SAN LORENTZO MARTIRIAREN ELEIZEA

Nerbioi Garaia

\

Orozko | Urigoiti auzoa

i

Laburpena (PDF)

Urigoiti z.g. (48410)

p.sanlorenzo.orozko@bizkeliza.org

ERAIKINA [1]

Auzoko leku garaienean dago kokatuta, eta Lekandako hatxak daukaz atzeko aldean. Eraikinaren oinplanoa [2] kurutze formakoa da, eta habearteak burualde artezean luzatutako hiru tarte daukaz. Burualdeak tarteek besteko zabalerea dauka, baina, bitxia bada be, hareek baino sakonagoa da. Lehenengo segmentuari beso labur bi erantsi jakozanez, kurutzadurea sortzen da (nahi-ta hegoaldeko besoan ia-ia leku osoa beteten dauen harrizko autorlekua eregi dan). Eleizpea oinaldean hedatzen zan, hegoaldera begira egoan, baina alde horretatik zarratu egin da sakristia bihurtzeko. Jatorrizko sakristia, barriz, biltegi txikia da gaur egun, eta kanpotik baino ez dago bertan sartzerik. Iparraldean, eleizpearen zati bat eta antxinako bataiategia xurgatu ostean, areto parrokiala [3] eregi zan 1954an.

Bolumena [4]  nahasia da eransketa horreen ondorioz, nahi-ta oraindino barruko aldea [5] [6] bakuna eta garbia dan.

Bere aparejua [7] harlangaitzezkoa da, eta forma zein tamainu irregularrekoa da. Kareharrizkoa da gehienbat, eta hareharrizko harlanduak daukaz kantoietan. Ia-ia inguru osoan, materiala ebagita dagoala ikusten danez, agirikoa da hormak handitu egin zirala 1832-1839an eraikinean bertan egindako zaharbarrikuntzan. Harginlanak hobera egiten dau oinaldean. Barruko aldean [8], barriz, harlanduxko landuagoa da; eta, kanpoko aldean, kareharrizko harlandu sendoa [9]. Hain zuzen be, zokalotxotik abiau eta kanpantorrera ailegetan da. Aparejua begi bistan dago, barruko aldean karetuta dagozan gangetan izan ezean.

Presbiterioan, pare bat horma-hobi dagoz. Bata iparraldean dago zulotuta [10], lauangeluarra da eta beheratutako ertzak daukaz atearen marko moduan erabilteko. Artxiboa izango zan seguruenik. Bestea, burualdekoa, oraintsuko zuloa da, eta Kristo Kurutziltzatuaren irudia dago bertan.

Horrezaz gainera, gaur egun zarratuta dagozan igarobide biren aztarnak igarten dira. Bata absidearen [11] hegoaldean dago, eta antxinako sakristiagaz egongo zan komunikauta. Bestea bataiategira joateko lehenengo tartearen iparraldean dago, baina atxikitako areto parrokiala eregitean desagertu zan.

Zorua egurrezkoa da habeartean. Maila batzuk gorago dagoan presbiterioko zorua [10], barriz, hareharrizko harlanduzkoa da, eta gorago be badagozan kurutzadurearen besoak [12] marrazkiak eratzen dauzan eta harlanduzko azpaldurak daukazan enkatxozkoak dira. Hori guztia 1954an egindako beste zaharbarrikuntza baten emoitzea da.

Erdi-kainoiko gangen [5] bidez dago estalduta, eta habearteko nahiz besoetako parpain-arkuen bitartez dagoz partzelauta, hirugarren tartean izan ezean, azken horrek begi bistan dagoan sabai aizuna dauka-ta. Kanpai-gelako zorua da, hain zuzen be.

Parpain-arkuetako euskarriak pilastrak [13] dira, eta oinalde-zokalo bakuna daukie, baita zarpiatua kendu deutsienez gaur egun oso-osorik edozelan dagoan inposta-kapitela be. Beheko tartean, egurrezko mentsula batzuek sabai aizuna finkatzen daben jabaloi luzeei eusten deutsee.

