SANTA MARINA ELEIZA
Nerbioi Garaia
Arakaldo | Elixalde auzoa
Laburpena (PDF)
Elixalde z/g (48498)
p.santamarina.arakaldo@bizkeliza.org
Eleizate apaleko parrokia, Santa Marina eleiza leku bitxian dago herriaren erdigune txikiari dagokionez, Bizkaiko landa-eremuko herrietan ohiko samarra zan kokapenean.
Tenplua Unzueta mendi-hegalaren behealdeko zelaigunearen ertzean dago. Holan, ikusgai dago ingurune osoan, bere kanpantorre bereziak emoten deutsan irudi bereizgarria nabarmentzen dalarik.
ERAIKINA [1]
Tenpluaren oinplanoa [2] nabe luze bakarra osotzen daben lau atal luzanga bardinetan antolatzen da [3] [4], eta atalen neurri bera dauan burualdea dauka gehituta, zutabez eta pare bat harmailaz bereizita.
Hormaren egitura [5] errekarri ugaridun horma-harrizkoa da, irregularra. Harlanduak, kareharrizkoak, ertzetan, horma-bularretan eta hutsarteen inguruko apainduran baino ez dira agertzen.
Iparralderantz (oinaldeko fatxadaren ezkerra barne) zokalo bat aurkezten dau [6], gitxi ataraten dana, beharbada lursaila aldapan dagoan inguru haretan eraikina sendotzeko ipinita.
Hormen kanpoaldeak ondoz ondoko mehetze bi nabarmentzen dira [7], irregulartasunak dabez altueran, baina ez dau emoten eraikinaren eraikuntzako aldien ondorio diranik, altuera irabaztean, karga-hormaren premina txikiagoa zalako baino.
Barrualdean, eraikina luzituta dago, behealdean izan ezik, hemen hormarria bistan agertzen dalako, idulki moduan. Burudun horma-hobiak [8], gaur egun irudi bat dago bertan, iparraldeko horma zulatzen dau. Burudun horma-hobiak [8], gaur egun irudi bat dago bertan, iparraldeko horma zulatzen dau.
Zoladura, egurrezkoa da.
Bere karga-hormak dira tenpluaren oinarrizko euskarri. Atalak bereizten dabezan parpain-arkuak zirkuluerdian ebakitako toskanar mentsuletan pausatzen dira [9]. Itxura baten, bakarrik absidea definitzen dauan arkua bermatzen da zutabeetan [10] baina, benetan, igeltsuzkoak emoten dabe eta ez dira euskarrirako. Bazterretan, erlaitzak angeluan dira, zuzen ebakita burualdekoak [11] eta lerromakurrak oinaldean [12].
Kanpoan, horma-bularren sistema dago [13] kareharrizko harlanduz sendotutako hormarrizkoa, hormaren beraren mailaketak errepikatuz beherago beste bategaz, idulki erara.
Bular honeek ez dagoz logika handiz jarrita [2]. Horma-bular diagonal sendoak dagoz angeluetan, gehiegizkoak gaur egungo gangentzat, alboetako aurrealdekoak, euren arteko bikote-oreka nahiko galduta dabenak, ez datoz guztiz bat parpain-arkuakaz eta, gainera, burualdearen eta lehenengo atalaren artean eta bigarren eta hirugarren atalen artean falta dira. Noizbait, eleizako teilatua dala-eta berealdiko egitasmoa -kurutzeria-gangaduna- egon zala erakutsi leike honek, eta ez zala gauzatu1BARRIO LOZA, 1989-1991, I. lib., 377. or..
Gangak [14] luneta-gangak dira. Orain margotuta dagoz, baina pintura arrakalatu dan puntu batzuetan, aurreko polikromia antzeman daiteke.
Teilatua [15], lau isurialde ditu eta luzetarako goihabe luzea.
Normalean baino leiho [16] gitxiago dago. Burualdean zabaltzen dira eta lehenengo atalean hegoaldetik, eta oinaldean dago beste bat, erdian lerrokatuta. Burudun hutsarteak dira, kanpoaldera ertz alakatuakaz eta barrualdera [17] lapranduraz –batez be leiho-ertzean– eta kainoi okertuagaz. Korapilo eta udare-itxurako apainduradun burdin-sareez ixten dira [18].
