MURTATZAKO SAN LORENTZO ERMITA

(San Joan Bateatzailea parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Bedia | Murtatza auzoa

i

Folletoa

Murtatza auzoa z.b., 48390

p.sanjuanbateatzailea.bedia@bizkeliza.org

ERAIKINA[1]

Oinplano angeluzuzeneko eraikina da [2], egitura paralelepipedokoa. Aurrean eleizpea dauka, eta hiru isurialdeko estalgi batek babesten dau [3].

Hormak [4] ageriko harlangatx irregularrez egindakoak dira, bai kanpoan eta bai barruan, eta, ohi lez, harlandua erabili eben eskantzuetan, nabearen ertzak sendotzeko.

Zoladurea [5] zementuzkoa da, eta goragune bat dauka altararen gunean, eremuen artean bereizketa egiteko.

Estalgia hiru isurikoa da [6], eta pendoloi-zertxa biren gainean bermatuta dagoan ageriko egurrezko egitura batek eusten deutso.

Oinaldean dago sarbide [7] bakarra. Arku zuzeneko orri biko ate dinteldu bat da, egurrezko ate-alboak dituana. Sarrerearen eskuman ur bedeinkaturako ontzi bat [8] dago, granito baltzezkoa, alderantzizko kanpai formakoa. Behean pospolina eta ezpain lodia ditu, eta plaka lerrozuzen batek errematetan dau, zeinak kareharrian landutako kalbario-kurutze bat daukan.

Barruko argia bao dinteldu eta etxun bitatik sartzen da. Orain dala gitxiko burdin sare batek babesten ditu, eta hegoaldeko horman dagoz [9]. Era berean, neurri handiagoko beste bao bi be badaukaz fatxada nagusian, sarrerearen alboetan [10] eta beste argi-begi bat tinpanoan, sartaldera begira, eta leihoarena egiten dauena [11].

Eraikinak korua [12] dauka oinaldean, nabetik kanpo eratua, eleizpearen gainean gune aurreratu moduan [13]. Heltzeko bidea egurrezko eskilara bat da, iparraldeko hormeari atxikitakoa [14], barrote torneauak dituan egurrezko karel baten babesean [15]. Zorua egurrezkoa da, eta eremu hori hegoaldetik eta sartaldetik ixteko be material hori erabilten da [16].

Kanpai-hormea [17] oinaldeko goihabearen gainean dago, eta kanpairako metalezko egitura sinple bat da, erdi-puntuko arkukoa eta kurutze bategaz burututa.

Oinaldean eleizpea [18] dago. Sarbidea babesten dau, eta kanpokaldean alkartzeko gune bat mugatzen dau. Eremua itxita dago iparralderantz, eta sartaldera eta hegoaldera edegita. Azken horretan dago sarbidea. Goiko aldean, lehen aitatu dan moduan, korua dago, eta egurrezko ohol-itxitura bat [19]. Egiturea bermatzeko, egurrezko zutiko bi daukaz erdian, eta hareharrizko kono-enbor erako beste bat hego-sartaldeko ertzean [20], danak be harlangatxezko petril baten gainean tinkatuta.

San Lorentzo ermitaren lehenengo dokumentu-erreferentzia 1723koa da. Urte hatan, kontu-liburuan jasota dagoanez, Lemoako jurisdikzinoan egoan. 1741ean berau konpontzeko eta apaintzeko inbersino-aginduak dagoz erregistrauta1AHEB-BEHA, Galdakaoko Jasokundearen parrokia, San Lorentzo ermitako kontu-liburua, 1723-1741, 2138/002-00 signaturea..

Data hori ezkeroztik, San Lorentzoko kontuak Bediako San Joan Bataiatzailearen parrokia ezarri barriaren liburuetan jasota dagoz. Eta horreetako baten topau dogunez, bisitatzaileak, 1793an egin eban bisitan, honako hau adierazo eban:

se visitó la hermita de San Lorenzo sita en lo temporal en jurisdicción de Lemona, y en lo espiritual en la de Bedia, y sus paredes, e interior se hallaron decentes, aunque el altar desnudo, motivo porque se llevan desde la Parroquial todos los ornamentos, quando ocurre celebrar el santo sacrificio de la misma”2AHEB-BEHA, Bediako San Joan Bataiatzailearen parrokia, Kontu, inbentario eta bisiten liburua, 1743-1824, 0468/003-00 signaturea.2.

