SAN PEDRO APOSTOLUAREN ELEIZA
Nerbioi Garaia
Orozko | Murueta auzoa
Laburpena (PDF)
Murueta z.g. (48410)
p.sanpedro.orozko@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Oinplanoak [2] lau angeluko atal bi ditu, oinaldekoa apur bat handiagoa; aurretik, burualde oktogonala dauka, zabalera osoa hartzen dauan hiru horma-atalekoa. Iparraldean zenbait eranskin dagoz, garai askotakoak: sakristia, Pietatearen kapera eta korura sartzeko eskilara biribila, gangak eta kanpai-hormea. Hegoaldean eta sartaldean, eleizpeak osorik inguratzen dau tenplua.
Planteamentuaren soiltasun hori barrualdearen [3] [4] zein kanpoaldearen lausotasunean islatzen da [1]; beharbada apur bat nahasiagoa da iparraldetik (eskilara kiribila, sakristia, kapera…) [5].
Hormearen egiturea harlangatxezkoa da, mortero ugariz apaindua, eta harlanduzkoa ertzetan, markoetan, ostikoen kanpoaldean, eskilararen zati handi baten eta kanpai-horman. Erlatx [6] hanpatu batek burutzen ditu hormak (eskilaran izan ezik). Barrualdean, hormak zuriz zarpiatuta dagoz oinaldeko atalean [4] eta harlandua imitauz erdikoan; burualdean, barriz, zuria eta horma-pinturak nahasten dira –aurrerago aztertuko doguz horreek– [3]. Burualde horretan bertan horma-hobi bat dago; artxibo zaharra izango zan seguru asko.
Zoladura barria dauka, egurrezkoa. Presbiterioa nabea baino harmaila pare bat gorago dago.
Barruko euskarriak ontzi formako mentsulak [7] [8] dira, kurba eta kontrakurbako profilagaz eta zerrenda-kapitel poligonalagaz. Azken horrek gogora ekarten dauz udalerri bereko San Joan Dulumangoko kapitel poligonaletako batzuk.
Mentsula horreetan, gangen atalak eta nerbioak zehazten dabezan parpainak bermatzen dira [3]. Gangak kurutzeriakoak dira, tertzeleteakaz [9] [10]urualdean izar itxurakoak [11]. Giltzarri batek zeharkatzen dau eleizea ardatzetik.
Nerbioak eta parpainak profil akutukoak dira, nazelaren ondoz ondoko meharguneen bidez lortuak. Horreek guztiak giltzarri leun zulatuetan alkartzen dira, eranskin galduei eusteko.
Lehenengo ataleko eta burualdeko gangetan eta horma-ataletan dago tenpluaren elementu berezi eta deigarrienetako bat: horma-pinturak [3]. Presbiterioaren erdian, erretaula nagusiaren gainean, Jerusalem bat dago, Kristo Kurutziltzatu handi baten atzealde modura [12]. Oktogonalaren hegoaldeko horman, errezela trinko batzuk han edegitako leihoa markoztetan dabe [13], eta iparraldean be errepiketan dira errezelak, non leiho bat dagoan margotuta, benetakoaren bikotekide [14]. Alde bietara, hutsarte horreen azpian, trompe l’oeil batzuek horma-hobiak marrazten dabez, Eleizearen eta Sinagogearen irudiakaz, hurrenez hurren. Pintura neoklasikoak dira, baldar samarrak.
Baina gangetan oso bestelakoa da planteamentua. Absidean [11] a candelieri motibo simetrikoak, groteskoak, hegaztiak, zaldunak, biluziak… dagoz, tondoen inguruan, non aingeruak eta Pasinoaren sinbolo diran personaiak dagozan [15] lantzea belakiagaz, mailua, kurrikak, arantza-koroia, sokea, [16] lantzea, eskilara, zutabea, untzeak, eta beharbada filakteria bat INRI galdu bategaz).
Lehenengo atalean [10], gangearen kaskoak hegaztien eta cadelieri-en bitartez profilauta dagoz [17], eta harlanduzko atzealde baten gainean, apostoluentzako eta Bibliako beste personaia batzuentzako tondo barriak: gitxienez, [18] San Judas Tadeo (alabardea), San Joan Bateatzailea (liburua eta Bildotsa), San Andres (kurutzea), [19] San Paulo (ezpatea), San Pedro (giltzak), [20] Santiago Txikia (mazoa), Santo Tomas (eskuaira), [21] San Bartolome (ezpatea eta liburua) eta San Joan Ebanjelaria (kalizea eta sugea), identifiketan ez diran beste batzukaz batera.
Formeroen eta personaia txikiz [22], zaldiz, munstroz… betetako zerrenda baten artean, San Markos [23] (hegoaldean) eta San Mateo [24] (iparraldean) dagoz. Beharbada, beste ebanjelari biak eta beste apostolu eta personaiak bigarren atalean margotzekoak ziran, baina, ikusten danez, gune horretako gangearen eraikuntzea sano atzeratu zan, eta, ondorioz, ahaztu ei zan proiektu piktorikoa. Kalidade handikoak ez badira be, horma-irudi horreek XVI. mendearen erdialdea gogorarazoten deuskue, eta lagungarriak dira tenpluaren zatirik handienaren batasun estilistikoa indartzeko.
Kanpoaldean, kontrahorma [25] trinko batzuek eusten deutsie gangen presinoari. Kontrahorma horreek atalen eta angeluen arteko banaketan dagoz, diagonalean burualdekoak eta oinaldekoak. Sekzino angeluzuzenekoak dira, eta basamentua ez da ia lurretik nabarmentzen, zokaloa behean eta ezpondea goian. Erlatxerainoko paralelepipedo batez dago luzatua ezpondea –ohiko urtenbidea inguruan.
Teilatua [26] isurki biko estalgi xumea da, eta isurki triangeluarra dauka burualdean.
Hiru leiho dagoz, horreetako bi ia-ia bardinak [27] [28], oktogonalera eta lehenengo atalera edegiak, hegoaldeko lehenengo zatian. Zeihartasun leunekoak dira, eta sabai-leihoen trazeria delikaua daukie: bifora trilobulauak, gainean burbuilak dabezanak. Beharbada XVII. mendekoak diran lau angeluko sareta moduko burdin hesiez ixten dira kanpoaldetik.
