SAN BALENDIN ERMITA

Arratia

\

Dima | San Balendin auzoa

i

Folletoa

San Balendin auzoa z/g, 48141

p.kepadeuna.dima@bizkeliza.org

Eraikina [1]

Ermita honek oinplano [2] errektangularra dauka, burualde zuzen eta hiru isurialdeko estalkiagaz.

Horma-harrizko egitura dauka bistan, barrualdera [3] zein kanpoaldera [4], harlandua daukien izkinetan eta sarbidean izan ezik [5]. Buru-horman, harlauza-dobelak dabezan erdi-puntuko hiru hornahobi urratuta dagoz hiru irudi hartzeko [6]. Fatxada nagusian, tinpanoa oholakaz ixten da [7].

Zoladura harlauzazkoa da [8] eta altxatuta dago altara-aldean [9].

Estalkia, hiru isurialdekoa da [10], baina barrualdera piramide-formako bihurtzen da giltzarritik lau hormapikotan zabaltzen dan egurrezko egiturarekin [11]. Giltzarriak, landare-motiboak ditu zizelkatuta [12]. Izkinetan zutoinak ditu [13]. Fatxada nagusian, teilatu-hegala bost hagaburutan bermatzen da, eta honeek muturrak kiribilduta dabez eta uztaiak zizelkatuta dabezan bost besotan zurkaizten dira [14].

Sarbidea [15], oinaldeko hormatik da, guztiz zabalik eta dago hiru erregistroko egur sareaz bermatuta; honako honek haga biribilduak ditu txarro txiki eta uztaiakaz [16], erdi inguruan zabalduta atea hartzeko. Egurrezko hesi hau harrizko hormatxo baxuan pausatzen da [17]. Sarbidearen ondoan, urbedeinkatu-ontzia dago [18] egikera soilekoa, hain zuzen be, kareharrizko esfera-formako kikara, goian harrian grabatutako latindar kurutzeagaz amaitzen dana.

Argiztapen naturala fatxada nagusiko zabalduratik baino ez da sartzen [19].

Egurrezko egitura dauka fatxada nagusian, kanpaia hartzeko hutsarteagaz [20].

Ybarra eta Garmendiaren arabera, San Balentin ermita Simon Bernardo Zamacola Ocerin politikoaren fundazinoa da eta honek XVIII. gizaldiaren amaieran, “mandó construir junto al centro urbano de Dima, para su residencia, el palacio de Silverio y su ermita de San Valentín” 1YBARRA Y BERGÉ y GARMENDIA, 1946a, p. 345..

Ze egoera onean dagoan ikustia, oraintsu barritzeak izan dirala esan daiteke.

ALTZARIAK

Eskultura

 

San Balendin [21] (127 x 58 x 29). Egur polikromatua. Titularraren eskultura, irudigintza landua eta hedatutako osagaiak nahastatzen dituana. Zutik dago, aurrez aurre eta axial erara. Besoak zabalik dago, abegi egiteko edo aholku emoteko moduan. Aurpegi luzexka dauka, begiak zabal-zabalik, margotuta, begirada galduta eta ahoa erdi irekita. Gainera, ule motza dauka ule-sorta uhinduakaz eta abade-bonete soila. Sotana baltzaz jantzita dago eta gainetik eleizator zuria dauka parpaila imitatuz margotutako mendelagaz. Besoetan, albo bietara, sigi-saga eginez, toles almidoituz eratutako oihalak imitatzen dabezan ertzak jausten dira. Guztiaren gainetik, estola gorrixka doa, era simetrikoan eta zurruntasun handiz jausiz. Jantziek tolestura eskematikoak dabez, errepikakorrak, bolumen gitxikoak eta kolore planoetan. Landa-eremuko tailerreko lana izango da, eredu barrokoak gogora dakarzana, askoz sinplifikatuagoa eta XVIII. gizaldiaren azken-azkenekoa edo XIX. gizaldiaren hasierakoa.

