SAN JOAN BATEATZAILEA ELEIZA (barria)

Nerbioi Garaia

\

Orozko | Zubiaur auzoa

i

Laburpena (PDF)

Zubieta etorbidea z/g (48410)

p.sanjuan.orozko@bizkeliza.org

Dulumaneko San Joan Bateatzailea eleiza egoera oso txarrean egoan. Barriztatzea asko kostatzen zanez eta tenplua Zubiaur Orozkoko erdigunetik urrun egoanez, herritik hurrago eleiza barria eraikitzea eskatu eben 1953an. Baina ez eben emaitzarik ikusi hamar urte beranduagora arte.

ERAIKINA [1]

Hasieran, Zubiaurre udalerriko uriburuko erdigunetik ehun metro ingurura kokatuta, gaur egun tenplua azken hamarkadetan nabarmen zabaldu dan herri barruan txertatuta dago. Orientazinoa ez da ohiko ekialde-mendebalderakoa: zuzenean herrigunera zabaltzeko, ipar-mendebalde/hego-ekialde orientazinoa dau.

Kurutze latindardun oinplanoa [2] dauan eleiza da; sei ataletan banatutako nabe bakarra dauka eta burualde erdizirkularra ahokadura labur zuzenagaz. [3] [4]. Lehenengo atalari -gainerakoak baino bi bider luzeagoa- kurutzadura gehitzen jako, nabea baino apur bat baxuagoak diran kapera bi. Azen atala bereizi egiten da nabearen eremutik behealdean, arkupea sortuz.

Ohiko oinplano honek beste multzo bi ditu atxikita: albo bietan, parrokiako lokalak, burualdean, sakristia txiki bi.

Barrualdea, oso zabala eta argitsua da, altueragaitik eta argitasunagaitik beragaitik. Kanpoko bolumena [5] be argia da, eranskinen altuera neurritsua dalako eta ez dabelako multzo nagusiaren interpretazinoa nahastatzen.

Eraikina hormigoizkoa da, kanpoaldera zarpiatuta dago, behealdean, torrearen multzoan, izkinetan eta horma-bularretan izan ezik, honeek hegoaldeko besoan erdi-puntuko sasi-arkuek etendako harrizko plakez xaflatuta dagoz. Estalkiaren hegal apurrari eusteko balio dauan erlaitz molduratua dago inguru guztian.

Barrualdea be zarpiatuta dago, baina ez osorik, burualdeko eta besoetako arkuetan kasetoidun harlanduaren itxurakoa ikusi daitekelako, eta egurrezko idulkia altara-aldearen inguruan.

Zoladura terrazozkoa da. Altara-aldea, nabea baino gorago dago.

Nabe osoa zeharkatzen dauan zeharkako habe-lokarriak -kurutzaduran beste habe txikiago bik lagunduta- buztartutako arku diafragma mitralei eusten deutsien zutabeetan oinarritutako euskarrien sistemak bereizten ditu atalak. Burualdean [6] nerbioak erradio-antolamendua dabe.

Zutabeak horma-bularren bidez sendotzen dira kanpoaldera; ez dira asko urteten eta ezpondan amaitzen dira, erlaitza baino hiru metro inguru aurretik. Aitatu danez, bular honeek harrizko plakakaz xaflatuta dagoz.

Estalkia, barrualdera bistan geratzen da. Luzetara jarritako hormigoizko plakak dira nabean eta zeharka kurutzadura eta burualdean, azaldutako arku eta nerbioen gainean jarrita.

Teilatuak [7] isurialde bi ditu nabean eta besoetan, sei isurialde absidean.

Argi ugari sartzen da tenpluan. Atal guztietan, oinaldekoan izan ezik, leiho bi dagoz, alde bakotxean bat, erdi-puntukoa, kanpoaldean ingurua plakaz hartuta eta kurutzeak irudikatzen dabezan beirate soilez itxita [8].

