SAN MARTIN GOTZAINA ELEIZA
Nerbioi Garaia
Orozko | San Martin edo Albizu auzoa
Laburpena (PDF)
San Martin zg (48410)
p.sanmartin.orozko@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Tenplu nahiko handia da, harrigarria, benetan, landa-eremua eta eleiztar-kopurua txiki samarra izanda.
Aldapan dagoan lursailean finkatuta dagoanez, eleiza lurzorua bardindu eta tenplua inguruaren gainetik altxatzen dauan -metro inguru iparraldeak eta metro bitik gora iparraldean- idulkiaren gainean altxatzen da.
Oinarri onen gainean garatzen da oinplanoa [2], hiru atal guztiz homogeneotan banatutako nabe bakarrekoa. Atal bakotxak neurri bereko burualdea dau. Lehenengo atalera beso bi zabaltzen dira ia nabearen besteko altuera, baina neurrizko sakonera, dauan kurutzadura eratuz.
Hegoaldetik, altara-aldeari sakristia atxikitzen jako eta sakristiak, aldi berean, burualde osoa ixten dauan gelara daroa. Oinaldean, torrea dago, zati baten iparraldera hedatzen dan eleizpeagaz lotuta, erabat oinaldean eta kurutzaduraren besoraino hegoaldeko alboan.
Barrualdea [3] [4], argitsua eta neurrikoa da. Kanpoko bolumena [1] [5], barruko banaketaren isla zehatza, nahiko lausotuta geratzen da oinaldetik torre gailenaren eta eleizpearen teilatu zabalaren eraginez.
Hormaren egitura, horma-harrizkoa da [6], harlanduzkoa dan torrearen zatia (lehenengo eta hirugarren multzoak) [7] izan ezik, oinaldeko pinoiaren beheko solairu osoa lez [8] eta, orokorrean tektonikoki gehien konprometitutako zatiak lez. Ia ingurune osoa 10 zm. inguruko urteera dauan idulkiaren gainean dago.
Barrualdean, gaur egun hormaren egitura bistan agertzen da, luzitutako buru-horman eta gangetan izan ezik.
Hormetan, lau angeluko hiru horma-hobi [9] zabaltzen dira, bat iparraldeko besoan, beste bat hegoaldean azken atalaren abiagunean eta hirugarrena oinaldeko horman. Hirurak dira bardinak, harlanduz zehaztuta, ertzak hutsunean sartuta, atea egokitzeko.
Zoladura, oraintsukoa da: egurra, ingurua Mañaria erako marmol baltzezko harlauzaz apainduta. Ohikoa danez, altara-aldea altxatuta dago, kasu honetan pare bat harmaila.
Erdi-puntuko arku leun zabaletatik sortutako luneta-gangez [10] estaltzen da.
Atalak markatzen dabezan parpain-arku honeen eta besoen abiagune eta gangen oinarri diran arkuen euskarriak [11] mentsulak dira, toskanar ordenakoak, listelez eta bozelez molduratutakoak, Martin Larreak, Juan Herdoizak edo Antonio Begak XVIII. gizaldiaren erdi aldera Bizkaiko beste hainbat tenplutan egin ebenaren haritik.
Burualdean eta beso-hondoan ganga mentsuletan pausatzen da; honeek triangelu-formako edo ele-formako pieza soilak baino ez dira [12]. Oinaldeko angeluetan ez dago inongo euskarririk.
Eraikinaren horma-ingurunea sei horma-bularrez sendotzen da [13]; horma-bularrak bat datoz parpain-arkuakaz. Ebakidura errektangularrekoak dira, altuera hartu ahala estutu egiten dira apur bat eta ezponda-forma hartzen dabe hormen errematearen aurretik. Lehenengo lau horma-bularrak kurutzaduraren fabrikan sakontzen dira neurri baten; baina ez azken atal bien artean soldadura markatzen dabenak; honeek, gainera, leiho-isurkia dabe altuera ertainera.
Teilatua [14] oinplanoaren isla zehatza da: isurialde bi nabean zehar, hiru bilakatzen dira burualdean eta kurutzaduraren besoetan, hiru aldeko isurialdearen bitartez.
Argi-multzoa, erregularra da, atal guztietan eta kurutzaduran erdian lerrokatutako leihoakaz [15] [16], beti hegoaldean, iparraldea, ohiturazko arauari jarraituz, itsua dan bitartean. Burudun leihoak dira, laprandura arina dabe kanporantz, baina markatuagoa barrurantz, batez be leiho-ertzean, argiaren sarrera ahalbidetzeko. Motibo geometriko dun beirate garaikideez ixten dira.
Eleizak sarbide bi ditu. Bat, oinaldean [17], erdian lerrokatuta eta torrearen beheko multzoak estaltzen dauala. Zabala, dobela-buruduna, barrurantz lapranduraz eta kainoi okertuaz. Urbedeinkatu-ontziak dagoz albo bietan [18] Mañariko marmol baltzez eginda, esferaerdikoak bozelen artean, eta Golgota soilean amaituta.
Bigarren sarbidea [19] [16] bigarren atalean dago hegoaldean. Aurrekoaren bardina da, baina itxura soilagoa dau, hormarrizko horman txertatuta dago-eta. Aldamenean, beste urbedeinkatu-ontzi bat [20], hau molduratutako lau angeluko ahoaz eta kurutzean amaitu barik.