 

San Bizente [22]. Egur polikromatua. Zutik dagoan santu diakonoaren irudia; mobimentu moduko bat egiten dau besoen jarreran, baina multzoaren egonkortasuna nabarmentzen da. Formaren aldetik, nabarmentzekoa da aurpegiaren lanketa: gazte antza, masail gorrixkak, eta begitarte ezti eta idealizatua, goratze espirituala agertzen dauan jarreran. Ulajea ondo zehaztutako ule-sorta kizkurretan landuta dago. Keinuek lagundu egiten dabe espresino-alderdi honetan: eskumako eskua bedeinkapen- edo prediku-jarreran altxatuta dauka eta ezkerrekoaz zerbaiten zati bati heltzen deutso, zer dan ez badakigu be. Behealdean ikusten jakon alba zuriaz jantzita dago santua, eta gainetik dalmatika dauka, zurrunagoa, gorrixka, urre-koloreko landare-motiboez apainduta. Jantzien tolesturen lanketa soila da, abaniko eta jauskera bertikaletan antolatuta dagoz, zelanbaiteko bolumenagaz, baina konplexutasun dinamiko beterik lortu barik, egikera eskematikoagoa agertuz. Polikromia hondatuta badago be, iraun daben arrastoek egileak apainketarako eban borondatea agertzen dabe, batez be dalmatikan. Lekuko barrokoko lana da, baina ez herrikoia, eta zeharka eredu jantziagoen ezagutza islatzen dau. Ezaugarrien arabera, pieza hau barroko aurreratuan kokatu daiteke, XVII. gizaldiaren amaiera aldera.

Andra Maria Umeagaz [23] (123 x 37 x 33). Egur polikromatua. Eskultura honetan, Andra Maria zutik dago eta ezkerreko besoan dauka Umea, bitartean, eskumako eskuaz keinu ireki eta abegitsua egiten deutso fededunari. Mariaren irudiak kanon lirain eta neurritsua dauka, gorputzaren pisua apur bat mobidu egiten dauan eta jantzien jauskeran erritmo uhindua sortzen dauan “contrapposto” arinaz. Tolestura zabalak, bigunak eta jauskera naturalista dituan tunika arrosaz jantzita dago. Honen gainean, gainjantzi urdina urre-koloreko mendelakaz. Apur bat gastatuta dagoan polikromiari begiratu ezkero, erabilitako teknika nahiko zaindua zala ikusi daiteke: margotutako urre-xafla finak, azalaren tonu leunak, tonu beroakaz… Andra Mariaren aurpegiak soseguz eta gizatasunez betetako edertasun-ideala islatzen dau, aurpegiera fin eta samurraz, begirada baxuaz eta adierazpen neurritsuaz, gozotasuna agertuz. Naturalismo bera atzematen da Umearengan; umearen egiantzeko anatomia dauka, jarrera aktiboa eta bedeinkapen-keinua, beste eskuagaz lurbirari eusten deutsolarik. Irudi bien arteko eragin-trukeak zelanbaiteko bizitasun afektiboa dakar. Estiloaren aldetik, lan hau eklektikoa da, sustrai historizista dauana, oreka, formen leuntasuna eta gustu akademikoa nabarmentzen diralarik. XIX. gizaldiaren amaierako edo 1900 inguruko tailer kultu samarren baten egindakoa izan daiteke, horreetan tradizinoa ezagutzen ebelako eta sasoiko gustuetara be moldatzeko gauza ziralako.

Metalak

 

Kanpaia [24]. Brontzea. Ezkiladuna. Ahoa asko garatuta dauka eta multzoa zuzenagoa da apainketa -diamantearen distira daukan kurutzea eta Nekaldiko osagaiak- daroan zatian. Sorbaldetan, idazkuna eta urtea agertzen dira.