Kurutzaduraren besoetan eta oinaldeko pinoian, sare-formako leihateak dagoz, eta honeetan, barriro be, kurutzeak, aingura, arrainak [9] [10]

Azkenik, burualdean [11], erdi-puntuko bost leiho dagoz San Joan Bateatzailearen bizitzari buruzko motibo figuratiboakaz: mutikoa Zakarias eta Isabel gurasoakaz, basamortuan predikatzen, Jesus autortu eta “Hona hemen Jainkoaren Bildotsa” (Ecce Agnus Dei) esaten, Jesus bateatzen eta, azkenik, bere martiritza Herodes, Herodias sta Salomeren begiradapean. Hilario Apraiz tenpluko arkitektoak diseinatu eta ‘Vidrieras de Arte’ etxeak egin ebazan 1961-1962a  [12]1BFAH-AHFB, Enpresak, Arte-beirateak, sign. Vidrieras 0460..

Sarbide bakarra dago [13], zuzenean kanpoaldera, oinaldean. Erdi-puntukoa da kanpoaldera, konkabo-konbexuan molduratutako ertz eta listelakaz, eta buruduna barrutik.

Erdi-puntuko beste igarobide bat dago epistola horman, parrokiako lekuetara daroana.

Koruak hartzen ditu azken atal biak. Hormigoikoa, eraikin osoa lez, hormatxo soila dau kareltzat. Torrearen behealdean kokatutako eskailera-ataletatik heltzen da bertara.

Kurutzaduraren hegoaldeko besoan eremua bereizi da eguneroko kapera atontzeko, horretarako, beste barik, egurrezko itxitura eginez. Berezitasun bakarra, bere buru-horman erdi-puntuko horma-hobia dagoala irudi batentzat.

Burualdearen albo banatan dagozan sakristiak lau angeluko eremu soilak dira, sabai aizunaz eta burudun leihoen bidez argiztatuta. Altara-aldetik sartzen da gune horreetara, burudun igarobideetatik. Gaur egun, berogailuaren makineria dago sakristietako baten.

Eleizpea, oinaldean dagoan eremu txiki bat baino ez da, hain zuzen be, koruari dagokion eremu bera. Erdi-puntuko arkuen bidez zabaltzen da kanpora. Bertan, aitatutako sarbide nagusia eta alboetako geletarako sarbideak -burudunak- dagoz.

Arkupe honen gainean, fatxada garatzen da, uri-sen handiaz -gororatu daigun orientazino kanonikoa aldatu egin zala herriari begira jarteko-. Portxearen arkuen gainean leihatea dago, kasu honetan, pinoiari bertikaltasun handia emoten deutsen lau angeluko hutsarteen lau segida. Erdian kurutzea ipinteko etendako triangelu-formako frontoian amaitzen da.

Ipar-ekialdeko ertzean dago atxikita torrea. Lau angeluko ebakidurako fustea da, harrizko plakaz estalita, multzoaren altuera gehiena hartzen dauan leihateak argiztatuta aurrealdean eta iparraldean. Eta horren gainean, kanpai-multzoa dauka [14], estuagoa, erdi-puntuko lau hutsartegaz eta euren gainean, erlojuaren esferak lau aldetatik hirutan (mendebaldekoa falta da). Hormigoiko eskailera-ataletatik heltzen da bertara [15]. Piramide-formako teilatutxoan amaitzen da.

Aldapa apur bat dauan sailean eraikitako tenplua danez, aurrealdean harmailadia eraiki da, fatxadaren protagonismoa areagotuz.

 

Aitatu dogunez, Dulumaneko San Joan eleiza zaharra hain hondatuta egoan ze parrokiak tenplu barria eraikitzea eskatu eban 1953an, bide batez herritik gertuago kokatzeko aukera ahalbidetuz.

Urte haren amaieran, eskuartean eben Hilario Apraiz arkitektoaren egitasmoa, Manuel Maria Smithek “sobre la torre y el gran ventanal de la fachada principal de la iglesia, para adaptarlas al paisaje y ambiente del valle de Orozco” dalakoei buruz aholkuak emon eutsazana2ACOB-KBGA, Orozkoko Zubiaurreko San Joan Bateatzailea parrokia eleiza barriaren eraikuntzari buruzko lanen txostena, 1953-1956, sign. D2-0146/034..