Hirugarren leihoa, hegoaldera begirakoa hori be, koruaren zerbitzurako ohiko baoa da [29] [30]: gitxieneko argia konopioan, hauts babesagaz eta karelagaz, alaka bakunez molduratuak –azken hori atariko teilapearen azpian ageri da [31]–. Bere ondoan, listel-formako moldura txikia grabatuta daukan harlandua sartuta dago horman -elementu honen jatorria ez da ezagutzen eta zuloa betetzeko material lez aprobetxatu da hemen.
Sarrera bi dagoz eleizara sartzeko. Nagusia [32] oinaldean dago, tenpluaren ardatzean. Erdi puntuko sarrerea da, abanikoan dagozan dobelek eratua. Barrualdean [33] eskartzanoa da; orpoak ikusgai dagoz oraindokarren. Ondoan urbedeinkatu-ontzia [34] dago, esfera erdikoa, bozelaz markautako karelagaz.
Bestea [35] bigarren atalean okertzen da, eta, horrenbestez, ate-alboetako bat erdi ezkutauta dago kontrahorma baten azpian, agerian itxita plan errenazentisteak guztiz aldatu ebala aurreko antolaketea, hau da, gotiko berantiarrekoa. Konopiala da, dobela erradialez eta orpodun tunel eskartzanoz osotua. Horma-bularrean beste urbedeinkatu-ontzi bat dago sartuta [36], marmol baltzez egina eta Golgotarako plakeagaz; beranduagoko eranskina da, XIX. mendea oso aurrera egoala ziurrenik. Ate horren gainean puntu erdiko horma-hobi itsu bat dago, garai baten han egon zan tenpluaren irudi titularra [37] 1YBARRA y BERGÉ 1958, 2. bol., 1.126. lam..
Korua [4] egurrezkoa da, eta oinaldeko atalaren heren bat hartzen dau, gitxi gorabehera. Musturretan biribilkiak daukazan habe baten dago bermatuta [38]. Karelak hagatxo torneauak ditu eta batzuk barriztatuta dagoz. Eskilara biribilaren bidez heltzen da bertara, ateburudun pasabidearen bidez; edozelan be, itxura danez, garairen baten hego-sartaldeko angeluan kokatutako eskilara batetik igoten zan bertara, eta angelu horretan aldatu egin da koruko zorua, tranpol bat ixteko.
Aitatutako eskilara biribil hori [39] gorputz prismatiko bat da, eta zokalo arin bat dauka, eraikinaren ipar-sartaldeko musturrean altzaua. Harlandua eta harlangatxa nahasten dira hormearen egituran, eta erlatxaren parte bat ikusten da amaiera aldean; bertan, harlandu molduratu bi dagoz, goiko zati horretan aldaketa zehaztubakoren bat dagoala pentsaurazoten dabenak. Koruaren azpitik heltzen da bertara, igarobide dinteldutik [38], eta egurrezko hagak eskilara kiribila dauka, haretx-enborreko zilindrora ainguratuta zuzenean [40], bao txiki saieteratu txikien bidez argiztatuta dago.
Sakristia eleizeagaz lotuta dago, ebanjelioaren aldeko lehenengo atalera edegitako igarobide dintelduaren bitartez [3]. Gela txiki bat da, harlangatxezkoa, sabai aizunez estaldua; argia sortaldera dinteldutako leiho moderno batetik sartzen da. Pietatearen kapilearen atzeko gela txiki batera luzatzen da.
Pietatearen kapera hori [41] arku zorrotzez zabaltzen da eleizara, eta ertz-gangez estalduta dago. Igarobide dinteldu baten bidez, garai baten bateo-kapera txiki-txikia izan zan trasteleku bateragaz lotuta dago eta beste igaro baben bidez, sakristiagaz.
Eskilara biribiletik be kanpai-hormara igoten da [42]. Horma horrek gorputz bi daukaz, oinaldearen ardatzean, eta erdi puntuko bao bat inposta lauen gainean; frontoi triangeluarrean amaitzen da, pinakulu piramidalen artean, eta burdinazko kurutze bat dauka goian.
Eleizpeak [43] ixten ditu hegoaldeko eta sartaldeko aldeak. Eleizearen horman hainbat harburu bermatzen dira bozel laurdenean, zeinak zabaltzen diran burualdean zehar [25] (nahiz eta bertako espazioan nekez garatuko litzateken arkupe bat) eta kanpoaldera, zutikoakaz, zeinak zurkaizten diran banku luzeko hormatxuan (hegoaldeko horman altuera osoa itxi arte handitua).
Zimentarri horren gauzarik interesgarriena zoladurea da [44], ondo konserbautako enkatxoa, ertzez eta teila zatiz askotariko irudi geometrikoen marrazkiak osotzen dituana: labirintoak, izarrak, hexafoliak, etab.
Eleizea 1385ean dokumentauta dago, hain zuzen, Diego Fernández de Olartek bere testamentuan bertako “debysaren” –hau da, hamarrenak– zati bat eukala adierazo ebanean. Geroago, aiaratarrek hartu eben tenpluaren nagusitasuna, Orozkoko bailarako jauntxo bihurtuta. Halanda be, bertako familia nagusietako batzuek lotura handia euki eben tenpluagaz, eta, halan, 1450ean Lope Sáenz de Anuzibaik Muruetan lurperatu eien eskatu eban, eta dirua emon eban “San Pedro eleizan hogeta hamar mezako sail jarrai bi esan daiezan eleiza horretako abade biek”2OJANGUREN IRALAKOA, 1999, 42., 51. or.. Baina gaur egun ikusten dogun ezer ez da garai horretakoa –XIV. mendearen erdialdekoa ei dan tailu titularra izan ezik–.
Erdi Aroko eraikinaren ia erabateko barrikuntza XVI. mendearen bigarren herenean jarri zan martxan, estilo errenazentista garbian, baina arkaismo batzuk txertatuta: hegoaldeko sarbidea eta koruko leihoa, arku konopialagaz, elementu gotiko berantiarrak –nahi-ta oso eboluzionauak izan kasu bietan–; edozelan be, osogai horreek ez ziran gure artean XVI. mendearen erdialdera arte desagertu.
