SAN BLAS ERMITA

(Jasokundeko San Pedro Apostuluaren parrokiako jurisdikzinoa)

Arratia

\

Dima | Urregi auzoa

i

Folletoa

Urregi z.b., 48141

p.kepadeuna.dima@bizkeliza.org

ERAIKINA [1] [2]

Urregiko San Blas ermitea basoaren soilune baten erdian dago. Bere profil biribilduagaitik, beharbada, sarobe bat –larre zirkularreko lur-eremu bat– izan zan behinola. Zeanuri eta Dimaren arteko mugan dago, baina Zeanuriko udal-mugartean. Horregaitik esaten da “San Blas gurea, oin bat Zeanin eta Diman bestea”.

Oinplano angeluzuzenekoa da [3], oso sakona, lau ataleko habearte bakarrean eta burualde zuzenean egina [4]. Arkupe itxia dauka oinaldean.

Atondurea ageriko harlangatxezko hormakaz eginda dago, baina barrualdean, goialdea luzitzen dan lekuan [5]. Kanpoaldean harlanduak –batzuk oso modu irregularrean landuak– ikusi leitekez izkinen eta kontrahormen errefortzuan eta baoen eta sarbidearen inguruan [6]. Begien bistakoa da nabearen eta eleizpearen arteko eraikuntza-materialen desbardintasuna; nabaria da kanpoan, espazio biak alkartzen diran puntuan, eta ondoren ataria oinetan egitearen emoitzea. Oinaldeko hormapikoan, arkupearen azpian, aldatu egiten da fabrikazino hori: han, harlandu oneko zokalo bat dago, egurrezko eta adreilu trinkozko bilbadureagaz osotuta [7].

Zorua zementuzko emulsino bat da [8]. Presbiterioa baldosatuta dago, eta solairuaren beste zatien gainetik dago. Altueren arteko alde hori gainditzeko, eskilara-maila bi dagoz erdian.

Estalgia egurrezko lau zertxagaz osotutako goihabe-egitura bat da [9]. Bat egiten dabe, kanpoaldean, alde bakotxetik iparraldeko [10] eta hegoaldeko [11] hormak indartzen dabezan lau kontrahormakaz. Tenpluaren erlatxeraino ailegetan dira, eta, han, ezpondatuta dagoz, eta teilatuaren luzapenakaz estalduta. Teilatua isurialde bikoa da.

Egitura horrek, kanpotik, isurki biko teilatuari eusten deutso, zeina, esan dogun lez, ostikoen gainean zabaltzen dan [12].

Sarrerea, santutxuen ereduaren arabera egindakoa, tenpluaren oinaldean dago, fatxada nagusian [7]. Fatxadeak ate bat dauka erdian, egurrezko ateburuagaz eta janbakaz. Alboetan bao etxun bana dauka ate horrek, pitxer eta eraztun formako egurrezko hagaxka torneauakaz itxita [13]. Hareharrizko harlanduzko hormatxu baju baten dagoz bermatuta. Sarrerearen gainean, adreiluz betetako egurrezko bilbadureagaz itxita dago hormea, eta, goiko mailan, bilbadura hori bao dinteldu bigaz urratuta dago. Atearen eskuman ur bedeinkaturako ontzi bat dago, hareharrizkoa eta esferaerdikoa [14].

Argi naturala hegoaldeko horman dagozan bao dinteldu bietatik sartzen da [15], bata aurrealdearen parean, eta bestea bigarren atalean. Era berean, aldare-atzean gezi-leiho bat dago [16], txaranbeldua eta barruranzko isuri handikoa [17]. Fatxada nagusiko edegiguneek be, bai egurrezko hesiz itxitakoek, bai goiko erregistrokoek, argia emoten deutsie tenpluaren barrualdeari [7].

Arkupea dauka oinaldean, sarrerea babesten [18]. Harlangatx irregularrez eregitako gunea da. Iparraldeko aldea guztiz itxita dago, eta hegoaldeko hormeak, ostera, metro bateko altuerako hormatxu bat dauka. Gainerakoa edegita dago. Eleizaurre horretara sartaldeko aldetik sartzen da, giltzarria nabarmenduta daukan dobelautako erdi-puntuko arku batetik [19]. Arku horretara hiru mailako eskalinata batetik heltzen da. Barrualdean, zorua zementuzkoa da, eta teilatua isurialde bikoa, egurrezko egitura baten gainean, nabearen teilatuaren jarraipen modura. Sarrerearen gainean, kanpairako erdi-puntuko beste arku bat dago. Teilatua kurutze metaliko bategaz burututa dago.

