SAN BARTOLOME APOSTOLUAREN ELEIZA
Nerbioi Garaia
Ugao-Miraballes
Laburpena (PDF)
Udiarraga 59 (48490)
p.sanbartolome.ugao@bizkeliza.org
On Joan infanteak, Bizkaiko jaunak eta etorkizuneko Joan I.ak, Gaztelatik kostaldera joian bidean bertan sortutako berezko merkadua sendotu gura eban, 1375ean “do dicen agora Vgao”, hau da, Villanueva de Miraballes uribildua sortu ebanean. Merkataritzan eukan monopolioa arriskuan egon eitekeala ikusi ebanean, Bilbok aurka egoala adierazo eban arren, ez eban ezer lortu.
Dana dala, egia da, Bilboren bildurrak bildur, uribildu barria ez zala inoiz garrantzitsua izan eta ez ebala ibilbideko eskalea izatea lortu. Halanda ze, bere garapena urria izan zan: kale bakarra.
Musturretako baten, San Bartolome eleizea eregi zan, eta oso argi dago udaletxeagaz partekatzen dauen udalerriko eremu publiko nagusirantz begira dagoala: Herriko plazea.
Udaletxea eta parrokia tokiko bizimoduko protagonista bateratuak izan ziran mendeetan eta mendeetan. Are gehiago, Bizkaian ohikoa zan lez, Ugao-Miraballes tenpluaren patronatua eukan uribildua zanez (nahi-ta Abendañotarren etxeagaz partekatzen eban), bizimodu zibila eta bizimodu erlijiosoa aldi berean garatu ziran askotan.
ERAIKINA [1]
Eleizearen oinplanoa [2] habearte bakarrekoa da, eta, altuera osoan, ostikoen artean atondutako sakonera txikiko horma-hobidun kaperak daukazanez, ostikoak tenpluaren barruko alderantz [3] [4] dagoz txertatuta. Lau tarte daukaz, eta azken aurrekoa gainerakoak baino garatuxeago dago. Horrezaz gainera, tarte horreek besteko tamainua daukan burualdea be badauka, ia-ia bosgarren tartea izango balitz lez (izan be, kapera garaiak be badaukaz). Sakristiak eleizearen harginlana luzatzen dau presbiterioaren atzetik. Gainera, torrea azken tartera dago atxikita hegoaldera begira, eta albo horretako eleizpeagaz bat egiten dau. Ia-ia perimetrala dan ataurreak (oinaldean baino ez dalako faltau) tenpluaren moltsoa osotzen dau.
Eraikinaren hormaren egitura [5] [6] mortairu ugariz oso trinkotuta dagoan hormarrizkoa da. Material hori altuerearen arabera aldatzen da gitxienez dagozan hiru eraikuntza-faseen erakusgarri. Lehenengoa alboetako fatxaden barrenera -irregulartasunak badira be- ailegetan da, azken tartera izan ezean; gune horretan, hormaren egitura txikiagoa da, eta erregularizauago dago, baina iparraldeko fatxadan, batez be.
Oinaldeko pinoiaren eta torrearen behealdea, kantoiak, baoen inguruko markoak, inpostak eta torrearen beste aldean dagoan horma-bularra/ertz-babesa kareharrizko harlandu grisezkoak dira, eta ondo landutako tamainu handiko blokeak daukiez [7].
Bestetik, barruko aldea igeltsututa doa oso-osorik, eta aparejua ez dago inoiz be agirian.
Zorua egurrezkoa da.
Hormak eurak izan ezean, tenpluaren euskarriak, lehen adierazo dan lez, euren artean oso sakonak ez diran horma-hobidun kaperak [8] sorrarazoten dabezan barruko ostikoak dira. Gangetako parpain-arkuak oso moldurauta dagozan mentsuletan [9] dagoz zurkaiztuta, eta ertzak [10] angeluan dagoz kokatuta.
Kanpoko aldean, ostiko bakarra dago kantoian, ipar-sartaldeko angelua [11] indartzeko.
Gangak kurutzeriakoak dira [12], eta habearteko erdi-puntuko arkuak daukiez abiapuntu. Habeartea, barriz, tertzeletez izartuta dago burualdean [13], eta bakuna da tarteetan [14]. Bestetik, horma-hobiek ahokadura zorrotzak eta kainoi-gangak daukiez. Parpain-arkuak eta nerbioak XX. mendeko obrea dira, kurutzeria gotiko hori inkariotu gurean.
Teilatua lau isurialdekoa da.
Baoen gorputzak leiho zorrotzak [15] daukaz oinarri, eta, hegoaldera begira, zabalik dagoz burualdean nahiz lehenengo hiru tarteetan (torrearen ondorioz, laugarrena itsututa geratzen da kanpoko aldean). Plakan moldurauta dagoz kanpoko aldean, eta laprandura lisoa daukie barruko aldean [16]. Lehenengo tarteari bardina dan beste bao bat atxikitzen jako iparraldetik. Beirateen bidez zarratzen dira. Beirate batzuek apaingarri geometrikoak zein landara-apaingarriak [17] daukiez, eta beste batzuk figuratiboak dira (San Frantzisko [18] eta Santa Klaudia [19]), Bilboko Delclaux y Cía etxekoak, hain zuzen be.
