SAN JOAN BATEATZAILEAREN ELEIZEA (Zaharra)

Nerbioi Garaia

\

Orozko | Duluman auzoa

i

Laburpena (PDF)

Duluman z.g. (48410)

p.sanjuan.orozko@bizkeliza.org

Tradizinoaren eta Erdi Aroko kroniken arabera, San Joan parrokia Orozkoko haran zabaleko zaharrena da, hain zuzen be, XII. mendearen erdialdekoa. Orduan, San Romani eskainia egon ei zan, eta haren izenetik ei dator auzoarena: Done Roman = Duluman1OJANGUREN, 1997, 112. Or..

Mendi-hegalaren erdialdean bizkar lauan finkatuta dago, bertatik udalerriaren erdigune dan Zubiaur inguruaren ikuspegi zabala dagoalarik. Erdigunetik kanpo egotea izan da, azken baten, tenpluari jaramonik ez egitearen arrazoia. XX. mendearen erdialdera, herritik hurrago beste eleiza bat eraikitzea erabaki zan eta jatorrizko hau bertan behera itzi zan.

Halanda be, goialdean egonda dauan kokapen berezia dala-eta, gaur egun be udalerriaren irudirik ezagunenetakoa da.

ERAIKINA [1]

Nabe bakarreko oinplanokoa da [2], eta hiru horma-ataleko burualdea dauka. Nabe hori lau tarte luzangatan banatzen da: lehenengoa ia-ia bardinak diran bigarren eta hirugarrena baino apur bat laburragoa da eta laugarrena oso laburra da. Multzo horreri iparraldean beste espazio batzuk lotzen jakozan; bataiategia, biltegia eta sakristia bikotxa, gaur egun desagertuta dagozanak [2b].

Espazioa [3] [4] nasaia da, zabala, eta tenpluaren altuera handiak gehiago nabarmentzen dau sentsazino hori. Kanpoko bolumena luzanga da.

Hormaren egitura [5] [6], hormarri irregularra da, eta harlandua eskantzuetan, kontrahormetan eta baoen inguruetan dago.

Fabrika honetan hainbat arlo bereizten da, hormarrien tamainuaren edo zizelkatze-mailaren arabera bereiziak, baita junturaren beraren arabera be.

Horretara, lehenengoa eraikinaren behealde osoa izango litzateke, 8 metroko altueraraino. Bigarrena burualdea eta lehenengo zatia handitzea izango litzateke, eremu horretako kontrahormak gehituta. Hirugarrenak tenpluaren altuera bateratzen dau, gainerako estribuak gehituta. Geroago, eraikin osoa metro pare bat hazi zan, kanpoaldean hormako maila txiki batek erakusten dauanez. Tenpluaren zati bat jausi zanez, gitxienez hegoaldeko azkenengo zatia berreregi behar izan zan, eta horma-bularretan, eta beharbada mendebaldeko fatxadaren zati bat. Aldakuntza horreek guztiek eraikuntza-biografia konplejua islatzen dabe.

Hormak errematetako, profil bat daukan erlatx bat igaroten da golan [7]. Halanda be, gune batzuetan galduta dago: lehenengo zatia iparraldean, azkena hegoaldean (nahi-ta aurreko zatian erlatxak trazadura irregularra izan, baleiteke kendu eta birkolokatuta egotea).

Horri guztiorri, oraintsu egindako zaharbarritzean (2019-2021), perimetroko uztai bat gehitu jako, estalgiaren abioa apur bat igon dauana.

Barrualdean, oinaldeko horma pikoak dejak dauzan lekuan, ia fabrika osoa pintzelkatuta dago [8], lerro hori batez definidutako zokalo ilun baten gainean harlandua imitetan. Baina emokadura askatu dan lekuan, azpian beste polikromia-geruza bat dagoala ikusi daiteke [9], oso zikina eta galdua, leku batzuetan kolore leun, ilun eta okrekoa dala esan leiteke (behe-korua). Eta gangan (gitxienez burualdean eta lehenengo atalean) kolore gorri eta grisetako landare-motiboetako grekek harlanduzko lan grisaxka faltso bat mugatzen eben [10]. Margo horreek gertu dagozan Muruetako San Pedroko pinturak gogorarazoten dabez, Orozkoko udalerrian bertan.

Tenpluaren barruko hormetan horma-hobi batzuk zulotu dira. Interesgarriena [11] zirkuluerdiko arku bikotxeko biki bat da, lehen atalaren hasieran, Ebanjelio alboan (iparraldean). Kanpoko ertzak ateak doitzeko kutxatuta daukaz, eta hondino be bisagra metalikoen errastu batzuk gordeten dauz.

Aurrez aurre beste bat dago [12], dinteldua eta handiagoa, itxura zakarragokoa, baina baleiteke aurreko baten ordez egotea, horman ikusten diran aztarnen arabera.

