SANTA KATALINA ERMITA

Nerbioi Garaia

\

Orozko | Jauregia auzoa

i

Laburpena (PDF)

Jauregia, 16 (48419)

p.sanmartin.orozko@bizkeliza.org

ERAIKINA [1]

Oinplano [2] errektangularreko eraikina da, estalkiaren parean hiru ataletan zatituta, hiru horma-ataleko zortzi aldeko burualdeagaz ixten dana [3] [4]. Iparrean lau angeluko sakristia txiki bat dau atxikita [5]. Oinaldean, eleizpean luzatzen da.

Hormak, kanpoaldean idulki txikiaren gainean altxatuta, kanpoaldean izkinetan eta hutsarteen inguruko apainduretan era irregularrean landutako harlanduaz sendotutako horma-harrizkoak dira. Barrualdean, hormarri hau bistan dago, zarpiatu barik, absideko hormetan izan ezik. Eraikin barruan, zenbait aldetan ebaki horizontalak nabari dira hormaren egituran, hau da tenplua behin baino gehiagotan handitu izan balebe lez edo patroiakaz altxatu. Nabariagoa da hau oinaldeko horman [6], hemen, mailaketa baten gainean, oraingoa baino baxuagoa dan aurreko teilatu baten arrastoa jarraitu daiteke-eta, barrualdean zein kanpoaldean zenbait habe-buru geratu dalarik horren zantzu lez.

Barrualdean, zoladura hareharrizko lauzadura da. Altara-aldea, harmaila baten bidez altxatzen da.

Estalkia egurrezkoa da. Gapirioak eta taulak ezkutatzen dira zarpiatuaren azpian, nabearen atalak markatzen dituan triangelu-formako zertxen teilatu-zurajea bistan geratzen dalarik. Hormen goialdea inguratzen dauan egurrezko habe etzanean finkatzen dira. Burualdeko zertxako tirantean, ertzak zati baten alakatuta, untze-puntak zizelkatuta ikusi daitekez [7], XVIII. gizaldiko egurrezko lanetan ohikoa zan motibo herrikoia.

Teilatua, isurialde bikoa da eta absidean hiru isurialdeko bilakatuz; gauza bera gertatzen da teilatuaren mailara iristen ez dan eleizpean.

Oinaldean dago tenplurako sarbide bakarra [8], ateburua dau eta urbedeinkatu-ontzia eskuman, gitxi gorabehera esferaerdikoa eta apaingarri bakoa eta kikara apur bat okertuta.

Hiru leihok ahalbidetzen dabe tenpluko argiztapena [9] [10]; leihoburudunak hegoaldean eta itsua iparraldea, ohikoa danez. Leihoburudunak dira, kanpoalderantz ingurua harlanduz apainduta dabe eta barrutik hormarriz bakarrik. Itxura baten handituta dagoan aldean zabaltzen dira. Horreez gainera, antzeko hutsarte txiki bi dagoz oinaldean.

Kanpoalderantz danek dabe ingurua harlanduz apainduta, barrualdean horman trakets zulatuta dagozan eta egurrezko leihoburuak dabezan arren. Mendebaldeko fatxadakoak burdinazko soilez babestuta dagoz.

Ermitak korua [4] dau oinaldean, hirugarren atala baino gitxiago hartuz. Egitura egurrezkoa da, lau angeluko ebakidurako barrote karelagaz, zeharragak eta habe etzana euskarri dituan oholtzaren gainean. Ezkerretara, atal biko egurrezko eskailera dago korura igoteko.

Eranskin lez, ermitak sakristia txiki bat dau [5], atxikita iparraldean, teilatuaren mailatik behera dagoan isurialde bakarreko estalkiagaz. Lehenengo ataletik sartzen da bertara, ateburudun igarobidetik, sabai aizunez estalita dago eta leihoburudun leiho txiki batez argiztatuta.

Oinaldean, kanpai-horma [11] altxatzen da, eta goialdean, amaiera lez, kurutzea dauan esfera agertzen da eta alboetan piramide-formako apaingarri bi.

Aurrealdean, ermita osotzeko, eleizpea dago. Nabearen zabaleraren neurriko eleizpearen estalkia, igarobide lez erdian eten egiten dan altuera ertaineko hormarrizko karelaren gainean bermatutako egurrezko lau oin zuzenen gainean altxatzen da [12], patroi errektangular soila eratuz.

 

Itxura eta bolumen orokorra, arrazoizkoa da, neurrikoa eta landa-eremuko auzorako kultu-eraikin txikiakaz guztiz bat datorrean.

Agirietan jasoten danez, 1758an ermita “mui maltratada y proximo (sic) a caer”, egoan eta, ondorioz, maiordomoak eta eleiztarrek berreraikitzea erabaki eben. Lanak 1764ra arte atzeratu ziran eta orduan Ignacio Sorarrain hargina eta Andres Otuna arotza kontratatu ebezan; honeek atea, leihoak, eleizpearen estalkia…, egin ebezan (egia esan, egozanak konpontzea eta handitzea izan zan euren lana). Hau da, behin-betiko itxura emon eutsen. Maisuek 621 eta 1.432 erreal kobratu ebezan hurrenez hurren1CONDE FUENTE, 1997, 249. or...

