SAN BIZENTE ERMITA
Arratia
Dima | Artaun auzoa
Folletoa
Artaun auzoa z/g, 48141
p.kepadeuna.dima@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
San Bizente ermita oinplano [2] errektangularreko eraikina da, nabe bakarra dauka beste hiru atal eta burualde zuzenagaz [3], eta isurialde bitara estalita dago. Ebanjelioaren aldetik, sakristia dauka atxikita [4], epistolaren aldetik, bolatokia [5] eta oinaldean eleizpea dauka.
Horma-harrizko egitura dauka bistan, barrualdean bakarrik erdiraino, handik gora hormak luzituta dagoz-eta [6]. Egurrezko plaka leunak dagoz maila biak eta atalak bereizteko. [7]. Kanpoaldera, hormaren egitura bistan dago [8], harlandua daben izkinetan eta sarbidean izan ezik.
Zoladura, oholtza da [9] eta altxatuta dago altara-aldean [10].
Estalkia isurialde bikoa da [11], egurrezko egituraren gainean, eta oraingoa da.
Sarbidea [12], fatxada nagusian dago, ermitaren oinaldean [13]. Dobeladun arku okertua da, eta alboetan esferaerdiko urbedeinkatu-ontziak ditu, gailoidun [14] [15], grabatutako kurutzea daukan plakaz errematatuta.
Argia, lau hutsartetatik sartzen da; horreetako bi hegoaldeko horman urratuta dagoz [16] eta beste bi iparraldekoan, aurrez aurre jarrita burualdearen parean eta tarteko atalean. Burudun hutsarteak dira, barrualdera okertu bihurtu eta laprandura dabenak [17].
Oinaldean dago korua [18], goian, horman sartutako habe horizontalaren gainean eta barrote biribildun balaustreaz babestuta [19]. Egurrean landutako atal biko klaustro-eskaileratik igotzen da bertara [20].
Altara-aldean, iparraldera, sakristiarako sarbidea dago, ateburu zuzenekoa [21]. Lau angeluko eremua da, hormak luzituta ditu eta baldosazko zolua [22], sabai aizuna eta iparraldeko horman urratutako hiru hutsarte okertutatik sartzen dan argia [23]. Komun txikia dauka [24].
Fatxada nagusia eleizpean garatzen da [25]; berau tenpluaren bera baino baxuagoa da eta hiru isurialdeko estalkia dauka egurrezko oinarri zuzenetan bermatzen dan egurrezko egituragaz, eta ertzetan besoakaz [26]. Sei zutoinak, erdian eta alboetan sarbiderako zabalik dagoan harrizko hormatxoan zurkaizten dira [27]. Aurrekoaren gainean, isurialde biko teilatutxoa jarri da kanpaia babesteko [28]. Eleizpeko zolua zementuzkoa da.
Eleizpeko hegoaldeko albotik heltzen da [29] fatxada osoa hartzen dauan bolatokira [30], gorago dagoana. Isurialde bakarreko estalkia dauka, horma-harrizko horma altuan pausatzen diran egurrezko zutoin motzen gainean dagoan teilapea [31].
Gaur egungo San Bizente ermita aurrekoa egoan lekutik metro gitxitara dago. Ezer gitxi dakigu bere bilakaera historikoaz, XX. gizaldian teilatuan eta barrualdeko hormen luzituan egindako barritzeez aparte 1AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Ordainagiria San Bizente ermitako maiordomoaren aldetik, lan eta konponketengaitik, 1929, 1886/128-00 sign. 1929. urtea // AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Arteuneko San Bizente ermitako kontuak. 1941-1957, 1895/007-00 sign. 1953. urtea..
1980ko hamarkadan, eleizpean zementuzko kanpai-horma eraiki zan, herri bereko San Inazio ermitan egoanaren antzekoa. Hain zakarra zan eta testuingurutik kanpo egoan osagai hau oraintsu kendu dabe.
ALTZARIAK
Eskultura
San Bizente [32] (66 x 19 x 15,5). Egur polikromatua. Aurrez aurreko jarreran dagoan eskultura, zurrun eta soila, gorputzaren mobimentu bakoa. Santua zutik dago, buruaren eta gorputzaren artean aldea dago, arina bada be, adierazkortasuna areagotuz. Keinua, zuzena da, margotutako begiak zabal-zabalik ditu eta begirada finkoa, galdua. Tunika gorriaz jantzita dago eta hau urre-koloreko motibo soilez apainduta dago ertzetan, eta izarrez behean, polikromia laua dalarik. Tolestura oso eskematiko, bertikal eta errepikakorrak dira, naturalismo bakoak. Diakono eta predikariari dagokion liburuari heltzen deutso eta eskua altxatuta dauka bedeinkapen-jarreran. Halanda be, ez da santuaren berariazko beste ezaugarririk agertzen, esate baterako parrilla.