San Blas ermitearen jatorria eta bilakaera arkitektonikoa ezezagunak dira. Hari buruzko lehenengo barria 1796koa da, Dimako su-erroldan aitatu zanekoa 1KEREXETA, 1992a, 576. or.. Halanda be, ez dogu zalantzarik antxinakoagoa dala.

1832an tenplua egoera txarrean egoan, eta Dima eta Zeanuriko udalek egin beharreko obrak banatu ebezan. Asmo handiko lanak aurreikusi ziran:

“Ostikoak erabarritzea, kare-nahasketa onagaz; burdinazko, kristalezko eta alanbrezko hesiakaz landutako harrizko leiho bat hegoaldeko partean; gaztainondo-oholezko sarraila bat aldarearen gainean, juntura-erdian, horma nagusitik lehen artaziraino (= zeru edo ganga bat presbiterioaren gainean); barrualdeko hormak gainezkatzea eta zuritzea, zerrenda beilegiagaz eta listoi baltzagaz; teilabarritze orokorra eta zenbait gapirio eta arlata edo landatu barritzea; zoladurea baldosazko harmailatik hasita, erdiko pasabidea izan ezik, horrek kana bateko zabalerea daukan landutako harrizkoa izan beharko dau-eta; San Blas erretaula eta bulto barriak eta mahai bat, tiranteagaz, apaingarriak gordeteko”.

Halanda be, atzenean, Dimako Udalak erabagi eban teilabarritzea eta ostikoak zaharbarritzea beste beharrik ez egitea, eta aurrekontuan adierazotako gainerako obrak egin barik ixtea, “Udal honek ez dauka-ta horretarako baliabiderik eta funtsik” 2BFHA-AHFB, Zeanuriko Udal Artxiboa, sign. Zeanuri 0163/025..

Mende erdi geroago, 1885ean, Bizkaiko gobernadore zibilak Juan Luis de Luzárraga probintzia-arkitektoari agindu eutsan “Dimako Urregiko San Blas ermitea, eleizate honen eta Zeanurikoaren arteko muga-lerroan dagoana, aztertzeko, hondatzeko zorian dago-ta”. Eta halan izan zan: bisitearen ondoren, eraikina hondamen-egoeran egoala deklarau zan.

Berreregite-proiektua Pedro Luis de Bengoecheak egin eban, “San Fernandoko Arte Nobleen Errege Akademian ikasitako arkitektoak” [20]. Estalgia kentzea proponidu eban, “mobiduta egoan ha be”, eta kaltetutako hormak barriro altzatea, galdutako kontrahormak berreginez, eta, ondoren, “artaziak” (zertxak) ostera be ipintea, burdinazko hagunez finkatuko zan zubi baten bidez sendotuta, gaur egun ikusten doguzan moduan.

Oinaldeko hormea be barritu zan, “hori be mobiduta dago”, baita arkupea be, eta puntu erdiko bao biak, sarbidea eta kanpairako zuloa daukazan itxiera-hormea altzau zan. Beraz, ermiteak gaur egungo itxurea hartu eban. Obren kontratistea Julián de Ocerin izan zan, eta haren lana 1888an onartu eban arkitektoak 3BFAH-AHFB, Dimako Udal Artxiboa, sign. Dima 0001/004; Bizkaiko Administrazioa, Gobernua eta Eleiza-kontuak, sign. AJ01405/021..

Horren ostean, Gerra Zibilaren ondoren egindako konponketak dira aitagarrienak. Eta oraintsuago, 1996an, tenpluaren berregokitze orokorra egin zan, eta gaur egun ikusten dogun moduan geratu zan 4ACOB-KBGA, Zeanuriko Andra Mariaren Jasokundearen parrokiako San Blas ermitea konpontzeko obren espedientea, 1996, sign. D2-0143/016.. Ondo konserbauta dago, eta orain dala gitxi zaharbarritu dala esan gura dau horrek.

Ermita apala da, baina ohiko ereduen apurtxu bat desbardina, bai luzetarako ezohiko tentsinoagaitik, bai arkupe bereziagaitik.