Beste horma-hobi modernoago bi behe-korua izandakoan dagoz zulotuta [13], bata Ebanjeliorantz eta bestea oinetan. Biak lau angelukoak dira, adreilu trinkoz eta egurrez definiduak, hurrenez hurren.

Zoladureak [14] maila bi daukaz: presbiterioa nabea baino apur bat gorago dago, lehenengo zatian atalean apur bat sartzen da. Nabe horretan, gaur egun, hilobien ahokadura [15] geratzen da agirian, zurezko erretikula zabal bat.

Antza danez, jatorrizko euskarri-sistema bat egon zan gaur egun baino beherago egondako ganga baterako. Horren lekuko dira hormetan banatzen diran mentsulak. Epistolako horman (hegoaldea) bi geratzen dira, lehenengo [16] eta bigarren [17] ataletan deszentrauta, hurrenez hurren. Hirugarren bat [18] Ebanjelioaren aldean dago, laugarren zatiaren hasieran, eta haren aurrean beste baten aztarnak ikusi daitekez [19]. Altuera ezbardineko zilindro-sekzinoak dira, aurrealdean bozeltxo edo sokaz apainduta dagozanak.

Geroago, egungo ganga etorri zan, hormei atxikitako eta gangaren arkuetan luzatutako erdi zutabe handi batzuetan oinarritzen dana [20]. Toskanar ordenakoak dira, baina harroina eta kapitela ezbardinak dira, barriro fabrikaren eraikuntza-faseak agirian itxiz.

Burualdeko arkua eta lehenengo zatia definiduten dabenak plinto paralelepipediko batetik –absidekoa oso altua– abietan dira, eskozian bozel bikotxaren artean errematautako harroin zilindriko garai bati bide emoten deutsana [21]; fustea zilindrikoa da; eta kapitela [22] bozel-laurdeneko eraztun bat da, listelen artean, beste bozel baten eta plaka poligonal baten errematetan dana.

Baina bigarren eta hirugarren tarteen arteko zutabeek ez daukie plintorik [23], harroinak bozel laurden bat dauka errematetzat eta kapitelean [24] plaka poligonala falta da; halanda ze, eredu sinpleagoa da.

Hirugarren eta laugarren tarteen arteko euskarriari jagokonez, orain dala urte batzuk arte Ebanjelio aldean zutabetxo mehe baten aztarnak egozan, gorago aitatutako mentsularaino jasten zana, eta funtzino horretarako barriz aprobetxau zala uste dogu. Holan finkatutako zutabea nerbioen abioa izango litzateke, beharbada tarteko kapitel bategaz. Epistolearen aldean, jagokon zutabearen hondarrak geratzen ziran, baina mentsulatik zeozelako aztarnak baino ez ziran ikusten.

Azkenik, burualdearen erdialdean ezin da ikusi euskarri-sistemea, erretaulearen atzean ezkutauta geratzen da-ta; baleiteke mentsula zintzilikariak izatea, oin-angeluetakoak lez.

Kanpoko kontrahormak [25] barruko zutabeakaz bat datoz, oinaldean bikote bat gehituz, tenpluaren angeluen arabera atzeraemonda, eta beste diagonal bi burualdearen erdiko hormatalean. Bertan hainbat proposamen ikusi daitekez. Burualdekoak eta lehenengo zatikoak [26] zokalo batetik hasten dira, itxitura arin bategaz, eta zuzen igoten dira, hormearen errematetik metro bi ingurura amaitzen dan ezponda baten amaitu arte; halanda be, presbiterioari jagokozanak harlanduzko gorputz bategaz luzatu dira erlatxera heldu arte, gorago aitatu dogun hormea handitzeagaz bat eginda.

Iparraldeko gainerako biak [27], aurrekoak baino apur bat altuagoak, alaka bidez markautako mailetan igoten dira. Eta azken biak, hegoaldean [28], zuzen igoten dira eta erlatxera heltzen ziran, azken erreforma baino lehen ia zuzen lerrokatzen ziran erlatxera.

Ganga [29] tertzeletez eta kontratertzeletez osotutako kurutzeria da, zeharkako noranzkoan. Zati bakotxak [30] zazpi giltzarri leun daukaz, guztiak be postizorako zuloagaz. Nerbio bizkarrazur batek, perpianoak giltzarriz ebagita, marketan dau tenpluaren ardatza. Oinaldeko zatiak aspaldi galdu eban gangea, baina hondino konserbetan diran hondakinetan ikusi leitekenez, fabrika igeltseruen lana zan, eta hori oso ohikoa da Bizkaiko arkitektura erlijiosoan.

Burualdea [31] izar-gangea da, hiru nerbio eta hiru giltzarri daukazan hiru horma-atalez osotua.

Teilatua [28] isurki bikoa da, eta burualdean hiru isurki daukaz.