Sarbideak ohiko biak dira, hegoaldean eta mendebaldean. Lehenengoa [19] , erdi-puntukoa da, neurriz urteten daben dobelakaz, albo bakotxeko basala izan ezik, eremu txikiagokoa, baina altuera handiagokoa. Arku-uztaia plaka-inposta oso motzetan bermatzen da. Barrualdean [20] laprandura arinean da eta kainoi okertu samarragaz, honako hau handitze baten emaitza emoten badau be.
Uneren baten, arkua goratu egin zala emoten dau, hasierako dobelen ordez beste batzuk, altuagoak eta motzagoak, ipiniz eta inpostak gehituz; horrek tunela handiagotzea ekarri eban.
Kanpoan, urbedeinkatu-ontzia dauka [21] lau angeluko ebakieradun askagaz, gailoiagaz eta ertz listel-bozeldunagaz. Gainean, plaka bat, Golgota eskematiko batentzat eta honen gainean erauzitako Barkamenaren Kurutzearen medailoia -hondarren bat geratzen da.
Oinaldeko atariak [22], zabalagoa, dobeladun ateburua dauka, eta kainoia lapranduran, oso markatua goiko arku okertua [23]. Janban, urbedeinkatu-ontzi soila dago hondeatuta [24] zakar landutako kurutzeagaz.
Korua [25], egurrezkoa da eta eleizaren azken atal osoa hartzen dau. Eusten dauan habea bozel-laurdeneko harrizko modiloi banatan bermatzen da [26]. Balaustreak torneatuta dagoz. Atal biko egurrezko eskaileratik igoten da bertara.
Sakristia [27] burualdera atxikitzen da eta lehenengo atala ebanjelioaren aldetik. Gapirio arteko gangatiladun teilatuaz estaltzen da. Sarbidea [28], burudun atea da ataletik, baina altara-aldera joten eban beste antzeko bat izan eban, gaur egun itsututa eta armairu bilakatuta. Argia, iparraldean kokatutako leiho bitik sartzen da, oraintsuko leihoak dira -beharbada, kokapenagaitik, aurreko batzuen aldaketa-, ekialdean bat egon bazan be, eleizakoen antzekoa, gaur egun handituta zerbitzu bati sarbidea emoteko.
Torrea [29] –hobeto esanda, kanpantorrea– osagai bitxia da, bereizgarriena. Oinaldeko pinoiaren gainean orekan finkatutako gela da; kanpoaldera hormaren goiko beheragunean doitzen diran eta barrualdera, ganga zeharkatuz, koruaren gainean sartu egiten diran besoek eusten deutse. Gaur egun, zutoin eta jabaloien egitura adreilu modernoz beteta dago, baina aurretik horma-harrizkoa izan zan.
Eleizpeak [30] ixten dau oinaldea; bertan igarolekua zabaltzen da erdian, eta hegoaldeko alboa tenpluaren erdiraino. Teilape zakarra da osatzen guzti horren emaitza; hormaren kontra mailaketan zurkaizten da eta mentsuletan jabaloi batzuen laguntzagaz, eta kanporantz beso barriez bermatutako zutoinen gainean doa. Zutoinoi jarleku jarraitudun karelak jartzen deutso topea eta berau errepikatu egiten da zati baten tenpluaren hormaren kontra.
Zabaldu egiten da [31] hexafolioak grabatuta dabezan zirkuluak marraztuz.
Iturrizaren kontaketaren arabera, Arakaldoko eleiza “hacia el año 1522” sortu eben eleiztarrek, Arrankudiagako elieza nagusitik bereiziz, “por causa de la lejanía considerable”. Aurretik egoan ermita (“eremitorio zaharra”) oinarritzat hartuta gertatuko zan sorrera hori2ITURRIZA eta ZABALA, 1. lib., 388. or..
Baina tenplu errenazentista haretatik hegoaldeko sarbidea baino ez da geratzen , eta berau aldatuta, tenplua barriztatzean, itxura baten goratu egin zan-eta. Gainera, XVI. gizaldiaren hasierako urteotakoa dan altzariren bat edo beste be badago: Pietatea, bateoarria, sakristiako ur-txarroaren amaiera.