ALTZARIAK

Ia ez daukagu daturik ermitako altzariei buruz. Dagozanak beranduko obrei buruzkoak dira –XIX. mendearen amaierakoak eta hortik aurrerakoak–, eta, batez be, eraikinean egindako esku-hartzeakaz daukie zerikusia.

Tenpluan egongo zanari jagokonez, Gerra Zibilak eragindako triskantzei eta lapurretei buruz egin zan txostena ikusita, badakigu “kasulla zuri bat, gorri bi, altara-taulen txorta bat, misala, mahai-zapiak, argimutilak eta ur-ardo ontziak, erretaula eta irudia” eukiezala. Horrek guztiak 5.000 pezeta inguruko balioa eukan 5AHEB/BEHA, Andra Mariaren Jasokundearen parrokia – Zeanuri, Zenbait Paper, sign. 1774/007-05.. Gaur egun, pieza solte batzuk baino ez dira geratzen.

Eskulturea

 

San Blas [21] (132 x 48 x 39). Egur polikromaua. Ermitearen titularraren tailua, zutunik, jarrera otzanekoa eta naturalismo moderaukoa. Liburu bat eta makulu bat daukaz eskuetan, eta mitrea daroa buru gainean. Oihal zabal eta ordenauakaz jantzita dago, tolestura bigunagaz eta zelanbaiteko mobimentu oso neurtuagaz. Haren arpegian ez da ez dramatismorik ez tentsinorik agertzen, keinu lasaia eta aurpegiera leuna daukaz, eta gozo begiratzen deutso ikusleari. Polikromiak tindagai apalak daukaz, mantuan eta estolaren ertzetan izan ezik. Horretan, kiribilezko estofauak, zeak eta urre-koloreko hostoak dagoz. Bere ezaugarrien arabera, obrea neoklasizismoaren hasierakoa dala esan leiteke.

Irudi horrek debozino handia eragiten eban. Haren jaiaren egunean (zezeilaren 3an), eleiztarrek arto- eta indaba-haziak eroaten ebezan, mezan bedeinkatzeko, eta ostean gainerako haziakaz nahasten ebezan, uztea ona izan eiten. Sokak be (“San Blaseko kordoiak”) bedeinkatzen ziran orduan, eta bederatzi egunez lepoan eroan ondoren erre egiten ebezan. Erritu harek samako minen aurkako babesa emoten eban, urte osorako. Gerra Zibilaren ondoren, ospakizuna bagileko lehenengo domekara aldatu zanean, ohitura horreek desagertu egin ziran 6GOROSTIAGA, 1924a, p. 125. ARREGI AZPEITIA, 1987a, vol. 2, p.4321-432..

Kristo kurutziltzatua [22]. Egur polikromaua. Kristoren tailua, kurutzean, azken hori herri-tradizinoko elementu barria. Neurrizko naturalismoa dauka, eta anatomia proportzioduna, saihets-hazurrak markauta eta zelanbaiteko muskulu-tentsinoagaz. Arpegia lasaiagoa da, adierazkortasun soilekoa, burua apalduta eta begiak itxita. Garbitasun-oihal oparoz estalduta dago, oihala mobidu samar eta tolesdura ondo pentsaua. Barroko aurreratu baten lana izango da, barroko betearen pathosik bakoa, eta, bere formakaitik, formula akademikoagoetatik hurbilago. XVIII. mendearen azken laurdenekoa.

Karmengo Ama Birjina [23] (39 x 20,5 x 112). Egur polikromaua. Zutik dagoan Birjinaren tailu txikia, Umea beso baten gainean daukala. Abitu karmeldarra dauka jantzita, eta Ordenaren armarria bularraren parean. Irudi trinkoa da, konposizino egonkor eta buruz burukokoa, eta badauka mobimentu-kutsurik, hanketako bat aurreratuta dago-eta. Arpegiak hazpegi delikauak ditu, keinuaren gozotasuna areagotzen dabenak. Umeak, barriz, ez dauka hain ederra arpegia, masail handiagokoa da, eta jarrera sutsuagoa eta urduriagoa dauka, gorputza bilozik. Hurbil egon arren, Amaren eta Semearen arteko hartu-emona urruna da, ez dago alkarren arteko konplizidaderik. Birjina oihal zabal, astun, tolestura eskasekoak eta dinamismo gitxikoak daukaz jantzita. Polikromia laua da, berde-zuria, eta xehetasun batzuk urre-kolorekoak. XVII. mendearen amaierakoa.