Koruak [4] atzealdeko atalaren heren bi hartzen ditu. Egurrezkoa da oso-osorik, buruduna, muturretan, ahurrean molduratutako mentsula luzeek apaindutakoa [21]; gainean, gapirioak doaz, aurrealdean bozel-laurdenean, eta honeen gainean zoladura.
Barandak Triangelu-formako haginen hiru erregistro ditu [22], goiko aurrealdean be haginak dagoz, baina ez dira larregi ikusten, pintura-eskualdi askoren azpian dagoz-eta. Balaustre nagusiakaz bat etorriko ziran lau panelek apurtzen dau hagin-segida. Honeen eta aurrealdean egon eitekezan gainerakoen lekuan ebakidura karratuko haga zakarrak dagoz.
Klaustro-eskaileratik igoten da koru honetara [21], egurrezkoa, hego-mendebaldean kokatuta eta originala ez dana, XIX. gizaldian barriz jarritakoa baino, XVII. gizaldikoak izan leikezan haga batzuk aprobetxatu ebezala emoten badau be: lehenengo atalaren abiagunean eta bigarren atalekoren bat edo beste. Zoruan, igoera babesten dauan barandak zutabe ildaskatu txiki [23] diran lau balaustre nagusi mantentzen ditu, azaletik bardinduta, harroinagaz eta zezen-kapitelagaz; piezok itxuraz barrokoak dira, aurreko koru edo erretaula batetik hartu eta barriro aprobetxatuta dagozala eta bat buruz behera jarrita dagoala emoten dau.
Eleizaren burualdea sakristiagaz komunikatzen da ateburu monolitikoa eta laprandura arineko kainoi okertua dauan igarolekuaren bidez. Gela errektangularra da [24], kanpoaldera ertz alakatuak eta barrualdera txaranbelduak -barriro be kainoi okertua- dituan burudun leihotik sartzen da argia [25]. Luneta-gangak estaltzen dau gela.
Bertan, tenpluaren burualde osoa hartzen dauan gela [26] luzexkara, trapezoidalera igarobidea zabaldu da. Burudun hiru leihoren bidez argiztatzen da eta sabai aizunez estaltzen.
Torreak [7] zabaleran gero eta txikiagoak diran hiru multzo ditu, bata besteagaz ondo alkartuta. Hormaren txikiagotzeak plaka leunez markatzen dira, altuena eleizaren oinaldeko horma osoan luzatuta. Erlaitz hanpatuan amaitzen da fustea.
Beheko zorua, harlanduzkoa, eleizpean integratzen da, eta erdi-puntuko arku zabalen bidez zabaltzen da bertara (aurrealdera lez) [8]. Multzo nagusia leiho baten bidez argiztatzen da eta berau eraikineko gainerako hutsarteen modukoa da, buruduna eta kainoiagaz, lapranduraz eta okertuta [7] [27]. Azken mailan, hau be harlanduzkoa, kanpai-gela dago. Kanpaiak beste plaka leun batez markatutako erdi-puntuko hutsarteetan sartuta dagoz -zehar-haga aldatuta, erlojua ipinteko.
Zoruak egurrezkoak dira, eta baita hormetan bermatuta goraino doan arrapala-eskailera be. Korutik komunikatzen da tenpluagaz, oraingoan be kainoi okertua dauan burudun igarolekutik [28]. Igaroleku hau noizbait beherantz zabaldu egin zala emoten dau (bere janben lehenengo lerroak gainerakoen materialetik desberdina dabe-eta); altuera galduko eukean koruaren beranduko eraldaketagaz bat etorri daiteke.
Interesgarria da torrearen beheko multzoari lotuta dagoan eleizpea. Iparralde eta mendebaldean itsua da, sarrera-igarolekuetan izan ezik [29]. Alde honeetan, fatxadako malkar baten (mendebaldea) eta hagaburuetan (iparraldea), eta kanpoaldean zati baten jarleku jarraitua daben itxitura-hormetan, zurkaizten dan teilapea da.
Hegoaldean, teilapea hagaburuen eta horma-zulo batzuen gainean doa eta kanpoaldean egurrezko fusteetan, eta aldi berean horma-harrizko hormatxo xaflatuan, jesarleku eta burdin sarezko bizkarraldeagaz, bermatzen dira [30].
Eremu osoa harreharrizko pieza handiez lauzatuta dago, torrearen behealdean izan ezik, hemen kareharrizko harlauza grisak dagoz-eta [8].
Inguratzen dauan lursailean altxatuta dagoanez, torrearen paretik harmailadia jaisten da, mailak zati baten enkatxatuta dagoz eta lehenengo mailak zirkuluetan grabatutako kurutze bi marrazten ditu [31].
Iparraldean, beste harmailadi bat dago [32], alde horretatik eleizpera sartzeko.
Albizuko San Martin Gotzaina eraikin interesgarri honen handitasuna nabarmentzen da, batez be, eleiztar-kopurua nahiko urria izan dalako beti; aitagarriak dira, baita be, fabrikaren duintasuna eta estiloari dagokionez agertzen dauan bardintasun, oreka eta kohesinoa. Zalantza barik, eraikin hau, hasi eta amaitu egin zan, eten barik, denporaren buruan aldaketarik izan ez eban egitasmo jakin baten arabera. Eleizpea da salbuespena, nabea baino gizaldi bat beranduago eraiki zan-eta, eta beranduagokoa dan burualdeko gela.
