ELORRIAGAKO SAN PEDRO ERMITA

(Andra Mari parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Lemoa | Elorriaga auzoa

i

Folletoa

Elorriaga auzoa z.b., 48330

p.andramari.lemoa@bizkeliza.org

ERAIKINA [1]

Auzo-ermita, mota horretakoa izateko nahiko handia. Oinplano angeluzuzena eta paralelepipedo-bolumena ditu [2], aurrealdea edegia eta arkupe txiki bat oinaldean. Iparreko aldean, bolatokia dauka atxikita, beheragoko maila baten, ermitaren teilatu-hegalaren luzapenagaz estalduta.

Aparailua ageriko harlangatxezkoa da [3], eskantzuetan izan ezik, horreetan landutako harria erabili da-ta. Iparreko aldean, hormearen azpiko zokaloa zabalagoa da [4]. Barrukaldean, buruan, santu titularraren irudia dago erdiunean, idulki baten gainean, eta alboetan beste idulki txikiago bi ditu, lore-apaingarri banari eusteko [5].

Zoladurea [6] zementuz estalduta dago, erdiko korridorean eta altararen eremuan izan ezik, horreetan jatorrizko hareharrizko lauza konserbau da-ta.

Eleizearen estalgia isuri biko teilatu-zuraje xume bat da [7], eat zertxa bi daukaz.

Sarbidea aurrealdeko horma-atalean dago, erdian ate bat daukan obra-karel baten. Baoaren gainerakoa ixteko, ebagidura karratuko egurrezko hagen sare bat erabili da, hormapikoraino, zeina harlangatxezkoa dan [8]. Sarbidearen alboetan, ur bedeinkaturako ontzi landubako bi dagoz [9]. Hareharrizkoak dira, eta lau angeluko ebagidurea daukie, izkina biribilduakaz.

Argi edo bao bakarra sarrerako hesia bera da.

Ermitak atari labur bat be badauka [10], nabearen zabalera berekoa, eta sartaldeko aurrekaldetik luzatzen dau nabea bera. Lauzatuta dago [11], eta karel baju edo jarleku jarraitu bat dauka perimetroan. Estalduteko, tirantez eta pendoloiz egindako teilatu-zuraje bat dauka, habetegia agerian daukana [12], eta azken horren ertz libreak piramide-enbor itxurako idulki batzuetan dagoz bermatuta [13].

Iparraldeko horman, isuri bakarreko teilape bat dauka atxikita, bolatokia estalpetzeko [14].

Elorriagako San Pedro ermitak ez dauka meritu artistiko handirik, 1910 inguruan berreregitako ermita xume bat da-ta. Halanda be, haren hormetan hilarri batzuk berrerabili ziran, inskripzino eta motibo geometriko batzukaz landuak. Hilarriok Arkeologi Museoan (Bilbo) dagoz gordeta, eta eleizbarrutiko epigrafia erromatarren moltsorik garrantzitsuena dira.

Ybarra y Bergéren arabera1YBARRA Y BERGÉ, 1958a, 98. or., gaur egungo San Pedro ermita 1910ean berreregi eben, jatorrizkoa egoan lekutik ehun metro eskasera, Luzarrako zugazti deritxan parajean. Jatorrizkoa idatziz aitatuta egoan 1723an, Lemoako Andra Maria eleizraren paper batzuetan, hango inbentarioa egin ebenean2AHEB-BEHA, Askotariko paperak. “Elorriaga” ermitearen inbentarioa (Elorriagako San Pedro ermitea), 2475/002-07 signaturea..