Horrezaz gainera, leihoburudun beste bi be badagoz oinaldeko fatxadan [20], eta koruaren zerbitzura dagoz. Kanpoko aldean, harlanduak daukiez ezaugarri bereizgarri. Barruko aldean, barriz, gorputz osokoak dira, eta laprandura arina daukie [21].
Burualdearen goiko aldean, ganga gana argitzen dauen baotxo lauangeluarra edegiten da.
Gaur egun itsututa dagozan beste leiho bi egon ziran hegoaldera begira. Arrastoei erreparau ezkero, emoten dau euretako bat, lehenengo tartekoa, sabaileiho zorrotz handia [22] izan zala. Bestea, hirugarrenekoa, beranduko gotikoko baoa da, beranduko gotikoko eta errenazimentuko eleizetako koruetakoa lakoa, hain zuzen be. Erdi-puntuko bao bikotxak daukaz, zatikatutako mainela eta, gaur egun zarratuta badago be, seguruenik barruko aldean asentuak [23] euki ebazan harlanduzko karela be bai. Elementu horrek adierazo egiten deusku tarte horretan korua egon zala jatorriz, eta, horren ondorioz, tenplua bera laburragoa izan zala.
Era berean, zarratuta badagoz be, alboetako eleizpeetan, hirugarren tartean, sarbide zorrotz bi dagoz. Batak (hegoaldekoa) hiru dobela irregular [24] daukaz; eta besteak (iparraldekoa), bi baino ez [25]. Seguruenik, 1729an “untzez eta giltzez” zarratzen ziran “alboko ateak” dira1BFAH-AHFB, Udal Atala, Ugao-Miraballeseko Udal Artxiboko Fondoa, Miraballes uribilduko San Bartolome parrokia-eleizako fabrikako maiordomoek 1725.-1792. urteen artean aurkeztutako kontuen liburua, Signaturea: 0161/006..
Beste sarrerak azken tartean dagoz atxikita. Jatorriz, erdi-puntuko bost igarobide egon ziran plaka lisoko inpostearen gainean. Euretako hiru zabalik egozan oinaldean; eta beste biak, alboetan [26]. Holan, zeozelako eleizpea sortzen zan, baina, ha-ta guzti be, alperrekoa zan, zuloune horreek guztiak tenpluaren barruko aldera begira egozalako zuzenean.
Gaur egun, alboetakoak baino ez dira erabilten, eta euretako bat torrearen azpian [27] dago atxikita. Emoten dau sartaldeko albokoak itsututa dagozala antxinako harlanduaren bidez, eta baleiteke eregi ziran unetik bertatik itsututa egotea. Erdikoak ate-alboak zein uztai-arkua daukaz banatutako planoetan, baita kapitel toskanarrak zein giltzarrirako kordoitxudun kartoi-zapatea be (Arrankudiagako eta Zeberioganako (Zeberio) tenplu hurbiletan ikusi daitekeanaren antzekoa) [28]. Orain dala hamarkada batzuetara arte erabili da, eta, oraindokarren, egurrezko ateak daukaz kanpoko aldean (tenpluko antxinakoenak), baina itsua da barruko aldetik.
Korua [4] [29] oinaldeko tartean dago. Korupeak gune horretako erdi-puntuko arkuetako uztaien goiko aldea inbadiduten dau. Gainera, oinaldeko leihoak eta torrerako igarobidea koru horretako gaur eguneko oinkatze-zorua baino goraxeago dagozanez, emoten dau jatorrian gorago egon zala. Edozelan be, XVII. mendeko [30] korapilo konikoko burdinazko balaustreak bere horretan dirau.
Sakristia [31] burualdera dago atxikita. Ate simetriko bien bitartez komuniketan da eleizeagaz. Ateburudunak dira, buruhormarantz dagoz zabalik erretaula nagusiko alboetan eta oso-oso zaharbarrituta dagoz gaur egun. Gela angeluzuzena da, sabai aizunaren bidez dago estalduta, eta, bertara, leihoburudun sei leihotan zehar sartzen da argitasuna. Euretako lau jatorrizkoak dira, eta laprandurea daukie kanpoko aldean nahiz barruko aldean. Beste bi beranduago edegi ziran, eta guzti-guztiak udare formako eta udare bikotxeko formako [32] burdinez dagoz babestuta. Era berean, eleizperako oraintsuko sarrera zuzena be badago bertan.
Eten barik eta agiriko zesura barik, torreko [33] harginlana fatxadako planoagaz lotzen danez, gorago azaldu dogun alperreko zeozelako eleizpean dago txertatuta. Hegoaldeko hormeagaz daukan loturea indartu egiten da erremate konikodun zilindro-laurena daukan eta eleizpearen azpian [34] atxikita dagoan behe-gorputzaren bitartez.