Eleizari buruz dogun lehenengo barria 1385ekoa da, hain zuzen be, Pedro Fernandez Olarte bertako aitoren seme ospetsuak “cinco libras de azeyte” testamentu-eskaintza egin eutsala adierazoz. Hamarkada bat beranduago, 1936an, Pedro Lopez de Ayala kantzilerra tenpluaren zaindari zan Enrique II.ak hala emonda, eta honek baimena emon eutsan bere zaindaritza hurran egoan Aiala arabar herriko Kexaako San Joan komentuaren esku izteko1OJANGUREN IRALAKOA, 1999, 37-38, 44. or..
Baina ez dago XVIII. gizaldiaren aurreko eraikuntzaren historiari buruzko erreferentzia sakorik, datu solte batzuk izan ezik: 1686an kanpantorreko eskailera berregin zan, 1709an sakristia bar eraiki zan, teilabarritze-lanen bat2AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, 1674-1765ko kontuak eta bisitak. CONDE FUENTE, 1997, p. 233.…
Handik gitxira, tenplua -oso apala zala emoten eban- guztiz hondatuta egoan. 1735ean, torrea jausteko puntuan egoan eta zutoinez eutsi eutsen: “dos postes mayores y diez menores y por cuatro palos”. Egoera ikusita, bisitariak preminazko deia egin eutsen, “a contratar maestro que diese trazas y condiciones para recuperarlo, a costa de los ahorros que tenía la fábrica y el pertinente secuestro de diezmos”. 1739an, “se repara la iglesia” esaten da ohar laburrean. Urte berean, Martin Larrea maisu hargin entzutetsuak kalkulua egin eban, 40 erreal kobratuz horregaitik. Berehala ekin eutsen obrari, zaindaritzari eusten eutsan Kexaako komentuan sinatutako hitzarmenaren arabera. Baina, 1758an sakristia barria eraiki bazan be, lanak asko ez zirala aurreratzen emoten dau. Beraz, 1758an, barriro be Kexaako monjen ekimenez, kontratua sinatu zan Juan Sorarrain eta Martin Udaquiola maisu harginakaz tenpluaren horma barriak eraikitzeko. Bere aldetik, Domingo Olabarria Goiriguichia maisu arotza arduratuko zan eleizpea egiteaz3AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, 1674-1765ko kontuak eta bisitak. CONDE FUENTE, 1997, p. 233.. 1794an idatzi eban Iturriza historialariak Eleiza 1767an berreraiki zala -berreraikuntza orduan amaitu zala- idatzi eban4ITURRIZA y ZABALA, 1. lib., 379. or..
Emaitza, aitatu dogunez, eraikin barroko homogeneoa izan zan. Baina eraiki zan sasoiaren arabera, rokoko moldeak nagusi izatea jo eitekean normaltzat, baina, egia esan, apaingarri gitxiko eredua aukeratu zan, praktikoa eta aparteko apaindura bakoa.
XIX. gizaldian hainbat aldaketa izan zan, baina ez dau ematen tenpluaren nabean eraginik izan ebenik. Eleizpea egitea, bereziki korapilatsua izan zan. 1817-1818an, teilatua erortzeko zorian egoala inoan Martin Echabarri Arrigorriagako auzotarrak; konponketen gastuen erdia ordaintzeko eskatu jaken monjei, baina eurak horren kontra agertu ziran, eleizaren zaindari zirala, eta ez eleizpearena, argudiatuz, azken hau eleiztarrek eraiki ebelako eta, horregaitik euren ardura zalako. Azkenean, ados jarri ziran eta Pedro Larrondo Aranak lortu eban errematea eta honek Bartolome Ugarteri emon eutsan. Baina 1847an barriztatu zan eleizpe hori; Antonio Gorostiza harginak eta Jose Maria Laburu arotzak -biak Orozkokoak- egin ebezan lanak eta Albia bilbotar lantegian 987 errealen truke eskuratutako burdin sarea ipini zan. Edo eleiztarrak ez ziran oso gustura gelditu, edo obrak ez ziran eleizpe osoan egin, 1854-1855ean barriro egin ziralako, oraingoan seguruenik burdin sareak aprobetxatu egin ebazan Jose Maria Meaza bailarako semearen eskutik. 1881ean, Manuel Sagastizabal harginak lauzatu eban eleizpe hori eta kanpoko harmailadia (hainbat bider barriztatu dana) gehitu; berak ipini ebazan oinaldeko ateko urbedeinkatu-ontziak. Bere aldetik, burualdeko gela, multzoko zatirik xumeena, 1892an gehitu zan5AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak. BFAH-AHFB, Udala, Orozko, 0038/003. CONDE FUENTE, 1997, pp. 233-234..
Beharbada, XIX. gizaldiko obra honeetan, korua be aldatu zan, itxura baten altuera galdu dau-eta, nahiz eta aurreko piezak aprobetxatu: horzdun baranda XVI. gizaldikoa izango da eta zutabeek XVII. gizaldikoak dirala emoten dau, sarbideko eskaileraren zenbait haga lez.
1. OJANGUREN IRALAKOA, 1999, 37-38, 44. or.
OJANGUREN IRALAKOA, Pedromari. Orozko en la Baja Edad Media. Bilbao: Autorearen edizioa, 1999.
2. AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, 1674-1765ko kontuak eta bisitak.
CONDE FUENTE, 1997, p. 233.
CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
3. AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, 1674-1765ko kontuak eta bisitak.
CONDE FUENTE, 1997, p. 233.
CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
4. ITURRIZA y ZABALA, 1. lib., 379. or.
ITURRIZA y ZABALA, Juan Ramón de. Historia general de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones. Ángel Rodríguez Herreroren Arg. Bilbao: Librería Arturo, 1967 (1794ko eskuizkribua), lib. 2.
5. AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak.
BFAH-AHFB, Udala, Orozko, 0038/003.
CONDE FUENTE, 1997, p. 233.
CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
ALTZARIAK
Iraun daben altzariez gainera, ohikoa danez, desagertutako beste hainbaten barri be badogu. Izan be, jakin badakigu 1692an “Santo Christo” baten polikromia ordaindu zana. 1826an, altara biren eraikuntza ordaintzeko eskatu jaken Kexaako monjei. Beranduago, erretaula neogotiko txiki bi eraiki ziran eta -1980ko hamarkadako argazkietan ikusten ziran-; erretaula horreetako marmorezko mahaiak 1826koak izan daitekez, eurotan barriro erabilita.
Santo Domingoren irudi bat be egon zan, 1850ean jadetsitakoa, “en la almoneda del difunto Dn. Joaquin de Ugarte, para el altar mayor” jadetsitako marfilezko Kristo bat, “la aparición de Nuestra Señora de la Merced a San Pedro Nolasco” irudikatzen eban margolana, urre-, zidar, metal-piezez eta apaingarriez gainera6AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, 1674-1765eko, 1764-1911ko eta 1886-1922ko kontuak eta bisitak. ACOB-KBGA, Albizu-Orozkoko San Martin Gotzaina parrokiaren ondasunen inbentarioari buruzko identifikazinoa, 1960-1961, sign. D2-0145/035. YBARRA Y BERGE, 1958, 1. lib. 548. or. CONDE FUENTE, 1997, 233-234 or..
Erretaulak
Erretaula nagusia [33] egurrezko egitura da, multzoa eta errematea ditu, hiru kaletan banatuta. Alboetakoak aurreratu egiten dira korintoar zutabeen bidez; zutabeok kiribildutako apaingarridun frisoa eta koskadun erlaitza eta akanto-hostodun mentsula txikiak dabezan arkitrabezko zatiei eusten deutse [34]. Erlaitz honeetan, santu titularraren gotzain sinboloak -makila eta mitra- daroezan aingeru txiki bi bermatzen dira.
Kale nagusia, atzerago geratzen da, ikuspegien jokoa sortuz. Berez etxe barik (titularraen irudia mentsula bitan bermatutako erlaitzean pausatzen da eta atzean marko soila), erdiko eremu hau teilatupeagaz lotzen da eten barik; teilatupea, hain zuzen be, panel luzanga da erdi-puntuagaz San Martinen erlieberako soingainekoa erdibituz [35] eta gainean Usoa hodeien erdi-biribilean, hemendik argi-keinuak ataraten diralarik.
Erremate lez, frontoi okerra eta lorontzi handia, girlanda astunek gainezka egiten dabela, frontoia laukian sartuz.
Egitura marmolez jantzita agertzen da, zutabeak lez, eta urre koloreko apaindura-motiboak -baita erliebea be.
Oraintsu arte altara-mahai originala gorde izan da, aurrealde zuzenekoa, mentsula konbexu eta konkaboen artean kokatuta.
Erretaula hau, pieza neoklasiko interesgarria da, bitxikeria bategaz: jatorri barrokoko kiribildutako apaingarridun arkitrabea. Trebiñuko Konderritik (Burgoseko enklabea arabar lurraldearen barruan) ekarritako haritzaz eginda, lan guztiz egokia da, XIX. gizaldiaren hasierako neoklasizismoan nabarmendu zan ikuspegien jokoagaz. 1844ra artea atzeratu bazan be, Urduñako Juan Bautista Aldasoro lan-maisu eta zizelkatzaile erantzulea arduratu zalarik lanez; 8.600 erreal kobratu ebazan horregaitik eta beste pieza txikiren batengaitik7AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak. ACOB-KBGA, Albizu-Orozkoko San Martin Gotzaina parrokiaren ondasunen inbentarioari buruzko identifikazinoa, 1960-1961, sign. D2-0145/035. ZORROZUA SANTISTEBAN, 2003, 142-143 or. CONDE FUENTE, 1997, 235. or..
Urtebeteren buruan, beste 5.500 erreal ordaindu ziran lanongaitik:
“dorar y jaspear los dos cuerpos del retablo mayor, con inclusion de la mesa de altar, tabernaculo, credencias, encarnacion y pintura de dos estatuas, intercolunarios y pavellon de la fachada, executado por el maestro dorador y pintor Don Manuel Basco, vecino de la ciudad de Vitoria, cuyo abanze, condiciones, economia y merito prefirio el cabildo eclesiastico al de otros cinco maestros doradores que lo hizieron”8AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak..
Irakurritakoaren arabera, “pavellon de la fachada” dalakoa egon zala aitatzen da. Hau da, tenpluaren buru-horma margotuta egon zala, seguruenik erretaulari estalpea emoten eutsan oihal handiagaz edo gortinakaz, oraindik Gorozikan edo Etxanon ikusi daiteken lez.
