SAN MIGEL ERMITA
(Jasokundeko Andra Mariaren parrokiako jurisdikzinoa)
Arratia
Zeanuri | Urkiste auzoa
Folletoa
Urkiste z.b. 48144
p.andramari.zeanuri@bizkeliza.org
Oinplano angeluzuzeneko ermitea [3], nabe bakarrekoa [4] [5]. Sakristia presbiteriora atxikita dago epistolearen aldetik, eta oinaldean eleizpea dago, tenplua baino bajuagoa.
Oinplanoa lursailaren maldeari egokitzen jako [2]. Aurrekaldean, landara-hesiakaz mugatutako korridore bat egin da, baita arkupera sartzeko mailadi bat be [6].
Aparailuan, harlangatxezkoak ditu hormak, lauza irregularrez eginak [7], barrukaldean eta kanpokaldean bistan dirala. Eskantzuak eta bao batzuk harlanduz eta lauza luzanga lauz sendotuta ditu [8].
Barrukaldean, sakristiarako sarrerearen ondoan, sagrarioa ipinteko horma-hobi bat dago [9], arku zuzenekoa, harlanduz inguratua, egurrezko atetxuakaz itxita. Orain gitxiko lana da.
Zoladurea tronadura erakoa da [10], orain gitxikoa hori be, presbiterio parean goratua, lekuak bereiztearren.
Estalgia be azkenaldian egindako obra bat da. Egurrezko sabaia dauka, arku apalakaz leun gangatua [11], isurialde biko teilatuari eusten deutsan jatorrizko goihabe-egiturea ezkutetan dauena [12].
Oinaldean sarbide bat dauka [13]. Erdi-puntuko arku handi bat, apur bat beheratua eta dobelaua, harlauza luzeakaz, kanpoko arkupea baino eskilara-maila bi gorago. Ur bedeinkaturako ontzi bi ditu [14] [15], pasabidearen alde bakotxean bana. Hareharrizkoak dird, eta kono-enbor formako profila daukie.
Nabearen atzekaldeko alboetan be lauzaz osotutako arku bana dago [16] [17], sarbidearen antzeko ezaugarriak daukiez, baina ez dira lurreraino ailegetan –beraz, ez dira ateak–. Gaur egun hormatuta dagoz, baina argi ikusten dira, bai barrukaldean bai kanpokaldean [18] [19], hegoaldekoak uztaiaren zati bat galdu dau.
Arku horreen kokapenak eta tipologiak pentsarazoten deusku beharbada ataripe bat egon zala jatorrian ermitearen alde horretan, aurrekaldera eta alboetara edegia, eta tenpluaren itxiturea, gaur egungoa baino barrurago egoana, egitura ahulagoa izango zala, egurrezko armazoikoa beharbada, eta santutxu modura erabiliko zala, Urregiko San Blasen lez, Zeanurin bertan. Barruko espazioa oinaldera zabaltzeak ataripe hori bereganatuko eban, eta, horrenbestez, alboko arkuak hormatu egingo ziran, euren funtzinoa galduta.
Argia, batez be, hegoaldeko horman egindako hutsune dinteldu bitatik sartzen da [20]. Horreek be egin barriak dira, nahi-ta leitekena dan lehen egindako beste batzuen ostekoak izatea.
Interesgarriagoa da burualdean edegitako ferra-arkuko baoa [21], kanpokaldean leihoburu-marko bihurtu dana [22]. Estilo prerromanikokoa da, eta ermitearen antzinatasuna XI. mendean jarriko leuke.
Presbiterioari atxikita eraiki eben sakristia. Sarbidea altara-ingurutik dauka, lau angeluko eremu batera zabaltzen dan ateburu zuzenean, baldosazko zoruagaz, egurrezko estalgiagaz eta leihoburu-bao bategaz [23].
Fatxada nagusia bozel-laurdeneko molduraz burututa dago, eta piramide-pinakuluak daukaz muturretan [24]. Haren gainean, erdian, kanpai-horma bat dauka zutunik [25]. Bozeletik abiauta, kareharrizko harlandu kuxineztatuz egina, kanpaiak eta harrizko kurutzez errematautako frontoi triangeluarrak puntu-erdiko bao bakarra dauka. Ahozko tradizinoaren arabera, desagertutako Gorbeian egoan Arrabako sendaetxeko kapilan dauka jatorria1ARREGI AZPEITIA, 1987a, 2 libk., 409. or.. Ez da erraza hori probetea, baina egia da, aitatutako beste tenplu horren argazki bakanen arabera, silueta bera daukala.
Arkupea dauka oinaldean [26], tenpluaren gainerako atalak baino geroagokoa. Nabea baino bolumen bajuagoa da, isuri biko estalgia dauka egurrezko egiturearen gainean, eta aurrekaldea edegita. Aurrekalde hori harlangatxezko horma batek babesten dau, metro baterainoko altuereagaz, eta erregistro bakarreko hesiagaz, burdinazko haga lauakaz, egurrezko erdikoak izan ezik. Aurrekaldearen alde banatan, harrizko jesarleku luze baju batzuk dagoz, egurrezko euskarriakaz [27]. Zoruak baldosa garaikidea dauka. Harlandu baten grabautako inskripzinoan AÑO / 1895 † ageri da, eleizpea gehitu zaneko datea beharbada. Beste baten, URKISTEKO SAN MIGEL / 87-5-1 † / 89-4-30 / AUZOAK EGINA, garrantzizko azken esku-hartzeari jagokona.