Gaur egungo eleiza, apaindu bako eraikin barroko soil eta homogeneoa da, XVIII. gizaldiko berezko eraikina. Ybarraren arabera, 1727ko uztailaren 2an ekin eutsen lanei eta 1728ko azaroaren 28an amaitu ziran; Iturrizak 1730ean kokatzen dau lanen amaiera, eraikinaren ezaugarriak kontuan hartuta3YBARRA eta BERGE, 1958, 212 or..
Horren ostean, ez dau emoten esku-hartze garrantzitsurik izan danik tenpluan. Beharbada, zeozer aitatzekotan eta hagak ikusita, XIX. gizaldiaren amaieran korua zaharbarritu zala.
1. BARRIO LOZA, 1989-1991, I. lib., 377. or.
BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.). Bizkaia. Arqueología, urbanismo y arquitectura histórica. Bilbao: Universidad de Deusto – Deiker / Diptación Foral de Bizkaia – Urbanismo y Medio Ambiente, 1989-1991, lib. 3.
2. ITURRIZA y ZABALA, 1. lib., 388. or.
ITURRIZA y ZABALA, Juan Ramón de. Historia general de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones. Ángel Rodríguez Herreroren Arg. Bilbao: Librería Arturo, 1967 (1794ko eskuizkribua), lib. 2.
3. YBARRA y BERGE, 1958, 212 or.
YBARRA y BERGÉ, Javier de. Catálogo de monumentos de Vizcaya. Bilbao: Junta de Cultura de Vizcaya, 1958, lib. 2.
ITURRIZA y ZABALA, I. lib., 388. or.
ITURRIZA y ZABALA, Juan Ramón de. Historia general de Vizcaya y epítome de Las Encartaciones. Ángel Rodríguez Herreroren Arg. Bilbao: Librería Arturo, 1967 (1794ko eskuizkribua), lib. 2.
ALTZARIAK
XVI. gizaldiko erretaula erromanista izan zan Arakaldon, baina gaur egungo erretaularen idulkia dana baino ez da mantendu.
Eta jakinekoa da, Independentzia Gerran frantsesek Santa Anaren erretaula suntsitu ebena eta 1817an berregin zana. Seguruenik, osagai honeek 1834an galduko ziran, Lehenengo Karlistaldian erregearen armadak tenplua arpilatu ebenean -eta herriari su emon4AHEB-BEHA, Arakaldoko Santa Marina parrokiako fabrika-kontuak. 1808-1829, sign. 0135/006-00. ELORRIAGA BUSTAMANTE, 1995, 344. or..
Beste alde batetik, gaur egungo eleiztarren lekukotasunaren arabera, Vatikano II.a Kontzilioaren harrerara arte -1970 inguruan- gitxienez San Joani eskainitako erretaula egoan, altara-ingurua mugatzen eban burdin langa, burdin sarea bateoarriaren inguruan (orduan tenpluaren oinaldean) eta pulpitua.
Galerak galera, tenpluak ondasun higigarri interesgarriak ditu orain be.
Erretaulak
Mantendu izan dan erretaula bakarra [32] egur polikromatuzko altzari txiki bat da, idulkia, jarlekua, hiru kaleko multzoa eta goian teilatupea dituana. Marmol grisezkoa da eta urre-koloreko apainketa dau.
Guztiz aldatuta dagoan idulkian mentsula batzuk mantentzen dira [33] kiribilduta, akanto-hostoetan jariatuta. 1600 inguruko erretaula erromanistatik mantendu izan diran osagai bakarrak litzatekez.
Jarlekuak bereizten ditu kaleak orbel oso mamintsuak dabezan mentsula barriakaz, altzari osoaren apainketan ikusi daitekenez. Muturretan, saihetsak kiribilduta. Horma-ataletan, inguruak landare-pikorrez apainduta dabezan taulak dagoz eta erdian sagrarioa sartuta [34]: ingurua pikorrez beteta eta goian belarriak dituan atetxoa. XVIII. gizaldiaren hasierako bitxigintzako ereduei jarraitzen deutsen ondo burutu bako kustodia-erliebez apainduta dago.
Multzoan [35], aihenez eta mahatsez betetako espira kontrajarridun lau salomondar zutabe konposatuk finkatzen dabez ardatzak. Kale nagusia, alboetakoetatik gailendu egiten da; alboetako kaleak oso estuak dira eta han ezin da irudirik euki. Atearen gaineko frontoietan landare-mentsulak dagoz.
