SANTA KRUTZ ERMITA
Nerbioi Garaia
Zeberio | Santa Krutz auzoa
Laburpena (PDF)
Santa Krutz auzoa (48499)
p.santotomas.zeberio@bizkeliza.org
ERAIKINA [1]
Ermita hau nahiko handia da neurriz, eta parrokiari erantsita egoten izan da. Historikoki, haren zereginak beteteko xedea be emoten izan jako noizbait1ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. libk., 448. or. BFAH-AHFB, Judiziala, Korrejidorea, Zibila, sign. JCR3674/008. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia, Zeberio, askotariko paperak, sign. 1807/005-00..
Oinplano [2] angeluzuzen baten gainean dago, eta lau zatitan banatuta dago gangen parean; hiru horma-ataleko absidea dauka [3] [4]. Gorputz horri lotuta, sakristia dago burualdearen atzean, eta eleizpea epistola aldeko zati baten eta oinetan [5].
Tenpluaren orientazinoa ez da ohikoa, ipar-sartaldetik hego-sortaldera doa-ta, eta ondoko errepideak badauka horretan zeresanik beharbada.
Hormak harlangatxez eginda dagoz luzetara, lauza modura, eta burualdeko angeluetan harlanduzkoak dira. Egitura hori agerian geratzen da barrualdean –gangetan izan ezik– eta kanpoaldeko beheko partean, zokalo modura, eta zarpeatuta ageri da gorago; halanda be, harri batzuk euren horretan itxita dagoz, apaingarri modura.
Barrualdean, zoladurea terrazozkoa da, eta barria (2015).
Estalgia kurutze-ganga zorrotza da, eta erditik behera apur bat beheratuta dagozan harrizko mentsula batzuen bidez zurkaiztuta dago [6].
Isuri bikoa da teilatua [7] nabean, eta hirukoa presbiterioan.
Tenpluaren aldeetako hormetan dagozan bost leiho ojibalez osotutako ilara bik argitzen dabe ermitea. 2015ean barritu zanean ezarritako beirate geometrikoakaz ixten dira leiho horreek. Horreetako batzuen beheko aldean aurreko baoen aztarnak ikusi leitekez, eta XVII. mendeko esku-hartze bati jagokoz.
Idi-begi bat be ageri da oinaldearen horma pikoan, gangaren gainaldearen parean, nabetik ikusi ezin dana. Eta badirudi beste bat be egon zala koruaren gainean [4], gaur egun hormatuta dagoana, zarpeatuaren azpian kanpotik ezkutauta.
Oinaldean, sarbidea [8] dago, zazpi dobelako erdi-puntuko arku baten azpian. Ate-alboak kare-harlanduzkoak dira, eta haria, barriz, hareharrizkoa, giltzarria izan ezik, hori kareharrizkoa da ta. Ezohikoa da ezarrera hori, eta esku-hartzeren baten ondorio izango dala pentsaurazoten deusku. Baleiteke 1891n tenplua barritu zanekoa izatea. Albo bietan, ur bedeinkatuen ontziak dagoz [9] [10], kono-enbor formakoak eta karela moldura zuzenekoa daukienak, batek Kurutzea dauka Golgotaren gainean, aurrealdean zuzenean landuta -eta ez horman edo arkuaren dobeletako baten, ohikoa danez- . Errepikauta dago hori guztia.
Egon zan beste ate bat be, epistola aldean, gaur egun hormatuta dagoana baina kanpotik ikusi daitekeana [11] eta barrutik arrastoari jarraitu [12] eta, horri esker, prozesinoak batetik bestera joan eitekezan2PÉREZ URRAZA, 2009, 47. or..
Azken zatian korua dago, egurrezko egitura xume bat; baina haren habe frontal indartsuak alboko ostiko bi ditu euskarri, eta mentsula bana daukie tartean, bere erremate moldurauagaz [13].
Eraikinaren burualdean itsatsitako sakristia bat be badauka ermiteak, bere horma-atal bietara egokituta. Ez dauka interes handirik gune horrek, eta presbiteriotik sartu leiteke bertara, burudun pasabide batetik. Burudun leiho bikotx baten bidez dago argituta, eta sabai aizun batek estalduten dau, kanpoaldetik isuri biko teilatua bada be.
Izan zan beste sakristia bat aurretik, 1891n ebanjelioaren ondoan ezarri zana. Oraindokarren sumau leiteke sarrerea bigarren zatiaren eta hirugarrenaren artean, gaur egun hormatuta badago be [14].
Oinaldeko horma pikoan, kanpai-horma [15] altzetan da. Gorputz angeluzuzenaren gainean goratuta dago, eta gorputz bakarrekoa da, zirkuluerdi formako bao batekoa. Triangelu formako errematea dauka, kurutzearentzat.