Estalgia [14] isurialde biko teilatu bakuna da.

Argitasuna sasoi desbardinetakoak diran leihoen moltso irregularrean zehar sartzen da. Hegoaldean, burualdekoa oso-oso aldatuta dago, baina emoten dau beste biek [15] [16] euren jatorrizko itxureari eutsi deutsiela: leihoburudunak, kanpoko harlandua eta barruko harlangaitzea. Are interesgarriagoa da oinaldean, ardatzean, dagoan idi-begia [17]; profil ahurra dauka eta angeluan zulotutako molduren artean dago. Burualdeko gezi-leihoa, batez be: oso berreginda dago barruko aldetik [18]. Kanpoko aldean [19], ostera, bolatxoen txortarako biribildutako ertzak daukazan bao zorrotza dago, eta, horrezaz gainera, bolatxook errepikau egiten dira pare bat arteka daukazan hauts-babesean. Dan-dana urre-koloreko hareharrizkoa da. Bao1BARAÑANO LETAMENDIA eta GONZÁLEZ DE DURANA ISUSI, 1983, 128. or. LÓPEZ DOMECH, 1985, 48. or.BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. liburukia, 456.-457. or. GARCÍA GUINEA eta PÉREZ GONZÁLEZ, 2011, 3. liburukia, 1275.-1276. or.hori erromanikoa dala adierazo bada be, egia da errenazimentura ailegetakotan dagozan beranduko gotikoko ereduetatik hurbilago dagoala, antza.

Sarrera bi daukaz. Edegigarria oinaldean [20] dago, erdiratuta. Dobela-ateburua dauka, baita orpoak bere horretan daukazan laprandurako tunel eskartzanoa be. Alboan, urbedeinkatu-ontzia [21] dago, batzuetan pikauta dagozan eta beste batzuetan lisoak diran troxetan dago moldurauta eta, gainean, erdiratu barik, Golgotaren gainean kokatutako kurutze bakundua dago.

Beste sarrerea, hegoaldekoa, gaur eguneko sakristiarako [22] igarobidea da. Bigarren eta hirugarren tarteen artean dago zabalik, hiru dobela erradial handi baino ez daukazan arku zorrotza da, eta, barriro be, barrualde eskartzanoa eta bere orpoak [23] daukaz.

Eleizeak egurrezko korua euki eban, baina orain dala mende erdi baino gehiago desegin eben.

Gaur eguneko sakristia leku bakuna da, 1954an eregi zan eta eleizpearen zati bat hartzen dau. Lauangeluarra da, egurrezko teilatua dauka, leihoburudun pare bat leiho daukaz eta sabaiganea be badauka. Aurretiaz, beste sakristia bat be egon zan, eta burualdetik sartzen zan bertara. Gaur egun, barriz, biltegia baino ez da.

Kanpantorrea [24] eraikineko elementu nabariena da. Zeozelako taulamentu lisoa zehazten dauen eta gainean moldura ahur-ganbil lodia daukan inpostatik abietan da. Maila bitan dago atonduta, bao bina eta bao bana daukiez kanpaietarako eta erdi-puntuko sakonuneak plaka-kapitelaren gainean dagoz. Solairuen arteko igarobidea goiko aldean frontoi triangeluarrean errepiketan dan eta listelak, sakonuneak zein ganbiltasunak osogai daukazan erlatxak zehazten dau, eta, horren gainean, burdina landuzko kurutze haize-orratza dago kokatuta. Moltsoak pitxer formako pinakulu bitxi batzuk eta frontoiaren azpian grabautako parrillea daukaz apaingarri.

