SAN PEDRO ERMITA
Nerbioi Garaia
Arrankudiaga | Uribarri auzoa
Laburpena (PDF)
San Pedro auzoa, z/g (48498)
p.asuncion.arrankudiaga@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Oinplano [2] errektangularreko eraikin soila da -trapezoidal antzean-, oinaldean eleizpean luzatzen dan nabe bakarrekoa [3] [4].
Zati baten azaletik laukitutako horma-harrizko hormak ditu; gainera, beheko inguru batzuetan harlanduz sendotuta dagoz, kanpora era irregularrean landuta izkinetan. Alboetako hormetan eta atzealdekoan zenbait harri atara egiten da erdialdean [5], egituraren bati eusteko moduan, baina oso behean dagoz eleizpea izateko.
Oinaldeko fatxadan adreilu betea erabili da sarbidea eta leihoak zehazteko, orain dala hamarkada batzuk egindako (1982) esku-hartzearen emaitza.
Material guzti hau bistan geratzen da, zarpiatu barik, kanpora zein barrura.
Eraikinaren barruan, goialdean, harlandu zakarrez itxitako zuloak dagoz hormaren egituraren goialdeetan [6]. Baleiteke tenplua handitu izana, edo oraingo estalki-sistema ez bezalakoa egotea aurretik, hain zuzen be zulo horreetan sartutako tiranteez baliatzen zana.
Burualdean, burudun horma-hobia zabaltzen da, ardatz bertikala dauana, luzexka. Kanpora, oinaldeko hormaren ardatzera zabaltzen da beste horma-hobi bat, mitral- edo angeluar-arkuan.
Barrualdean, zoladura oraintsu jarritako lauzadura da. Altara-aldea apur bat jasota dago.
Estalkia egurrezkoa da. Gapirioak eta erdiko tirante bat bistan geratzen dira, baina taulak zarpiatuta dagoz, beraz, ezkutatuta. Erdiko zertxak sendotzen dau teilatu hori.
Teilatuak isurialde bi ditu eta eleizpearen gainean luzatzen da.
Tenplu honetan, argiztapena urria da: hegoaldean, barrualdea txaranbeldua dauan gezileiho estua zabaltzen da [7] [8], harlandu zakarrez mugatuta. Iparraldea, ohikoa danez, itsua da.
Beranduago, beste gezileiho bat zulatu zan oinaldeko pinoiko horma-hobian.
Mendebaldeko horman zabaltzen da sarbide bakarra [9], burudun hutsunea albo banatan hutsarte bana dalarik, honeek be burudunak eta oso luzexkak bertikalean. Guztien inguruan adreilu betea dago eta goian egurrezko leihoburu jarraituaz mugatzen dira. Hutsuneetako bat pulpitu erara egokitu da kanpora, oinarri erdizirkularraz eta burdinazko karelagaz. Pinoi guzti hau oso aldatuta badago be, alboetako hutsarteen azpiko hormatxoak eta ateburu jarraitua ikusita, ermita hau oinaldera zabalik izango zala, kuruztoki moduan, pentsatu geinke; horrek azalduko leuke argiztapenerako hutsarteen eskasia eta oinaldean gezileihoa egotea.
Aurrean, ermita eleizpeagaz osotzen da. Nabearen zabalerara egokituta, estalkia kareharrizko kono-enbor formako harroindun egurrezko oinarri zuzen biren gainean pausatzen da.
Uribarriko San Pedro landa-eremuko ermita da; Bizkaiko edozein auzoko tenplutxo baten berariazko ezaugarriak ditu: kultu-etxe txikia, urritasun itxurosoaz burututakoa eta eleizpeagaz, eleiztar-talde txikiak bere batzarrak eguraldi txarretik babestuta egin ahal izateko.
Ezer gitxi dakigu bere biografiaz. 1632koa da agiri zaharrena eta bertan Arrankudiagako udalak jaieguneko prozesino eta mezaren gastuak bere gain hartzen ebazala esaten zan1ELORRIAGA BUSTAMANTE, 1995, 352. or..
Beranduago, bada barriren bat diru-kontuei buruz, hain zuzen be limosnei eta zuhaizti batzuen ustiapenari buruz eta noiz edo noiz auzotarren bati emondako tributuren bat (hipoteka-mailegua). Baina ezer gitxi dakigu bere bilakaera formalaz2Ibid..