Oinaldean, eta epistola aldearen erdia hartuz, eleizpea dago. Albo baten isuri batera eta aurrean hirutara teilapea ageri dau, eta egurrezko zutikoen gainean bermatzen da. Horreetako batzuek ertz fazetadunak daukiez, eta, aldi berean, hormatxo baten [16] bermatzen dira horreek.
Zorua zerrendatan kokatutako errekarriz osotuta dago, eta, horrenbestez, sistema hau sano urruntzen da Barrokoan ohikoak ziran forma lerromakurretatik.
Holango tipologia daukienen artean, Kurutze Santuaren hau proportzino handiko eta egitura zainduko eraikina da. Funtsean izaera herrikoia eukan ermita xume baten hondarrak bat egiten du hemen XIX. mende amaierako neomediebalismoak berezkoak eukazan joerakaz, nahi-ta harrigarria dan hori guztia landa-eremu honetan.
Tenplua 1550etik dago dokumentauta gitxienez, nahi-ta 1678tik 1682ra berreregi egin zan, oin barria eginez. Rafael eta Tomás de Ibarrondo, Martín de Petralanda eta San Juan de Urabarro bertoko harginak eta Pedro de Mendía arotza arduratu ziran obrez3Ibid. ALZOLA CAVIEDES, 1995, 178. or..
Gerora, izan ziran obra txikiagoak be –berbarako, teilabarritze-lanak–, 1890era arte, urte horretan tenplu barria diseinau eban-ta Casto de Zavala [17] arkitekto emonkorrak. Ermitea burualdera luzatzea proponidu eban, eta hormak goratzea –zimentuak sendotu behar ziran horretarako– eta ganga “gotikoz” eta kanpai-hormaz hornidutea. 1891n baimena emon jakon obreari, eta Benito Lauzargureni emon jakon lanen ardurea. 2.500 pezeta kobratu ebazan ordainetan4AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia, Zeberio, askotariko paperak. Signatura: 1808/001-00. BFAH-AHFB, Bizkaiko Administrazioa, Obrak, garraioak eta komunikazioak, sign. A 00615/005. ALZOLA CAVIEDES, 1995, 178. or..
Proiektuan sakristia bat be baegoan, epistola aldeko hormeari atxikita. Ez zan halangorik eregi –baina bai atea [14]– edo ez zan nahikoa izan, eta, horregaitik, beste bat eregi zan 1907an, gaur egungoa5BFAH-AHFB, Bizkaiko Administrazioa, Obrak, garraioak eta komunikazioak, sign. A1 00615/035.. Ziurrenik, XIX. gizaldiaren amaiera horretakoa izango da, korua lez, idulkiaren moldurak eta balaustrearen baranda ikusita.
Gerora, esku-hartze batzuk egin izan dira eraikinean. Esate baterako, 1971-1973an, 1988an eta 2015ean, eta 2024an ostera be, eleizpearen aurreko aldea barriro altzetako, zati bat suntsituta eukan-eta, ibilgailu batek haren kontra jo ondoren6PÉREZ URRAZA, 2009, 48. or. ACOB-KBGA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia, Zeberio, sign. D2-0147/012; D2-0147/024, D2-0682/003..
Ermita hau ohiko topagunea izan da haraneko biztanleentzat haren egunean, eta egun horretan zelaiak eta soloak bedeinkatzen ziran, hain zuzen. Baziran erritu gehiago be -gaur egun be egiten dira-. Esaterako, elorri-adarrakaz kurutzeak egitea, eta, sagaratu ondoren, soloen mugetan untzetzea, uzta ona egon eiten. Gari edo arto ale batzuk be bedeinkatzen ziran, eta, gero, haziagaz nahasten ziran7PÉREZ URRAZA, 2009, p. 48..
Esaten danez, behin, auzotarrak ahalegindu ziran ermitan Jakoba andrea sartzen, burutik eginda ei egoan emakume bat, baina harek kontra egin eutsen hara sartu gura ebenei, beraren berbetan deabruak ixten ez eutsalako8ETXEBARRIA AYESTA, 2016, p. 711..
1. ARREGI AZPEITIA, 1987, 2. libk., 448. or.
ARREGI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia / Labayru Ikastegia, 1987, 3 libk.
BFAH-AHFB, Judiziala, Korrejidorea, Zibila, sign. JCR3674/008.
AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia, Zeberio, askotariko paperak, sign. 1807/005-00.
2. PÉREZ URRAZA, 2009, 47. or.
PÉREZ URRAZA, Kepa. “Zeberio haraneko ermiten zehar ibilaldi historiko-didaktikoa”. In Euskalingua. Bilbo: Mendebalde Kultura Alkartea, 2009, 14. zk., 43-62. or.