Leihoak be ez dira uniformeak. Eguzkirantz edegiten dira; iparraldera, ostera, eleizea itsua da. Burualdeko oktogonalean eta alboko tartean leihoak bardinak dira alkarren artean [32] [33]. Zirkuluerdiko leihoak txaranbeldura bikotxekoak dira, eta trazeria biforo xume batez apainduta dagoz, erdian burbuila bat daukiela gotiko kutsukoa. Dana lehenago aitatutako Muruetako San Pedro eleizearen antzekoa.

Beste leiho biak, ostera, desbardinak dira [34] [35]. Maila altuagoan edegiak, estuagoak eta altuagoak dira, baita erdi-puntukoak be, baina ia txaranbeldurarik barik eta trazeriarik barik. Beheko erdia itsututa agiri da, alde horretatik tenpluari teilatuaren zati bat estaltzen eutsan eraikin bat itsasten jakon garaikoa. Aurrekoen erremedio beranduko eta apala dira.

Burualdearen erdiko hormatalean gezileiho bat dago, abuzonatua [36], oso bajua, eta barrualdean erretauleak ezkutetan dau, funtzino ezezagunagaz.

Bao-sistema hori osotzen dau XX. mendean oinaldean edegitako leiho hirukotx zorrotz batek [37].

Eleizeak sarrera bi daukaz. Oinaldekoa [38] pasabide zabal da, puntu erdiko dobelakaz abanikoan, ertz bizikoa eta tunel [39] eskartzanoa.

Interesgarriagoa da hirugarren atalekoa, eguzki begira [40]. Garaipen-arku moduko bat da, pilastren gainean dobelajea dauana, dana kutxatuta, markoztatzen daben pilastra barriak moduan; gainean taulamendu bat doa, pinakulu landatar batzuek errematatua. Tunela [41] eskartzanoa da. Kanpoaldean, kareharri baltzeko urbedeinkatu-ontzi bat jarri eutsien [42], gaur egun oso hondatuta dagoana. Sarrera hori oso elementu aitagarria da tenpluan.

Hegoaldean beste sarrera bat egoan, tenpluko zaharrena. Gaur egun estalita dago, bigarren eta hirugarren tarteak banatzen dauzan kanpoko kontrahormaren parean. Bistan geratzen dan [43] apurra trazadura zabaleko arku baten hasiera da, barruko ertz alakatuagaz, hauts-babesa izan eitekeana, Olarteko San Bartolome eleizan hondino ikusi daitekeenaren antzekoa. Arku hori bolaz apaindutako salmer baten muturrean egoan.

Koru bat egon zan oinetan, baina gaur egun ia ez dago haren errasturik [44]. Laugarren zatia eta hirugarrenaren parte bat hartzen ebazan. Egurrezkoa izango zan, aurrealdean habe luze bat eukala (haren abioak alboetako hormetan ikusi daitekez hondino), zutoin baten edo batzuetan finkatuta.

Klaustroko eskilaratik sartzen zan bertara, eta oin-horman ikusten da hondino haren errastua.

Eleizeak sakristia euki eban, burualdearen ipar-ekialdeko hormatalari atxikita eta iparraldeko lehenengo kontrahorma bien artean luzatuta [2b], baina desagertu egin da. Presbiterioaren barruan, haregaz komuniketako atea ikusten da [45], ateburu dobelatuzko pasabide xume bat. Kanpoaldean erlatxa dago hondino [46]. Erlatxa ganga-formako estalgi baten hasiera zan, eta aztarnaren bat baino ez da geratzen.

Sakristia hori hurrengo kontrahorma bien artean egoan biltegi-espazio bategaz komuniketan zan, bigarren tarteagaz paraleloan, hori be kenduta dagoana.

Iparraldean bataiategi bat egon zan, 1940an eraikia, hori be geroago kendutakoa.

XVI. mendetik dokumentetan dan torrea desagertuta, kanpaiak kanpai-horma garai baten jarri ziran [47], oinaldeko horma pikoan txertatuta; harlanduzko lan xume bat, silueta zorrotzekoa, bao batekoa eta bikoa.

Kanpantorre horren azpitik lau hagaburutxo dagoz oineko horman, eta hareen azpian zulo zakar bi horman. Egitura hori oso altua da sarbidea babesten dauan teilatutxoari eusteko, eta, beharbada, egurrezko aurreko kanpai-horma bati heltzeko erabiliko zan.

Iparraldean, oineko kontrahormari atxikita, torloju [48] zilindriko teleskopiko bat igoten da, azken zati lauangeluarra daukana. Hormarriezkoa, nahiko baldarra da.

Ganga gainera eta kanpai-hormara igoteko balio eban, eta korutik sartzen zan bertara (hondino ikusten da han pasabidea).

Eleizeak atari bat eukan, gaur egun desagertua. Azkenengo urteetan, oinaldea eta eguzki aldeko hegal osoa hartzen ebazan. Jabaloiez lagundutako zutoinen gaineko teilape bat zan. Uneren baten iparraldean be serbidu eban; han konserbetan dira eusten laguntzen eben hagaburutxoetako batzuk eta isurkia [49].