Eleizpea [25] oso txikituta dago gaur egun, sakristiak eta areto parrokialak inbadidu egin dabelako. Teilapea harburuen gainean dago oinarrituta fatxadan; eta, kanpoko aldean, hesi garaian eta alakatutako ertzak daukiezan eskoiko oinetan. Iparraldeko eta hegoaldeko fatxadetan, harburutxoak dagoz oraindokarren, eta bertatik hedatu zan beste sasoi batean.

Gordetako agiriek ez dabe lar laguntzen eraikinaren eraikuntzearen biografia ezagutzen. Orozkoko ia-ia eleiza guztien antzera, Diego Fernández de Olarteren testamentuan aitatzen da 1385ean2OJANGUREN IRALAKOA, 1999, 38. or.. Dana dala, hegoaldeko sarrereari eta abside-leihoari erreparau ezkero, argi eta garbi dago 1500. urtean-edo berregin zana. Sasoi hori, hain zuzen be, eraikuntza-jarduera bizikoa izan zan Bizkaian.

Tenplu ha ez ei zan inoiz oso baldintza onetan egon, neurri handi baten patroiak bertan behera itxi ebalako. 1723an, zehaztu bako obrak egiteko agindu eban ikuskatzaileak, baina, 1736an, barriz, honako hauxe agindu eban:

“Eleiza hori bere zimenduetatik konpondu beharra dago, kareorea txarra zanez, agirian eta oso txarto dagozalako. Horrezaz gainera, sortaldean, hegoaldera begira eta iparraldean, eleiza horretako hormek oso-oso banatuta dagozan arrakalak daukiez goitik behera. Era berean, harlangaitza lehor dagoanez eta kareorerik ez daukanez, ez dauka ezelako segurtasunik be, hamarrenak kudeatzen dauzan Belamazan markesaren administratzaileak bialdutako maisuek dinoena dinoela be. Ezinbestean, gainera, leku guztietatik dago zurkaiztuta (= eskoratuta). Edonondik begiratuta be, eleiza hau zarpaila da, eta horma eta teilatu hobeak daukiezan korta nahiz zalditegi asko eta asko dagoz. Horrezaz gainera, hain txikia eta txaparra danez, areto handia dala emoten dau3AHEB-BEHA, Orozko - Urigoiti - Zaloako San Lorentzo Martiriaren eta Andra Mariaren parrokiak, Kontuak, inbentarioak eta bisitaldiak, 1726-1812, Signaturea: 3004/004-00.

Egoera ezin txarragoan egoanez, auzia sortu zan patroiagaz. Zer egiten zan erabagi bitartean, 1741ean, eleizea “jaustekotan egoan, eta aurreko bisitaldian baino askoz be egoera txarragoan egoan”. 1746an, patroiari epaia emon eutsien, eta, horren arabera, behar zan moduan jagon behar eban tenplua. Apaingarriak eta edergarriak eskaini ebazala baino ez dakigun arren, zeozer egin behar izan zan eraikinean, gotzaintzako ikuskatzailearen hurrengo oharretan ez zalako aitatzen egoera txarrean egoanik4Ibid..

Azkenean, 1832an, behar dan moduko obrak jarri ziran abian. Antza danez, honako hauxe euki eben helburu: hormak indartzea, tenplua oinalderantz luzatzea fatxadea erantsita eta gangak jartea. Hori dala eta, hormak handitu behar izan ziran. Víctor de Zaballak, bailarako bertako bizilaguna zan lan-maisuak, fatxadea zein kanpantorrea diseinau ebazan, eta Zeberioko Juan José de Gasteluk betearazo egin ebazan. Era berean, Ignacio eta Dionisio de Landajuela, Juan de Garay eta Fernando de Iñarritu arotzek parte hartu eben, baita Antonio de Rotaeche errementari eta arotzak be. 1837an, lana amaituta baegoan be, emoten dau kanpantorrea bera ez zala 1839ra arte amaitu5Ibid, Kontuak…, 1813-1941, Signaturea: 3006/002-00..

