SAN JOAN BATAIATZAILEAREN ELEIZA
Arratia
Bedia | Elexalde auzoa
Folletoa
Elexalde auzoa z.b., 48390
p.sanjuanbateatzailea.bedia@bizkeliza.org
ERAIKINA[1]
Gasteiztik Bilbora arteko antxinako errege-bidearen ondoan dago Bediako eleizea, gaur egungo N-240 errepidearen ondoan. Landa-izaerako barrokoaren eredu interesgarria da.
Oinplano angeluzuzena dauka [2], eta hiru tarteko nabe baten antolatuta dago bertako espazioa. Lehenengoak transeptu-funtzinoa dauka, kapila bitan luzatu eta kurutzadura bat eratzen dau-ta, baita burualde sakon bat be, zabalera berekoa [3]. Atal biak ia karratuak dira, azkena apurtxu bat laburragoa, eta kurutzadurearen besoak, barriz, angeluzuzenak, tenpluaren ardatzaren noranzkoan. Burualdea lerrozuzena da, lau angeluko oinplanokoa, eta sortalderantz luzatzen da, sakristia atxikitzearen ondorioz. Sakristia hori, bestetik, zabalera berekoa da, eta apur bat estuagoa. Oinaldean arkupe bat dauka, tenpluaren perimetroa kurutzadura-besoen artean zehartzen dauena, eta oin dala gitxi hegoaldetik luzatu dana, sakristiaraino [4].
Bolumenaren portaereak argi erakusten ditu barruko soluzinoak kanpokaldean. Dana dago altuera berera altzauta, sakristia izan ezik, eta hierarkizau bako makla garbiakaz eregitako masa bat da horren emoitzea [5].
Aparailua harlangatxezkoa da [6], eta kenduta dauka, barrukaldetik eta kanpokaldetik, zarpiatze-geruzea, neurri handi baten errekarrizkoa. Horri gehituta, harlandu onak daukaz ohiko zatietan, izkinetan, baoen markoetan, eta abarretan. Lantzean behin, harlanduzko piezak agertzen dira horman, aurreko eraikinen batetik berrerabiliak.
Korupean horma-hobi txiki bat dago, ertz urtena ahokatuta daukana [7], y burualdetik epistolarako ahokaduran zirkulu-arkuko horma-hobi bat dauka edegita –berbizte-asmoko idulki bategaz–, irudi bat ipinteko [8].
Nabearen estalgia kurutzeriakoa da, eta hormigoizko nerbio diagonalak ditu [9], parpainarrizko puntu-erdiko parpain-arkuz eratutakoak [10], plaka ebagiko mentsula-sistema sendo-sendo baten zurkaizten diran harlanduzko pieza handiakaz [11]. Gangearen plementeria zuriz luziduta dago guztiz, eta arkuek, nerbioek eta zurkaizteek, aldiz, ageriko harria daukie [12]. Zarpiauak egikerako hormigoia ezkutetan dau. Hormigoi hori ondo ikusten da estradosean, teilatuaren azpian [13].
Kapilen ahokaduran, mentsulak Toscanako erako zutabe batzuen kapitel bihurtzen dira [14]. Ez dago halako zutaberik nabean. Era berean, mentsulak dagoz burualdeko ertzetan –erretaularen atzean erdi ezkutauta– [15], bai eta oinaldean be.
Barruko euskarriak kanpokalderantz sendotuta dagoz. Nabearen azken atal bitan banatzen diran lekuan, ostiko biren bitartez, eta oinaldeko eskantzuetan, eskortzatutako beste biren bitartez [16]. Prismatiko angeluzuzen erakoak dira, eta urtengune bat daukie altuerearen erdian, hormea mehetzen dauen orokorragaz lotuta [17]. Urtengune hori sakristiaren alboetaraino doa, eta kurutzadurearen besoaren inguruan mailakatzen da [18]. Alboetako ostikoak altuagoak dira, pero danek daukie antzeko altuerea. Gitxigatik ez dira ailegetan teilatua finkatuta dagoan erremate garaikidera.
Gaur egungo zoladurea harlauzaz osotuta dago korridoreetan, eta egurrez gainerakoan [19], baita presbiterioan be; azken hori harmaila bikotxeko moltso bitan goratuta dago [20].
Argiztapena nahikoa eraginkorra da, eta hegoaldetik sartzen da argia. Han, edegita dagozan nabearen tarteakazko deszentrauta, bao dinteldu bi dagoz, barrutik eta kanpotik turuta-forma bikoiztua daukienak [21], nabearen tarteetan, hegoaldeko hegalean. Aurrez aurre dagozan hormak, ostera, itsuak dira. Kurutzadurearen mutur bietan bao termal bana dago [22] [23], beste leihoak baino beheratxuago, eta, azkenik, burualdean ateburu zuzeneko beste bao bat dago, barruan eta kanpoan laprandurea daukana [24].
Leiho guztiak oin dala gitxi egindako gai erlijiosoko beirateakaz babestuta dagoz [25].
Eleizeak hiru sarrera ditu, alkarren bardinak. Bi, nabearen bigarren tartean lerrokatuta eta zentrauta [26] [27], eta bestea, erabili ohi dana, oinaldean, tenpluaren ardatzean [28]. Erdi-puntu zabalekoak dira, ertzak leuntzen dabezan dobela trapezial erradialakaz eratuta. Baleiteke pasabide horreek lehenagoko eraikin batetik berrerabiliak izatea, nahi-ta, tamainu harrigarria daukienez, XVII. mendeko batzuen erreplikak izango diran beharbada.
Oinaldeko sarbidean, albo banatan, ur bedeinkaturako ontzi bi dagoz, erdi-puntukoak, horman edegita [29].
