SANTA APOLONIA ERMITA

(Kepa Deuna parrokiaren jurisdikzinoa)

Arratia

\

Dima | Bargondia auzoa

i

Folletoa

Bargondia auzoa z/g, 48141

p.kepadeuna.dima@bizkeliza.org

ERAIKINA [1]

Santa Apolonia ermita oinplano errektangularreko [2] tenplua da, lau atal eta burualde zuzenean banatutako nabe bakarragaz [3]; ekialdera, sakristia dauka atxikita [4] eleizpea oinaldean. Bolatokia dauka iparraldera [5].

Horma-harrizko egitura dauka, irregularra eta bistan [6], baina izkinetan eta sarbidean harlandua dago [7]. Barrualdea luzituta dago, hormen goiko aldea izan ezik, hori bistan dago-eta [8].

Zoladura, zementuzkoa da [9], eta burualdea harmaila batez altxatuta dago.

Burdinazko tiranteak dabezan lau zertxatan zurkaiztu eta oraintsu egindakoa dan egurrezko egitura dauan isurialde biko estalkiak [10] estaltzen dau.

Ermitarako sarbidea oinaldean dago [11]. Burudun hutsartea da, arkuan dobelak eta janbetan harlandua dituana [12], 1930eko hamarkadan, jatorrizko egur sarea ixtean, eraikitakoa. Barriztapen honetan, aurrealde osoa barritu zan eta, aldi berean, gailoidun esferaerdiez amaitutako izkinetako zutabeak gehitu ziran. [13]. Urbedeinkatu-ontzia dago atearen eskumako aldean [14]. Hareharrizko kikara soila da eta zerrenda beheratua dauka ezpanaren azpian.

Argiztapen naturala epistolaren horman zabaldutako hutsarte bitik, bata burualdearen ondoan [15] eta bestea, apur bat gorago, hirugarren atalean [16] lortzen da. Burudunak dira eta barruan laprandura dabe. Landare-apainketa dauan idi-begia [17] zabaltzen da, arrosa-leiho txiki lez, altara-aldeko pinoian, eta beste bat, soilagoa, oinaldean [18].

Korua be badauka, altua [19], zeharragaren gainean eta erronboide-formako barrotedun karelaz babestuta. Atal bakarreko egurrezko eskaileratik igotzen da bertara [20].

Tenpluaren burualdeari atxikita dago sakristia [21]; altara-aldetik sartzen da bertara buru-horman zabaldutako arku zuzeneko igarobidetik [22]. Nabea besteko oinplano zabala dauka gela honek, hiru isurialdeko estalkia eta argia sartzeko burudun hutsartea ekialdeko horman [23].

Hutsarte bakarreko zementuzko kanpai-horma dauka kanpaiagaz [24], zementuzko kurutzeaz amaituta [25] eta alboetan dagozan akrotera piramidal biz apainduta [26].

Ermitan, eleizpea be badago [27], oinaldean, hiru isurialdetara estalita, kiribildun idulkiak dabezan egurrezko oinarri zuzenen gainean [28]; honeek hegoaldera zabalik dagoan eta burdin sare erako atakaz ixten dan horma-harrizko hormatxoan [29] zurkaizten dira zuzenean. Iparraldera be zabaldu egiten da bolatokira igarotzeko.

Ezer gitxi dakigu Santa Apolonia ermitaren bilakaera historikoaz. Badakigu, halanda be, 1922an baimena eskatu zana eleizpea zabaltzeko. Lan txikiagoak be egin ebezan XX. gizaldian, baina aitagarriena 1932an burutu zan: “con el cierre del frontispicio con pared que antes tenía enrejado de madera y renovando las paredes interiores y exteriores de ella, gastando en su restauración dos mil pesetas después de la ayuda personal gratuita de los vecinos del barrio” 1AHEB-BEHA, Parroquia de San Pedro Apóstol de Dima, Papeles Varios, 1922, sign. 1887/000-00: y AHEB-BEHA, Parroquia de San Pedro Apóstol de Dima, Carta de Jerónimo Bernaola, coadjutor, al vicario general pidiendo ciertas concesiones para la ermita de San Apolonia, 13-07-1932, sign.1886/047-00..

ALTZARIAK

XX. gizaldiaren 80ko hamarkadara arte, ermitak estilo neogotikoko erretaula eukan [30], pisu bakar eta hiru kalekoa, dana urdin eta granatez margotuta, eta bertan egoan gaur arte iraun dauan hainbat irudi. Dakigunez, 1931an 80 erreal ordaindu ziran altarako erretaula margotzeagaitik 2AHEB/BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Askotariko paperak, 1931, 1887/000-00 sign..

