SAN BARTOLOME ERMITA
Nerbioi Garaia
Zeberio | Urizar auzoa
Laburpena (PDF)
Urizar auzoa z.g. (48499)
p.santotomas.zeberio@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Ermita santutxu bat da, hau da, oinaldeko aurrealdea ia osoa edegita dauka.
Oinplano [2] zuzena dauka, habearte bakarrekoa, eta lau segmentutan zatitzen da estalgiaren mailan [3] [4]. Oinaldean eleizpea dauka.
Hormek [5] ez daukie ia zimenturik –arrokea ikusten da azpian–, harlangatx irregularrakaz egindakoak dira, kanpotik zarpiatuta dagoz eta barrutik karez eginda. Sarrerako ertzetan eta leihoan baino ez dagoz harlanduak. Hegoaldeko horman horma-zulo bat dago kanpoko aldetik, eta, zer dan jakitea nekeza den arren, leitekena da gaur egun erabilten ez dan hustubide bat izatea.
Barruko zorua barria da: hormigoizko karesnea habeartean eta baldosa modernoak altaran.
Estalgia [6] astazaldi eta zubizko zurajea da, azpil formakoa. Astazaldiak eta penduluak habe etxun perimetraletan oinarritzen dira, eta erdian tijera-habeak daukiezan zertxa bik indartzen dabe dana. Zertxetako tiranteek tailautako mentsula [7] batzuk daukiez, bozelakaz eta akanto-orri luzangakaz.
Egitura horren gainean dago teilatua [8], lau isurikoa eta gailur jarraituduna.
Oinaldean dago tenplurako sarrera bakarra [9], egurrezko hesi handi bat. Aurrealde osoa hartzen dau, eta hiru erregistro dituan pantaila bat da; listel akutu bat daukien zolata horizontalek banatzen dabez erregistroak, eta goiko listelean bola batzuk dagoz, modu klasikoan kateautako esferaerdi batzuetan sartuta [10]. Goiko aldea zabalik dauka. Pisu bakotxa ixteko, uztaiak eta txaratilak daukiezan balaustre torneatuak daukaz. Erdian atea dago, moldura zorrotzeko oin zuzenen artean.
Hesiaren albo bietan ur bedeinkaturako ontzi bi dagoz. Ezkerrekoa [11] kikara ia hemiesferikoa da, bozel formako karelagaz, eta Golgotako kurutzea dauka gainean; eskumakoa [12] landuagoa da, sokak eta bolak daukaz, eta kurutzea ludi baten barruan dago. Herri-tradizinoko piezak dira, baina ez da erraza data jartea, XVI. gizaldiaren lehenengo erdikoak izan badaitekez be.
Hegoaldeko horman dagoan bao dinteldu bakarretik sartzen da argia ermitara. Hesitik be sartzen da, jakina, horma pikoa edegita dauka-ta, gainera.
Eraikinaren estalgia luzatu egiten da, eta oinaldean eleizpea [13] dauka; batetik, estaldutako sarbidea da eleizpe hori, eta, bestetik, jentea alkartzeko lekua. Lehen begiratuan banku jarraituko harrizko hormatxu baten gainean dagozan sei oin zuzenetan oinarritzen dala dirudi. Baina, zehatzago aztertu ezkero, egurrezko egitura konplejua agertzen da, oin zuzenak, besoak, habeak, tijera-habeak, korbak…, barriro be aho-zirika bidez mihiztatuak eta egurrezko larakoakaz. Egurrezko egitureak ez dauka ornamentazino handirik; angeluak sendotzeko korbetan dagozan erroleo batzuk baino ez [14].
Ezohikoa da eleizpearen dimensinoa, harrigarria ermitearen estalgia astazaldi eta zubizkoa izatea, ezohiko sistema zan-eta Bizkaian, eta hesia da batez be harrigarria; beste behin be, elementu kultu bat dogu gainerakoan oso herrikoia dan eraikuntza baten.