Jarduketa horrek, hain zuzen be, gaur eguneko itxurea emon eutsan tenpluari. Ia-ia oso-osorik zaharbarritu zan, nahi-ta beranduko gotikoko elementu horreek barriro be erabili.

Geroxeago, 1885-1886an, beste obra batzuk egin ziran Pedro Luis de Bengoechea arkitektoaren proiektuaren arabera, baina ez dakigu zer egin eben zehatz-mehatz. Bestetik, 1896-1906an, “apaintzeko obrak” egin ziran José María de Basterra arkitektoaren zuzendaritzapean, baina emoten dau apaingarriak eta altzariak jartea euki ebela helburu nagusi6AHEB-BEHA, Orozko - Urigoiti - Zaloako San Lorentzo Martiriaren eta Andra Mariaren parrokiak, Kontuak, inbentarioak eta bisitaldiak, 1813-1941, Signaturea: 3006/002-00..

Behar dan moduko azken jarduketea 1954koa izan zan, areto parrokiala zein sakristia barria eregi ziranean eta eleizpea barritu zanean.

1. BARAÑANO LETAMENDIA eta GONZÁLEZ DE DURANA ISUSI, 1983, 128. or.

BARAÑANO LETAMENDIA, Kosme María, eta GONZÁLEZ DE DURANA ISUSI, Francisco Javier. “Acerca del arte románico en San Agustín de Etxebarria (Elorrio), Sta. María de Galdacano y de Vizcaya en general”. In Kobie (Arte Ederrak seriea). Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1983, 1. zk., 65.-136. or. Hemen dago eskuragarri: https://www.bizkaia.eus/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/4/Kobie_1_Bellas_artes_ACERCA%20DEL%20ARTE%20ROMANICO%20EN%20SAN%20AGUSTIN%20DE%20ETXEBAR.pdf.

LÓPEZ DOMECH, 1985, 48. or.

LÓPEZ DOMECH, Ramón. El románico en Vizcaya. Bilbo: Bilbao Bizkaia Kutxa, 1985. (Temas vizcaínos bildumea, 129. zk.).

BARRIO LOZA, 1989-1991, 1. liburukia, 456.-457. or.

BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.). Bizkaia. Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea – Deiker / Bizkaiko Foru Aldundia. Hirigintza eta Ingurumena, 1989-1991, 3 liburuki.

GARCÍA GUINEA eta PÉREZ GONZÁLEZ, 2011, 3. liburukia, 1275.-1276. or.

GARCÍA GUINEA, Miguel Ángel, eta PÉREZ GONZÁLEZ, José María (zuz.). Euskal Erromanikoaren Entziklopedia / Enciclopedia del Románico en el País Vasco. Aguilar de Campoo: Santa María La Real Fundazinoa – Erromanikoko Ikaskuntzen Zentroa, 2011, 3 liburuki.

2. OJANGUREN IRALAKOA, 1999, 38. or.

OJANGUREN IRALAKOA, Pedromari. Orozko en la Baja Edad Media. Bilbo: Idazlearen edizinoa, 1999.

3. AHEB-BEHA, Orozko – Urigoiti – Zaloako San Lorentzo Martiriaren eta Andra Mariaren parrokiak, Kontuak, inbentarioak eta bisitaldiak, 1726-1812, Signaturea: 3004/004-00

4. Ibid.

5. Ibid, Kontuak…, 1813-1941, Signaturea: 3006/002-00.

CONDE FUENTE, 1997, 228. or.

CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

6. AHEB-BEHA, Orozko – Urigoiti – Zaloako San Lorentzo Martiriaren eta Andra Mariaren parrokiak, Kontuak, inbentarioak eta bisitaldiak, 1813-1941, Signaturea: 3006/002-00.

ALTZARIAK

Zoritxarrez, erretaula nagusia eta bere sagrarioa desagertu dira, besteak beste. 1582an, Domingo eta Juan de Uribarrik egin ebezan, eta irudigilea zein zizelkaria ziran, hurrenez hurren. Era berean, ez da gorde data horretan bertan be egin zan santu titularra7Ibid., Era askotako paperak 14-03..