Metalak

 

Kanpaia [24]. Brontze eskilonaua. Leitekena da 1869an Esteban de Echebaster kanpai-egileari enkargau jakon ale barria izatea. 1.182 errealeko prezioa euki eban harek, lehengo kanpai hautsiaren materialarena kenduta 7BFAH-AHFB, Archivo Municipal de Dima, sign. DIMA 0001/004..

Erretilua [25] (47,8 x 53,8). Kobrea. Plater oktogonal bozeldua, hiru mailatan antolatua. Erdialdea sabeldua da, eta gainerakoa landare-dekorazinoz apaindua, forma biribilduakaz, mahats-mordoek, fruituek eta forma erradialean antolatutako hostoek osotuta. Ertzean, soka-erako perimetroa. Ez zan pieza erlijioso hutsa. Izan be, mueta honetako erretiluak plater modura erabilten ziran, baita sakramenturen bat emoteko edo ospakizun seinalaturen baten. Seriean fabrikautako obra bat da, hasieran apaingarri lez erabilten zana. Bere apaindureagaitik, barroko klasizistearen errepertorioa gogorarazoten dau, baina poligonoaren formatuak berak, lore-ereduen erregulartasunak eta ordenak dinoskue hurbilago dagoala antxinako estiloetako elementuak berreskuratzen dabezan hemeretzigarren mendeko produkzinoetatik. XIX. mendea.

Apaingarriak

 

Kasullea [26] (47,8 x 53,8). Ehun-zati desbardinakaz egindako apaingarria. Alde batetik, damasko gorriz egindako sedazko bat da nagusi, formatu handiko hosto eta loreen motiboakaz, eta, horregaz batera, diseinu dentikulauko zintak, barroko bete-betean egiten hasi ziran ereduei jagokezanak. Bestetik, erdian, kolore berdeko orfres damaskinau bat doa zuzen, hostoz eta zintaz zipriztindua, aplikazino bigaz apaindua: bata, aurrealdean (kurutze soila, oihal okrean), eta, bestea, atzealdean (bordaua: azuzenakaz galloitutako pitxerra). XVIII. mendearen azken herena.

Kasullea [27] (47,8 x 53,8) eta korporalen estalgia. Marfil-koloreko sedaz egindako moltsoa, Gros de Toursen landutako eta espolinautako ehun bategaz, lore-txortakaz eta larrosakaz apaindua. 1800 ingurukoa.

Beste elementu batzuk

 

Hesia [28]. Egurra bere kolorean. Oinaldean edegitako bao horizontalen tarte biak tapizetan dauz, barrote molduratu eta eraztundunez. Seguruenik XVIII. mendekoa da.

MRV - RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. KEREXETA, 1992a, 576. or.
KEREXETA, Jaime de. Fogueraciones de Bizkaia del siglo XVIII. Bilbo: Labayru Ikastegia eta Bilbao Bizkaia Kutxa, 1992a.
2. BFHA-AHFB, Zeanuriko Udal Artxiboa, sign. Zeanuri 0163/025.
3. BFAH-AHFB, Dimako Udal Artxiboa, sign. Dima 0001/004; Bizkaiko Administrazioa, Gobernua eta Eleiza-kontuak, sign. AJ01405/021.
4. ACOB-KBGA, Zeanuriko Andra Mariaren Jasokundearen parrokiako San Blas ermitea konpontzeko obren espedientea, 1996, sign. D2-0143/016.
5. AHEB/BEHA, Andra Mariaren Jasokundearen parrokia – Zeanuri, Zenbait Paper, sign. 1774/007- 05.
6. GOROSTIAGA, 1924a, 125. or.

GOROSTIAGA, Eulogio de. “La religiosidad del pueblo. Zeanuri”. In Anuario de la Sociedad de Eusko-Folklore, 4. zk., 1924, 118-133. or. Eskuragarri hemen: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/PDFAnlt/folkl/004118133.pdf

RREGI AZPEITIA, 1987a, 2. liburukia, 431-432. or.

ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia / Labayru Ikastegia, 1987, 3 liburuki.

7. BFAH/AHFB, Dimako Udal Artxiboa, sign. DIMA 0001/004.