SAN JOAN BATEATZAILEA ERMITA

(Andra Mariaren Zeruratzea parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Igorre | Egia auzoa

i

Folletoa

Egia auzoa 41, 48140

p.andramari.igorre@bizkeliza.org

ERAIKINA [1] [2]

Bide-ertzean dagoan kuruztokia da. Tamaina txikiko oinplano errektangularra dauka [3], hiru horma-ataleko burualde poligonalean amaituta [4] [5], hau da, finkatuta dagoan lursailaren irregulartasunari egokitutako antolamenduagaz.

Hormarri irregularrez moldatuta dagoz hormak, bistan tenpluaren barrualdera zein kanpoaldera. Ertzetan kareharrizko harlandua erabili da atzealdean eta hareharrizkoa aurrealdean eraikina sendotzeko [6], eta sarbidea eta eleizpeko zutabeak hareharrizkoak dira.

Barruko zoladura, lauzadura da. Aurretik egoan lauzadura estaltzen dau, baina lehengo hori dago maila biren bidez altxatzen dan altara-aldean. [7].

Barrualdera, multzoa burualdean buru-hormaren morfologia poligonalera egokitzen diran isurialde biko goihabe-egituraz estaltzen da [8]. Hormak txarrantxez sendotzeko, hiru tirante jarri dira goihabeari eusten deutsen pendoloiakaz.

Kanpoaldera, teilatua oinaldera luzatzen da eleizpea estaltzeko, isurialde triangeluarra gehituz.[9].

Sarbidea, tenpluaren oinaldean dago [10]. Apur bat jatsitako erdi-puntu zabala da eta eta dobelak errematatzeko moldurak ditu bozel laurdenean eta listeletan [11]. Arkua apainketa konkabo-konbexua eta oeste listel batzuk janben gainean, honeen ertzetan hari-antzeko formagaz. Barruko ebakiduran, moldura okertu egiten da, belarri-forma hartuz eta honen espazioan lorearen erliebea txertatuta dago [12]. Hutsartea landare-motibodun leihoburuak bereizitako erregistro bitan antolatutako egurrezko aurre-ateaz ixten da. Goiko erregistroa, erradial erakoa [13], grabatutako erroseta eta kiribilez apaindutako egurrezko zirkuluerditik ataraten diran kontrajarritako udare haga eta uztaiez babestuta dago. Beheko erregistroak [14] hartzen dau, eta hareharrizko harlanduzko hormatxoaren gainean dagozan barrote biribildun aurre-atea dauka. Erdiko habean plaka metalikoa agertzen da (1976an jarritakoa), idazkun honegaz: URTEA / 1723. Sarrerako hutsunearen alboetan, disko bi dagoz soka lodiz apainduta eta kurutzeagaz [15]. Hegoaldeko alboko diskoaren azpian, “Ereño” erako marmol gorrizko urbedeinkatu-ontzia dago, forma erraboiltsuez landuta gailoidun kikaran eta ertz biribilduagaz.

Argia, portada zabal horretatik sartzen da eta baita iparraldeko eta hegoaldeko hormetan era simetrikoan urratutako lau hutsarte estutatik be: bi burualdean [16] eta beste bi nabearen bigarren atalean [17]. Leiho-burua dabe eta laprandura bai kanpoaldera eta bai barrualdera be. Baina ez dagoz harlanduz mugatuta, beraz, hasierako arkitektura-egitasmoaren barruan ez egozala eta beranduago gehitu zirala emoten dau.

Oinaldean dago eleizpea [18], tenplua baino apur bat estuagoa. Hiru isurialdeko estalkia dauan eremua da, egurrezko egitura hori sei euste-puntutan bermatzen dalarik: oinarri zuzen bi besoakaz tenplutik hurran, euskarri bakun bi aurrealdean kanpaiaren egiturari eutsiz, eta hareharrizko doriar zutabe bi, bardinduta, dagokiezan oinarri eta kapitelakaz kanpoko ertzetan[19]. Sei bermeok, igarobidea ahalbidetzeko aurrealdera eta albora zabalik dagoan harrizko hormatxoaren gainean dagoz [20]. Eremu honetako zoruan harlauzak dagoz.

