzeko mailaketa kromatikoa eta kolore eta aurkakoen konbinazinoa erabili dira. XVIII. mendearen bigarren erdikoa.

Eleiza-kapa bi [71]. Seda eta koloretako sedazko hariak. Espolin-formeagaz egindako ehun landua, lora-txortakaz, girlandakaz eta hostoakaz apaindua, boli-koloreko atzealdearen gainean. Jantziak barriro konponduta dagoz, eta sedek kalte nabarmenak daukiez. XVIII. mendearen bigarren erdikoa.

Kasullea [72]. Seda eta sedazko hariak. Espolin-formeagaz egindako ehuna, boli-koloreko oinarria daukana. Haren gainean, lora-txortak eta hosto-girlandak uhin modura parauta, parpaila bat gogora ekarriz. XVIII. mendearen azken herenekoa.

Kaliza-estalgia [73]. Seda eta hari metalikoa. Espolin-formeagaz egindako ehun zerrendatua, eta parpailearen moduko motiboak, xingola uhinduak, lora txikiak eta begizta moduko batzuk apaindura lez. Tonu bolikarak, arrosak, berdeak eta hari metalikoa nahastuta, atzealde berde baten gainean. XVIII. mendearen azken herenekoa.

Kasullea [74] eta txorta bereko estolea. Tonu laranjagaz landutako sedazko ehuna, blonda geometrizaua imitetan daben eta bertikalean sigi-saga doazen zinta deigarriek zehartua. Horreen artean lora-txorta batzuk dagoz tartekatuta. XVIII. mendearen azken laurdenekoa.

Sorbaldarako jantzia [75]. Boli-koloreko damaskoa, c letrakaz adarkatutako motiboakaz, eta, haren gainean, hiruzuloka parauta, lora hostodunen motibo txikiak, gorri, urdin, zuri eta berdeak, seda eta hari urrekarez eginak. XVIII. mendearen amaierakoa.

Kasullea [76] eta txorta bereko estolea eta kaliza-estalgia. Karmin-koloreko sedaz landutako ehuna, koloretako lorak, hostoak eta galburuak dituan pitxer beilegien diseinuagaz. XIX. mendekoa.

Kaliza-estalgia [77]. Seda ildaskatuzko ehuna, espolin-formeagaz egindako bilbea daukana. Atzealde bolikara dauka, hainbat koloretako lora- eta adar-txortakaz. Oihala, diseinua eta koloreak bat datoz Valentziako Garín e Hijos etxean egindakoakaz; zehatzago esanda, “Frantzia” modeloagaz. XIX. mendekoa.

Kaliza-estalgia [78]. Seta eta hari metalikoa. Zidar-koloreko hariz damasko-antza hartutako ehuna, listoiak osotzen ditu, bere garapenean hainbat zatitan loditzen diranak, hiruzuloka, landutako loratxu-txorta txikiak hartzeko. XIX. mendearen hasierakoa.

Sortzez Garbiaren zutoihala [79]. Krema-koloreko ehuna; gainean hiru laurdeneko Sortzez Garbiaren irudiagaz margotutako obalo bat dauka. Inguruan, hari urrekareagaz bordautako dekorazinoa dago, c letra, kiribil eta hostoakaz. Atzetik, jaubea parrokia dala adierazoten dauen idazkuna. XX. mendekoa. Interes etnografikoko elementua.

Jesusen Bihotzaren zutoihala [80]. Krema-koloreko ehuna; obalo baten barruan Jesusen Bihotzaren irudia dauka. Goialdean eta alboetan, lokarri urrekarez zehaztutako zerrendak dagoz, eta lora-motiboak daukiez. Irudiaren azpian, Jesusen Bihotzari buruzko idazkuna dago, eta, atzean, testu bat margotuta, Olarteko San Bartolome parrokiako otoitzaren apostolutzaren jaubetzari buruzkoa. XX. mendekoa. Interes etnografikoko elementua.

Karrakea [81] (16 x 16 x 4,3). Egurra. Oso tresna ezaguna, Aste Santuan Ilunpetako ofizioetan erabilia. Ziurrenik XX. mendekoa izango da. Interes etnografikoko elementua.

JMGC – RCL

12. AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Hainbat paper, 63-64 or.

13. AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1738-1905, 2999/001-00 katalogo-zk.; Hainbat paper, 3001/000-03 katalogo-zk.

14. AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Hainbat paper, 3002/000-03 katalogo-zk.

15. AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Hainbat paper, 65 or.

LIZARRALDE, 1934, 120. or

LIZARRALDE, José A. Andra Mari. Reseña histórica del culto a la Virgen Santísima en la provincia de Vizcaya. Bilbo: Dochao de Urigüen, 1934.

YBARRA y BERGÉ, 546. or.

YBARRA y BERGÉ, Javier de. Catálogo de monumentos de Vizcaya. Bilbo: Bizkaiko Kultura Batzordea, 1958, liburuki 2.

BARRIO LOZA, 1984, 103-104 or.

BARRIO LOZA, José Ángel. Los Beaugrant en el contexto de la escultura manierista vasca. Bilbo: Arte Ederren Bilboko Museoa / Bizkaiko Aurrezki Kutxa, 1984.

16. AHEB-BEHA, Olarteko San Bartolome Apostolua parrokia – Orozko, Kontuak eta bisitak, 1590-1666, 2998/005-00 katalogo-zk.; Kontuak…, 1738-1905, 2999/001-00 katalogo-zk.

17. Ibid., Kontuak…, 1738-1905, 2999/001-00 katalogo-zk.

18. CONDE FUENTE, 1997, 226. or.

CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bildume)

19. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 374. or.; 2. libk., 686. zk.

CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria/Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 libk. (Kultura Ondarearen Ikerketak bilduma, 4. zk.). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/

20. Ibid., 1. libk., 313. or., 2. libk., 405. zk.

21. CONDE FUENTE, 1997, 227. or.

CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bildume)

CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 172., 223. or.; 2. libk., 81. zk.

CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria/Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 libk. (Kultura Ondarearen Ikerketak bilduma, 4. zk.). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/

22. Ibid., 2. libk., 60-M zk.