SAN MILLAN ERMITA

(Kepa Deuna parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Dima | Biteriño auzoa

i

Folletoa

Biteriño auzoa z/g, 48141

p.kepadeuna.dima@bizkeliza.org

ERAIKINA[1]

Oinplano errektangularra [2] burualde zuzena [3] eta oinaldean eleizpea dituan kuruztoki txikia.

Horma-harrizko egitura dau bistan [4], harlanduak dagozan izkinetan izan ezik.

Zoladura, oholtza da [5] eta altara-aldean altxatuta dago [6].

Isurialde biko teilatua dauka [7] erdiko zertxaren gainean [8].

Sarbidea [9], oinaldeko hormatik da, guztiz zabalik dago; erronboide-formako eta erdian zabaldu egiten dira atea hartzeko ebakidura daben haga leunek babesten dabe [10]. Egurrezko hesi hau harrizko hormatxoaren gainean bermatzen da. Fatxada honen goiko erregistroa egurrezko egituraz ixten da eta Santiago-kurutzea daukan ezkutuaz [11] eta sendon maskaroi biz apaintzen, bat gizonezkoarena [12] eta bestea emakumezkoarena [13], seguruenik aurreko beste eraikin batetik hartu eta hemen erabilitakoak.

Urbedeinkatu-ontzia dauka barruan, epistolaren horman [14]. Beheko aldea gailoiz apainduta daukan kikara erdiesferikoa da [15]. Goian, erremate lez, grabatutako kurutzea agertzen da.

Fatxada nagusiko zabalduratik lortzen da argiztapen naturala [16].

Oinaldean dago eleizpea [17], hiru isurialdekoa [18], egurrezko egituragaz [19] besoak dabezan egurrezko oinarri zuzenen gainean [20]. Karelean zurkaizten dira [21], eta hau zabalik dago aurrealdean hiru maila trapezoidaletako harmailadian [22]. Hegoaldeko atzealdeko zutoinaren ondoan [23], kanpaitxoa ipini da buztarriagaz [24].

San Millan ermita hau, zaharra egoan lekutik metro gitxitara dago, 1771 eta 1775 bitartean, Calahorrako Eleizbarrutiak Bizkaian egindako ermiten inbentarioan sartu eben-eta, Diman, guztira, 16 zenbatu ziralarik.

Jatorrizko ermita 1926an eraitsi behar izan eben, konpontzen hasi ziranean, “se descubrió que las tres paredes principales se hallan en completa quiebra hasta los cimientos a consecuencia de la trampa primitiva en su construcción, puesto que, habiéndose elevado las paredes citadas sin ninguna piedra de ligazón, rellenando los centros con tierra y grava, se han abierto en dos quedando huecos los centros” 1AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Domingo Zarate abade-ekonomoak gotzainari aurkeztutako eskariak San Millan ermita konpontzeko, 1926-10-24 eta 1927-10-26, 1886/106-00 sign. . Lanak Carlos Aresmendiren (Ausmendi?) esku itzi ziran 1.195 pezetagaitik eta 1927ko azaroaren 12an, ermita barria bedeinkatu zan 2Ibid..

ALTZARIAK

Erretaulak

 

Erretaula nagusia [25]. Egurra bere kolorean eta urre-kolorean. Pisu bakarreko eta hiru kaleko altzaria, tamaina ez-nabarmenaz. Erroseta-apainketa daben panel errektangularren bidez artikulatutako banku soilaren gainean bermatuta dago. Erdiko kaleak, zabal eta altuagoa, ardatzarena egiten dau konposizinoan eta erdi-puntuko eta sakonera gitxiko horma-hobian hartzen dau titularra. Dakigunez, ermitaren barriztatzearen testuinguruan, altara eta erretaula eraiki ziran 1926an 3AHEB/BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Biteriñoko San Millan ermitaren barriztapena, 1926, 1886/104-00 sign.. Iruditeriari dagokionez, alboetako kaleetako irudiak, modernoak dira, XX. gizaldikoak. Titularra, erdian, San Millanen irudia da [26] (77 x 24 x 18), egur polikromatuan. Santu eremutarraren eskultura da, frailez jantzita dago eta biziera eremutarrari eta transmisino espiritualari lotutako ezaugarri diran makila eta liburua daukaz. Polikromia, soila da eta tonu ilunak -frailearen abituari dagokiozan marroixka eta baltzak- dira nagusi. Beharbada XVII. gizaldiaren amaierakoa edo XVIII. gizaldiaren hasierakoa izango da.