Hegoaldean, bigarren eta hirugarren atalei jagoken eremuan, arkupeak antxinako abadetxeari eusten eutsan [50], egurrezko eta adreiluzko bilbadura eukana arkupearen eskoiko oinen gainean. Tenpluko korutik sartzen zan bertara; atea han ikusten da hondino. Eraikin interesgarri hori eta korua orain dala hamarkada batzuk desagertu ziran.

 

Eraikinaren analisiak eraikuntza-une ezbardinak erakusten ditu. Halanda guztiz be, San Joan eleizeak, barrutik batez be, batasun estilistiko errenazentista heldua dauka, zalantza barik. Itxura hori, batez be, euskarri-sistemen eta gangaren batasunari zor jako. Funtsean, hutsik dagoan areto handi bat da, altueran, zabaleran eta luzeran ondo proportzionatua. Luzera Bizkaiko eleiza errenazentista gehienetan baino apur bat nabarmenagoa da, motzagoak izateko joera daukie-ta.

Halanda be, badirudi tenpluaren biografia konplejuagoa izan dala.

Fernán Pérez de Ayalak 1371n idatzitako Libro del linaje de los señores de Ayala liburuaren arabera, bere arbaso Garci Galíndez de Salcedok sortu eban parrokia XII. mendearen erdian, baina, orduan, San Roman2PÉREZ DE AYALA, 2020, 139. or. GARCÍA DE SALAZAR, 2004, 58. or.. izenpean jarri eban.

Fundazino hori halan egin bazan, ez da ezer geratzen orduan altzautako eraikinetik.

Gaur egun hormatuta dagoan hegoaldeko sarbideak –berez, pomakaz egindako moldura, hondino ikusi daitekeen gauza bakarra– errefakzino gotiko berantiarra adierazten dau, 1500 ingurukoa, Bizkaiko beste hainbat parrokiatan gertatu zan moduan.

Obra hori eleizako kaxa osoa eregiteko izango zan, hormaren egituraren arabera, burualdeko leihoen hasieraraino. Perimetro horretan gitxienez hegoaldeko ate hormatua edegiten zan.

Orduan aurreikusiko eben ganga bat eregitea. Horretarako, hondino ikusgai dagozan mentsulak jarri ziran hormen erdi parean, eta zehetasun formalak dirala-ta, XVI. mendearen hasierara eroaten gaitue, gotiko berantiarraren eta errenazentistaren artean. Euskarrion ezaugarriak dirala-ta, pentsautako ganga egurrezkoa izango zan ziurrenik, urte hareetan udalerriko beste tenplu batzuetan eregi ziranen antzekoa, Olarten eta Zaloan, esaterako.

Baina badirudi obrak gelditu egin zirala orduan, ganga hori eregi barik (harresiak altuagoak izan beharko ziran).

XVI. mende horren erdian ekin eutseen barriro obrei. Baina, ordurako, erispidea aldatu egin zan, eta eraikina harrizko ganga altu bategaz estali gura izan eben, argiztapena hobetzeagaz batera. Horretarako, hormak handitu ziran, eta burualdeko eta lehenengo ataleko barruko eta kanpoko euskarriak (kontrahormak) eraiki ziran, eremuok gangaz estaliz. Orduan edegi ziran inguru haretako leihoak be. Hain zuzen be, horreek, Muruetan ez eze, Ispasterren, Mañarian, Elorrion… be parekoak daukiezanak, 1540-1550era eroaten gaitue. Esan leiteke data hori egokia dala iparraldeko hormearen lehenengo zatian, barrualdean, egindako alboko mahaitxo geminatuarentzat eta gangaren gaur egungo pintzelkadaren barrenean agertzen diran hartzulo-pinturentzat be.

1549ko kontuetan –gorde diran zaharrenak– eta hurrengo urteetan hainbat diru-sarrera dagoz tenpluko hilobiak banatzetik eratorrita: lanak nahiko aurreratuta egozan, hilobiak laster erabiliko zirala pentsetako moduan3AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia - Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak. 1548-1594, sign. 2970/002-00... Halanda be, hondino apur bat itxaron behar zan: 1554 eta 1558 artean bateoarria ondu zan, torrean, kanpantorrean eta sakristian beharren jarraitzen eben eta kapilako ateak kendu ziran (presbiterioa). Horrek adierazoten dau hori amaitutako gunea zala eta bertan kultua barriro ipini eitekeala. Eta 1560an kanpaia jarri eben4Ibidem. Baina eleizea badirudi burualdean eta lehenengo atalean baino ez dala handitu, eta ez eukan gangarik, nahi-ta euskarri batzuk prest egon.