Fustea hiru gorputzetan dago banatuta, eta, euretatik, behekoa ohiko sarrerako ataurre moduan erabilten da. Oinplano karratukoa da, eta, tamainua erremateraino eteten ez danez, plaka lisoko molduren bidez zehazten dira gorputzak. Bigarren gorputza oso garatuta dago, eta, bertan, laprandura bikotxeko eta dobela formako leihoburudun leiho bi dagoz. Euretako bat, gainera, barriro be korapilo konikoa [35] daukan barrotedun burdin hesiaren bidez dago zarratuta. Kanpantorreak [36] lau bao daukaz zabalik puntu kardinalen arabera, baina iparraldekoa erlojuaren egiturearen ondorioz dago zarratuta (bere esfereak, gainera, bao horreetako beste bat inbadiduten dau). Erdi-puntukoak dira, eta plaka-kapitelen gainean doaz. Profil ahur-ganbileko erlatxak kantoietan pinakuluak daukazan lau isurialdeko teilatuari emoten deutso bidea, eta, goiko aldean, erlojuaren kanpaia dago burdinazko tresnearen gainean.
Torre horretara igoteko, korutik joan beharra dago, apur bat eskartzanoa [37] [38] dan tunel artezeko ateburudun igarobidean zehar. Barruko egiturea egurrezkoa da.
Alboetan eta burualdean, eleizpea [39] dago. Dana dala, 2023ra arte, leku horretako zati handienean, era bateko eta besteko gelak egozan kokatuta.
Oso barrituta dagoan arren, oinarritutako teilapearen sistemeari eusten deutso, tenpluaren aldetik bozel-laurdeneko modiloiak daukazalako oinarri; eta, kanpoko aldean, eskoiko oinak nahiz karela. Interesgarriena bere enkatxoa da, hexafolien [40] marrazki geometriko bakun-bakunak eratzen dabezan eskinak daukaz-eta. Orain dala gitxira arte eransketaz beteta egoan burualdearen inguruan, barriz, marrazkia bakunagoa da: erretikulea.
On Joan infanteak, Bizkaiko jaunak eta etorkizuneko Gaztelako Joan I.a erregeak, Ugao-Miraballes uribildua sortu eban 1375ean. Ez dau emoten une haretan bertan tenplurik egoanik. Dana dala, uribildu gazteak azkar baino azkarrago eregi eban San Bartolomeri eskainitakoa, santu horren jaieguna bat etorrelako On Joan sortzailearen urtebetetzeagaz. Edozelan be, gaur egun ikusten dogun ezer ez da sasoi haretakoa.
Lehen adierazo dogunez, gaur eguneko eraikina eraikuntza-une desbardinetan egin zan. Euretako lehenengoaren aztarnak lehenengo hiru tarteetako atzeko eta alboko hormen beheko aldean dagoz ikusgai. Horren arabera, habearte bakarreko eleizea zan, kapera garaiak eukazan ostikoen artean eta estilo gotiko-errenazentistea eukan. XVI. mendeko lehenengo urteetakoa danez, Bizkaian eta Euskadin tipologia horretan ezagutzen doguzan antxinakoenetakoa da. Aitatutako hormak eta sarbide zorrotzak, bao bikotxa eta ustezko sabaileihoa dira horren adierazgarri.
Uneren baten, eleiza haretako gangak egurrezkoak izan behar izan ziran, 1659tik Domingo de Ybaiondo maisu arotzak eleizako gorputzaren oinen erdiak berregiten ebazalako, sabaia hondatu egiten zalako. Obrek bere horretan segidu eben 1664-1665ean, arotzak be baziran Pedro de Escanari eta Miguel de Landaetari ordaintzen jakelako eleizearen erdialdetik burualderantz egindako obreagaitik, sabaia bera be kontuan hartuta. Izan be, Landaetak berak errematau eban 3.800 errealean gehi 1.626 erreal materialetan. Jarduketearen helburua egurrezko gangak ziran, batez be (horrexegaitik, inplikautako maisuak arotzak ziran). Dana dala, horretarako, hormak be konpondu behar izan ziran. Aparejuaren bigarren mailea une horretakoa izango da, hain zuzen be. Orduantxe eregi zan sakristia be (15.566 erreal 1664an)2AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Fabrikako kontuen liburuak, 1640-1668, Signaturea: 2669/076-00. CIFUENTES PAZOS, 1993, 156. or..
Ia-ia berehala, beste eraikuntza-fase bat egin zan, eta oinaldeko tartean nahiz torrean euki eban eragina. Eleizea bera luzatu zan eukiera handiagoaren bila. Horretarako, kaleko ardatzari jagokonez eleizea metro batzuk atzeratu ebazan konpas txikia inbadidu behar izan zan. Emoten dau leku horretan zeozelako ataurrea proiektau zala, gorago adierazotako erdi-puntuko bost arkuen bidez egoala edegita eta eleizpe perimetralagaz egoala lotuta. Ha-ta guzti be, eraginkorra ez zanez, ez ei zan inoiz helburu horretarako erabili.