Bilboko gotzaitegi sortu barriak -1950aren amaieran gertatu zan hori-, baimena emon eban parrokia eleiza barriaren eraikuntzarako 1954.eko ekainaren 2an. Baina dirurik ez izatean, lanak atzeratu egin ziran eta urtebete beranduago, 1955ean, ekin eutsien, 1963ra arte luzatu ziralarik3ACOB-KBGA, Orozkoko Zubiaurreko San Joan Bateatzailea parrokia eleiza barriaren eraikuntzari buruzko lanen txostena, 1953-1956, sign. D2-0146/034; Orozkoko Zubiaurreko San Joan Bateatzailea parrokia eleiza barriaren eraikuntzarako lanak ordaintzeko kreditu-irekitzeari buruzko kudeaketaren txostena, 1963, sign. D2-0146-038..

San Joan eleiza hau bikain txertatuta dago. 1954tik hasita -Emiliano Amann Eleizbarrutiko arkitekto barriaren eskutik- Mobimentu Modernoaren aldeko apustu argia egin eban Bizkaiko sasoiko arkitektura erlijiosoan. Eremu erlijiosoaren ohiko kontzeptua aldatu barik, edozein erreferentzia formalista alde batera iztea bilatu zan, abstrakzinoa egitura eta materialen -funtsezkoena, hormigoi armatua- bidez bilatuz. Eraikinek argiztapen gehiago dabe, euskarriak minimizatuz, ikuspena hobetu egiten da… Orozkoko eleiza hau urte hareetako beste hainbategaz bat dator: Aranguren, Zallan, Gallarta, Abanton, Derioko seminarioko kapera nagusia…4PEREZ DE LA PEÑA OLEAGA, 2004, 229-265 or.

Tenplua sagaratu eta berehala gertatu zan garrantzitsutzat jo geinken aldaketa bakarra: 1965aren amaieran, Leonardo Orbe Arrien parrokoak “autorización para adelantar la mesa del altar mayor para la celebración de la misa cara al pueblo” eskatu eban –proposamenaren planoa aurkeztuz– Vatikano II.a Kontzilioaren jarraibide barrien harrerari aurrea hartuz5ACOB-KBGA, Orozkoko Zubiaurreko San Joan Bateatzailea parrokia eleizan altara nagusia aurreratzeko eta sagrarioa beste leku baten ipinteko lanei buruzko txostena, 1965-1966, sign. D20146- 042..

1.BFAH-AHFB, Enpresak, Arte-beirateak, sign. Vidrieras 0460.

2. ACOB-KBGA, Orozkoko Zubiaurreko San Joan Bateatzailea parrokia eleiza barriaren eraikuntzari buruzko lanen txostena, 1953-1956, sign. D2-0146/034.

3. ACOB-KBGA, Orozkoko Zubiaurreko San Joan Bateatzailea parrokia eleiza barriaren eraikuntzari buruzko lanen txostena, 1953-1956, sign. D2-0146/034; Orozkoko Zubiaurreko San Joan Bateatzailea parrokia eleiza barriaren eraikuntzarako lanak ordaintzeko kreditu-irekitzeari buruzko kudeaketaren txostena, 1963, sign. D2-0146-038.

4. PEREZ DE LA PEÑA OLEAGA, 2004, 229-265 or.

PEREZ DE LA PEÑA OLEAGA, Gorka. Bizkaiko eliz arkitektura garaikidea. 1865-1975. Erromantizismotik Mugimendu Modernora / Arquitectura religiosa contemporánea en Bizkaia. 1865-1975. Del Romanticismo al Movimiento Moderno. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia / Museo Diocesano de Arte Sacro, 2004.

5. ACOB-KBGA, Orozkoko Zubiaurreko San Joan Bateatzailea parrokia eleizan altara nagusia aurreratzeko eta sagrarioa beste leku baten ipinteko lanei buruzko txostena, 1965-1966, sign. D20146- 042.