Gaur egungo kontserbazino-egoera ona ikusita, orain dala gitxi zaharbarrituko eben.

ALTZARIAK

skulturea

 

San Lorentzo [21] (122,5 x 38,5 x 45,5). Egur polikromaua. Santu diakono eta martiriaren eskulturea, ezkerreko eskuan daukan erreburdinagaitik —bera martirizetako erabilitako tresnea— ikonografikoki identifikauta. Gainera, liburu bat dauka eskumako eskuan. Dalmatika gorriz estalduta ageri da irudia, tonu okrez azpilduta, tolestura gogorreko alba zuri baten gainean. Ikuspuntu formaletik, tailu herrikoia da, aurrera begirako egikerakoa, konposizino-mobimentu urrikoa eta lerrorik gehienak sinple eta bertikalak dituana. Modelatze anatomikoa murritza da, arpegian eta eskuetan batez be. Polikromia distiratsu eta leuna, ostera, tonu bizi eta kontrastaukoa, jatorrizkoa baino askoz geroagokoa izango da. Arpegiak hazbegi idealizauak daukaz, eta espresinoa hieratikoa da, zelanbaiteko zurruntasunagaz. Irudiaren bolumen trinkoa, dalmatikearen jauskera astuna, eta, batez be, geometria hautsiko oihal zabalen azpian anatomia ia guztiz ezkutetea XVII. mendeko herri-eskultura barrokoaren elementu oso bereizgarriak dira. Azpiko tolesturek –ertz zorrotzekoak eta zelanbaiteko kartoi-itxurakoak– gogora dakarrez lehenengo naturalismo barrokotik eratorritako formulak. Argigarriak dira, era berean, adierazkortasunik bako arpegi hieratikoa, begi oso zabal eta finko samarrak, aho txiki eta itxia, bai eta belarri handiak be, ia eskematikoak. XVII. mendean ohikoak ziran ezaugarri horreek. Buruak, gainera, egikera oso trinko eta geometrikoa dauka, indibidualizazino psikologiko gitxigaz. Barrokoa, herrikoia, XVII. mendearen azken herenekoa seguruenik.

Metalezko gauzak

 

Kanpaia [22]. Brontzea. Ezkiladuna. Formatu txikikoa, bakuna eta asmo artistikorik bakoa. XIX-XX. mendeetakoa.

Beste elementu batzuk

 

Jarlekua [23] (100,5 x 298,3 x 43). Egurra bere kolorean. Izaera funtzional nabarmeneko jarleku luzea da, egitura sinple eta soilagaz sortua. Ohol leuneko jarleku luze bat dauka, lau angeluko sekzinoa daukien hanka zuzenen gainean bermatuta. Era berean, lerrozuzenak diran hanka horreek sendotzen dabezan langak daukaz. Bizkarraldea langaluze horizontal bigaz taxututa dago, eta horreen artean tamainu apaleko balaustre torneau batzuk ditu, pieza osoan erritmikoki errepikatuta. Muturren errematean beso apal leun bihurrituak ditu, apaintzeko borondate nabarmen barik landuak. Apaindura-tailurik, molduratze konplexurik edo ebanista-baliabide finik bakoa izanda, ezagun dau erabilera kolektiboko piezea dala. Jarlekua mendeetan zehar iraun daben herri-arotzeriako eredu tradizionalen araberako lana da. Halanda be, linealtasun orokorra, egiturearen sinpletasuna, balaustreen bihurritze mekanikoa eta ahokatzeen lanketa eskasa aintzat hartuta, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen lehenengo hamarkadara bitartean egindako ekoizpen erabilgarritzat jo leiteke.

MRV-RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. AHEB-BEHA, Galdakaoko Jasokundearen parrokia, San Lorentzo ermitako kontu-liburua, 1723-1741, 2138/002-00 signaturea.
2. AHEB-BEHA, Bediako San Joan Bataiatzailearen parrokia, Kontu, inbentario eta bisiten liburua, 1743-1824, 0468/003-00 signaturea.