Oinaldean, korua dauka [30] habeen gainean. Azken tartearen erdia baino gehitxuago beteten dau, eta hiru arkuko aurrekaldea dauka [31], erdiko arkua panel erakoa da gitxi gorabehera, apur bat zorroztua, eta albokoak zirkulu-laurdenekoak. Horreetako bat, hegoaldekoa, harrizko klaustroko eskilarara igaroteko da [32]. Ur-jauzi erako mailetatik abiauta, zirkuluerdi-formako eskudelakaz errematautako baranda bat dauka, harlauzaz eratua. Gaur egun, mailadia sendotuta dago, balaustrada ederra eta eskudela ezkutetan dabezan hormei esker [33]. Era berean, azkenaldian egindako horma horretan mentsulak berrerabili dabez, baita beste elementu batzuk be; dekorazinoa, berbarako [34].
Korua plaka ebagiko kapitelak daukiezan kurutze erako zutabe bitan dago finkatuta, horreetan ur bedeinkaturako ontzi garaikide bana sartuta [35]. Egikeran igarten jako elementu horreek beste arku batzuen bidez itxitura-hormeagaz lotzeko asmoa euki ebela; hor geratu dan mentsulak adierazoten dau inoiz ez ebela egin [36]. Koruko espazioa XX. mendean aldatu eben, eukierea handitzeko, plantxa-komisa bat urtenago ezarriz, komisa zaharraren gainean metro bete ingurura. Korua ixteko madari-korapiloko hagaxkak eta zirrindolak dagoz [37], eta horreen artean hiru arta-barrote dagoz tartekatuta, erdikoa karratutxu baten gainean [38].
Sakristiak [39] eraikinaren beheko solairua beteten dau, parrokiako gela edo areto moduan be erabilten dana. Bertatik eleizara igaroteko ate dinteldu bi dagoz, erretaulan edegita [40], eta barruko aldean tunela daukie, lapranagaz eta arku eskartzanoagaz [41]. Sabai aizunekoa da, eta argiztatzeko leiho bi ditu sortaldean eta beste bat hegoaldean, hirurak dintelduak, lapran bikotxdunak eta burdin-hesiagaz itxiak [42]. Goiko solairuko aretotik kalerako pasabide bat dago, kontrako tiro biko eskilaratik. Artxibategirako horma-hobi karratu bi dagoz sartaldeko horman, egurrezko ateakaz itxiak, data grabaua daukan konketa baten albo banatan: 1747 [43].
Eleizan egin barri diran obren ondorioz, aldatu egin da arkupearen zirkuitua [44], lehen, kurutzadurearen besoak lotzen ebazan hormapiko nagusiaren horma-atalaren bidez; orain, aldiz, hegoaldeko horma osoaren luzeran doa, sakristiaren planora arte. Alde horretako kurutzadura-besoagaz bat eginez, balkoi bat egin da Bediako plazara begira [45]. Gehikuntza horrek jatorrizko arkupearen erispideei jarraitzen deutse. Arkupe horrek, barriztuta egon arren, isuri bateko teilape-egitura tradizionala ixten dau agerian. Teilape hori, nabearen atalean, horma-bularretan bikoiztutako bozel laurdeneko mentsulen gainean bermatuta dago [46], eta kanpokaldean, barriz, zutiko batzuen gainean, zapatak eta jabaloiak lagungarri, zeinak kareharri grisezko altzarrien gainean altzauta dagozan, errekarrizko petrilean finko, lauzazko xafladura on bategaz [47]. Zorua harri zerratuko plakaz eginda dago, oin dala gitxikoa, eleizako zoladurea lez.
Arkupean, jatorrian, harlanduzko pasabide bat euki eban errege-bidera begira [48], gaur egungo N-240 errepidera. Gainera, kontzeju-mahai bat dauka hegoaldean [49].
Kanpantorrea [50] kanpai-horma guztiz lerden bat da, oinaldeko horma osoari eragiten deutsana. Gorputz biko egiturea dauka, eta oso organikoa da hormapikoagaz alderatuta. Behe-gorputza itxierako horma-ataletik bereiztuta dago, plaka lisoko moldura jarraitu bategaz [51]. Gorputz hori itsua da, baina badauka lekua erlojuaren esferarako. Haren ertzak lerro bihurriak dira, hegal erakoak eta behean bolutetan batuta. Boluta horreek erlatxak daukiez gainean, esferadun pinakuluetarako [52]. Kanpai-gorputza bao bikoa eta batekoa da, hurrenez hurren. Gailurrekoa aldatuta dago, baina, beste biak lez, bat dator plaka lisoko kapitel-inpostara heltzen dan erdi-puntuko sistema errepikatuagaz [53]. Alboak indartzeko pinakulu batzuk dagoz, behekoen modukoak, baina txikiagoak [54_falta]. Burdinazko kurutze batek burutzen dau [55]. Obra-akats batengaitik, edo beste errazoiren batengaitik, kanpai-hormea plazarantz makurtuta dago, eta apur bat birauta be bai.
Bediako San Joan Bataiatzailea ermitea baino ez zan, parrokiari laguntzeko funtzinoagaz, Galdakaoko Andra Mariaren kanpai-lurraldean. Aitagai izan zan 1591ko bisitan. Orduko hatan, bisitatzaileak Tozubandoko San Tomas ermitako maiordomoari eskatu eutsan fabrika-liburuan kontuak jasoteko, eta, era berean, agindu eutsan kasulla bat eta meza-liburu barri bat ekarteko1AHEB/BEHA, Galdakaoko Jasokundearen parrokia, 1587-1709, Fabrika-kontuen liburua, 2149/001-01.