Gero, korua eta torrea egin ziran. 1680an, obra handi hori (35.000 erreal) egiteko konpromisoa hartu eben Cristóbal de La Llana eta Martín Arauco Landabaso harginek, baina amaitu baino lehen zendu ziran biak. Horrezaz gainera, eregitakoa jaustekotan egon zan erabat. Hildakoen oinordekoek Garaiko Domingo de Barraincúa hargina bilatu eben, urtenbideren bat emon eioen, eta, geroago, Francisco de Elorriaga eta Domingo de Alacano obretan inpliketea lortu eben. Izan be, faltau zana amaitu eta jausitakoa be konpondu eben. 1689an, egindako guztia ordainduta egoala adierazo eban Elorriagak, eta, bertan, kanpantorrean egin ebazan 1.960 eta 1.400 errealeko hobekuntzak be hartu ziran kontuan3BAHP-AHPB, Trobica notarioa, Leg. 4.351, 1685eko abenduaren 6ko erregistroak. AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Larriagako maiordomoa zan Tomás de A.ri hartu jakozan kontuak, 1679-1689, Signaturea: 2669/109-00. BFAH-AHFB, Atal Judiziala, Korrejidorearen Fondoa, Azpifondo Zibila, JCR 3170/001. CIFUENTES PAZOS, 1993, 156. or..
Torrea amaitutakoan, 1691n, eleizpea harriztatu zan. Agirietan azaldutakoaren arabera, tenpluaren inguruan egoan kokatuta, eta lanak 1.500 errealean errematau ziran4AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Larriagako maiordomoa zan Tomás de A.-ri hartu jakozan kontuak, 1679-1689, Signaturea: 2669/109-00. BAHP-AHPB, Sierra Baquiola notarioa, Leg. 4.747, 1691ko abuztuaren 20ko erregistroak..
Obra handi horreek, barriz, ez ziran sendoegiak izan. 1704an, 1735ean eta, batez be, 1748an, hormak eta sabaia jaustekotan egon ei ziran. Azken data horretan, hain zuzen be, eleizako “hormak jaustekotan dagoz pisuko hormatal edo alde bietan, kasetoidun gangea jausteko eta lautzeko arriskua dago… eta, horrexegaitik, 6 zutoinen bidez dago zurkaiztuta barruko aldean”. Hau da, alboko hormek nekez eusten eutsien kasetoidun gangearen bultzadeari (egurrezkoa).
Juan de Arangurenek, Arrigorriagako maisu arotz eta lan-maisuak, eta Andrés de Zorrarainek, Orozkoko maisu harginak, ikuskatu eben tenplua. Edozelan be, ezin izan zan behar besteko konponketarik egin, dirurik ez egoalako. Azkenean, Udiarragako ermiteak emon eban dirua. Zeberioko bizilagunak ziran Antonio de Aldecoa Ibarra, Pedro de Usábel eta Juan de Zavala maisu arotzei errematau jaken obrea, eta, batez be, gangea konpondu eben (eta, barriro be, egurrezkoa izan zan). Kostua 10.797 erreal eta 14 marabedikoa izan zan.
Aldi berean, José de Olázarrek, Arrankudiagako maisu harginak, 1.893 erreal kobrau ebazan, alboko hormetan konponketa handiak egitearren5CIFUENTES PAZOS, 1993, 157.-158. or.. Seguruenik, jarduketa horretan bertan egin zan hormetan igarten dan aparejuaren hirugarren mailea, eta harginlana indartzea eukiko eban helburu, barritutako ganga horri eutsi ahal izateko.
Lanak amaitutakoan, Pedro de Larrea igeltseru bilbotarrak tenplua zuritu eban (400 erreal). Antonio de Vegak eta Juan Bautista de Ibarrak, Bilboko eta Ugao-Miraballeseko maisu harginek, hurrenez hurren, oso-osorik ziurtau eben obrea6Ibid., p. 158-159..
Halanda be, ostean, beste zaharbarrikuntza batzuk be egin ziran Ugao-Miraballeseko eleizan. 1816an, Luis de Palacios indianoak Mexikoko La Puebla de los Ángelesetik bialdutako diruari esker, burualdeko gangea berregin zan. Francisco de La Quintana eta Antonio Ruigómez maisu urreztatzaile eta margolariek margotu eben. 1845ean, 106 erreal ordaindu ziran “parrokiako eleizpeko kareletan eta uiolaren ondorioz hondatutako hilerriko bidarrian egindako obreagaitik” (behin baino gehiagotan errepikautako historia). Bestetik, 1858-1859an, Udiarragako ermitako edergarriak saldu behar izan ziran, zoru barria ordaintzeko, eleizpea zaharbarritzeko eta altzarietan be eragina euki eben beste lan batzuk egiteko. 61.300 erreal izan ziran danetara. Proiektua Martín Luciano de Echébarri lan-maisu bilbotarrarena izan zan, eta Bilboko Hilario de Uzatorrek betearazo eban. Azken horrek, gainera, José de Urquijoren laguntzea jaso eban eleizperako7AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Miraballeseko parrokian egindako era bateko eta besteko obretako diru-kontuen erroldea, 1816-1817, Signaturea: 2668/090-00; Fabrikako kontuak eta bisitaldiak, 1825-1917, Signaturea: 2665/006-00; Parrokiako ordainagiriak, 1858-1859, Signaturea: 2668/082-00. CIFUENTES PAZOS, 1993, 158. or..
