SAN MIGEL ERMITEA
Nerbioi Garaia
Orozko | Beraza auzoa
Laburpena (PDF)
Beraza auzoa (48410)
p.sanjuan.orozko@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Mugarragako San Migel ermitea oinplanokoa da [2], hiru ataletan banatutako habearte batekoa, hiru horma-ataleko burualde oktogonala daukana. Gune horri atxikita sakristia bat dago presbiterioaren iparraldeko horma-atalean, eta arkupe zabala hego eta mendebaldera. Emoitza tenplu diafano bat da, bai barrualdean [3] [4], bai kanpoaldean [5]. Eredu hori oso ohikoa da gure ermitetan, eta hainbat paralelismo daukaz Orozkon bertan (Manzarbeitiako San Isidro, Egurrigartuko San Sebastian, Ibarrako San Roke…).
Hormak harlangaitzezkoak dira, hein handi baten losa formakoak. Beheko erdialdean sendotu egiten dira apur bat lodituz. Gainera, iparraldean, okertuen dagoan inguruan, idulkiz hornitzen da [6], hegoaldean eta mendebaldean, hormari atxikitako jarleku jarraituak beteten dau egiteko hori. Kanpoaldean, materiala pareta erdiraino agirian dago, eta handik gora zati baten kareztatuta. Sarbideen, leihoen eta eskantzuen inguruan baino ez dagoz hobeto landutako piezak.
Barrualdean, hormak zarpiatuta dagoz; zokalo moduko zerrenda bat, sarbideen ingurua eta gangaren euskarriak bakarrik geratzen dira agirian. Hormetako pintura soila da, erretaula inguratzen dauen gortinazko pabiloiak bakarrik hausten dauena.
Zoladurea ondo eskuairatutako harrizko piezen losakaz eginda dago, mortero barik lotuak.
Barruko euskarriak [7] plinto baten gaineko pilastrak dira, kapitel moduko zerrenda urtenakaz.
Bertan finkatuta dagoz gangak, arku beheratuko parpain-arku lauen eta erdi-puntuko formeroen arteko ertzak daukiezanak. Burualdean, ganga hiru horma-atalekoa da.
Teilatua isurki bikoa da, burualdean izan ezik; han oktogonalari hiru isurki erantsi jakoz.
Oinaldean, tenplurako sarrera nagusia [8] dago. Ateburu monolitikoko bao bat da, eta, alboan, landubako urbedeinkatu-ontzi bat dauka [9], semiesferikoa gitxi gorabehera, eta, horren gainean, Kurutze bat. Bigarren sarrera bat dago bardin-bardina hegoaldean, urbedeinkatu-ontzi eta guzti.
Oktogonalean eta lehenengo atal bietan hegoaldera edegitako hiru leiho dintelduri esker lortzen da argia.
Koruak [10] ia azken zati osoa hartzen dau, baina ez bere zabalera osoan. Zurezko egitura sinplea da, eta klaustro-eskailera dauka hego-mendebaldeko angeluan.
Burualdetik, iparraldetik, pasabide dinteldu batek sakristiagaz komuniketan dau, interes gitxiko leku txiker bat.
Oinaldeko horma pikoaren gainean kanpai-hormea dago [11]. Kanpai-hormea puntu-erdiko baorako da, inpostillen gainean, eta bolentzako piramide-formako pinakuluz apainduta dago –batzuk galduta dagoz–.
Egurrezko arkupea dauka [12], hormeari eusteko harburuak eta zutunikoak besoakaz eta kanpoalderako hormatxoa dituala.
Espazio horretan zoladura da nabarmenena, ibai-errekarrizko enkatxoa [13] motibo geometriko eta lorez beteriko alfonbra bat osotzeko moduan ipinita.
Hau be inspirazino kultuko elementuak, gangak esaterako, eta eraikuntza eredu herrikoi oso pragmatikoak batzen dituan ermita bat da.