ALTZARIAK

Eskulturea

 

San Pedro [15] (103 x 26,5 x 24,5). Ore polikromaua. Ermitaren titularraren irudia, ikonografia tradizionalaren arabera irudikatua: gizon heldua, ule motz erdi-zuri eta bizar kizkurrekoa, kontenplazinozko arpegiera barekoa. Liburu bat daroa esku baten, eta giltzak bestean. Konposizino bertikala eta orekatua dauka, contraposto leun batek ozta-ozta animatuta. Oihal zabalak ditu jantzita, sentsazino bolumetrikoa sortzen daben toles sakon eta inguratzaile batzuetan antolatuta. Irudiaren estetikak bete-betean egiten dau bat gustu historizista eta debozinozaleagaz. Horren bereizgarri dira naturalismo neurritsua, arpegiera atseginak eta katekesi-asmo nabarmena. Tonu bizi eta berniz distiratsuko polikromia XX. mende hasierako Kataluniako irudigintza seriatuaren modaren araberakoa da.

Metalezko gauzak

 

Kalizea [16] (24,5 x 13,6 x 11,5). Metal zidarreztatua. Oin biribila dauka, apur bat ganbila eta beheko ertzean molduraua. Gainazalean, apaingarri lez, landara-motibo grabauak eta estanpauak ditu: erroleoak, hosto estilizauak eta zurtoin lerromakurrak, erdiune baten inguruan antolatuta. Apaindureak oinaren ageriko gainazal ia osoa beteten dau, eta joera neobarrokoko errepertorio historizista bati jagoko. Kanpoko ertzean, SAN PEDRO LEMONA inskripzinoa dago grabauta, jaubea identifiketako. Oinaren erdialdetik besoak urteten dau, zeinak moldura torneauak eta balustra-formako profila dituan. Korapiloak madari-formea dauka, eta oineko landara-grabauen antzeko apaingarriak. Gainazala partzialki matea da. Kopearen profila kono-enbor eta kanpai formakoa da, eta apur bat zabaltzen da ahora hurbiltzean. Ez dauka apaingarririk eta azpikopea gorputz sabeldu leun baten bidez marketan dau. Piezea fabrikazino erdi-industrialekoa da, seguruenik XX. mendeko lehen herenekoa.

Interes etnografikoko elementuak

 

Bola-jokoa [17]. Egurra bere kolorean. Birlo tradizionalen moltsoa, egur torneauan egindakoa, eta zilindro-formako zenbait pieza luzexkak eta jokatzeko bola bik osotua. Piezen egikerea sinplea eta funtzionala da. Birloek zilindro-formako gorputza daukie, apur bat fusiformea, eta erremate biribilduak, apaingarri gehigarri barik. Bolak esferikoak dira, eta eskuz oratzeko zuloak daukiez. Moltsoaren ezaugarriak ikusita, esan leiteke XX. mendearen erdialdeko hamarkadetakoa dala. Holango jokoek, olgeta-funtzinoaz harago, euskal kultura material tradizionalaren eta landa-eremuko aisialdi komunitarioaren lekuko baliotsuak dira.

Arkeologi Museoan gordetako elementuak

 

Ermitagaz lotuta, hilarri-moltso bat3RODRIGUEZ COLMENERO, A. eta CARREÑO, M.C. egileek “Epigrafía vizcaína. Revisión, nuevas aportaciones e interpretación histórica»” artikuluan (Kobie, 11. zk., 1981) egindako transkripzinoa jaso da. Horretan, aurretiko ikerketa honen zenbait alderdi zuzentzen dira: GOMEZ MORENO, M.: “De epigrafía vizcaína”, in Boletín de la Real Academia de la Historia, CXXVll, (1951). topau zan, inskripzino eta motibo geometriko batzukaz landutakoak. Hilarriok Arkeologi Museora (Bilbo) eroan ziran, eta eleizbarrutiko epigrafia erromatarren moltsorik garrantzitsuena dira. Jarraian, horreetako bakotxa deskribiduko dogu, baita ermitan eukien jatorrizko kokapena adierazo be.