Azkenean, XX. mendearen hasieran, eleizeak gaur egun daukan plementeria-gangea egin zan. Proiektua José María Basterrak aurkeztu eban 1907an, eta leihoen birmoldaketea be hartzen zan kontuan. Dan-dana nahikoa traketsa zan estilo neogotikoan egin zan. Aurrekontua 63.189 pezeta eta 10 zentimokoa izan zan8AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokiako Francisco Arana y Lupardoren instantziaren errege-agindua dala eta Miraballeseko abade ekonomoari bialdutako eta Felipe Yurrita y Mezok Gasteizen sinatutako gutuna, 1910, Signaturea: 2669/119-00. CIFUENTES PAZOS, 1993, 157.-158. or..
Ostean, 1930-1931n, Teófila de Gandariasen eskuzabaltasunari esker, koruan egin zan jarduketea (eta orduantxe galduko eban altuerea), eta obra txikiago batzuk be egin ziran. Zaratamoko Eduardo Zabala Ercillak lan horreen zati bat egin eban, Pedro Guinearen proiektuaren arabera9CIFUENTES PAZOS, 1993, 159. or..
Halanda be, dan-dana Gerra Zibilaren ostean birmoldatu behar izan zan, eragin larri-larria euki ebalako tenpluan. Obrek 1947ra arte10Ibid.. iraun eben.
Tenpluan garatutako azken jarduketa handia 1983ko uiolen ostean egin zan.
Azkenean, 2023an, eleizpearen zati bat hartzen eben gela batzuk kendu dabezanez, jatorrizkoa ei zan itxurea itzuli deutsie.
1. BFAH-AHFB, Udal Atala, Ugao-Miraballeseko Udal Artxiboko Fondoa, Miraballes uribilduko San Bartolome parrokia-eleizako fabrikako maiordomoek 1725.-1792. urteen artean aurkeztutako kontuen liburua, Signaturea: 0161/006.
2.nAHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Fabrikako kontuen liburuak, 1640-1668, Signaturea: 2669/076-00.
CIFUENTES PAZOS, 1993, 156. or.
CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
3. BAHP-AHPB, Trobica notarioa, Leg. 4.351, 1685eko abenduaren 6ko erregistroak
AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Larriagako maiordomoa zan Tomás de A.ri hartu jakozan kontuak, 1679-1689, Signaturea: 2669/109-00.
BFAH-AHFB, Atal Judiziala, Korrejidorearen Fondoa, Azpifondo Zibila, JCR 3170/001.
3. CIFUENTES PAZOS, 1993, 156. or.
CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
4. AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Larriagako maiordomoa zan Tomás de A.-ri hartu jakozan kontuak, 1679-1689, Signaturea: 2669/109-00.
BAHP-AHPB, Sierra Baquiola notarioa, Leg. 4.747, 1691ko abuztuaren 20ko erregistroak.
5. CIFUENTES PAZOS, 1993, 157.-158. or.
CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
6. Ibid., 158.-159. or.
7. AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Miraballeseko parrokian egindako era bateko eta besteko obretako diru-kontuen erroldea, 1816-1817, Signaturea: 2668/090-00; Fabrikako kontuak eta bisitaldiak, 1825-1917, Signaturea: 2665/006-00; Parrokiako ordainagiriak, 1858-1859, Signaturea: 2668/082-00.
CIFUENTES PAZOS, 1993, 158. or.
CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
8. AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokiako Francisco Arana y Lupardoren instantziaren errege-agindua dala eta Miraballeseko abade ekonomoari bialdutako eta Felipe Yurrita y Mezok Gasteizen sinatutako gutuna, 1910, Signaturea: 2669/119-00.
CIFUENTES PAZOS, 1993, 157.-158. or.
CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
GARCÍA URIBE, 2018, 13. or.
GARCÍA URIBE, Iñaki. “Iglesia parroquial de San Bartolomé”. In Ecos de Ugao. Ugao-Miraballes: Asociación de Donantes de Sangre de Ugao-Miraballes “Dosanmi”, 2018-1, 103. zenb., 12-13. or. Eskuragarri hemen https://drive.google.com/file/d/1qnAhu7HYQ_nLB-pQZx_3RC6CWGdhEAYc/view
9. CIFUENTES PAZOS, 1993, 159. or.
CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
10. Ibid.
ALTZARIAK
Gaur egun, Ugao-Miraballeseko San Bartolomeko altzariak ez dira oso ugariak: oso aldatuta dagoan erretaulea, eskultura batzuk eta era askotako elementu batzuk.
Edozelan be, jakin badakigu beste sasoi baten altzari gehiago egon zirala tenpluan. 1621ean, hiru erretaula egozan: titularrarena, Kristo Santuarena eta San Ramonena. Bost be egon ziran, nahi-ta izenak sarritan aldatzen ziran. 1750ean, Pedro de Usabel eta Antonio Aldecoa Ybarra maisu arotzek Bakardadearen Andra Mariarena eta San Joanena egin ebezan. Bestetik, 1816an, José de Basterrechea maisu zizelkariak Andra Mariarenari nahiz San Antoniorenari egin eutsezan ikutuak, eta San Joseri eskainitako beste bat egin eban. José de Yragorri maisu margolari eta urreztatzaileak polikromau ebazan. 1898ko inbentarioan, zehatz-mehatz agertzen da zein diran: nagusia, Errosarioko Andra Maria, San Jose, Doloreetako Andra Maria eta San Antonio Paduakoa (geroago, San Frantzisko izan zana)11CIFUENTES PAZOS, 1993, 158. or..
AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Fabrikako inbentarioaren eta bisitaldien liburua, 1621-1639; Miraballeseko parrokian egindako era bateko eta besteko obretako diru-kontuen erroldea, 1816-1817, Signaturea: 2668/090-00; Miraballeseko parrokia-eleizan dagozan objektuen inbentarioa…, 1898, Signaturea: 2669/135-00.
Bestetik, honako honeetxei buruzko albistak ohikoak dira agirietan: urregintzako piezak, apaingarriak, kanpaiak, erlojua, pulpitua, autorlekuak, kajoi-altzariak, hil-tronua, azpila…
Erretaulak
Erretaulea [41] gehienbat XX. gizaldikoa dan mazoneriaren gainean instalautako sasoi bateko eta besteko materialak barriro antolatzean sortu zan. Bertan, zutabeak eta gune batzuk erabilten dira barriro. Pilastrak, mentsulak, plintoak, arkitrabeak eta panel apaingarriak, ostera, oraintsukoak dira, eta beranduko errenazimentuko ereduak (izan barik) gogora dakarskuezan landara-apaingarri lirainez beteta dagoz.
Horren ondorioz sortutako altzaria oinplano artezekoa da, eta, pilastra zein zutabe batzuen bidez, apur bat baino ez da eroan atzera musturretan. Hiru kalekoa da, eta honako hauxe okupetan dabe: zokaloa, garapen handiko basamentua (goiko oinarria bestekoa), oinarri bi eta goialdea. Akaberea egurrezkoa da, eta berezko kolorea dauka (tintatuta dago, egia esan). Apaingarriak, barriz, urre-kolorekoak dira.
Zokaloak hiru ardatz bertikalak zehazten dauz hiruko moltsoetan gainjarritako pilastra barrien bidez basamentuan luzatzen diran tamainu handiko mentsulen eta pilastren bitartez [42]. Esan dogun lez, oso garatuta dagoan maila horretan, erdi-puntuko guneak dagoz alboetan; eta, erdian, sagrariorako burudun zulounea, gaur egun Kalbarioak beteten dauena. Gainera, landara-apaingarridun frisoa dago goiko aldean.
Hausturea zehazten dauen taulamendu barik, lehenengo oinarrira [43] igaroten da. Egiturazko ardatzetan bertan, apur bat konkortuta dagozan zutabe joniarretarako plintoak dagoz orain. Hemen, erdi-puntuko gune nagusian [44] ate-albo moduan erabilitako pilastretan, lehenengo klasizismoaren ezaugarri bereizgarri dan eta erronboak zein obaloak apaingarri daukazan kateadurea dago. Dana dala, emoten dau horma-hobiaren gaineratikoa XX. gizaldiko obraren parte dala; erdi-puntukoak be badiran alboko biak, berbarako.
Oraingoan, erroleoa eta, erdian, kerubina daukazan arkitrabea bigarren oinarriaren [45] abiapuntua da. Hemen, zutabe korintoarrak laburtu egiten dira. Era berean, alboko guneetan panelaren bidez bat egiten daben plintoen gainean be badoaz. Horma-hobi horreek burudunak dira, erliebeetarako, baina barriro be erdi-puntukoa dan erdikoan [46], beheko oinarrian ikusten genduzan kateaduradun pilastrak errepiketan dira.
Azkenik, goialdea [47] are laburragoak diran zutabe toskanar barrien artean doa, eta zutabeek molorrikadun eseak daukiez albo banatan. Burudun gunearen gainean, bedeinkatzen dagoan Aita Betierekoa dago kokatuta tinpano konkortuan.
Azaldutako guztia kontuan hartuta, honako honeetxek baino ez daukie 1600. urte inguruko antxinako erretaula erromanista bateko piezen antza: zutabeak, gune nagusiko kateaduradun pilastrak, kerubina eta Aita Betierekoa.
Irudiei jagokenez, pieza erromanistak nagusi badira be, estilo horretakoak ez diran beste batzuk be tartetzen dira.
Basamentuaren erdian, desagertutako sagrarioak itxitako lekuan, Kalbarioa [48] dago gaur egun. Egur polikromauzkoak diran mukuluko hiru irudik osotzen dabe: Kristo Kurutziltzatua (85 x 76 x 27,5), Doloreetako Andra Maria [49] (84 x 25 x 16) eta San Joan [50] (80 x 27 x 22). Kalidade handiko piezak dira, eta honako hauxe daukie ezaugarri bereizgarri: euren anatomia handituak, arpegikune goratuak eta trinkotasun ardi-uletsua daukien oso jantzi zabal zein astunak. Oso-oso ohikoak ziran 1600. urte inguruko erromanismoan. Doloreetako erretaula desagertukoak dira seguruenik.