Elezaharrak dinoanez, ermita hori beste leku baten eregiten hasi ziran, baina, goizero, materialak gaur egun dagoan lekuan agertzen ziran, harik eta herritarrek bertan kokatzea erabagi eben arte1URTIARTE GOTI, p. 203..
Tradizinoak alde batera itxita, tenpluak Erdi Arora eroango gaitu: Iturrizak 1794an aitatu eban sarkofago monolitiko bat egoala han, eta inoiz edo behin inguruko lurrak landukeran giza aztarnak aurkitu izan dira2BARRIO 1989-1991, vol. 1, p. 456. OJANGUREN IRALAKOA, 1997, p. 85. BOPV, 1997-6-5, Orozkoko Presuntzino Arkeologikoko Eremuen aitorpena (Bizkaia).. Eta ikusiko dogunez, irudietako batzuk gotiko berantiarrekoak dira.
Baina idatzizko barriak 1702ra arte atzeratzen dira, kontu-liburuak hasi arte. Euron bitartez dakigu, egoera txarrean egoanez, ermitea 1779an berregin zala, “orduan eukazan marabediak erabiliz, San Joan parrokiako eleiztarrek ordeztuz obra hobetzeko falta izan ziranak”.
Data horren ostean, sarri egin ziran obra txikiak, eta horreen artean aitatzekoa da Francisco de Aranak “eta hargin lagunek” 1799-1800ean egindako tenpluaren losadurea3AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, Mugarragako San Migek ermitako kontuak, 1702-1935, sign. 2970/001-01..
Beste esku-hartze garrantzitsu bat 1847an egin zan: zoladurea eta, batez be, teilatua oso egoera txarrean egozan, eta Manuel de Ibarrondo arotzari peritajea egiteko eskatu jakon. Haren ondorioa izan zan, laster esku hartu ezean, eraikina hondatu egingo zala, eta obraren kostua 1.700 eta 1.800 erreal artean balorau eban, kopuru nahiko handia. Auzotarrek lanak Ibarrondori berari agintzea erabagi eben, eta harek kostua apur bat murriztu ahal izan eban auzotar batzuen laguntzari esker: 1.425 erreal eta 17 marabedi4Ibid..
1. URTIARTE GOTI, p. 203.
URIARTE GOTI, Pablo. “Orozko. Ermita de San Miguel de Mugarraga”. In Etniker Bizkaia. Bilbao: Labayru Ikastegia, 1985, 7. zk., 199-211. or.
2. BARRIO 1989-1991, vol. 1, p. 456.
BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.). Bizkaia. Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Bilbao: Deustuko Unibertsitatea – Deiker / Bizkaiko Foru Aldundia – Hirigintza eta Ingurumena, 1989-1991, 3 ale.
OJANGUREN IRALAKOA, 1997, p. 85.
OJANGUREN IRALAKOA, Pedromari. Paseos por Orozko. Bilbao: Egilearen edizinoa, 1997.
BOPV, 1997-6-5, Orozkoko Presuntzino Arkeologikoko Eremuen aitorpena (Bizkaia).
3. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailea parrokia – Zubiaur, Mugarragako San Migek ermitako kontuak, 1702-1935, sign. 2970/001-01.
4. Ibid.
ALTZARIAK
Erretaulak
1759an egindako inbentarioan
“Hiru aldare aitatu ziran; lehenengoak, beste bien erdian dagoanak, urre-koloreko kolaterala dauka, eta bertan jarrita San Migelen bustoa eta irudia; bigarrenean, kolateral txiki baten Piedadeko Andra Mariaren bustoa eta irudia dagoz; eta hirugarrenean be kolateralean Kontzesinoko Andra Mariaren eta San Joan Krisostomoren irudiak eta bustoak dagoz jarrita”.
Handik gitxira, 1767an, “Erretaularen estensinoa” egin zan, eratsitako Kurutze Santuaren5Ibid.. ermitatik etorren Jesukristoren irudia jarri ahal izateko.