Aspalditik gura eben Bediako kolazinoko herritarrek eleiza-mailako independentzia, eta horren gaineko informazinoak eta eginbideak dagoz jasota XVII. mendea hasi zanetik behintzat, baina horrek ez eban eraginik izan ia mende horren erdira arte; 1742ra arte, hain zuzen, Iturrizak azaldu lez2TURRIZA Y ZABALA, 1967a, 815 or.. Data hori bat dator Bediako eleiztarraren alde emondako epaiagaz, San Joan Bataiatzailearen ermitea parrokia-eleiza bihurtzeko Galdakaoko eleizatearen aurka abiarazo ebena auzian. 1742ko ekainaren 6an izentau zan parrokia. Data horretxetan hasi ziran fabrika-liburua eta eleizearen beste liburu batzuk3AAHEB-BEHA, Bediako San Joan Bataiatzailearen parrokia, Kontu, inbentario eta bisiten liburua, 1743-1824, 0468/003-00 signaturea..
Tenplu barriko obrea urte horretan hasiko zan, eta 1745ean guztiz amaitu, urte hatako bisitan idatzi eben lez:
“Haviendo visittado la yglesia nuevamentte erixida de la colacion de San Juan de Bedia anexa de la de Galdacano […] se allo con aseo y limpieza, y con solo lo preciso para la celebracion de los divinos oficios y administtracion de los santtos sacramenttos, por no averse podido hacer mas por hacer poco tiempo se a erigido dicha yglesia”.
(“Bisitea egin jako Bediako San Joaneko kolazinoan, Galdakao ondoan, ostera be eregi dan eleizeari […] txukun eta garbi egoala ikusi genduan, eta jainkozko ofizioak egiteko eta sakramentu santuak emoteko behar dana besterik ez dagoala bertan, ezin izan da-ta gehiagorik egin, eleiza oin dala gitxi eregi dalako”)4Ibid.
Kontua da 1746an eleizak zehetasun batzuk eukazala amaitu barik. Antonio de Itoño arduratu zan arotzeria-, hargintza- eta igeltserotza-lanak burutzeaz. Itoñok konpromisoa hartu eban obrea hiru urtean egiteko, 20.200 errealeko zenbatekoaren truke. Harez gain, obrako lanetan jardun eben Domingo de Gogeascoechea, Francisco de Ybarrola, Domingo de Ordeñana, Manuel de Basave, Juan de Larrea eta Joseph de Leguina harginek; arotz- eta igeltsero-lanetan, barriz, Juan de Urizar, Joseph de Aperribay, Simón de Recalde, Francisco de Arechalde, Francisco de Uriarte, Bautista de Eguiguren eta Bautista de Arteagoitia arotzak ibili ziran. Lanen barruan egozan “gangak egitea, bai eta burdin, balaustre, beira, untze, morroilo, sarraila, giltza eta zurginari jagokozan gainerako guztiak be”, 8.700 errealen truke5BFAH-AHFB, Familiak, Gortazar, 1746, GORTAZAR 2455/015 signaturea..
1748an, Calahorrako gotzain Diego de Roxas y Contrerasek egindako bisitan, baimena emon eutsan Arratiako bikario Juan de Axperi, arretaz aztertu eian, eta, amaituta eta txukun egon ezkero, Eukaristia ospatzeko baimena eskatu eian. Baimen hori 1749ko abuztuaren 4an heldu zan, eta 1750eko apirilaren 23an bedeinkatu6AHEB/BEHA, Ibidem..
Aitatutako bisitan azaldu ebenez, fundazinoa ez zan “exnihilo” egin, baizik eta San Joan Bataiatzaileari eskainitako ermitea egoan lekuaren gainean, nahi-ta 1793ko bisitan adierazo eben San Joan ermitea txukun egoala. Halanda ze, eraikin zaharra artean zutunik ei egoan, eta denpora-tarte baten batera existidu ziran ha eta eleiza barria. Beharbada, gaur egungo eleizako sarbideak egiteko ermita zaharrekoak aprobetxau ziran. Hori da XVIII. mendearen erdialdeko une horretakoa ez dan gauza bakarra. Izan be, bai eraikin osoa bai altzariak takada baten egindakoak dira, erispide homogeneo bati jarraituz.
Une hori ezkeroztik, Bediako San Joan Bataiatzailearen fabrikazinoan jazotako gauzarik aitagarriena ganga ordezkatzea izan da. Hasiera baten, egurrezkoa edo trenkadazkoa izango zan, bigarrena ziurrenik, 1862an adreilu asko erosi ebezan-eta obra baterako. 1868ko apirilaren 18ko kontuetan aitabide zan, artean; izan be, 431 erreal ordaindu eutsezan José Ramón de la Rosari, gangetan egindako lanagaitik7AHEB-BEHA, Bediako San Joan Bataiatzailearen parrokia, Kontu, inbentario eta bisiten liburua, 1825-1971, 0473/002-00 signaturea.
1926an, eleizan izandako sute baten ondorioz, leihoetako beira guztiak hautsi ziran, eta barrukalde osoa keztatu eta pitzadurak sortu ziran hormen estalduran. Konponketek ez eben luze iraun: Gerra Zibilean, aireko jaurtigaiek teilatua, gangak, korua eta sakristia suntsitu ebezan. Emiliano Amann Puente arkitektoa izan zan konpontzeko lanen arduraduna. Estalgia berregin –artaziak eta aprobetxau eitekezan gapirioak manteniduz–, estalgiaren eta perimetro-hormen arteko zuloa itxi eta ganga barrutik konpondu eban, beste obra txiki batzuk egiteaz gainera8Ibid..
Eraikina landa-arkitektura barrokoaren eredu interesgarria da, apaindurarik bako bersino soila. Kanpai-hormeak baino ez dau hausten eskematismo zurruna. Haren elementurik onenak barruko euskarriak eta baoen eta ostikoen sistemak dira, proportzino egokiez eta barrukaldeko giro nahiko gardenaz gain.
