SAN INAZIO ERMITA
(Andra Mari parrokiaren jurisdikzinoa)
Arratia
Lemoa | San Inazio auzoa
Folletoa
San Inazio auzoa z.b., 48330
p.andramari.lemoa@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Ermita txiki eta berezia da, oinplano angeluzuzenekoa [2]. Isuri biko teilatua dauka, lurrerainokoa, eta gailurra fatxada nagusiagazko perpendikularra da.
Hormak harlangatxezkoak dira [3], barrukaldean luziduta eta atzeko fatxadan agerian. Alboetan ezpondatuta dagoz, estalgiagaz bat etorriz, eta zementuagaz zarpiauta [4]. Fatxada nagusia zabalik dago behekaldean [5], alboko ertzetan izan ezik, horreek harlangatxez itxita dagoz-eta. Burdin hesia dauka babesteko. Goiko erdia zementu atalen arteko koloretako beirate bategaz dago itxita. Barrukaldean harrizko jarleku txiki bat dauka burualdeari atxikita, eta beste jarleku luze bi alboetan [6].
Zoladurea harrizko lauzaz eginda dago.
Estalgia, isuri bikoa, zementuzkoa da [7].
Barrurako sarbidea fatxada nagusian zabaldutako bao bat da [8]. Oinaldearen ia behekalde osoa hartzen dau, eta lau orriko burdin-hesi bategaz ixten da. Erdikoak edegi egiten dira, eta burdinazko kiribilakaz eta S eta I letrakaz apainduta dagoz [9], hau da, ermitaren santu titular San Inazioren inizialakaz.
Argia aurrekaldeko fatxadearen edegidura partzialetik eta goikaldea apaintzen dauen beirate koloretsutik sartzen da, erdiko kurutzetik urteten daben izpi modura [10].
Burdinazko kanpai-horma bat dauka [11], bao bakarrekoa, eta kanpaia dago barruan. Gainean, material bereko kurutze bat dauka.
Fatxadea apaintzeko, burdinazko kurutze handi bat dago tinpanoan [12].
Lemoako San Inazio ermita bere trazadura bereziagaitik nabarmentzen da, ezohikoa da-ta eleizateko ermitetan, eta, zelangura be, bat dator eregi zan garaiko (1965) berezko arkitektureagaz.
San Inazioren ermita hau oso hurbileko beste bat ordezkatzeko egin eben. Aurrekoa udalerriko eleizara doan errepidearen ondoan egoan, eta 1963an hondatuta egoan1ACOB-KBGA: Archivo de Curia del Obispado de Bilbao – Kuria Bilboko Gotzaitegiko Artxiboa (Bilbo), Lemoako Andra Mari parrokiari jagokon eta San Inazio auzoan dagoan Loiolako San Inazioren ermitea zaharbarritzeko obren espedientea, 1963, D2-0064/008 signaturea.. Ricardo Beascoa Jauregui arkitektoak proiektau eban obrea. Harek egin ebazan Bilboko La Casilla pabiloia (1965) eta Arte Ederren Bilboko Museoa handitzeko lanak (1970), Álvaro Líbano Pérez-Ullibarrigaz lankidetzan. Gabino Larrea kontratistea arduratu zan obreaz.
1965ean, Vidrieras del Arte enpreseari zirriborro bat enkargau eutsien, Arraibi auzoko San Inazioren santutxurako beirate erlijioso beruneztatu abstraktu bat egiteko2BFAH-AHFB, Enpresak, Vidrieras de Arte. VIDRIERAS 0254 signaturea..
ALTZARIAK
Eskulturea
Loiolako San Inazio [13] (90 x 42 x 28). Egur polikromaua. Jesusen Lagundiaren sortzailearen tailua. Bere jantziakaitik eta, batez be, estasi-jarrereagaitik identifiketan da, Barrokotik garatu zan ignaziotar ikonografiari jagoko-ta. Irudiari haren ohiko ezaugarri batzuk falta jakoz —berbarako, Konstituzinoak liburua, IHS anagramea eta kurutzea—, baina, tipologia orokorrari esker, nahiko argi ezagutzen da. Irudiak jarrera ameslaria dauka: besoak zabalik eta burua gorantz altzauta, esperientzia mistikoa eta komunikazino espirituala azpimarratuz. Jesuiten espiritualtasunaren funtsezko alderdiak dira horreek. Obrea guztiz bat dator lengoaia barroko herrikoiagaz. Konposizinoak dinamismo neurritsua emoten deutso, besoak diagonalean jarrita dagozalako eta mantuak izur ugari eta jauskera arina daukazalako. Halanda be, mobimentua neurritsua da, eta horrek maila artistiko apala iradokitzen dau. Arpegiak hazbegi idealizauak eta nahiko leunak daukaz, naturalismo dramatikotik urrun. Burua apur bat makurtuta dago, gora begira, eta horrek debozino eta kontenplazino kutsua indartzen dau. Eskuen tratamentua —zabalik dagoz eta adierazkorrak dira— sano garrantzitsua da piezearen eraikuntza emozionalean. Polikromia oso kaskarra da, gainetik egindako pintaketa zatar bat. Pieza barrokoa, XVIII. mendearen erdialdekoa.
MRV - RCL
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López