Eskulturea

 

Errosarioko Andra Maria [26] (66 x 33 x 33). Egur polikromauzkoa. Irudian, Andra Maria agertzen da zutunik dagoan Umeagaz. Andra Mariak koroia daroa, eta oihal zabal-zabalak daukaz soinean. Umea, ordea, biluzik dago. Irudiek oso adierazkorrak ez diran arpegikune gogorrak daukiez. Ondo jagonda dagoz. Erromanistea da, XVI. mendearen amaierakoa.

San Lorentzo [27] (154 x 64 x 44). Egur polikromauzkoa. Lanketa ona da. Neurri zuzenak daukaz, eta jatorri akademiko nahiz tradizionalekoa da. Hurrengo biakaz batera erosi zan 1896. eta 1906. urteen artean, José María Basterra8AHEB-BEHA, Orozko - Urigoiti - Zaloako San Lorentzo Martiriaren eta Andra Mariaren parrokiak, Kontuak, inbentarioak eta bisitaldiak, 1839-1964, Signaturea: 3008/001-00. arkitektoak tenplua apaintzeko zuzendu ebazan obrak egin ziranean.

San Antonio Paduakoa [28] (128 x 51 x 50). Egur polikromauzkoa. Irudian, santua zutunik agertzen da, eta nahikoa handia dan Umea daroa besoetan, ezkerretara, ohikoa dan lez. Lanketea eta polikromia kalidadekoak dira.

San Jose eta Umea [29] (112 x 38 x 27). Egur polikromauzkoa. Irudian, santua zutunik agertzen da, arpegikune bakartua dauka eta Umea daroa besoetan. Aurrekoen antzera, teknikearen aldetik ondo gauzatuta dagozan prototipo akademizisten arabera eginda dago, erakustaldi estetiko edo plastiko barik, eta oso egokiak dira XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran nagusi zan estiloa kontuan hartuta.

Metalezko gauzak

 

Oteun-ontzia [30] (25,5 x ø12,4 x ø10,7). Zidar-koloreko metalezkoa. Oin biribila dauka, eta loratxuen txortea dauka apaingarri, zinta uhinduen, moldura ildaskatuaren eta gubildun lora zein hosto gehiagoren artean. Ostean, arrautza-formako korapiloa dauka, eta antzeko apaingarriak daroaz, baita goiko aldean torre-formakoa dan estalgia eta kurutzea daukazan kutxa hemisferiko lisoa be. XIX. mendearen amaierakoa da.

Kanpantorreko kanpaia [31] (35 x ø40). Brontzezkoa. Ezkiladuna9BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 150.-151. or..

Kanpantorreko kanpaia [32] (50 x ø60). Brontzezkoa. Ezkiladuna. Inskripzinoa daroa: ORA PRO NOBIS / ANTONIO DE LA HOIA EGILEA. 1825 ingurukoa10Ibid..

Oinaldeko ateen burdineria [33]. Landutako burdina. XIX. Gizaldiko zumitz metalikoak.

Oinaldeko idi-begiaren burdin sarea [17]. Landutako burdina. Zitori hori-formako hagaduna.

Kurutze-haize-orratza [34]. Landutako burdina. ‘C’ez eta ispi gardunez lotutako besoduna. Eredu barrokoak dakarz gogora, baina erreformaren sasoikoa izango da, 1832-1839 ingurukoa.

Apaingarriak

 

Meza-jantziak [35] eskumuturrekoa dauka. Palma-damasko berdez eginda dago. Sedazko ehuna da, eta, era askotako apaingarriak zein formatuak daukiezan hosto eta lora handiz beteta dagoanez, argi-kontraste aberatsa sortzen da. Barrokoa da, XVIII. mendekoa.

