SAN INAZIO ERMITA
(Kepa Deuna parrokiaren jurisdikzinoa)
Arratia
Dima | Arostegieta auzoa
Folletoa
Arostegieta auzoa, z/g 48141
p.kepadeuna.dima@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
San Inazio ermita dagoan lursaila oker dago eta bertara egokituta dauka bere oinplanoa. Oinplano errektangularra [2] da; nabe bakarra dauka, atal bitan eta burualde zuzenean banatuta, eta azken honi sakristia lez erabiltzen dan gela atxikitzen jako. Oinaldean, eleizpea dago eta, iparraldeko alboan, teilapea bola-jokorako [3].
Bistan dagoan horma-harrizko egitura dauka [4] eta kareharrizko harlanduak daukaz izkinak eta aurrealde nagusia sendotzeko [5]. Horma-aldeak handitu egin dira apur bat teilatua berregitean, barrualdetik atzematen danez, airean geratzen dira-eta mentsulak eta izkinetako tiranteak, non jatorrian estalkia zurkaizten zan [6].
Zoladura, oraintsuko lauzadura da [7]. Altara-aldea maila bidez altxatuta dago, liturgiarako eremua bereizteko.
Estalkia, lau isurialdekoa da [8], tirante biko goihabe-egituragaz [9]. Burualdean, izkinetako zutabeek iraun egin dabe [10], kiribildutako formakaz, hain zuzen be jatorrizko estalkiari eusten eutsenak [11]. Era berean, aitatu barri danez, jatorrizko teilatuaren bermerako harrizko mentsulaz atzeman daitekez, bi alboetako horma bakotxean [12] eta beste bi buru-horman [13].
Mendebaldera zabaldutako igarobideak garoaz barrura [14]. Ia horma osoa hartzen dauan ate-burudun hutsune handia da, erregistro biko egurrezko sareaz itxita dago; goikoa, txarro txikiak dabezan haga biribilduakaz itxitakoa, eta behekoa erronboide ebakidurako barrote leunakaz [15], kareharrizko harlanduzko hormatxoaren gainean bermatuta. Erdian, egurrezko arku zuzeneko igarobidean zabaltzen da. Albo banatan, esferaerdiko urbedeinkatu-ontziak [16] [17], forma okertuakaz goian, eta kopatutako ahoagaz. Janban grabatutako Golgota gaineko kurutzearen erliebeagaz errematatzen dira.
Argiztapen naturala, hegoaldeko horman, altara-aldearen parean, hontatik dator [18]. Buruduna da, apur bat etzana, eta barrualdean laprandura dauka. Oinaldeko horman zabaldutako hutsartetik be sartzen da argia [19].
Sakristia dauka, burualdeari atxikita [20], eta hemendik barrura sartu daiteke [21]. Igarobidea, buruduna da, adreiluzko tunela dauka [22], eta eskailera bi kokatua dagoan altuera nabarmena gainditzeko. Horma-harria bistan dauka [23], zolua oholtza da, teilatua isurialde bakarrekoa [24], egitura airean, eta leiho etzana gelan argi naturala sartu daiten [25].
Oinaldean, eleizpea dago [26]. Lau isurialdetara estalitako eremua da [27], harrizko hormatxoan zurkaizten diran oinarri zuzenen gaineko egurrezko egituragaz [28]. Estalkiaren egituran, egurra oso ondo landuta dagoala ikusi daiteke. Izkinetako zutoinetan kiribil-motiboak zizelkatuta dagoz [29], barrualdean dagozanen antzekoak. Bere aldetik, aurrealdeko oinarri zuzen biak diamante-puntez apainduta dagoz behe eta erdialdean, eta kurutzea be agertzen da aldetako baten [30]. Izkinak oso higatuta daukiez eta kapitelek forma okerrak dabez abiagunean, eta honakoak harroinetan be errepikatzen dira [31]. Azkenik, estalkiaren giltzarria, non teilatuaren astazaldi guztiak alkartzen diran, eguzki-disko erara zizelkatuta dago [32].
Eleizperako sarbidea zementuzko egitura da [33], arku okertuaz, eta honen azpian lursailaren eta ermitaren arteko tartea gainditzeko balio daben eskailerak dagoz. Pieza honen erremate lez, arku goratua, material berekoa, kanpai-hormarena egin eta gainean kurutzea dauana.
Gaur egun San Inaziori eskeinita dagoan ermita hau, Santa Katalinari eskeinita egoan jatorrian, baina 1770an aldaketa erabaki zan. Ez dakigu gauza handirik ermita honen bilakaera historikoaz. Baina jakin badakigu Santa Katalinaren kapera Dimako San Pedro eleizan sortu ebana Hernando Ibañez de Olazabal Ocerin eleiza horretako abade onuradunak, XVII. gizaldiko agiri baten jasota dagoanez 1AHFB-BFAH, FAMILIAK/GORTAZAR 2479/001/025..