Zelangura, Juan Martínez de Urriola y Urzaak (edo de Urzaa y Urriola) Nabarnizko harginak kobrau egiten eban bere lanakaitik, 1539a ezkero gitxienez, nahi-ta, itxura danez, 1545ean baino ez zen kontraturik izenpetu. 1551n bisitatzaileak obrearen kontuak jaso ebazan: 216.750 marabedi, aitatutako harginari ordainduak –bide batez, ordainketearen zati bat sagardo-pegarretan egin zan–3AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia - Murueta, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1547-1604, sign. 2989/002-02. LABAYRU y GOICOECHEA, 1968-1972, 4. libk., 239. or.
Baina garai haretan ez zan eleiza osoa eregi. 1618an korrejidoreak tenplua bisitau eban, eta hau adierazo eban:
“Itxuraz harrizkoa eta harlangatxezkoa da osorik, eta horma-bularrak sendoak dira, harlanduzkoak eta harlangatxezkoak. Oktogono bat dauka (absidea) eta horren alboan kapera handi eta on bat (lehenengo atala), arkuakaz eta harrizko giltzarriakaz, eta… gainerakoa (bigarren atala) teilapean dago eta arkuak ditu beste kapera baterako, handiagoa (bigarren atala) eta urrunagokoa. Holan osotzen da eleiza horren gorputz osoa, halango eran non aitatutako kapera horrek oktogono bat eta kapera bi daukazan”4BFAH-AHFB, Judiziala, Korrejidorea, Zibila, sign. JCR0485/006..
Hau da, artean gangak jarteko eukazan bigarren atalean, “teilapean” (seguru asko teilatuaren egiturea agerian) estalduta, nahi-ta itxura danez ordurako planteauta egozan haren euskarriak: “Esleituta (eregita?) daukaz arkuak beste kapera baterako”. Ez dakigu zelan amaitu zan ha, baina egia da guztiz errespetau zala aurretik eregita egoana.
XVII. mendearen hasierako urte hareetan beste osogai batzuk gehitu jakozan tenpluari. 1597an, hilerria bardintzea eta zolatzea egoan aurreikusita, baina, antza danez, lanak 1603-1605 bitartera atzeratu ziran. 1618an, bisitatzaileak sakristia egiteko agindua emon eban, eta 1629an errepikau eban agindu hori –urte horretan baimena emon zan fabrikako erlauntzak saltzeko eta, holan, funtsak lortzeko–, baina 1636. urtera arte atzeratu ziran lanak. Horren ardurea Tomás de Vitoricak euki eban, Laudioko (Araba) ibarreko harginak, zeinagaz 1640-1642 urteetan eleiztarrek auzitan jardun eben harginak amaitu barik itxi ebezalako lanak; haregaz batera behar egin eben Martín de Recalde eta Gerónimo de Aresala zurginek5AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia - Murueta, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1547-1604, sign. 2989/002-02; Kontuak…, 1601-1716, sign. 2990/001-00; Paperak, sign. 2993/003-00..
1561. eta 1597. urteetan kanpantorrean lanak egingo zirala aitatzen bazan be, 1618an ez egoan halangorik (“ez dago torrerik eleiza horretan, eta kanpaiak beheratuta dagoz, lurretik be ikutzeko moduan, eleizearen atarian eskegita”). 1642an, Juan del Campo harginak berbea emon eban kanpai-hormea egingo ebala “harri landuz, ziriaz, hiru arkugaz, eta bertan bermatu eta ipinteko moduan hiru kanpaiak […] eta harrizko kurutze bat, amaieran”. 1644an kokatu ziran kanpai horreek, eta Juan de Goicoecheak 16 erreal kobrau ebazan burdinazko kurutzea -eta ez harrizkoa- ipinteagaitik6Ibid..
1738an arazoak egozan gangakaz, eta Mateo de Entrambasaguas zurginak eta Ignacio de Sagarminaga harginak plan bat egin eben hareek ziurtatzeko –besteak beste, proponidu eben gangea horma-bular bategaz sendotzea, iparraldeko aldean–. Ez ei zan ezer egin, eta 1757an gangearen parte bat guztiz hondoratu zan. Francisco de Amirola harginak aztertu, eta, ostean, konpondu egin eban7AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia - Murueta, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1716-1796, sign. 2991/003-00..
Hurrengo mendeetan eregi dan gauza bakarra Pietatearen kapera izan da. Gune neomediebal soila, 1907an eregia.
1998-1999. urteetan zaharbarritu zan tenplua.
Tamainuari jagokonez ez bada be oso handia, eleiza hau bitxi txiki bat da, inguru horretan dotoreenetako bat, errenazimentuko arkitektureari jagokonez. Estilo-batasunagaitik –nahi-ta, ikusi legez, denbora luzea igaro zan ataletako baten gangak ipini ziran arte– eta xehetasun formal finakaitik (mentsulak, gangak, leihoak), eraikin aitagarria da Murueta. Jagole berari eskainitako San Joan Dulumangoaren hurbileko eleizearen mailara ailegau barik, agerikoak dira bien arteko antzekotasunak alderdi askotan, eta horrek pentsauarazoten deusku hargin-talde berberak jardun ebala bietan.
Baina batasun estilistiko horrez eta kalidade formalaz gainera, Murueta apaingarri piktorikoakaitik da berezia. Luzaroan ezkutuan egon badira be, 1998-1999 urteetako zaharbarritze-lanei esker berreskuratu ziran, eta Bizkaiko horma-pintura errenazentista interesgarrienetakoak dira. Horreei, XIX. mendean, presbiterioko hormetakoak gehitu jakezan, baina azken horreek askoz be apalagoak dira. Halanda be, ikusgarritasun harrigarria emoten deutsie tenpluari, Muruetaren landa-ingurunean.
1. YBARRA y BERGÉ 1958, 2. bol., 1.126. lam.
YBARRA y BERGÉ, Javier de. Catálogo de monumentos de Vizcaya. Bilbo: Bizkaiko Kultura Batzordea, 1958, 2. libk.