Teilape nagusia erdi-puntukoa da zutabeen gainean, arkubarnera osoan hutsuneak eginda dagoz lore handiak txertatzeko. Hosto mamintsuez markoztuta dago, goian koroarentzako belarri edo euskarrietan eta Maria Birjinaren anagrama batzen dauan landare-frontoian zartatuta.
Alboetako kaleetan, pikor-sorta barriez bereizita eta sakoneratuta dagozan taulak baino ez dira agertzen.
Erlaitzak, multzoaren zutabeen arabera zartatuta, erdian teilatupeari eusten deutso [36], teilatupe hori behean batutako espirazko aleroietan kokatutako zutabeek finkatzen dabe. Idulki bilakatzen dira goialdean, balaustrada erako pinakuluei eusteko. Osagai honeek zutabeen ardatzen gaineko erlaitzean be errepikatzen dira. Erremate nagusia, txartel botaniko handia da, maskor erara batuta dago aurrerantz pelikanoaren irudia babesteko.
Txikia bada be, artelan interesgarria da bere diseinua ederra dalako eta irudi guztiak neurrikoak diralako. Erretaula hau estilo barroko churriguereskokoa da, seguruenik XVIII. gizaldiaren lehenengo hamarkadakoa5ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 302. or..
Ikonografiari dagokionez, irudi titularraren, mamu bildurgarriaren gainean dagoan Santa Marinaren [37] (112), eskulturak aurpegi polita dauka, begitarte bizi eta adierazkorra, eta jantziez estalita dago. XVII. gizaldiaren bigarren erdiko pieza barroko hau aurretik beste erretaula baten egongo zan eta gero hemen aprobetxatuko eben.
Teilatupean, Pietatea dago [38] (76 x 43,3), egur polikromatu eta edertuan, jarrera diagonala dauan Kristoren irudiagaz, bihurtuta, neurriz gaineko anatomiaduna, Ama Birjinaren aurpegiera lez, triangelu-formako aurpegiagaz, oso sentibera, tristura sakonaz eta minaren minez. Gotiko berantiarreko lana, 1510-1520 ingurukoa6MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 236 or., Behe Erdi Aroaren eta Errenazimenduaren arteko igarotze-aldiko pietateen irudikapen interesgarria da.
Erretaularen gainean -aurretik teilatupean egon zan-, Kristo Kurutziltzatu txikia [39]. Egur polikromatua. Ikusten danaren arabera, XVIII. gizaldiaren erdi ingurukoa izango da.
Eskultura
Erretaularen ezkerrean, Arrosarioko Ama Birjina [40] (87 x 35 x 26). Egur polikromatua kolore argiakaz. Kanon motzekoa, XVII. gizaldiaren azken laurdeneko pieza barroko oso hedatua, edo beharbada apur bat beranduagokoa -erretaulagaz alderatuz-, artista berantiar samarra izan leikela pentsatu ezkero.
Kontrako aldean, San Jose Umeagaz [41] (101 x 51 x 25). Egur polikromatua. Aurrekoaren sasoikoa, aurpegiak trebetasun handiagoz landuta badagoz be. Paduko San Antonio [42] (63 x 22 x 17). Landutako eta barriro pintatutako eskultura. XVIII. bizaldiko pieza barroko oso hedatua. Eskuetan daukan liburuan, Te Deum dalakoaren hasiera irakurri daiteke gaztelaniaz eta latinez. Sakristian, Kristo Kurutziltzatua [43] (62 x 47,4 x 6; kurutzeagaz 90,8 x 56,7 x 8). Egur polikromatua. Neoklasikoa, XIX. gizaldikoa, eskulturaren estiloa hedatu samar badago be.
Metalak
Santa Marinaren kanpaia [44] (56 x ø58). Dunba-erakoka. Mateo de la Hoya II.a Trasmierako (Kantabria) kanpaigileak egindakoa 1842an, idazkun honegaz: IHS SANTA MARINA ORA PRO NOBIS AÑO 1842 HOIA ME HIZO7BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 40-41 or..
San Joseren kanpaia [45]. Dunba-erakoa. Aguirre Sarasua bilbotar kanpaigileak egindakoa 1889an, idazkun honegaz: SAN JOSE ORA PRO NOBIS 18898Ibid..
Sarbide bietan, ateen orpoak [46] [47]. Burdina. Elizaren berreraikuntzaren sasoikoak (1727-1730).