Beste osagai batzuk

 

Altara-aurrealdea eta sagrarioa [25] (185 x 201 x 96). Egurra bere kolorean eta urreztatuta. Bereizitako erregistro biz osotutako altzaria: bat altararen parean eta mahaia behean. Mahaia, bost arku-multzo gingildunetan antolatuta dago, eta horreen azpian santu edo apostoluen irudiak dagoz erliebean urre-koloreko hondoaren gainean. Irudiok seriean ipinita dagoz, indibidualizazino eskasaz eta lanketa eskematiko samarraz. Euren artean bereizteko, gainetik landutako erroseta txikiak daukiezan zutabe biribilduak dagoz. Alboetan, honako zutabeak errepikatzen dira pareka. Taulak, altara-harria hartzeko ontzia dauka erdian, hutsik. Mahai honen gainean, de beste multzo bat dago aihen- eta mahats-motibodun orlagaz, urre-koloreko oinarriaren gainean. Eta bere gainean, sagrarioa erdian, kanporantz proiektatuta, ateagaz eta andra Mariari buruzko anagramagaz. Osagai honen albo banatan, arku-multzo lobulatuak barriro fuste leuneko zutabeen bitartez bereizita, santuen irudiakaz erliebean, oinetako testuaren bidez nortzuk diran jakinda. Errematean, moldura hirusta-formako motiboakaz. Mediebalismo neogotikoa gogora dakarren altzaria da, XIX. gizaldiaren amaiera ingurukoa.

Bankua [26] (94 x 200 x 51). Egurra bere kolorean. Oinarri jarraitua dauan jarlekua, egitura luzexka eta arin eta neurri orekatu samarrakaz. Hiru zatitan dago antolatuta: hankak eta beheko euskarria; jarleku jarraitua eta bizkarraldea besoakaz. Aurreko hankak biribilduak drak eta bizkarraldean txertatzen diran atzekoak zuzen eta soilagoak. Jarlekua, jarraitua da, mihiztatutako ohol bik osotzen dabe eta ez dau apainketarik. Bizkarraldeak marko zuzena dauka, apur bat okertuta, eta barruan profil erraboiltsua daben balaustre biribildu txikiak dagoz, errepikatuta. Besoak bizkarraldearen atzealdetik abiatu eta leuntasunez jaisten dira aurrealderantz kurbadura soilagaz, muturrean kiribilduta, zutoin biribildu soilen gainea bermatuta. Bankuak hedatutako estiloa dauka, barroko kutsuagaz, baina XIX. gizaldiaren amaierakoa izango da.

Sarbideko sarea [27] (94 x 200 x 51). Egurra margotuta. Egitura modular eta funtzionala dauan sarea. Hutsarte errektangular handia da, itxita dago seriean eta erregulartasunez ipinitako balaustre biribildu bertikalen bidez. Zeharragaz bereizitako hiru multzo horizontaletan artikulatuta dago. Balaustreak, profil soilekoak, bardinak dira, biribilduak txarro txiki eta uztaiakaz, molde zaharrak gogora ekarriz. Tonu gorrixka bereizgarrian margotuta dago guztia. Estilismoaren aldetik, hedatutako lan funtzionala da, eredu barrokoak txertatuz balaustrearen erabileran, baina erabat sinplifikatuta. XIX. gizaldia.

Interes etnografikoa daben osagaiak

 

Puri Iturrate Arriortuaren erliebea [28]. Egurra bere kolorean eta polikromatua. Erliebean landutako plaka, zati bat Puri Iturrateren erretratuari eskeinita, asmo naturalista nabarmenaz landuta, jaiotzaren eta heriotzaren datakaz (1931-04-05 – 2009-11-15); beste zatian, bere oroimenezko idatzia dago:

UDA AZKENAK EROAN ZAITU
TXORI TXIKIEN ANTZERA
AI AMA PURI ALDEGIN ETA
EZ ZATOZELA ATZERA
ZE DISTANTZI TXIKIA DAGO
ZERU GAINETIK LURRERA
MAITASUNEZKO IRRI GOXOA
JATORKU GURE ETXERA
ZUREKIN GOZA DOGUNOK
ZUREKIN BIZIKO GERA

MRV - RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. YBARRA Y BERGE eta GARMENDIA, 1946a, 345. or.
YBARRA Y BERGE, Javier eta GARMENDIA, Pedro. Torres de Vizcaya, tomo III, Madril: Consejo Superior de Investigaciones Científicas, Instituto Diego de Velázquez, 1946, 3 lib.