Eleiz kapea [36]. Palma-damasko gorriz eginda dago. Sedazko ehuna da, eta formatu zabaleko landara-apaingarriak daukaz, hau da, hostoak, lorak eta erronboide formako erretikulea zein galloiak daukazan pitxerren bat. Barrokoa da, XVIII. mendekoa.

Meza-jantziak [37], eskumuturrekoa, estolea eta korporalen estalgia daukaz. Ehun landuaren kolorea ur-berdea da, eta damasko-antzeko lanak hari argiagoaz eginda dagoz. Formatu oneko lora gorri, arrosa eta hori batzuez dago txipriztinduta, eta joskerea zeozertxo dago geometrizauta, barrokoko modeloen oroigarri. XVIII.-XIX. mendeetakoa da.

Meza-jantzia [38], bi dalmatikak [39], sorbaldetarako estalgia, bi eskumuturrekoak, bi estolak, bi lepokoak, kaliza-estalgia eta korporalen estalgia. Palma-damasko baltzaz eginda dagoz. Sedazko ehunak hosto handiak, zuztarrak eta alesagarren bat daukaz apaingarri. XIX. mendekoak dira.

Beste elementu batzuk

 

Sakristiako bateoarria [40] (78 x ø81). Hareharrizkoa. Berpikauta dago, eta profil errenazentistea dauka.

Habeartearen barruko aldean, eleizpetik eroandako urbedeinkatu-ontzi handia [41] (61 x ø64). Hareharrizkoa. Kono-enbor formako profila dauka, eta 1848koa da.

Sakristiako urbedeinkatu-ontzia [42]. Harrizkoa. Oso-oso higatuta dagoan piezea da, eta emoten dau profil poligonala daukala.

Sakristiako sagrarioa [43] (51 x 46 x 24,5). Urre-koloreko egurrezkoa. Arkitektonikoa da, eta ateak Probidentziaren Begiaren erliebea dauka apaingarri izpi zuzendun argi-kinuen artean. Goiko aldean, frontoi triangeluarra dauka, eta lirdingak zein dentikuluak daukaz apaingarri. Horren osogarri, hegatsak eta landara-girnaldak daukaz alboetan. Neoklasikoa da, XIX. mendekoa.

Interes etnografikoko elementuak

 

Sakristiako kanpaitxoa [44] (18 x ø10). Brontzezkoa. Oraintsuko egurrez egindako kirtena dauka.

Sakristiako kanpaitxoa [45] (17,5 x ø6,5). Brontzezkoa. Egurrezko kirtena dauka.

Bost eleizmutilaren jantziak [46]. Gorriak. Oso-osorik dagoz, eta bere horretan daukiez parpaila-beharretan desbardinak diran bizkarrekoak zein eleizatorrak. XX. mendekoak dira.

Bost eleizmutilaren jantziak [47]. Baltzak. Ez dagoz oso ondo jagonda. XX. mendekoak dira. Aurrekoakaz batera, holako elementu gitxi egoteagaitik nabarmentzen dira.

Eleizbarrutiko gordailuan gordetako elementuak (urre-zidargintza)

 

Kalizea [48] (23 x ø16 x ø10). Zidarrezkoa da, eta kolore berori dauka, kopearen barrualdea urre-kolorekoa bada be. Beragaz bat datorren patenea [49] (ø14) dauka, eta urre-kolorekoa da. Pieza errenazentista nabaria da. Sei arloko oin lobuladua, eskuleku prismatikoa eta galloi ganbildun sagar esferiko zanpatuko korapiloa daukaz. Era berean, kopa edegia dauka, eta eskulekura soldauta dago petalodun larrosan. Patenan bertan, apaindura berbera agertzen da grabauta (1791. urteko bisitaldian, jakinarazo zan Ostiaren partikularen bat geratu ahal zala grabautako loren zirrikituen artean). Kalizeak oso narriatuta dagoan urreginaren puntzoia daroa oinean: Martín de Arrieta (M/DARIETA). Zidargile bilbotarra zan, eta XVI. mendearen erdialdeko urteetan landuko eban11CILLA LÓPEZ, 2022, 1. liburukia, 206. or., 2. liburukia, 67. zk., 3. liburukia, 19. or..