ALTZARIAK
Erretaulak
Erretaula nagusia [56]. Egur urreztatua. Bankuak, gorputzak eta teilatupeak osotutako altzaria, hiru kaletan, guztia plano berean. Burualde osoa beteten dau, hormatik hormara, eta gangaraino heltzen da. Erdiko kalea indartzen dabe alboetan dituan zutabeek eta bere tamainuak berak. Askoz gitxiago albokoek, zutabeak barrukaldean baino ez daukiez-eta. Halan, panel apainduetarako kalearte estu moduko batzuk eratzen dira, kale nagusia mugatzen dabenakaz batera. Zutabeak [57] konposauak dira eta rokokotik hurbileko motiboen dekorazino aberatsa daukie: orbelagaz markoztatutako ispilu biribilak eta obalak, oparotasun-adarrak, zintak, oihalak eta hainbat eratako zintzilikarioak, baita fruta-txortak eta bestelako elementu batzuk be, gitxi gorabehera banatuta bankuko paneletan, horma-arteetan eta kalearteetan. Titularraren egoitzea [58] fruitu-txortakaz betetako pilastra batzuen artean dago, eta kukuluak daukaz intradosean. Santuarentzako idulkiaren aurrean aingeru-maskaroidun taia bat dago. Izan be, sistema horregaz burutzen dira zutabeek osotzen daben markoztatze orokorreko mentsulak. Alboko kaleetan [59], santuentzako markoak erdi-puntukoak dira, eta fruitu-girlandak daukiez pilastren gainean. Hareen kontsolak sakristiarako pasabideen gainera ailegetan dira. Horko ateburua, barriz, bieira-oskola bat daukan taia batek eteten dau [60]. Frontoiak interesgarriak dira, mailadi erakoak, goian zorrotzak. C letrak eta frontoi-atal etenak, kiribilak eta gar biziko argimutilak erabilita eratu dira. Solairua teilatupetik bereizten dauan taulamentuan [61], kale nagusiko soluzinoa beste kaleetan dagozanen desbardina da, baina bat egiten dau kontzeptu orokorragaz, landare-metopa mamitsuentzako eremuak taulamentu-zatien artean sartuta. Teilatupeak [62] kurutze-formako kaja bat dauka Kristoarentzat. Markoa aberasteko, C ebagiak, frontoi-zatiak, kiribilak eta landareak erabili dira, eta kutxea landara-girlandek zehartutako pilastren laukizuzen baten barruan dago. Errematea txarteldun arku beheratu bat da, alboetan luzatzen dana taulamentuan oinarriari zirkulu erdi baten lotu arte, tarte triangeluarrak itxita ostiko-arku birentzat. Arkuok oparo apainduta dagoz, erroleo, ispilu, lora-pikor eta XVIII. mendeko bigarren laurdeneko errepertorioko bestelako motibo ugarigaz [63]. Erretaularen erdian, titularraren gainean, azkenik, hodeiak eta izpiak dituan aintza bat dago [64].
Erretaularen ikonografia apala da. Solairuan hiru irudi dagoz: alboetan, Jesusen Bihotz Sakratua [65] eta San Jose Umeagaz [66], Olot motako egikera modernokoak; batez be, oihalen polikromia landuagaitik nabarmentzen dira. Erdian San Joan Bataiatzailea dago, egur polikromauz egina [67]. Zarpailakaz jantzita dago, eta jarrera frontal orekatua dauka, contraposto doi, bare eta solemne bategaz. Anatomia leundua eta naturalistea da, eta oihalek, ostera, tolestura zabal ordenauak daukiez, zerrenda apaingarrietan and estofauetan zelanbaiteko dekorazino-gustuagaz. Arpegiak ezaugarri idealizauak ditu, XVIII. mendearen amaiereari jagokon estetika adeitsuagoaren eta akademikoagoaren barruan. Mantuetan eta azaletan, polikromiak haragi-kolore argi distiratsuak eta tonu gorrixka okreak konbinetan ditu. Moltsoan formula neoklasikoetaranzko trantsizinoa nabari da, oraindokarren konposizino- eta dekorazino-baliabide barrokoak dituan arren. Erretaula egin zaneko garai berekoa da. Teilatupean Kristo kurtzifikaua dago [68], haren tratamentua naturalistea da, baina neurritsua. Jesus hiru untzegaz lotuta agertzen da, besoak zabal-zabalik eta, neurri baten, gorputzaren pisua jasan ezinda. Anatomia zelanbaiteko idealismoz aztertuta dago, muskulatura leunagaz, gitxi markauta. Hanken jarrerea, ostera, dotorea da, apur bat serpentina-erakoa. Araztasun-oihalak tolestura asimetrikoak ditu, eta dinamismo apur bat gehitzen dau, konposizinoaren baretasun orokorrari kontrajarrita. Burua eskumarantz okertuta dago, eta arpegiak min apaldua adierazoten dau. Polikromiak sufrimentuaren ikuskera neurritsu hori azpimarratzen dau, odol-arrasto gitxigaz eta haragi-kolore argiakaz. Irudia titularraren formula berekoa da, hau da, bere egoitza dan erretaularen garai berekoa. Aingerutxu batzuek [69] osotzen dabe gunea. Kurtzifikauarengana doaz hegan, frontoi-piezen gainean, eta, halan, mobimentua emoten deutsie altzariari. Erretaula mendearen erdi osteko urteetakoa izango da, baina polikromia distiratsu hori ez eutsien emongo hamarkada batzuk igaro arte, 1790eko kontuetan agertzen dan moduan. Manuel eta Roque Fernández de la Vegak egin eben9AHEB-BEHA, Bediako San Joan Bataiatzailearen parrokia, Kontu, inbentario eta bisiten liburua, 1743-1824, 0468/003-00 signaturea..