Idatzizko dokumentazioan ez da ageri ezer Urkisteko San Migel ermita honetaz. Baina burualdeko leihoari erreparauta, XI. mendera arte jo geinke iraganerantz.
Gainerako elementu formaletan oinarrituta ezin da ezer askorik zehaztu, XVII. mendetik XIX.era bitarteko uneren batera atzera egiteaz aparte. Halanda be, azaldu dogunez, badirudi eraikinak fase bi euki ebazala: bata, santutxu modura, eta bestea, jatorrizko eleizpea bereganatuta eta gaur egungoa gehituta. Obra hori 1895ean egin zan beharbada, inskripzino batek dinoanez. Halan balitz, eta kanpai-hormea 1903. urte inguruan desagertutako Arrabako erietxeko kapilakoa dala onartu ezkero, elementu hori gerotxuago gehitu zan.
Gerra Zibilean kuartel bihurtu ebela dakigu, bai eta elementu batzuk apurtu (sagrarioa, koadruak) eta apaingarri batzuk ostu ebezala be2AHEB/BEHA, Jasokundeko Andra Mariaren Parrokia, Zeanuri, Askotariko paperak, 1938, sign. 1774/007-05..
Gaur egun hain ondo kontserbauta egotea 1987tik 1989ra bitartean egindako erreformearen emoitza da, eleizpeko plaka baten esaten dan lez, eta auzotarren kontura (auzoak egina). Orduan kendu eben korua, jatorrizko teilatua ezkutau, bao batzuk aldatu eta harria atera.
Gure ermita gehienen eskema sinple eta enpiriko berberak daukaz eraikinak, duintasun handiz egindakoak, eta arabere duinago kanpai-horma dotoreari esker. Gainera, balio handiagoa emoten deutso tradizino prerromanikoko leiho bat eukiteak.
ALTZARIAK
Ermiteak ez dauka ezelako erretaularik, eta irudiak be oso gitxi. Ez da kontserbau ermita honetako libururik, eta topau dan erreferentzia bakarra Gerra Zibilean izandako kalteei buruzkoa da. Kuartel bihurtu ebenean, apurtuta lotu ziran sagrarioa, koadruak, ispiluak eta eleiz-jantzi gorri bat. Gainera, hainbat apaingarri ostu ebezan (kasulla zuri, more eta berde bat), eta beste batzuen arrastoa galdu zan (eleiz-atorra bat eta lau mahai-zapi)3AHEB/BEHA, Jasokundeko Andra Mariaren Parrokia, Zeanuri, Askotariko paperak, 1938, sign. 1774/007-05..
Eskulturea
San Migel [28] (69 x 27,5 x 31). Egur polikromaua. Taila honetan, sano jarrera mobiduan ageri da santua, contraposto nabarian, deabrua zapaltzen dagoan hanka bat aurreratuta eta gorputza eta besoa biratuta aldi berean. Tentsino-sentsazinoa biziagoa da haizeak soingainekoa astintzeari esker, ezpatea jasota egu hegoak zabalduta. Horren guztiaren emoitza frontaltasuna hausten dauen konposizino diagonal bat da. Garaipen- eta narrazino-izaerea dauka, ikusleakan inpaktu bisuala eta emozionala sortzeko asmoagaz. Armadurea, kaskoa, babesa eta ezpatea daukaz soinean; izan be, gerlari zerutiarra da. Tentsinoak gorabehera, arpegi sosegaua dauka, Jainkoaren justizia amorru barik ezarriz. Polikromia aberatsa da, urre ugarikoa, eta iluna deabruari jagokonez, izaki zital horrengan espero dan lez. Artelan barrokoa, XVIII. mendearen erdialdekoa.
Kristo kurutziltzatua [29] (50 x 37). Egurra, bere kolorean. Kurutze bako Kristoren tailua, tratamentu naturalistakoa anatomiari jagokonez, akabera espresionistagoa badauka be. Kaja torazikoa nabarmen markauta dauka, sabelaldea zehaztuta, eta gorputz-adarrak estilizauta. Burua alde batera makurtuta dauka, mina jasanez, keinu dramatiko barik. Modelau orokor berari jagoko burua be, masailezur markatuagaz eta ule-kalpar sakonakaz. Ondo sakondutako tailua ageri da araztasun-oihalean be, begizta zabalean alde batera korapilatuta. Egikera oneko obrea da, barrokoaren ereduei jarraitzen deutsen artelan garaikidea. XX. mendekoa.
Eleizbarrutiko gordailuan zaindutako elementuak (urregintzea)
Kaliza eta patena [31] (22,3 x ø15,2 x ø8,1). Zilarra bere kolorean eta gainetik urreztatuta. Hiru mailako oin biribil bozel erakoan bermatzen da, azkena askeago, eskulekuagaz lotuta. Korapilo oboidearen inguruan bilduta dago hori, molduraz ekuatorean ebakita. Hurrengoak, lepo zilindrikoak ahurrean, torua eta, azkenik, kopea, leuna, soslai sano zuzenekoa. Ez dauka ezelako apaindurarik agerian, ezta markaketarik be. Osogarri dauka patena urreztatua, leuna. Kalizaren ezaugarriak aztertuta, XVI. mendearen amaieran edo azken laurdenean kokatu leiteke.
MRV - RCL - JMGC
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López – Juan Manuel González Cembellín