Horretatik guztitik gauza gitxi heldu da gaur egunera arte. Gaur egun erretaula bakarra dago [14]. Egurrez egina dago bere kolorean, eta urre-koloreko euskarriak eta apaingarriak daukaz. Zokaloa, solairua eta teilatupekoa ditu, hiru kalekoak.
Etxeak [15] honetara definitzen dira, zutabe konposadu ildaskatuak, behealdeko herena trabatuta daukiela, biraka, noranzko bitan. Euskarri horreek aurreratu egiten dira, zokaloa eta taulamentua hausiz. Alboko horma-hobiak dintelduak dira, eta errematerako triangelu formako frontoi zatitua daukie; erdikoa arku eskartzanoan ixten da.
Zoruaren gainean eta azpian kateadura klasizistak dagoz, erdian lora zirkularrak dabezan botoiakaz.
Atikoan [16] beste etxe bat dago, dinteldua, pilastra ildaskatuen eta kapitel gisako dadodun zutabe ildodunen artean. Etxe horrek aurrekoaren moduko beste taulamentu bati eta triangelu-formako frontoiari eusten deutse.
Barroko klasizistaren erretaula xume baina duina da. Zutabeek XVII. mendeko hirugarren hamarkadara arte eroaten gaitue6ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 118-123. or., nahi-ta zokaloetako eta taulamentuetako kateatuak ordurako apur bat zaharrak izan. Edozelan be, 1779an ermitea berregin baino askoz lehenagokoa da.
Altarearen aurrealdea [14] panel bat da, ostro mamintsuko markoa daukana, erretaula baino modernoagoa, profil geometrizatuko urre-koloreko motiboak, erdian kaliza eta kurutze-parea daukazana.
Erretaulea pabiloi margotu batek inguratuta dago, koroa batetik eskegita dagoan kortina batek. Ohikoa baino askoz apalagoa da (profil soila da, marroi kolorekoa), eta 1862an egin zan, estilo neoklasiko berantiar oso ezagunean7AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailearen parrokia – Zubiaur, Mugarragako San Migel ermitako kontuak 1702-1935, sign. 2970/001-01..
Altzari honen iruditeria askotarikoa da estiloari eta kronologiari jagokenez.
Behean Birjina bat Umeagaz [17] (90 x 40 x 27). Egur polikromaua. Iretargi erdi baten gainean, Maria nabarmentzen da, Umea beso biakaz helduta daroala. Trebetasun mugatuko tailua da, arpegi geldokoa. Oihalen lana zertxobait hobea dauka, tunikan bigunak eta mantuan puskatuagoak. Barriro margotuta dago. Erretaulearen garaikidea edo gerotxoagokoa izango da. Barrokoa, XVII. mendea.
Koroa daroa [18] (19 x ø13 x ø16). Zilarra bere kolorean. Lau inperialez eta otzaraz osotuta dago, eta aurrez aurre zeakaz, espiluakaz eta arroian jarritako ostro batzukaz apainduta dago. XVIII. mendea.
Irudi hori, antxina, Dulumango San Joan parrokiara eroaten eben prozesinoan, lehorte garaian8ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. libk., 492. or..
Alboetan, San Gabriel [19] (87 x 46,5) eta San Rafael [20] (88 x 45), kasu honetan ohol gaineko olioak, ezaugarri inozoak eta kolore nahiko lauak daukiezanak, bolumena eta argi-ilun efektua bilatu arren. Erremateko tinpanoaren azpian dagozan errotulu banagaz identifiketan dira. Barrokoak, XVII. mendea.
Atikoan titularra da buru, San Migel [21]. Egur polikromaua. Burrukarako jarreran, deabrua dauka estututa oinpean. Kinua, ostera, mantsoa dauka, garrik bakoa. Oihaletan egindako beharra landuagoa da: ugariak dira eta jantzietan zehetasun batzuk daukiez zizelkatuta edo pintzel puntaz polikromian adierazota (galtzak eta polainak). Berezkoak daukazan atributuak gordetzen dauz, ezpata goian esku eskoian eta balantza beste eskuan arimak pisatzeko. Barrokoa, XVII. mendea.