3. Ibid.
ALZOLA CAVIEDES, 1995, 178. or.
ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
4. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia, Zeberio, askotariko paperak. Signatura: 1808/001-00.
BFAH-AHFB, Bizkaiko Administrazioa, Obrak, garraioak eta komunikazioak, sign. A 00615/005.
ALZOLA CAVIEDES, 1995, 178. or.
ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
5. BFAH-AHFB, Bizkaiko Administrazioa, Obrak, garraioak eta komunikazioak, sign. A1 00615/035.
6. PÉREZ URRAZA, 2009, 48. or.
PÉREZ URRAZA, Kepa. “Zeberio haraneko ermiten zehar ibilaldi historiko-didaktikoa”. In Euskalingua. Bilbo: Mendebalde Kultura Alkartea, 2009, 14. zk., 43-62. or.
ACOB-KBGA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia, Zeberio, sign. D2-0147/012; D2-0147/024, D2-0682/003.
7. PÉREZ URRAZA, 2009, p. 48.
PÉREZ URRAZA, Kepa. “Zeberio haraneko ermiten zehar ibilaldi historiko-didaktikoa”. In Euskalingua. Bilbo: Mendebalde Kultura Alkartea, 2009, 14. zk., 43-62. or.
8. ETXEBARRIA AYESTA, 2016, 711. or.
ETXEBARRIA AYESTA, Juan Manuel. Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak II. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea – Euskaltzaindia, 2016. Eskuragarri hemen: https://www.euskaltzaindia.eus/dok/ikerbilduma/80462.pdf
ALTZARIAK
1793an, honako hau esan zan Santa Krutz ermiteari buruz:
“Fabrika materiala txukun dagoala ikusi da, baina ez dauka erretaularik, altarea mahai batek eta, haren gainean, hormako hobi baten dagoan Ama Birjinaren irudi batek osotzen dabe, eta, ermita horretan meza santuaren sakrifizioa egin behar danean, parrokiatik eroaten da bertara beharrezkoa dan guztia”9AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia, Zeberio, Libro de cuentas y visitas de fábrica. 1751-1802, sign. 1795/003-00..
Altzari falta horri konponbidea emon jakon XIX. mendearen amaieran, tenplua barritu zanean. 1898an, Felipe de Arrese Beitiak, Otxandioko eskultoreak, erretaula bat eregi eban (1.100 erreal), eta mahai bi prestau ebazan alboetako altara modura (300 erreal); Kalbarioa zizelkatu eban erretaularako –Jesus, Ama Maria eta San Joan, 1.200 erreal bakotxa–, eta Karmengo Andra Mariaren eta San Antonio Paduakoaren irudiak, ebanjelio aldeko altararako eta epistola aldekorako, hurrenez hurren –700 erreal bakotxa–. “Irudi bi horreen [Karmengo Andra Maria eta San Antonio Paduagoa] atzealdean, hormako erretaula-formak margotzea” egoan aurreikusita, baina ez zan halangorik egin, azkenean. Hiru altzariak Fernando Morenok urretu eta margotu ebazan 1911n10Ibid., askotariko paperak, sign. 1808/001-00; Libro de cuentas de fábrica, 1882-1968, sign. 1796/001-00..
Ez da ezer geratu erretaula eta mahai horreetatik, baina gorde diran gauzen artean dagoz Kristo Kurutziltzatua eta, sakristian, alboetan leku nagusian egozan irudiak.
Eskulturea
Kristo Kurutziltzatua [18]. Egur polikromaua. Konposizino zuzena eta ondo zehaztutako anatomia daukazan irudia, halango tentsino bat ageri dauena. Arpegiera barea dauka, gorantz begira, eta ule-xerloak eta bizar ondulatua daukaz. Perizomeari soka batek eusten deutso, eta oihalek tolestura bigun eta naturalistak ageri dabez. Hurrengo irudi biak lez, hau be obra neoklasikoa da hondino, inertziaz, Felipe de Arrese Beitiak 1898an egina.
Izan zan lehenago beste Kurutziltzatu bat be, Gerónimo de Argósi enkargau jakona 1756an, San Joan bategaz batera11PÉREZ URRAZA, 2009, 47. or..
Karmengo Andra Maria [19]. Egur polikromaua. Nahiko kanon luzexkako tailu-lana; Umeari eusten deutso beso bategaz, eta, besteagaz, galdutako eskapulario bati helduko eutsan beharbada. Arpegiek ezaugarri estereotipauak daukiez, eta adierazkortasun mugatua. Oihalak, ostera, nahiko tolestura zuzenakaz jausten dira, astindu barik. Felipe de Arrese Beitiak 1898an egindako lana da, beharbada.