Beste geldialdi baten ostean, 1576an lanari ekin eutsien barriro, Juan de Lariz hargin maisua obra ikustera joan zanean. Baldintza batzuk idatzi ei ebazan gainerako horma, zutabe eta estribuetarako, eta errematea Martin de Meacaondo maisu arotzak irabazi eban, Pedro de Sarría, Domingo de Iturrieta, Juan de Yarza eta García de Ibaizábal harginek lagunduta. Gitxienez 1592ra arte lan egin eben, baina 1582tik aurrera Rodrigo de La Cantera eta Pedro de La Herrería bere morroia izan ziran obraren zuzendariak, eta handik gitxira Diego Gilek ordezkatu ebazan, kantabriarrak danak. 1583an, Martín de Garita gehitu jaken, garai haretako hargin bizkaitar erabagigarrienetako bat, Rodrigo de La Canteragaz ordurako Begoñako (Bilbo) torrean eta kanpantorrean lan egindakoa zana5Ibidem. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia - Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1595-1627, sign. 2974/001-00..

Baina laster sortu ziran arazoak, eta, holan, 1584an, maisuaren absentismoa zala-ta, bisitariak bere fiatzaileei errekerimentua egiteko agindu eban, eta horrek eragina euki eban, antza; izan be, ondoren eraikuntzako material asko batu ziran eta harginei ordainketak egin jakezan, Pedro de La Calleja eta Francisco Abad de Ugarte arotza gehituz6AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia - Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1548-1594, sign. 2970/002-00..

Halanda be, 1591ko bisitan obren egoera kezkagarria honetara deskribiduten da:

“Ikusi dot eleiza horrek gotzaindegiko guztien artean beharrizan gehien daukana dala, obra barria egiten dan aldetik zabalik dagoalako eta eginda dagoan aldetik hondatzeko puntuan dagoalako… bisitariak etxezainari agindu deutso ekarri dagiala aitatutako eleizea egiten dabilen ofiziala, eta beragaz adosteko lan hori egiten jarraitu daian… eta ezin balitz, hormaz edo oholez ixteko aitatutako eleizearen amaieran zabalik dagoan guztia, bertatik sartzen diran aireak eta urak obran kalterik egin ez daien eta ospatzen dan bitartean altareetan arriskurik eragin ez daien”7Ibidem, 1951eko bisita, 80-80v folioatan aitatuta..

Beraz, eleizearen zati bat hondino estali barik egoan. Kontabilidadeko liburuetako hirurogei urteko hutsune dokumentalak ez dau biderik emoten egoera gatx haren amaiera ezagutzeko. Baina badakigu eleiza erdizka geratu zana. 1618an barriro hasi ziren lanak, Juan de Palacios maisuak kapila nagusia (presbiterioko ganga izango zana), abside-arkua eta oineko itxitura-pareta egiten (berregiten?) jarri zanean. Azken esku-hartze honen eraginez, alde honetan tenplua luzatu egin zala emoten dau eta horrek azalduko leukez mendebaldeko mutur horretako horma-bularren ezohiko kokapena eta alde horretako horman antzematen dan ebaki bertikala; hau da, hirugarren atal urria “sortu zan”, orduan gangaz estalita egongo zana, bigarrenagaz batera. Juan del Hoyo, Juan Verdes eta Juan de Setien bazkideek -guztiak kantabriarrak- egin eben lan beragaz8BALLESTEROS IZQUIERDO, 1990, 193. or.. Bere esku-hartzearen ondorioz, hegoaldeko ate zaharra itxi egin behar izan zan, euskarri eta gangen proiektu errenazentisteagaz bat ez etorrena, eta kontrahormetako batek zarratu egin eban.

Gangak eraikita amaitu zan etapa hori. Lehenengo fasean argizuloak ziran preziatuenak, baina bigarren fase honetan hegoaldeko portada ederra nabarmentzen da, barroko klasizistaren purismoa bere gain hartzen dauana.

1656-1659an Roque del Campo harginak eleizpea egin eta tenpluan lauza jarri eban9AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia - Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1657-1714, sign. 2970/003-00.. Ha obren etapa barri baten atarikoa izan zan: 1663an, gangak jausi egin ziran, hormen zati bat eroanez, seguru asko hegoaldeko beheko atal biak (“alde hau eta eleizearen gangak jausi ziran”)10Ibidem..

Roque del Campok hormak, kontrahormak eta gangak berregin ebazan 1663-1667an (“harri landuzko eleizako bigarren kapila eta ganga barriak”). Urte batzuk geroago, 1683an, Domingo de Ybarrola igeltseru-maisua arduratu zan errematatzeaz eta “eleiza, gurutzeria eta bobeda gorputz osoa zuritu eta hainbat kolore emoteaz”. Horretarako erabili zituan

“Arratiako merindadetik ekarritako lapiz harrizko karga bi, eleizako estribu eta kurutzeteari kolorea emoteko… (eta) Bilbotik eleizaren gurutzeriarako ekarri ziran koloreak”11Ibidem..