Eskultura

 

Altara-mahaia [27]. Egurra bere kolorean eta urre-kolorean. Bolumen prismatikoko altzaria, idulki jarraituaren gainean finkatutakoa, antolamendu argi eta garbi simetriko eta axialagaz. Erdialdean nabarmendutako panelaren bidez artikulatzen da aurrealdea, eta panel horren albo banatan multzo bi dagoz, pilastra erara. Berrinterpretazino eklektikoa da, ermitaren 1926ko barriztapenaren emaitza 4Ibid. .

MRV - RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

Lan grafikoa

 

Domingo Iturrateren erretratua [28] (36,5 x 26,3). Papera eta tinta. Debozino-lamina zuri-baltzean, Frai Domingo Iturrateren busto-erretratua irudikatuz. Honako idazkuna dau beheko orlan: “El siervo de Dios P. Fray Domingo del Santísimo Sacramento”. Lamina hau XX. gizaldiaren erdialdekoa izango da, dohatsu autortu eben 1983. urtea baino lehenagokoa.

Metalak

 

Kanpaia [29]. Brontzea. Ezkiladuna. Moldura leunak baino ez ditu apaingarritzat sorbaldetan eta hegalean, eta hosto-ezarkin batzuk. XX. gizaldia.

Eleiz jantziak

 

Kasulla [30], estola, manipulua eta korporal-estalkia. Jacquard-ehun mekanizatua, espolinez zetaz (edo nahasitako materialez) landutako ereduetan oinarrituta, damasko-erako lotura polikromo arinaz. XIX. gizaldiaren amaierakoa.

Beste osagai batzuk

 

Urbedeinkatu-ontzia [31]. Harria. Horma-aldean sartutako ontzia, egitura soilagaz, hau da, sakonune erdiesferikoa kuxin-erako ertz molduratuagaz, behealdea gailoiz apainduta eta kurutzea erliebean dauan bereizitako multzoa hormaren goialdean. Aska hau XVI. gizaldikoa dala esan daiteke.

Gizon-maskaroia [32]. Harria. Harri-blokean era obalatu samarrean landutako pieza, giza burua, antza danez, gizonezkoarena, irudikatuz era guztiz sintetikoan eginda. Aurreko erakin batetik -beharbada jatorrizko ermitatik- hartu eta barriro aprobetxatutako pieza izan daiteke, XVI. gizaldian, pieza herrikoi lez egindakoa, baina ezin da ziurtatu.

Emakume-maskaroia [33]. Harria. Aurrekoagaz batera dago, aurrealde arkitektoniko bera osotuz. Ia arbastatu barik dagoan behealdea ikusita, beste euskarriren batean sartuta egongo zala pentsatu daiteke. XVI. gizaldian egindakoa dala esan daiteke, ziurtasun barik, eta hedatutako estiloa dauala.

Ezkutua kurutzeagaz [34]. Harria. Oinarrian ingurune zorrotza dauan harrizko multzoan landutako pieza. Ezkutu hau maskaroiak dagozan aurrealde berean txertatuta dagozala-eta, barriro erabilitako harrizko osagaien multzo heterogeneoa dala esan daiteke. Kronologiari dagokionez, jatorria XVI. gizaldiaren hasieran kokatu daiteke, hedatuta dagoan estiloaren barruan.

Eleizbarrutiko gordailuan gordetako osagaiak (urre-, zidargintza)

 

Kaliza [35] (24 x 15,2 x 10,2). Zidarra bere kolorean. Lan orekatua da, ez dauka markarik baina bilbotarra izan daiteke, XVI. gizaldiaren hirugarren laurdenekoa. Kartoizko kutxatilan gordeta dago.

Patena [36] (⌀14). Zidarra urreztatuta. Platertxo leuna, apainketa eta puntzoi bakoa. Ziurtasun barik, XVI. gizaldikotzat jo daiteke.

MRV - RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Domingo Zarate abade-ekonomoak gotzainari aurkeztutako eskariak San Millan ermita konpontzeko, 1926-10-24 eta 1927-10-26, 1886/106-00 sign.
2. Ibid.
3. AHEB/BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Biteriñoko San Millan ermitaren barriztapena, 1926, 1886/104-00 sign.
4. Ibid.