ALTZARIAK

Kultua Dulumanetik Zubiaurrera lekualdatzean, parrokia zaharreko altzarien zati bat be lekualdatu egin eben. Horregaitik, tenplu honetan, antxinako gauzak eta bere kronologiari dagokiozan barriak nahastatzen ditu.

Eskultura

 

San Joan Bateatzailea [16] (126 x 51 x 38). Egur polikromatua. Trazu argiak dituan irudia da, gorputz mardula dau eta anatomia apur bat puztuta, bekoskoduna, tolestura malgua daben tunika eta soingainekoagaz. Erromanista, XVI. gizaldiaren amaierakoa. Juan De Valoisek moldatu eta azken ikutuak emon eutsazan 1764an eta 1851an barriro polikromatu eben6AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, Kontuak eta bisitak 1760-1827, sign. 2971/001-00; Kontuak eta bisitak 1828-1882, sign. 2971/002-00..

San Migel [17] (86 x 36 x 23). Egur polikromatua. Santua ageri da, burua, beso bat eta beste hainbat osagai falta jakozan deabrua zapaltzen. Eskultura zakar samarra da eta jantziak hanpatuak. Egoera txarrean dago. Barrokoa, XVII. gizaldikoa.

Kristo kurutziltzatua [18] (68 x 48 x 13, con cruz 119,5 x 59 x 5,5). Egur polikromatua. Kurutzean josita dagoan Kristoren irudia, anatomia egokiagaz, bizar eta ule mardulakaz eta gerripekoa eskuman korapilatuta, apur bat zintzilikaria eta tolestura zurrun samarrakaz. Barroko klasizista, XVII. gizaldiaren hasierakoa.

Santa liburuagaz [19] (113 x 58 x 36). Egurra pintzelez polikromatuta. Zutik dagoan emakume ezezagunaren eskultura. Egikera fina, neurriko kanonagaz, aurpegiera eztia, ule kizkurra eta jantzi koskatsuak behealdean. Liburuari eusten deutso esku batez, eta liburuaren hegalean “Dilexit mundum…”, Juan 3:16 txatalari dagokion (Sic Deus Dilexit Mundum, Holan maite izan eban Jainkoak mundua) idazkun erdi ezabatua irakurri daiteke. Barroko klasizistaren ezaugarriak dituan kalitatezko pieza, XVII. gizaldiaren bigarren herenekoa.

Kristo zutabera lotuta [20] (161 x 62 x 44). Egur polikromatua. Eskulturak anatomia klasiko eta arteza dau, bihurtuta, atsekabetutako aurpegieragaz; gerripekoa zabala da, mehetutako eta arin uhindutako oihalaz eginda7ZORROZUA SANTISTEBAN, 2001, 134. or..

San Anton [21] (118 x 57 x 36 idulkiagaz). Egur polikromatua. Kalitate nabarmena dauan eskultura, kanon lirainekoa, irudi neurritsua, aurpegia mehetuta dauka eta txunditu samar; jantziak zuen jausten dira bertikaltasuna areagotuz. Ohikoa danez, txarrikumea dauka ondoan, multzoan zakarrena. Neoklasikoa, XIX. gizaldikoa. Seguruenik oraingo parrokiatik ehun metro eskasera egoan eta orain desagertuta dagoan bere izenpeko ermitatik etorritakoa izango da.

Doloretako Ama [22] (142 x 57 x 40). Egur polikromatua. Jantzi-irudia, soila eta hunkipena bilatu eta lortzen ez dauan aurpegiera baldarraz. Neoklasiko berantiarrekoa, XIX. gizaldiaren amaierakoa.

San Joan [23]. Egur polikromatua. Jantzi-irudia, nahiko ondo landutako aurpegi eta ulajeaz eta gustu oneko polikromiagaz. Neoklasiko berantiarrekoa, XIX. gizaldiaren amaierakoa.