Alboko guneetan, ezkerretara, Sortzez Garbiaren [51] (116 x 33 x 30) irudia dago. Egur polikromauzkoa da, eta metalezko koroia daroa. Eskoitara, San Jose eta Umea [52] (128 x 40 x 40) dago. Pieza garaikideak dira: Sortzez Garbiarena XIX. mendeko ereduen araberakoa da -koroa be sasoi berekoa izango da-; eta San Joserena, modernoxeagoa, beharbada.
Basamentu horretako pilastretan, erromanistak be badiran goi-erliebeen serie bi dagoz oraindokarren: beheko aldean, Eleizako Aitak (52 x 23 x 8,5) (San Gregorio [53], San Anbrosio [54], San Agustin [55] eta San Jeronimo [56]); eta, goiko aldean, lau apostolu (51,5 x 20 x 7,5) (San Joan Ebanjelaria [57], San Andres [58], San Pedro [59] eta San Mateo [60]).
Lehenengo oinarrian, erdi-erdian, titularra doa, San Bartolome [61]. Deabrua daroa kateaz lotuta, eta, eskoiko eskuaz, bere martirioko aiztoa erakusten dau. Kontrapostoan, kalpar sigi-sagatsu txikidun bizarra eta bere jantzi zabalak altzariko beste lanketa batzuetan errepiketan dira, eta, era berean, erromanismoko une horregaz be bat datoz.
Alboko hobiak San Joan Bateatzailearen [62] eta San Lorentzoren [63] irudietarako dira. Egur polikromauz eginda dagoz. Barrokoak dira, XVII. mendearen amaierakoak.
Goiko oinarrian, erdi-erdian, Jasokunde-Koronazinoaren [64] mukulua doa; eta, alboetan, Artzainen Adorazinoaren [65] eta Ikustaldiaren [66] oso erliebe plastikoak. Pieza erromanistak be badira, eta ondo garatuta dagoz konposizinoari begira, baina baleiteke trakestsuak izatea proporzinoei jagokenez.
Goialdeko panelean, Jasokundea iruditzen dauen erliebe errenazentistearen argazki-erreprodukzinoa agertzen da orain.
Azkenean, goiko aldean, Aita Betierekoa [67] dago, eta 1600. urte inguruko moltsoaren parte be bada.
Ezelako zalantza barik, Ugao-Miraballeseko eleiza honek erretaula erromanista nabaria euki eban. Eskulturen kalidadea ezeze, ordena arkitektonikoak bateratzen dabezan zutabeak be badira horren erakusgarri (eta, oso seguruenik, jatorrian be egon ziran gainjarrita, gaur eguneko mazonerian lez). Zoritxarrez, gaur egun berari buruz azaldutakoa baino ez jaku geratzen.
Irudien polikromia zenbait biderrez barritu da. Izan be, 1666an, tailu titularra urretu eta estofau zan. Gaur egunekoa, barriz, Antonio Ruigómezek eta Francisco de La Quintanak 1816an ezarritakoa da funtsean. Hain zuzen be, 4.271 erreal eta 12 marabedi kobrau ebezan, altara nagusi osoa, mahaia eta beste elementu txikiago batzuk polikrometearren12AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Miraballeseko parrokian egindako era bateko eta besteko obretako diru-kontuen erroldea, 1816-1817, Signaturea: 2668/090-00..
Eskulturak
Korupeko Kristo Kurutziltzatua [68] (116 x 106 x 20; eta, kurutzea kontuan hartuta, 170 x 116 x 23,8). Egur polikromauzkoa. Hilda agertzen da, burua eskoirantz jausita dauka eta ulekiribilauak zein ehun kolatuzko kastidade-oihala daukaz. Beranduko gotikoko pieza interesgarria da, 1510-1520koa13MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 299. or... Seguruenik, erretaula nagusiaren goiko aldean egoan “tamainu handixeagoko kurutzea” izango da14AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Miraballeseko parrokia-eleizan dagozan objektuen inbentarioa…, 1898, Signaturea: 2669/135-00..
Koruko Kristo Kurutziltzatua [69] (77 x 53 x 15; eta, kurutzea kontuan hartuta, 139 x 67 x 15). Papeloizkoa. XVIII. mendeko barrokokoa dan anatomia argaleko berezko irudia da. Udiarragako Andra Mariaren ermitakoa da.
Sakristiako San Antonio Paduakoa [70] (108 x 34 x 27). Egur polikromauzkoa. 1900 inguruan egindako oso obra eratsua da.
Koruko San Roke [71] (106 x 35 x 26). Aurrekoak lako ezaugarriak daukaz. Udiarragako Andra Mariaren ermitakoa da.
Metalak
Aitatu doguz koruko balaustreak [30] eta sakristiako leihoak [32] eta torrea [35]. Landutako burdina. Eraztundunak dira eta karena oso baxuko kono-formako korapiloak dabez. Barrokoak, XVIII. gizaldiaren bigarren erdikoak.
Oinaldeko ateen burdineria [72]. Landutako burdina. Barrokoak, 1680-1690.
Beste elementu batzuk
Bateoarria [73] (98 x ø76). Ereñoko harrinabarrezkoa. XX. mendeko hasierakoa da.