Erretaulari dagokionez, bere osagaiak altzariari berari ez dagokiozan hiru irudiren zerbitzura dago; irudiok, seguruenik, XVII. gizaldiaren hirugarren laurdenean eraikitako aurreko beste erretaula batetik hartu eta aprobetxatutakoak dira. San Andresen [36] (137 x 51 x 37) eta Guzmaneko Santo Domingoren [37] (136 x 52 x 41) eskulturak dira eta erdian dagoan San Martin Gotzainarena [38] (161 x 60 x 35). Euren aurpegiera naturalista eta jantzien itxura, tximurtuta beheko tolesturetan, bat datoz aitatutako aldiko eskultura barroko klasizistagaz, Alloitizek, Castañosek edo Aiala eta Urduña inguruko beste eskultore eraginkorren batek jarduten eban testuinguru berean. Gero, Manuel Bascok barriro prolikromatu ebazan 9Ibid..
Arrosarioko Ama Birjinaren [39] eta San Joseren [40] erretaulak kurutzadurako kaperetan dagoz.
Egitura bardina dabe, hexagono-erdiko oinplanoagaz eta jarleku, hiru kaleko multzo eta teilatupeagaz eratuta. Alboetako kaleak zartatu egiten dira atzerantz, nagusia nabarmenduz. Gris urdinxkaz margotuta dagoz eta apaindurak urre-kolorekoak dira.
Jesarlekua, lau zatitan banatutako angelu konkabo eta landare-motibodun paneletarako da. Multzoan, markoztatzeak hustutako eta girlandez aberastutako pilastrak dira, eta kale nagusian zutabe konposatuak aurrez aurre, leunak, girlanda oso finak helize-formara kiribilduta dabezanak.
Taulamendua gainjarritako eta arrautza- eta hagin-formako erliebez markatutako hiru mailatakoa da; erremateak frontoi okerreko zatietan da, perspektiban, kale honetara arreta erakarriz.
Girlandaz apaindutako teilatupean [41], taulamendu koskatsua apaingarri biribilaren oinarri da eta hemen hodeiak argi-pirrintaz eta, erdian, Probidentziaren Begia agertzen dira.
Titularraren horma-hobiak [42], ebakidura erdizirkularra eta erdi-puntuko arkua ditu. Panelez apaintzen da pilastra artean, eta bere ganga jatsitako eremuetarako kaskoduna da. Bere gainean ispilu handia dago palmondo artean eta girlanda zintzilikariakaz Ama Birjinaren eta San Joseren Zerraren anagramarako [43] hurrenez hurren.
Alboetako teilapeak [44] erremate begetala daben frontoi txikietan amaitutako arku lau soilak dira, eta irudiak bermatzeko profil lerronahasidun mentsulak dabez landare-apainketagaz eta borla handiagaz. Barrenak, noizbait barriro margotuta, oraindik polikromia rokokoa ikusten izten dabe; polikromia hori hobeto gordeten da teilatupeetako horma-hobietan [41] [45] –erdi-puntukoak, honeek bai hondeatuta–, baso-motiboez eta atal arkitektonikoez.
Arrosarioaren erretaulan sagrarioa dago [46], behean kiribilduta dagozan landarez markotuta eta frontoi lerronahasiagaz. Atean, distiratsu agertzen da Bildots Mistikoa Zazpi Zigiluen Liburuaren gainean eta goian argi-pirrinta eta Probidentziaren Begiagaz. San Joseren erretaulan, sagrarioa ez da benetakoa, Golgotaren gainean dagoan Kurutzea landuta dauan sasi-atea baino [47].
Erretaula bietan mantendu dira altara-mahaiak, multzoan bat datozanak, baina oraintsu Arrosarioren erretaularena altara-aldearen erdian ipini dabe, ospakizunerako mahai bilakatuz [48], eta San Joseren erretaularena ebaki egin eben anboi bihurtzeko [49]. Profil bihurria dabe, orbel-apainketaz eta erdiko medailoiak, zitorienak eta arotzaren erremintenak hurrenez hurren, nabarmenduz. Polikromia, XIX. gizaldikoa dala emoten dau.
Erretaulok azken barrokoaren eta neoklasizismoaren artean dagoz. Egitura poligonalak eta erretaularen osagai arkitektonikoen antolamenduak rokokora bagaroez be, landare-apainketa, dentikuluak, hodeiak, argi-pirrintak…, neoklasizismoari dagokioz argi eta garbi. Ohikoa danez, azalekoa doa egituraren aurretik eta egileek dekorazino-formak aukeratzen dabez lehenengo eta, ondoren, erretaularen antolamendua pentsatzen dabe.
Baina, egia esan, ezer gitxi dakigu altzari honeen historiari buruz; 1826an, hauxe esaten zan: eurok ordaintzeko parrokiak dirua -10.000 erreal- hartu ebala bidezko baimen barik Goikuriako ermitaren diru-funtsetik. Hori dala-eta, ermitari hartutako dirua itzultzeko eskatu jakon Kexaako komentuari eta berehala egin eban hori. Erretaulak apur bat lehenago eraiki zirala pentsatu geinke, seguruenik XIX. gizaldian bertan10CONDE FUENTE, 1997, 235. or..
Arrosarioaren erretaulako titularra Arrosarioko Ama Birjina ederra da [50] (113 x 49 x 38), kolore planoez margotutako eta hodeien eta ilgoraren gainean dagoan egurrezko pieza da. Aurpegi gozoa dau eta jantziak apur bat mobiduta, multzoaren antolaketaz bat. Umea, bere aldetik, oso errealista da. Rokoko estiloko pieza nabarmena da, XVIII. gizaldiaren amaierakoa, beraz, erretaula bera baino zerbait aurreragokoa. Zidarrezko koroa (13x 10) daroa, trakets samarra, marka bakoa, itxura baten garaikidea.