Eskultura

 

Jesus Umea [31] (69 x 33 x 32). Egur polikromatua. Eskultura honek biluzik eta bedeinkatzeko jarreran dagoan Jesus Umea irudikatzen dau; irudi exentu lez sortuta dago eta arkitekturan erabilitako idulkiaren gainean kokatuta. Tipologiari dagokionez, aro modernoko, batez be kontrarreformaren bultzadaren ostean, hedatuta egozan debozinorako irudien artean egongo litzateke. Korronte horretan, Umeak burujabetasuna dau gurtzarako osagai lez. Gorputzak haur-kanona dauka, neurri trinkoakaz, sabelalde mardula, gorputz-adar biribilduak eta anatomia soil eta eraginkorra. Jarrerak mobimentu arina dakar: pisua hanka baten gainean jausten da eta bestea apur bat aurreratuta dago, ‘contrapposto’ arina agertzera emonez. Keinua, irekia da: eskumako besoa altxatuta dago bedeinkatzeko jarreran, atzamarrak artikulatuta dituala, dagoeneko kodifikatuta dagoan formulari jarraituz, eta ezkerrekoa albo batean dago eta behean, espazioan zelanbaiteko zabalkundea islatuz. Aurpegi biribila dauka, masail beteak, begi zabalak eta begirada ikusleari zuzenduta, debozinozko konexinoa bilatuz. Adierazpena, ezti eta neurritsua da. Ulajea, alboetara ule-sorta mardul eta eskematiko samarretan eratuta, lanketa plastiko samarra erakusten dau. Azalaren tonuak, beroak dira, egikaritze soilekoak, eta biribildu bako akaberaz. Idulkia, bereziki esanguratsua da. Euskarri arkitektoniko lez antolatuta dago, alboetan garatutako kiribilak ditu, markatutako moldurak eta lingote erako detaileak. Barrokoaaren hasierakoa izango da, XVII. gizaldiaren lehenengo herenekoa.

Kristo kurutziltzatua [32] (86,8 x 38,3 x 13). Egur polikromatua. Kurutzean josita dagoan Kristoren eskultura. Kurutzea soila da, zilindro-formakoa. Kristoren, anatomiaren modelaketa egokiagaz. Paparra leunki markatuta dago, muskulu-lanketa sakon barik, eta sabelaldea ozta-ozta atzematen da, naturalismoaren eta sinplifikazinoaren arteko oreka agertuz. Besoak zabalik ditu, ia horizontalean, jauskera arinaz, tentsino eratsua sortuz. Gorputzaren jarreran, okerdura arina atzematen da. Burua okertuta dauka, bere barnera biltzea eta asaldura bako atsekabea erakutsiz. Aurpegiera —sudur zuzena, begiak itxita edo erdi itxita, aho txikia— fintasunez zehaztuta dagoz. Bizerra eta ulajea, sinplifikatuta bada be, ule-sortetan antolatu gura dira, baina zehaztasun handi barik landuta dagoz. Gerripekoaz estalita dago, tolestura bigunak ditu, irregularrak eta bolumendunak, sokaz lotuta dago eta alboan dau korapiloa. Lan honen ezaugarriak ikusita, erromanismokoa, XVI. gizaldiaren amaierakoa, dala esan daiteke.

Metalak

 

Kanpaia [33]. Brontzea. Ezkiladuna. Apaingarri lez, sorbaldetan eta hegalean dituan moldura leunak baino ez. Agirietan jasota dagoanez, 1932an, kanpai txiki barria jadetsi eben 3AHEB/BEHA, Parroquia de San Pedro Apóstol de Dima, Carta de Jerónimo Bernaola, coadjutor, al vicario general pidiendo ciertas concesiones para la ermita de San Apolonis, 13-07-1932, sign. 1886/047-00..

Eleiz jantziak

 

Kasulla [34] (101,5 x 59,5). Desberdinak eta une historiko desbardinetakoak ziran ehun bigaz egindako jantzia. Kasullaren oinarria, damasko gorri bizia da eta diseinu ezaguna dauka: lore handiak eta hostoak azala estaliz eta urre-koloreko zintez errematatuta Era honetako ehuna, motibo handi eta mekanizatu samarrakaz, ekoizpen industrial edo erdi-industrialen emaitza da, seguruenik XIX. Gizaldiaren amaierakoa. Interesgarriena, dana dala, erdiko ‘orfres’ deritzana da, hau da, berregindako jantzi baten barriro jarritako pieza. Belus granatezko zerrenda da eta bere gainean apaingarrien –‘ce’ak, narruak, jabaloiak, hostoak, gailoidun txarroa- urrezko brodatuak dagoz simetria axialean. Pieza honetan, osagai errenazentistak agertzen dira, lanketa berezi eta kalitatezkoaz eta XVI. gizaldiaren amaieran tailer espezializaturen baten egindakoa izan daiteke.