Esan dogunez, zenbait leihotan beirateak dagoz, geometria- eta landare-motiboakaz [17] batzuk, eta beste batzuk motibo figuratiboakaz (San Frantzisko [18] eta Santa Claudia [19]), Bilboko Delclaux y Cía etxeak egindakoak. 1907ko lanetan, ganga barritu zanean, ipiniko ebezan. Sasoi honetako beirateetan ohikoa danez, arreta handiagoz landuta dagoz aurpegiak eta jantzi eta paisaiek eredu estereotipatuei jarraitzen deutsie.
Torreko erlojua [74]. Durangoko Mateo Pascual de Iparraguirre erlojugilearena da, 1831koa15CANDINA AGUIRREBEITIA eta CASANOVAS i LLORENS, 1986, 79. or... Jatorrizko esferea oso egoera txarrean dago, eta torrearen barruko aldean dago.
Eleizbarrutiko gordailuan dagozan osagaiak (zidar-urregintza)
Kalizea [77] (25 x ø15,6 x ø9,7). Zidarrezkoa da, eta kolore berori dauka. Ohiko profil klasizistea dauka: pitxer-korapiloa eta uztaien sekuentzia. Honako marka honeek daroaz: udalerria (Bilbao) eta Juan de Gardoqui egilea (GARDOQVI). Barrokoa da, XVII. mendearen erdialdekoa16CILLA LÓPEZ, 2022, 2. liburukia, 246 bis zk..
Eleiz Museoan gordetako elementuak
Ekisainduko eguzkia [78] (43 x ø33). Zidarrezkoa eta urretutako brontzezkoa. Zeozelako pitxer-profilean antzaldatzen diran izpiak daukaz, Peruko zidargintzan XVII. mendeko azken herenean zabaldutako modearen arabera. Balaustre formako eskuleku lisodun euskarria euki eban, XVIII. mendekoa da eta gaur egun galduta dago [79]17CILLA LÓPEZ, 2022, 1. liburukia, 406. or., 2. liburukia, 357. zk.. Barrokoa da, 1675 ingurukoa, Perukoa.
Koroiako inperialak [80] (18 x 17,5). Zidarrezkoa da, eta kolore berori dauka. Barrokoa da, XVII. mendekoa.
Argi-kinua/diademea [81] (43,7 x 33). Zidar-koloreko letoizkoa. Neoklasikoa da, XIX. mendekoa.
Erlikitegia (hutsik) [82] (27,3 x ø11,5 x 11,5). Zidarrezkoa da, eta kolore berori dauka. Neoklasikoa da, XIX. mendeko lehenengo laurdenekoa. Oinaren azkoinean daroaz markak: udalerria (Bilbao), Fernando Acha egilea (F/ACHA) eta Manuel Loyzaga egiaztatzailea (LOIZAGA).
Kasulla [83] (108×63). Loradun sedazko ehunez eginda dago. Barrokoa da, XVIII. mendekoa. Seguruenik, Valentzian egin zan.
Dalmatikea [84] (95×66). Palma-damasko berdez eginda dago, eta urre-koloreko girgilak daukaz. Baleiteke XIX. mendearen hasierakoa izatea.
JMGC – RCL
11. AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Fabrikako inbentarioaren eta bisitaldien liburua, 1621-1639; Miraballeseko parrokian egindako era bateko eta besteko obretako diru-kontuen erroldea, 1816-1817, Signaturea: 2668/090-00; Miraballeseko parrokia-eleizan dagozan objektuen inbentarioa…, 1898, Signaturea: 2669/135-00.
CIFUENTES PAZOS, 1993, 158. or.
CIFUENTES PAZOS, José Manuel. Ugao-Miraballes. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1993. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
12. AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Miraballeseko parrokian egindako era bateko eta besteko obretako diru-kontuen erroldea, 1816-1817, Signaturea: 2668/090-00.
13. MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 299. or.
MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Flandesko isladak. Gotiko berantiarreko eskultura higigarria Bizkaian. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia, 2011.
14. AHEB-BEHA, Ugao-Miraballeseko San Bartolome Apostoluaren parrokia, Miraballeseko parrokia-eleizan dagozan objektuen inbentarioa…, 1898, Signaturea: 2669/135-00.
15. CANDINA AGUIRREBEITIA eta CASANOVAS i LLORENS, 1986, 79. or.
CANDINA AGUIRREGOITIA, Begoña, eta CASANOVAS i LLORENS, Teresa (koord.). Relojería pública en Vizcaya. Bilbao: Departamento de Cultura de la Diputación Foral de Vizcaya, 1986. (Inbentarioak bilduma, 1. zenb.).
16. CILLA LÓPEZ, 2022, 2. liburukia, 246 bis zk.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria-Gasteiz: Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2022, lib. 4. (Investigaciones de Patrimonio Cultural bilduma, 4. zenb.). Eskuragarri hemen https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/
17. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. liburukia, 406. or., 2. liburukia, 357. zk.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria-Gasteiz: Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2022, lib. 4. (Investigaciones de Patrimonio Cultural bilduma, 4. zenb.). Eskuragarri hemen https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/