Gerora be egin ziran lanak, esate baterako 1776an, hau jarri ebenean:

“nueba lintterna o sombrerera en el armazon del sobre el presvitterio, […] por lo ruinoso que esttaba lo antterior, y con muestras de aplanarse el armazon de cabrios que sosttenian en ella”.

1801ean, Ignacio Ugarrizak urakan batek hondatutako horma eta teilatuaren zati bat berregin ebazan. 1807an jarri zan lauzadura.

1899an, lan garrantzitsu samarrak burutu ziran, hain zuzen be, 3.377, 70 erreal kostatu ziranak. Beharbada orduantxe gehitu zan sakristia2AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, Santa Katalina ermitako kontuak, 1766-1942, sign. 2984/002-01. BFAH-AHFB, Bizkaiko Administrazinoa, Lan, garraio eta komunikazinoak, sign. AT 00627/012..

1974an, lan orokorrak egin ziran tenpluan, gaur egun dauan itxura emonez3ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. lib., 506-507 or..

1. CONDE FUENTE, 1997, 249. or.

CONDE FUENTE, Roberto. Orozko. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1997. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).

2.AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, Santa Katalina ermitako kontuak, 1766-1942, sign. 2984/002-01.

BFAH-AHFB, Bizkaiko Administrazinoa, Lan, garraio eta komunikazinoak, sign. AT 00627/012.

3. ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. lib., 506-507 or.

ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbao: Diputación Foral de Bizkaia / Instituto Labayru, 1987, lib. 3.

ALTZARIAK

Urriak dira ermitako antxinako altzariei buruzko datuak. Baleiteke altzariren bat egotea titularrarentzat (1767an, “la santa ymajen y su nicho en donde esta depositada” aitatu zan), zehatz-mehatz 1878ra arte erretaularik egon ez bazan be, orduan 46 erreal ordaindu ei ziralako margotzearren4AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia - Albizu-Elexaga, Santa Katalina ermitako kontuak, 1766-1942, sign. 2984/002-01..

Eskultura

 

Alexandriako Santa Katalina [13] (104 x 36 x 26). Egurrezkoa. Gorpuzkera eta oihalen oparotasunaz batera, aurpegiaren eta ulearen ezaugarriak kontuan hartuta, XVI. gizaldiaren amaierakoa eta estilo erromanistakoa dala esan geinke.

Metalak

 

Kanpai-horman, kanpaia [14]. Beharbada Carlos Benero bilbotar maisu kanpaigileak 1796an, 20 errealen truke, egin ebana5Ibid..

Beste elementu batzuk

 

Kurutzea [15] (200 x 100 x 12). Egurrezkoa. Handia da, zutoin eta zeharraga zuzenakaz; balio berezia dau, polikromatuta eta Arma Christi deitutakoez, hau da Kristoren Nekaldiko tresnez (untzeak, zigorra, kurrikak, arantzazko koroa, oilarra, lantzak, dadoak, e.a) apainduta dagoalako. Pieza hain soila izatean, eta apaingarriak hain herrikoiak, zaila da noizkoa dan zehaztea, baina baleiteke XIX. gizaldikoa izatea.

Eleizbarrutiko gordailuan gordetako elementuak (urre-zidargintza)

 

Kaliza [16] (22,8 x ø12,8 x ø8,4). Zidarra bere kolorean eta gainetik urre-kolorea emonda. Ohiko ezaugarri klasizistak ditu: oin biribil mailakatua, zilindro-formako lepoa beste honeen aurretik: pitxer-korapiloa kuxinaz, lepoa ezpondan eta kopa leuna, erdian listel molduratua dauala. Egilearen markak ditu (M / ALIPA / SAGA, Miguel Alipazaga), hain zuzen be, XVIII. gizaldiaren lehenengo laurdenean jardun eban bilbotar bitxigilearenak. Sasoi horretan egindakoa izanda be, pieza honek leialtasun handiz betikotzen ditu hurrengo ehun urtez be guztiz hedatuta izan ziran XVII. gizaldiko eredu klasizistak.

Kaliza [17] (24,5 x ø12,8 x ø8,2). Zilarra, gainetik urre-kolorea emonda. Soslai erraboiltsua dau, kopa, oso luzexka, hosto, loreen motiboen eta ‘c’ erako apaingarri biribilen grabatuez apainduta dago. AURORA marka dauka. XIX. gizaldiaren erdiko frantses ereduak jarraitzen ditu.

Kalizak patena (ø13) dauka. Zilarra, zati baten urre-kolorea emonda. Leuna eta puntzoi bakoa.

JMGC – RCL

4. AHEB-BEHA, Orozkoko San Martin Gotzaina parrokia – Albizu-Elexaga, Santa Katalina ermitako kontuak, 1766-1942, sign. 2984/002-01.

5. Ibid.