Sortze Garbia [24] (168 x 59 x 48). Egur polikromatua. Jantzi-irudia, eskultura fina, mehetutako kanona, aurpegiera eta esku finakaz. Lurbiraren gainean dago eta hortik sugea ataraten da. Neoklasiko berantiarrekoa, XIX. gizaldiaren amaierakoa.

Margolana eta lan grafikoa

 

San Joan basamortuan predikatzen [25] (247 x 337, 291,5 x 381 markoagaz). Orio-pintura mihisearen gainean. Agerraldiko protagonista, San Joan Bateatzailea da eta berau, tontor txiki baten gainean nabarmentzen da, inguruko jentetzaren aurrean sermoia egiten dauan bitartean. Antolaketa, trinkoa da, pertsonaia batzuk zutik dagoz eta beste batzuk, aurre-aurrean jesarrita eta lepoa emonda, molde dotore samarretan. Dotoreak dira, baita be, oihal ederrez egindako jantziak eta orrazkera eta burukoren bat edo beste, guztia XVII. gizaldiaren bereizgarri. Margolanean, marrazkiak esku ona agertzen dau, oraindik manieristak diran formuletan sustraitutakoa, eta paleta bizi-bizia (denporaren buruan pilatutako zikinkeriak ezkutatzen ez dauana). Sasoiko markoa dauka, profil konbexua dauana, urre-kolorekoa landutako akanto-hostoen segidan. Artelan hau nahiko handia da eta seguruenik 1686an, Nicolas Bustrin bilbotar margolaria “tomar las medidas del nicho de sobre el altar mayor [Dulumaneko San Joan eleizakoa] de una pintura que se espera de Flandes de quenta del patrón de dicha iglesia”8AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, Kontuak eta bisitak 1657-1714, sign. 2970/003-00.. arduratu zanean aitatzen dana izango da. Estilo, formatu eta egikeraren arabera, Muruetako San Pedro eleizan zintzilikatuta dagoan Eukaristiaren sorrera edo Jesus San Pedrori giltzak eskura emoten margolanagaz batera heldu eitekean.

Aitatu doguz tenpluko beirateak. Beruneztatutako beira. ‘Vidrieras de Arte’ etxeak 1961-1962an eginda, nabean eta pinoian motibo eskematikoak eta kristau ikurrak (kurutzeak [9] [11], aingurak, arrainak) dabez [10]. Burualdean bakarrik agertzen dira irudiak, geometrikoak badira be. Bertan, batzuetan diagonalez sendotutako simetria-ardatz zentraletatik garatutako konposizinoek San Joan Bateatzailea tenpluko titularraren pasarte nagusiak kontatzen dabez kolore bizi eta kontrastatuakaz. Zoritxarrez, horreetako bakarraren zirriborroa gordeten da [12], santuaren martiritza irudikatzen dauana, tenplua diseinatu eban Hilario Apraiz arkitektoarena. Gainerakoak be bereak izan daitekez.

Metalak

 

Kanpaia [26] (82 x 107). Brontzea. Erromatarra. 1737. Idazkuna dauka: AVE MARIA GRATIA PLENA / INMORTALIS MISERARE DOBIS SANTA DEOS Y SANTE ORTIS SANTE…9BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 150-151 or.

San Joseren kanpaia [27] (53 x 68). Brontzea. Mistoa. Idazkuna dauka: IHS MARIA IOSEPH10Ibid..

Apaingarriak

 

Soingainekoa [28], kasulla [29], dalmatika [30], sorbaldarako jantziagaz eta estola bi. Zeta. Izokin-kolorean lorez txipiztinduz landutako zetan jositako multzoa. Uhin-zerrendak daukiez goitik behera, lore-multzo dinak inguratzen dabezan parpailak imitatuz, eta zerrenda horreen kanpotik adar- eta hosto-sortak dagoz berde eta horian, eta honeekaz batera lore gorri, urdin eta gorri-hori handiagoak, urre-koloreko hariakaz batera. Barrokoa, XVIII. gizaldiaren bigarren herenekoa.