Eskulturea
Errosarioko Ama Birjina [70] (92 x 33 x 27). Egur polikromaua. Andra Maria Umeagaz agertzen dauan tailua, konposizino frontalekoa eta izaera hieratikokoa; bertan, ikonoen argitasuna dago lehenetsita, naturalismoaren gainetik. Andra Maria koroituta dago, Umeari ezkerreko besoaren gainean eutsiz eta errosarioa erakutsiz. Bereizgarri horri esker, zalantza barik identifiketan da adbokazinoa. Umea, hein baten biluzik eta jarrera bihurriagoagaz, konposizino apal horren erakusgarri da. Obreak ezaugarri arkaiko nabarmen batzuk daukaz: frontaltasuna, irudien arteko alkarrekintza afektibo gitxi, anatomia sinplifikauak eta tolestura gogor eskematikoak, batez be mantu urdin zabalean ikusten diranak. Mantuak, barriz, ertz ugariko oihal astunak daukaz. Arpegiek almendra-itxurako begi zabal-zabalak daukiez, baita sudur zuzena eta aho txikia be, eta espresinoa neurritsua eta indibidualizazino gitxikoa da. Bereizgarriak dira, era berean, ulajeak, seriean ipinitako adats simetrikoakaz eginak. Koroi urreztatua geroago gehitu zala diruji. Estilo herrikoiari lotutako piezea da, iraupen luzeko eredu erromanistetatik eratorria, 1590 ingurukoa.
Kristo kutzifikaua [71] (56 x 40,5 x 10,5; kurutzeagaz, 78 x 45,3 x 12). Egur polikromaua. Kurutzean hildako Kristoren tailua, eskematismo anatomiko nabarmenekoa: gorputza luzanga eta estua da, torax laukoa, muskulaturea ozta-ozta iradokikoa, eta hanka lerrozuzen zilindrikoduna. Besoak horizontal samar kokatuta dagoz, eta, ondorioz, konposizinoa zurruna da, naturalismotik urrun hondino. Arpegia eskumarantz inklinauta dago, eta hazbegi sinpleak eta adierazkortasun neurtua daukaz. Bizar laburra dauka, eta ulea adats luze eta paraleloz osotuta dago. Ulearen eta arpegiaren tratamentuan zelanbaiteko arkaismoari eutsi jako. Horrezaz gainera, esanguratsua da perizoma edo araztasun-oihala be: laburra da, korapilo bat dauka alboan, eta tolesdura sinple, bigun eta sakontasun gitxikoakaz burutu da, antzerki-airerik bakoa, eta erromanismotik oinordetzan jasotako soluzinoei eutsita. Anatomiak, batez be sabelaldearen, belaunen eta hanken modelaketak, hasierako barrokoaren –XVII. mendeko lehenengo herenaren– lengoaiari jagokon kronologia dakar gogora. Egikera anatomiko finik eza eta sinplifikazino bolumetrikoa bigarren mailako lantegien berezko ezaugarri dira.
Janzteko Doloretako Ama [72] (156 x 40 x 31). Egur polikromaua. Doloretako Amaren irudia, janztekoa, erropakaz eta ehungintzako osogarriakaz edertzeko pentsaua. Burua eta eskuak bakarrik kontserbau ditu zizelkatuta eta polikromauta, eta gorputzaren moldaerea, ostera, egitura prismatikokoa da, oso sinplifikaua, jantzien azpian ezkutuan gelditzeko sortua. Irudiaren konposizinoa aurrerantz begirakoa da, bertikala, eskuak otoitz-jarreran alkartuta eta arpegia apur bat gorantz jasota, irudiaren debozinozko eta sentimenduzko izaerea indartzeko. Gorputza estua eta geometrikoa da, eta nabarmentzekoa da haren ageriko estilizazinoa, bai eta bolumenen sinplifikazinoa be. Arpegiaren modelaketa leuna eta konbentzionala da. Begirada malenkoniatsuko begi handiak eta bekain okertuak ditu, eta ahoa erdi zabalik dago, bere garaiko erlijino-iruditerian sano hedatuta egozan ereduetan lez. Besoak montauta dagoz, eta lotuneak ikusten jakez sorbaldetan eta eskumuturretan. XIX. mendearen amaierako edo XX.aren hasierako artelana da.
Urregintzea
Kalizea [73] (22,8 x 14,3 x 9,8). Zidarra bere kolorean, eta gainurreztatua. Pieza lisoa da. Oina altuera bikoa da, profil sabeldua dauka, eta erlatx zabal baten bermatuta dago. Lepoa laburra eta zilindrikoa da, muturretan molduratua, eta oboide-korapilo bat dauka, luzanga. Korapilo horren goiko aldean ozta-ozta nabarmendutako moldurea dauka. Kopea ez da jatorrizkoa, urre-koloreko bategaz ordezkatu eben-eta, oin dala gitxi. Igarten jakozan marka bakarrak oinaren barruko urradura batzuk daukaz, baina ez dau dau emoten araztasuna egiaztatzeko eginak diranik. XVII. mendeko lehenengo laurdeneko pieza interesgarria10CILLA LÓPEZ, 2022a, 1. libk., 264. or., 2. libk., 220. zk..
Kalizea [74] (24,7 x 14,5 x 8,5). Zidarra bere kolorean. Kaliza klasizista bat da, egitura soilekoa eta lisoa. Oina maila bitan antolatuta dago, erlatx zuzen eta zabalagaz. Horren ostean, heldulekua, lepo moldurauagaz eta anfora-korapiloagaz, zeinaren torua garatu samarra dan. Kopeak apur bat gainezkatuta dauka ertza, eta moldurea dauka kopa-azpia bereizteko. Oinaren atzeko aldean, Antonio Forcada y la Plaza (FCDA) mexikar zidargilearen puntzoia dauka. Forcada probagilea izan zan 1791tik 1818ra bitartean11Ibid..