Alderdi formaletatik ondorioztatu daikegunaz harago, ezer gitxi esan geinke tenplu honi buruz. Seguru asko Erdi Arokoa da, antzeko egiturak daukiezan inguruko beste batzuk lez, eta idatzizko lehenengo erreferentzia 1550ekoa da. 1755ean ermitea egoera txarrean egoanez, urte horretan eta hurrengoan hargintzako eta zurgintzako lan handiak egin ziran –ia 6.000 erreal gastau ziran–, eta ordutik dauka gaur egungo itxurea, estalgiari azpil formea emon jakon eta hesia egin zan. Lanak amaitzeko, kanpai barria ipini eben 1757an1AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00. PÉREZ URRAZA, 2009, 52. or..
Deigarria da proponidutako urtenbideak ze zaharkituak diran: hesia eredu klasikoaren araberakoa da –esferaerdi kateatuak, torneauak–, XVII. mende hasierakoak, eta astazaldi eta zubizko estalgia be garai haretan erabilten zan Bizkaian –1600 aldera Artean eta 1619an Garain–2SANTANA EZKERRA eta BARRIO LOZA, 1996, pp. 136-137, 162-163, 223, 231-232.. Baina agiriak, zehatzak dira eta ez dago zalantzarik: 1775tik aurrera ermita goitik behera berregin egin eben3AHEB-BEHA, Parroquia de Santo Tomás de Olabarrieta - Zeberio, Cuentas y visitas de 1751-1802. Signatura: 1795/003-00. PÉREZ URRAZA, 2009, p. 52.. Benetan, arotzerian dirutza gastatu eben, askotxo bakarrik habe eta gapirioen birjartzea izateko: 445,5 erreal “oficiales que se ocuparon en cortar maderamen y labrar para la obra de San Bartholome” dalakoen 81 jornalengaitik, eta beste 2.851 erreal arotzeria-lanengaitik (hargintzan gastatutako 2.651 errealen aurrean). Beharbada, lehengo urbedeinkatu-ontziak aprobetxatu ebezan, gitxienez XVI. gizaldikoa emoten dauan soka-formako apainketa dauana (iraupen luzea azalduko baleu be). Baina osagai egurtsuak, lan barri dira, gizaldi eta erdi aurreko eredu eta konponbideak ezarri badira be. Beharbada, tenplu jakin bat imitatzea -edo aurretik egoana errrepikatzea- zan helburua edo, beste barik, egileak oso gustuko ebazan antxinako moldeak. Dana dala, emaitza nabarmena da, batez be burdin langari dagokionez.
1. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.
PÉREZ URRAZA, 2009, p. 52.
PÉREZ URRAZA, Kepa. “Zeberio haraneko ermiten zehar ibilaldi historiko-didaktikoa”. In Euskalingua. Bilbo: Mendebalde Kultura Alkartea, 2009, 14. zk., 43-62. or.
2. SANTANA EZKERRA eta BARRIO LOZA, 1996, pp. 136-137, 162-163, 223, 231-232.
SANTANA EZKERRA, Alberto, eta BARRIO LOZA, José Ángel. “Deskribapenen Katalogoa / Catálogo descriptivo”. In SANTANA, Alberto (koord.). Ars lignea. Zurezko elizak Euskal Herrian / Las iglesias de madera en el País Vasco. Madrid: Electa / Arabako Foru Aldundia – Bizkaiko Foru Aldundia – Gipuzkoako Foru Aldundia / Diputación Foral de Álava – Diputación Foral de Bizkaia – Diputación Foral de Gipuzkoa, 1996, 217-249. or.
3. AHEB-BEHA, Parroquia de Santo Tomás de Olabarrieta – Zeberio, Cuentas y visitas de 1751-1802. Signatura: 1795/003-00.
PÉREZ URRAZA, 2009, p. 52.
PÉREZ URRAZA, Kepa. “Zeberio haraneko ermiten zehar ibilaldi historiko-didaktikoa”. In Euskalingua. Bilbo: Mendebalde Kultura Alkartea, 2009, 14. zk., 43-62. or.