San Antonio Paduakoa [20]. Egur polikromaua. Aurrekoaren antzeko ezaugarri plastikoak daukazan tailu-lana, kanon finekoa, atsedenean nasai jausten diran jantziakaz eta ohiko ezaugarriakaz arpegian, keinu asko barik. Liburua eta Umea ditu ezkerraldean, antzeko ezaugarriakaz. Felipe de Arrese Beitiak 1898an egindako lana da, beharbada.
Olabarrietako Santo Tomas eleizan itxitako elementuak
Hilarria [21] (165 x 54 x 15). Hareharrizkoa. Arrigorriagako Andra Marin topau eben, eta handik eroan eben Santa Krutz ermitara, eta, gerora, hortik Zeberioko parrokiara. Pieza anepigrafikoa, apaindurak daukaz aurrean eta alboetan: irudi geometrikoak (zirkuluak eta zirkuluerdiak, kurutzeak, triangeluak…) eta kurutze hankaduna erdian, eta, ertzetan, zerra-haginak, hainbat modutara antolatuta. VII-VIII. mendeetakoa12ZABALA ALTUBE, 1992/93, 197. or. AZKARATE GARAI-OLAUN eta GARCÍA CAMINO, 1996, 155-158. or..
Andra Mari irudia (Ama Birjina Umeagaz) [22] (66 x 27 x 22). Egur polikromaua. Jatorrian ermitakoa zan, eta, gerora, parrokiaren aldameneko erretaula baten egon zan. Ama Birjina tronuan ageri dauen irudia, altzoan Umea daukala. Aurrera begira dago, eta zeozeri eusten eutsan, galduta badago be (bolaren bat, lore bat…). Umeak, barriz, ez daukaz hain ezaugarri zehaztuak, eta esku baten zeozer daroa, lurbirea dirudiena; besteagaz bedeinkazinoa emoten dabil, beharbada. Jantziak xumeak dira, osagarririk bakoak, urre-kolorea da nagusi, eta V forma hartzen dabe tolesturek beherakoan; bigun samar ageri dira. Umeak hartzen dauen erdiko posizinoak eta Amaren eta Umearen arteko kontakturik ezak beharbada jagokon kronologiakoa baino lehenagokoa dala pentsauarazoten deuskue. Dana dala, beste ezaugarri formal batzuei erreparauta, gotikokoa da, XIV. mendekoa.
AAS – MRV – JMGC – RCL
9. AHEB-BEHA, Olabarrietako Santo Tomas parrokia, Zeberio, Libro de cuentas y visitas de fábrica. 1751-1802, sign. 1795/003-00.
10. Ibid., askotariko paperak, sign. 1808/001-00; Libro de cuentas de fábrica, 1882-1968, sign. 1796/001-00.
ALZOLA CAVIEDES, 1995, 178. or.
ALZOLA CAVIEDES, Itziar. Zeberio. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia, 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
11. PÉREZ URRAZA, 2009, 47. or.
PÉREZ URRAZA, Kepa. “Zeberio haraneko ermiten zehar ibilaldi historiko-didaktikoa”. In Euskalingua. Bilbo: Mendebalde Kultura Alkartea, 2009, 14. zk., 43-62. or.
12. ZABALA ALTUBE, 1992/93, 197. or.
ZABALA ALTUBE, María José. “Pervivencias iconográficas pre-romanas en las estelas medievales vizcaínas”. In Kobie (Serie Paleoantropología). Bilbo: Bizkaiko Foru Aldundia, 1992-1993, XX. zk., 195-207. or. Eskuragarri hemen: https://www.bizkaia.eus/fitxategiak/04/ondarea/Kobie/PDF/2/kobie_20_PERVIENCIAS%20ICONOGRAFICAS%20PRE-ROMANAS%20EN%20LAS%20ESTEL_15.pdf
AZKARATE GARAI-OLAUN eta GARCÍA CAMINO, 1996, 155-158. or.
AZKARATE GARAI-OLAUN, Agustín, eta GARCÍA CAMINO, Iñaki. Estelas e inscripciones medievales del País Vasco (siglos VI-XI). I. País Vasco Occidental / Euskal Herriko Erdi Aroko hilarri eta inskripzioak (VI-XI. Mendeak). I. Euskal Herriko Mendebaldea. Bilbao: Servicio Editorial de la Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea Argitalpen Zerbitzu, 1996. Eskuragarri hemen https://www.academia.edu/1267216/AZKARATE_A_GARC%C3%8DA_CAMINO_I_1996_Estelas_e_inscripciones_medievales_en_el_Pa%C3%ADs_Vasco_occidental_Bilbao_Universidad_del_Pa%C3%ADs_Vasco