Konponketa eta teilabarritze-lan txikiez gainera, 1791 eta 1814 bitartean 450 erreal gastatu ebezan “por el nicho nuebo que se executo para poner la efigie de San Pedro y pintarlo de jaspeado” dala-eta, beharbada burualdeko horma-hobia, hor esaten danaren arabera, zarpiatuta eta margotuta egongo litzatekena3AHEB-BEHA, Arrankudiagako Andra Mariaren Zeruratzea parrokia, Uribarriko San Pedro, Basokoetxeako San Antonio Abata, San Sebastian eta San Fabian, Arrankudiagako Santo Domingo eta Andra Maria Magdalena ermitetako kontuak, 1753-1891, sign. 0204/004-00..
Hedatuta egoan eraikuntza-mota izanda, alderdi formalak ez dira bape lagungarri gaur egungo eraikina noizkoa dan zehazteko. Dana dala, 1982an barriztatu eben4ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. lib., 14. or..
1. ELORRIAGA BUSTAMANTE, 1995, 352. or.
ELORRIAGA BUSTAMANTE, Carlos. Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
2. Ibid.
3. AHEB-BEHA, Arrankudiagako Andra Mariaren Zeruratzea parrokia, Uribarriko San Pedro, Basokoetxeako San Antonio Abata, San Sebastian eta San Fabian, Arrankudiagako Santo Domingo eta Andra Maria Magdalena ermitetako kontuak, 1753-1891, sign. 0204/004-00.
4. ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. lib., 14. or.
ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbao: Diputación Foral de Bizkaia / Instituto Labayru, 1987, lib. 3.
ALTZARIAK
Gaur egun, ermitan, oraintsu eraikitako altara, hiru jarleku eta zin-opari bat dagoz.
Datu gitxi dago aurreko altzariei buruz, honako aitamenen bat edo beste izan ezik: esate baterako, 1753an, tenpluak “un frontal de lienso pintado en bilbao…, una campana de metal bronce… (eta) un farol del ojadelata que sirve de lámpra” ebazala aitatzen da. Eta 1891ean, “habiendo aparecido rota y quebrada el ara…se ha sustituido con otra, por cuyo coste y colocación se han satisfecho veinticinco reales”[1]. Hornidura eskasa, ikusten danez.
[1] AHEB-BEHA, Arrankudiagako Andra Mariaren Zeruratzea parrokia, Uribarriko San Pedro, Basokoetxeako San Antonio Abata, San Sebastian eta San Fabian, Arrankudiagako Santo Domingo eta Andra Maria Magdalena ermitetako kontuak, 1753-1891, sign. 0204/004-00.
Interes etnografikoa daben elementuak
Zin-oparia [10]. Egurra eta oihala. Arrantza-ontzia, seguruenik baxurako inguraketa-arrantzan ibiliko zana. Radarra eta masta bi dituanez, iragapen aldian kokatzen dabe, XX. gizaldiaren 50eko edo 60ko hamarkadan. Oraintsu barriztatu dabe.
Arrankudiagako Andra Mariaren Zeruratzea parrokian itzitako elementuak
San Pedroren irudia [11]. Egur polikromatua. San Pedro aita santuaren irudia, zutik, tiara jantzita eta patriarka-kurutzea eta giltza daroazala. Keinu bizia dau, gainjantzi zintzilikariak eta goian dauan eskumaren jarrerak erakusten dauanez. Oihalak astinduta dagoz, baina zurrunak dira, aurpegiera lez, neurritsua, baina itxuragabetasun nabariaz. Formari dagokionez, badau xehetasun interesgarriren bat, esate baterako arrokaia gainjantziaren ertzean, ixten dauan paparrekoa edo burukoaren infulak borla handiakaz. Guzti horren arabera, barrokokoa izango litzateke, hain zuzen be, XVIII. gizaldiaren erditik aurrerakoa. Hain zuzen be, badakigu 1785ean 270 erreal ordaindu zirala pieza horrengaitik, polikromia barru. 1753an aitatutako “vulto de dho santo de madera y estofado” dalako baten ordez jarri eben; lehengo hori be gorde eben barria heldu zanean, baina 1791ean, bisitariak honako agindu hau emon eban: “se deshagan del San Pedro viejo, muy ridiculo, deslucido e indecente… y entierren sus pedazos en la ermita”6Ibid.. Seguruenik han jarraituko dau.
JMGC – RCL – AAS – MRV
5. AHEB-BEHA, Arrankudiagako Andra Mariaren Zeruratzea parrokia, Uribarriko San Pedro, Basokoetxeako San Antonio Abata, San Sebastian eta San Fabian, Arrankudiagako Santo Domingo eta Andra Maria Magdalena ermitetako kontuak, 1753-1891, sign. 0204/004-00.
6. Ibid.