Ezker alboko kalean, erretaularena gainditu egiten dauan idulkiaren gainean, Ama Birjinaren eta San Joanen irudi txikiak dagoz Kristo Kurutziltzatuaren ondoan, Kalbarioa osotuz [51] (42 x 45 x 23); XX. gizaldiaren hasierako multzoa da. Beste aldean, Kristo Doloretako Gizona [52] (52 x 21 x 19), gizairudi eseria, oso zigortua, eskuak aurrean lotuta dituala, pieza errenazentista, baina gotiko berantiarreko ereduari jarraitzen deutsana, anatomia eta ule handiagotu eta ugarituak eta zartatutako jantziak nahastatzen diralarik. Teilatupean, neoklasikoa emoten dauan Paduko San Antonioren irudia dago [41], Umea besoetan dauala.
San Joseren erretaulan, bere irudia [53] (101 x 38 x 38) garaikidea da eta gauza bera izan daiteke teilatupean dagoan San Rokeren irudiaz [45]. Gainerako irudiak, honeenak dira: Asisko San Frantziskorena [54] (61 x 17 x 16), neoklasikoa eta erretaula bikiko Paduko San Antoniorena gogoratzen dauana, eta mesedetako santu batena [55] (56 x 21 x 17), irudi txiki herrikoa, barroko klasizistakoa, beharbada XVII. gizaldiaren bigarren laurdenekoa.
Eskultura guztiak, garaikideak izan ezik, Manuel Bascok polikromatu ebazan barriro 1845ean11AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak..
Eskultura
Erretaula nagusiaren albo banatan, San Joan Ebanjelariaren [56] eta San Mateoren [57] (145 x 79, markoagaz 172 x 105) erliebeak dagoz markoetan sartuta. Egur polikromatua. Kalitatezko piezak dira, barroko klasizistak, XVII. gizaldiaren hirugarren laurdenekoak; euren jatorria, seguruenik, erretaula nagusiko eskulturen jatorri dan erretaula bera da. Markoak, neoklasikoak, Juan Bautista Aldasorok egin ebazan 1844an eta Manuel Bascok polikromatu 1845ean; azken honek erliebeetan be esku-hartu eban (“haragitze eta pintura”)12Ibid..
Altara-aldean, Ebanjelioaren ondoan, beste erliebe bat dago, San Lukasena [58] (90 x 71, markoagaz 107 x 87). Egur polikromatua. Aurrekoak ez bezala, eserita dago eta txikiagoa da, baina multzo berekoa izango da. Laugarren erliebe bat be izan zan, San Markosena, eta gaur egun galduta dago. Miguel Laburuk egin ebazan markoak 1844an eta berak egin eban, gainera, galduta dagoan Santo Domingoren irudi baterako kurutzea be. Polikromia, “haragitzea” barru, Bascok egin eban13Ibid..
Koruan, Jesus, Kurutzea soinean [59] (123 x 49 x 71). Egur polikromatua. Eskultura apala, barrokoa, XVII. gizaldi berandukoa. 1845ean, Blascori ordaindu eutsen irudiari “ikutuak egin eta margotzeagaitik”14ZORROZUA SANTISTEBAN, 2001, 305. or. AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak..
Sakristian, Arrosarioko Andra Maria [60] (81 x 32 x 24). Egur polikromatua. Barrokoa, seguruenik XVIII. gizaldiaren bigarren laurdenekoa. Aintzat hartzeko moduko kalitatea dau, neurrikoa da anatomian eta jantzien joskera kontu handiz egindakoa da, aurpegi fina dau, baina bizitasun apur bat falta jako begiradan.
Alboko kanposantuko kaperan, Kalbarioa [61] (Kristo Kurutziltzatua 98 x 86 x 26; Ama Birjina 84 x 39 x 25; San Joan 86 x 46 x 26), egurrezko multzo bikaina polikromia-hondar batzukaz. Kanon motzeko piezak dira, batez be Kurutziltzatua, eta, gorptuz-adierazpen neurritsua, ulaje mardula edo tolestura latzdun jantzi mardulak ikusita, 1600 ingurukoak izango dira.
Pintura eta lan grafikoa
Sakristian, San Rokeren grabatua [62]. Tinta paper gainean. Charles Abraham Chasselatek sinatutakoa eta bere lana XIX. gizaldiaren lehenengo erdian Parisen garatu eban A. Bosselmanek grabatutakoa.
Metalak
San Frantzisko Borjaren erlikia-ontzia [63] (21,5 x ø9,7 x ø9,5). Letoi. Kustodia modukoa, balaustrada moduko profil eta erlikiarako eguzki obalagaz. Eklektikoa, XIX. gizaldiaren amaierakoa.
Torrean, kanpaia [64] (110 x ø125). Brontze. Erromatar eredukoa15BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 150-151 or.. Idazkunaren zati bat irakurri daiteke: FUGITE PARTES ADVESE VICIT LEO DE TRIBU…, hau da, tentazinoen aurkako konjurua dan “San Antonioren bedeinkapen” lez ezagutzen dana (Ecce Crucem Domini! Fugite partes adversae! Vicit leo de tribu Juda, Radix David! Alleluia!, Hona hemen Jaunaren Kurutzea! Alde egin etsaiok! Judako leinuko lehoia, Daviden ondorengoa, izan da garaile! Aleluia!).