Kalizea [75] (26,3 x 14 x 7). Zidarra bere kolorean. Edalontzi lisoa, ertz zabaleko oin oktogonalekoa, balaustre erako heldulekua daukana, korapilo torneauz eta kopa lerden bilduz, kopa-azpia zehazten dauen moldureagaz. Puntzoiketak daukaz oin ertzean: Joseph de Meave zidargilearena (l/MEAVE), José de Basozábal markatzailearena (BSL), eta Bilborena, obala. 1791-1795 ingurukoa izango da.
Kopoia [76] (12 x 8 x 9). Zidarra bere kolorean. Oin biribil bozelauko kopoitxua, balaustre erako kirtenagaz, madari-korapilo lirainagaz eta kaxa erdiesferiko kamustuagaz, estalgiz itxia, bozelak eta pospolinez errematautako kurutzea daukan kupulatxua gainean. Pieza barrokoa, lisoa, XVIII. mendearen amaierakoa. Puntzoiketa bakoa.
Krisma-ontziak [77] (10,8 x 4 x 5, kutxatilea 13,5 x 14 x 16,5). Zidarra bere kolorean eta egurrezko kutxa. Olio Santuak gordeteko ontziak, oin biribilekoak eta gorputz oboidekoak. Sabelaldean moldurea daukie, eta letra grabaua. Kupula-formako estalgitxu banagaz itxita dagoz, eta zabaltzeko aplikautako elementuak daukiez, eukia aitatzen dauen letra moduan. Diseinu soila eta erabilgarria daukie, dekorazino bakoa. Egitura trinko bertikaleko kutxa baten dagoz gordeta. Hondeatutako hiru ontzi zilindrikoren bitartez antolatuta dago kutxa hori, krisma-ontziak bertan hartzeko egokituta. Banda bidez artikulautako estalgi tolesgarri bat dauka, hiru lobuluko profilekoa, eta halakoa da oinarria be. Hareen diseinuak gogora dakarz errepertorio historizista neogotiko sinplifikauak, XIX. mendearen amaiera ezkeroztik ugari zabalduak.
Doloretako Amaren Errosarioa [78] (65 x 4,3). Zidarra eta azabatxea. Errosarioa profil poliedrikoko azabatxe-ale arpegidunez osotuta dago, and errosetak osotzen dabezan metalezko katebegien eta zidarrezko filigranazko bereizgarri txikien bidez artikulauta. Errosarioaren erdian, Ave Maria anagramadun domina bat dauka kateatuta, diseinu historizistakoa, eta haren erremateak, barriz, beso zuzeneko kurutze bat dauka, X erako txortak dituana, eklektikoa. Debozino-izaera herrikoi nabarmena dauka moltsoak. Arpegidun ale baltzak ugari erabili ebezan errosarioak egiteko XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen lehen hamarkadak ezkeroztik.
Metalezko gauzak
Prozesino-kurutzea [79] (58 x 48 x 5). Metal zuria eta letoia. Kurutze latindarra da, pinaburu urrekarez eta mahats-hostoz burututako beso lerrozuzenekoa. Gainazal lisoa dauka, arrautza-orla perimetral soila izan ezik. Medailoi zirkular bat dauka erdian, grabautako izar bategaz, eta, haren gainean, Kristo Kurtzifikaua, burdinurtuzko urre-kolorekoa. Korapiloa galduta dauka. Beharbada kubikoa izango zan. Arabako kurutze neoklasikoen ereduak dakarz gogora. XIX. mendekoa.
Argimutilak (2) [80] (62 x 19). Brontzea. Oin zirkularra daukie, kono-enbor formako profil leunekoa. Heldulekua balaustre erakoa da, eta korapilo kubiko bereizgarria daukie, erpinetan alakatuta eta aurrekaldeak apaindu barik. Erregailua elementu zilindriko soila da, eta haren oinarriak oinaren diseinu bardina dauka, eskala txikerragoan eta atzekoz aurrera ipinita. 1800 ingurukoak.
Koruko eskudela [81]. Burdina. Lau atal bardinez osotuta dago, artaburu-korapiloaz lotutako balaustre lirainak barne. Barroko berantiarrekoa, XVIII. mendearen azken laurdenekoa.
Kanpaia [82]. Brontzea. Ezkiladuna. Diamante-distirako kalbario-kurutze bategaz dekorauta dago. Oinerdian hau dauka idatzita: ESTA ES LA VOZ DEL ANGEL QUE EN EL ALTO SUENA ABE MARIA SANTA BARBARA ORA PRO NOBIS AÑO 1749 HIZOSE SIENDO CURA DE ESTA COLACION DE SAN JUAN DE VEDIA DON FRANCISCO DE ASPILLETA. Kantabriako Trasmiera eskualdeko Mateo de la Hoya I-ek egindakoa12BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA y ROMANO VALLEJO, 2005a, p. 56..
Kanpaia [83]. Brontzea. Ezkiladuna. Diamante-distirako kalbario-kurutze bategaz dekorauta dago. Sorbaldan hau dino: DON JOSEPH DOMINGO DE GOITEJAR CABALLERO DE LA ORDEN DE CALATRAVA FIEL DON MANUEL DE MEZCORTA MATHEO DE LA HOIA NOS FECIT 1749. Kantabriako Trasmiera eskualdeko Mateo de la Hoyak egindakoa13Ibid..
Kanpaia [84]. Brontzea. Ezkiladuna. Diamante-distirako kalbario-kurutze bategaz dekorauta dago. Idazkun bat dauka sorbaldan: SAN JUAN BAUTISTA ROGAD POR NOSOTROS AÑO 187114Ibid..