Urte horreetan, obrak etenbakoak izan ziran. Nabarmentzekoak dira Roque del Campok barriro egindakoak, 1685ean korua barriztau eta torlojua jarri ebanekoa: “Hormatzarra eta eskilara barria egin zituan eleizearen zorutik kanpantorreraino”, izan be, “nabe osoko gangak” itxi ostean ez egoan eskilararik. Orduan errematau eben tenpluaren perimetroa erlatx molduratu bategaz. Eta 1689an itxi, eta gaur egun existiduten ez dan kanpantorreari lurra bota jakon12Ibidem.. Handik gitxira, 1707an, eleizea “altua eta gai” lez deskribidu zan13Ibidem..

Ondoren, beste esku-hartze batzuk egon ziran, batzuk garrantzitsuak.

Holan, 1718an, “etxean” behar egin eben, hegoaldeko arkupearen gainean atxikitakoan seguruenik14AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia - Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1714-1759, sign. 2970/004-00..

Eta 1736an tximista batek kanpai-horma suntsitu eta oinaldeko ganga apurtu ebanean, kanpai-atal barri bat eregi behar izan zan –oraingoa?– eta barrualdea konpondu15Ibidem..

1741ean sakristia barria egiteko agindua emon zan, egoana ez zalako nahikoa. Ez zan bete behar izan, bisitariak 1764an gaia barriro atera behar izan eban-eta –bisitariak egoana “lotsabagarritzat” jo eban–16Ibidem..

Gainera, burualdeko kontrahormen zokaloetan 1775 [51] [52] eta 1782 [53] datak agiri dira grabauta; iparraldeko alderdiko beste baten 1771 [54] irakurten dala esan leiteke; eta oinetako portadan orain dala hamarkada batzuk 1776 bat egoan hondino17CONDE FUENTE, 1997, 236. or.. Suposatzen dogu zenbaki horreek guztiak erreformei buruzkoak izango dirala, baina ez dakigu ezer euroi buruz.

1857an, eleiztarrek eleizearen zenbait zatiren aurri-egoera salatu eben, eta, kurutze geldian batzartuta (udal orokorra), Pedro Luis de Bengoechea arkitektoari eraikinaren egoerari buruzko txosten bat enkargatzea erabagi eben, eta, ondoren, akatsak konpontzea. Prozesua ez luzatzeko, berehala jardutea erabagi eben, patroiaren laguntzaren zain egon barik, Santa Coloma eta Cifuenteseko kondearen zain18BFAH-AHFB, Udalekoa, Orozkoko Udal Artxiboa, sign. 0073/003..

Historia korapilotsu horren ostean, San Joan eleizea 1959an bertan behera itxi eben, kultua Zubiaur herrigunetik hurren dagoan San Joan eleizara lekualdatu ebenean.

Biltegirako erabilten zanez, hurrengo hamarkadetan tenplua hondatzen hasi zan. Ondorioz, erretore-etxe zaharra, aurri-arriskuan egoana, eta sakristiak, biltegia eta iparraldeko bateoarria eraitsi behar izan ebezan, eta korua desegin egin eben. Estalgia jausten hasi zan, eta, azkenean, 2018ko urtarrilean, oin-zatiko teilatua jausi zan, gangatik geratzen zana aurretik eroanez –lehenagotik nahiko hondatuta egoana–.

2019an, eraikina barriztetan hasi zan, eta 2021era arte luzatu zan. Orduan, estalgi barria jarri eta horma guztiak zaharbarritu eta konpondu ziran, eta, gainera, perimetroko uztai banaren bidez indartu ziran, bai behealdean, bai goialdean.

Eraikuntza-prozesu trinko hori gorabehera, Zubiaurreko San Joan Bateatzailea tenplu errenazentista oso homogeneoa da (nahita ez zan eregiten amaitu XVII. mendean ondo sartuta egon arte). Bizkaian nahiko hedatuta dagoan ereduari jarraitzen deutso, nabe bakarrekoari. Baina hemen nortasun berezia dauka burualde poligonala daukalako, bere neurriakaitik –batez be altueragaitik– eta euskarri indartsuakaitik, kasu honetan paralelismo gitxigaz. Horri, aitatutako euskarrien, gangen, leihoen eta portadaren akabera landua gehitu behar jako. Bere tipologiaren barruan ale nabarmena da.

1. OJANGUREN, 1997, 112. Or.

OJANGUREN IRALAKOA, Pedromari. Paseos por Orozko. Bilbao: Autorearen edizioa, 1997.

2. PÉREZ DE AYALA, 2020, 139. or.

PÉREZ DE AYALA, Fernán. “Libro del linaje de los señores de Ayala”. In DACOSTA, Arsenio. El Libro del linaje de los señores de Ayala y otros textos genealógicos. Materiales para el estudio de la conciencia del linaje en la Baja Edad Media. Bilbao: Universidad del País Vasco – Servicio de Publicaciones, 2020, on-line baliabidea GARCÍA DE SALAZAR, 2004, 58. or.