Torrean, kanpaia [65] (110 x ø133). Erromatar eredukoa16Ibid.. Idazkunaren zati txiki bat baino ezin da irakurri: SANCTE FORTIS…, beharbada, Media vita in morte sumus (Bizitzaren erdian, heriotzean gagoz) antifonaren zati bat.
Ateen burdineria [66] [67]. Burdina. Zitori hori formako orpoak eta tenpluaren konponketaren sasoikoak emoten daben sarraia-zulo-puntuakaz (1758-1767).
Kurutze-haize-orratza [68]. Burdina. Esfera metalikoaren eta kiribildutako zumitz-oinarriaren gainean, kirten eta eraztundun beso nagusiak eguzkian batzen dira, kustodia erara; gezia, bandera-adatsa da. Barrokoa, 1767 ingurukoa.
Beste elementu batzuk
Bateoarria [69] (80 x ø82,5). Harearria. Esferaerdikoa, leuna, bozelean amaitutako oin biribilaren gainean. Eredua XVI. gizaldikoa da, baina bere soiltasuna eta repikatuaren arabera, gatxa da data zehaztea.
Sakristian, sacrarium (ur-txarroa) [70] (85,5 x 45,5) Mañaria erako kareharri grisean. Ontzia, anfora erraboiltsu baten antzekoa da, esferaerdiko askagaz. Neoklasiko berantiarrekoa, Manuel Sagastizabal harginak landu eban 1881ean 960 errealen truke17AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak..
Sakristian, sagrarioa [71] (43 x 32). Egur polikromatua. Horman sartuta, desagertutako altara nagusian egondakoa izango zan. Atean, Bildots Mistikoa margotuta dauka Zazpi Zigiluen Liburuaren gainean eta, goian, hodeia Usoagaz. Rokokoaren eta neoklasizismoaren arteko XVIII. gizaldiaren amaierako pieza soila da. Egoera txarrean dago.
Beste sagrario bat [72] (54,8 x 41 x 41,5). Egur polikromatuko edukiontzi soila eta gorri-hori koloreko marmolaz jantzita. Neoklasikoa.
Torrean, horma-hobi baten hondakinak [73]. Egurrezkoa eta polikromia hondarren bategaz. Desagertutako erretaula baten zatia emoten dau, hain zuzen be, errezela erdi-puntuko arkuan; bere apainketa ikusita, 1600 inguruko barroko klasizista estilokoa izan dateke.
Eleizako ateak [74] [75]. Egurrezkoak. Juntura-estalkiak palma-itxurako apaingarrien katean landuta dagoz. Barrokoak, XVIII. gizaldiaren erdikoak. Orpo luzeek eta sarraila-zuloak, jatorrizkoak dirala emoten dau.
Torrean, erloju-makineria [76]. Metal. Vitoria-Gasteizko Esteban Echevasterrena. 1870ean erositakoa, 4.000 erreal gehi garraio- eta jartze-kostua ordaindu ziralarik18Ibid. CANDINA AGUIRREGOITIA y CASANOVAS i LLORENS, 1986, 82. or..
Kanpoan, tenpluaren oinaldean, presidentetza-mahaia [77] elizateko batzarretarako, hormara itsatsitako jesarlekuagaz. Harrizkoa, estalkiak jatorrizkoa emoten dau, baina ez hankak. Hasieran, eleizpearen barruan egongo zan, eguraldi txarretik babestua.
Elizbarrutiko gordailuan zaindutako elementuak (Urregintza-lanak)
Prozesinoan atarateko kurutzea [78] (130 x 68 x 9). Zidarra bere kolorean, gainetik urre koloreko hainbat osagai daualarik. 1530 inguruko lan garrantzitsua; kurutze gotikoen ereduak betikotzen ditu, hainbat dekorazino-motibotan, eta batez be Kurutziltzatuaren formetan, errenazimendua iragarten duan beste hainbat xehetasun gehituz. Ez dau markarik, baina sasoiko bilbotar eta arabar tailerretan egiten ziran lanen ezaugarriak ditu. 1737an eta 1866an konpondu egin eben19CILLA LOPEZ, 2022, 1. lib, p. 141, 2. lib., 007 zenb., 4. lib., 325. or. AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, 1674-1765, 1764-1911ko kontuak eta bisitak..
Kaliza [79] (25 x 14 x 15). Zidarra bere kolorean eta gainetik urre kolorea emonda, txapa finean. Oin biribil dauka eta medailoiak Kristo, Ama Birjina eta Kurutziltzatuarentzat; korapiloak errosetak daukaz eta azpikopak eukaristia- eta nekaldi-sinboloak. Markok ditu: herria (Bartzelona, frustra), egilea (CASAS, Jose Casas) eta kontrastea (ByR, beharbada Juan Baxeras eta Rosales)20ALONSO BENITO, 2015, 298. or. ALCOLEA GIL, 1981, 158-159, 183 eta 190.or., eta beranez landuta dago.Idazkun modernoa dauka: I.L. de A. XIX. gizaldiaren azken laurdeneko pieza eklektikoa da.
Krisma-ontziak [80] (13 x 10,5 x 5). Zidarra bere kolorean, Orio Santuak gordeteko kutxa txiki modura. Forma paralelepipedoa dauka eta bandaz artikulatutako profil ahur ganbileko estalkiaz ixten da. Estalkiaren gainazala eta kutxa-multzoa beranez landutako landarez apainduta dagoz, eta honeekaz batera, kurutzea agertzen da Golgotaren gainean eta O letra, lorea grabatuta. Oinarrian, Martin Arrieta 1542 eta 1598 bitartean jardunean egoan bilbotar zidarginak trokelatuta dago (M/ARIETA)21CILLA LOPEZ, 2022, 1. lib., 221-222 or., 2. lib., 132 zenb., 3. lib., 18-19 or..