Holan, agiri historikoetan jasotzen danez, 1748an, Juan Echabarria Arosteguieta eta Juan Soloeta Baltzola Indusiko San Francisco eta Arosteguietako Santa Katalina bat egindako kofradietako kide eta maiordomo ziran 2AHFB-BFAH, EPAILETZAKO/KORREJIDORE, JCR3190/001.. Hortik aurrera, ezer gitxi dakigu. XX. gizaldian, 1932an egindako hainbat barritzeren ostean, zementuzko kanpantorrea eraki zan. “Por construir la torre” kontzeptuagaitik 645 pezeta kobratu eban Miguel Petralandak egin eban lan hori3AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Kontu-liburua, 1924-1964, 1892/002-00 sign. .
ALTZARIAK
Ermitan erretaula egoan, XX. gizaldiaren hasieran jadetsitakoa 301 pezeta ordainduta 4AHEB/BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Askotariko paperak, 1887/000-00 sign.. Eta gitxienez 1960ra arte iraun eban, urte haretako kontuetan “barnizar, dorado del retablo e imágenes” ekintza idatziz jaso zan-eta 5AHEB/BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Kontu-liburua, 1924-1964, 1892/002-00 sign.. Gaur egun altzari-hornidura txikia da eta aitatutako erretaula ha desagertuta dago.
Eskultura
Loiolako San Inazio [34] (75 x 22 x 21). Ore polikromatua. Ermitako titularraren irudia, aurpegi naturalista eta araupetuaz, debozinozko aurpegieragaz. Itxurazko idazkuna dauan liburuari oratzen deutso esku batez eta besteaz erakutsi egiten dau. Tolestura zabal eta bigunak, ertz bakoak dituan abitu ilunaz jantzita dago. Atzetik, Oloten zigilua dauka, eta hain zuzen be, badakigu 125 pezeta ordainduta eskuratu zala XX. gizaldiaren hasieran 6AHEB/BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Askotariko paperak. 1887/000-00 sign..
Alexandriako Santa Katalina [35] (83 x 34 x 24). Egur polikromatua eta igeltsua. Santa zutik dago, aurrez aurreko jarreran, ezkerreko eskuaz martiritzaren palmondoari eta eskumakoaz, jakintsu zala irudikatuz, liburu txikiari heltzen deutsola. Tunika arrosaz eta piezaren artisau-izaera agertuz, soiltasun handia daben tolestura astun eta artifizialetan jausten dan gainjantzi urdin zabalaz jantzita dago. Tonu bizien polikromiak eta jatorrizko eskultura kamustu baino egiten ez daben pintaketa barriek sinpletasun hori areagotu egiten dabe. Aurpegierak, biribildu eta hieratikoa, ez dau ezer esaten. Ulajea, ule-sorta luze eta eskematiko samarretan jausten da, koroa txikiaz lotuta. Bere oinetan, konposizino guztiz narratiboan, Majencio enperadorearen irudia dago, jarrera bortxatuan eta, ondoan, gurpil horzduna, bere martiritzaren ezaugarria. Beheko multzo honek zelanbaiteko bizitasuna dakar, irudi nagusiaren zurruntasunaz alderatuz, nahiz eta trakets samar irudikatuta egon. Kronologiari dagokionez, lan hau hedatutako estilokoa, seguruenik barrokoa, dala esan daiteke nahiko ziur. Irudia aurrez aurre egotea, konposizinoaren zurruntasuna, eta tolesturen soiltasuna, eredu barrokoen ezaugarri dira eta kasu honetan bertoko tailerren baten garatuko ziran, arte-kalitate handiagoko lekuetatik urrun. Dana dala, gerora egindako pintaketak eta ustezko esku-hartzeak eragozpen dira kronologia zehazteko eta baleiteke pieza hau zaharragoa izatea be, beharbada XVII. gizaldi aurreratukoa, baina beti be irudigintza apalari lotutakoa.
Santua [36] (52 x 18 x 14). Egur polikromatua. Pertsonaia zutik dago, ia erabat aurrez aurre, eskumako eskuaz bedeinkazinoa emonez eta ezkerrekoaz makila luzeari oratuz. Osagai honen arabera, apostolua izan daieteke, baina ez dago osagai ikonografiko nahiko nor dan jakiteko. Eskulturak eskematismo nabarmena dauka. Gorputza, multzo trinkoa da, eta daukan artikulazino apurra egitura-sen handi barik jausten diran tolestura zab, astun eta kartoi antzekoek emoten deutsoe. Aurpegia ez da erakoa, begi handiak ditu, zabal-zabalik, begiak zerbaiti josita eta adierazpen bakunagaz. Sudurra, zuzena da eta bizarra, multzo trinkoa da, zehaztasun bakoa. Guzti horrek zaharkitu itxura emoten deutso. Ulajea, burezurrari itsatsita eta gitxi landuta dago eta txano soila daroa. Eskulturaren egileak anatomia eta modelaketaz ezer gitxi ekiala agertzen deusku baina, eredu jantziagoak jarraitzeko nahia ebala. Irudi zaharkitua da, seguruenik gotikoa (XV. gizaldia?), eta jatorrizko ezaugarriak erabat aldatuta dagoz gerora egin jakozan pintaketa eta handitzeen eraginez. Beraz, gatxa da data zehatza jartzea.