2. OJANGUREN IRALAKOA, 1999, 42., 51. or.
OJANGUREN IRALAKOA, Pedromari. Orozko en la Baja Edad Media. Bilbo: Egilearen edizinoa, 1999.
3. AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1547-1604, sign. 2989/002-02.
LABAYRU y GOICOECHEA, 1968-1972, 4. libk., 239. or.
LABAYRU y GOICOECHEA, Estanislao Jaime de. Historia general del Señorío de Bizcaya. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1968-1972 (1895-1903ko jatorrizko edizioa), 8 bol.
4. BFAH-AHFB, Judiziala, Korrejidorea, Zibila, sign. JCR0485/006.
5. AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1547-1604, sign. 2989/002-02; Kontuak…, 1601-1716, sign. 2990/001-00; Paperak, sign. 2993/003-00.
6. Ibid.
7. AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1716-1796, sign. 2991/003-00.
ALTZARIAK
Beste behin be, tamalduta esan behar dogu mendeen joanean osogaiak desagertu egin dirala. Esaterako, 1618an aitatutako Errosarioaren eta Santa Katalinaren irudiak, seguru asko 1791n aitatzen ziran berberak, “oso egoera kaskarrean eta txikituta”. Horren ondorioz, bisitatzaileak desegin eitezan eskatu eban, eta zatiak eleiza beraren barruan lurperatu eitezan –objektu sagraduak ziranez, ez eben lur konsagrautik urten behar–. Edo San Joseren, San Antonio Paduakoaren eta Doloretako Ama Birjinaren tailuak, 1851n8BFAH-AHFB, Judicial, Corregidor, Civil, sign. JCR0485/006. AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia - Murueta, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1716, 1797-1966, sign. 2994/003-00. eskuratuak. Desagertutako erretaulei, eskulturei edo pinturei buruzko erreferentziak baino askoz be ohikoagoak dira apaingarriei eta urregintzako lanei buruzkoak.
Erretaulak
Erretaula nagusia [45] egur polikromauko egitura arkitektonikoa da, bankuduna, kale bakarrerako eta atikorako gorputz bategaz. Hainbat koloretako marmolak ditu, eta urre-koloreko apaingarriak.
Kaleak, kaxatan sartutako pilastren artean, kapitel korintoarreko zutabeen bidez egiten dau aurrera [46], eta egitura ateburudun bat dauka, marko listeldun soilagaz. Moldura lauko eta dentikulu-lerroko taulamentu baten ostean atikoa ageri da [47]: lora handietarako frontoi erdizirkular kasetoiduna, Bataren eta Hirukotearen sinboloaren inguruko izpi zuzenen pirrintea hartzen dauena.
Horma-hobiaren azpian, eskilara-mailetan finkatuta, sagrario eguzkisaindua dago [48]. Egitura biribil ederra da, kupuleari eusten deutsien zutabe jonikoen aireko tenpletea. Goiko aldeak tenplete moduan balio dau; behekoak, barriz, sagrarioa hartzen dau, atetxo bategaz kustodia grabauaren eta polikromauaren bitartez apaindua, eta triangelu formako frontoi batek burutua.
Erretaula osoa gorago deskribautako horma-pinturen artean dago [3]: atikoaren gaineko errematea Jerusalemen ikuspegirako, eta, alboetara, kortinak, guzurrezko leihoa iparraldera eta erretaulearen dimensinoa handitzen daben horma-hobiak.
Bere generoko Bizkaiko moltsorik interesgarriena da, ez bakarrik diseinuaren edertasunagaitik eta ondo eginda egoteagaitik, baizik eta “osogarri” piktorikoagaitik, kalidade eskasagokoa baina oso egokia eta ezohikoa lurraldean. Horma-hobietan dagozan irudiek, Sinagogeak eta Eleizeak, margolariaren prestakuntza apala zala erakusten dabe, baina apur bat jantziagoa egoan perspektiben fikzinoari eta errezelen irudikapenari jagokenez.
1829ko abenduaren 7an eleiztarrek egindako batzar baten onartu zan erretaulea eregitea, eta Antonio Ruigómez y Arana bilbotar margolari eta urretzailearen esku itxi zan lan ha, 8.000 errealen truke. Gero, horma-pinturen osogarria gehituta, aurrekontua 9.570 errealera heldu zan. Tailuak –titularrarenak eta Jerusalemgo pinturearen aurreko atikoa burutzen dauen Kristo Kurutziltzatuarenak [49]– Pedro de Venero eskultoreak egin ebazan, eta 1.180 erreal kobrau ebazan. Hori guztia Manuel de Egia arkitektoak tasau eban, eta 30 erreal jaso ebazan zeregin horregaitik9Ibid. ZORROZUA SANTISTEBAN, 2003, 132-133. or..
Gaur egungo tailu titularra [50] (162 x 60 x 41), sakristian gordeta dagoana, ez da Venerok egina, askoz lehenagokoa baino. Egur polikromauzko pieza garrantzitsu bat da, monumentala: San Pedro aita santua, bere katedran jesarrita, antolamentu simetrikoagaz, ehundura biguneko oihalagaz; horrek guztiak 1350. urte aldera garoaz10MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 148-149. or... Irudi hori, beste garai baten, gaur egun itxita dagoan horma-hobian kokatuta egon zan, hegoaldeko sarbidearen gainean [37].
Lehenengo atalaren alboetan, Errosarioko Ama Birjinaren [51] (Ebanjelioaren aldea) eta San Pedroren [52] (Epistolearen aldea) erretaulak dagoz, alkarren bardinak.
Egur polikromau urdinean eginak, eta urrezko xehetasun apaingarriakaz, bankuaz, kale bateko gorputz batez eta teilatupe batez osotuta dagoz. Landara ugariz dekorauta dagoz. Gorputzak girlandaz finkatutako pilastrak daukaz alboetan, zutabe konposau salomonikoen bidez –puntu erdiko egitura bat markoztetan– aurreratzen da. Errosarioan [53] arkubarnerako hostotza barri batentzat da egitura hori, grabaua dauka atzealdean, eta San Pedrorenean [54], ostera, txirla formakoa da. Kasu baten zein bestean landara-txartel handiagaz burutzen da guztia.