Krisma-ontziok gordeten diran kutxa berean, kristalezko ontzi solte bi dagoz, bat, seguruenik, neoklasikoa eta bestea neobarrokoa.
Eleiz Museoan zainpean jarritako elementuak
Santu gotzainaren irudia (San Martin?) [81] (78 x 23 x 14). Egurrezkoa, polikromia hondarren bategaz. Egikera landugabeaz, santu bat agertzen da zutik ezkerreko eskuaz makila oratuz. ‘V’ formako tolestura nabarmenetan jausten dan dalmatikaz babestuta dago eta buruan borlan amaitzen dan burukoa daroa. Pieza gotikoa da, XIV. gizaldikoa. Egoera txarrean dago.
San Pauloren irudia [82] (72 x 22 x 16). Egurrezkoa, polikromia hondarren bategaz. Aurrekoaren bikote izan leiken pieza. Kasu honetan, ezpata dauka erdian, eta tolestura zuzeneko tunikaz eta gainetik kurutzatutako soingainekoaz jantzita dago. Bizitasun bako aurpegiera biribila dauka. Eskultura gotikoa, XIV. gizaldikoa. Egoera txarrean dago.
Kristo Kurutziltzatua Golgotaren gainean [83] (48 x 41 x 32). Egur polikromatua. Ondo zehaztutako anatomia, saihetsak eta gerria arinki markatuta, eskuman korapiloa egindako tolestura biguneko gerripekoaz estaltzen da. Zurtoin lodiko arantzazko koroa dauka buruan eta ulajea eta bizarra be mardulak dira. Guzti hori ikusita, errenazimendu erromanistakoa dala esan daiteke, XVI. gizaldiaren amaierakoa. Egoera txarrean dago.
JMGC – RCL
6. AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, 1674-1765eko, 1764-1911ko
ACOB-KBGA, Albizu-Orozkoko San Martin Gotzaina parrokiaren ondasunen inbentarioari buruzko identifikazinoa, 1960-1961, sign. D2-0145/035
YBARRA Y BERGE, 1958, 1. lib. 548. or.
YBARRA y BERGÉ, Javier de. Catálogo de monumentos de Vizcaya. Bilbao: Junta de Cultura de Vizcaya, 1958, lib. 2.
CONDE FUENTE, 1997, 233-234 or.
CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
7. AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak.
ACOB-KBGA, Albizu-Orozkoko San Martin Gotzaina parrokiaren ondasunen inbentarioari buruzko identifikazinoa, 1960-1961, sign. D2-0145/035.
ZORROZUA SANTISTEBAN, 2003, 142-143 or.
ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo neoclásico en Bizkaia. Bilbao: Departamento de Cultura de la Diputación Foral de Bizkaia, 2003.
CONDE FUENTE, 1997, 235. or.
CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
8. AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak.
9. Ibid.
CONDE FUENTE, 1997, 235. or.
CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
11. AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak.
12. Ibid.
13. Ibid.
14. ZORROZUA SANTISTEBAN, 2001, 305. or.
ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. Aste Santuko pauso eta irudian Bizkaian / Pasos e imágenes de Semana Santa en Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Furo Alfundia – Kultura Saila / Diputación Foral de Bizkaia – Departamento de Cultura, 2001.
AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak.
15. BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 150-151 or.
BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.), MOLINUEVO ZABALLA, María, eta ROMANO VALLEJO, María. Bizkaiko kanpaiak / Campanas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia – Kultura Sailak / Diputación Foral de Bizkaia – Departamento de Cultura, 2005. (Inbentarioak bilduma / Colección Inventarios, 12. zenb.). Eskuragarri hemen https://www.bizkaia.eus/Kultura/kanpaiak/bilatu.asp?idioma=e
16. Ibid.
17. AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, 1764-1911ko kontuak eta bisitak.
18. Ibid.
CANDINA AGUIRREGOITIA y CASANOVAS i LLORENS, 1986, 82. or.
CANDINA AGUIRREGOITIA, Begoña, eta CASANOVAS i LLORENS, Teresa (koord.). Relojería pública en Vizcaya. Bilbao: Departamento de Cultura de la Diputación Foral de Vizcaya, 1986. (Inbentarioak bilduma, 1. zenb.).
CONDE FUENTE, 1997, 234. or.
CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
19. CILLA LOPEZ, 2022, 1. lib, p. 141, 2. lib., 007 zenb., 4. lib., 325. or.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria-Gasteiz: Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2022, lib. 4. (Investigaciones de Patrimonio Cultural bilduma, 4. zenb.). Eskuragarri hemen https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/
AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, 1674-1765, 1764-1911ko kontuak eta bisitak.
20. ALONSO BENITO, 2015, 298. or.
ALONSO BENITO, Javier. Platería. Colecciones del MNAD. Madrid: Secretaría General Técnica, Subdirección General de Documentación y Publicaciones, Ministerio de Educación, Cultura y Deporte, 2015.
21. CILLA LOPEZ, 2022, 1. lib., 221-222 or., 2. lib., 132 zenb., 3. lib., 18-19 or.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria-Gasteiz: Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco, 2022, lib. 4. (Investigaciones de Patrimonio Cultural bilduma, 4. zenb.). Eskuragarri hemen https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/