Erremateko kurutzea [85]. Burdina. Kurutze latindar erako egiturea, beso zuzen eta profil karratukoa, liraintasuna areagotzen deutsien lantza-formako punta txikiakaz burutua. Moltsoa aberasten dabe barruko koadranteetan simetrikoki ipinitako erroleoek eta forja-bolutek, distira irudikatzen daben sugar-motiboakaz batera. XIX. mendekoa.
Apaingarriak
Eleiz kapea [86] (127 x 274). Sedazko ehuna, gorrimin-koloreko palma-damaskoa, palmondo-hostodun and adardun motiboakaz. XVIII. mendea ezkeroztik sano zabaldutako oihal-mueta bat da, urre-koloreko galoi eklektikoduna. XIX. mendekoa.
Doloretako Amaren amantala [87] (87,5 x 92,5). Organdi bordaua. Ehun fin erdigardenez egina, zuriaren gaineko bordau zuriagaz aberastuta. Teknika hori oso zabalduta egon zan komentuetan and etxeetan, XIX. mendearen amaieratik XX.aren hasierara bitartean. Kalbario mendiaren gaineko kurutze zentral handi baten inguruan antolatuta dago konposizinoa. Kurutzeak Arma Christi edo Pasioaren instrumentuak daukaz inguruan, hil-oihalagaz estalduta dago, and simetrikoki banatutako sinboloak ditu alboan. Identifika daitekez eskilara, lantzea and belakidun kanaberea, zigorkatzeko zutabea, kalizea, Pilatosen pitxerra, tunika, dadoak, zaplaztekoaren eskua and pasioaren kontakizunari lotutako beste ezaugarri batzuk. Eszena figuratibo txikiak be agertzen dira: Kristo atxilotu and agintarien aurrera eroan ebenekoa; zigorkatzea; baratzeko pasartea, oilarragaz and Pedroren ukoaren suagaz; bai and sakrifizioaren and Erredentzioaren irudikapen alegorikoak be. Goikaldean izarrak and eguzki distiratsuak nabarmentzen dira, Kristoren salbatze-garaipenagaz lotutako baliabide sinbolikoak. Dekorazinoa gauzatzeko, funtsean, bordatze laua, erliebezko kordoi-koskak and zulo-bordatzea baliau eben, beheko ertzean parpaila mekanikoakaz konbinauta. Mende amaierako estetika erlijiosoak berezkoa eban jaiera-gustu delikauari jagoko ehunaren izaera monokromoa and arintasuna. Behekaldean MATER DOLOROSA testua dauka bordauta, letra etxun and apainduagaz josita, XIX. mendearen amaierako lanen apaintze-gustuaren araberako grafiagaz. Apaindura-lengoaia orokorra be —simetria, miniaturizazino narratiboa and lerroen fintasuna— guztiz bat dator 1900-1920 inguruko herri-erlijiotasunaren sensibilidade historizisteagaz.
Doloretako Amaren amantala [88] (55 x 55). Kotoia. Egitura lauangeluarreko ehun-atala. Goiko aldean zintakaz burututa dago, jantzi beharreko irudiaren garriari egokitzeko. Bazterrak and erdiko ardatza apaintzeko, egileak zuriaren gaineko bordau zuriak erabili ebazan, erliebean josita, zulo-bordatze txikiakaz and zulotutako aplikazino txikiakaz konbinauta. Apaintzeko motiboak lora- and landara-elementuak dira, funtsean, zelanbaiteko naturalismoa islatzen daben hostoez and lora-txortez egindako konposizinoakaz. Erdian medailoi bordau bat dago, arantzazko koroi and guzti. Koroiak SPQR, kurutzea and zutabe gaineko oilarra ditu. Etxean egindako jostorratz-lanen ezaugarriak ditu pieza honek. Beharbada, XX. mendeko lehenengo herenekoa.
Beste elementu batzuk
Konketea [89] (230 x 83 x 58). Harria. Konposizino bertikal oso orekatuz antolatutako horma-piezea, bieira erako horma-hobi baten inguruan artikulaua. Horma-hobi horretan gordeta dago hornigailuko erraboil-itxurako ur-andel sabelduna, zeramika-bolumenak gogora dakarzana. Azpian aska erdizirkular moldurau and liso bat dago, ardatz axiala indartzen dauen beheko elementu esferiko kamustu txiki batek eutsia. Horma-hobian profil zorrotzeko arku beheratua dauka, and, goian, bieira-oskola. Albo-moldurek and lerroen geometrizazinoak, barriz, sensibilidade soilagoak iragarten dabez. Alboetan erroseta geometrizau bikote bat dago. Goiko errematean beso lerrozuzeneko kurutze prismatiko bat daukan idulki bat dago, AÑO 1747 inskripzionagaz batera. Zulotuta dago.
Bateoarria [90] (97 x 76). Harria. Osogai bi ditu: profil altuko kopa hemiesferiko bat, zulotua and dekorazinorik and moldurarik bakoa, oin zilindriko baten gainean bermatuta. Oinak fuste ildaskatua dauka, and goiko aldean apur bat moldurauta dago. Kopearen sinpletasunak pentsarazoten deusku ordezko elementua izango dala, baina oinak gogora dakarz XVI. mendearen bigarren erdiko eredu klasizistak, edo Errenazimentuaren amaierakoak.
Eleizateko mahaia [91] (79,5 x 160 x 59,5). Harria. Auzo-bileretarako, administrazino lokalerako and herri-hitzarmenetarako erabilitako kontzeju-mahaia, Antzinako Erregimeneko Bizkaiko eleizateen gizarte-antolamenduari estu lotua. Piezearen egiturea zeharo soila and funtzionala da. Hareharrizko harlauza angeluzuzen monolitiko handi bat dauka osogai, profil mozkote and silueta ahurreko harri-euskarri trinko biren gainean bermatuta. Oin baten 1780 dinoan inskripzino bat dago grabauta.