Beste elementu batzuk

 

Bateoarria [31] (83 x ø102). Hareharria. Esferaerdikoa zilindro-formako fustearen eta ertz-babeserako bolentzako? harroinaren gainean. XVI. gizaldiko eredu errenazentistei jarraitzen deutse, baina oso hedatutako pieza izateaz gainera, gatxa da data jartea.

Interes etnografikoa daben osagaiak

 

Karmeneko Ama Birjinaren etxeko kutxa [32]. Egurra, beira eta orea. Erakustokia ate bikotxagaz eta fabrikazino industrialeko Ama Birjinaren irudia jasoten dauan frontoi lerromakur tolesgarriagaz. XX. gizaldiko 70eko hamarkadaren hasierara arte, astero eroaten eben etxez etxe gurtu eien.

Elizbarrutiko gordailuan zaindutako elementuak (Urregintza-lanak)

 

Kaliza [33]  (19,4 x ø14,3 x ø9). Zidarra, gainetik urre-kolorea emonda. Oinarri biribila dau, nahko zapala; Golgotaren gainean Kurutziltzatua dauka grabatuta, helduleku koskatsua sagar-korapilo zanpatuagaz eta lau petalodun loreak dabezan -eta noizbait esmalteaz- ‘losange’ edo erronboentzako guneakaz; kopa leuna kopa azpia bereizten dauan molduragaz. Marka bakoa. Gotikoa, 1500 ingurukoa.

Koroa [34] (12,5 x ø11,6 x ø10,5). Zidarra bere kolorean. Formatu txikia eta inguru obalatua; perpendikularki kurutzatzen diran eta loreen eta hosto mamintsuen motiboak bozelduta eta landuta dabezan lau inperial ditu. Zidarrezko loretxo erako lau torlojuren bidez lotzen dira saskira, eta uztaiaren zati honen apainketa inperialen antzekoa da, landare-pinportak inguratzen dabezan “ce” dalakoez. Puntzoi barik. Barroko klasizista, XVII. gizaldiaren bigarren herena.

San Antolin eta Santa Maria ermitan itzitako osagaiak

 

Pietatea [35] (120 x 53 x 28). Egur polikromatua. Gotikoaren amaieran guztiz hedatuta egoan ereduari jarraitzen deutsan antolaketa bertikal samarra dauan eskultura da, baina kasu honetan, ez dau adierazkortasun handirik eta anatomia zurrun samarra dauka, batez be Kristoren irudian. Gotiko Berantiareko pieza da, 1520-1530ekoa11MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 293. or. Atzean, idazkuna dauka: Valois 1776. Honen arabera, Juan de Valoisek polikromatu eban, besteak beste kolaz itsatsitako oihalez baliatuz eta, beharbada, burua osorik barriztatuz (kristalezko begiak eta malkoak behintzat bereak dira).

JMGC – RCL

6. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, Kontuak eta bisitak 1760-1827, sign. 2971/001-00; Kontuak eta bisitak 1828-1882, sign. 2971/002-00.

7. ZORROZUA SANTISTEBAN, 2001, 134. or.

ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. Aste Santuko pauso eta irudian Bizkaian / Pasos e imágenes de Semana Santa en Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia – Kultura Saila / Diputación Foral de Bizkaia – Departamento de Cultura, 2001.

8. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, Kontuak eta bisitak 1657-1714, sign. 2970/003-00.

9. BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 150-151 or.

BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.), MOLINUEVO ZABALLA, María, eta ROMANO VALLEJO, María. Bizkaiko kanpaiak / Campanas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia – Kultura Sailak / Diputación Foral de Bizkaia – Departamento de Cultura, 2005. (Inbentarioak bilduma / Colección Inventarios, 12. zenb.). Eskuragarri hemen https://www.bizkaia.eus/Kultura/kanpaiak/bilatu.asp?idioma=e

10. Ibid.

11. MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 293. or.

MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Flandesko isladak. Gotiko berantiarreko eskultura higigarria Bizkaian. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia, 2011.