Taulamentu hautsi baten gainean, atikora begirako hagaburutxoakaz [55], pilastrak erabilten ditu egiturazko osogai lez. Biribilki artean dagoz, girlanda gehiagogaz, eta frontoi kurbauan amaitzen da, kartela eta flamero barriakaz.
Erretaula biak barrokismo betekoak dira, XVIII. mendearen hasierakoak, hain zuzen. San Pedroren tailuaren erosketeak berresten dau kronologia, haren kontabilidadeko idazpenean zehazten da-ta “altaran egin dan alboko barrian ipinteko da”11ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998, 318-319. or..
Erretaularen buruan, egur polikromauko Errosarioko Ama Birjina bat dago [53] (94 x 32 x 25), XVI. mendearen amaierako pieza erromanista interesgarria. Teilatupean mihise bat dago, Sortzez Garbiarena [55], erretaulearen garaikoa.
Beste erretaulearen titularra aitatutako San Pedro da [54] (87,5 x 52 x 24), egur polikromaukoa, ertzetan hautsitako oihal zabalak dituan tailu apala, prozesinoan aterateko pentsaua. Helburua dinamismoa eukitea bada be, hondino zurruna da, batez be oihaletan. 1711n erosi zan, eta 150 erreal ordaindu ziran harengaitik; handik urte bira, beste 170 ordaindu ziran, polikromiagaitik12AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia - Murueta, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1716, 1601-1716, sign. 2990/001-00.. Goian mihise barria dago, San Ramon Nonatogaz [56], beste erretaulako teilatupeko Ama Birjinaren antzeko kalidadekoa.
Erretaula bi horreek altara-mahaiak eukiezan, eta 1998-1999 urteetan, eleizea zaharbarritu zanean, atera eta barriro muntau ebezan, ospakizun-altara [57] eta anboi [58] modura erabilteko. Marmorizautako taula xumeak dira, mahaiaren alde nagusi bietan ereinotzagaz apainduak. Alboetan girlandetara pilastratxoak eta lora-botoia daukiez. Neoklasiko berankorreko piezak dira, XIX. mendearen erdialdekoak (1848an “alboen translazinoa” egin zan, eta seguru asko une ha baliau zan altzari horreek instaletako)13AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia - Murueta, Kontuak eta bisitak, 1716, 1797-1966, sign. 2994/003-00..
Pietatearen erretaula [59], izen bereko kaperan, banku sinple batez, gorputz batez eta atiko batez osotuta dago, eta egur polikromauzkoa da. Bankuan landara-erroleoen apaindurak dagoz. Gorputzak, barriz, zutabeak eta zutabe-erdiak daukaz alboetan, eta zirkuluerdiko horma-hobi bikotxerako osotua da. Horma-hobiak lore handietarako intradosa dauka, eta, inguruan, hostotxo-sailak eta baketoi eraztundunak.
Atikoa akantozko harburuen taulamentu gainean dago. Girlandetarako pilastren artean, beste baketoi eraztundun batek zehaztutako egiturarako egina da. Frontoi eskartzano bat flamero eran amaitzen da (baleiteke XIX. mendean gehitua izatea).
Altzaria XVII. mendeko bigarren hereneko barroko klasizistearen berezkoa da tipologiari eta dekorazinoari jagokenez, naturalistea izateko bidean.
Tailuak, aldiz, hainbat garaitakoak dira. Santa Luzia [60] (105,5 x 41 x 27) jatorri erromanista aurreratukoa da, XVI. mendearen amaierakoa. San Blas [61] (117 x 40 x 16) XVIII. mendeko pieza barrokoa da, oso ospetsua. Bestalde, atikoko Pietatea [62] (84 x 55 x 30) irudi gotiko berankorra da, 1515-1520 ingurukoa. Oso lan interesgarria da osaereagaitik, Ama Birjinaren hunkigarritasunagaitik eta oihalen tolesturakaitik, errenazimentutik hurbil. Polikromia ez da jatorrizkoa –erretaulearen garaikoa izango da, irudiaren atzean margotutako Kurutzearen eta Jerusalemen antzera–14MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 19., 90., 94-95., 218-219., 293. or; CD 156-158. or..
Erretaulak mahaia dauka [63], aurrealdea kopatua, eta, erdian, Pazko Bildotsaren pinturea, errezel arteko tondo baten. Rokoko estilokoa da, apainketak molde neoklasikoak aditzera emoten baditu be.
Hori guztia 1907an ipini eben kaperan Antonio de Llano eta José de Urquijo arotzek15AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia - Murueta, Kontuak eta bisitak, 1716, 1797-1966, sign. 2994/003-00..
Eskulturea
Pietatearen kaperan, Birjina Sortzez Garbia [64] (69 x 25 x 23). Egur polikromaua. Pieza interesgarria da, haren tipologia ez da-ta oso ohikoa Bizkaian. Gregorio Fernándezen Sortzez Garbiaren eredua gogorarazoten dau, artean lehorra eta zenbait alderditan kartoi-itxurea hartutakoa, baina simetria zurrunetik urrunduz, mantu hanpatuan ikusten dan moduan. Krabelinen polikromia interesgarria dauka, kontrarreformako ohiko koloreakaz. Barrokoa, XVII. mende amaierakoa.
Erretaula nagusiaren ondoan, Errosarioko Ama Birjina [65] (126 x 60 x 52). Egur polikromaua. Oihal mobidu eta gogorren tailu interesgarria da. Barrokoa, XVIII. mendeko hirugarren laurdenekoa.
Koroia [66] daroa (28,5 x 19,5), zilar-kolorekoa. Lau inperial daukaz, eta hostoz eta lora handiz apainduta dago, esfereagaz eta kurutzetxoagaz burutua. Pieza egokia da, tailuaren garai berekoa edo apur bat geroagokoa, markaketarik bakoa.
Erretaula nagusiaren ondoan, San Jose Umeagaz [67] (120 x 73 x 31). Egur polikromaua. Ez dago oso trebe eginda, adierazkortasun gitxikoa da, atal anatomikoren bat proportzinorik bakoa da eta oihal bigunak daukaz, baina ez oso naturalak. Barrokoa, XVIII. mendearen bigarren erdialdekoa.