Kristo kurutziltzatua [33]. Egur polikromatua. Kurutze modernoaren gainean josita dagoan Kristoren eskultura. Gorputz neurritsua dauka, anatomia zehatza, baina ez neurriz kanpokoa. Modelaketa leuna atzematen da gorputz-enborrean, saihetsak eta muskulatura zehaztuta. Gorputzak okerdura nabarmena dauka, mokorra apur bat mobiduta eta behean kurutzatu egiten diran hankak tolestuta, oraindik neurritsua dan “S” erako mobimentu arina sortuz. Besoak horizontalean dagoz, jauskera barik, zabaltze-sentsazinoa emonez eta ez erortze-sentsazinoa. Burua alde batera makurtuta dago, oinazea agertuz, baina nasaitasunez, patetismo barik. Aurpegia ondo landuta dago: bizer eta ulajea ule-sorta lodituez eta kutsu naturalistaz eratuta. Tolestura bigun eta ehundura uletsu irregularreko gerripeko motzaz estalita dago. Tradizino manieristako Kristoa da jarreran, baina erromanismoko kanon estetiko batzuk be baditu eta XVI. gizaldiaren hirugarren laurdenekoa da.
Metalak
Prozesinoetarako kurutzea [34] (77 x 36). Brontzea. Kainoi leunetik ataratzen dan pieza; osagai honen ostean, korapilo alderantzikatua dago, planta oboideko txarro-formakoa, zabalunea ereinotzezko girlandaz apainduta, eta gailoidun lepoa, ereinotz-koroaz eta xingolez mugatuta. Kurutzea, latindarra da, beso zuzenekoa, moldura leunaz inguratuta, lira-profileko landare-motibotik sortutakoa. Besoak kanpoaldera hostoak dabezan lau gingildun ezarkin hutsetan amaitzen dira. Kurutzearen erdialdean, izpi zuzenen potentziak ditu, eta gainean aingerua dago INRI orlagaz. Kristo hiru untzez josita dago, burua gorantz dauka, eta gerripekoa motza da eta erdian korapilatuta dago. Seriean egindako lana da, isabeldar estilokoa, XIX. gizaldi aurreratukoa.
San Bizente Martiaren erlikia-ontzia [35] (20 x 9,7 x 7,2). Metal zuria. Oinarri obal mailakatu eta silueta molduratuko erakustokia, bertatik sortzen dalarik silueta koskatua, harrotua eta profil uhindua dauan plataforma apaingarria, arrokaia erako landare-apainketagaz, erliebean. Heldulekuak be konplexua da, korapilo erraboiltsuagaz, zirkulu-, kurba- eta kontrakurba-formako zulaketakaz. Erlikia ikusgai jartzeko pieza apainketa-egitarau beraren barruan dago, egituratik ataratzen dirala emoten dauan landare-osagaiakaz, multzoan jarraitutasuna dagoala agertuz. Erakustoki honek forma konplexua dauka, estilo barrokoari dagokiozan kiribil, kiribildutako apaingarri, hosto, arrosa, hegodun aingerutxoa… eta antzeko osagaiak ditu-eta. Eta erdian beiraz hornitutako medailoi obalatua dauka, erlikia hartzeko, eta eskuz idatzitako orla, santua identifikatzeko. Goian, maskor antzeko batez eta kurutze latindarraz amaitzen da. Madrilen seriean egindako pieza da eta markak ditu oinarriaren urtengunean: M argi-pirrinten artean eta Meneses. 1900 ingurukoa.
Ostia-ontzia [36] (2,2 x 7). Metala. Zirkulu-formako ontzia, profil lauko kutxa metaliko txiki lez sortutakoa; neurriko estalkia dauka eta beranez grabatutako apainketa alde bietan. Formari dagokionez, eredu oso funtzionala da, kontsakratutako formak eroateko pentsatutakoa. Alde batetik, beranez landutako latindar kurutzea dago mailakatutako idulkiaren gainean, zibetan amaituta, eta era eskematikoan landutako barruko argi-pirrinta soilaz. Kurutze honen oinarria lurrazal efektua sortzen daben lerro horizontal paraleloen bidez zehazten da. Beste aldean, apainketa erdiratuta dago, zirkuluan sartutako zortzi lore-hostodun lore-motiboa beranez landuta, era geometrikoan. Motibo hau inguratuz, idazkuna dago, letra etzan dotoreaz: Parroquia / de San Juan. Grafiak hemeretzigarren mendera garoaz, aldi akademikora. Pieza soil eta funtzionala da, XIX. gizaldiaren amaierakoa.
MRV - RCL
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López