1531eko data daben agiriak dagoz San Joan ermitari buruz; orduan, Carlos I.a erregeak ermitaren gaineko patronatua berretsi eutson Anton Bediari. Baina 1709an, tenbplu barria eraikitzeko baimena emon zan -beste zein lekutan zehaztuz-, lanak 1723ra arte atzeratu ziran arren1LARREA BEOBIDE, 1993a, 142-143 .

Baina, gizaldi erdi ingururen buruan, 1777an, eraikin honen egoera txarra salatu zan:

“amenazando ruina esta se halla abandonada desde la abolición de los diezmos que percibía de la propiedad del vínculo de Eguia cuyo poseedor se titulaba patrón de Eguia llevador de diezmos de dicho vinculo que existían por la parte de dicha vecindad y la mitad del diezmo de otras varias casas, pero se advierte que la otra mitad y la primicia percibían el cabildo y la yglesia matriz con arreglo a concordia”2AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea - Igorre, Pedro Garay Artabe abadearen eta Igorreko kabildoaren arteko auzia parrokiako sakristiako kapilautzaren jabetza zala-eta, 1777, 3364/002-00 sign..

XVIII-XIX gizaldietan, ohiko bihurtu ziran mantentze-lanak eta 1906an, parrokoak ermitaren egoera eskasaz ohartarazo eban:

“casi inhabilitada para celebrar, las paredes completamente destrozadas, una mesa de pared mampostería de ningún gusto, y la efigie del santo y retablo, en iguales condiciones”3AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea - Igorre, Kontuak eta parrokian gertatutakoaren datuak, 1902-1936, 3358/002-00 sign..

Orduan, konponketak egin ziran eta tenplua “no como debía ser un santuario, pero sí decente” geratu zan.

Ermitaren azken barriztapena 1976an izan zan4LARREA BEOBIDE, 1993a, 142-143 or..

ALTZARIAK

Erretaulak

 

Erretaula [21]. Egur polikromatua. Antolaketa soil, garbi eta geometrikoa dauan altzaria, simetria zorrotza dauana. Mahaiaren gainean bermatuta dago eta bankua, pisua eta teilatupea daukaz.

Mahaia [22] idulki molduratuan bermatzen da, profil zuzenekoa da, erdialdera ereinotzez inguratutako apaingarri biribila dauka eta honen barruan landare-pinportak, tartean azao hirukote zuzenak. Apaingarri biribilaren alboetan, eskema errektangularreko eremu molduratu eta beheratuak. Eta apur bat urtenda dagozan hegaletan, multzo bana, kasetoi molduratu bertikalak eta goian lore handiak dabezala. Gero bankua dator, geometria leun eta molduratuen apainketa beragaz, and atean Bildots Mistikoa marraztuta daukan sagrarioa erdian.

Pisua [23] da multzo nagusia; erdi-puntuko teilapea dauka, ordena klasikoko zutabe leunak eta atzera emondako pilastrak apaindura bako inguru molduratuakaz.

Maila hau errematatzeko, urre-koloreko taulamendu koskatua dago, eta beronen gainetan teilatupea [24]. Triangelu-formako frontoia da, oinarrian molduratutakoa eta koskakaz alboetan; Kristo kurutziltzatua barne hartzen dau.

Multzoaren polikromia guztiz uniformea da, marmol berde eta gris itxurako koloreakaz eta urre-koloreko ikutuakaz. Arkitektura eta polikromia garaikideak dira, estilo neoklasikokoak, XIX. gizaldiaren hasierakoak.