Sakristian, Doloretako Ama Birjina [68] (63 x 37 x 16). Egur polikromaua, zapiak uhindunak. Hiru laurdeneko irudia da, keinurik bakoa. Eskuakaz mantuaren eta zapiaren erdialdeari eusten deutso, eta puñal handi bat dauka bularrean sartuta. Pieza herrikoia, beharbada barrokoa, XVIII. mendekoa.
Sakristian, San Antonio Paduakoa [69] (124 x 70 x 47). Kartoi mehea. Kalidade eskasekoa. Barroko herrikoia, XVIII. mendekoa.
Sakristian, San Migel [70] (120 x 70 x 50), handik hurbileko izen bereko ermitakoa. Egur polikromaua. Dinamismo sano handikoa eta itxura onekoa. Oso egoera txarrean dago, baina zaharbarritzen dabilz. Barrokoko beste San Migel batzuen konposizino bardina dauka, eta pieza batzuen nahiko antzekoa da, esaterako, Santiago katedraleko San Migelen (Bilbao) antzekoa. XVIII. mendeko obra barrokoa da, kalidadekoa.
Sakristian, San Pedro [71] (162 x 60 x 41). Egur polikromaua. Proportzionaltasunari jagokonez ondo egindako lana da, kalidadekoa. Pedro de Venerok 1829-1830ean egin eban tailu neoklasikoa da16Ibid. ZORROZUA SANTISTEBAN, 2003, 132-133. or..
Pinturea
Eleizearen Instituzinoa edo Jesukristo San Pedrori giltzak emoten [72] (340 x 302, 380 x 342 markoagaz). Olio-pintura mihise gainean. Pietro Peruginoren izen bereko lanean (c. 1482) dauka aurrekaririk ezagunena, bai gaiari bai konposizinoari jagokenez, baina boladan egon zan ondorengo mendeetan be (Willen van Herp, Guido Reni, Rubens…). Kalidade handiko eta kolore zainduko pintura barrokoa. 1687an heldu zan Flandriatik, Zubiaurreko San Joan eleizan dagoan beste mihise bategaz batera17BARRIO LOZA, sf 3..
Atzamarraren Ama Birjina [73] (64 x 47; markoa 83 x 67). Olio-pinturea mihise gainean. Ama Birjinaren soinaren irudia. Burua apur bat okertuta dauka, eskuak kurutzatuta ditu, eta atzamar bat eta mantu urdina ditu agerian, apur bat argiztatutako atzealde neutro baten gainean. Carlo Dolciren eta XVII. eta XVIII. mendeetako eskola florentziarreko beste margolari batzuen eredu ezaguna errepiketan dau. Obra interesgarria da, baina egoera kaskarrean dago. Barrokoa, XVII. mendearen amaierakoa. Markoa garaikoa da, orri haragitsuz eta mahatsondoz osotua.
Pietatea, Purgatorioko Arimak eta San Joakin eta Santa Ana? [74] (94 x 62; 112,5 x 79,5 markoa). Olio-pinturea mihise gainean. Plano bitan irudikatzen da: alde batetik, Pietatearen Ama Birjina, altzoan Kristo daukala, eta, behealdean, Santa Ana eta San Joakin arimak askatzen. Maila apaleko pinturea da, baina interesgarria, ezohikoa dalako konposizino ikonografikoa. Oso egoera txarrean dago. Barrokoa, XVII. mendekoa.
San Frantzisko eta San Antonio Paduakoa [75] (96,5 x 64,5). Olio-pinturea mihise gainean. Kolore iluneko lana, goitik hiru kerubinen buruez argitua. Oso egoera txarrean dago. Barrokoa, XVII. mendekoa.
Urregintza
Kustodia [76] (60 x ø14,2 x ø33). Zilarra eta letoia. Pieza modernoa da, eta, itxuraz, argimutil baten ardatza berrerabiliz egindakoa, gustu neoklasikokoa, eguzkia (hainbat izpi zuzenekoa) ahokatzeko. Erakuslekua erdian dauka, eta hodei pilo batez inguratuta dago, galburu eta mahatsen gainean. Ez dauka markarik edo silurik. XIX. mendekoa.
Dagoaneko aitatu dogu Errosarioko Ama Birjinaren irudiaren koroia [66].
Metalezko gauzak
Eske-azpila (dinanderie) [77] (ø39,5 x 3). Letoia. Unboan biratutako arrosa-petaloak ditu. Idazkuna dauka, baina irakurtezina da, ihetuta dago-ta. 1500 inguruko pieza flamenkoa, gotiko berankorra, 1500. urte ingurukoa18CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 229. or., 2. libk., 14-M. zk..
Kubo-formako korapiloa daben argimutil bi [78]. Letoia. Neoklasikoak, XIX. mendearen lehenengo erdialdekoak.
Kurutzea [79]. Letoia. Zilindro-formako besoak eta korapiloa ditu, izpi zuzenen distiragaz. Neoklasiko berantiarrekoa. Seguruenik, Leoncio Menesesi 1869an erositakoa.
Kanpaia [80] (82 x ø104). Brontzea. Erromatarra. Idazkuna irakurriezina da19Ibid..
Agur Mariaren kanpaia [81] (83 x ø98). Brontzea. Erromatarra. Golgota gaineko kurutze batez apaindua. Idazkun honeek ditu: MARIA IOSEPH ECCE CRUCEM HOMINI IT… ADEVERSIS AÑO… eta ABE MARIA GRACIA PLENA DOMINUS TECUM BENEDICTA TU INT MULIERIBUS20Ibid..
Artxibategiko atea [82]. Burdin forjaua. Burualdeko horma-hobia ixten dau. 1634an egin zana izango da, lau giltzakoa21AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia - Murueta, Kontuak, bisitak eta inbentarioak, 1716, 1601-1716, sign. 2990/001-00..
Hegoaldeko atearen burdineria [83]. Landutako burdina. Zitori hori formako orpoak, ohikoak XVIII. mendearen bigarren erdialdean.