GARCÍA DE SALAZAR, 2004, 58. or.

GARCÍA DE SALAZAR, Lope. Las Bienandanzas e Fortunas. Libros XX-XXV. Consulelo Villacorta Machoren Arg. Bilbao: Librería Anticuaria Astarloa, 2004 (1470-1475ko eskuizkribua).

3. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak. 1548-1594, sign. 2970/002-00.

4. Ibidem.

5. Ibidem. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1595-1627, sign. 2974/001-00.

6. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1548-1594, sign. 2970/002-00.

7. IIbidem, 1951eko bisita, 80-80v folioatan aitatuta.

8. BALLESTEROS IZQUIERDO, 1990, 193. or.

BALLESTEROS IZQUIERDO, Teresa. Actividad artística en Vitoria durante el primer tercio del siglo XVII: Arquitectura. Vitoria-Gasteiz: Diputación Foral de Álava, 1990.

9. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1657-1714, sign. 2970/003-00.

10. Ibidem.

11. Ibidem.

12. Ibidem.

13. Ibidem.

14. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1714-1759, sign. 2970/004-00.

15. Ibidem.

16. Ibidem.

17. CONDE FUENTE, 1997, 236. or.

CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Estudio histórico-artístico. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Monografías de pueblos de Bizkaia bilduma).

18. BFAH-AHFB, Udalekoa, Orozkoko Udal Artxiboa, sign. 0073/003.

ALTZARIAK

San Joan eleizan erretaula ugari egon ziran; dokumentazinoan honeek agiri dira: Bakardadeko Andra Maria, Paduako San Antonio, San Jose, San Migel, San Joan, Santa Ageda, Santa Luzia, Arrosarioko Andra Maria, San Agustin (azken biak Antonio de Alvarado arkitekto kantabriarrak egin ebazan 1676an eta Francisco de Zacona maisu margolari eta urreztatzaile urduñarrak polikromatu ebazan 1689an) eta Santa Ana (Francisco Martínez de Arce kantabriarraren 1678ko obrea, Mateo de Aranaren polikromiagaz). Horreen guztien artean hainbat tailu batzen dabez. Gainera, irudi exentuak, miesa batzuk eta urregintzako piezak egozan19AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia - Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1657-1714, sign. 2970/003-00. YBARRA Y BERGÉ, 1958, 545. or. CONDE FUENTE, 1997, 236-237. or. ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 263., 274-275. or..

Obra horreetako batzuk San Joan eleiza barrira lekualdatu ziran 1965ean, baina beste batzuk galdu egin dira mendeetan zehar.

Erretaulak

 

Erretaula nagusitik [55]  mazoneria baino ez da geratzen, bertan egoan koadro handia parrokia barrira aldatu zan-eta.

Makina handi bat da, banku altuak, kale bakarreko pisuak eta atikoak osotuta. Lau bao daukaz, segurutik gaur egun galduta dagozan erliebe apaingarridun panelak egongo ziran bertan. Pisua molduratutako erlatx txiki baten gainean hasten da, bankuan integrauta dagozan plintoen gainean aurreratzen diran zutabe joniar bik definiduta. Txorten, landare-motiboen, dentikuluen… taulamentu batek teilatupeari emoten deutso bidea. Bertan, medailoi bat dago [56], hildako San Joan Bateatzailearen burua dagoan erretilu baterako, dana girnaldaz eutsita. Errematerako kurutze bat dago.

Ia erretaula osoa marmoreztatuta dago: bankua gorriz, zutabeak gorriz eta zuriz, eta taulamentua zuriz.

Erretaula neoklasiko xume baina monumental hau, oso konserbazino egoera txarrean, 1849an egin eben Antonio Goicoecheak, San Fernando Errege Akademiako merezimentuzko akademiko bilbotarrak, eta Juan Bautista Aldasorok, urduñar obra-maisu eta zizelkariak. Parrokiak zuzenean esleitu eutsan obrea Aldasorori, eta Domingo de Meazak eta Candido de Axpegortak salatu egin eben, horreek be Orozkoko obra naturalen maisuak, baina Bilboko bizilagunak. Ondorioz, lanak lehiaketara atera behar izan ziran, eta Gerardo de Basaldua Begoñako bizilagunak eroan eban enkantea, 19.061 errealetan, beste 4.000 gehituta hobekuntzak egiteko. Azkenengo ordainketak 1855ean egin ziran20AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia - Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1828-1882, sign. 2971/002-00. CONDE FUENTE, 1997, 236-237. or. ZORROZUA SANTISTEBAN, 2003, 147. or..

 

Bigarren erretaula bat dago [57], irudi barik, iparraldeko hormari atxikita.