Ekisaindua [50] (36,4 x ø15,5 x ø16,2). Zidarrezkoa da, eta kolore berori dauka, erakustokia urretuta badago be. Oin biribil goratua eta korapilo periformeko eskulekua daukaz. Eguzkia, izpi zuzendun argi-kinuetan, sinbolo eukaristikoak daukazan pikorrean dago finkatuta. XVIII. mendearen erdialdeko pieza barrokoa da, eta Juan Echevarríaren 28 pesoko legaduari esker egin zan, 1852ko12Ibid., 2. liburukia, 388. zk. bisitaldian adierazo zan lez. Edozelan be, emoten dau eguzkia gerotxoago aldatu zala, XVIII. mendearen beraren amaieran-edo.

Egurrezko eta ulegurizko kutxatilea dauka.

Ostiarioa [51] (7 x ø8). Zidarrezkoa da, eta kolore berori dauka. Eukiontzi txiki lau baizen biribila dauka, kisketaren zein haxearen bidez zarratzen da, eta dingilizka eroateko uztaia dauka. Bakun-bakun apainduta dago alde bietatik. Alde baten, oso tamainu egokirik ez daukan kalizearen irudia dauka grabauta; eta, beste aldean, beso artezak zein bolak daukazan kurutzea. Barrokoa da, XVIII. mendearen amaierakoa.

Eleiz Museoan gordetako elementuak

 

Ekisaindua [52] (52 x 22,5 x 25,5). Urretutako zidarrezkoa. Oin biribila dauka. Balaustre formako eta profil bereizgarriko eskulekua dauka, pieza batzuk lekuz aldatu ziralako, eta hegodun kerubinetan amaitzen da, erakustokiari bidea emoteko. Izpiak uhinduak nahiz zuzenak dira, eta izarrak zein papu handiko burutxoak daukiez goiko aldean. Kurutzea be badago goi-goian. Ez dauka markarik, baina baleiteke 1710ean Madrilen agindu zan ekisaindua izatea: “gurtza jainkotiarra handitu eta duindu gurean, Gorpuzti eguneko prozesinoetan kalizan tafetaz estalduta eroaten zalako sagaratutako Ostia”13CILLA LÓPEZ, 2022, 1. liburukia, 303. or.; 2. liburukia, 367. zk..

Kutxatilea dauka.

JMGC – RCL

7. Ibid., Era askotako paperak 14-03.

8. AHEB-BEHA, Orozko – Urigoiti – Zaloako San Lorentzo Martiriaren eta Andra Mariaren parrokiak, Kontuak, inbentarioak eta bisitaldiak, 1839-1964, Signaturea: 3008/001-00.

9. BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 150.-151. or.

BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.), MOLINUEVO ZABALLA, María, eta ROMANO VALLEJO, María. Campanas de Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, 2005. Inbentarioak bildumea, 12. zk. Online bersinoa be badago eskuragarri: https://www.bizkaia.eus/Kultura/kanpaiak/index.asp?idioma=CA.

10. Ibid.

11. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. liburukia, 206. or., 2. liburukia, 67. zk., 3. liburukia, 19. or.

CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 liburuki. (Ondare Kulturaleko Ikerketak bildumea, 4. zk.). Hemen dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/.

Ibid., 2. liburukia, 388. zk.

CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 liburuki. (Ondare Kulturaleko Ikerketak bildumea, 4. zk.). Hemen dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/.

13. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. liburukia, 303. or.; 2. liburukia, 367. zk.

CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzako Argitalpenen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 liburuki. (Ondare Kulturaleko Ikerketak bildumea, 4. zk.). Hementxe dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/