Ondoan Birjina Otoizlari bat ikusiko dogu [22] (84 x 31,5 x 14). Egur polikromaua. Emakumezkoaren tailua zutunik, otoitz egiteko jarreran, kalidade bikainekoa, kinu gozo eta apalekoa, oihal aberatsez jantzia. Ez dauka bere ikonografia argitzeko elementurik agirian, baina, Ama Birjina otoizlaria lez, baleiteke Kalbario baten parte izatea, nahi-ta bere arpegiko alaitasunak Doloretakoaren eredutik urruntzen dauen. Eragin flamenko handia dauka, ezaugarri formalakaitik, batez be oihaletan, eta grabadu flamenko batzuk gogorarazoten ditualako. Gotiko berantiarreko pieza bikaina da, XV. mendeko azken hamarkadakoa9MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 18, 90, 189-190, 226, 294. or.; CD 62-65. or..
Beste muturrean, San Joan Ebanjelaria [23] (90 x 28 x 23). Egur polikromaua. Santuaren irudia zutunik, esku baten kaliza daukala, besteagaz seinaletan dauen bitartean; begirada be elementu horretara zuzenduta dago. Arpegia gozoa da, barrura begira. Tolesdura gogorretan jausten diran oihalakaz jantzita dago, tinta lauakaz birpolikromatuta. Aurrekoa lez, gotiko berantiarreko tailua da, 1510-1520koa, baina askoz apalagoa10Ibid., 84-85, 122, 294. or..
Eskulturea
Kristo kurutziltzatua [24]. Egur polikromaua. Anatomia indartsuko irudia; ule-adatsen egitura mamintsuan eta purutasun-oihalaren tolestura be nabarmentzen dira. Erromanista, 1600 ingurukoa.
Metalezko gauzak
Kanpaia [25]. Brontzea. Moztuta.
Kurutze-haize-orratza [26]. Landutako burdina. Pieza soila, karratutxo-besoduna zitori horiz amaituta eta ‘ce’z lotuta; honeetatik ispi dardaratsuak abiatzen dira. Lema, adats erakoa da zulatutako banderan. 1800 ingurukoa izango da, tenplua barritu zanekoa, baina oraindik barrokoa gogoratuz.
Interes etnografikoko elementuak
Lau belaunaulki [27]. Egurra eta mihimena. Landa-eleizetan hondino be ohikoak diran elementuak, nahi-ta banku jarraituak sartu ziranetik ja erabili ez. Belaunaulki bakotxa baserri batena zan.
Eleizbarrutiko gordailuan gordetako elementuak (urre-zidargintza)
Kaliza [28] (21,6 x ø13 x ø7,6). Zilarra bere kolorean. Oin biribila, bozeletan garatzen da, eta astila kono-enbor formako profilean heltzen da, pitxer estilizatuaren korapiloraino; kopa liraina da, azpikopa bereizten dauen hari bajuagaz. Pieza klasizista dotorea da, zorionez oineko erlatxean markak agertzen dauzana: uriarena (Valladolid, frustra); eta egilearena, 1672-1699 bitartean aktiboan egondako Marcos Martín Ibáñez (IBAN/EZ).
Patena dauka jokora (ø12,3).
JMGC – RCL – AAS – MRV
5. Ibid.
6. ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 118-123. or.
ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo barroco en Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, 1998.
7. AHEB-BEHA, Orozkoko San Joan Bateatzailearen parrokia – Zubiaur, Mugarragako San Migel ermitako kontuak 1702-1935, sign. 2970/001-01.
8. ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. libk., 492. or.
ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia / Labayru Ikastegia, 1987, 3 ale.
9. MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 18, 90, 189-190, 226, 294. or.; CD 62-65. or.
MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Flandesko isladak. Gotiko berantiarreko eskultura higigarria Bizkaian. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia, 2011.
10. Ibid., 84-85, 122, 294. or.