Jantziak
Dalmatika bi [84] lepoko bigaz eta kasulleagaz [85]. Belus baltz eta gorrimineko oinarria dauka, eta urrezko eta sedazko hariez bordautako lana dauka hegalean eta eskumuturretan eta kasullearen erdiko zerrendan. Burezurretarako lokarri formako tondoak daukaz, eta inguruan kurutzeren bat, hostoak eta kiribilak; kasullan, tondoak eta tibia kurutzauen bikoteak tartekatzen dira. XVI. mendearen amaierako edo XVII. mendearen hasierako lan nahiko kultua da. Ez dakigu non josi zan, baina Hernando de Zubiaur brodatzailea Orozkokoa zan, eta mende aldaketa horretan lurraldeko hainbat lekutan jardun eban lanean22CILLA LÓPEZ, 2021-2022, 126-127. or..
Kasullea [86] manipuluagaz. Ehun landua, oinarria sedazko ehuna da, boli-kolorekoa eta damasko-erakoa. Oinarri horretan, koloretako eta metalezko seda-hariz korapilatzen dira lora eta txorta batzuk, eta uhinak osotzen dabez. Horregaz batera, urrezko harizko xingola apaingarriak ditu. XVIII. mendearen azken hereneko jantzi fina.
Kasullea [87]. Ehun landua, ildoduna eta bilbea espolinaua, berde-kolorean, eta haren gainean, bertikal, lora, hosto eta zerrenda-moltsoen meandroak dagoz, sedazko hari berde, zuri eta arrosa kolorekoakaz. XVIII. mendearen amaierakoa.
Kasullea [88]. Damasko-erako berdean josia, landara-irudiakaz, diseinua XVIII. mendea ezkero ezagun egindako damasko-erako palmen oinordekoa da, nahi-ta kasu honetan XIX. mendekoa izan.
Euritarako kapea [89]. Boli-kolorez ildaskatutako espolin ehuna, lora eta adarrakaz, girlanda modura, gainazal osoa hartuta. Diseinu, teknika eta oihal mueteagaitik, valentziar manufakturegaz lotu leiteke. Garín e Hijos etxeko Carpio modeloa da, hain zuzen. XIX. mendekoa.
Beste elementu batzuk
Bateoarria [90] (98,5 x ø85,5). Hareharria. Sabel erdiesferikokoa, izan daiteke 1639an lantzen ebilzena, nahi-ta honako hau errepikaua izan.
Erantsitako gela baten, bankua [91] (94,5 x 183 x 42). Egurra. Motibo herrikoiez landua, seguru asko XVIII. mendekoa da.
Sakristian, altarea [92] (34 x 35 x 4). Harri (marmola) polikromaua. Osogai oso estandarizaua bada be, kasu honetan polikromia barrokoagaitik nabarmentzen da, XVIII. mendekoa seguru asko.
Interes etnografikoko osogaiak
Txilina [93] (27 x ø13). Brontzea, egurrezko heldulekuagaz. Osogai oso zabaldua, beharbada XVIII. mendearen amaierakoa edo XIX. mendekoa.
Sakristian, betiereko mezen egutegia [94] (63 x 63 x 5,5). Taula pintaua, garagarriletik abendura bitartean emoten ziran betiereko mezakaz. Eleiztarrek urteko data jakinetan egiteko enkargetan ebezan meza horreek, auzoko baten edo tenpluari lotutako ongileren baten ohorez. Mezak errezauak edo kantauak izan eitekezan, orokorrean familiak eskatutako eran, edo interesdunak esandakoaren arabera. XIX. mendekoa.
Sakristian, etxez etxeko kutxa [95]. Egurra eta igeltsua. Armairu txikki honetan Andra Maria Mirarigile / Sortzez Garbiaren irudia gordeten da. XX. mendearen erdialdekoa.
Eleizbarrutiko gordailuan gordetako elementuak (urre-zidargintza)
Prozesinoan aterateko kurutzea [96] (105 x 64 x 16). Zilar-kolorekoa, eta urretua. Liriformea da, lau beso bardin ditu, eta oinarri biribilean alkartzen dira. Oinak kimu esferiko zapaldua dauka, eta lotura konikoa, kobrezkoa. Estalgi modura, zainak, besoak, iruditxo bozelduak… ditu, baita istorio eta Ebanjelariak be, medailoietan. Pieza manierista garrantzitsua da, puntzoirik bakoa, eta Bilboko edo Gasteizko tailerren baten landu ei zan, 1560-1570 urteen inguruan23CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 191-193. or., 2. libk, 56. zk., 3. libk., 10., 53., 106. or. MUÑIZ PETRALANDA eta GARCÍA URIBE, 5-6. or..
Ostia-ontzia [97] (18 x ø10 x ø10). Zilar-kolorekoa, barrualdea urretua. Oina biribila dauka, eta kutxa zilindrikoa, tapa koniko eta apur bat ahur bategaz itxia. Apaingarri ditu akanto bozelduak, erroleoak, aingerutxoen buruak eta idazkun hau letra larriz: (ECE AGNVS DEI QVI TOLIS PECATA). Pieza manierista bikaina da, XVI. mendearen erdialdeko hamarkadetakoa, markarik bakoa, baina Pedro de Uzquiano zilargile urduñarraren lanaren hurbilekoa24CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 225-226. or., 2. libk., 71. zk..
Kalizea [98] (25 x ø17 x ø8). Zidarra bere kolorean eta urreztatuta. Pieza klasizista bikaina da, laua. Oin biribila eta balaustradadun kirtena daukaz; korapiloa dauka pitxerrean, eta, horren gainean, perla-zerrenda bat. Oinaren atzealdean herriaren (Bilbao) eta Diego Gardokiren (D/GARDOQVI) markak ditu –bi, horretako bat oso leundua–. Ertzean idazkun hau dauka: ESTE CALIZ MANDO HAZER DIEGO DE OLARTE PARA LA IGLESIA DE SAN PEDRO DE MURUETA. Emoilea, Orozkokoa, Madrilen bizi zan, eta gero Perura joan zan. Handik egin eban dohaintzea. 1623an sagaratu eben kalizea25AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia - Murueta, Kontuak, bisitak eta inbentarioak, 1716, 1601-1716, sign. 2990/001-00. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 37., 102-103., 267., 393. or., 2. libk, 221. zk..