Bankua eta kale baterako solairua daukaz, zuriz polikromauta.

Bankuan, mailakaturik, dasagertuta dagoan sagrario bat egoan. Muturrak karratuetan markoan ipinitako landareakaz apainduta dagoz.

Zoruak profil hausia dauka. Erdian, aurreratuta, zirkuluerdiko horma-hobia, barrualdean bost horma-ataleko poligonala, gangan landare-dekorazinoa daukana. Alboetan pilastrak daukaz, atzerago (espaziootan zutabe batzuk egongo ziran beharbada), eta atzerago beste batzuk, landare-motiboetarako.

Taulamentu molduratu bat, zuzena eta dentikuluz apaindua, eta foresta barri bat oinarria dira aurreko motiboetako batzuk errepiketan dabezan idulki bi dirudiena hartzeko.

Mahai bat dauka jokoan, eta erdiko panela tondoarentzat, eta kurutzea eta alboetako mentsulak, hostoakaz apainduta.

Neoklasiko berantiarreko altzari xumea da, XIX. mende erdialdekoa, konserbazino egoera txarrean dagoana.

Bere alboan beste erretaula bat dago [58], irudi barik hori be.

Jatorriz, hiru kalerako pisua zan, zuriz marmorizatuta egoan, dekorazinorako urrea erabiliz.

Erdiko kaleak zirkuluerdiko etxea eukan, landareak inguratuta, eta horma-hobi erdizirkular gangaduna. Pilastra arteko zokalo leun baten gainean egoan. Alboetan zutabe joniar bi egozan. Gainean faszioak eta hortzen taulamentua, eta errematerako flameroak eta erdiko tondoa [59], Nekaldiaren sinboloakaz girnalda artean.

Alboko kaleek be zirkuluerdiko horma-hobiak eukiezan, horma-hobi erdizirkular gangadunak, ate-erakusleiho eta guzti, eta mensula mistilineoen gaineko taulamentua. Haren gainean hegats biribilkatu bat egoan, erdiko taulamenduagaz bat egiten ebana.

Erdian mahaia falta zan, eta alboak angelu ahurreko laukizuzenetarako kutxatutako paneletan oinarritzen ziran.

Gaur egun, alboko kaleetako bakarra dago zutunik [60]. Altzariaren gainerakoa pulpitu baten oinean dago desmuntatuta.

Aurreko erretaula lez, neoklasiko berantiarreko pieza apala da, XIX. mendearen erdialdekoa.

Metalezko gauzak

 

Hegoaldeko atean, kisketa [61] eta orpoak [62]. Landutako burdina. Balaustre-formako heldulekua, uztai ildaskatuak eta txamelen hosto-akaberak ikusita, XVII. gizaldikoak emoten dabe.

Oinardeko atean, ate-sarea [63]. Landutako burdina. Hau be XVII. gizaldikoa izango da.

Beste elementu batzuk

 

Oso egoera txarrean egon arren, pulpitu bi [64] konserbetan dira, bardinak, lehenengo eta bigarren atalden arteko zutabeetan finkatuta.

Egurrari jagokonez, eskilara ia galduta dago kasu bietan. Tribunak [65] karel biribila dauka, angelu konkabodun laukizuzenez apaindua. Tornabozak zerua dauka, uso itxurako Espiritu Santuaren irudiarentzat; kono konkabo goikoz beherakoan amaitzen da, linterna zirkuluerdiko lau baogaz, eta errematea bolan. Dana marmorizatua.

Eleizan 1666tik gitxienez pulpitoak baegozala badakigu be, 1749an zaharbarrituak21AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia - Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1657-1714, sign. 2970/003-00; Parrokiako kontuak eta bisitak 1714-1759, sign. 2970/004-00., honeek askoz geroagokoak dira: XIX. mende erdialdekoak, pieza neoklasiko berantiarrak dira, konserbazino-egoera oso txarrean dagozanak.

JMGC – RCL

19. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1657-1714, sign. 2970/003-00.

YBARRA Y BERGÉ, 1958, 545. or.

YBARRA y BERGÉ, Javier de. Catálogo de monumentos de Vizcaya. Bilbao: Junta de Cultura de Vizcaya, 1958, 2 ale.

CONDE FUENTE, 1997, 236-237. or.

CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Estudio histórico-artístico. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Monografías de pueblos de Bizkaia bilduma).

ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 263., 274-275. or.

ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo barroco en Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, 1998.

20. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1828-1882, sign. 2971/002-00.

CONDE FUENTE, 1997, 236-237. or.

CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Estudio histórico-artístico. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Monografías de pueblos de Bizkaia bilduma).

ZORROZUA SANTISTEBAN, 2003, 147. or.

ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo neoclásico en Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, 2003.

21. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, parrokiako kontuak eta bisitak 1657-1714, sign. 2970/003-00; Parrokiako kontuak eta bisitak 1714-1759, sign. 2970/004-00.