Metalak
Kaliza [37] (26,8 x 13,5 x 8). Metala zidarreztatu eta urreztatua. Moldura ildaskatuz bereizitako maila bozelatu bi dituan oinarri biribila dauka. Kiribil, lore eta aihenez apainduta dago, forma bihurriakaz. Heldulekuak hainbat osagai konkabo konbexu dau eraztunez lotuta, eta erdian korapiloa, esferiko zapala, oinarriaren apainketa bera dauana, baina apalagoa. Kopa leuna da, liraina eta kanpai-forma arina dauka. Kaliza hau frantses etxe handiek (Poussielgue-Rusand edo Biais Aîne) seriean egin eta prezio merkean saltzen ebezanen artean egon eitekean, hau da, eukaristia-apainketa (mahatsondoa eta mahats-mordoak) eben, metal zidarreztatuan egiten ziran eta bitarteko ertain edo apaleko parrokiek eskuratzen ebezan eta “kaliz soil” deitutakoen artean. 1900 ingurukoa.
Kalizagaz batera, patena dago [38], leuna, kanpoaldean dauan inguruko lerroa eta koilaratxoa hartu daitekezalarik berezitasuntzat [39].
Kanpaia [40]. Brontzea. Ezkiladuna. Sorbaldetan eta hegalean, gortina- eta borla-zerrendaz apainduta dago. Idazkuna be badauka, 1932 urtea, eta ‘Viuda de Murua’. 1932an kanposantuko kanpantorrea eraiki zanean eskuratu zan 7AHEB/BEHA, Jeronimo Bernaola abade lagunkidearen gutuna bikario nagusiari, San Apolonio ermitarako kontzesino batzuk eskatuz, 1932-07-13. 1886/047-00 sign..
Interes etnografikoa daben osagaiak
Bola-jokorako piezak [41]. Egurra. Landa-eremuan erabiltzen ziran bola-txirlo multzoa. Bola oso handia da, esferikoa, behin eta barriro lurraren gainean erabilitakoa dala agertzen dauan egitura irregularraz. Txirlo edo makilak, luzexkak dira, biribil edo arbastatu samarrak, eta egonkortasuna lortzeko baliagarri diran zabalguneak dabez tarteka. Honako piezek, olgetarako izateaz gainera, gizarte egitekoa be baeben, ermita lako eremu zabaletan alkarte topaketak artikulatzen ebezan-eta. Osagai herrikoiak dira, hedatutakoak, eta euren balioa ez datza arte-lanketan, landa-eremuko ohiko aisialdiaren eta eguneroko bizitzaren lekukotasun lez daben esanguran baino. XIX-XX gizaldia.
Eleiz Museoan itzitako osagaiak
Alexandriako Santa Katalina [42] (47 x 15 x 8). Egur polikromatua. XVI. gizaldiaren hasieran, Malinaseko (Mechelen) flandestar tailerretan ekoiztutako ereduei jarraitu eutsen eskultura. “Malinaseko panpinak” (poupées de Malines) deitutakoen ezaugarri nagusiak dituan irudia da: biribila eta txikia. Eskultura honeek delikatuak dira, araupetutako tipologiari jarraitzen deutsoe eta kontu handiz zizelkatuta dagoz, baina sakontasun barik. Irudia aurrez aurreko konposizino itxian dago, nagusi dan bertikaltasuna apurtu barik. Irudi lirain eta luzexka da. Begitarte leun eta obalatua dauka, adierazpen nasai, introspektibo eta idealizatu samarraz, bekoki zabal, bekain altu eta fin, begi bildu eta ezpan mehedun ahoaz, beraz, Malinaseko ekoizpenean ohiko diran ezaugarriez, naturalismo bizia ez ezik, neurrizko eta debozinozko edertasuna nabarmenduz. Santa, koroatuta dago, eta tunika eta gainjantzi ederrez jantzita dago. Soinekoaren tolestura, jauskera bigun eta uhinduetan gauzatzen da, koskaren bat ego beste agertzen bada be. Polikromian, zatika gastatuta, azala aberastu eta bolumenak nabarmentzen dabezan kolore beroak ikusi daitekez. Oinetan, gurpil horzduna dago, bera martirizatzeko erabili eben tresna, eta esku baten Majencioren buru etzanean amaitzen dan ezpata dauka, azkenean, burua ezpataz moztu eutsoen-eta. Beste eskuan, liburua dauka, santa jakintsuaren ikur. Lan hau, XVI. gizaldikoa izango da, Malinaseko panpinetako bat, hain zuzen be: irudi txikiak, esportatzeko egiten ziranak, eskultura motz baina eraginkorrak, aurpegi eztiak eta tradizino gotikoa eta hasi barri zan moldeen leuntzea nahastatzen dituan apainketa oihaletan. 1510-1520 ingurukoa 8MUÑIZ PETRALANDA, 2011a, pp. 86, 128-129, 250; cd. .
MRV - RCL
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López
8. MUÑIZ PETRALANDA, 2011a, pp. 86, 128-129, 250; cd.
MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Reflejos de Flandes. La escultura mueble tardogótica en Bizkaia. Bilbao: Museo Diocesano de Arte Sacro, 2011.