Kalizea [99] (25,2 x ø14 x ø8), zilar-kolorekoa eta urretua. Ohiko profil klasizistea dauka: oin biribila, helduleku balaustraua, adabegia bozelagaz eta kopa leuna, azpikopa adierazoz. Oinaren atzealdean Matias Villar (M/VILLAR/S) egilearen marka bi ditu; 1683. eta 1741. urteen artean jardun eban harek Bilbon26CILLA LÓPEZ, 2022, 2. libk., 279. zk..
Kalizea [100] (23,5 x ø13,2 x ø7,3). Zilarra bere kolorean. Profil lirain eta dotorea dauka, silueta balaustraduna, korapilo landuagaz, eta kopa luzarana. Gainazala leuna dauka, oinean izan ezik: hostoak ditu grabauak girlanda moduan, eta kurutzetxo bat. Ez dauka markatzerik, baina XVIII. mendearen azken laurdenekoa edo amaierakoa izango da.
Erlikia-ontzia [101] (18 x ø8). Zidarra bere kolorean. Erakusketari-muetakoa da, forma obala dauka, eta izpi zuzeneko moltsoak daukaz medailoiaren inguruan, Kurutziltzatzeagaz. Oina leuna da, perla-ilaraz eta kordoizko apaingarriez apaindua, eta heldulekua apur bat ahurra. Honako honeen jabetza-idazkunak ditu: San Pedro Muruetakoa, Orozko (Sº Pº Mta /Oko), eta Tiburcio de Calzada (CALZADA) zilarginaren eta legezko egiaztapenaren markak. Neoklasiko berankorra, 1867koa27AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia - Murueta, Kontuak eta bisitak, 1716, 1797-1966, sign. 2994/003-00..
Patena [102]. Zilar urretua. Leuna da, eta gubilagaz landutako zirkulu arin bat dauka. Markea dauka, lausoa, baina badirudi bat datorrela 1556. eta 1576. urteen artean jardun eban Pedro de Uzquiano Urduñako zilarginarenagaz28MARTÍN VAQUERO, 1997, 367. eta 406. or..
JMGC – RCL
8. BFAH-AHFB, Judicial, Corregidor, Civil, sign. JCR0485/006.
AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1716, 1797-1966, sign. 2994/003-00.
9. Ibid.
ZORROZUA SANTISTEBAN, 2003, 132-133. or.
ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo neoclásico en Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, 2003.
10. MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 148-149. or.
MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Flandesko isladak. Gotiko berantiarreko eskultura higigarria Bizkaian. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia, 2011.
11. ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998, 318-319. or.
ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo neoclásico en Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, 2003.
12. AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak, inbentarioak eta bisitak, 1716, 1601-1716, sign. 2990/001-00.
13. AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak eta bisitak, 1716, 1797-1966, sign. 2994/003-00.
14. MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 19., 90., 94-95., 218-219., 293. or; CD 156-158. or.
MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Flandesko isladak. Gotiko berantiarreko eskultura higigarria Bizkaian. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia, 2011.
15. AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak eta bisitak, 1716, 1797-1966, sign. 2994/003-00.
16. Ibid.
ZORROZUA SANTISTEBAN, 2003, 132-133. or.
ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo neoclásico en Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, 2003.
17. BARRIO LOZA, sf 3
BARRIO LOZA, José Ángel. “Iglesia de San Pedro de Murueta (Orozko)”. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, sf 3. (Patrimonio Histórico de Bizkaia bildumea). (Hemen eskuragarri: https://www.bizkaia.eus/dokumentuak/04/ondarea_bizkaia/pdf/Ondare/114%20C.pdf?hash=054b21387beb816dabbe17e6bc5006ce
18. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 229. or., 2. libk., 14-M. zk.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria/Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 bol. (Investigaciones de Patrimonio Cultural bildumea, 4. zk). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/.
19. Ibid.
20. Ibid.
21. AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak, bisitak eta inbentarioak, 1716, 1601-1716, sign. 2990/001-00.
22. CILLA LÓPEZ, 2021-2022, 126-127. or.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Aproximación al conocimiento del patrimonio textil religioso en Bizkaia. Vestiduras sagradas, siglos XV-XVIII. Euskal kultura-ondarea babestera bideratutako ikerketa lana, 2021-2022. Vitoria/-Gasteiz, kultura ondarearen zentroa, Eusko Jaurlaritza (argitaratu bakoa).
23. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 191-193. or., 2. libk, 56. zk., 3. libk., 10., 53., 106. or.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria/Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 bol. (Investigaciones de Patrimonio Cultural bildumea, 4. zk.). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/
MUÑIZ PETRALANDA eta GARCÍA URIBE, 5-6. or.
MUÑIZ PETRALANDA, Jesús, eta GARCÍA URIBE, Iñaki. “Dos cruces de platería en Orozko y Baranbio”. In Aztarna. Amurrio: Amurrioko Elkarte Etnografikoa, 2019-7, 52. zk., 5-6. or. Hemen eskuragarri: https://aztarna.es/wp-content/uploads/2019/11/AZTARNA-n%C2%BA52.pdf
24. CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 225-226. or., 2. libk., 71. zk.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria/Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 bol. (Investigaciones de Patrimonio Cultural bildumea, 4. zk). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/.
25. AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak, bisitak eta inbentarioak, 1716, 1601-1716, sign. 2990/001-00.
CILLA LÓPEZ, 2022, 1. libk., 37., 102-103., 267., 393. or., 2. libk, 221. zk.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria/Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 bol. (Investigaciones de Patrimonio Cultural bildumea, 4. zk). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/.
26. CILLA LÓPEZ, 2022, 2. libk., 279. zk.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria/Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 bol. (Investigaciones de Patrimonio Cultural bildumea, 4. zk). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/.
27.
27. AHEB-BEHA, Orozkoko San Pedro Apostoluaren parrokia – Murueta, Kontuak eta bisitak, 1716, 1797-1966, sign. 2994/003-00.
28. MARTÍN VAQUERO, 1997, 367. eta 406. or.
MARTÍN VAQUERO, Rosa. La platería en la diócesis de Vitoria (1350-1650). Vitoria/Gasteiz: Arabako Foru Aldundia, 1997.