Sakristiako tiradera-altzaria [92] (106,5 x 398,5 x 83,7). Egurra bere kolorean. Altzaria horizontalean antolatuta dago, erregistro bitan and hiru bloketan ezarritako tiradera angeluzuzen handien segida baten bitartez, and taula luze batek errematauta. Dekorazinoan isurkiaren beheko lerro uhindua edo ebagia nabarmentzen da, rokoko berantiarragaz lotutako mobimentu bihurritua gehitzen dauena. Silueta lerromakur hori bistan luzatuz doa albo biribildu and sabeldunetan zehar, zeinek moltsoaren zurruntasun geometrikoa leuntzen daben. Era berean, hanka labur kurbauak, kabriolet-eredu sinplifikauetatik eratorriak, rokokoaren errepertoriokotzat jo geinkez, nahi-ta molde neurritsu herrikoian berrinterpretauta egon. Metalezko tiragailuek kirten tolesgarria daukie, and giltza-zuloak profil lerrozuzenekoak dira. Rokokoaren tradizinoko altzaria, Luis XV.a lengoaia berrinterpretan dauen XIX. mendeko artisau-arotzeriakoa. XIX. mendearen azken herenekoa.
Interes etnografikoko elementuak
Mariaren Alaben zutoihala [93] (134 x 76). Seda, sedazko hari urreztatuak and papera. Formatu bertikaleko ehungintza-lana, behekaldeko profila hagin kurbauetan ebagita, parpailakaz and borlakaz errematauta. Aurkian, boli koloreko atzekaldearen gainean, kartel obal bat dago, Sortzez Garbiaren irudikapena daukana. Murilloren estilokoa da; seguruenik, oihal aplikauaren gainean egindako kromolitografia bat. Horren inguruan, erroleo, lora-zurtoin, palma and pitxer estilizauz osotutako landara-errepertorio simetriko bat dago, oihartzun barrokoak, rokokoak and neobarrokoak nahastauta. Bordautako motiboen helburua ikusizko aberastasuna da, baina egikera mekanizau and seriauagaz. Ifrentzuan, atzekaldea urdina da, and, bertan, urre-koloreko letra handiakaz bordautako inskripzinoa nabarmentzen da: HIJAS DE MARIA DE BEDIA 8. DICIEMBRE.1.951.
Gau Adorazinoko estandartea [94] (124 x 136,5). Formatu gitxi-asko laukizuzeneko ehungintza-lana, ehun argiz egina, erdian dekorazino bordaua aplikauta. Erdiko motibo hori izaera sinbolikoko biril handi bat da, zirkulu zentrokideakaz and urrezko txorta erradialakaz antolatuta, sakramentu-presentziaren irradiazinoa gogorarazoteko. Barrukaldeko zirkuluaren inguruan, Eukaristiari lotutako latinezko inskripzino bat dago: PIETATIS ET AMORIS SIGNUM UNITATIS VINCULUM CARITATIS SACRAMENTUM. Kanpokaldetik, testu honek inguratzen dau: SECCION ADORADORA NOCTURA BEDIA 1955. Nazionalkatolizismoak sustatutako eukaristia-gurtzaren suspertze bizia islatzen dau piezeak, bai and parrokia-alkarteek –Gau Adorazinoarenak, berbarako– eukien pisu soziala be.
Gau Adorazinoko estandartea [95] (129 x 132,3). Ehun-gai argiz eginda dago, and erdian Gau Adorazinoaren eukaristia-ikurra dauka, sinpletasun grafiko handiko konposizino zirkular baten bidez antolatuta. Motibo nagusian eguzki eukaristiko bat dago irudikatuta. Tonu urdin and zuriko eraztun zentrokidez osotuta dago, and izpi triangeluarreko koroi bat dauka inguruan. Barrukaldean latinezko inskripzino bat dauka, SIGNUM UNITATIS VINCULUM CHARITATIS SACRAMENTUM, Eukaristiari lotutako doktrina-formulea. Inguruan, barriz, idazkun baltz bat: SECCIÓN ADORADORA NOCTURNA. BEDIA. 1955. Konposizino orokorrean gerraosteko lengoaia bisualaren eragin argia islatzen da: apaindura-austeridadea, sinbolo-argitasuna and komunikazino-efikazia.
MRV-RCL
María Romano Vallejo – Raquel Cilla López
2.ITURRIZA Y ZABALA, 1967a, 815 or.
10. CILLA LÓPEZ, 2022a, 1. libk., 264. or., 2. libk., 220. zk.
CILLA LÓPEZ, Raquel. Investigación y puesta en valor de la platería antigua en Bizkaia. Vitoria/Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 2022, 4 liburuki (Kultura Ondarearen Ikerketak bilduma, 4. zk.). Hemen eskuragarri: https://www.euskadi.eus/publicaciones-patrimonio-cultural/web01-a2kulonz/es/
11. Ibid.
12. BARRIO LOZA, MOLINUEVO ZABALLA eta ROMANO VALLEJO, 2005a, 56. or.
BARRIO LOZA, José Ángel (dir.), MOLINUEVO ZABALLA, María, y ROMANO VALLEJO, María. Bizkaiko kanpaiak / Campanas de Bizkaia. Bilbao: Bizkaiko Foru Aldundia – Kultura Sailak / Diputación Foral de Bizkaia – Departamento de Cultura, 2005. (Colección Inventarios, nº12). Disponible en https://www.bizkaia.eus/Kultura/kanpaiak/index.asp?idioma=CA
13. Ibid.
14. Ibid.