Titularra, San Joan Bateatzailea da [25], zutik dagoan santuaren eskultura polikromatua; gamelu-narruz jantzita dago, hau da, basamortuko erretiroan erabilitako jantziaz, eta gainjantzia be badauka sorbaldetako bat estaliz. Liburuari eusten deutso eta honen gainean Pazko Bildotsa edo Agnus Dei dago, eta beste eskuan kurutze-forma daukan eta ECCE AGNUS DEI jartzen dauan banderatxoa daukan labaruari oratzen deutso. Neurri egokidun irudia da, naturalista, modelaketa anatomiko zuzena dauka, zabal antzekoa. Aurpegiera zorrotza dauka, estatikoa, ez dramatikoa. Erropak lez, tolestura zabalekoak eta ertz nabarmen bakoak, zelanbaiteko astuntasuna erakutsiz. Polikromia leuna da, eta ez da jatorrizkoa. Deskribatutako ezaugarrien arabera, hemengo tailer baten egindakoa emoten dau, XIX. gizaldiaren hasierakoa, erretaula lez.

Bere aldetik, frontoian dagoan Kristo kurutziltzatua [26] azkoz zakarragoa da. Asko mehetutako anatomia dauka eta besoak eta hankak neurriz kanpokoak dira; ez dauka adierazkortasunik. Erretaularen garaikidea izan daiteke, baina hain da traketsa ze gatxa da kronologia zehaztea.

Metalak<

 

Kanpaia [27]. Brontzea. Ezkiladuna. Apaindura eta galdatzailearen marka bakoa. XIX-XX gizaldikoa.

Txilina [28]. Metala eta egurra. Heldulekua egurrezkoa da, biribildu eta leuna, eta eskutoki zanpatuan amaitzen da. Txilinak berak ez dau ez apaingarririk ez moldurarik, eta alde handia dauka, hau da, oso txikia da heldulekuagaz alderatuz. XX. gizaldia.

Argimutilak (2) [29]. Letoia. Ertzetako erpe txikien gainean triangelu-formako oinarria dauan argimutil parea. Heldulekua profil biribildukoa da, konkabo-konbexua eta zilindro-forma gehiagoko silueta eta uztai batzuk dituan bizgailuan amaitzen dira. Klasizismoko ereduak dakarrez gogora, baina XIX-XX gizaldikoak dira.

Beste osagai batzuk

 

Aurre-atea [10]. Egurra. Aurre-ate honek barrote biribilduak ditu, osagai biribildu eta eraztudunakaz. Ateburuak bereizitako erregistro bitan banatzen da. Beheko erregistroa sarbideko atearen ondoan dago eta goikoa erradial erara zabaltzen da abanikoan tinpanoan, haga biribilduakaz, udare-formakoakaz eta eraztundunak. Ateburua dauka uhin-garapenean landutako hostoez eta bere gainean egurrezko zirkuluerdi txikia grabatutako erroseta eta kiribilez apainduta. Ateburuaren gainean, plaka dago URTEA / 1723 idazkunagaz, 1976an jarri bazan be. Aurre-ateak XVII. gizaldiko ereduei jarraitzen deutse, baina badakigu 1906an “enverjado nuevo de madera” ipini zana aurrealdean, eta eredu barrokoak kopiatzen dituan arren, kronologia bat dator piezagaz5AHEB-BEHA, La Asunción de Nuestra Señora - Igorre, Cuentas y otros datos de lo ocurrido en la parroquia, 1902-1936, sign. 3358/002-00..

JMGC - MRV - RCL

Juan Manuel González Cembellín- María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. LARREA BEOBIDE, 1993a, 142-143
LARREA BEOBIDE, Angel. Igorre. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1994 (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
2. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Pedro Garay Artabe abadearen eta Igorreko kabildoaren arteko auzia parrokiako sakristiako kapilautzaren jabetza zala-eta, 1777, 3364/002-00 sign.
3. AHEB-BEHA, Andra Mariaren Zeruratzea – Igorre, Kontuak eta parrokian gertatutakoaren datuak, 1902-1936, 3358/002-00 sign.
4. LARREA BEOBIDE, 1993a, 142-143 or.
LARREA BEOBIDE, Angel. Igorre. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1994 (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
5. AHEB-BEHA, La Asunción de Nuestra Señora – Igorre, Cuentas y otros datos de lo ocurrido en la parroquia, 1902-1936, sign. 3358/002-00.