ALTZARIAK
Erretaula
Ermiteak ez dauka erretaularik, baina burualdeko harrizko hiru altareen gainean egurrezko horma-hobiak dagoz zokalo mailakatuen gainean.
Erdikoa [15] puntu erdikoa da, sakonera gitxikoa, kanpoaldean tailatutako eta alkarri kateatutako orlak ditu, ese eta ze formakoak eta erroleoak. Erroleoen mobimentua eta trinkotasuna kontuan eukita, XVIII. mendeko pieza barrokoa dala dirudi. Horma-hobi hori hutsik egon ohi da, eta San Bartolome egunean baino ez dabe ipinten ermitako titularraren irudia, Olabarrietako Santo Tomas parrokian egoten da-ta urte osoan.
Alboetan etxe neogotiko batzuk ditu, 1900 ingurukoak. Eskumakoa [16] oso soila da, hirusta batzuk baino ez ditu inguruan; ezkerrekoa [17],, ordea, hobi bikoa da eta konopioak eta lora-xehetasunak ditu.
Metalezko gauzak
Kanpaia [18]. Brontzea. Ezkiladuna. Kalbarioko Kurutzeaz apainduta dago eta erdizka irakurri daiteken idazkuna dauka: *De*SAN*BARTOLOME*… *ANNO*DE*MDCC… 1757an 496 erreal eta 17 marabediren truke erositakoa dala emoten dau4AHEB-BEHA, Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas parrokia - Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00..
Atearen burdineria [19] [20]. Landutako burdina. Lantza-formako zumitzak eta ertzetan X itxurako kurutzeak eta kiribildutako apaingarriak dituan kisketa. Hedatutako barrokoa, 1755-1756koa.
Beste elementu batzuk
Pulpitua [21]. Egurra. Epistolearen aldeko horman dago, karela taula lisoakaz itxita dago, interesik bakoa da, baina eskilarako balaustradak hesien moduko hagak daukaz. Halanda ze, 1755-1756koa izango da.
Albo-mahaitxua [22]. Gune batzuetan urre-kolorea emondako egurra. Berez etxeko mahaia da, Luis XV.a eredukoa. Isurkian hostoak daukaz tailauta, eta muinaren atzealdean erronbo-sare bat grabauta; cabriolé erako hankak taula bihurgunetsu baten gainean. Mahai gaineko ohola be uhinduna da, eta ertz molduraua dauka. XIX. mendekoa.
Olabarrietako Santo Tomas parrokian dagozan elementuak
San Sebastianen irudia [23] (125 x 26 x 34). Egur polikromaua. Ohikoa dan lez, zugatx bati lotuta eta geziz josita dago. Jarrera dinamikoa dauka, besoetako bat altzau dau eta bestea atzeratu eta biratuta dauka. Adierazo gura dan tensino hori areagotu egiten da zapiagaz, ertzetako bat airean dauka-ta, eta tolestura apur bat gogorrak. Oinak estatikoagoak ditu, flexino apur bat baino ez daukie. Arpegian ez da emozio handirik igarten, nasai dago eta adats trinko ondulatua dauka inguruan. Gotiko berantiarra, 1510-15205MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 96., 97., 204-205., 302. or..
San Bartolomeren irudia [24] (111 x 53 x 33). Egur polikromaua. Santua ageri da, oinetan demonioa kateauta, liburu bategaz eta labana bategaz. Tunika zurruna daroa, eta gainetik kapa zeharretara; azken horrek tolestura zurrunak ditu, baina zelanbaiteko mobikortasuna emoten deutso. Arpegia kalidade handiagokoa da, ulea egiteko kontu handiagoa euki ebela dirudi. Barrokoa, XVII. mendearen azken herenekoa.
AAS – MRV – JMGC – RCL
4. AHEB-BEHA, Zeberioko Olabarrietako Santo Tomas parrokia – Zeberio, Kontuak eta bisitak 1751-1802, sign. 1795/003-00.
5. MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 96., 97., 204-205., 302. or.
MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Flandesko isladak. Gotiko berantiarreko eskultura higigarria Bizkaian. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia, 2011.