Apaingarriak
Kasulla [48]. Azpia damasko gorrikoa landare-apaingarri geometrikoakaz. Erdiko zerrenda, jantzi honetan barriro aprobetxatutako oihal-zatiz eginda dago, eraztunez inguratutako erronboetan landareak dabezala. XVI. gizaldikoa izan daiteke.
Kaliza-estalkia [49]. Lore-diseinuakaz, seguruenik XVIII. gizaldiaren erdiko frantses ehundura.
Beste elementu batzuk
Bateoarria [50] (86 x ø64). Hareharrizkoa. Esferaerdikoa zilindro-formako oinarriagaz, eta multzo bien arteko soldaduran, bozela. Beharbada XVI. gizaldiaren hasierakoa izango da.
Sakristian, sacrarium (ur-txarroa) [51]. Harrizkoa. Ontzi poligonala dau txorrotagaz eta azpian aska, kanpora hustubidea dauala. Gaur egungo piezaren garaikidea izango da, baina bolaz apaindutako XVI. gizaldiaren hasierako leiho-ertza emoten dauana aprobetxatzen dau erremate lez.
Sakristian, kaxoi-armairua [52] (118,5 x 100 x 239,5). Landutako egurra. Sasoian hedatuta egoan pieza barroko honek data dau jarrita aldamenean [53]: 1730 Erdiko ateak beranduago jarritakoak dira, beharbada XIX. gizaldian.
Aurrekoaren gainean, erretaula txikia [54] (171 x 147 x 35). Marmol-itxura emondako egurra, marroi eta berde kolorekoa. Zirkulu-formako frontoian amaitzen dan pantaila soila da.
Interes etnografikoa daben elementuak
Interes etnografikoa daben elementuak [55] (18,5 x 36 x 14). Egur polikromatua. Sasoian oso hedatuta egoan pieza-mota, plaka bertikalak bereizitako ontzi bikotxagaz; plaka horren alde batean buruhazurra dago margotuta eta bestetik Purgatorioko arimak [56]. Seguruenik XIX. gizaldiaren lehenengo erdikoa.
Sakristian, karraka [57]. Egurrezkoa. Aste Santuan, kanpairik jo ezin zanean, mezetara deitzeko erabilten zan.
Sakristian, kapera eroangarri bi [58] [59]. Lourdeseko Andra Mariaren (?) irudiakaz. XX. gizaldiko hirugarren laurdena.
Eleizpean, mahaia [60]. Harrizkoa. Kontzeju-batzarretarako mahaien antza dau, baina bere formatua ikusita (oinarria beteta, trinkoa), azken barritze-lanetan kanpora atarako eukien alboko altara izan daiteke.
JMGC – RCL
4. AHEB-BEHA, Arakaldoko Santa Marina parrokiako fabrika-kontuak. 1808-1829, sign. 0135/006-00.
ELORRIAGA BUSTAMANTE, 1995, 344. or.
ELORRIAGA BUSTAMANTE, Carlos. Arakaldo y Arrankudiaga-Zollo. Azterketa historiko-artistikoa. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia 1995. (Bizkaiko herrien monografiak bilduma).
5. ZORROZUA SANTISTEBAN, 1998a, 302. or.
ZORROZUA SANTISTEBAN, Julen. El retablo barroco en Bizkaia. Bilbao: Departamento de Cultura de la Diputación Foral de Bizkaia, 1998 (a).
6. MUÑIZ PETRALANDA, 2011, 236 or.
MUÑIZ PETRALANDA, Jesús. Flandesko isladak. Gotiko berantiarreko eskultura higigarria Bizkaian. Bilbao: Eleiz Museoa. Bizkaia, 2011.
7. BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALA eta ROMANO VALLEJO, 2005, 40-41 or.
BARRIO LOZA, José Ángel (zuz.), MOLINUEVO ZABALLA, María, eta ROMANO VALLEJO, María. Bizkaiko kanpaiak / Campanas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia – Kultura Sailak / Diputación Foral de Bizkaia – Departamento de Cultura, 2005. (Inbentarioak bilduma / Colección Inventarios, 12. zenb.). Eskuragarri hemen https://www.bizkaia.eus/Kultura/kanpaiak/bilatu.asp?idioma=e
8. Ibid.