1. hilarria [18] (114 x 42). Ipar-sartaldeko izkinako zokaloaren gainean. Hilarriaren goiko erdikaldean, apaingarri modura, leiho bat dago, eta hatan busto bi ageri dira –gizon bat eta emakume bat–, behe-erliebe lauan latz landuak. Beheko erdikaldean inskripzino bat dago, letra larriz idatzita: “D(iis) M(anibus) / SECVNDIANVS / A T(tiae) LICILLE VXO(ri) / P(ius) P(osuit) AN(orum) M(invsve) / XX”. Holan interpretau da: “Jainko Manei. Secundianusek piedadez eskaini eutsan hilarri hau bere andra Attia Licilari, zeinak hogei urte inguru eukazan”.

2. hilarria [19] (122 x 51 x 42). Ipar-sartaldeko ertzean. Ilgora batek apaintzen dau –goikaldeko muturra euki eban lekuan–, eta horrek sei petaloko lora bi daukaz alboetan, zirkulu barruan sartuta. Ebagidura paralelo bik piezea zehartzen dabe partzialki, bertikalean, eta noranzko horizontaleko beste bik ortogonalki ebagiten dabez. Halanda ze, kurutze-formako motibo bat osotzen dabe, eta, horri gainjarrita, testu hau dago: “APRILIS VIT/ALEAI FILIO M/N DRVM XNI”. Holan itzuli da: “Aprilisek oroigarri hau eskaintzen deutso bere seme Vitali, zeina hamasei urte eukazala hil zan».

3. hilarria [20] (152 x 52 x 38). Hego-sortaldeko izkinan. Goiko ertzean, zirkuluetan sartutako lora bi dagoz apaingarri, bata bost hostokoa eta bestea seikoa. Behinola hirugarren batek koroituko ebazan, baina gaur egun partzialki desagertuta dago. Kurutze barne-hutsaren motiboa be errepikatzen da, ebagi paraleloz zehaztutako zerrenda bik osotua. Epigrafea holan irakurri da: “TERTIUS MELI/AE CONTUBER/NALI MONV/MENTV(m) POSV/I(t) ANNORVM .XXXV”. Eta holan itzuli: “Tertiusek hilobi hau eregiteko agindu eban, bere bikotekide Meliarentzat, zeina hogeita hamabost urtegaz hil zan”.

4. hilarria [21]. (57 x 36 x 21). Seguruenik, nabearen jatorrizko zoladurea ezkutetan dauen zementuzko plakeak estalduko eban. Garai hatako argazkietan ikusi leitekenez, ebagitako zerrendez egindako kurutzearen motiboa errepikatzen da, eta testu epigrafiko bat be badago, ostera be berrinterpretaua izan dana.

Hau dino inskripzinoak: “D(iis) M(anibus) / GRACIL(is) / RUSTICI/NE VILL(anae) / POSVI(t) ( de suo) / AN(norvm) XX”, eta holan itzuli da: “Jainko Manei. Gracilek bere kontura eskaini eutsan inskripzino hau Rusticina Villanari, zeina hogei urte eukazala hil zan”.

5. hilarria [22]. (96 x 42). Ipar-sortaldeko ertzean. Hilarri anepigrafikoa, ebagidurek zehaztutako zerrendadun kurutze bategaz apaindua.

6. hilarria [23]. (145 x 49 x 39). Ipar-sortaldeko ertzaren oinarrian. Hilarri anepigrafikoa, ebagitako lerro paralelo batzuen artean zehaztutako zerrenda bategaz apaindua.

7. hilarria [24]. (129 x 59 x 39). Hego-sartaldeko ertzaren oinarrian. Hilarri anepigrafikoa, diametro desbardinetako zirkuluetan sartutako hiru loragaz apaindua. Zulo ahur txiker bat dauka induskatuta harlanduaren gainazalean.

8. hilarria [25]. (80 x 60, gitxi gorabehera). Ipar-sartaldeko ertzeko azken ilaretan. Hilarri anepigrafikoa, ebagi paralelo batzuen artean zehaztutako zerrenda bategaz apaindua.

9. hilarria [26]. (124 x 40). Hego-sortaldeko izkinaren oinarrian. Hilarri anepigrafikoa, kurutze bat osotzen daben lerro paralelo ebagiz apaindua.