Beste osagai batzuk

 

Komoda [35] (114,5 x 137,5 x 73,5). Egurra bere kolorean eta urreztatuta. Multzo biko altzaria, baxua eta horizontala. Egiturari dagokionez, gaian tiradera luzea dauka eta bere azpian ate tolesgarri biko multzoa, guztia lerro zuzeneko eta ia moldura bako armazoiaren barruan. Goiko tiraderak idazkuna dauka erdian —STA APOLONIA / 1911—, eta ondoan erroseta, eta alboak era simetrikoan garatzen diran lerro uhinduez eta kiribil-motiboez apainduta dagoz. Burdinazko heldulekuak ditu, obalatuak, multzoaren sasoi berekoak. Beheko ateak laukian sartutako panelen bidez artikulatzen dira eta panelon erdian apainketa ebaki eta aplikatua garatu da, ‘ese’ erara estilizatutako landare-motiboetan oinarrituta. Nabarmentzekoa da erdik osagai bertikala, zutoin geometrizatu erakoa, bertatik kiribil eta hosto sintetikoak ataratzen diralarik. Komodan, hainbat estilo nahastatu da, esate baterako, landareak errepertorioa gogora dakarren ‘candelieri’ erara, eta modernismoaren oihartzun diran motibo estilizatu edo geometrizatuagoak. Hedatutako eredua, 1911koa.

Eleiz Museoan itzitako osagaiak

 

Santa Apolonia [36] (50 x 11 x 10). Egur polikromatua. Ermitako titulartzat jo daiteken santaren eskultura. Neurriei dagokienez, ez dauka luzexkarako joerarik, aurrez aurreko jarreran dago eta konposizino zurruna da. Ondo zehaztutako ardatz bertikalaren arabera antolatzen da gorputza, ia ez da ez mobimenturik atzematen pisuari dagokionez ez ‘contrappostorik’ eta, ondorioz, hieratikotasuna nabarmentzen da. Irudia integratutako oinarri txiki baten gainean dago, eta multzoak silueta trinko eta itxia dauka. Burua neurrigabe eta oso handia da gorputzagaz alderatuz eta aurpegiera eskematikoa da: almendra-itxurako begiak zabal-zabalik, bekainak ondo markatuta ebakiduraren bidez, sudur zuzena eta aho txikia, inongo adierazkortasun barik. Burukoa dauka, era soilean jarrita, burezurreko inguruari egokituta eta alde bietan jauskera bardina dauala; tonu berdexka eta gorrixkak dabezan polikromia arrastoak ditu. Santak eskumako eskua, oso handia, altxatuta dauka, bedeinkatzeko edo agurtzeko moduan, esku-barrua ikuslearengana zabalduta. Eskerreko eskuaz liburuari oratzen deutso eta liburuaren lanketa oso eskematikoa da eta xehetasun bako multzo prismatikoa dala esan daiteke, lan zaharkitua dala agertuz. Jantziak bertikalean jausten dira, modelatuta ez ezik adierazita dagozan tolestura gogor eta paraleloetan. Azpitik oinetako punta-zorrotzak agertzen dira. Bere ezaugarrien arabera, pieza hau erdi arokoa izango da, herri gotikokoa, XIII. gizaldiaren amaierakoa.

MRV - RCL

María Romano Vallejo – Raquel Cilla López

1. AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Askotariko paperak, 1922, 1887/000-00 sign.; eta AHEB-BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Jeronimo Bernaola abade lagunkidearen gutuna bikario nagusiari, Santa Apolonia ermitaren aldeko emote batzuk eskatuz, 1932-07-13, 1886/047-00 sign.
2. AHEB/BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Askotariko paperak, 1931, 1887/000-00 sign.
3. AHEB/BEHA, Dimako San Pedro Apostolua parrokia, Jeronimo Bernaola abade lagunkidearen gutuna bikario nagusiari, Santa Apolonia ermitaren aldeko emote batzuk eskatuz, 1932-07-13, 1886/047-00 sign.