Piezon datazinoa problematikoa da, jatorri kontrajarriko elementu epigrafikoak eta apaingarriak daukiezalako. Testuak erromatarren garaiko hileta-formulak dira, III. mendearen bigarren erdiaren –lehenengoa– eta IV. mendearen edo V. mende hasieraren –gainerakoak– artean egindakoak. Leihoaren motiboak, hildakoaren eta haren hurreko senitarteko baten erretratu landubako bategaz, paralelismo oso estuak daukaz Zalduko (Gordexola), Obispoetxeko (Zornotza) eta Galdakaoko beste hilarri batzukaz, eta, era berean, Los Cameroseko (Errioxa) tailerreko El Rasilloko hilarriaren oso antzekoa da. Dirudienez, haren zabalpen-gunea Arabak eta Nafarroak bat egiten daben eremuan kokatu behar da, eta Kantabriako probintziaraino heldu ei zan haren hedapen geografikoa.

Zelangura be, ebagi paraleloz zehaztutako beso lauko kurutzeen dekorazinoa ageriko tradizino indigenako elementua da, gure aroaren aurreko mendeetakoa (K.a. I. eta II. mendeak), eta –Lemoan izan ezik– beti inskripzino erromatar barik agertzen da, helize-formako sinbolo astralakaz bakarrik. Bizkaian, orain dala gitxi Berreaga mendian, Fruizeko San Salbatoren, Jainkoko Andra Marin (Arrieta) eta Zaratamon egindako aurkikuntzetan baino ez dira ezagunak.

Pieza berean hain elementu desbardinak aldi berean zergaitik dagozan azaltzeko, hipotesi alternatibo eta alkarren baztertzaile bi proponidu dira4AZKARATE GARAI-OLAUN eta UNZUETA PORTILLA, 1987a, pág.138.:

A. Kurutze-formako dekorazinoa daukien hilarriak –tailer indigenetatik etorriak eta bertan behera itxiak– ostera erabili ziran II. eta IV. mendeetan, hareen gainean hileta-epigrafe erromatarrak grabetako.

B. Kurutze-formako motibodun hilarriak –zalantza barik lehenagoko tradizino batekoak izan arren– III. eta IV. mendeetara arte erabili ziran, eta herri erromanizauek euren ehorzketetarako erabili ebezan, baina latinez idatzitako inbokazino eta hileta-testuakaz osotuta.

Kasu baten zein bestean, ez dirudi kurutzea –testuinguru kultural horretan– esangura kristauko ikur ikonografikotzat hartu leitekenik.

MRV - RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. YBARRA Y BERGÉ, 1958a, 98. or.
YBARRA y BERGÉ, Javier de. Catálogo de monumentos de Vizcaya. Bilbo: Bizkaiko Kultura Batzordea, 1958, liburuki 2.
2. AHEB-BEHA, Askotariko paperak. “Elorriaga” ermitearen inbentarioa (Elorriagako San Pedro ermitea), 2475/002-07 signaturea.
3. RODRIGUEZ COLMENERO, A. eta CARREÑO, M.C. egileek “Epigrafía vizcaína. Revisión, nuevas aportaciones e interpretación histórica»” artikuluan (Kobie, 11. zk., 1981) egindako transkripzinoa jaso da. Horretan, aurretiko ikerketa honen zenbait alderdi zuzentzen dira: GOMEZ MORENO, M.: “De epigrafía vizcaína”, in Boletín de la Real Academia de la Historia, CXXVll, (1951).
4. AZKARATE GARAI-OLAUN eta UNZUETA PORTILLA, 1987a, pág.138.
AZKARATE GARAI-OLAUN, A. eta UNZUETA PORTILLA, M.: “La huella de Roma en Vizcaya”, in Enciclopedia Histórico-Geográfica de Vizcaya, Donostia-San Sebastián: Haranburu, 1987, 5. libk.